Iragarkia
241. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 2a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
104/2025 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza-deialdi hau onesten duena: "Nafarroako toki entitateentzako laguntzak ehizazainak kontratatzeko, 2026". NGDDB identifikazioa: 868128.
Nafarroako Ehizari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legearen 51. artikuluak ("Zaintza") ezartzen du zer eginkizun dituen barrutietan ehiza zaintzeko sistemak. Orobat, 52. artikuluan ("Ehiza sustatzeko neurriak"), xedatuta dago Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ematen ahalko dituela zaintza sistema bat ezartzeko.
Ehizaren jasangarritasunerako ezinbesteko tresna da ehizazaina, bereziki Nafarroa bezalako kasuetan, non ehiza-jarduera basa faunako populazioetan oinarritzen baita. Ehizazainei eskatzen zaien prestakuntzak, barnean direla ekosistemei eta basa faunari buruzko ezagupenak, bermatu behar du titularrek egiten duten ehizaren kudeaketak babes teknikoa duela.
Deialdi hau toki entitateen interesekoa dela kontuan hartuta, beharrezkotzat jo da toki entitateek ehizazainak kontratatzeagatik dituzten gastuak finantzatzera bideratutako laguntza lerro bat ezartzea. Zehazki, ehizazainek 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte egiten dituzten zerbitzu profesionalengatik emanen da laguntza.
Ikusita Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren txostena, adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. "Nafarroako toki entitateentzako laguntzak ehizazainak kontratatzeko, 2026" izeneko deialdia onestea.
2. "Nafarroako toki entitateentzako laguntzak ehizazainak kontratatzeko, 2026" izeneko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea.
3. 90.000 euroko gastu-konpromisoa onestea, 2026an gaitzen den 2025eko gastu-aurrekontuetako partida honen aurrekontu-kredituen kargura: 740002/74200/4609/456307, "Toki entitateentzako laguntzak ehiza-baliabideak kudeatzeko", betiere aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
7. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Foru Ogasuneko kontu-hartzailetza delegatuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko Ehiza Kudeaketarako Atalari.
8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren kontra eta oinarri arautzaileen kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko azaroaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–NAFARROAKO TOKI ENTITATEEK EHIZAZAINAK KONTRATATZEKO 2026RAKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Oinarri hauen xedea da arautzea Nafarroako toki entitateek ehizazainak kontratatzeko laguntzak, zeinak kontratazio gastuak partez estaltzeko erabiliko baitira.
2. oinarria.–Laguntzen helburua.
Ehizazainak kontratatzeko laguntza hauek helburu dute honako zeregin hauetan aritzeko profesionalak egotea modu iraunkorrean udal mugarteetan edo barrutietan: ehiza-baliabideen zaintza, jarraipena, kudeaketa eta mantentze lanak.
3. oinarria.–Entitate onuradunak.
3.1. Laguntza hauen onuradunak Nafarroako toki entitateak izaten ahalko dira, ehiza-barruti baten kudeaketaren arduradunak izan edo ez, baldin eta ehiza-zaintzarako kontratu bat sinatuta badute eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.
b) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, interesdunari jakinarazten zaio eskaera-inprimakian (II. eranskina) baimena ematen diola Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egoera hori egiaztatzen duten datuak kontsulta ditzan.
c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.
3.2. Eskaeran berean dagoen erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina) aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.
3.3. Kontratatutako pertsonek Nafarroako ehizazain titulua izan behar dute, irailaren 4ko 94/2012 Foru Aginduaren arabera, eta ez dira ezgaituta egonen ehizarekin zerikusia duten jardueretan aritzeko deialdi honek irauten duen bitartean.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
Laguntzen bidez, 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean Nafarroako ehizazainak kontratatzearen ondoriozko kostuen zati bat finantzatuko da.
Nafarroako ehizazainen berezko zereginak baino ez dira diruz lagunduko:
–Ehizari buruzko datuen kontrol administratiboa egitea.
–Administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien edo abeltzainen arteko lotura.
–Kalteak kudeatzea (prebenitzea eta kontrolatzea).
–Zaintza.
–Ehiza-espezieen populazioen kontrola eta segimendua egitea.
–Harrapakarien kontrola.
–Habitata kudeatzea.
–Seinaleak eta beste azpiegitura batzuk (adibidez, usategiak) mantentzea: garbiketa, kokapenaren kontrola, egoera....
–Administrazioari laguntzea, ehizaren kudeaketa errazteko eskatzen zaionean.
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoak ehiza-espezialitateko landazainentzat antolatzen dituen prestakuntza-ikastaroetara joatea.
Hala denean, kontratuak dirulaguntzaren xede ez diren beste zeregin batzuk zehaztu beharko ditu.
Eskabidean (II. eranskina), adierazi beharko da kontratatutako lanalditik zer portzentaje dagokion ehizazainen berezko zereginei.
5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Honako hau izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa:
5.1. Lan araubideko kontratazioetarako.
2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean, soldata gordinaren %55; gehienez ere 11.000 euroko dirulaguntza kontratatutako ehizazain bakoitzeko.
5.2. Zerbitzuak emateko kontratazioetarako.
2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean emandako zerbitzuen zenbatekoaren %55 (BEZik gabe); gehienez ere 11.000 euroko dirulaguntza kontratatutako ehizazain bakoitzeko.
Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, behar adinako kreditua izan beharko da aurrekontuetan, eta Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.
6. oinarria.–Eskaerak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.
6.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio.
Ezarritako epearen barruan aurkeztutako azken eskaera bakarrik hartuko da kontuan.
6.2. Eskaerak aurkezteko modua.
Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira. Nafarroako Gobernuaren atariko administrazio publikoetarako zerbitzuen katalogoan argitaratutako deialdiaren fitxan sartu beharko da: https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramiteak/bilatzailea.
6.3. Eskatzen den dokumentazioa.
–II. eranskina.–Eskabidea, datuak kontsultatzeko baimena eta erantzukizunpeko adierazpena dituena.
–Indarrean dagoen kontratua, iraupena eta bete beharreko eginkizunak zehaztuta. Kontratuak deialdi honen 4. oinarrian adierazitako zereginak zehaztu beharko ditu.
–Entitate eskatzaileak, laguntzak lehen aldiz jaso behar baditu edo horiek ordaintzeko kontua aldatu nahi badu, kontua erregistratu beharko du Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko "Banku kontuak jakinaraztea, Foru Administrazioaren ordainketak jasotzeko" fitxan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
–Kasua bada, toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, frogatzen duena ehiza-barrutiaren aprobetxamendutik lortutako diru-sarreren %25 baino gehiago inbertitu dela animalien populazio edo habitatak hobetzeko, kalteak prebenitzeko edo barrutiaren zaintza kontratatzeko. Ziurtagiria aurkeztu ezean, ez da punturik emanen balorazio irizpideen 2. atalean.
–Kasua bada, toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, frogatzen duena herri-lurrak laga direla ehiza-habitata hobetzeko. Ziurtagiria aurkeztu ezean, ez da punturik emanen balorazio irizpideen 3. atalean.
–Toki entitatearen ziurtagiria, frogatzen duena dirulaguntzaren zenbateko osoa ehizazaina kontratatzeko gastua finantzatzera bideratuko dela, gastuen eta diru-sarreren kontuetan ageri den moduan.
Eskabidea eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioa jaso ondoan, egiaztatuko da oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen diren edo ez. Ez badira betetzen, eskaera 10 eguneko epean zuzentzeko eskatuko da, eta adieraziko da ezen, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin dela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
7. oinarria.–Dirulaguntza emateko balorazio irizpideak.
Laguntza emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz eginen da.
Eskaeren lehentasun-ordena honako irizpide hauen arabera ezarriko da:
ATALA | KONTZEPTUA | PUNTUAZIOA |
1 | Ehiza-barrutia kudeatzeko ardura duten toki entitateak | 35 |
2 | Azken bost urteetan ehizaren ondoriozko diru-sarreren %25 baino gehiago inbertitu dutela frogatzen duten toki entitateak (inbertsioa konputagarria izan behar da, Ehizaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 8.d) artikuluari jarraikiz) | 20 |
3 | Ehiza-habitata hobetzeko asmoz, herri-lurrak laga dituztela frogatzen duten toki entitateak | 20 |
4 | Baldintza hauetakoren bat betetzen duten toki entitateak: beren ehiza-barrutia edo barrutiaren zati bat kalteak prebenitzeko plan baten xede izatea, edo azken 3 urteetan salbuespeneko baimenen bat eskatu izana edo erantzukizunpeko adierazpenen bat aurkeztu izana basurdeak edo/eta untxiak eragindako kalteak kontrolatzeko. | 15 |
5 | Laguntzen deialdi hau argitaratu aurretik ehizazaina duten toki entitateak. | 10 |
Eskaerei esleitutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, toki entitateen azalerari erreparatuz ebatziko da, eta azalera txikiagoa duena lehenetsiko da.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, gutxienez ere 10 puntu lortu beharko dira.
Lehentasun-hurrenkera horren arabera esleituko da dagoen aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.
8. oinarria.–Instrukzio organoa.
Neurri honetan ezarritako laguntzak emateko prozeduretan, instrukzioa Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari dagokio.
9. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
9.1. Eskaerak ofizioz ebaluatuko dira, norgehiagokako prozedurari jarraikiz eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide eta moduen arabera.
Aurkeztutako eskaerak aztertu ondoren, dirulaguntza ematea proposatuko da, edo, hala badagokio, dirulaguntza ukatzea, oinarrietan ezarritakoa betetzen ez duten eskaeren kasuan.
9.2. Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak, espedienteak ikusita eta aurrekontuan dagoen zenbatekoaren arabera, ebazpena emateko proposamen-txostena eginen du, Ehiza Kudeaketarako Atalaren bitartez, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio. Ebazpen proposamen horren bidez, laguntza emateko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.
9.3. Deialdi honetarako aurrekontuko partidan diru gehiago badago proposatutako laguntzak emateko behar dena baino, laguntzen zenbatekoak %60ra arte handitzen ahalko dira, eta gehieneko muga 11.500 eurokoa izanen da ehizazain bakoitzeko.
10. oinarria.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.
Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta ematen den ebazpenaren oinarriak azaldu beharko dira beti.
Ebazpenean, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da, eta adieraziko da zer puntuazio eman zaion eskatzaile bakoitzari, 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera. Halaber, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik bada.
Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.
Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta ez bada berariazko ebazpenik eman oinarri arautzaile hauetan dirulaguntzaren prozedura ebazteko ezarritako epea igarotakoan.
11. oinarria.–Eskaerak aldatzea.
Ez da aldaketarik onartuko aurkeztutako eskaeretan.
12. oinarria.–Egindako gastuak eta ordainketak justifikatzeko epea, modua eta dokumentazioa.
Gastuen eta ordainketen frogagiriak entregatzeko azken eguna 2026ko azaroaren 9a izanen da, egun hori barne.
Ahal dela, dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, eta JPG fitxategiak saihestuko dira.
Dokumentazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu behar da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), edo beste administrazio publiko batzuetako erregistroetan, baldin eta aipatutako erregistroarekin elkarreragingarriak badira, eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari zuzenduko zaio.
Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Lan araubideko kontratazioen kasuan:
–2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra arte egindako nominen kopia.
b) Zerbitzuak emateko kontratazioen kasuan:
–2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra arte egindako gastuen fakturak, non hornitzailearen eta toki entitatearen datu fiskalak jaso beharko baitira.
–Bankuko ordainagiriak. Zenbatekoak bat etorri beharko du dagokion fakturarekin.
Agiriak jatorrizkoak edo kopiak izaten ahalko dira.
13. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
Instrukzio organoak behar diren kontrolak eginen ditu, egiaztatzeko betetzen direla deialdi honen oinarriak. Kontrol horiek egiteko, Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio-iturriak erabiliko ditu, betiere laguntza ordaintzeko unean dagoen informazioaren arabera.
Ez da onartuko hasiera batean baimendutako aurrekontuari gehikuntzak egitea.
Egiaztagiriak azterturik, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, frogatzen duena entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak.
Ordainketa bakarrean pagatuko da dirulaguntza.
14. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.
Entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.
Deialdi honetan diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntzen berri eman beharko zaio organo emaileari.
Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.
Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (https://www.navarra.es/eu/hasiera), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.
II. ERANSKINA.–NAFARROAKO TOKI ENTITATEENTZAKO LAGUNTZAK EHIZAZAINAK KONTRATATZEKO 2026AN. ESKABIDEA
ESKATZAILEAREN DATUAK
Toki entitatea: | |
Ehiza-barrutiaren matrikula: | IFZa/IFKa: |
Helbidea: | |
Herria: | P. kd.: |
Telefonoa: | Helbide elektronikoa: |
Banku kontua: ES __ __ - __ __ __ __ - __ __ __ __ - __ __ - __ __ __ __ __ __ __ __ __ __ | |
Toki entitateek ehizazainak kontratatzeko laguntzen 2026ko deialdiarekin loturik, eskatzaileak ADIERAZTEN DU eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela, eta deialdi horren oinarriak osorik onartzen ditu; horregatik, xehetasun hauen berri ematen du:
Toki entitatearen azalera (ha): | |
Ehizazainen kopurua: | |
Eskatutako zenbatekoa, ehizazain bakoitzeko (1) | |
Dedikazioa % (2) |
(1) Zehaztu ezazu diruz lagundu daitekeen aldirako zerbitzu-kontratuaren soldata gordinari edo osoari (BEZik gabe) dagokion zenbatekoa, deialdiaren 4. oinarriaren arabera.
(2) Ehizazainak 4. oinarrian zehaztutako zereginez gain beste batzuk ere baditu, zehaztu ezazu ehizari berariaz lotutako lanen portzentajea. Dedikazio esklusiboaren kasuan, adierazi 100.
BAREMOKO IRIZPIDEAK | "BAI" edo "EZ" adierazi, dagokionaren arabera |
Toki entitateak ehiza-barrutiaren kudeaketaren ardura du | |
Frogatzen du azken 5 urteetan ehizatik lortu dituen diru-sarreren %25 baino gehiago inbertitu dituela ehiza-habitata hobetzeko | |
Frogatzen du herri-lurrak laga direla ehiza-habitata hobetzeko | |
Toki entitateak jarduketak egin ditu ehiza-espezieek eragindako kalteengatik | |
Toki entitateak bazuen ehizazainik deialdi honen aurretik |
Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren dirulaguntza ESKATZEN DU.
Eskatzaileak ADIERAZTEN DU:
–Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.
–Jarduera bererako ez dela beste dirulaguntzarik jasotzen ari.
–Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat ere.
–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan dauden datuak ikusteko, horrela egiazta dezan, dirulaguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean, egunean dituela zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.
–Eskaera honek biltzen dituen datu guztiak egiazkoak direla.
–Baimena ematen du eskaeran agertzen diren datu pertsonalak fitxategi automatikoetan sartzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz erabil daitezen.
.....................................................(e)n, 202...(e)ko .........................................aren ..........(e)(a)n.
(Eskatzailearen sinadura)
DATUEN BABESARI BURUZKO INFORMAZIOA |
DATUEN TRATAMENDUAREN ARDURADUNA Identitatea: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua Helbidea: González Tablas kalea 9, 31005 Iruña Helbide elektronikoa: gestinfo@navarra.es Datuen babeseko ordezkaria: Helbide elektronikoa: dpd@navarra.es |
DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN HELBURUA Datu pertsonalak tratatuko dira, datu horiekin lotutako laguntzen espedienteak kudeatzeko. Datu pertsonalak prozedura izapidetzeko eta ebazteko behar den denboran gordeko dira. |
DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN LEGITIMAZIOA Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.a) artikulua: interesduna ados da bere datu pertsonalak tratatzeko helburu espezifiko baterako edo gehiagotarako. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. |
DATUEN NAZIOARTEKO LAGAPENEN EDO TRANSFERENTZIEN HARTZAILEAK Datu pertsonalak ez dira lagako eta ez dira transferituko, lege betebeharra egon ezean. |
INTERESDUNEN ESKUBIDEAK Interesdunak eskubidea du datu pertsonaletan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera igorri behar dio Departamentuko Informazioa Kudeatzeko Atalari, goian adierazitako helbidera edo gestinfo@navarra.es helbide elektronikora, eta bere NANaren edo identifikazio agiri baliokidearen kopia erantsi beharko du. Halaber, erabiltzaileek Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jo dezakete erreklamazio bat aurkezteko, uste badute ez zaiola behar bezala erantzun beren eskaerari. |
DATUEN JATORRIA, INTERESDUNAK BERAK EMAN EZ DITUENEAN Zure eskaerarako beharrezkoa bada, administrazio publikoaren eskuan dagoen informazioa egiaztatuko da. |
INFORMAZIO GEHIGARRIA Honako web-orri honen bidez: www.gobiernoabierto.navarra.es/eu |
Iragarkiaren kodea: F2515117
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
