1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
300/2025 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio "Karlos II.aren bihotzaren kutxa" eta haren edukia kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari, ondasun higigarri gisa sailkatuta. Ondasun horren titularra Uxueko Andre Mariaren parrokia da.
Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du hasiera eman dakion "Karlos II.aren bihotzaren kutxa" eta haren edukia kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari (ondasun higigarri gisa sailkatuta). Ondasun horren titularra Uxueko Andre Mariaren parrokia da.
Espediente osoa honako hauek osatzen dute: Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako aldeko txostena, piezaren hiru irudi eta Amaia Vicente Osete artearen historialariak idatzitako testu bat, "Karlos III.a, gobernu onaren erregea" erakusketaren katalogorako prestatua.
Karlos III.a Nafarroako erregeak kutxa hori egiteko agindu zion Jaymet maisuari 1406. urtean, bere aitaren, hots, Karlos II.a Nafarroako erregearen, bihotz baltsamatua gordetzeko.
Kutxatila kubiko bat da, haritz-zurez eta burdinaz egina. Mihiztatuta, iltzatuta eta tenple-polikromiaz ederki apainduta dago. Neurri hauek ditu: 24 x 26,4 x 28,8 cm. 3 cm lodi diren haritz-zurezko sei piezaz osatuta dago, zeinak mihiztatuak eta forjaketa-iltzeekin sendotuak baitaude. Oinarria eta tapa karratuak dira, eta alboetako lau aldeak, berriz, oktogono irregularrak dira, bata bestearekin ahokatzen direnak. Tapa burdinazko bi gontzen bidez artikulatzen da.
Kanpoaldetik ikusita, aurrealdean eta atzealdean bihotz gorri handi bat ageri da irudikatua, hondo beltzaren gainean, zeina horiz margotutako landare-dekorazio finez inguratua baitago. Bihotzaren ezker-eskuin, Nafarroako bi armarri ageri dira, bihotza baino txikiagoak. Kutxaren alboko aldeetan, Nafarroako armarria ikus daiteke, horiz margotua hondo gorriaren gainean. Lau aldeetan, goiko partean, zerrenda zuri bat dago margotua inguru osoan, inskripzio beltz bat duena, non 50 (51): 12 (10) salmoa erakusten baita: «Cor mundum crea in me, Deus, et spiritum rectum innova in visceribus meis». Tapak bere azalera osoa betetzen duen testu bat du idatzita, epitafio gisa, kutxaren edukia, jatorria eta kronologia zehazten dituena. Bi inskripzio horiek jatorrizko polikromiaren garai berekoak dira. Kutxaren oinarriak ez du apaingarririk. Azalera osoa igeltsuzko prestakin baten gainean dago polikromatua.
Kutxaren barrualdea gorria da erabat, eta tapak inskripzio beltz batzuk ditu, 1571n eta 1919an eginak, zaharberritzeari buruzko informazioa ematen dutenak. Zaharberritze-lan bakoitza dokumentatzeko tradizioa XVI. mendean hasi zen, eta 1919an jarraitu zuen, erlikia zaharberritu eta lekualdatu zenean, Gendulaingo kondeak sustaturik.
Karlos II.a 1387an hil zen, eta hirugarren testamentuan xedatu zuen bere gorpuzkiak kapetarren tradizioaren arabera banatzea: gorpua Iruñeko katedralean lurperatu zuten, erraiak Orreagan eta bihotza Uxueko santutegian, hirurak Andre Mariaren debozio-zentroak baitira. 1404ra arte, bihotza bere seme Karlos III.ak berariaz apaindutako kapera batean egon zen. Narriatzen ari zenez, lekuz aldatzea erabaki zuen, eta 1406an Jaymet pintoreari eskatu zion kutxa bat egin zezala, bihotza gordetzen zuen berunezko pitxerra bertan sartzeko. Ontzi berriari nitxo bat apailatu zioten Uxueko Andra Maria elizaren iparraldeko horman, San Joakimen aldarean, eta han gerra eta espoliazioetatik ongi gordeta egon zen.
1851n, Monumentuen Batzordearen erabakiz, kutxa alboko erretaula bateko sagrariora eraman zuten. Lekualdatze horretan kutxa ireki zuten, baina oraingoan ez zuten tapan inskribatu. Dena dela, barruan gordetako akta batean mugimendu horren berri jaso zen. Kutxak 1571tik zeraman inork ukitu gabe. 1886an, berriz ireki zen, Uxueko Andre Mariaren agerkundearen milurtekoaren ospakizuna zela eta. 1910ean, Monumentuen Batzordeak Diputazioari gomendatu zion kutxa zaharberritzea, eta 1919an zaharberritu egin zen. 1922an, erabaki zen gaur egun duen atsedenlekura eramatea. Hala, Batzordeak sagrariotik aldare nagusira eraman zuen erlikia, eta burdin sarez itxitako nitxo bat eta gordeleku berri bat egin ziren, bihotza kutxaren gainean jarri ahal izateko eta eliztarrek miresteko.
Urna berria beirazko ontzi obalatu bat da, itxitura hermetikoa duena, larruzko oihal batez estalia. Bi alboetan, paje bana agertzen da: batak Évreuxko etxearen armarriari eusten dio, eta besteak Nafarroako armarriari. Alde bakoitzean, ixteko kordelari helduta, errege koroa bat dago, akanto-hostoduna, monarkiaren eta erregearen arimaren hilezkortasuna sinbolizatzen dutenak. Multzoa plataforma obalatu baten gainean oinarritzen da, zeina lau lehoi etzanek jasaten baitute. Tipologia hori bera ikus daiteke, halaber, Iruñeko katedraleko Hilobi Santuan edo Nafarroako Museoan kontserbatzen den Joana infantaren hilobian.
2020an, azterketa gehiago egin ziren jatorrizko kutxari, egungo ontziari eta bihotzari buruz. Zigilua kentzean, testu ezezagun bat aurkitu zen, lehen zaharberritzearekin hasitako dokumentu-tradizioari jarraipena ematen diona, non esku-hartzearen data eta edukia jasotzen baitira. Ikerketa horren esparruan, ontzi berriaren enkarguari buruzko dokumentazioa ere aurkitu zen. Ontzi hori José María Iñigo eskultoreak egin zuen, zeina, besteak beste, 1935ean Taconera parkean instalatu zen Tibalt I.a erregearen eskultura desagertuaren egilea ere baita, Victoriano Juaristirekin batera. Eskultura horrek antza du bihotzaren gaur egungo zaindariekin.
Laburbilduz, "Karlos II.a Nafarroakoaren bihotzaren kutxak" eta haren edukiak duten berezitasuna eta balio historiko, artistiko eta sinbolikoa, bai eta gaur egunera arte iritsi izana ere, pieza horrek Nafarroarentzat duen garrantziaren lekuko bizia dira.
"Karlos II.a Nafarroakoaren bihotzaren kutxari" eta haren edukiari legezko babesik handiena ematea justifikatzen duten arrazoien artean, honako hauek daude: haien kalitatea eta berezitasuna, eta haien kontserbazioari ahalik eta arreta handiena eskaini beharra.
2025ean, Karlos III.aren heriotzaren VI. mendeurrena ospatzen da, eta, hori dela kausa, Karlos III.ak gobernu onaren errege gisa duen irudia zabaldu da herritarren artean, eta kontzientzia sozial handia sustatu da haren ondare material eta sinbolikoa kontserbatu beharrari buruz.
Horrenbestez, Ondare Historikoaren Zerbitzuak uste du behar bezala justifikatuta daudela "Karlos II.a Nafarroakoaren bihotzaren kutxaren" eta haren edukiaren garrantzia eta berezitasuna, eta, bat etorriz Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin, proposatzen du hasiera ematea "Karlos II.a Nafarroakoaren bihotzaren kutxa" eta haren edukia kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari, ondasun higigarri gisa sailkatuta. Ondasun horren titularra Uxueko Andre Mariaren parrokia da.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak emandako eskudantzien indarrez, eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Hasiera ematea "Karlos II.a Nafarroakoaren bihotzaren kutxa" eta haren edukia kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari, ondasun higigarri gisa sailkatuta. Ondasunaren azalpena eta ezaugarriak espedientean ageri dira.
2. Jendaurrean egoteko 30 eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia argudiatu dezaten.
3. Ebazpen hau igortzea Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Uxueko Andre Mariaren parrokiari eta Kultur Intereseko Ondasunen Erregistro Orokorrari, zeina atxikia baitago Kultura eta Kirol Ministerioko Ondare Historikoaren Erregistroen eta Dokumentazioaren Zuzendariordetza Nagusiari, ondasunaren prebentziozko idatzoharra egin dadin, bai eta ukitutakoei ere, espedientean agertzen denarekin bat.
Iruñean, 2025eko azaroaren 11n.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.
Iragarkiaren kodea: F2514806