Iragarkia
234. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA
Aldaketa Antolakuntza eta Funtzionamendu Erregelamenduan. Onespena
Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2025eko urriaren 20an egin zuen saioan, onartu zuen Iruñerriko Mankomunitatearen Antolakuntza eta Funtzionamendu Erregelamenduaren 7, 10, 13 bis a), 15, 23, 24.1, 28, 34, 36, 38, 39, 42, 44, 51, 52, 54, 58, 60.3, 61.1.a), 74 eta 91. artikuluak aldatzea, 75, 76, 77, 78, 79, 80, 81, 81, 85, 86.2, 87, 88 eta 92. artikuluak ezabatzea eta xedapen iragankor bakarra.
Nafarroako Toki Administrazioko 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, jendaurrean jartzetik salbuetsita dago toki-erakundearen beraren funtzionamendua ukitzen duten erregelamenduak onartzea, eta, horrenbestez, testu osoa kaleratzea agindu da, egokiak diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko azaroaren 13an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.
IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEAREN ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIONAMENDU ERREGELAMENDUA
ATARIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Erregelamendu honen helburua da, Nafarroako Toki Administrazioko 6/1990 Foru Legeko 91. eta 47.4. artikuluetan ezarrita dagoenaren arabera, Iruñerriko Mankomunitatearen antolakuntza eta funtzionamendu erregimena arautzea, eta bai antolatzea, bai bertako kideei legeak aitortzen dizkien eskubideak eta betebeharrak, bai Mankomunitatea titular den zerbitzuen erabiltzaileen informazio eta parte-hartze eskubideak ere.
2. artikulua.
1. Mankomunitatea gobernatzea eta administratzea organo hauei dagokie, ezinbestekoak diren organoak, hain zuzen:
–Lehendakaria.
–Lehendakariordea.
–Batzar Nagusia.
–Gobernuko Batzorde Iraunkorra.
–Kontuen Batzorde Berezia.
2. Era berean, eta aurretiaz Batzarrak erabakitzen badu-eta berak zehaztuko ditu eskudantziak eta eraketa, organo kolegiatuak badira-, sortu ahal izango dira:
–Informazio batzordeak.
–Ordezko kideak.
–Organo deskontzentratuak eta deszentralizatuak, zerbitzuak emateko.
I. TITULUA.–BATZAR NAGUSIKO KIDEEN ESTATUTUA. BATZARREKO KIDE IZATEA, KIDE IZATEA BERTAN BEHERA GELDITZEA ETA KIDE IZATEA GALTZEA. ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK. KIDEEN TALDEAK
3. artikulua. Mankomunitateko Batzar Nagusiko kideek dagokien Tokiko Korporazio integratuko kide izan behar dute, eta kargu horren jabe izan behar dute.
4. artikulua. Batzar Nagusiko kide izatea eskuratzen da, behin gauzatuta 19. artikuluan eta hurrengoetan arautzen den prozedura, ezartzen diren baldintzak egoki betetzeko lehendakariaren adierazpen erabakiaren bidez.
5. artikulua.
1. Batzar Nagusiko kideak kide izateari utziko dio Estatutuetako 15. artikuluan ezarrita dauden kasuetan.
2. Gertatzen bada kide batek udaleko zinegotzi kargua utzi duela, kargu-uzte hori gertatzen den une berean, automatikoki, Batzar Nagusiko kide izateari utziko dio eta dagokion udalak akordioa hartu beharko du berehala ordezkari berria izendatzeko. Arlo bateko ordezkari ari den zinegotzi batek uzten badu kargua, beste bat hautatuko da, 20. artikuluak aipatzen duen saioa eginda.
6. artikulua. Batzarreko kideek une oro gorde beharko dituzte bateraezintasunari buruzko arauak eta hori eragin dezakeen edozein gertakariren berri eman beharko diote Mankomunitateari, Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoko 178. artikuluan, Tokiko Erakundeen Antolakuntza eta Funtzionamendu Erregelamenduaren 10. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioko 6/1990 Foru Legearen 54.2. artikuluan ezarrita dauden baldintzetan.
7. artikulua.
1. Mankomunitateko organo kolegiatuetako kideek kide diren organoen saioetara joateko eskubidea eta betebeharra dute, joatea eragozten dien arrazoi justifikaturen bat ez badago izan ezik. Dena den, arrazoi horren berri eman beharko diote lehendakariari, aurretik eta nahikoa denborarekin.
2. Mankomunitateko lehendakariak zigortu ahal izango ditu, isuna jarrita, bertako kideak, justifikatu gabe ez badira saioetara joaten edo behin eta berriz uzten badituzte bete gabe beren betebeharrak. Isun hori 150 eurorainokoa izango da, batera gertatzen diren gorabehera desberdinen arabera.
8. artikulua.
1. Mankomunitateko kideek eskubidea izango dute jasotzeko hurrengo atalen arabera dagozkien ordainsariak eta kalte-ordainak, lehendakariak izendatzen dituen kopuruetan. Nolanahi ere, kopuru horiek ezin izango dituzte gainditu orokorki ezartzen diren mugak.
2. Beren erantzukizunak erabateko arduraldian edo zati batekoan hartzen dituzten Mankomunitateko kideek ez bestek jasoko dituzte soldata ordainketak, eta erregimen hau aintzatesteak kidea bere karguari dagozkion eginbeharretan eta benetan horietan aritzea eskatuko du. Batzarrak erabateko arduraldian edo zati batekoan aritzeko karguak zein diren eta bakoitzari dagokion diru kopurua zehaztuko ditu, aurrekontuak horretarako duen gordailu osoaren barnean. Korporazioko kideetako bat karguetako baterako izendatzeak erabateko edo zati bateko arduraldi erregimena aplikatzea ekarriko du kideak berariaz esaten badu, eta horrela bada, hurrengo ohiko bilkuran jakinaraziko zaio Batzarrari eta Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean alta egingo zaio.
3. Mankomunitateko kide guztiek eskubidea izango dute beren kargua betetzeagatik sortutako gastuengatik kalte-ordainak jasotzeko, egiazkoak direnean, eta aurretik dokumentuen bidez justifikatuta.
Era berean, kalte-ordaina jasoko dute beren kargua betetzeagatik beraiek fisikoki edo beren ondasunek kalte-galerak izaten badituzte, egiazkoak direnean, eta aurretik dokumentuen bidez justifikatuta.
4. Soil-soilik denbora osoan aritzen diren edo dedikazio esklusiboa ez duten kideek jasoko dute ordainsaria kide diren organo kolegiatuetako saioetara egiazki joateagatik. Batzarrak erabakitzen duen diru kopurua jasoko dute.
Nolanahi ere, eguneko kalte-ordain bat jasoko da, parte hartu den saioak gorabehera.
9. artikulua.
1. Mankomunitateko kide guztiek eskubidea dute lehendakariak emateko Mankomunitatearen zerbitzuen esku dauden eta beren eginkizuna betetzeko beharrezkoak diren aurrekari, datu edo informazio guztiak.
2. Kasu hauetan ez da beharrezkoa izango baimena izatea:
a) Kudeaketako delegatzeak edo erantzukizunak dituzten kideek sarbidea izatea delegatze edo erantzukizun horiei dagokien informaziora.
b) Kide diren organo kolegiatuek landu behar dituzten gaiei dagokien informaziora eta dokumentuetara sarbidea izatea.
c) Herritar guztiek eskuratzeko moduko dokumentuetara sarbidea izatea.
3. Gainerako kasuetan, lehendakariaren aurretiazko baimena beharko da. Ulertuko da baimen hori eman duela, isiltasun positiboaren bidez, lehendakariak ez badu ezezkoa ematen duen erabakia ematen 5 eguneko epean buruan.
4. Informaziorako sarbidea erabat edo zati batean ezesteko, erabaki edo akordio arrazoitu baten bidez egin beharko da, eta soil-soilik oinarritu ahal izango da kasu hauetakoren batean:
a) Delako agiriak edo aurrekariak jakin edo hedatzeak kalte egiten ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.
b) Herritarren segurtasunarekin edo Mankomunitatearen ondasunekin ikustekoa duten gaiak badira.
c) Legeek aurreikusi bezala, sekretu ofizialei buruzko sailkaturiko gaiak badira.
d) Sekretu estatistikoak edo informatikoak babesturiko gaiak baldin badira.
e) Prozesu judizial penal batera ekarritako aurrekariak badira, sumarioaren sekretupean dauden bitartean.
f) Sozietate kudeatzailearen artxiboetako dokumentuak badira, alde batera utzirik horren aurrean eskaera egin ahal izateko ahalmena, haren berariazko araudiaren arabera.
10. artikulua. Espedienteen, liburuen eta, oro har, dokumentazioaren kontsulta eta azterketa zehatza egin ahal izango da Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatuta dagoenaren arabera. Edonola ere, eskatutako sarbide-modua ez bada bitarteko elektronikoen bidezkoa, arau hauek zuzenduko dute:
a) Edozein txosten kontsultatzea, agirien edo erabakien liburuak edo saioren batean landu diren dokumentuak, Mankomunitatearen Idazkaritza Nagusian egin beharko da, bulegoko orduetan.
b) Hartu izanaren agiria sinatu beharko du interesdunak eta nahitaez kontsultatu beharko du dena delakoa arratsaldeko hirurak baino lehen, eta, edozein kasutan, eskatu ahal izango zaio emateko, dena delako txostenaren izapide premien arabera, alde batera utzirik hurrengo egunetan kontsultatu ahal izatea.
c) Dokumentuak ezin izango dira atera inolaz ere Mankomunitateko bulegoetatik. Eta kopiak egiteko, ezinbestekoa izango da lehendakariak aurretik eta espresuki baimena ematea.
11. artikulua. Mankomunitateko kideek isilpean gorde behar dituzte beren eginkizunetan jardun ahal izateko ematen zaizkien informazioak, eta ezin dituzte erreproduzitu edo zabaldu, isilpeko gaietan eta publiko ez direnetan.
12. artikulua. Mankomunitateko kideek ez dute gai jakin baten gaineko eztabaidan, bozketan, erabakian eta betearazpenean parte hartuko, baldin eta administrazio publikoetako kontratuen eta prozedura administratiboko legerian ezarritako arrazoietariko batzuk tartean badira.
13. artikulua. Mankomunitateko kideak erantzukizun zibilaren eta penalaren mende egongo dira, legez ezarritako baldintzetan.
13 bis a artikulua. Batzar Nagusiko partaideak taldetan bildu ahal izango dira, beren korporazio jardueraren helburuetarako.
Ezin izango da inor aldi berean talde bateko baino gehiagoko partaide izan. Alderdi, koalizio edo hautesle elkargo bakar batek ere, udal hauteskundean parte hartutakoetakoak, ezin izango du talde bat baino gehiago eratu.
Talde bakoitzean hala erabakitzen duten kideak egongo dira, eta talde bakoitzak gutxienez bi partaide izango ditu.
13 bis b artikulua. Talde politikoak lehendakariari zuzendutako idazkiaren bitartez eratuko dira, partaide guztiek sinaturikoa, eta idazki hori Batzar Nagusia eratu eta ondorengo bost egun baliodunen barnean Mankomunitatearen Idazkaritza Nagusian aurkeztuko da. Epe hori igaro eta gero, ez da talde berririk sortzea onartuko.
Taldea eratzeko idazkian bertan taldearen izena eta bozeramailearen izendapena agerraraziko dira, eta ordezkoak ere izendatu ahal izango dira.
Batzarra eratu eta geroago kide suertatzen diren Batzarreko partaideek eratutako taldeetako batean sar litezke, lehendakariari zuzenduriko idazkiaren bitartez, eta bozeramailearen adostasunaz.
Lehendakariak Batzarrari berri emango dio, horrek egingo duen hurrengo saioan, bai taldeen eraketaz, bai eta partaideen aldaketez.
Talde bakar batean ere sartu gabe geratzen diren kideak atxiki gabeko kide gisa agertuko dira.
13 bis c artikulua. Talde politikoek eta atxiki gabeko kideek, Mankomunitatearen lokalak baliatu ahal izango dituzte, bilerak edo lanaldiak egiteko, bai taldearenak berarenak, bai eta herritarren interes kolektibo, orokor edo sektorialen mesedetan ari diren elkarteekin.
Ondorio hauetarako, ahalbide hori era bidezko, zentzuzko eta Mankomunitateko langileak eta instalakuntzen erabilgarritasunaren arabera baliatua izan dadin, Batzorde Iraunkorrak beharrezkoak diren arauak emango ditu.
13 bis d artikulua. Bozeramaileek lehendakariari zuzenduko dioten idazkiaren bitartez eta kasu bakoitzean ezarriko diren baldintzetan, taldeek Mankomunitatearen organo kolegiatuetan beren ordezkari izango diren partaideak proposatuko dituzte.
Batzorde Iraunkorraren eraketarako, bai eta Mankomunitatean integraturiko udalen edo taldeen proportzionaltasunari egokitzen zaizkion beste organoen eratzerako, lehendakariak jakinaraziko die nola taldeetako bozeramaileei hala atxiki gabeko bokalei dagokion organo kolegiatuan zenbat ordezkari dagokion talde bakoitzari eta atxiki gabekoei. Ordezkarien atxikipena proportzio eta hondar handienaren sistema garbiaz egingo da. Hondarren artean berdinketa gertatuz gero, berdinketa kide gehien duen taldearen alde hautsiko da; berdinketa kide kopuru bera duten taldeen artean bada, udal hauteskundeetan boto gehien bildu dituzten kideen taldearen alde hautsiko da berdinketa, eta horretarako talde bakoitzeko kideak zer hautagai zerrendetan hautatu zituzten, bakoitzak lortutako botoak batuko dira. Hala ere berdinketak irauten badu, zozketa bidez erabakiko da.
Aurreko paragrafoan aipaturiko jakinarazpena jaso eta ondorengo hamar egun baliodunak igarotakoan lehendakariak taldeen bozeramaileak eta atxiki gabeak bilera batera deituko ditu, behar diren proposamenak jasotzeko xedez; haiek talde zein udalen proportzionaltasuna gorde beharko dute. Bileraren ondoren bozeramaileek organo kolegiatuan talde bakoitzari egokitzen zaizkion ordezkariak bezainbeste izen duen proposamena egin beharko dute, idatziz eta bost egun balioduneko epean. Atxiki gabekoek aurkeztuko duten proposamenak gutxienez gehiengo absolutuak sinatua beharko du izan.
Talderen batek, edo atxiki gabeko bokalen gehiengo absolutuak, bere proposamena aurkeztuko ez balu, delako organoan ordezkaritza izateko eskubidea galduko du, eta postuen banaketa proposamena egin duten taldeen artean egingo da, lehendakariak horretarako proposamen berriak eskatu eta gero.
Lehendakariak, proposamenok jaso eta, organo kolegiatuko partaideak izendatuko ditu, eta Batzarrari bere erabakiaren berri emango dio, honek eratu eta egiten duen lehenengo bilkuran.
II. TITULUA.–IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEAREN ANTOLAKUNTZA
I. KAPITULUA.–BATZARRA
LEHEN ATALA.–BATZARRA ERATZEA, INDARRALDIA ETA AGINTALDIA AMAITZEA
14. artikulua. Batzarra eratzeko saioa egiteko ezarritako egunean, hurrengo artikuluetan ezarrita dagoenarekin bat, Mankomunitateko organo kolegiatuetako kargua utzi duten kideak ezohiko saioan bilduko dira, eta bileraren helburu bakarra izango da aurretik egindako azken saioko agiria onestea.
15. artikulua.
1. Mankomunitateko Batzar Nagusia eratuko da, 18. artikuluak eta hurrengoek aipatzen dituzten izapideak bete eta gero, udal hauteskundeen ondoko 4 hilabeteko epean, lehendakari alde eginak deiturik.
2. Horretarako, Adin Mahaia eratuko da. Ekitaldian diren hautetsi zaharrenak eta gazteenak osatuko dute, Mankomunitateko idazkari nagusiak lagundurik.
3. Bertaratuen nortasuna, 21. artikuluak aipatzen dituen ziurtagirien artean, eta kopurua egiaztatu ondoren, Mahaiak Batzarra eratutzat joko du batzarkide hautetsien gehiengo osoa bildu bada.
Bestela, bilkura bi egun geroago egingo da eta Batzar Nagusia eratuko da, bertaratzen diren batzarkideen kopurua edozein dela ere.
16. artikulua. Eratzeko saioa egin eta hurrengo 15 egunen barnean, lehendakariak deialdia egingo du beharrezkoak diren ezohiko saioetarako, bestek beste, hauek erabakitzeko:
a) Batzarraren ohiko saioen periodizitatea.
b) Gobernuko Batzorde Iraunkorreko kideak zehazteko lehendakariak hartu duen erabakiaren berri ematea.
c) Bere kasuan, lehendakariaren edo Gobernuko Batzorde Iraunkorraren esku uztea eskudantziak.
d) Mankomunitateak ordezkatuta egon behar duen organo kolegiatu guztietarako Mankomunitateko ordezkariak izendatzea.
e) Lehendakariordea izendatzeko gaian lehendakariak hartu duen erabakiaren berri ematea, eta bai ematea erabaki duen delegatzeen berri ere.
17.artikulua.
1. Mankomunitateko kideen agintaldia amaituko da, hauteskunde legeriaren arabera, beren agintaldia amaitzen dutenean dagokien udalean.
2. Behin agintaldia amaitu dutenean, kargua utzi duten kideek beren eginkizunak egiten jarraituko dute soil-soilik administratze arrunterako Batzar berria eratzeko saioa bitartean. Gainera, ezin izango dute hartu akordiorik, baldin eta legez gehiengo kualifikatua eskatzen badute akordio horiek.
BIGARREN ATALA.–ERAKETA ETA ESKUDANTZIAK
18. artikulua. Mankomunitatearen Batzar Nagusiak ordezkatuko ditu erkidetutako udalerrien udalak. Horien kide hautetsiek osatuko dute -barnean dagoen udal bakoitzak proposatuta eta lehendakariak izendatuta- edo, bestela, behar den alorreko ordezkariek, atal honetan xedatutakoarekin bat.
19. artikulua. Batzarreko kideen kopurua izango da Estatutuen 13. artikuluan dauden arauak ezartzetik ateratzen dena, eta, hartara, bilduko dira udalerri bakarren ordezkariak eta alorretako ordezkariak, bi udalerrik edo gehiagok osatutakoak.
20. artikulua. Alorreko ordezkaria, Batzarreko kide gisa, arau hauen arabera hautatuko da:
a) Alorraren barne dauden udalerrietako bakoitzeko udalbatzak, korporazioa eratzeko saioaren hurrengoan hauteskunde legeriaren arabera, kideetako bat edo zenbait hautatuko ditu, kasuen arabera, eta arloko ordezkari gisa izendatzea proposatuko du.
b) Dagokien alorraren barnean integratuta dauden udalerrietako udalek hautatutako guztiek bildu beharko dute hauteskundeak egin ondoko 50 egunen barnean, helburu honekin: behin betiko agintzea bati edo zenbaiti alorraren ordezkaritza edo ezartzea karguan txandakatzeko sistema, lehen aldirako izendatzea eginez. Akordioak hitzartuko dituzte, boto haztatuaren bidez, zerbitzua benetan ematen den lurralde esparruko -udalerri bat edo batzuk- zuzenbideko biztanleen arabera, NAOn argitaratutako azken erroldako datuekin bat eginda.
Alorreko ordezkaria hautatzea Mankomunitatearen egoitzan egin beharko da, eta bertako idazkariaren aurrean.
21. artikulua. Udalerri bakar bateko ordezkaria hautatuko du dagokion udalak, korporazioa eratzeko saioaren hurrengoan, eta hauteskundeak egin ondorengo 90 egunen epearen barnean akordioa hartzen duen ziurtagiria bidali beharko da.
22. artikulua.
1. Aurreko artikuluak aipatzen dituen ziurtagiriak jaso ondoren, bai alorrek bai udalek hautatutakoak izendatuko ditu Mankomunitateko lehendakariak, eta Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiko kide izango dira. Horrenbestez, kapitulu honen lehen atalean arautzen den eratze saiora joan ahal izango dira.
2. Batzarreko kide izatea galtzen bada, Estatutu hauetako 15. artikuluan ezarrita dagoenarekin bat, lehendakariak ordezkoa izendatuko du, modu berean.
23. artikulua. Estatutuetan zehaztutako eskumenak dagozkio Batzarrari.
24. artikulua.
1. Batzarrak bere eskudantzietako edozein eskuordetu ahal du, Estatutuetan jasota dagoenaren arabera.
2. Delegatzeko edo beste baten esku uzteko akordioak eragina izango du hartzen den egunaren hurrengotik aurrera, eta NAOn jakitera emango da.
3. Esku-uzteak hartzen dituen gaien esparrua eta delegatzen diren eskumen jakinak hartuko ditu akordioak, eta bai eskumen horiek gauzatzeko baldintza espezifikoak ere.
Finantzak kudeatzeko gaien delegatzeak aurrekontua betearazteko oinarrien bidez eman ahal izango dira.
II. KAPITULUA.–LEHENDAKARIA
25. artikulua.
1. Batzarra eratzeko saioan bertan hautatuko da lehendakaria, Estatutuen 18. artikuluan araututa dagoen prozeduraren arabera. Helburu horretarako:
a) Hautagaitza Mahaiari aurkeztu beharko dio, idatziz eta gai hori hausnartzen hasi baino lehen.
b) Bigarren bozketan, soil-soilik izango dira hautagai boto kopuru handiena lortu duten hiru kideak.
2. Lehendakariak berehala hartuko du kargua, saio horretan bertan.
26. artikulua.
1. Lehendakariak uko egin ahal izango dio karguari, Batzar Nagusiko kide izateari utzi gabe. Horretarako, ukoaren idazkia aurkeztu beharko dio Batzar Nagusiari, eta hamar egun baliodun iragan baino lehen hark jakitun dela adierazteko erabakia hartu beharko du.
2. Ukoagatik, heriotzagatik edo epai irmoagatik haren kargua hutsik geratuz gero, berariaz bilkura egingo da kargua betetzeko. Batzar Nagusiak ukoa onartu, karguduna hil edo epaia jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean egingo da bilkura deia, Estatutuen 18. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz.
27. artikulua. Aurrera egiten badu lehendakariaren aurkako mozio zentsura batek, hauteskunde legerian ezarrita dagoenaren arabera aurkeztua eta garatua, lehendakariak kargua utziko du akordioa hartzen den unean, eta berehala hartuko du kargua horretarako izendatzen denak.
28. artikulua. Mankomunitateko lehendakariak Estatutuetan zehazten diren eskudantziak ditu.
29. artikulua. Lehendakariak labur-zehatz azalduko dizkio Gobernuko Batzorde Iraunkorrari azken ohiko saioaz geroztik hartu dituen erabakiak.
30. artikulua.
1. Lehendakariak bere eskudantziak beste baten esku utzi ahal izango ditu.
2. Esku-uztea generikoa edo espezifikoa izango da. Generikoek erreferentzia egingo diote alor edo gai jakin bati edo batzuei eta hartu ahal izango dute, bai dagozkien zerbitzuak zuzentzeko ahalmena, bai eta orokorrean kudeatzekoa ere, beste batzuei eragiten dieten egintza administratiboen bidez erabakitzeko ahalmena barne. Esku-uzte bereziak, gai espezifikoetarakoak, gainbegiratzearen mende egongo dira, eta hiru mota hauetakoak izango dira: proiektu edo gai jakin bati dagozkionak; zerbitzu jakin bati dagozkionak, kanpo utzita kanpoko eraginkortasuna duten egintzak agintzeko ahalmena; eta lurralde esparru jakin bati dagozkionak.
3. Esku-uzte edo delegatze generikoak egin ahal izango dira, hala Gobernuko Batzorde Iraunkorraren alde, organo kolegiatu gisa, nola horren kideen alde, bereiz. Esku-uzte espezifikoak, berriz, Batzarreko edozein kideren alde egin ahal izango dira.
4. Lehendakariak agindu ahal izango ditu jarduketa materialak, barneko edo kanpoko eraginkortasuna duten egintza administratiboak gauzatzea eragiten ez dutenak, Erakundeko langile gaituen alde edo kudeaketarako sozietatearen alde.
31. artikulua.
1. Aurreko artikuluak aipatzen dituen esku-uzte guztiak lehendakariaren dekretu baten bidez egingo dira. Zehazki, dekretu horrek hauek hartuko ditu: esku-uztea dagokion gaien esparrua, delegatzen diren ahalmenak eta ahalmen horiek gauzatzeko baldintza espezifikoak, erregelamendu organiko honetan aurreikusten den erregimen orokorrean zehazten edo bertatik aldentzen diren neurrian.
2. Esku-uzte guztiek eragina izango dute dekretua sinatzen den unetik aurrera, baldin eta dekretu horretan ez bada beste zerbait xedatzen, eta NAOn argitaratu beharko dira. Horrez gain, esku-uzte generikoak Batzarrari jakinarazi beharko zaizkio, eta, espezifikoen kasuan, nahikoa izango da berri ematea Gobernuko Batzorde Iraunkorrari.
32. artikulua. Lehendakariak lehendakariordea libreki izendatuko du, Gobernuko Batzorde Iraunkorreko kideen artetik, eta kargutik kenduko du.
Lehendakaria joaten bada udal barrutitik hogeita lau ordu baino gehiagoan, eskuordetzea egin gabe, edo aurreikusi gabeko arrazoi batengatik ezinezkoa izan bazaio eskuordetze hori egitea, lehendakariordeak ordezkatuko du eginkizun guztietarako.
Era berean, saio bat egiten ari den bitartean lehendakariak ez badu esku hartu behar saio horretako puntu jakinen batekin lotuta, lehendakariordeak automatikoki ordezkatuko du saio horren buru izateko.
III. TITULUA.–GOBERNU ORGANOEN FUNTZIONAMENDUA
I. KAPITULUA.–BATZAR NAGUSIAREN FUNTZIONAMENDUA
LEHEN ATALA.–SAIOAK EGITEKO BALDINTZAK
33. artikulua. Batzar Nagusiaren saioak hiru mota hauetakoak izango dira:
a) Ohikoak.
b) Ezohikoak.
c) Ezohikoak eta presakoak.
34. artikulua.
1. Ohiko saioak egingo dira apirilean, ekainean, urrian eta abenduan.
2. Ezohiko saioak egingo dira:
Lehendakariak horietarako deialdia egiten duenean, izaera horrekin:
a) Bere kabuz egiten badu deialdia.
b) Gutxienez, Batzar Nagusiko kideen legezko kopuruaren laurden batek eskatzen badio. Eskaera idatziz egin beharko dute, eta bertan gaiaren edo gaien arrazoiak jasoko dituzte eta bai eskatzen duten guztien sinadurak ere. Lehendakariak eguneko aztergaietakoren bat baztertu ahal izango du, baina betiere baztertze horren arrazoiak azaldu beharko ditu. Era berean, beste eguneko aztergai batzuk sartu ahal izango du, komenigarri jotzen baditu.
Batzarreko kideek eskatu dutelako egin beharreko ezohiko saioaren deialdia egin beharko da hurrengo lau egun baliodunen barnean, eta egitea ezin izango da atzeratu, idatziak Erregistro Nagusian sarrera izan duenetik aurrera zenbatuta, bi hilabete baino gehiago.
c) Legezko xedapen batek erabakitzen badu.
35. artikulua. Lehendakariak egingo ditu Batzar Nagusiaren saioetarako deialdiak, gutxienez, saioa egitea aurreikusi den eguna baino bost egun natural lehenago. Ezohikoak eta presakoak egiteko, ordea -hauek egiteko ere arrazoiak azaldu beharko dira-, ez da gutxieneko eperik egongo deialdirako. Nolanahi ere, Batzar Nagusiak deialdia presakoa dela berretsi beharko du, gutxiengo sinplearen bidez.
Gehienbat, deialdia bide telematikoen bitartez egingo da eta egindakotzat hartuko da jaso dela ziurtzat jo daitekeen unetik aurrera. Helburu horretarako, jasotzat joko da, behin bidali denean kideak emandako helbide elektronikora, helbide horretatik bertatik jasotzen bada mezua iritsi deneko baieztapen bat.
36. artikulua. Eguneko aztergaien barnean sartutako gaien dokumentazio osoa, eztabaidarako oinarria izango dena, eta, egokia bada, bozketarako, Batzarreko kideen esku egongo da deialdiaren egun berberetik Mankomunitateko idazkaritzan, eta Batzarreko edozein kidek aztertu ahal izango du.
Horrez gain, deialdia egiten den egun berberetik, dokumentazioa Mankomunitateko gobernu-organoen atarian gehituko da, eta bertarako sarbide telematikoa Batzarreko kide guztiek edukiko dute.
37. artikulua. 35. artikuluan ezarrita dagoena gorabehera, ezohiko eta presako saioak egin ahal izango dira, deialdirik gabe, Batzarreko kide guztiak eta idazkariak bertan badaude eta denek batera erabakitzen badute egitea.
38. artikulua. Saioen deialdiarekin batera, egun horretan landu beharreko aztergaiak azalduko dira, onetsi behar diren aurreko saioetako agirien zirriborroak, eta eguneko aztergaietan ageri den gai bakoitzerako akordio proposamena ere.
Batzarreko kideei deialdia jakinarazi beharko zaie ematen duten helbide elektronikoan. Deialdia ezin bada egin bitarteko elektronikoen bidez, haietako bakoitzak adierazten duen tokian egingo da eta, halakorik ezean, jakinarazpena etxean egingo da.
39. artikulua. Lehendakariak libreki ezarriko ditu eguneko aztergaiak, eta idazkariek lagunduko diote.
Dena den, ohiko saioetako eguneko aztergaietan galde-eskeen puntua sartuko da beti.
40. artikulua. Deialdian sartuta ez dauden gaien gaineko akordioak hitzartu ahal izango dira, ohiko eta ezohiko saioetan, Batzarrak horien presakotasuna adierazten badu bereziki eta aurretik, eta bertako kideen gehiengo absolutuaren aldeko botoa badute.
41. artikulua. Ezohiko gorabeherak edo bereziak batera gertatzen badira, lehendakariak erabaki ahal izango du deialdi bat bertan behera uztea. Horretarako arrazoiak izan beharko ditu, eta Batzarreko kideei jakinarazi beharko die.
42. artikulua. Batzar Nagusiaren saioak Mankomunitateko Pinaquy Aretoan egingo dira edo, ezinbesteak bultzaturik eta lehendakariak baloratuta, egokitutako eraikin batean. Hain zuzen, lehendakariak horrekin lotutako erabakiren bat hartzen badu, Batzarreko kide guztiei eman beharko die horren berri. Edozein kasutan, gorabehera hori agirian jasoko da idatziz.
43. artikulua. Saioetan errespetatuko da egintza batasunaren printzipioa, eta, horrenbestez, hasten diren egun berean amaitzen ahaleginduko dira parte-hartzaileak.
Saioa egin bitartean, lehendakariak etenaldiak egitea erabaki ahal izango du, zentzuzko iritziaren arabera, bai Batzarreko kideen hausnarketetarako, bai atseden hartzeko eztabaidetan.
44. artikulua. Saioak publikoak izango dira. Publikoaren bertaratze-ordena errazteko, gonbidapenen edo txartelen sistema bat ezarri ahal izango da. Helburu horretarako, aurretik gonbidapen-eskaera eginda, lehendakariak saiora joatea baimendu ahal izango du, pertsona-kopuruaren arabera, Pinaquy Aretoaren aukerak aintzat hartuta.
Saioen garapenaren zabalkundea areagotzeko, Mankomunitateko webgunearen bidez emango dira.
Konstituzioaren 18.1 artikuluak aipatzen duen herritarren funtsezko eskubideari eragiten ahal dioten gaien eztabaida eta bozketa isilpekoa izango da, hala erabakitzen badu gehiengo absolutuak.
Saiora joaten diren herritarrek ezin izango dute esku hartu saioan, eta, edozein arrazoirengatik, saioa behar bezala eragozten badu baten batek, lehendakariak kaleratu ahal izango du.
Dena dela, bilera amaitu ondoren, lehendakariak baimendu ahal izango du joan diren herritarrek kontsultak egiteko txanda, Mankomunitaterako interesekoak diren gai jakinei buruzkoak badira.
45. artikulua. Saiora joan ahal izango dira, bertan esku hartzeko eskubidearekin, Mankomunitaterako interesekoa den gairen baten gaineko aholkuak edo informazioa emateko helburuarekin, lehendakariak izendatutako teknikariak.
Era berean, saioetara joan ahal izango da kudeaketarako sozietateko kudeatzailea, hitzarekin baina botorik gabe.
46. artikulua.
1. Batzarra baliozko moduan eratzeko ezinbestekoa da Batzarreko kideen legezko kopuruaren herenak joatea. Eta quorum hori beharrezkoa izango da saio osoan.
2. Nolanahi ere, ezinbestekoa izango da Mankomunitateko lehendakaria eta idazkaria joatea edo, legez, haien ordezkoak direnak.
3. Ez egote, gaixotasun edo abstentzio kasuetan, behin-behineko izaerarekin, lehendakariak gaitu ahal izango du Zuzenbidean lizentziaduna den norbait, Mankomunitateko edo kudeaketarako sozietateen artean, Erakundeko idazkari gisa.
4. Lehen deialdian ez badago beharrezkoa den quoruma edo, ezinbesteak bultzaturik, ezin bada saioa egin, ulertuko da automatikoki egiten dela deialdia bi egun geroagokorako, ordu berean.
BIGARREN ATALA.–EZTABAIDAK
47. artikulua. Bilkura hasteko, deialdiarekin batera banatutako aurreko saioko agirien gainean Batzarreko inork ezer esan nahi duen galdetuko du lehendakariak. Inork oharrik egin nahi ez badu, onartutzat joko dira. Oharrik badago, eztabaidatu egingo dira, eta behar diren zuzenketak erabakiko. Inolaz ere ezin izango da une horretan bertan agirietan jasotako erabakien edukia aldatu, eta akats materialak edo egitezkoak bakarrik zuzendu ahal izango dira.
48. artikulua. Gai guztiak eguneko aztergaietan ezarritako hurrenkerari jarraituta eztabaidatu eta bozkatuko dira.
Dena den, lehendakariak aldatu ahal izango du aztergaien hurrenkera, edo gai bat kendu, hori onesteak gehiengo berezia eskatzen badu eta aurreikusten bada ezin izango dela lortu eguneko aztergaietan lehen batean aurreikusi den unean.
49. artikulua.
1. Edozein kidek, baita lehendakariak ere, proposatu ahal izango du, eztabaida egin bitartean, eguneko aztergaien barnean dagoen gairen bat kentzeko. Eskaera bozkatu egingo da, gai horren gaineko bozkatzea egin aurretik, eta, gehiengo sinpleak onartzen badu, baztertu egingo da.
2. Zenbait gaik zerikusia badute beren artean, lehendakariak hala erabakitzen badu batera eztabaidatu ahal izango dira. Nolanahi ere, gaietako bakoitza bereiz bozkatu beharko da.
50. artikulua. Eguneko aztergaien barnean dagoen puntu bakoitza aintzat hartzen hasteko, onartu nahi den akordio proposamena irakurriko da.
Inork ez badu hitza eskatzen irakurri eta gero, kontrako argudiorik edo oposiziorik ez dagoenez, onartutzat joko da, baiespen bidez. Dena den, Batzarreko kideren batek eskatzen badu gaia bozkatzeko, bozkatu egingo da zuzenean.
51. artikulua. Eztabaia bultzatzen bada, lehendakariak antolatuko ditu esku-hartzeak, arau hauen arabera:
a) Lehendakariak horretarako baimena ematen badu baino ezin izango da hitza hartu.
b) Eztabaida hasteko, gaia eguneko aztergaien sartu bada lehendakariak erabaki duelako, lehendakariak berak proposamenaren azalpena eta justifikazioa egin beharko du. Edo, bestela, balizko moduan aurkeztutako zuzenketa edo mozioa izenpetu duen Batzarreko kide batek, berak egin beharko du proposamenaren azalpena eta justifikazioa.
c) Deliberamendu baten xede den gai edo kontu orotan, alderdi politiko bakoitzak gehienez ere bi txanda edukiko ditu. Lehendakariak emango ditu txanda horiek, hitza erabiltzeko eskatu eta gero.
Talde bereko pertsonek elkarri laga ahal izango diote dagokien txanda.
Lehenbiziko esku-hartzeak edo hitzaldiak zazpi minututik beherako iraupena izango du.
Bigarrengoak lau minututik beherako iraupena edukiko du.
Lehendakariak zainduko du hitzaldietako bakar batean ere ez gainditzea txanden iraupen-denbora gehienekoa.
d) Behin amaituta taldeen hitzaldiak, lehendakariak amaitutzat eman ahal izango du eztabaida, eta bukatu ahal izango da lehendakariaren edo eztabaidatutako zuzenketa edo mozioaren egilea den batzarkidearen azken hitzaldi bat eginez. Azken hitzaldi horrek lau minututik beherako iraupena edukiko du.
e) Hitzaldi batean bere burua aipatutzat hartzen duenak eskatu ahal izango dio lehendakariari txanda emateko aipamenengatik. Txanda hori laburra eta zehatza izango da, eta bi minututik beherakoa izango da.
Ezin izango zaie aipamenei erantzun ez bada saio berberean.
f) Lehendakariak ohartarazteko edo eztabaidatzen ari den gaian arreta jartzeko egindako etenaldiak baino ez dira onartuko. Lehendakariak ohartarazi ahal izango die saioaren ordena nahasten duten ekintzak egiten dituztenei edo hitza erabiltzen aritu gabe esku hartzen dutenei, edo eztabaidatzen ari diren gaiari heltzeko exijitu ahal izango du.
Saio berean hirugarren aldiz ohartarazten badute batzarkide bat, aretotik atera egingo da, eta ezin izango da bertara itzuli gainerakoak saioa egiten ari diren bitartean.
Kanporatze-une horretan hasita badago dagokion eguneko aztergaietako puntuaren eztabaida eta puntu hori bozkatu egin behar bada, kanporatutako pertsonaren botoa abstentzio teknikoa izango da delako puntu horretarako. Gainerako bozketetarako, bertan dauden korporazioko pertsonen botoa baino ez da hartuko kontuan.
52. artikulua. Saioak garatzeko eta Batzar Nagusiko kideen esku-hartzeen izaera definitzeko, terminologia hau erabiliko da:
1. Akordio proposamena. Lehendakariak aurkezten duen proposamena da, Batzar Nagusiak onar dezan. Azalpena emateko zati bat eta hartu beharreko akordioa du. Eguneko aztergaietan lehendakariak sartu dituen gaiei dagokie beti. Eztabaida egiten ari den bitartean, lehendakariak aldatu ahal izango du akordio proposamenaren alderdiren bat.
2. Zuzenketa. "Akordio proposamen" bat aldatzeko proposamena da, Batzar Nagusiko edozein kidek aurkeztu ahal duena. Horretarako, idatzi bat aurkeztu behar dio lehendakariari, gaiaren bozketa hasi baino lehen.
3. Mozioa. Ohiko saioetan, eguneko aztergaietan dauden gaiak aztertzen amaitu eta gero eta galde-eskeen txanda hasi baino lehen, Batzar Nagusiari jakinarazten zaion proposamena da.
Mozioak Batzarraren jakinaren gainean jartzeko eguneko aztergaien barnean sartutako gai moduan, idazkaritzari aurkeztu beharko zaizkio posta elektronikoz, saioa egin baino 3 egun lehenago gutxienez eta gobernu-organoen atarian sartuko dira, batzarkide guztiei jakinarazi eta gero.
Ondoren aurkezten diren mozioak urgentziazko mozio moduan tratatuko dira.
Presako mozioa ezin izango da aurkeztu galde-eskeen txandan. Proposatzen duen kideak justifikatu egin beharko du mozioaren presakotasuna, eta Batzar Nagusiak bozkatu egin beharko du eztabaida egitea egokia den edo ez. Hain zuzen, gehiengo absolutuak aldeko botoa ematea ezinbestekoa izango da.
Presakotasuna edo urgentzia onartzen bada, ondoren mozioaren eztabaida eta bozketa egingo da, halakorik badago, erregelamendu honen 51. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera.
Aurkeztutako mozioak ezin izango dira zatikatu, izenpetzen dituztenek berariazko baimena ematen badute izan ezik eta baldin eta esku hartzen duten pertsonetakoren batek eskatzen badu, puntuen arabera bozkatzeko helburuetarako.
Atal honetan ezarri dena ezin izango da aplikatu zentsura mozioen kasuan. Zehazki, zentsura mozioak bideratzea, eztabaidatzea eta bozkatzea egokituko da hauteskunde legeria orokorrean ezarrita dagoenera.
4. Eskea. Mankomunitateko gobernu organoetakoren bati zuzendutako jarduketa proposamena da. Batzar Nagusiko edozein kidek aurkeztu ahal izango du, ahoz, eta hurrengo saioan eztabaidatuko da (inolaz ere ez da bozkatuko), lehendakariak saio horretan bertan eztabaidatzea egoki jotzen badu izan ezik.
Eztabaidak eskea egin duen pertsonaren hitzaldia izango du bi minutuan, eta horren ondoren lehendakariak egingo du hitzaldia, horrek ere bi minutuan. Batzarkide bakoitzak eske bat planteatu ahal izango du, adierazitako gehieneko iraupen horrekin.
5. Galdera. Batzar Nagusiko edozein kidek Mankomunitateko gobernu organoren bati planteatutako edozein gai da. dagokionak hurrengo saioan erantzungo du, alde batera utzirik galderaren hartzaileak berehala erantzun nahi izatea.
Galdera bakoitza egiteko denborak eta hura erantzutekoak ezin izango ditu hiru minutuak gainditu, kasu bakoitzean. Batzarkide bakoitzak galdera bat planteatu ahal izango du, adierazitako gehieneko iraupen horrekin.
HIRUGARREN ATALA.–BOZKETAK
53. artikulua. Gai baten gaineko eztabaida amaitu eta gero, bozkatu egingo da, kontrako argudiorik edo oposiziorik ez dagoelako, baiespen bidez onartutzat jotzen ez bada, orduan aho batez onartutzat hartuko baita.
54. artikulua. Bozketetan bozketa elektronikoko sistemak erabili ahal izango dira. Bozketa horiek izan ahal izango dira:
1. Arruntak. Baiezko, bat ez etortzeko edo abstentzioko egiunezko zeinuen bidez adierazten da. ohiko bozkatze sistema izango da.
2. Izendunak. Dei bidez egingo da, abizenen ordena alfabetikoan, eta azkena lehendakaria izango da. Hartara, Batzar Nagusiko kide bakoitzak "bai", "ez" edo "abstenitu egiten naiz" erantzun beharko du.
Bozketa izenduna egiteko, Batzar Nagusiko edozein kidek eskatuko du eta, bozketa arruntaren bidez, gehiengo sinpleak onetsi beharko du.
3. Isilezkoak. Hautestontzi batean Batzar Nagusiko kide bakoitzak sartuko duen boto txartelen bidez egingo da. Konstituzioaren 18.1 artikuluak aipatzen duen funtsezko eskubideari eragin diezaiokeenean eta gehiengo absolutuak onartzen duenean baino ez da egingo.
54 bis artikulua. Batzar Nagusiko edozein kidek bozketa egin dadin eska lezake, bai "zuzenketak" direla, bai eta puntukako "Adostasun-Proposamenak" direla ere.
Zuzenketa adostasun proposamena ordezkatzekoa bada, lehenik zuzenketa bozkatuko da. Onartua bada, ez da adostasun-proposamena bozkatu behar izango.
Zuzenketa gehitzekoa bada lehenik adostasun proposamena bozkatuko da. Hori onartua bada, ondoren gehitzeko zuzenketa bozkatuko da. Hori onartua bada, erabakiaren barnean sartuko da.
Halako zuzenketa batek ordezkatzeko zatiak zein gehitzekoak baditu, zatika bozkatuko da, aurreko paragrafoetan ezarri denaren arabera.
55. artikulua. Eztabaidan esku hartu ez duten Batzar Nagusiko kideek edo eztabaidaren ondoren botoa aldatu dutenek eskubidea izango dute botoa azaltzeko txanda bat edukitzeko. Txanda hori izateko, lehendakariari eskatu beharko diote.
56. artikulua. Arau nagusi moduan, presente dauden kideen gehiengo osoaren bidez hartuko ditu akordioak Batzar Nagusiak. Gehiengo sinplea dago baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean.
Gehiengo absolutua egongo da baiezko botoak Batzar Nagusiko kideen legezko kopuruaren erdia baino gehiago direnean.
18. artikuluarekin eta hurrengoekin batera, Batzar Nagusiak udalerrietako edo alorretako ordezkarietako baten bat ez bada izendatu edo horretako kide gisa kargua utzi badu baten batek, bertaratze eta bozkatzeko quorumak ulertuko dira automatikoki Batzar Nagusia une bakoitzean eratzen duen eta karguan dirauen kideen izatezko kopuruari dagozkionak.
57. artikulua. Batzar Nagusiko kideen botoa pertsonala eta beste inoren esku utzi ezin daitekeena da, kasu hauetan izan ezik:
a) Bere amatasunaren kariaz bilkuretara joan ezin daitekeen kideak bere botoa Batzar Nagusiko beste kide baten esku utzi ahal izango du, erditu ondoko sei astean.
Aitatasunagatiko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izango boto eskuordetzea egiteko, salbu eta arriskuko haurdunaldia bada, mediku arduradunak ziurtatuta.
b) Ospitaleratuta egoteagatik edo, behar bezala frogatuta, eritasun larria izateagatik bilkuretara joan ezin daitekeen zinegotziak bere botoa Batzar Nagusiko beste kide baten esku utzi ahal izango du.
c) Ezgai egoera frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen larritasuna jasota.
d) Batzar Nagusiko bilkuretan baizik ez da posible izango boto eskuordetzea, inoiz ez lan batzordeetan edo bozketa behar duten beste egoera batzuetan.
e) Kide batek ez du inoiz izango boto bat baino gehiago beste esku utzita.
f) Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izango Batzar Nagusia eratzen duten kideen erdia baino gehiago.
g) Boto eskuordetzea egiteko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izango.
58. artikulua. Behin hasi denean bozketa ezin izango da eten arrazoi bakar batengatik ere. Lehendakariak ez dio hitza emango kide bakar bati ere, eta kideetako bakar bat ere ezin izango da atera gelatik edo bertan sartu. Ulertuko da abstenitu egiten direla behin gai baten hausnarketa hasten denean batzar gelatik kanpora joaten diren Batzarreko kideak eta bozkatzeko unean presente ez daudenak.
59. artikulua. Bozketa arrunta amaitu eta gero, lehendakariak adieraziko du hitzartutakoa.
Bozketa izenduna amaitu eta gero, emandako botoak zenbatuko ditu idazkariak eta ahoz gora adieraziko du emaitza. Gero, hitzartutakoa aldarrikatuko du lehendakariak.
II. KAPITULUA.–GOBERNUKO BATZORDE IRAUNKORRAREN FUNTZIONAMENDUA
60. artikulua.
1. Gobernu Batzorde Iraunkorrak eratzeko saioa egingo du, lehendakariak deituta, Batzar Nagusiak kideak izendatu dituen egunaren ondoko 15 egunen barnean.
2. Gobernu Batzorde Iraunkorrak ohiko saioa hilero egingo du, eta lehendakariari egokituko zaio bilkura hori egiteko eguna eta ordua ezartzea.
3. Saioak Mankomunitatearen egoitzan egingo dira (Iruñeko Aduanako Zokoa k., 12), baldin eta deialdian ez bada beste toki bat adierazten.
61. artikulua.
1. Gobernuko Batzorde Iraunkorraren saioak arau hauen arabera egingo dira:
a) Deialdiaren eta saioa egiteko egunaren artean, gutxienez, 3 egun natural igaroko dira, urgentziazko ohiz kanpoko saioen kasuan izan ezik, zeinetan, eguneko aztergaien barnean sartutako gaiak ezagutzera eman aurretik, urgentzia deklaratu beharko den, kideen gehiengoaren aldeko akordioaren bidez.
b) Gobernuko Batzorde Iraunkorraren saioak ez dira publikoak izango, alde batera utzirik gero egin daitekeen publizitatea eta komunikazioa Nafarroako Foru Komunitaterako Administrazioari.
c) Gobernuko Batzorde Iraunkorra baliozko moduan eratzeko ezinbestekoa izango da bertako kideen gehiengo absolutua bertaratzea. Ez badago quorumik, eratuko da, bigarren deialdian, aurrenekorako jarritako orduaren ondoren, ordubete geroago, eta orduan nahikoa izango da kideen herena bertaratzea, eta, edozein kasutan, hiru baino txikiagoa ez den kopuru bat.
d) Galde-eskeen puntuari dagokionez Batzar Nagusirako ezarri den arautzea aplikatuko da.
III. KAPITULUA.–KONTUEN BATZORDE BEREZIAREN FUNTZIONAMENDUA
62. artikulua. Kontuen Batzorde Bereziko kide izango dira Gobernuko Batzorde Iraunkorreko kide berberak.
63. artikulua. Kontuen Batzorde Bereziari dagokio Batzar Nagusiak onartu beharreko kontu guztiak aztertzea eta horien txostena egitea.
64. artikulua. Kontuen Batzorde Bereziaren funtzionamendua eta saioak Gobernuko.
Batzorde Iraunkorrerako ezarritako berberak izango dira.
V. TITULUA.–PROZEDURA ETA LEGEZKO ERREGIMENA
74. artikulua. Mankomunitateko egintzen eta akordioen prozedura eta erregimen juridikoa Nafarroako Toki Administrazioko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari eta bai gai hori arautzen duen eta indarrean dagoen legeria orokorrean xedatutakoari egokituko zaio.
75. artikulua. Kudeaketarako sozietatearen eta Mankomunitatearen arteko komunikazioak zuzenean egingo dira, Erregistroan jaso gabe, alde batera utzirik Mankomunitateko dokumentuaren sarrera edo irteera eguna idatziz jasoa geratzea.
76. artikulua.
1. Mankomunitateko lehendakariaren erabakiak haren izenean idatziko dira.
2. Delegatze bidez emandako erabakietan, espresuki adieraziko da hala egin direla eta eman dituen organoak agindutakotzat ulertuko dira.
77. artikulua. Lehendakariak izenpetu beharko ditu administrazio publikoei eta mendeko erakundeei zuzendutako komunikazioak. Akordioen edo erabakien igorpenak direnean, soil-soilik idazkariak sinatu beharko ditu.
II. KAPITULUA.–AGIRIAK ETA AKORDIOAK IDATZIZ JASOTZEA ETA HORIEN PUBLIZITATEA
78. artikulua.
1. Mankomunitatearen egintzak, erabakiak edo akordioak izan, legearen arabera eta bertan ezarritako moduan jakinarazten eta kaleratzen dira.
79. artikulua.
1. Batzar Nagusiaren saioetako agirien liburua, Nafarroako Foru Komunitateak zenbakitutako orri mugikorrez osatua, lehendakariaren sinaduraren eta Mankomunitatearen zigiluaren bidez legeztatu beharko da, orri bakoitzean, eta lehen orrialdean adieraziko du, idazkariak izenpetutako zuzemenaren bidez, akordioen transkripzioa hasten den eguna, seriea eta lehen folioaren zenbakia.
2. Transkripzio ordenan edo edukian akatsa gertatzen bada, hori gertatu dela jasoko da idatziz, zuzemen baten bidez, eta ezin izango da folioen zenbaki ordena bestelakotu.
80. artikulua. Lehendakariaren erabakien liburua eta Gobernuko Batzorde Iraunkorraren saioetako agiriena aurreko artikuluetan ezarri diren baldintza berberen arabera egingo dira.
81. artikulua.
1.Saio bakoitzaren agirian, bai Batzar Nagusiaren, bai eta Batzorde Iraunkorraren kasuan, hauek agertuko dira:
a) Bilera egin den tokia, egin den lokala adierazita. Ez bada ohiko lokala, arrazoiak azalduko da.
b) Eguna, hilabetea eta urtea.
c) Saioa hasi den ordua.
d) Lehendakariaren izen-abizenak, presente dauden organo kolegiatuko kideenak, aitzakia adierazita, falta direnenak eta, aitzakia jakinarazi gabe, falta direnenak.
e) Saioa ohikoa edo ezohikoa den, eta lehen edo bigarren deialdian egin den.
f) Idazkaria bertan den, edo legez haren ordez ariko dena bertan den, eta kontu-hartzailea, kudeaketarako sozietatearen kudeatzailea edo teknikariak bertan diren, joaten direnean.
g) Lantzen diren gaiak, hausnarketetan esku hartu duten organoko kideen iritzi laburbilduak adierazita, baldin eta eskatzen badute beren adierazpenak agirian jasotzeko idatziz.
h) Egiten diren bozketak, akordioak baiespen bidez hartzen bada izan ezik. Hala egiten bada, idatzi egin beharko da. Bozketa izendunen kasuan, kide bakoitzak emandako botoa zein den idatziko da. Bozketa arruntetan, baiezko botoen kopurua, ezezkoena eta abstentzioena idatziko dira, eta bakoitzak zein boto eman duen idatziko da soil-soilik hala egiteko eskatzen badute interesdunek.
i) Hartzen diren akordioen xedapen zatia.
j) Lehendakariak bilera amaitutzat ematen duen ordua.
2. Ez bada saiorik egiten parte-hartzaileak falta direlako edo beste arrazoiren batengatik, idazkariak ordezkatuko du agiria bere sinaduraren bidez baimendutako zuzemenarekin. Bertan, idatziz emango du arrazoia, bertaratu direnen izenak eta, aitzakia adierazita, bertaratu ez direnenak.
3. Organo kolegiatuak egiten dituen saioak grabatu ahal izango dira. Grabaziotik sortzen den fitxategia, haren benetakotasunaren eta osotasunaren gainean idazkariak jaulkitako ziurtagiriarekin batera, eta saioko dokumentu moduan erabiltzen diren euskarri elektronikoko dokumentuak saioen agiriarekin batera egon ahal izango dira, hartan idatziz jasota utzi behar izan gabe deliberamenduen puntu nagusiak.
VI. TITULUA.–KIDEAK ATXIKITZEA ETA BEREIZTEA
I. KAPITULUA.–ATXIKITZEA
82. artikulua.
1. Batzarrak zehaztutako arrazionaltasun eta zuzentasun irizpideekin bat, Mankomunitatearekin bat egin ahalko dute hala eskatzen duten udalerriek, betiere Nafarroako Gobernuak onartutako plan sektorialei edo zuzentzaileei jarraikiz.
2. Atxikitzeak berekin dakar dagokion eskumen transferentzia, eta bai dagokion arloan udalaren harreman juridikoetan subrogatzea ere, kapitulu honetan ezarritakoaren eta Batzar Nagusiak ezartzen dituen baldintzen eta espezifikazioen arabera.
83. artikulua. Udalerriak bat egiteko eskaera aurkeztu ondoren, izapide hauei jarraituko zaie:
a) Lehendakariaren aginduz, txosten tekniko bat egin beharko da, bai balizko atxikitzeari dagozkion gorabeherei buruzkoa, bai eta Mankomunitatearen alde lagako liratekeen ondasunen eta eskubideei buruzkoa, udalerri bakoitzak emandako datuekin bat eginez, eta zehaztuta dagokion zerbitzuari atxikitako ondasunaren interesa bai Mankomunitaterako bai eta udalerrirako ere.
b) Batzarraren aldeko txostena, eta ildo horretako ebazpena hartuko da gehiengo osoaren aldeko botoa izanik.
c) Jendaurrean jartzea 15 egun balioduneko epean.
d) Epe hori igarota, alegaziorik aurkeztu ez bada, behin betikoa izango da atxikitzea. Kontrakoa gertatuz gero, Batzarrak quorum berbera izanik erabaki beharko ditu aurkeztutako erreklamazio edo iradokizunak, eta behin betiko erabakia hartuko du.
84. artikulua. Atxikitzeko txostena onesteko akordioan, Batzarrak ezarriko ditu atxikitzea gauzatzeko gorabeherak eta baldintzak, eta atxikitzen den udalak planteatutako gai guztiak erabakiko ditu eta bai txostenetik ondorioztatzen diren guztiak ere.
85. artikulua.
1. 95. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat, sartuta dauden erakunde batzuk bereiztea onartu ahalko da. Horretarako, ondokoak betetzeko berme zehatzak eskaini beharko ditu eskatzaileak: zerbitzuak behar bezala emateko eta bere alorreko jarduerak ongi egiteko, bereiztearekin Mankomunitatearen interes orokorrei kalterik ez egiteko eta honek zerbitzua ematen jarraitzeko aukera izateko.
2. Batzarraren erabakiak beharko ditu Mankomunitatearen eta bereizten den erakundearen ondasun, eskubide eta betebeharren bereizketaren ondorioak.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA
7, 10, 13 bis a), 15, 23, 24.1, 28, 34, 36, 38, 39, 42, 44, 51, 52, 54, 58, 60.3, 61.1.a), 74 eta 91. artikuluetako aldaketak eta 75, 76, 77, 78, 79, 80, 81, 81, 85, 86.2, 87, 88 eta 92. artikuluak ezabatzea 2026ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.
Iragarkiaren kodea: L2514975
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
