Iragarkia
234. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ATARRABIA
Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena
Aipatutako ordenantzaren hasierako onespenaren erabakia 2025eko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Atarrabian, 2025eko urriaren 23an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.
DIRULAGUNTZEN ORDENANTZA OROKORRA
ZIOEN AZALPENA
Dirulaguntzak sustapen teknika bat dira, bai eta Administrazioa partikularrekin elkarlanean aritzeko tresna bat ere, interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak kudeatze aldera, bertzeak bertze, esparru hauetan: gizarte ekintza, gizakion eta herrien arteko lankidetza eta elkartasuna, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola, ingurumena, merkataritza, interes publikotzat jotako hainbat jarduera pribaturen sustapena, aisia eta astialdia edo, halaber, herritarren parte-hartzea, hori zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren eskakizuna den aldetik.
Atarrabiako Udalaren eremuan jarduera hori egin ahal izateko, esparru juridiko egoki bat onetsi beharra dago, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeari egokituko zaiona, sustapena eta dirulaguntzen kontzesioa moldaturik diruz lagundutako jarduera betiere oinarritu behar duten printzipioetara: berdintasuna, publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia.
Ordenantza honek udal araudi bat ezartzen du, Atarrabiako Udalak dirulaguntzak emateko erakunde publiko nahiz pribatuei eta irabazi asmorik gabeko partikularrei, gisa horretara egin ditzaten zerbitzuak eta jarduerak, toki administrazioaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Atarrabiako Udalak ematen dituen dirulaguntzen araubide juridikoa ezartzea.
Dirulaguntzei buruz berariazko ordenantza duten gaietan ematen diren dirulaguntzak ordenantza propio horren arabera arautuko dira, ordenantza honen aginduei egokiturik, haien ordezko izanen baita.
2. artikulua. Dirulaguntzaren kontzeptua.
1. Ordenantza honen ondorioetarako, dirulaguntzatzat hartuko da Atarrabiako Udalak pertsona publiko edo pribatuen alde eginiko diru-xedapen oro, baldin eta honako baldintza hauek betetzen baditu:
a) Dirua ematea ez onuradunen, ez hirugarren pertsonen zuzeneko kontraprestaziorik gabe.
b) Dirua emateko baldintza izatea honako hauetako bat: xede jakin bat betetzea, proiektu bat gauzatzea, jardueraren bat egitea, jokabide berezi bat hartzea (jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo egoera bat gertatzea; eta onuradunak bete beharko ditu ezarritako betebeharrak.
c) Finantzatzen den proiektuak, ekintzak, jokabideak edo egoerak xedetzat izatea sustatzea onura publikoko, interes sozialeko edo interes orokorreko jarduera bat, edo helburu publiko bat.
2. Honako hauek ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude:
a) Atarrabiako Udalaren eta bertze administrazio publikoen arteko diru-ekarpenak, oro har haien eskumenen esparruko jarduna finantzatzekoak badira.
b) Udalkideei ematea udal aurrekontuan aurreikusiak dauden diru-ekarpenak.
c) Publizitatez deitzen diren sari ofizialak eta onuradunek aldez aurretik eskatu gabe ematen direnak.
3. artikulua. Aplikazio esparru orokorra.
1. Dirulaguntza jaso dezakete gizarte, hezkuntza, kultura, gazteria, kirol, merkataritza, ingurumen edo bertzelako alor batean Udalaren eskumenen osagarri edo ordezko diren jarduera edo zerbitzuek.
2. Jardueren lurralde esparrua Atarrabiako udalerria izanen da. Salbuespen gisa, dirulaguntzaren xede den jarduera Atarrabiako udal-mugarteaz gaindikoa bada, Udalaren interesen aldekoa izan beharko du, zuzenean edo zeharka izan ere, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bitartez, dirulaguntza eman baino lehen. Baldintza horretatik salbuetsiak daude garapen bidean dauden herriendako laguntza programaren aurrekontuan aurreikusitako %0,7ari lotutako garapen proiektuetarako dirulaguntzak.
4. artikulua. Printzipio orokorrak.
1. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honen xede diren dirulaguntzak:
a) Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, tratu berdintasuna, diskriminazio eza eta kontrola.
b) Eraginkortasuna, ezarritako helburuak betetzean.
c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitzean eta erabiltzean.
d) Kongruentzia, bitartekoen eta helburuen artean (laguntzak ematea justifikatzen duten helburuak).
2. Dirulaguntzak ezartzea proposatzen duten organoek aldez aurretik adierazi beharko dute zein xede eta onura publiko edo sozialeko eragin lortu nahi diren, zenbat denbora behar den horiek lortzeko, ustez zenbateko kostuak izanen diren eta zein finantzabide erabiliko diren, eta, betiere, aurrekontuan dirua egotearen mende jarriko dute dirulaguntza.
3. Lortu nahi diren xedeek merkatuari eragiten badiote, argi eta garbi identifikaturiko akatsak zuzentzera bideratu behar dira, eta haien ondorioek ahalik eta distortsiorik txikiena ekarri behar dute.
5. artikulua. Eskumena.
Dirulaguntzak emateko eta haien deialdia egiteko eskumena alkateari dagokio, ezartzen diren eskuordetzeak deusetan ukatu gabe.
Nolanahi ere, Udalaren Osoko Bilkuraren eskumena izanen dira dirulaguntzak emateko oinarriak eta horiek arautzeko hitzarmenak.
6. artikulua. Onuradunak.
1. Dirulaguntzaren onuraduntzat joko da dirulaguntzaren xede den jarduera egin behar duen pertsona, edo dirulaguntza ematea bidezko egin zuen egoeran dagoena.
2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: haren izenean eta haren kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.
3. Oinarri arautzaileetan espresuki aurreikusten delarik, onuradun bihurtzen ahal dira pertsona fisiko edo juridikoen batasunak, publiko edo pribatuak, ondasun erkidegoak edo bertze edozein unitate ekonomiko edo bereizitako ondare, nortasun juridikorik izan gabe ere, proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte edo dirulaguntza jasotzeko behar den egoeran badaude. Kasu horietan, berariaz adieraziko dira, bai laguntzaren eskaeran, bai laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da batasunaren ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, entitate onuradun gisa batasunari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta ordenantza honetan ezarritako preskripzio epea iragan arte.
7. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
1. Honako hauek dira onuradunen betebeharrak:
a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den helburua betetzea, edo proiektua gauzatzea, edo jarduera egitea edo jokabidea hartzea.
b) Emandako dirulaguntza ez erabiltzea beraren xede diren gastuak finantzatzeko baizik.
c) Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, eta gauzatu eta bete direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua.
d) Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bertzetik, jarduketa horien ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.
e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo erakunde laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
f) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten denean, betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea Udalarekin eta haren erakunde autonomoekin, ofizioz eginen baitu egiaztapena, baita Gizarte Segurantzarekin ere.
g) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzak arautzeko oinarrietan eskatzen diren kontabilitateko egoera-orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea, eta horiek guztiak zaintzea.
h) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.
i) Zabalkunderako eskatzen zaizkion neurriak hartzea.
j) Euskararen eta berdintasunaren arloko udal ordenantzen xedapenak errespetatu eta betetzea, bai publizitatea eta materialak erabiltzean, bai jarduerak gauzatzean.
k) Eskuratutako diruak itzultzea, bidezko delarik.
8. artikulua. Entitate laguntzaileak.
1. Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarrietan ezartzen ahalko da funts publikoak erakunde laguntzaile baten bidez ematen ahalko zaizkiela pertsona onuradunei.
2. Ordenantza honetaz den bezainbatean, eta ematen zaien izena ematen zaiela ere, honako hauek joko dira entitate laguntzailetzat: dirulaguntzari dagokion guztian organo emailearen izenean eta haren kontura dihardutelarik, onuradunei funts publikoak eman eta banatzen dizkietenak, oinarri arautzaileetan hala ezarrita dagoen kasuetan, edo, aurretiaz diruak eman eta banatu gabe, dirulaguntzaren kudeaketan laguntzen dutenak. Diru horiek ez dira inoiz hartuko entitate laguntzailearen ondaretzat. Halaber, Europar Batasuneko araudiari jarraituz onuradun izendatutakoak entitate laguntzailetzat joko dira baldin eta aitzineko paragrafoan aipatutako eginkizunak soil-soilik bete behar badituzte.
3. Entitate laguntzailetzat jotzen ahalko dira erakunde eta gainerako ente publikoak, administrazio publikoren bat partaide bakarra edo nagusia duten merkataritza-sozietateak, fundazio publikoak eta toki entitateek beren interes komunak sustatu eta babesteko eratutako elkarteak, baita ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.
4. Halakoetan, lankidetza hitzarmena sinatuko da dirulaguntza ematen duen administrazio organoaren eta entitate laguntzailearen artean, horrek bere gain hartzen dituen betebehar eta baldintzak arautzeko.
5. Dirulaguntza emateko eskumena duen organoak izanen du hitzarmen hori onesteko eskumena.
6. Lankidetza hitzarmenak gehienez ere lau urte iraunen du.
II. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZAK JASOKO DITUZTEN JARDUERAK
9. artikulua. Dirulaguntzak jasoko dituzten jarduerak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.a) artikuluak ezarritakoa bete beharrez, ondotik azaltzen diren objektu, alor, helburu, proiektu, jarduera edo jokabideak izaten ahalko dira dirulaguntzen xede, kontuan hartuta, betiere, horiek dagozkien deialdietan berariaz garatzen ahalko direla, edo zehatzago zedarritu. Hona hemen:
9.1. Arlo sozialean:
a) Eskoletako jantokietan jateko laguntzak ematea, esku-hartze sozialeko prozesuetan dauden familietako seme-alabendako.
b) Laguntza ematea, infraetxeetan, etxebizitza desegokietan edo erantzun soziala behar duten bertze zenbait egoeratan bizi diren familiei alokairua ordaintzen laguntzeko.
c) Aisiaren eta denbora librearen esparruan prebentzio eta sustapenerako proiektuak garatzea. (musika eskola, kirola, gaztelekua...).
d) Gizarte ekintzako proiektuak garatzea, hala nola: gutxiengo etnikoei, etorkinei, pobrezian bizi direnei eta abarri arreta emateko programak.
e) Familiei sostengua ematea, familiako kideren bat tratamendu terapeutikoan badute errehabilitazio zentroetan, eta egonaldiaren kostuari aurre egiteko baliabiderik ez.
f) Lankidetza proiektuak egitea garapen bidean dauden herrialdeekin.
g) Garapenerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza jarduketak eta proiektuak egitea.
h) Larrialdi humanitarioko eta hondamendi egoeretako jarduketak egitea.
i) Laguntza ekonomikoak ematea larrialdi sozialeko egoeran dauden familiei, horrela erantzuteko bizirauteko oinarrizko beharrei.
j) Prestakuntzarako laguntza ekonomikoak, gizarteratzeko eta laneratzeko programan parte hartzen dutenendako.
k) Eta, oro har, bertze edozein jarduera, baldin eta bideratuta badago prebentziora, esku hartzera, asistentziara, errehabilitaziora, gizarteratzera edo gizarte ongizatearen sustapenera, familiendako, haurrendako, nerabeendako, adinekoendako, emakumeendako, desgaitasuna dutenendako, migratzaileendako, etniendako eta gizartetik baztertzeko arriskuan dauden bertze talde batzuendako. Halaber, bertze edozein jarduera, baldin eta bideratuta badago sustatzera elkarteen mugimendua eta gizarte boluntariotza, eta gabezia egoera larriei eta larrialdi sozialei erantzutera.
9.2. Herritarren parte-hartzearen arloan:
a) Herritarren parte-hartzearen arloan gizarte dinamizazioa eta parte-hartzea bultzatzen dituzten proiektuak.
b) Kontsulta kontseiluen eta partaidetza foroen sustapena, oro har.
c) Obrak eta erreformak egin, oztopo arkitektonikoak kendu eta lokalak zein altzariak erosi eta teknologia berriak ezartzeko inbertsioak, herritarren parte-hartzearen arloan jarduerak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarte, entitate edo herritar taldeendako.
9.3. Hezkuntza, kirol eta gazteria arloan:
a) Laguntzak ematea federazio-liga ofizialetan parte hartzen duten kirol taldeei.
b) Laguntzak ematea kirol amateurrarendako (kirol taldeak, klubak eta abar).
c) Laguntzak ematea irabazi asmorik gabeko herritar-elkarteei, baldin antolatzen badituzte kirol jarduerak, ikuskizunak nahiz ekitaldiak.
d) Gazteendako jarduerak egitea, irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatuak.
e) Laguntza ematea, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako guraso-elkarteek antolatzen dituzten berezko jardueretarako.
f) Ikastetxeek Haur eta Lehen Hezkuntzan egiten dituzten eskolaz kanpoko jarduera osagarriak.
g) Lehen Hezkuntzako ikastetxeetarako laguntzak, irakaskuntzako material suntsigarria erosteko.
h) Astialdirako, prestakuntza eta hezkuntza jardueretarako, aldizkari eta argitalpenetarako, eta gazteen parte-hartzea nahiz asoziazionismoa bultzatzen dituzten jardueretarako laguntzak.
h) Antolatzea kirol-ekitaldiak, kirol-jarduerak eta ikuskizunak, edo kirola sustatzekoak, eta lankidetzan aritzea kirol entitateekin.
i) Ikasleen prestakuntzara bideratutako jarduerak eta hezkuntza sektorera bideratutako gainerako jarduerak.
9.4. Merkataritza eta turismo arloan:
a) Eguberrietako argiak paratzea.
b) Turismoa sustatzeko jarduerak, bai eta Atarrabia ezagutzera ematekoak ere, hala foro nazionaletan nola nazioartekoetan.
c) Hiri espazioa sustatzea, merkataritza edo turismoa helburu.
d) Ekintzaileek herria sustatzea.
e) Atarrabiako merkataritzarekin eta merkatari elkarteekin zerikusia duten prestakuntzako jarduerak nahiz programak eta jarduerak.
9.5. Kulturaren, festen eta euskararen arloan:
a) Kultur elkarteek programatu eta egiten dituzten kultur jarduerak gauzatzea eta programatzea.
b) Musika emanaldiak.
c) Kultura lehiakortasuna sustatzea.
d) Kultur adierazpenak oro sustatu eta hedatzea.
e) Kolektibo profesionalen kultura jarduna sustatzea.
f) Euskarazko kultura jarduna sustatzea.
g) Euskara ikastea sustatzea.
h) Euskarazko aisia jarduerak sustatzea.
i) Sorkuntza eta arte plastikoak, eszenikoak eta musikalak sustatzea.
j) Animazio soziokulturaleko jarduerak, gazteendako programak, lehiaketak, erakusketak, gazte kultura eta sorkuntzarekin zerikusia duten bertzelako jarduerak, argibideak eta aholkuak emateko programak, aisia eta astialdiko programak.
k) Eta, oro har, arteekin, zientziekin eta letrekin zerikusia duen edozein kultur jarduera sustatzea, baita hirikoak berekoak diren jarduera soziokulturalak eta herriko festak ere.
9.6. Ingurumen eta osasun arloan:
a) Osasun arloko prebentzio, babes eta sustapenerako jarduerak, zuzentzen zaizkienak bizilagun guztiei nahiz zenbait kolektibori bereziki, hala nola gazteei, zaharrei, emakumeei, haurrei eta abarrei. Populazio-taldeen osasuna sustatzeko hezkuntza eta prebentzio helburuak dituzten proiektuak edo programak, eta arlo horretako argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak, jardunaldiak, mintegiak eta abar.
b) Hiri- eta natura-ingurumena babesteko jarduerak, eta babes hori bereziki lortzeko egiten diren jarduerak oro sustatzea, bertzeak bertze, prestakuntzakoak, argibideak ematekoak, herritarrek parte hartzekoak eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioaren gainekoak.
9.7. Hirigintza arloan:
a) Hiri-berroneratzerako jarduketak sustatzea, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzearren eta pobrezia energetikoaren kasu kopurua murriztearren, betiere proiektu honen barnean:
–Etxebizitzen energia-efizientzia eta jasangarritasuna.
–Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko orduan.
9.8. Bertze batzuk:
Udalaren jardunaren osagarri den eta artikulu honetan deskribatu ez den bertze edozein jarduera, betiere diruz laguntzeko modukoa bada.
Ordenantza honen ondorioetarako, ez dira numerus clausus moduan hartuko artikulu honetan diruz lagungarritzat ageri diren xedeak, alorrak, helburuak, proiektuak, jarduerak edo jokabideak; aitzitik, dagokien deialdian zabaldu eta zehazten ahalko dira edo, orobat, ezartzen ahalko dira dirulaguntza lerro berriak, dirulaguntzei buruzko plan estrategikoaren bidez.
III. KAPITULUA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
10. artikulua. Dirulaguntzen kontzesioa arautzen duten oinarri arautzaileak.
1. Dirulaguntzak emateko, edozein izanik ere horretarako erabiltzen den bitartekoa, jarraitu behar zaie horretarako onetsitako oinarri arautzaileei, ordenantza honetan ezartzen diren baldintzetan.
2. Dirulaguntzak arautzeko oinarrietan alderdi hauek zehaztu beharko dira:
a) Dirulaguntzaren xedearen definizioa. Azalduko da zer onura publikoko edo sozialeko helburutarako izanen den dirulaguntza.
b) Baimendutako gastuaren gehieneko zenbatekoa eta, halakorik bada, zer urtekori egozten zaien.
c) Laguntzak emateko prozedura.
d) Dirulaguntza onuradunen artean hainbanatzeko aukera.
e) Onuradunek bete beharreko baldintzak dirulaguntza eskuratzeko.
f) Aitzineko letran aipatu diren baldintzak nola egiaztatu behar diren eta zer epetan mantendu behar diren.
g) Onuradunek eta, halakorik bada, entitate laguntzaileek izanen dituzten betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.
h) Banakako dirulaguntzaren zenbatekoa edo hura ezartzeko modua, aitzinetik zehazten ahal ez bada.
i) Dirulaguntza eskabidea aurkezteko eredua.
j) Eskabidea egiteko eta ezarritako betekizunak betetzen direla frogatzeko tokia eta epea.
k) Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak, irizpide objektiboak eta, oro har, dirulaguntza emateko aintzat hartu behar diren parametroak.
l) Dirulaguntza emateko prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.
m) Deialdian ezartzen bada, balorazio batzordearen osaketa; hura dirulaguntzaren kudeaketari loturiko hiru lagunek osatuko dute gutxienez.
n) Ematen diren dirulaguntzen eta haien onuradunen zerrendaren araubidea eta publizitate maila.
o) Onuradunak edo entitate laguntzaileak zer epetan eta nola frogatu behar duen bete dela dirulaguntzaren helburua eta hartutako diruak erabili direla beren xederako, hala egindako gastuari nola diruen ordainketari dagokionez.
p) Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epeak, eta onuradunei eskatzen ahal zaizkien berme motak eta zenbatekoak, halakorik behar denean, aurreikusten denean dirulaguntzaren aurrerakinak ordaintzea.
q) Interes publikoak zaintzeko beharrezkotzat jo daitezkeen berme neurriak, eta emandako dirulaguntzak berrikusten ahalko diren kasuak, halakorik bada.
r) Dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko hornitzaileen kontratazioaren efizientzia eta ekonomia nola frogatu behar diren.
s) Jarduera azpikontratatzeko aukera.
t) Dirulaguntzaren bateragarritasuna, edo bateraezintasuna, hala zehazten denean, administrazio berak, bertze administrazio publiko batzuek, bertze ente publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz atzerrikoek, eman ditzaketen bertze dirulaguntza batzuen aldera.
u) Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak, dirulaguntzaren xede den jardueraren finantzaketari buruzko publizitatea dela eta.
v) Baldin aldatzen badira dirulaguntza onartzeko kontuan hartu diren baldintzak, ebazpena aldatzen ahalko da.
x) Dirulaguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira zehazteko azkenik zer zenbateko jaso behar duen onuradunak, edo, hala behar badu, zer zenbateko itzuli behar duen, eta proportzionaltasun printzipioari jarraituko zaio.
y) Oinarri arautzaileen eta deialdiaren aurka paratzen ahal diren administrazio errekurtsoak.
2. Oinarri arautzaileak onesteko proposamena bideratzen duen espedienteak txosten juridikoa eduki beharko du, oinarriak zuzenbidearen araberakoak direla adierazten duena, eta kontu-hartzailetzak fiskalizatuko du aurretiaz, eginkizun horri buruzko araudian ezartzen den moduan.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira dirulaguntzei buruzko arauak eta, halakorik izanez gero, dirulaguntzen deialdiak eta haien oinarri arautzaileak, betiere, diruz lagundutako jarduerarako epea hasi baino lehenago, eta dirulaguntzarekin lortu nahi zen onura publikoaren xedeari kalterik egin gabe. Salbuespena modu zuzenean emateko ezarritakoak izanen dira.
11. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
1. Udalak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, datu hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren xedea.
Publizitatea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren eta Udalaren webguneko gardentasunaren atariaren bidez eginen da.
Dirulaguntza arautzeko oinarrietan zehaztuko da nola egin behar den publizitate hori.
Kasu hauetan ez da jendaurrean jarri beharko dirulaguntzen kontzesioa:
a) Banakako ebaluazio araubideari jarraikiz emanak.
b) Dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten bazaio ohorearen errespetu eta babesari, pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei edo norberaren irudiari, hala xedatzen baita ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko legerian.
2. Onuradunek behar bezalako publizitatea eginen diote diruz laguntzen diren edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoari.
12. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.
1. Diruz lagundutako jarduera zati batean edo portzentaje batean funts propioekin finantzatu dadila eskatu ahal izanen da dirulaguntzen araudian. Justifikatu beharko da finantzaketa horren zenbatekoa eta jatorria, bai eta diruz lagundutako jardueran nola aplikatu den ere.
2. Araudi erregulatzailean zehaztuko da bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea, hau da, ea bateragarria den xede bererako eskuratzea bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, bertze edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik, deusetan ukatu gabe hurrengo apartatuan xedatzen dena.
3. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.
4. Baldin aldaketarik gertatzen bada dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan, eta, betiere, bertze ekarpen batzuk lortzen badira, deialdi, hitzarmen edo ebazpenean baimendutako kasuetatik kanpo, horrek eragiten ahal du dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.
5. Araudi erregulatzaileak horretarako bidea ematen badu, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio, aldaketak egiten ahalko dira proiektuan; kasu honetan, organo eskudunak onetsi beharko ditu horiek, Udalaren kasuan kasuko alorrak balorazioa egin eta gero.
6. Defizit erreala edo gastu errealak eskabidea egitean aurreikusiak baino gutxiago direnean, kontuan harturik, betiere, horien arabera zehaztu zela hasiera batez dirulaguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu beharreko kopurua.
IV. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZAK EMATEKO PROZEDURAK
13. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedurak.
1. Dirulaguntzak, oro har, norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, salbu eta, behar bezala justifikatutako kasuetan, Atarrabiako Udalak banakako ebaluazio araubidea baimentzen duenean. Ordenantza hau den bezainbatean, norgehiagokako lehiatzat hartuko da dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskabideak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskabideei dirulaguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe. Halakoetan, dirulaguntza emateko proposamena dirulaguntza ematen duen organoari eginen zaio, instrukzioa egiten duen organoaren bitartez.
Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradun diren entitateen artean hainbanatzea proposatuko da.
2. Banakako ebaluazioaren araubidea, berriz, bertzelakoa da: hartan, deialdiaren araudiak edo oinarriek irizpideak ezartzen dituzte eskabideak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
3. Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:
a) Udalaren aurrekontuetan aurreikuspen izenduna eta aurrekontuko zuzkidura dutenak.
b) Lege mailako arau batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.
c) Salbuespenez, dirulaguntzaren xedea dela eta, hartzaileaz bertze inongo interesdunik egoteko aukerarik ez dagoenean. Aitzinetik ebazpen arrazoitua izanen da, bertze inor lehiatzeko ezina azalduko duena. Lankidetza hitzarmena sinatu beharko da.
14. artikulua. Norgehiagokako araubideari jarraikiz dirulaguntzak emateko prozedura.
1. Hasiera:
a) Dirulaguntzak emateko prozedura hasi baino lehen, organo eskudunak dirulaguntzari buruzko araua edo dirulaguntzaren deialdia ezarri behar du, bai eta oinarri arautzaileak ere, ez baldin badaude lehendik ezarrita.
b) Dirulaguntzak emateko prozedura administrazioak hasiko du, ofizioz.
c) Interesdunak eskabidea aurkeztu beharko du, arauan edo deialdian ezarritako ereduaren eta sistema normalizatuaren arabera egina. Eskaerarekin batera, dirulaguntza ezartzen duen arauan edo dirulaguntzaren deialdian eskatutako agiriak eta informazioak aurkeztuko dira.
Eskabideak aurreko atalean finkatutako betekizunak betetzen ez baditu, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskabideari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
2. Instrukzioa:
a) Oinarri arautzaileetan izendatutako organoak eginen du dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa.
b) Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskabideak, arauetan edo oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideak, balorazio bideak eta lehentasunak aintzat harturik.
c) Dirulaguntzen deialdiak horixe aurreikusten duenean, batzorde bat eratzen ahalko da eskabideak ebaluatzeko, eta horren funtzionamenduak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean organo kolegiatuendako ezarritako araubideari jarraituko dio.
Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko du.
d) Dirulaguntzak emateko espedienteari instrukzio organoaren txostena erantsiko zaio. Bertan agertu beharko da onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.
3. Ebazpena:
a) Ebazpen proposamena ikusirik, organo eskudunak dirulaguntzak emateko ebazpena emanen du.
b) Ebazpena arrazoitua izanen da. Ematen den ebazpenaren oinarriak azaldu beharko dira beti.
c) Ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskabiderik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.
4. Jakinarazpena:
Prozeduraren gaineko ebazpena administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei. Legedi horrekin bat, ebazpena jakinarazteko, dirulaguntzari buruzko arauan nahiz haren deialdian adierazitako komunikazio bidea erabiltzen ahalko da.
5. Ustezko ezespena:
Dirulaguntzari buruzko arauan edo deialdian prozedura ebazteko ezarritako epea iraganik, berariazko ebazpenik ez badago, eskabidea ezetsitzat joko da. Ebazpena emateko eperik ezarri ezean, eskabidea ezetsitzat joko da eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteren buruan.
6. Errekurtsoak:
Dirulaguntzaren arauak edo deialdiak ezarriko du ezespen espresaren nahiz ustezkoaren kontra ezartzen ahal den errekurtsoa.
15. artikulua. Banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz dirulaguntzak emateko prozedura.
Banakako ebaluazioaren araubideari aplikatuko zaizkio ordenantza honetako norgehiagokako prozeduraren arau orokorrak, salbu eta "norgehiagoka" prozeduraren ezaugarri berezi diren alderdietan edo eskakizunetan, aplikagarriak ez badira dirulaguntza mota honen izaera bereziagatik.
Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskabideak, deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan ezarritako irizpideak, bideak eta balorazio lehentasunak aintzat harturik.
16. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean emateko prozedura.
1. Ematen diren dirulaguntzak bideratzeko administrazio egintzek haien oinarri arautzaileak ezarriko dituzte, ordenantza honetako aurreikuspen guztiei jarraikiz, lehia printzipioari dagozkionak izan ezik.
2. Dirulaguntzak baztertzen badu bertze interesdunek eskuratzeko aukera, dirulaguntzaren onura, interes soziala edo xede publikoaren lorpena arrazoitu beharko dira, eta lehia printzipioa zergatik ezin den aplikatu azaldu beharko da.
3. Dirulaguntzak hitzarmenen bidez gauzatzen direnean, dirulaguntza emateko eskumena duen organoak onetsiko du hitzarmena.
V. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZEN KUDEAKETA ETA JUSTIFIKAZIOA
17. artikulua. Dirulaguntzen deialdiak eta kontzesioa.
1. Dirulaguntzen deialdiek berekin ekarriko dute gasturako baimena, udal aurrekontua betearazteko oinarrietan adierazten diren baldintzetan. Deialdiaren testuan aditzera eman beharko da zenbateko gastua egiteko baimena eman den, eta, dirulaguntza urteka banatu behar bada, urteko zenbateko guztiak jarriko dira.
2. Ordenantza honetan jasotzen diren prozeduretarik edozein erabiliz dirulaguntzak emateak dagokion gastu konpromisoa ekarriko du.
3. Ezin izanen da deialdian zehaztu den zenbatekoa baino dirulaguntza handiagorik eman, ez eta urte bakoitzeko aurrekontuari gehienez egozten ahal zaion zenbatekoaren muga gainditu ere. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
Ondoko aurrekontu ekitaldiaren aitzineko deialdietan, ekitaldi horretan kreditua egotea izanen da gastua baimentzeko baldintza; horrek ez du gainditu behar aitzineko ekitaldian horretarako izendatu den zenbatekoa.
18. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.
Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, dirulaguntzaren xede den jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, baldin eta dirulaguntzei buruzko kasuan kasuko oinarri arautzaileetan ezarritako epean egiten eta ordaintzen badira. Gastu diruz lagungarriaren eskuratze-kostuak ez du inoiz izan behar merkatu-balioa baino handiagoa.
19. artikulua. Onuradunek jarduera diruz lagunduak azpikontratatzea.
Onuradunak jarduera azpikontratatu ahal izanen du, osorik nahiz zati bat, baldin eta dirulaguntzari buruzko araudian hala aurreikusten bada.
Kontratistek onuradunaren aitzinean baizik ez dute erantzun beharko, eta Udalaren aitzinean onuradunak izanen du diruz lagundutako jarduera gauzatzeko erantzukizun osoa.
Onuradunen erantzukizuna izanen da hirugarrenekin ituntzen duen jardueran errespetatzea dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez. Kontratistek, berriz, lagundu beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.
20. artikulua. Dirulaguntza publikoen justifikazioa.
1. Dirulaguntza ematerakoan ezarri ziren baldintzak eta helburuak bete direla frogatzeko, hura kudeatzen duen organoaren aitzinean aurkeztuko da justifikazioa, deialdiaren oinarrietan zehazten diren agiriekin batean.
2. Gastua frogatzeko kontu-ematea derrigorrez egin behar du onuradunak edo entitate laguntzaileak. Kontu horretan sartu behar dira, aitortzailearen erantzukizunaren pean, gastuaren frogagiriak edo dirulaguntza publikoaren xedea bete dela egiaztatzeko balio juridikoa duen bertze edozein agiri. Dirulaguntza publikoei buruzko kasuan kasuko oinarrietan zehaztuko dira gastua frogatzeko kontuaren forma eta hura aurkezteko epea.
Betiere, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Idatzia, udal erregistroan sartuta, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Hartan agertuko dira onuradunaren izena eta helbidea, haren NANa edo IFZa, eta bankuko kontu zenbakia, hura ordaindu ahal izateko.
b) Onuradunaren zinpeko deklarazioa, adierazten duena diruz lagundutako jarduerari aplikatu zaizkiola frogagiri gisa aurkeztu dituen fakturak eta agiriak.
c) Egindako jarduerari eta gastuei buruzko memoria zehatza, emaitzak adierazita.
3. Gastuak frogatuko dira fakturen bidez edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duten agirien bidez, edo administrazio eragina izanik froga-balio bera duten agirien bidez, oinarrietan ezarrita dagoen moduan. Gastuak faktura elektronikoen bidez ere froga daitezke, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren betekizunak. Dokumentuak jatorrizkoak edo organo kudeatzaileak baliozkotutako fotokopiak izanen dira, eta dirulaguntzaren xede den aldian dataturik egonen dira.
4. Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts berekiak edo bertzelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, egiaztatu beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten aplikazioa.
5. Ordenantza honen 6. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako entitateetako kideek justifikazioaren arloko betekizunak bete beharko dituzte onuradunaren izenean eta haren kontura egindako jarduerei dagokienez, aurreko apartatuetan zehaztu bezala. Dirulaguntza eskatu duen onuradunak aurkeztu behar duen justifikazioaren atal izanen da dokumentazio hori.
6. Dirulaguntza eman bada hartzailearen egoera jakin batengatik, egoera bera baizik ez da frogatu behar, zuzenbidean onarturiko edozein bide erabiliz, betiere dirulaguntza eman aurretik. Nolanahi ere, horrez gain, kontrolak ezartzen ahalko dira hori hala dela egiaztatzeko.
21. artikulua. Justifikatzeko epea.
1. Oinarri arautzaileetan, deialdietan edo lankidetza hitzarmenetan adieraziko da dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko epea.
Eperik adierazten ez badute, jarduera egiteko epea bukatu eta hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 31 izanen da gehienez ere.
2. Dirulaguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, osorik edo partez, eta dirua itzuli beharko da, osorik edo partez, betiere kontuan harturik ez-betetzearen maila eta gainerako inguruabarrak.
22. artikulua. Ordainketa.
1. Oro har, dirulaguntzak zer jarduera egiteko edo zer jokabide hartzeko ziren, horiek egin eta hartu direla egiaztatu ondoan ordainduko dira diru-laguntzak.
2. Egiaztapena eta ondoriozko ordainketa, dena batera egin liteke jarduera bukatutakoan, edo zatika, justifikazio partzialen ondoren, oinarri arautzaileetan agertzen diren baldintzak eta betekizunak betez.
3. Dagokion organo kudeatzaileak txostena erantsiko dio ordainketa-proposamenari edo, hala badagokio, gastuaren justifikazioari, dirulaguntzaren zati bat aurretik ordaindu bada; txosten horren bidez egiaztatuko da bete direla dirulaguntza ematean ezarri ziren helburuak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
4. Dirulaguntzaren ordainketa aurreratu ahal izateko, ezinbertzekoa izanen da oinarri arautzaileetan hori jasota egotea, eta oinarri horietan zehaztutako mugak, baldintzak eta, behar denean, bermeak egonen dira; gainera, betiere frogatu beharko da dirulaguntzaren helburuak betetzeko diruak jaso beharra dagoela.
23. artikulua. Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.
1. Organo kudeatzaileek komenigarriak iruditzen zaizkien egiaztapenak egiten ahalko dituzte eta onuradunei eskatu betekizunak ezarritako epeetan betetzeko. Ondorio hauetarako, organo horiek behar diren erregistroak eginen dituzte halako dirulaguntzen jarraipen egokirako, jarduketa hauek barne:
a) Dirulaguntzen onuradunek dirulaguntzak emateko betekizun, baldintza eta betebeharrak betetzen ote dituzten eta jasotako diru publikoak beren xederako behar bezala erabiltzen ote dituzten begiratzea.
b) Beharrezkoa izatera, dirulaguntzak onuradunen kontabilitatean edo erregistro liburuetan behar bezala jasotzen ote diren begiratzea.
c) Oinarri arautzaileetan ezartzen diren gainerako jarduketa guztiak.
2. Baldin eta, jarraipen eta kontrol eginkizunen ondorioz, jasotako dirulaguntzaren lorpen, helburu edo justifikazio okerren zantzuak antzematen badira, organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen diren kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, eginkizun haiei dagozkien dokumentuen desagerpena, deuseztapena edo aldaketa eragozteko. Hartzen diren neurriek inola ere ez diote kalterik eraginen onuradunari eta, edonola ere, lortu nahi den helbururako neurrikoak izanen dira.
VI. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZAK ITZULI BEHARRA ETA ZEHAPENAK
24. artikulua. Dirulaguntzak itzuli beharra.
1. Kasu hauetan osorik edo partez itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak:
a) Dirulaguntza eskuratu delarik horretarako eskatzen diren betekizunak bete gabe, onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik.
b) Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea, Administrazioak onartu baditu.
c) Dirulaguntza lortu izana horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.
d) Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uztea, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea ez hartzea.
e) Dirulaguntza arautzen duten oinarrietan eskatzen den justifikazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez delarik, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez delarik.
f) Deialdian zabalkuntza neurriak hartu beharra aurreikusirik, horiek hartzen ez direlarik.
g) Egiaztapenen eta finantza-kontrolen aurreko jarkitzea, desenkusa, oztopoa edo ukoa, eta ez betetzea kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, benetan eta erregulartasunez egin diren dirulaguntza jaso duten jarduerak, edo xede bererako eskuratu ote diren bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk, estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik, edo nazioarteko erakundeetatik.
h) Ez betetzea administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak, edo horiek ez betetzea dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak, baldin eta konpromiso horiek ikusteko badute dirulaguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.
i) Ez betetzea administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak, edo horiek ez betetzea dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak, aurrekoez bertzeko kasuetan, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu den, behar adinako maiztasunez egin diren dirulaguntza jaso duten jarduerak, edo lortu diren xede bererako bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk, estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.
j) Europar Batasuneko arau aplikagarrietan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza itzuli beharra erabakitzea.
k) Dirulaguntzari buruzko arauetan aurreikusitako gainerako kasuetan.
2. Onuradunak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak konplitzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da.
3. Orobat, bertzelako dirulaguntzak kobratuz gero, bidezko izanen da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean eskuratutako soberakina itzultzea.
4. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta itzuli beharrekoa eskatzeko prozedurek administrazio izaera izanen dute beti.
5. Dirulaguntza eman duen organoak berak emanen du hura itzularazteko ebazpena. Aitzinetik espedientea irekiko da eta bertan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, behar diren txostenak eta frogak bilduko dira, baita onuradunaren alegazioak ere, halakorik bada. Espedientea hamabi hilabetean ebatzi beharko da.
6. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio. Diru-sarrera egiteko tokia, modua eta epea adieraziko zaizkio, eta ohartaraziko itzulketa ezarritako epean egiten ez badu premiamendu bidezko diru-bilketa prozedura aplikatuko dela.
7. Lau urtera preskribatuko du itzulketa aitortu edo likidatzeko eskubideak.
25. artikulua. Zorrak konpentsatzea.
Dirulaguntzaren onuradunak zorrik badu Atarrabiako Udalarekin eta haren erakunde autonomoekin, zor horiek kitatuz pagatu lekioke dirulaguntza.
26. artikulua. Itzultzeko betebeharra dutenak.
1. Onuradunek eta entitate laguntzaileek bildutako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, osorik nahiz partez. Betebehar horrez gain, zehapenak eskatzen ahalko dira.
2. Ordenantza honen 6. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatzen diren pertsona juridiko eta entitateetako kideek erantzun solidarioa emanen diote onuradunaren itzuli beharrari, hartutako konpromisoaren ondorioz egin behar zituzten dirulaguntzapeko jarduerak direla eta. Onuradunak jarduteko gaitasunik ez badu, haren legezko ordezkariek erantzun solidarioa emanen diote itzuli beharrari. Entitateetako kide, partaide edo titularkideek erantzukizun solidarioa emanen dute, bakoitzak bere partaidetzaren neurrian, haien entitatea ondasun komunitate bat izanez gero, edo bertze edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare bereizia izanez gero.
3. Itzultzeko betebeharrari erantzun subsidiarioa emanen diote merkataritza-sozietateen administratzaileek eta bertze pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek, ez badituzte egiten haien esku dauden egintzak, konplitu gabeko betebeharrak bete daitezen, edo ez betetzea ahalbidetzen duten erabakiak hartzen badituzte, edo haien menpekoen ez betetzeak eragozten ez badituzte.
Halaber, beren jarduerei utzi dieten pertsona juridikoak ordezkatzen dituztenek, aplikatzekoak zaizkien lege eta estatutuetako xedapenen bat etorriz, subsidiarioki erantzunen dute betiere pertsona juridiko horiei dagokien itzultzeko betebeharraren aurrean.
4. Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien itzuli behar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.
5. Itzuli beharra duena hiltzen bada, itzuli gabe dauden kopuruak ordaindu beharra haren kausadunei pasatuko zaie, aparte utzirik zuzenbide zibilaren arabera zenbait kasutan oinordetzari aplikatu behar zaizkien xedapenak; bereziki, jaraunspena inbentario-emaitzaren arabera onartzen denean aplikatu behar direnak.
27. artikulua. Arau-hausteak.
1. Jokabide hauek dira dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak:
1.1. Onuradunak.
a) Dirulaguntza eskuratzea hura emateko eskaturiko baldintzak faltsutuz edo ematea baztertuko edo mugatuko zuketen baldintzak ezkutatuz.
b) Dirulaguntzaren xedeaz bertzelako helburuetarako erabiltzea jasotako kopuruak, osorik edo hein batean.
c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, dirulaguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.
d) Administrazio emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketei uko egitea edo haiei oztopoak jartzea.
e) Administrazio emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari ez jakinaraztea helburu bera duten bertze dirulaguntza edo laguntza batzuk eskuratu dituztela, edozein administrazio publiko edo ente publikorengandik datozenak, naziokoak izan nahiz nazioartekoak, eta dirulaguntza emateko funtsezko arrazoi izan den bertze edozein inguruabar aldatzea.
f) Diru publikoari emandako erabilera ez justifikatzea, osorik edo hein batean.
g) Administrazio emailearen aitzinean edo, halakorik bada, entitate laguntzailearen aitzinean, dirulaguntza ematean ezarritako betebeharrak bete direla ez frogatzea.
1.2. Erakunde laguntzaileak.
a) Harturiko dirua onuradunei ez ematea dirulaguntzari buruzko arauetan ezarririko irizpideen arabera.
b) Harturiko diruaren kudeaketaz administrazio emaileak egiten ahal dituen egiaztapen eta kontrol jarduketei uko egitea edo haiei oztopoak jartzea.
c) Dirulaguntza ematea eragin duten baldintzak betetzen direla eta eraginkorrak direla ez egiaztatzea, hala bada.
d) Administrazio emailearen aitzinean harturiko diruaren aplikazioa ez justifikatzea, edo onuradunek aurkezturiko justifikazioa hari ez ematea.
2. Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hauste administratiboak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.
2.1. Onuradunen kasuan, artikulu honetako 1.1 ataleko a), b) eta c) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 ataleko a) letran aipatzen dena joko dira arau-hauste oso astuntzat.
2.2. Onuradunen kasuan, artikulu honetako 1.1 ataleko d) eta e) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 ataleko b) eta c) letretan aipatzen direnak joko dira arau-hauste astuntzat.
2.3. Onuradunen kasuan, artikulu honetako 1.1 ataleko f) eta g) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 ataleko d) letran aipatzen dena joko dira arau-hauste arintzat.
3. Aipatu jokabideak dituzten onuradun eta entitate laguntzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
4. Arau-hausteek preskribatzeko epea lau urtekoa izanen da, arau-haustea egin den egunetik zenbatzen hasita. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da; nolanahi ere, interesdunak preskripzioaren deklarazioa eskatzen ahalko du.
28. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hauste administratiboek honako zehapen hauek izanen dituzte:
1.1. Arau-hauste oso astunak:
Behar bezala eskuratu edo erabili ez den diru kopurua edo entitate laguntzaileak hartu duen diru kopurua halako bitik hirura bitarte egiten duen isuna.
Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:
a) Bortz urte arteko epean Atarrabiako Udalaren edo haren erakunde autonomoen dirulaguntza, laguntza publiko eta abalak eskuratzeko aukera galtzea.
b) Bortz urte arteko epean entitate laguntzaile gisa jokatzeko aukera galtzea.
c) Bortz urte arteko epean Atarrabiako Udalarekin edo haren erakunde autonomoekin kontratatzeko debekua.
1.2. Arau-hauste astunak:
Behar bezala eskuratu edo erabili ez den diru kopurutik edo entitate laguntzaileak hartu duen diru kopurutik halako bira bitarte egiten duen isuna.
Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:
a) Bortz urte arteko epean Atarrabiako Udalaren edo haren erakunde autonomoen dirulaguntza, laguntza publiko eta abalak eskuratzeko aukera galtzea.
b) Bortz urte arteko epean entitate laguntzaile gisa jokatzeko aukera galtzea.
c) Bortz urte arteko epean Atarrabiako Udalarekin edo haren erakunde autonomoekin kontratatzeko debekua.
1.3. Arau-hauste arinak:
Behar bezala eskuratu edo justifikatu ez den edo, entitate laguntzailearen kasuan, hartu den diru kopuruaren adinako isuna.
Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:
a) Bai onuradunaren kasuan, bai entitate laguntzailearen kasuan ere, urtebeteko epean, Atarrabiako Udalarengandik eta haren erakunde autonomoengandik dirulaguntzak hartzeko edo entitate laguntzaile izendatua izateko eskubidea galtzea.
b) Urtebeteko epean, Atarrabiako Udalarekin eta haren erakunde autonomoekin kontratuak izenpetzeko debekua izatea.
2. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hauste administratiboengatik aitzineko zehapen horiek ezartzeko, kontuan hartuko da:
a) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.
b) Eragindako kalteen izaera.
c) Berrerortzea, urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago eginez, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
3. Zehapenak ezartzea eta ordenantza honek aipatzen duen gisan arau-hausleari dirua itzultzeko eskatzea egintza independenteak izanen dira.
4. Administrazio zehapenak preskribatzeko epea lau urtekoa izanen da, zehapena paratzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da; nolanahi ere, alderdi interesdunak preskripzioaren deklarazioa eskatzen ahalko du.
29. artikulua. Zehatzeko ahalmena erabiltzeko eskumena duten organoak.
Dirulaguntza eman duten organoak dira zehapen prozedura abiarazteko eta ebazteko eskudunak.
30. artikulua. Erantzukizunak.
1. Ordenantza honen 2. eta 3. ataletan aipatu diren entitateetako kide, partaide edo titularkideek erantzun solidarioa emanen diote diru zehapenenari, bakoitzak bere partaidetzaren neurrian, haien entitatea ondasun komunitate bat edo bertze edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare bereizia izanez gero.
2. Diruzko zehapenari subsidiarioki erantzunen diote merkataritza-sozietateen administratzaileek, edo bertze pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek, aplikatzekoak zaizkien lege edo estatutu xedapenen arabera, ez badituzte egin beren esku zeuden beharrezko egintzak, konplitu gabeko betebeharrak bete zitezen, edo ez betetzea ahalbidetzen zuten erabakiak hartu badituzte, edo beren mendekoen ez-betetzeak eragotzi ez badituzte.
3. Desegin eta likidatutako sozietate edo entitateen kasuan, legeak bazkide, partaide edo titularkideen ondare erantzukizuna mugatzen badu, zehapen gauzatu gabeak horiei pasatuko zaizkie, eta zehapena betetzeko betebehar solidarioa izanen dute, esleitu zaien edo esleitu behar zitzaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.
4. Sozietateak edo entitateak desegin eta likidatu badira, eta legeak ez badu mugatzen bazkide, partaide edo titularkideen ondare erantzukizuna, betetzeko dauden zehapenak haiei pasatuko zaizkie, eta betebehar solidarioa izanen dute zehapen horiei dagokienez.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenbizikoa.–Dagokion informazio batzordeak diruz lagundutako jardueren behar den jarraipena eginen du, eta edozein unetan eskatzen ahalko ditu egokitzat jotzen dituen azalpenak eta dokumentazioa.
Bigarrena.–Gobernu Batzordeak argitu eta ebatziko ditu ordenantza honen ondorioz azaltzen ahal diren zalantzak, aldez aurretik kasuan kasuko alorrak edo batzordeak txostena eta/edo irizpena emanda.
Hirugarrena.–Ordenantza honen arabera emandako dirulaguntzek ez dute inolako kontratu harremanik sortuko –hots, izaera zibileko, laneko, administrazioko edo bertzelako kontraturik– Atarrabiako Udalaren eta dirulaguntzaren pertsona edo entitate onuradunaren artean.
Laugarrena.–Ordenantza honetatik kanpo gelditzen dira Atarrabiako Udalak eman ditzakeen dirulaguntzak, baldin eta oinarriturik badaude Udalaren eta mota guztietako bertze administrazio edo erakunde publikoen artean sinatutako hitzarmenetan edo berariazko erabakietan.
Halaber, ez da aplikagarria izanen Udalak bere eskumenekoak diren arloetako udal ekimeneko programak edo jarduerak gauzatzeko eman ditzakeen dirulaguntzetarako, betiere legearen arabera eman badira.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.
Iragarkiaren kodea: L2513868
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
