1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
166C/2025 EBAZPENA, azaroaren 13koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Corellako Udaleko Langileen Akordio Kolektiboa aldatzeko akordioa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Aztertu da Corellako Udaleko Langileen Akordio Kolektiboa aldatzeko akordioaren testua (kode zenbakia: 31100161132017); erregistro honetan 2025eko azaroaren 12an sartu zen, eta 2025eko apirilaren 30ean izenpetu zuten Udalaren ordezkaritzak eta, udaltzainen izenean, ordezkaritza sindikalak.
Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen arloko lan-agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena baino ez du, Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboetarako ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela egiaztatzeko.
Aurrekoa gorabehera, ohartarazi behar da toki erakundeak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren eta hura garatzeko erregelamenduen aplikazio-eremuaren mende daudela, eta haietan jasotako arauak aginduzkoak direla, eta ez gutxienekoak.
Bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikuluan, bai eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Agintzea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskriba dadila Corellako Udaleko Langileen Akordio Kolektiboa aldatzeko akordioa (kode zenbakia: 31100161132017).
Bigarrena.–Agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko azaroaren 13an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
ERABILGARRITASUN POLTSA
Indarrean den Corellako Udaleko funtzionarioen akordioa 2023ko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 31n. Haren III. eranskinak Udaltzaingoari buruzko berariazko gaiak arautzen ditu. Aipatu eranskinean xedatutakoa garatu eta osatzeko, agiri honetan arautzen dira "erabilgarritasun poltsa" delakoaren funtzionamendu baldintzak.
Agiri honen xedea da ordu poltsa bat eratzea, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzea ahalbidetuko duena, helburua baita betetzea eta indartzea hala udaltzainen ohiko zerbitzua nola gerta daitezkeen aparteko zerbitzuak.
Agiri honen bidez, orobat, zerbitzu arruntetik kanpo egiten diren orduen banaketa ekitatiboa lortu nahi da, Udaltzaingoko funtzionarioen lansariak handitzen dituztenez gero, halako moduz non atxikitako agente guztiek ahalik eta baldintza berdinenetan eginen baitituzte zerbitzuak.
Agiria bi premisarekin egiten da:
–Lan absentismoa gutxitzea Corellako Udaltzaingoan.
–Aparteko orduak gutxitzea Corellako Udaltzaingoan.
Azaldutako helburuak eta premisak lortzeko asmoz, agiri honetan arautzen dira aipatu "erabilgarritasun poltsa"ren funtzionamendu baldintzak.
Corellako Udalak (aurrerantzean, Administrazioa) konpromisoa hartu du, poltsa hori abian jarri aurretik, atxikitako agenteek jaso beharreko ordainsarietarako adostutako zenbatekoak kontsignatzeko, ez dadin gertatu disfuntziorik edo eragozpenik, eta, horrela, langileei garaiz eta behar bezala ordaindu ahal izateko, zerbitzua emateko baldintzetan ezarritakoaren arabera.
Poltsari atxikitakoak urtebetez (1 urte) atxikitzen zaizkiola ulertzen da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.
ZERBITZUA EMATEKO BALDINTZAK
1. Poltsari atxikitzen ahalko zaizkio jardunean diren Corellako Udaltzaingoko funtzionario guztiak (hemendik aurrera, agenteak).
2. Atxikitzea eskatzeko, eskabide bat aurkeztu behar da Corellako Udalaren erregistroan, Langileriako zinegotziari zuzenduta; eskabide horretan eskatu behar da poltsari atxikitzea, agiri honetan adierazitako baldintzak onartuta. Agiri honek indarra hartzen duenetik aurkezten ahalko dira eskaerak, eta urtero automatikoki berrituko da atxikipena, beste eskaera bat aurkeztu beharrik gabe. Orobat, ez bada automatikoki berritzen Administrazioak hala erabaki duelako, Administrazioak idatziz jakinarazi beharko dio ukitutako pertsonari, erabakiaren arrazoiak azalduta; eta, aldiz, ez bada berritzen funtzionarioak hala erabaki duelako, funtzionarioak horretarako eskabidea aurkeztu behar du erregistroan, berariaz eskatzeko poltsarekiko atxikipena ez diezaiotela luzatu.
3. Poltsako zerbitzuak emateko, 280 euroko ordainsari finkoa ezarri da nominan, eta otsailean eguneratuko da, aurreko urteko KPIaren arabera. Zenbateko hori poltsako baldintzak onartzeagatik ordainduko da, egiten diren aparteko zerbitzuak gorabehera.
4. Poltsari atxikita egoteagatik jasoko den ordainsari finkoa ordainsari aldagarrien osagarria da, hots, aparteko lanorduak, jaiegunetakoak eta gauekoak egiteagatik jasotzen direnen osagarria.
5. Poltsako zerbitzuak, batez ere, gutxieneko zerbitzuak betetzeko izanen dira, zortzi orduko txandetan, ezarritako txanda arrunten ordutegi berean.
6. Poltsari atxikitako agenteek konpromisoa hartzen dute Burutzak edo hark eskuordetutako langileek ezartzen dituzten aparteko zerbitzuak egiteko. Dei hori atzeratzerik ez dago, salbu eta Burutzak onartutako ezinbesteko arrazoiengatik eta, halaber, eritasunagatik, baimen ofizialengatik eta/edo zerbitzua egiteko deia baino lehenago sortutako nahitaezko konpromisoengatik. Baztertzeko arrazoia bukatzen denean, zerrendako posizioa berreskuratuko da hurrengo deirako.
7. Deia zerrendako hurrenkerari jarraituz eginen da, agente zenbakiaren arabera, lanaldian libre dauden funtzionarioen artean, baina kanpoan geldituko dira beste zerbitzu batzuk ematen dituztenak lanaldi berean edo hurbilekoetan, bete beharreko zerbitzu zehatzetik 12 ordura bitartekoetan, txanden artean izan beharreko atsedenari buruz indarrean dagoen legedia betetze aldera.
8. Poltsako zerbitzuak egiteko bi zerrenda prestatuko dira: bata, lanegunetarako, goitik beherakoa, jaiegunetatik kanpoko zerbitzuak betetzeko; bestea, jaiegunetarako, behetik gorakoa, zeinetan sartuko baitira ostiral gauetik igande arratsaldera bitarteko zerbitzuak eta, halaber, urteko jaiegunetan, goizeko eta arratsaldeko txandak eta bezperako gaueko zerbitzua.
9. Egindako zerbitzua lanegunen edo jaiegunen zerrendan izendatutakoari zenbatuko zaio, nahiz eta benetan beste agente batek egin bien artean adostu dutelako (aldatzea, lagatzea, premia, etab.). Zerbitzua benetan egin duen funtzionarioari ordainduko zaizkio kontzeptu aldagarriak.
10. Poltsako deiaren jakinarazpena Whatsappez eginen da ahal bada, edo, bestela, telefonoz deitua (Burutzak edo poltsa kontrolatzeko eskuordetutako pertsonak deituko dute).
11. Deia, aurreikusi ezineko inguruabarrengatik izan ezik, egin beharreko zerbitzua baino gutxienez zazpi egun lehenago egin beharko da.
Era berean, agenteek, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik izan ezik, eskatutakoa gertatu baino gutxienez zazpi egun lehenago eskatu behar dituzte baimenak eta eskaerak.
12. Behin zerbitzua beteta, dei egin zaion agentea deien zerrendako azken tokira igaroko da.
13. Agente batek, egin dituen poltsako zerbitzuengatik, dirutan kobratuko ditu lau zerbitzutik gutxienez lehenbiziko hirurak, ondoz ondo.
14. Poltsarako, gehienez hiru dei eginen dira hilean.
15. Medikuaren baja dutenek ezarritako zenbateko finkoa jasotzen jarraituko dute.
16. Corellako Udaltzaingoaren plantillan zenbait baja luze gertatzen badira, ez da bermatzen txanda guztietako zerbitzua, baina langileen atsedenarekin eta baimenekin bateragarriak diren egun guztiak eginen dira. Burutzak aldez aurretik jakinaraziko dio zinegotzi eskudunari.
17. Borondatez egiten ahalko da zerbitzu aldaketa, ohiko ordutegi-taulako zerbitzu batetik egun bereko beste batera, baldin eta utzitako zerbitzuan bi agente baino gehiago badira eta hartutakoan bi baino gutxiago (agente bat baino gehiago badira aldatzeko prest, zozketa eginen da boluntarioen artean). Bete ezean, aparteko orduen poltsaren bidez eskainiko da.
18. Agiri hau eta "erabilgarritasun poltsa" interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen den edozein desadostasun ebazteko, bilduko dira Burutza, zinegotzi eskuduna eta sindikatuetako ordezkariak edo delegatuak.
Corellan, 2025eko apirilaren 30ean
ERABILGARRITASUN POLTSA
Kobrantzari eta metaketari buruzko argibideen eranskina
3. puntua: Orduen poltsak berekin dakar hilean 280 euro gordin kobratzea (12 hileko).
13. puntua: Erabilgarritasun poltsagatik lan egindako egunak 4 lanaldiko taldetan banatuko dira.
4 lanaldiko talde bakoitzetik, nahitaez kobratu beharko dira lan egindako lehenbiziko 3 egunak.
Taldeko laugarren eguna langileak erabakiko du kobratu nahi duen ala denbora librea hartzeko metatu nahi duen.
15. puntua: Medikuaren bajetan, 30 egun jarraituko muga ezarri da kobratu ahal izateko. Horregatik, 30 eguneko muga gainditu ondoren, langileak ez du kobratzeko eskubiderik izanen harik eta medikuaren alta izan arte.
Corellan, 2025eko abuztuaren 27an.
Iragarkiaren kodea: F2515104