241. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Aldaketak, Baztango Ibar eta Unibertsitateko ordenantza, koto eta paramentu berrietan. Behin betiko onespena

Baztango Batzar Nagusiak, 2024ko urriaren 1ean eginiko ohiko bilkuran (10.4 eta 10.5 puntuak), hasiera batez onetsi zuen Baztango ordenantza, koto eta paramentu berrien aldaketa, II. tituluko III. kapituluko 48., 51. eta 52. artikuluetan.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2024ko 209. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 15ean.

Jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioak ebatzita, Baztango Batzar Nagusiak, 2025eko urtarrilaren 2an egindako ohiko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Baztango ordenantza, koto eta paramentu berrien aldaketa.

Baztango Batzar Nagusiak, 2025eko apirilaren 1ean eginiko ohiko bilkuran (10.5 puntua), hasiera batez onetsi zuen Baztango ordenantza, koto eta paramentu berrien aldaketa, 50. artikuluan.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 86. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 2an.

Jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitaratzea xedatu da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Baztanen, 2025eko azaroaren 4an.–Batzar Nagusiko burua, Fernando Anbustegi Goñi.

BAZTANGO IBAR ETA UNIBERTSITATEKO ORDENANTZA, KOTO ETA PARAMENTU BERRIAK

I. TITULUA.–BAZTANGO ADMINISTRAZIO ORGANOAK

I. KAPITULUA.–BATZAR NAGUSIA

1. ATALA–OSAERA

1. artikulua.

Batzar Nagusia hauek eratuko dute: Udalak, Baztango hamabortz herrietako alkateek (zinpekoek) eta lau junterok, Baztango lau kuarteletarik bana. Hauek dira kuartelak:

–Baztangoiza: Erratzu, Arizkun, Azpilkueta eta Amaiur herriek osatua.

–Elizondo: Elizondo, Lekaroz eta Elbete herriek osatua.

–Erberea: Irurita, Gartzain, Arraioz eta Oronoz herriek osatua.

–Basaburua: Ziga, Aniz, Berroeta eta Almandoz herriek osatua.

2. artikulua.

1. Batzar Nagusiak ahalmena izanen du Baztango herri-ondasunak administratzeko, ordenatzeko, aprobetxamenduen araubidea ezartzeko, babesteko eta zaintzeko.

2. Batzar Nagusiak herri-lur guztien kontserbazio, defentsa, hobekuntza eta berreskuratzea zainduko du, eta herri-lurrean kalteak eragiten ahal dituen zeinahi pribatizazio-saio nahiz ekintzaren aurka agertuko da.

3. artikulua.

Baztango Udaleko alkatea izanen da Batzar Nagusiko burua.

4. artikulua.

1. Kuartel bakoitzeko batzarreak izendatuko ditu kuarteleko junteroak eta mendi-kargudunak. Batzarre bakoitzak boto bat izanen du. Berdinketa egonez gero, kuartel horretako herritarren artean boto gehien bildu duen pertsona hautatuko da. Herriko alkatea hautatzeko egiten den bilkura berean eginen da bozketa. Behin aukeratuta, junteroak eta mendi-kargudunak hautatuko dira. Ezinbertzeko baldintza izanen da izendatutakoak dagokien kuarteleko herritarrak izatea.

Juntero edo kargudun izateko beren burua aurkeztu nahi duten pertsonek idatziz igorri beharko diote dagokien herriko alkateari, eta, ondoren, horrek idatziz igorriko du hautagaien zerrenda udal erregistrora. Hautaketa egin baino 7 egun lehenago herrietako alkateek hautagaien zerrenda Udalari aurkeztuko diote. Udalak bandoen bitartez jakinaraziko die herriei zein diren hautagaiak.

2. Juntero eta kargudunak lau urtez egonen dira karguan. Hortaz, Batzar Nagusiak egiten duen lehendabiziko bilkuran izendatuko ditu. Juntero eta kargudunak Batzar Nagusiko kideak dira, eta juntero izateko hobesgarria izanen da aitzinetik noizbait herriko alkate izandakoa izatea. Junteroen eginkizuna da, Batzar Nagusiaren bilkuretara joateaz gain, txostenen prestaketan eta Batzar Nagusiak eskatutako gaietan aholkatzea eta parte hartzea.

5. artikulua.

Batzar Nagusiaren bilkura arrunt eta berezietan, 8 mendi-kargudunek hartuko dute parte, kuartel bakoitzeko bik; hitza izanen dute, baina botorik ez.

6. artikulua.

Udaleko idazkaria izanen da Batzar Nagusiko idazkaria.

2. ATALA–FUNTZIONAMENDUA

7. artikulua.

1. Batzar Nagusiak urtean gutxienez ohiko lau bilkura eginen ditu, hiruhileko naturalaren lehendabiziko egun baliodunean.

2. Behar den aldi oro Batzar Nagusia bilkura berezian batzartuko da, Batzarreko buruak deitua edo Batzar Nagusiko kideen laurdenek hala eskatzen badute.

8. artikulua.

1. Baztango Batzar Nagusian, kideen gehiengo soilez onetsiko dira erabakiak.

2. Batzar Nagusiak egiten dituen bilkuretan, ordenantza hauetako gaiei buruz hartzen diren erabaki eta ebazpenetan, botazioetan berdinketarik suertatzen bada, bigarren botazioa eginen da, eta, berdinketak jarraituz gero, gailenduko da Batzar Nagusiko buruaren botoa duen alderdiak erabakitzen duena.

9. artikulua.

Antzina-antzinako ohiturari jarraikiz, bete beharrekoa izanen da Batzar Nagusiaren bilkuretan erabaki eta akta liburuan idazten den oro, bai komunitatearen mesedetarako xedapenak bai ordenantzetan bildutako kontzeptuen argibideak, ordenantzetan balego bezainbertzeko indarrarekin, betiere erabaki horiek ordenantzak hausten ez badituzte edo foru xedapenen kontra jotzen ez badute.

10. artikulua.

1. Baztango Udalaren oihanzainak agintaritzat joko dira, beren lanean ari direlarik.

2. Beren funtzioak betetzen ari direlarik eginiko ikuskapen aktek eta salaketek egiazkotasunaren presuntzioa izanen dute haietan jasotako egintzei dagokienez.

II. KAPITULUA.–HERRIKO ALKATEA

1. ATALA–HAUTATZEA

11. artikulua.

1. Baztanen beti mantendu den ohiturari jarraikiz, Baztan osatzen duten hamabortz herrietako bakoitzean herriko alkate bat izanen da.

2. Herriko alkate izanen da auzotasuna herrian duen, adinez nagusia den eta bertako herritarrek batzarrean, 12. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, hautatzen dutena. Udal erroldan inskribatuak daudenak dira herritarrak.

12. artikulua.

Herriko alkateak hautatzea:

1. Herriko alkatea bi urterako hautatuko da, herritar guztien artean, abenduko hirugarren astebururako deituriko batzarrean parte hartzen duten pertsonen gehiengoak hautatuta.

2. Batzarrea egin aitzin, herrietako alkateek eskura izaten ahalko dute herritar guztien zerrenda ziurtatua, aste bat aitzinetik, jendaurrean paratzeko. Zerrenda urteko azken zuzenketaren araberakoa izanen da, eta hautatze egunean hemezortzi urte beterik dituztenak ageriko dira.

Honela paratuko da jendaurrean: iragarki-taulan ohar bat paratuko da, eta bertan adieraziko da interesdunek egiaztatzen ahalko dutela erroldan sartu diren, herriko alkateari eskaera eginez edo udalaren bulegoetan eskaera eginez.

3. Herri bakoitzean, herriko alkateak erabakiko du bilera noiz hasiko den, eta astebete lehenago jakinaraziko du. Hautaturiko egunean, bertako herritarrak batzartegian edo hautatutako bertze leku batean batzartuko dira. Herriko alkatea izanen da batzarreko burua, eta bera eta bi kargudun bederen izanen dira. Batzarreko idazkaria idazkari lanetan arituko da.

4. Hautagaitzak batzarrean bertan aurkeztu beharko dira, eta herriko alkateari emanen zaizkio idatziz, hautagaiaren onespen sinatuarekin, edo ahoz. Herriko alkateak hautagaien izenak jakinaraziko ditu. Hautagai bat baino gehiago baldin bada, botazioa hurrengo igandera gibelatuko da, eta herrian jakinaraziko da hautagai bat baino gehiago dela.

5. Hautagai bakarra aurkeztuz gero, batzarrean dauden herritarren gehiengoak berretsi beharko du, eta, horrela eskatzen bada, botazioa eginen da.

6. Herriko alkateak eta aurkezturiko hautagai bakoitzaren ordezkari batek eratuko dute hauteskunde mahaia. Herriko alkatea hautagaia bada, kargudun batek ordezkatuko du. Udalbatzako kideak ez dira aurkezten ahalko herriko alkate izateko.

Une oro, gutxienez bi mahaikidek egon beharko dute mahaian.

7. Bozketa zuzena eta isilpekoa izanen da, eta boto paperen bidez eginen da, gutun azal batean sartuta. Udalak emanen dizkie gutun azalak eta boto paperak, eta mahaiak erabakitzen duenean hasiko da bozketa. Hautesle bakoitzak hautagai bakar bati ematen ahalko dio botoa.

Boto paperak herriko alkateari emanen zaizkio, eta horrek txartelak hautetsontzi garden batean sartuko ditu, bertaratutakoen begi bistan. Herriko alkateak botaziorako zenbat denbora ematen den xedatuko du, betiere hiru ordu gutxienez.

8. Botazioa akiturik, mahaiak zenbaketa egiaztatuko du. Mahaiburuak boto txartelak banan-banan atera, eta ozenki irakurriko ditu. Mahaikideek emaniko botoak idatziko dituzte.

9. Boto gehien lortu duen hautagaia izendatuko dute herriko alkate eta, botazioan berdinketarik baldin bada, bigarren deialdi bat eginen da. Berdinketak jarraituz gero, zozketa eginen da berdinduta dauden hautagaien artean.

10. Kargua uzten duen herriko alkateak herriko alkate berriaren izendatzeko erabakia Batzar Nagusiari igorriko dio ofizialki, horrek egiten duen lehen bilkuran, eta batzarrearen akta erantsi beharko du.

11. Hautagairik ez bada, hautatzea urtarrileko lehen hamabortzaldian errepikatuko da, aitzinetik ezarritako moduan. Bigarren deialdian hautagairik aurkezten ez bada, Batzar Nagusiko buruak batzarre batera deituko du hilabeteko epean, egoeraren berri emateko.

12. Herriko alkateren batek kargua uzten badu hautatua izan den bi urteko aldia akitu baino lehen, batzarrerako deia eginen du erabakia jakinarazteko eta herriko bertze alkate bat hautatzeko prozesua irekitzeko.

2. ATALA–HERRIETAKO ALKATEEN ESKUMENAK ETA ESKUDANTZIAK

13. artikulua.

Herriko alkatearen eskumenak:

1. Herriko batzarreetako burua izatea. Herri bakoitzeko alkatea hautatu duteneko herriaren ordezkaria da.

2. Hautatu duteneko herriaren izenean mintzatuko da. Herritarren eskaerak, kontsultak eta bertzelako gaiak Batzar Nagusira eta Udalera eramanen ditu. Baita alderantziz ere. Lan hori egiteko, horretarako behar diren baliabideak emanen dizkio Udalak.

3. Bertako herritarrei arreta ematea, arrazoizko denboran eta moduan, eta batzarreari arreta horretarako prozedura jakinaraztea.

4. Batzarreak hartutako erabakiak gauzatzea.

5. Herriko batzarrerako deialdia egitea.

6. Herriko auzolanetarako deia egitea.

7. Horretarako prestatutako herriko iragarki-taula eguneratua edukitzea, eta bertan izatea hondarreko batzarreetako aktak eta egokitzat jotzen dituen bertze idazki edo komunikazioak.

8. Herri-galdeketak egitea dagokion herrian. Galdeketan hemezortzi urtez goitiko pertsonek hartzen ahalko dute parte, betiere herritarrak badira hamabi hilabete aitzinetik gutxienez.

9. Kanposantuko egoera eta zainketa maila ezagutu beharko ditu, eta horren segimendua egin. Horren berri eman beharko die Udalari eta Batzar Nagusiari, egoerak hala eskatzen duelarik.

10. Udal aurrekontuak egiteko bere herriko batzarrearen proposamenak igorriko ditu herriko alkateak.

11. Herriko alkateak herriaren dirua kudeatuko du, eta urtero kontuak eman beharko dizkio batzarreari.

14. artikulua.

Herriko alkatea herriko Ur Batzordeko buru izanen da, uraren kudeaketaz Baztan mailan ezartzen den antolakuntzaz aparte; betiere, ezarritako hitzarmen edo akordioak errespetatuko dira. Ildo horretan, uren, hornidura eta saneamendu sarearen egoera behatu beharko du, bai eta uraren aferarekin loturiko bertze gaiak ere.

15. artikulua.

Herriko bestak antolatzearen ardura izanen du herriko alkateak. Besta batzordea dagoen herrietan, hura izanen da bestak antolatzeko arduradun. Besta batzorderik ez den herrietan, herriko alkatea izanen da horren arduradun, eta horretarako prest diren herritarren laguntza izanen du.

16. artikulua.

Baztango Udaleko alkate-udalburuak jakinarazi ondoren, herriko alkateak herriari eragiten dioten Udal Planaren aldaketei buruz herriko batzarreak eginiko proposamenak igorriko ditu.

Jakinarazpena egin eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean batzarreak txostenik ematen ez badu Udal Planerako proposaturiko aldaketari buruz, ulertuko da ez dagoela haren aurka.

17. artikulua.

Aspaldiko ohiturari jarraikiz, herrietako alkateek gutxienez bertako bi herritar izendatuko dituzte kargudun, bere eginkizunetan laguntza emateko.

18. artikulua.

Herriko alkateak diru sari bat jasoko du eginiko lanarengatik.

19. artikulua.

Baztango herriren bat herriko alkaterik gabe gelditzen bada, Batzar Nagusiak ezarriko ditu behar diren neurriak, salbu eta herriko alkateak kargua uzten duenerako 12.12 artikuluan ezarritakoari dagokionez.

III. KAPITULUA.–BATZARREAK

20. artikulua.

Batzarrea herritarren bilkura da, Baztango 15 herrietako bakoitzean egiten dena; herriko alkateak eta bertako herritarrek osatzen dute. Bertan, herri mailan zein Baztan mailan interes publikoa duten gaiak aztertuko dira.

21. artikulua.

Batzarrean auzotasuna duten hemezortzi urtetik goitikoek hartuko dute parte. Bertze inork ez du izanen botoa emateko eskubiderik. Alta, herrian etxebizitza bat izan eta herriko alkatearen aitzinean horren jabe direla egiaztatzen duten pertsonek ere parte hartzen ahalko dute. Hitzarekin baina botorik gabe parte hartzen ahalko dute, halaber, eztabaidatuko den gairen batean interesa izatea frogatzen dutenek, herriko alkateak proposaturik eta batzarreko gehiengoak haiek bertaratzea berretsita. Bilkuran egoten ahalko dira soilik parte-hartzea eskatu duten gaia landu bitartean. Batzarrerako asistentzia pertsonala izanen da, eta inor ez da hirugarren batek ordezkatua izaten ahalko.

22. artikulua.

Herriko alkateak eginen du batzarrerako deia. Dena den, honako hauek izanen dute eskumena herriko alkateari batzarrerako deialdia egin dezala eskatzeko:

–Batzarreak berak bertze batzarre baterako deialdia egiten ahal du.

–Batzar Nagusia.

–Batzarrera joateko eskubidea duten herriko biztanleen %25.

23. artikulua.

1. Batzarrea ohiko lekuan eginen da, herriko alkateak bertze lekurik aipatzen ez badu.

2. Batzarrerako deia gutxienez ere bi egun natural aitzinetik eginen da.

3. Deialdia jendearen aitzinean paratuko da herri bakoitzeko iragarki-taulan eta herri bakoitzeko ohiko lekuetan.

4. Beharrezkoa izanez gero, Udalak areto bat paratuko du herriaren esku, batzarreak egiteko.

24. artikulua.

1. Herriko alkatea izanen da batzarreko burua, eta kargudunek lagunduko diote.

2. Herriko alkateak edo hark izendatutako bertze pertsona batek batzarreko aktak eginen ditu, eta hartutako erabakiak ziurtatuko ditu. Aktaren kopia bat Udalari igorriko zaio, artxiba dezan.

3. Aktak eta dauden dokumentu publikoak batzartegian gordeko dira, hau da, batzarrea egiten den lekuan. Herritarrek akta ikusteko eskubidea dute, eta herriko alkateak bermatu behar du eskubide hori.

25. artikulua.

Herriari eta/edo Baztani eragiten dioten gaiak aztertuko dira batzarretan. Erabakiak aktan jasoko dira, eta Batzar Nagusiari igortzen ahalko zaizkio.

IV. KAPITULUA.–AUZOLANAK

26. artikulua.

1. Tokiko herritarrek norberaren prestazioaren bitartez herriari berari eta Baztani egiten dieten ekarpena da auzolana.

2. Auzolana ez da izanen urtean hamar egun baino gehiagokoa, eta jarraian ez dira eginen hiru egun baino gehiago. Interesdunaren ordez bertze pertsona batek egiten ahal du auzolana, edo haren librantza egiten ahalko da, horretarako ordainduz lanbide arteko gutxieneko soldataren diru kopurua halako bi.

27. artikulua.

1. Herriko alkateak eginen du auzolanerako deia.

2. Deialdia iragarki-tauletan emanen da aditzera.

28. artikulua.

Herriko alkateak auzolana planifikatu eta antolatuko du, kargudunen laguntzarekin. Halaber, egin beharreko lanaren balorazioa eginen du, lana gauzatzeko behar den gutxieneko eta gehieneko pertsona kopurua ezartzeko.

29. artikulua.

Auzolanean parte hartu beharko dute herri bakoitzean bizi diren pertsonek, indarrean dagoen foru araudiak aurreikusten dituen salbuespenak izan ezik.

30. artikulua.

Nahitaezko prestaziora bertaratu ezean, herriko alkateari aldez aurretik justifikatu gabe, salbu eta ezinbertzeko kasua bada, ordaindu beharko da herriko batzarrean bertan ezarritako zenbateko bat.

31. artikulua.

Baztango Udalak prestazioa egitera beharturik direnei suertatzen ahal zaizkien istripuen arriskua estaliko du aseguru bat kontratatuz.

V. KAPITULUA.–KONTRIBUZIOAK

32. artikulua.

Udalak bidezko jotzen duen diru kopurua paratuko du Baztango hamabortz herrien artean banatzeko: kopuru horren erdia hamabortz herrien artean zuzen hainbanaturik, eta bertzea hondarreko udal erroldaren arabera.

33. artikulua.

1. Herriko betebeharrei erantzuteko, herriek ordainparteak egiten ahalko dituzte bizilagunen artean.

2. Herrietako zeinahik zerga bereziak ezarri nahi baditu, egin aitzin batzarrean erabaki beharko da, eta Batzar Nagusiari jakinarazi.

34. artikulua.

Erdietsitako baliabideez egiten den kudeaketaren inguruko kontuak emanen zaizkie bertako herritarrei, Baztango Udalari eta Batzar Nagusiari.

II. TITULUA.–HERRI-LURRAK

I. KAPITULUA.–HERRI-ONDASUNAK

35. artikulua.

1. Baztango herri-ondasunak dira Batzar Nagusiaren titulartasuna dutenak. Haiek erabili, defendatu, antolatu eta hobetzeko ahalmenak gauzatzea Batzar Nagusiari dagokio; haien erabilera eta aprobetxamendua ordenantza hauetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten Baztango herritarrei dagokie. Herri-lurrak bertzerenezinak, preskribaezinak eta enbargaezin dira, eta ez daude inolako zergari lotuak.

2. Auzo-aprobetxamendurako ez diren herri-lurretako aprobetxamenduak (oihan loteak, harrobiak, ehiza, etab.) herritarren mesedetarako izanen dira udal aurrekontuen bitartez, eta haien aprobetxamendua erregulatzen duten foru legeek eta Batzar Nagusiak onetsitako baldintza agiriek arautuko dituzte.

3. Aprobetxamenduen emakidadunek urtero ordainduko dute herri-lurren aprobetxamendurako kanon gisa ordenantzek ezarritako kopurua. Irazelaiak baliatzeak dakarren ingurumen onura eta beharra kontuan harturik, ez da inolako kanonik kobratuko aprobetxamendu horien truke.

4. Aprobetxamenduak garbi eta hondakinik gabe mantendu beharko dira beti.

36. artikulua.

Herri-aprobetxamenduak dira baztandarrek zuzenean egiten dituztenak Batzar Nagusiak eginiko emakidaren bidez, eta ez dira saltzen, eskualdatzen, akuratzen edo emakidan uzten ahalko, ordenantza hauetan jasota dauden kasuetan izan ezik.

Azaroaren 1etik martxoaren 15era bitartean, baimena ematen da luberriaren ustiategitik kanpoko azienda alhatzeko, baldin eta aziendaren titularrak 38. artikuluan adierazitakoa betetzen badu eta luberriaren aprobetxamenduaren titularraren baimena badu.

37. artikulua.

Oro har, emakida eta aprobetxamendu guztiendako, erregistro bat ezarriko da, eta Baztango idazkariak eramanen du. Emakida kokatzeko ezinbertzeko datuak izan beharko ditu, eta katastroko identifikazioa ere jaso beharko du.

38. artikulua.

Onuradunak:

1. Oro har, zeinahi auzo-aprobetxamenduen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a. Baztango herritarra izatea, eta gutxienez azken bi urteetan erroldatuta egotea.

b. Baztango Udalari egin beharreko zerga ordainketa egunean edukitzea.

2. Lehendabiziko instalazioko abeltzainari edo nekazariari eskatuko zaio Baztanen erroldatuta egotea urtebetez gutxienez, baldin eta Batzar Nagusian aurkezten badu Nafarroako Gobernuak lehendabiziko instalaziorako onetsitako proiektuaren egiaztapena.

3. Ez dira emakidadun izaten ahalko natura-baliabideen eta ingurumenaren aurkako delituengatik epai irmo baten bidez kondenatutako pertsonak. Eskaera egitean, zinpeko adierazpen bat sinatuko da, kondena irmorik ez izatea adierazten duena.

39. artikulua.

Herri-lurren aprobetxamenduaren emakidadunak lanak bi urteko epean egin beharko ditu; bertzenaz, Batzar Nagusira itzuliko da. Baztango Udaleko oihanzainek egiaztatuko dute lan horiek egin diren ala ez. Herri-aprobetxamendua egiteak dakartzan administrazio-gastu guztiak emakidadunaren kontura izanen dira. Alta, Baztango herri baten izenean egiten bada eskaera, sorturiko gastuak Udalaren bizkar izanen dira.

40. artikulua.

Batzar Nagusiak, salbuespenez eta hark interes orokorreko adierazpena egin ondoren, noiznahi xedatzen ahalko du lurraren erabilera eta egoki iritzitako aprobetxamenduak, eta horien emakidak indarrik gabe utziko ditu. Emakidadunari gutxienez lau hilabeteko epean jakinarazteaz gain; baja eman; tasazioa egin, eta kalte-ordainak emanen zaizkio, ordenantza hauen 1. eranskinean ezarritakoari jarraikiz. Kasu horietarako, eranskin horretan ezarritako zenbatekoaren bikoitza izanen da.

41. artikulua.

1. Batzar Nagusia izanen da aprobetxamenduaren emakida suntsiarazteko espedientea ebazteko organo eskuduna, eta ofizioz hasiko da beti, bere ekimenez zein pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatu batek salatuta. Aprobetxamenduetan, 2. eranskinean ezarritako jarraibideak beteko dira.

2. Suntsiarazte espedientea izapidetzen den bitartean, hamabortz eguneko epea emanen da egokitzat jotzen diren alegazio eta dokumentu guztiak aurkezteko eta, hala badagokio, froga proposatzeko, baliatu nahi diren bitartekoak zehaztuta, Administrazio Prozedura Erkidearen araudian ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA.–LARREAK

42. artikulua.

Auzo-aprobetxamenduaren ondorioetarako, Baztango larreak honela sailkatzen dira: erabilera komuneko mendiko larreak, banakako erabilerako luberriak, larraskak eta gainerako herri-lurretako abeltzaintza.

43. artikulua.

1. Baztango herri-lur irekietan baldintza hauek betetzen dituzten herritarren azienda alhatuko da: 38. artikuluak ezarritako baldintzak betetzea, azienda bere izenean izatea, azienda Baztanen erregistraturik izatea, indarrean dauden abere osasuneko betebeharrak betetzea eta Batzar Nagusiaren baimena izatea.

2. Herritarrak mota eta espezie orotako azienda markatu beharko du, une oro norena den jakiteko moduan.

3. Bertze eskualde edo ibarretako aziendak galarazia izanen du Baztango herri-lurretan alhatzea, salbu eta elkarrekiko larre hitzarmenak badaude.

1. ATALA–MENDIKO LARREAK

44. artikulua.

1. Gaur egun, mendiko larreak dira Belate, Erdizaga eta Lizartzuko eskindegietan daudenak.

Aprobetxamendua batera eginen dute Baztango abeltzainenak diren aziendek, honako baldintza hauek betetzen badituzte: 38. artikuluak ezarritako baldintzak betetzea, abeltzain txartela izatea eta azienda Baztanen erregistraturik izatea. Aziendak arlo hori arautu eta indarra duen legediak eskaturiko abere osasuneko baldintzak beteko ditu.

2. Baztango Batzar Nagusiaren erabakiaren bidez arautuko da mendietako larretan alhatzea.

2. ATALA–LUBERRIAK

45. artikulua.

Batzar Nagusiaren baimen edo adjudikazio zuzenaren bidez Baztango hainbat herritan herri-lurretan egiten diren larreei luberri deitzen zaie.

46. artikulua.

1. Ordenantza honi jarraikiz eginen dute aprobetxamendua Batzar Nagusiak baimendutako adjudikaziodunek. Aziendak arlo hori arautu eta indarra duen legediak eskaturiko abere osasuneko baldintzak beteko ditu.

2. Batzar Nagusiak behatuko du eskatutako baldintzak betetzen direla, eta, horretarako, protokolo bat ezarriko da Nafarroako Gobernuari aziendaren errolda eskatzeko.

3. Ez zaie luberrietarako baimenik ematen ahalko 3 AzLU (Azienda larriko unitate) baino gutxiago dituzten titularrei, edo 6 AzLU baino gutxiago, poneyen kasuan. Halaber, adjudikatutako luberrien azalera ez da izaten ahalko 1 AzLU/ha-ko abere-zamaren proportzioa baino txikiagoa.

4. Onuradun batek abeltzaintzako erroldan baja hartzen duenean, hiru hilabeteko epea izanen du luberritzeari baja emateko edo titulartasuna aldatzeko eskatzeko. Hori egiten ez badu, Batzar Nagusiak zuzenean emanen die baja aprobetxamenduei.

47. artikulua.

Honako hauek izanen dira luberri baten aprobetxamendua iraungitzeko zioak:

1. 38. artikuluak ezarritako baldintzak ez betetzea.

2. Emakidadunak abeltzain-txarteldun abeltzainaren izaera galtzea.

3. Osasun beharkizunak ez betetzea.

4. Mendian baimenik gabe erreketak egitea.

5. Luberriaren ekoizpena larriki andeatzea.

6. Emandako luberriak errentan ematea edo lagatzea, 36. artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik.

7. Ez edukitzea gutxienez 3 AzLU, edo 6 AzLU poneyen kasuan. Halaber, adjudikatutako luberrien azalera ez da izaten ahalko 1 AzLU/ha-ko abere-zamaren proportzioa baino txikiagoa.

48. artikulua.

1. Eskaera idatziz eginen da, eta zehaztuko da zein alderditan egin nahi den aprobetxamendua, katastroko erreferentzia (poligonoa eta lurzatia) eta zenbat gizalur (374 metro koadrokoak) luberritu nahi diren.

2. Batzar Nagusiko batzorde koordinatzaileak eta oihanzainek eskaeraren gaineko txostena eginda eta Batzar Nagusiak onetsi ondoren, mugatze akta eta txosten teknikoa egitea eskatuko da; horietan, kokapena zehaztu behar da (ETRS 89, 30 UTM koordenatuak); mugatu behar da, eta zedarritzearen mugarri oro argi eta garbi agertzen dituen plano bat egin. Dokumentazioa hirukoitz eginen da: ale bat Udalari emanen zaio; bigarrena, eskatzaileari; eta hirugarrena, Nafarroako Gobernuari. Euskarri digitalean ere aurkeztuko da, ondoren herri-lurren geruza digitalean erregistratu ahal izateko. Planoak aurkezteko bi urteko epea izanen dute, gehienez.

3. Aitzinetik aipaturiko lan guztiek eragindako gastu guztiak emakidadunaren bizkar izanen dira.

4. Emakidadunek beren lursailen ondoko herri-lurrak luberritzen ahalko dituzte, baldin eta Batzar Nagusiak horretarako baimena ematen badu; alta, horrek ez du baztertuko bertze baimen batzuk behar izatea, lurren oihan izaera kontuan hartuta (Nafarroako Foru Komunitateko Oihan Administrazioa).

5. Luberritutako herri-lurren itxiturek (paretakoak, alanbre ziztakaridunezkoak zein metalezko sarezkoak izan) indarrean dagoen hirigintza araudia bete beharko dute. Zuhaixka heskaiek biodibertsitaterako duten onura dela eta, 5 metroko distantzia gordeko da bideen ertzetan egiten diren itxituretan, zuhaixka heskaiak berez haz daitezen. Luberritutako herri-lurretan itxitura berriak egiteko baimena emateak ez du baztertuko bertze baimen batzuk behar izatea, lursailen oihan izaera kontuan hartuta (Nafarroako Foru Komunitateko Oihan Administrazioa). Luberritze berri baten barnean dauden udal-katastroko bide guztiak piketez eta alanbrez hetsiko dira, bidearen bi aldeetatik.

6. Luberritzeko baimena duten herri-lurrak, emakida ematen denetik bi urtetan landuko dira. Bertzenaz, emakida deuseztatuko da, eta emakidadunak Udalari luberritzeko eskubidearengatik ordaindutako dirua eta eginiko lan partzialak (itxiturak eta abar) galduko ditu, Baztanen esku geldituko baitira.

7. Emakidadunak aprobetxamendu aldaketa eskatzen badu, luberritik landatzera edo luberri ez den bertze aprobetxamendu moduren batera, aldaketa hori ez da onartuko modu independentean funtzionatzen ahal duten luberrien kasuetan, salbu eta aldaketa fruta arbolak landatzeko bada; kasu horretan, onartuko da, baldin eta aldaketa hori ez bada egiten Onura Publikoko Mendien Katalogoan sartutako herri-lurren gainean, kasu horretan ez baita aldaketa onartuko oihanen arloko foru-legedian xedatutakoaren arabera. Jabetzei erantsirikoen kasuan, aldaketa horiek ere ez dira onartuko 4.000 m²-tik goitikoak badira, salbu eta aldaketa fruta arbolak landatzeko bada, kasu horretan onartuko baita.

8. Batzar Nagusiak, oro har, hamar urtean behin berrikusiko ditu luberriak aprobetxatzeko emakidak, inbertsio publikoko zein pribatukoak izan, ordenantza hauek onesten diren urtetik hasita. Nolanahi ere, Batzar Nagusiak noiznahi berrikusten ahalko ditu luberritzeak, egoki iritziz gero. Emakidak automatikoki berrituko dira hamar urteko aldietarako, ezarritako baldintzak betetzen dituzten titularrendako.

49. artikulua.

1. Ordenantzen 47. artikuluko 3., 5., 6. eta 7. apartatuetan jasotako iraungitze kasuetan, aprobetxamendu emakida iraungitzeko espedientea hasi aitzin, gehienez sei hilabeteko epea emanen da iraungitzeko zioa zuzentzeko.

2. Zioak zuzendu badira, prozedura amaitutzat joko da. Egoerak bere horretan badirau, aprobetxamenduaren emakida suntsiarazteko espedientea hasiko da.

3. Sei hilabeteko aldia amaitzen denetik bi urteko epean artikulu honetako lehendabiziko apartatuan jasotako kasuren bat gertatzen bada, ez da aukerarik izanen zioa zuzentzeko, eta zuzenean hasiko da aprobetxamenduaren emakida iraungitzeko espedientea.

50. artikulua.

Aprobetxamenduaren emakidaduna hiltzen bada, legezko oinordekoek ustiapenarekin jarraitu nahi badute, jaraunspena onartzen denetik hamabi hilabeteko epea izanen dute titulartasuna aldatzea eskatzeko. Eskatzaileak ordenantzen 38. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu eta, orobat, izan beharko du hirugarren mailara arteko (hori barne) odol edo ezkontza bidezko ahaidea.

Gehienez hamar hektareako titulartasun aldaketak onartuko zaizkie ustiategiarekin jarraitzen duten eta lanbide nagusia nekazaritza ez duten legezko oinordekoei. Ezarritako gehienekoa gaindituz gero, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du zein luberri aldatu nahi dituen titulartasunez.

Hamabi hilabeteko epean titulartasun aldaketa eskatzen ez bada, suntsiarazte espedientea hasiko da, eta herri-lurrak automatikoki itzuliko zaizkio Batzar Nagusiari, eta 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

51. artikulua.

Titulartasun aldaketak.

50. artikuluan jasotako kasuetan izan ezik, honela jokatuko da herri-lurren aprobetxamenduaren onuradunaren titulartasuna aldatzeko eskaera egiten denean:

1. Eskatzaileek ordenantzen 38. artikuluak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2. Gainera, eskatzailea hirugarren mailara arteko (hori barne) odol edo ezkontza bidezko ahaidea denean baizik ez da onartuko titulartasun aldaketa. Bertzenaz, aldaketa ez da onartuko, eta 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

3. Titulartasun aldaketetan, onuradunak 52.2 artikuluan ezarri den baino hektarea gehiago baditu, 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

4. Luberriaren titulartasuna aldatzea onartuta, emakidadun berriak bertze azienda batekin erabiltzen ahalko du.

52. artikulua.

Lehendik dauden luberrien aprobetxamendua.

Lehendik dagoen luberri bat aprobetxamendurako erabilgarri gelditzen denean, prozedura honi jarraikiko zaio:

1. Batzar Nagusiko buruaren ebazpen bidez, hilabeteko epea irekiko da interesdunek eskabideak udal erregistroan aurkez ditzaten. Horretarako, iragarkia jarriko da udalaren webgunean, udalaren eta Baztango herrietako iragarki-tauletan, herrietako alkateen bitartez.

2. Ez da onartuko onuradunek 30 hektareatik goiti eskatzea.

3. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero hektarea bat baino gehiagoko luberritzeetarako, lehentasun zerrenda hau ezartzen da, eskatzaileen arabera:

1.–Lehentasunezko ustiategiak.

2.–Lanbide nagusia nekazaritza duena.

3.–Bertzerik.

Kategoria bereko eskatzaile bat baino gehiago dagoenean, ordenantza hauen 3. eranskinean jasotako puntuazio sistema erabiliko da. Bertzenaz, lehentasuna duen eskatzaileari adjudikatuko zaio beti, aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz.

Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero hektarea bateko edo hektarea bat baino gutxiagoko luberritzeetarako, eskatzaile bakoitzak baliatzen duen azalera osoa aintzat hartuko da, eta adjudikatuko zaio azalera txikiena baliatzen duenari. Hautagai bi edo gehiagoren artean berdinketa gertatuz gero, zozketa eginen da.

Nolanahi ere, emakida berria ebatzi aitzin, eskatzaileek onartuta dituzten aprobetxamenduen egoera egiaztatu beharko da.

53. artikulua.

Lehendik dagoen luberri baten aprobetxamenduagatiko konpentsazioa.

Konpentsazio balorazioko taula bat ezarri da, ordenantza hauei erantsita doana (2. eranskina). Baja emandako luberritzearen tasazio ekonomikoa eginen da. Luberritzearen adjudikaziodun berriak hamabortz eguneko epea izanen du aitzineko onuradunari eginiko balorazioa ordaintzeko, eta gehienez ere hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu dagokion ordainketa gutuna eta luberritzearen planoak. Luberritzean alta emateko, ezinbertzekoa izanen da bi dokumentuak aurkeztea.

Ordenantzak hausteagatik luberritzea kenduz gero, ez da inolako konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izanen.

3. ATALA–LARRASKAK

54. artikulua.

1. Larraska eskatzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte: ordenantzen 38. artikuluan ezarritakoak, abeltzaintza txartela edukitzea, azienda Baztanen erregistraturik izatea eta Baztanen erroldatuta egotea. Aziendak indarrean dagoen legediak eskaturiko abere osasuneko baldintzak bete behar ditu.

2. Zeinahi azienda motarendako eskatzen ahalko dira larraskak.

3. Kontuan harturik ahuntz-aziendak kalte handiak eragiten dituela, azienda hori Baztango herri-lurretan alhatzea debekatzen da, salbu eta Urritzaten eta Aritzakungo beherean, zuhaitzik gabeko eremu eta txaradietan. Baztango gainerakoan, Batzar Nagusiak baimendutako lekuetan baizik ez dira alhatzen ahalko, ezertan ukatu gabe bertze baimen batzuen beharra, kontuan harturik lurren oihan izaera eta azienda mota (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa).

4. Eskatzailea lehentasunezko ustiategia bada edo haren lanbide nagusia nekazaritza bada, Batzar Nagusiak honako lursail hauek adjudikatzen ahalko dizkio larraskan, aprobetxamendurako: gehienez 10 hektarea zeinahi azienda motatarako. Ahuntz- eta txerri-azienden kasuan, 52.2 artikuluan ezarritako gehienekoak adjudikatuko dira.

5. Eskatzailea lehentasunezko ustiategia ez bada eta haren lanbide nagusia nekazaritza ez bada, Batzar Nagusiak 3 gizalur adjudikatzen ahalko dizkio larraskan, gehienez, zeinahi azienda motatarako, betiere kasuan-kasuan indarrean dagoen araudia betez.

6. Eskatutako larraskan zuhaitz partikularrak badaude, eskatzaileak akordio bat lortu beharko du jabearekin. Dauden zuhaitz moten arabera, Batzar Nagusiak agintzen ahalko du non hetsi eta non ez hetsi larraska.

7. Larraskak behar bezala hetsita egon beharko dira.

8. Baimendutako pertsonak bakarrik baliatzen ahalko ditu larraskak, eta baimendutako aziendekin bakarrik.

4. ATALA–MENDI IREKIKO LARRETAN ALHATZEA, NEKAZARITZA POLITIKA ERKIDETIK ERATORRITAKO DIRULAGUNTZAK IZAPIDETZEAN DEKLARATZEKO

55. artikulua.

Nekazaritza Politika Erkidetik eratorritako dirulaguntzak izapidetzean deklaratzeko, herri-larreetako hektareen erabilera soilik eskatu ahal izanen dute ordenantzen 38. artikuluko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoek edo Baztango udalerrian jarduera eta zuzendaritza fiskala duten pertsona juridikoek.

Halaber, aitortutako aziendak betiere bete beharko ditu indarrean dagoen legedian eskatzen diren osasun baldintzak.

56. artikulua.

1. Herri-larreetako hektareen onuradun izateko, Nekazaritza Politika Erkidetik eratorritako dirulaguntzak izapidetzean deklaratzeari dagokionez, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, Batzar Nagusiak onartutako ereduaren arabera, herri-lurretako mendi irekian eta/edo eskindegietan alhatzeko gutxieneko aldi bat eskatuko da:

–Behi-aziendak eta ardi-aziendak: gutxienez bi hilabete eta erdi eman beharko dute herri-lurretan.

–Behor-azienda: 4 hilabeteko gutxieneko aldia ezartzen da.

2. Abere bat ezin izanen da bi aldiz zenbatu (bata mendi irekian eta bertzea eskindegietan), baina epea zenbatzeko, kontuan hartu ahal izanen da eskindegi bateko egonaldia gehi mendi irekiko aldi bat.

57. artikulua.

Urtero, urtarrileko Batzar Nagusian, hektareak adjudikatzeko ezarritako prozedura baliozkotuko da. Prozedura horretan, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, aurkezpen-datak, jakinarazpenei eta gorabeherei buruzko betebeharrak, aziendaren sarrera-datak eta kanpainaren publizitate-bitartekoak jasoko dira.

Era berean, eskabideak haztatzeko prozedura baliozkotuko da, adostutako hobarien eta kanpaina bakoitzerako ezarritako mugen arabera.

58. artikulua.

Batzar Nagusiko buruari ahalmena ematen zaio ordenantzaren kapitulu honetan jaso ez diren alderdiak ebazpen bidez onartzeko, une bakoitzean indarrean dagoen legedia betetze aldera.

III. KAPITULUA.–ERLEZAINTZA

59. artikulua.

1. Ordenantzen 38. artikuluko baldintzak betetzen dituzten eta herri-lurretan kofoinak jarri nahi dituzten Baztango herritarrek idatziz eskatu beharko diote baimena Batzar Nagusiari, ordenantza hauen 4. eranskinean jasotako eskabide ereduari jarraikiz.

2. Kofoinak jartzeko baimena, une orotan, erle-ustiategietarako osasun antolamenduaren eta antolamendu zooteknikoko neurrien aplikazioa (bai eta kofoinen kokapena, ezartzea eta lekualdatzea, azpiegitura zooteknikoa, osasun azpiegitura eta ekipamenduak ere) arautzen duen oinarrizko araudiaren mende egonen da, erlezaintza-jarduera eraginkortasunez eta zuzen gauzatu ahal izateko, honako salbuespen hauekin:

–GR eta SL bidezidorretatik, Donejakue Bidetik eta abarretatik, 25 metroko tartea gordeko da gutxienez.

–Oihan pistetatik, 5 metroko tartea gordeko da gutxienez.

–Hurbilen dauden etxebizitzetatik, 200 metroko tartea gordeko da gutxienez.

–Aitzinetik zeuden herri-lurren aprobetxamenduetatik eta hirugarrenen jabetzetatik, 25 metroko tartea gordeko da gutxienez.

3. Erlezaintzako ustiategien titularrek ohartarazi beharko dute erleak badirela, ikusteko moduko lekuan eta erlategitik hurbil. Seinaleek gutxienez elebidunak izan behar dute (euskaraz eta gaztelaniaz).

IV. KAPITULUA.–OHIAN LANDATZEAK HERRI-LURRETAN

60. artikulua.

Zuhaitz landatze berriak Baztango herri-lurretan.

Ordenantzen 38. artikuluak ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta eremu jarraiko oihan landatzeak egin nahi dituzten Baztango herritarrek idatziz eskatu beharko diote baimena Batzar Nagusiari.

Interesa duten herritarrek idatziz egin behar diote eskaera Batzar Nagusiari. Eskaeraren gaineko txostena egin eta mendi-kargudunekin eta Baztango Udaleko oihanzainekin batera aztertu ondoren, Batzar Nagusiak izanen du emakida adjudikatzeko eskumena, ezertan ukatu gabe bertze baimen batzuen beharra, lurren oihan-izaera kontuan hartuta (Nafarroako Foru Komunitateko Oihan Administrazioa).

Baimendutako landaketen eskatzaileek, baimena jakinarazi eta hilabeteko epean, memoria teknikoa egin eta aurkeztu beharko dute, landaketa lokalizatu (ETRS89 30 Iparra, UTM koordenatuak), azalera, espezieak eta landaketa-esparrua adierazi.

61. artikulua.

Lehendabiziko hamabortz urteak akituta, eskindegiak kendu beharko dituzte landaketak egiteko baimena duten onuradunek. Hamabortz urte horiek iragan ondoren, onuradunek lan hori egin ez badute, Baztango Udaleko oihanzainek egoeraren berri emanen dute, eta Batzar Nagusiak urtebeteko epea emanen die kentzeko lan horiek egiteko. Lan horiek ezarritako epean egiten ez badira, egoera hori Baztango Udaleko oihanzainen txostenaren bidez egiaztatu ondoren, Batzar Nagusiak baja emanen dio aprobetxamenduari, ofizioz, eta eskindegia kenduko du. Lan horiek eragiten dituzten gastuak lehengo onuradunaren kontura izanen dira.

Onuradunek bertze hamabortz urtez luzatzeko eskatzen ahalko dute. Luzapena eskatuz gero, Baztango Udaleko oihanzainek eskindegiarekin jarraitzeko aukerari buruzko txostena emanen dute, eta Batzar Nagusiak baimendu edo baztertu beharko du harekin jarraitzea, txosten horretan oinarriturik. Landaketaren gastu guztiak onuradunaren kontura izanen dira.

62. artikulua.

Fruituak ekoiztera bideratutako oihan landaketen kasuan (monolaboreak), kanon handiagoa aplikatuko zaie, gainerako landaketena halako bi, eta, kasu horietan, baimena emanen zaie perimetroko itxitura mantentzeko, haien aprobetxamendurako.

63. artikulua.

Emakidaren berraztertzeaz.

1. Batzar Nagusiak emakida berriz aztertuko du eman denetik hamar urte pasata.

2. Herritarrek herri-lurretan dituzten zuhaitzen estatistika eguneratuz joanen da; horretarako, herritarrek datuak eman beharko dituzte eskatzen zaizkienean.

64. artikulua.

Honako hauek izanen dira emakida iraungitzeko zioak:

1. Oihanberritzea larriki andeatzea.

2. Ondoz ondoko bi urtez kanona ez ordaintzea.

3. Eskindegia ez kentzea 58. artikuluan ezarritako moduan.

4. Baztanen auzotasuna galtzea. Kasu horretan, urtebeteko epea emanen da landaketa saltzeko, titulartasuna aldatzeko edo baja emateko. Epe hori akituta, Batzar Nagusiak baja emanen die ofizioz pertsona horren izenean dauden herri-lurretako zuhaitz edo landaketa guztiei, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.

5. Titularra hiltzen bada, oinordekoei urtebeteko epea emanen zaie landaketa saltzeko, titulartasuna aldatzeko edo baja emateko. Epe hori akituta, Batzar Nagusiak baja emanen die ofizioz pertsona horren izenean dauden herri-lurretako zuhaitz edo landaketa guztiei.

65. artikulua.

Batzar Nagusiak eta Baztango Udalak oihan landatzeak sustatzea.

1. Horretarako egokiak diren herri-lurretan, Baztango erakundeek egoki irizten dioten adina oihan landaketa egiten ahalko dituzte, aprobetxamendua iraungitzeko espedientea egin ondoren. Lehenago baliatzen ari zen herritarrari bertze lursail bat eskainiko zaio aprobetxamendurako.

2. Batzar Nagusiak eta Baztango Udalak espezieen aniztasuna sustatuko dute, oihanberritu beharreko eremuaren gaineko ikerketan oinarrituta. Bertako haritzak lehentasuna du landatzeak planifikatzeko orduan, betiere herri-lurrak espezie horretarako egokiak badira. Ahal denean, dauden hariztiak berez birsortzeko beharrezkoak diren oihan lanak eginen dira.

3. Batzar Nagusiak zuhaiztiz osatutako eta herri-lurrendako interesgarriak diren emakida zaharren berreskurapena sustatuko du.

4. Batzar Nagusiak lan horietarako finantza baliabideak eta dirulaguntzak (Nafarroako Gobernuarenak edo Europar Batasunarenak izan) hartzeko beharrezkoak diren ekintzak oro gauzatuko ditu.

5. Batzar Nagusiak bertze interesdun batzuekin hitzarmenak egiten ahalko ditu herri-lurretan oihan landatzeak egiteko eta mantentzeko. Horretarako onetsiriko klausulek aginduko dituzte, eta ez dira lotuko Baztango auzotasuna izatearekin.

66. artikulua.

1. Herritarrek berez sortzen diren zuhaitzak aprobetxatu nahi badituzte, piketeak egiteko edo jasotako aprobetxamenduetatik bertzelako erabilera baterako, eskaera egin beharko diote Batzar Nagusiari.

2. Piketeak egitea eskatzen dutenean, lortutako piketeen %40 Batzar Nagusiari eman beharko dizkiote, eta hark adierazitako lekura eraman beharko dituzte.

V. KAPITULUA.–IRAZELAIAK

67. artikulua.

Batzar Nagusiak emanen du Baztango herri-lurretako iratze-aprobetxamendua, aldez aitzinetik hala eskatuta. Irazelaiak eskatzen dituztenek ez dute 38.1 artikuluaren a) letra bete beharko.

68. artikulua.

Interesa duten herritarrek idatziz egin behar diote eskaera Batzar Nagusiari. Eskaeraren gaineko txostena egin eta mendi-kargudunekin eta Baztango Udaleko oihanzainekin batera aztertu ondoren, Batzar Nagusiak izanen du emakida adjudikatzeko eskumena.

Irazelai baimenduen eskatzaileek, baimena jakinarazi eta hilabeteko epean, memoria teknikoa egin eta aurkeztu beharko dute, eta irazelaia lokalizatu eta mugatu (ETRS89 30 Iparra, UTM koordenatuak) eta haren azalera adierazi.

69. artikulua.

Batzar Nagusiak galarazten ahalko du iratzeak moztea herri-lurretan, bertan oihan landarerik, hala nola gaztainondoak, lizarrak, gereziondoak eta, bereziki, bertako haritzak, badira, irazelaian dauden oihan landareen dentsitatea gutxienez ere 374 metro koadroko gizalur bakoitzeko 30 landarekoa delarik. Aitzinagotik aprobetxatzen ari den herritarrari adituko, eta iratze aprobetxamendurako bertze lur bat emanen zaio.

70. artikulua.

Hamar urtean behin berrituko dira onuradunaren eskaera eta Batzar Nagusiaren berrespena herritarrek baliaturiko irazelaien aprobetxamendurako.

71. artikulua.

Honako hauek izanen dira emakida iraungitzeko zioak:

1. Irazelaia larriki andeatzea.

2. Ondoz ondoko bi urtez irazelaiaren erabilera frogagarria ez egitea.

VI. KAPITULUA.–LABOREAK

72. artikulua.

Batzar Nagusiak komunitatearen lurrak lantzeko eremuak eta erabilerak (hala nola baratzeak) antolatu eta planifikatuko ditu. Antolaketa eta planifikazio horiek lotesleak izanen dira aprobetxamendu emakida orotarako, eta gehienez 10 hektarea izanen dira emakidadun bakoitzeko.

73. artikulua.

Interesa duten herritarrek idatziz egin behar diote eskaera Batzar Nagusiari. Eskaeraren gaineko txostena egin eta mendi-kargudunekin eta Baztango Udaleko oihanzainekin batera aztertu ondoren, Batzar Nagusiak izanen du emakida adjudikatzeko eskumena.

Aprobetxamendu baimenduen eskatzaileek, baimena jakinarazi eta hilabeteko epean, memoria teknikoa egin eta aurkeztu beharko dute, eta laborea lokalizatu eta mugatu (ETRS89 30 Iparra, UTM koordenatuak) eta haren azalera adierazi.

74. artikulua.

Luberritzeko ematen diren herri-lurrak emakida eman eta bi urtera gehienez ere landu beharko dira, ezinbertzeko zioengatik ez bada. Bertzenaz emakida deuseztatuko da, eta adjudikaziodunak lantzeko eskubidea izateko ordaindutako diru kopurua galduko du.

75. artikulua.

Honako hauek izanen dira emakida iraungitzeko zioak:

1. 38. artikuluak ezarritako baldintzak ez betetzea.

2. Labore ekoizpena larriki andeatzea.

3. Errentan eman edo lagapena egitea.

4. Kanona ondoz ondoko bi urtetan ez ordaintzea, salbu eta Batzar Nagusiak behar bezala arrazoituta erabakitzen badu ez dela suntsiaraziko.

76. artikulua.

Hamar urtean behin berrituko dira onuradunaren eskaera eta Batzar Nagusiaren berrespena herritarrek baliaturiko laboreen aprobetxamendurako.

III. KAPITULUA.–ETXEKO EGURRA

77. artikulua.

1. Batzar Nagusiak aprobetxamenduaren emakida erabakitzen ahalko du herritarrek etxeko egurraz dituzten beharrei erantzuteko.

2. Familia unitate eta ohiko etxebizitza bakoitzeko egur aprobetxamendu baterako eskubidea izanen da.

3. Emakida erabakiak Nafarroako Gobernuari jakinaraziko zaizkio, baimentze ondorioetarako.

78. artikulua.

1. Herritarren aprobetxamendurako egur loteak seinalatzean, mendien alorrean eskumena duen administrazioaren irizpideei jarraikiko zaie.

2. Zuhaitzak ondoz ondo markatuko dira mendi administrazioak ezarritako irizpide teknikoei jarraikiz.

79. artikulua.

Egur loteetarako eta egurra ateratzeko, gehieneko epea urtebetekoa izanen da, horiek markatzetik kontatzen hasita. Baztango oihanzainek txosten batean jaso beharko dute zer egunetan markatu dituzten egur loteak. Aipatu epea akiturik, moztu ez diren egur loteak edo moztu bai baina atera ez direnak erabiltzeko emakida iraungiko da, eta Batzar Nagusiaren esku geldituko dira. Egur loteagatik ordaindutako zenbatekoa ez da itzuliko, ezinbertzeko kasuetan izan ezik.

80. artikulua.

Onuradunek hondarrak bildu eta pilatu beharko dituzte, behin egurra eraman eta gero; hondar horiek ezin izanen dira bide, mendiko pista edo pasatu ahal izateko oztopo izanen diren lekuetan metatu, eta oihana garbi utziko da.

81. artikulua.

1. Kontu handiz behatuko da adjudikatutako egur loteak emakidaren helburu eta xedeetan erabiltzen diren. Galarazita dago eskuz aldatzea edo bertzerentzea.

2. Baztango Udaleko oihanzainek noiznahi jotzen ahalko dute egur lotearen onuradunengana, eta egurra non dagoen errateko eskatu. Informazio hori emateari uko eginez gero, Batzar Nagusiari jakinaraziko zaio.

82. artikulua.

1. Haizeak botatako zuhaitzak (zain irauliak) bertze egur aprobetxamendu bat direla ulertuko dira; beraz, interesa duten partikularrek ezin izanen dituzte saldu edo bildu; ondoz ondo markatuko dira, oihan administrazioaren irizpide teknikoei jarraikiz.

2. Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak, Nafarroako Gobernuko Basozainek-Ingurumena Zaintzeko Taldeko langileek markatu eta baloratu ondoren, eta, hala badagokio, Baztango Udaleko oihanzainek aldeko txostena eta balorazio ekonomikoa eman ondoren, adjudikatzen ahalko ditu zain irauliak.

3. Batzar Nagusiaren erabaki bidez ezarriko dira zain iraulien baldintzak.

VIII. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO SAROIAK, BORDAK ETA NEKAZARITZA-ABELTZAINTZAKO BERTZELAKO ERAIKINAK

83. artikulua.

Saroiak aziendak eguraldi txarretik babesteko lur eremuak dira. Bai egungo saroietan, bai gero ezartzen direnetan, aziendari babesa eta itzala emateko behar adina zuhaitz landatuko dira.

84. artikulua.

Herri-lurretan azienda kontzeko bordak edo nekazaritza nahiz abeltzaintzarako baliatzeko abeltegi, heia, biltegiak edo gisako bertzelako eraikinak eraiki edo zaharberritu nahi dituzten herritarrek, honako baldintza hauek bete beharko dituzte: 38. artikuluak ezarritako baldintzak betetzea, abeltzain txartela izatea, azienda Baztanen erregistraturik izatea eta abere osasuneko betebeharrak betetzea.

85. artikulua.

Herri-lurretan izan eta azienda kontzeko eraitsitako borden jabeek bi urteko epean berreraiki beharko dituzte. Bertzenaz, bertze herritar batek izanen du alderdi horretan bertan edo hurbil borda bat eraikitzeko baimena eskatzeko ahalmena.

Epe horretan borda berreraikitzen ez badu, eta bertze pertsona batek berreraikitzeko interesa espresuki agertu badu, borda eraitsiaren jabeak materialak atera beharko ditu, gehienez ere sei hilabeteko epean. Hala egin ezean, udal zerbitzuek eraitsitako materiala baloratuko dute, eta adjudikaziodun berriak balorazio hori ordaindu beharko du, aprobetxamendua adjudikatu ondoren.

86. artikulua.

Herri-lur eraikiezinean nekazaritza azpiegituren arloan interesdun batek egin nahi duen jarduketa oro indarrean dauden hirigintza legeak, udal araudia eta foru araudia errespetatu beharko dituzte. Interesdunek memoria bat aurkeztu beharko dute, Udaleko Hirigintza Zerbitzuak txostena egin dezan hirigintza araudiarekin bat datorren jakiteko. Hala ere, Batzar Nagusiak eskumena izanen du proiektua egin dadin herri-lurzorua aldi baterako okupatzea baimentzeko edo ez baimentzeko.

87. artikulua.

Herri-lurretan egindako eraikina ezin izanen da erabili eraiki zenean eman zitzaiona ez den bertze zeinahi erabileratarako, aitzinetik Batzar Nagusiaren baimena lortu gabe eta indarra duen araudia betez.

88. artikulua.

Batzar Nagusiak hamar urtean behin berraztertuko ditu emandako emakidak.

89. artikulua.

Honako hauek izanen dira aprobetxamendua iraungitzeko zioak:

1. 38. artikuluak ezarritako baldintzak ez betetzea.

2. Emakidadunak abeltzain-txarteldun abeltzainaren izaera galtzea.

3. Osasun beharkizunak ez betetzea.

4. Kanona ondoz ondoko bi urtetan ez ordaintzea, salbu eta Batzar Nagusiak behar bezala arrazoituta erabakitzen badu ez dela suntsiaraziko.

5. Errentan eman edo lagapena egitea.

6. Eraiki zenean eman zitzaiona ez den bertze zeinahi erabileratarako baliatzea eraikina.

90. artikulua.

Batzar Nagusiak ahalmena izanen du borda, kortxila eta bertzelako eraikinetan egiten diren jarduerak zaintzeko, Baztango Udaleko oihanzainen bidez, egoera egokian mantentzen direla eta hondakinak biltzen direla kontrolatzeko, sortzen ahal den kutsadura saihesteko (aziendaren parasitoak hiltzean edo gisako jardueretan). Nekazaritza eraikinen erantzukizuna dutenen betebeharra izanen da hondakinak jasotzea eta sarbiderako bideak mantentzea.

IX. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BERTZELAKO ERAIKINAK

91. artikulua.

Batzar Nagusiak obra, instalazio eta zerbitzuetarako herri-lurren aldi baterako okupazioa erabakitzen ahalko du, dagokion kanon baten ordainketaren bidez, lanpostuak sortzen dituzten industria instalazioen eraikitzearen kasuan eta Baztanendako beharrezkoak diren kirol, kultura, osasun edo aisialdi instalazioaren kasuan, bertzeak bertze, betiere aipatutako proiektuak jendartearendako interesgarriak direnean eta indarra duen araudia betetzen duten bitartean. Eskatzaileak ez du 38. artikulua bete beharrik izanen, 1b apartatua izan ezik.

X. KAPITULUA.–EHIZA, ETA ONDDO ETA ZIZEN BILKETA

92. artikulua.

Ehiza Nafarroako Komunitatean dagoen foru legediaren arabera arautuko da.

93. artikulua.

Antolaketa Zinegetikorako Plangintza batek arautua behar duen barrutiaren adjudikaziodunarena izanen da ehizak sortzen dituen kartutxo eta bertzelako hondakinak garbitzeko erantzukizuna. Oihanzainek urtero eginen dute ikuskapen bat barrutian, eta horretan oinarrituriko txosten bat idatziko dute Batzar Nagusiarendako.

94. artikulua.

Baztango herri-lurretako mendietan, kanpoan zizak agertzen dituzten onddo mota ugari daude. Produktu hauen bilketak batzuetan mendietara sobera jende etorrarazten du eta horrek ingurune naturalaren degradazioa ekartzen ahal du.

Batzar Nagusiaren irudiko, espezie horien mantentzea bermatu, ingurune naturalaren kaltea eragotzi eta mendia behar bezalako garbiketa baldintzetan mantendu behar da, eta, horrela gertatzeko, neurri egokiak hartuko dira, betiere indarrean dagoen araudia betez.

XI. KAPITULUA.–KIROL, AISIA ETA JOSTETA JARDUERAK

95. artikulua.

Gaur egun, gero eta handiagoa da gizarteak naturarekin hartu-emanetan sartzeko eskaera, bertan kirol, aisia eta josteta jarduerak egiteko. Jarduera hauek natura baliabideen aprobetxamendu jasangarriak eskatzen dituen errespetu eta kontrolik gabe egiteak eragin negatiboak, hainbatetan itzulezinak, ekartzen ahal ditu. Eragin hori murrizteko, Batzar Nagusiak kasu bakoitzean hartu beharreko neurriak aztertu eta hartuko ditu.

XII. KAPITULUA.–URA ETA UREZTAKETAK

96. artikulua.

Herri-lurra ura bildu eta eramateko okupatzeak baimena beharko du. Horretarako, herritarrak eskaera egin behar du, eta egin beharreko lanen eta aprobetxamendua deskribatzen duen dokumentazio teknikoa aurkeztu, memoria eta lurren kokapen planoak eta okupazio planoak barne direlarik. Eskatzaileak ez du 38. artikulua bete beharrik izanen, 38.1b eta 38.3 apartatuak izan ezik.

1. Eskatzaileak obrak edo ondorengo konponketek ukituriko zeinahi egitura (bideak, erretenak…) egoera onean paratu beharko du.

2. Udalak herri-lur horietan hodiak ukitzen dituen zeinahi lan egiten badu, eskatzaileak behar diren aldaketak egin beharko ditu. Gastuak bere bizkar izanen dira, eta ez du kalte-ordainik hartzeko eskubiderik izanen.

3. Baimenaren epe barnean Udalak, modu justifikatuan, hodiak hornidura zehatz baterako erabiltzeko eskatzen badu, eskatzailea uztera beharturik egonen da.

4. Hodia behar bezala egonen da lurpean.

97. artikulua.

Herri-lurraren okupazioa aprobetxamendu berezi gisa baimentzen da. Baimena mantenduko da emateko orduan zeuden baldintzak diren bitartean, eta aitzineko puntuan aipatzen den dokumentazio teknikoan deskribatutako aprobetxamenduetarako bakarrik ematen da. Hamabortz urtez iraunen du, eta bertze hamabortz urtez luzatzen ahalko da, eta horrela, gainerakoetan, jarduerak dirauen bitartean. Instalazio horietan jarduna eteten bada, lurrak herri-erabilerara itzuliko dira, mugarik gabe, eta, hortaz, eskatzaileak edo haren ondorengoak instalazio guztiak kendu beharko ditu bere kargura eta bere bizkar. Hori ez badu egiten, Baztango Batzar Nagusiaren jabegokoa izatera pasatuko da.

98. artikulua.

Baimenak ez du deus ikustekorik sustatzaileak erakunde eskudunei eskatu behar dien zeinahi motatako baimenekin. Halaber, instalazioaren erantzukizuna eskatzailearena izanen da soilik.

XIII. KAPITULUA.–ERAUTZE JARDUERAK

99. artikulua.

Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak egindako txostenetan oinarriturik, pertsona fisiko edo juridiko batek erauzte jardueraren bat instalatu edo handitzeko proiektua aurkezten duenean, Batzar Nagusiak dagokion lurra okupatzeko baimena eman edo ukatuko du.

XIV. KAPITULUA.–OIHAN SUTEAK, ETA SASIAK, BELARRAK ETA UZTONDOAK ERRETZEA

100. artikulua.

Arras debekaturik dago zuhaitzak dauden herri-lurretan sua piztea, zeinahi motatakoa delarik ere.

101. artikulua.

Herritar batek zuhaitzik gabeko herri-lur zati bat erretzeko beharra baldin badu (iratzea mozten duen eremua garbitzeko edo bertze gisako arrazoi justifikagarri batengatik), hura arautzen duen mendi-araudiak ezarritakoa bete beharko du bai erretze kontrolaturako baimenaren eskaerak, bai erretzearen arrazoiek, bai hori eginen den lekuak.

XV. KAPITULUA.–ELKARREKIKOAK

102. artikulua.

Arras debekaturik dago bertze jurisdikzio batzuetako aziendak Baztango herri-lurretan alhatzea, salbu eta elkarrekiko larre hitzarmenak dituztenetan. Hitzarmena dagoen kasuetan, alhatzea arautuko da bakoitzak sinatu duen kontratuak dioenaren arabera.

Abeltzaintzan aritzen diren eta bertze jurisdikzio batzuetakoak direnek, elkarrekikoetan beren eskubideak erabili aurretik, legezko osasun baldintzak bete beharko dituzte.

103. artikulua.

Baztanek larre hitzarmenak sinatzen ahal ditu inguruko herriekin.

III. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO LURZATIEN TRUKATZEA

104. artikulua.

Batzar Nagusiak herri-lurren murrizketa saihesteko irizpidea defendatuko du, eta herri-lurrak ez bereizteko ahalegina eginen du.

105. artikulua.

Lurzati txikien desafekziorako prozedura.

1. Lurzati txikiak trukatu ahal izateko desafekzioa lortzeko beharrezkoa izanen da Nafarroako Gobernuak lurzati horiek onura publikokotzat edo gizarte onurakotzat aitortzea, Batzar Nagusiak justifikatu ondoren bilatutako xedea ezin dela lortu lagapen edo zergen bidez; nolanahi ere, bi horiek dira lehentasunezko bideak. Lege horrek aipatzen dituen lurzati txikien neurriak araudiaren bidez ezarriko dira, haien ezaugarri eta herri-ondarearen hedaduraren arabera.

2. Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak edo haren ordezko araudiak ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

IV. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

106. artikulua.

Artikulu hauetan ageri diren arau-hausteak egiten dituztenek erantzukizun administratiboa izanen dute.

107. artikulua.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke:

1. Arau-hauste arinak dira:

a. Aprobetxamendurako emandako erabilera aldatzea, Batzar Nagusiaren baimenik izan gabe.

b. Baztango herri-mendietan okupazioa egitea Batzar Nagusiaren baimenik izan gabe.

c. Herri-mendietako zuhaitzak edo egurra moztu, erauzi, kaltetu, atera edo haietaz jabetzea beharrezko titulu administratiborik izan gabe.

d. Herri-mendietan edo herri-lurretan azienda alhatzera eramatea, debekaturik badago edo Batzar Nagusiak ezarritako arauak bete gabe egiten bada.

e. Zain irauliak saltzea.

f. Egur loteak saltzea.

g. Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion bertze edozein egitate edo egintza.

h. Arau-hauste arinetan berrerortzea. Berrerortzea izanen da arau-haustea egiteko tenorean, ebazpen irmoz zehapena ezarri zaionetik hiru urte ez badira iragan.

i. Nekazaritza Politika Erkidetik eratorritako dirulaguntzak izapidetzeko, Baztango Batzar Nagusiari aurkeztutako adierazpenean zehaztutako aziendaren helmuga edo mugimenduak ez jakinaraztea, eta/edo baimenik gabe aldatzea.

j. Nekazaritza Politika Erkidetik eratorritako dirulaguntzak izapidetzeko, Baztango Batzar Nagusiari aurkeztutako adierazpenetan (abelburu karga 10 AzLU edo gutxiagokoa denean), adierazitako AzLUekiko beheranzko aldaketa.

k. Nekazaritza Politika Erkidetik eratorritako dirulaguntzak izapidetzeko, Baztango Batzar Nagusiari aurkeztutako adierazpenetan (abelburu karga 10 AzLU baino gehiagokoa denean), adierazitako AzLUekiko %10eko edo hortik beheranzko aldaketa.

2. Arau-hauste astunak dira:

a. Herri-mendietan edo herri-lurretan erreketa egitea baimenik izan gabe.

b. Herri-lurretan gai solidoak botatzea edo likidoak isurtzea baimenik izan gabe.

c. Nekazaritza Politika Erkidetik eratorritako dirulaguntzak izapidetzeko, Baztango Batzar Nagusiari aurkeztutako adierazpenetan (abelburu karga 10 AzLU baino gehiagokoa denean), adierazitako AzLUekiko %10eko baino gehiagoko eta %40eko edo hortik beheranzko aldaketa.

d. Nekazaritza Politika Erkidetik eratorritako dirulaguntzak izapidetzeko, Baztango Batzar Nagusiari aurkeztutako adierazpenetan (10 AzLU bitarteko alhatzea adierazi denean), azienda alhatzera ez eramanik.

e. Nekazaritza Politika Erkidetik eratorritako dirulaguntzak izapidetzeko, Baztango Batzar Nagusiari aurkeztutako adierazpenetan, ordenantzen 55. artikuluan agertzen diren baldintzetako bat.

f. Nekazaritza Politika Erkidetik eratorritako dirulaguntzak izapidetzeko, Baztango Batzar Nagusiari aurkeztutako adierazpenetan, adierazitako azienda ez agertzea onuradunaren izenean.

g. Arau-hauste arinetan berrerortzea eta herri-lurretan aldaketa eragiten duten arau-hausteak.

3. Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

a. Herri-mendietan edo herri-lurretan oihanberritze artifizialetik edo naturaletik hurbil erreketa egitea baimenik izan gabe.

b. Herri-lurretan gai solido arriskutsuak botatzea edo likido arriskutsuak isurtzea baimenik izan gabe.

c. Nekazaritza Politika Erkidetik eratorritako dirulaguntzak izapidetzeko, Baztango Batzar Nagusiari aurkeztutako adierazpenetan, (abelburu karga 10 AzLU baino gehiagokoa denean), aldaketa bat.

d. Arau-hauste astunetan berrerortzea. Berrerortzea izanen da arau-haustea egiteko tenorean, ebazpen irmoz zehapena ezarri zaionetik hiru urte ez badira iragan.

108. artikulua.

Hauek dira arau-hausteak egiteagatik izanen diren zehapenak:

1. Arau-hauste arinek 600,00 euro arteko isuna ezarriko zaie. Egur loteak edo zain irauliak saltzen dituztenek adjudikaturiko lotearen balio osoa halako bi ordaindu beharko du isun gisa, eta ez zaie bortz urtean egur loterik emanen.

2. Arau-hauste astunei 601,00 eurotik 6000,00 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie. 103. artikuluko c) eta g) bitarteko apartatuen arau-hausteen kasuan, berekin ekarriko dute eskubidea galtzea Nekazaritza Politika Erkidetik eratorritako dirulaguntzetarako mendi irekiko hektareak eskatzeko, zehapena irmo bilakatu eta ondoz ondoko hiru urtetan.

3. Arau-hauste oso astunak 6.001,00etik 60.000,00 eurora bitarteko isunarekin eta herri-lurretako aprobetxamenduetako titularra izateko hamar urtez ezgaitzearekin zehatuko dira.

4. Isunen zenbatekoaren mailakatzea finkatzeko, kontuan hartuko dira arau-haustearen asmoa edo arduragabekeria, eraginiko kalte­galeren munta eta aldaturiko errealitate fisikoa konpontzeko zer posibilitate dagoen. Erdizaga, Belate eta Lizartzuko larreetan azienda legez kanpo agertzen bada eta zuhaitzak legez kontra mozten badira, 5. eta 6. eranskinetan ezarritakoari jarraikiko zaio arau-hausteen zenbatekoak mailakatzeko.

5. Isuna ez da sekula arau-haustea egitetik ateratako mozkina baino txikiagoa izanen, eta arau-hausleak erdietsitako mozkina halako biren parekoa izaten ahalko da.

6. Arau-hauste arinek sei hilabeteko epean preskribatuko dute; astunek, hemezortzi hilabetean; eta oso astunek, hogeita lau hilabetean.

7. Batzar Nagusiko buruak izanen du zehapenak ezartzeko eskumena, arau-hauste arinen eta astunen kasuan; eta, arau-hauste oso astunen kasuan, Batzar Nagusiak.

8. Zehapenak unean-unean indarra duen prozedura administratiboari jarraikiz ezarriko dira.

9. Zeinahi arau-hausteren erantzule den pertsonak, ezarritako isuna ordaintzeaz gain, eraginiko kalte-galeren ordaina ordaindu beharko du. Kalte-galera horiek, gutxienez, arau-haustearen aitzineko egoerara itzultzeak edo errealitate fisikoa lehengoratzeak dakartzan kostuetan balioetsiko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hauek onestean hamabortz urte beteak dituzten landaketa guztien emakidadunek urtebeteko epean bildu beharko dute eskindegia. Lan horiek ezarritako epean egiten ez badira, egoera hori Baztango Udaleko oihanzainen txostenaren bidez egiaztatu ondoren, Batzar Nagusiak baja emanen dio aprobetxamenduari, ofizioz, eta eskindegia kenduko du.

Bigarren xedapen iragankorra.–Baztango Batzar Nagusiak eskatuko du Parlamentuak arau esparru aski gara dezala Baztango herriek beren izenean jabetzak izan ditzaten bermatzeko.

1. ERANSKINA.–BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

APROBETXAMENDUEN KONPENTSAZIO-TAULA

Aprobetxamenduen konpentsazio-taula (DOC).

2. ERANSKINA.–BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

APROBETXAMENDU BAT KENTZEKO ARRAZOIAK

Luberritzeak:

LUBERRIAREN EGOERA

INGURUABARRAK

HIRIGINTZAKO PROZEDURA:

ONDORIOA

Sasiak hartua da

Azaleraren %50 baino gehiago

Traktore bat zer gainazaletatik ibil daitekeen neurtuko da

Aprobetxamendua suntsiarazteko prozedura hastea

Itxitura

Itxituraren %50 edo gehiago irekita dago

Azalera GPS bidez neurtuko da

Aprobetxamendua suntsiarazteko prozedura hastea

Ez da aprobetxamendu egokirik egiten

Bertzeren azienda dago ikuskapenaren egunean, bai eta 15 egun geroago ere

Azienda identifikatu beharko da

Aprobetxamendua suntsiarazteko prozedura hastea

Luberrian sasia bada edo itxitura hondatuta badago, ordenantzen 50. artikuluko jarraibideei jarraikiko zaie.

Luberria alokairuan edo azpierrentan badago, 49. artikuluko jarraibideei jarraikiko zaie.

Luberria hirugarrenei utzi bazaie (ordenantzen 36. artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik), 49. artikuluko jarraibideei jarraikiko zaie.

Larraskak:

LARRASKAREN EGOERA

ZENBATERAINO

HIRIGINTZAKO PROZEDURA:

ONDORIOA

Itxitura

Itxituraren %50 edo gehiago irekita dago

Azalera GPS bidez neurtuko da

Aprobetxamendua suntsiarazteko prozedura hastea

Ez da aprobetxamendu egokirik egiten

Bertzeren azienda dago ikuskapenaren egunean, bai eta 15 egun geroago ere

Azienda identifikatu beharko da

Aprobetxamendua suntsiarazteko prozedura hastea

Larraska alokairuan edo azpierrentan badago edo itxitura hondatuta badago, ordenantzen 47. artikuluko jarraibideei jarraikiko zaie.

3. ERANSKINA.–BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

LUBERRI BATEN APROBETXAMENDUA ADJUDIKATZEKO PUNTUAZIO TAULA

Guztira, 75 puntu:

–Eskatzaileak bere izenean luberritzerik ez badu: 15 puntu.

–Eskatzaileak bere izenean 5 hektareako edo gutxiagoko luberritzeak baditu: 10 puntu.

–Eskatzaileak ustiategi ekologikoa egiten badu (ziurtagiri ofizialaren arabera): 15 puntu.

–Eskatzailea luberritzearen aitzineko onuradunaren lehen, bigarren edo hirugarren mailako ahaidea bada eta ustiategi berarekin jarraitzen badu: 15 puntu.

–Eskatzaileak 40 urte baino gutxiago baditu: 10 puntu.

–Eskatzailearen lehen instalazioa bada: 10 puntu.

4. ERANSKINA.–BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

ERLEZAINTZARAKO HERRI-LURREN ESKAERA

Erlezaintzarako herri-lurren eskaera (DOC).

5. ERANSKINA.–BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

ZUHAITZEN BALORAZIOA ZEHAPEN ESPEDIENTE BAT IZAPIDETZEAN

Zehapen espedientea izapidetzean, zuhaitzen bolumena da faktore garrantzitsuena; beraz, bolumen horien arabera eginen da zehapenaren kalkulua. Zenbatekoa 100-600 euro bitartekoa izanen da.

0-3 metro kubo

100,00 euro

3-5 metro kubo

150,00 euro

5-8 metro kubo

300,00 euro

8-15 metro kubo

450,00 euro

15 metro kubotik goiti

600,00 euro

Espediente bakoitzean oihanzainek moztutako egur bolumena zehaztu beharko dute.

6. ERANSKINA.–BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

AZIENDA LARREETAN, EPEZ KANPO EDO BAIMENIK GABE

Ardi azienda:

20 buru

50,00 euro

21-50 buru

100,00 euro

51-90 buru

150,00 euro

91-140 buru

200,00 euro

141-200 buru

250,00 euro

201-270 buru

300,00 euro

Behiak eta behorrak:

1 buru

50,00 euro

2-5 buru

100,00 euro

6-10 buru

200,00 euro

11-20 buru

300,00 euro

21-30 buru

400,00 euro

31-45 buru

500,00 euro

46-60 buru

600,00 euro

Iragarkiaren kodea: L2514800