234. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

317E/2025 FORU AGINDUA, urriaren 27koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio lurzatiak biltzeko eta ureztapena modernizatzeko tresnen bidezko nekazaritza azpiegituretako jarduketari, Nafarroako Ubidearen 2. faseko XIV. eta XV. sektoreetan (Corella).

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak ezartzen du lurzatiak biltzea funtsezko elementua izanen dela azpiegituren arloko jarduketetarako, eta hori ingurumen arloko tramiteekin koordinatu behar dela juridikoki, eta aldi berean tramitatu, baita ureztalur bihurtzeko, ureztalurrak modernizatzeko eta bide eta saneamendu sareak egiteko obrekin ere. Lurzati bilketaren oinarrizko helburua izanen da ustiategiak eta, hala bada, ureztaketa unitateak eratzea, ingurumenaren, agronomiaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntuetatik bideragarriak.

Foru lege horretan xedatutakoaren arabera, nekazaritza azpiegituretako jarduketa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru agindu baten bidez hasiko da; jarduketa hori balizko onuradunek egindako eskaera arrazoituaren ondorioz abiatu daiteke, betiere baldintza zehatz batzuk betetzen badira.

2025eko abuztuaren 28an, Corellako (Nafarroa) Ureztatzaileen Elkarteak, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari zuzendutako 2025/1122096 erregistro-zenbakiko eskabidearen bidez, lurzatien bilketaren eta ureztalurren modernizazioaren hasiera eskatu zuen, Nafarroako Ubidearen 2. faseko XIV. eta XV. sektoreetan sartutakoena, zehazki. Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu dira:

–Sinaduren zerrenda.

–Corellako Udalak emandako aldeko txostena.

–Castejongo Udalak emandako aldeko txostena, eta

–Corellako Ureztatzaileen Elkarteak hartutako aldeko erabakia.

Sinaduren zerrendari dagokionez, jarduketa horien alde sinatu dute 126 nekazaritza-ustiategiren titularrek, hau da, Landa Garapeneko Departamentuaren mendeko Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden jarduketa-eremuko nekazaritza-ustiategien %70,39k (guztira 179 ustiategi dira). Corellako Udalak emandako aldeko txostena 2025eko ekainaren 17koa da; Castejongo Udalak emandako aldeko txostena 2025eko uztailaren 31koa da, eta Corellako Ureztatzaileen Elkarteak 2025eko abuztuaren 14an hartu zuen aldeko erabakia.

Ukitutako azalera 3.602 ha-koa da, Corellako Ureztatzaileen Elkartearen eremuan. Guztizko azalera horretatik, Corellako udal mugartean 3.454 hektarea daude, eta Castejongo udal mugartean, berriz, 148 hektarea.

Inguru horretako egoera sozial eta ekonomikoa ikusita, beharrezkoa da nekazaritza azpiegituretako jarduketa gauzatzea, lurzatiak bilduz eta ureztalurrak modernizatuz; horregatik, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du hasiera ematea Nafarroako Ubidearen 2. faseko XIV. eta XV. sektoreetan nekazaritza azpiegituretako jarduketari, zeinak Corellako eta Castejongo udal mugarteetako lursailei eragiten baitie.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Hasiera ematea lurzatiak biltzeko eta ureztapena modernizatzeko tresnen bidezko nekazaritza azpiegituretako jarduketari, Nafarroako Ubidearen 2. faseko XIV. eta XV. sektoreetan (Corella).

2. Hasiera batean jarduketaren xede izanen den eremuak 3.600 hektarea inguruko azalera izanen duela ezartzea, Corellako (Nafarroa) Ureztatzaileen Elkartearen eremuan, honako muga hauekin:

Iparraldean: Alfaroko udal mugartea (Errioxa).

Hegoaldean: Cintruenigoko udal mugartea eta Cintruenigoko Ureztatzaileen Elkartea.

Ekialdean: AP-15 Nafarroako autobidea, Tuterako udal mugartea eta N-232 errepidea.

Mendebaldean: Errege altxonbidea, Corellako El Villarretik Portillo de Santa Eugeniara, eta Corellako Pozoamargo alderdia.

Lurzatien bilketa egiteko eremu horren perimetroaren zehaztapena behin-behinekoa da, eta aldatzen ahalko da, handitzeagatik edo murrizteagatik, bai eta finka periferikoak eta baztertutako finkak sartzeagatik ere.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak espresuki baimena eman beharko du landaketa berriak egiteko, labore iraunkorrak ezartzeko, bertan eraikitzeko edo inguru horretako etorkizuneko egituretan eragina izan dezakeen beste edozein ekintzatarako.

4. Jabeei eta nekazariei adieraztea Nafarroako ohiko nekazaritzako jardunbide egokien arabera landu beharko dituztela alorrak. Horretaz gain, ezin izanen dituzte obrak hondatu, zuhaitzak eta zuhaixkak moztu, bota edo erre, ez eta landaketak edo labore iraunkorrak zainetik atera edo kendu, lurra elkortu, ez eta lurzatien balioa murrizten ahal duen ekintzarik egin ere.

5. Interesdunek lurzatien egoera juridikoa zehazteko eta lurrak sailkatzeko dituzten edo behar diren datu guztiak aurkeztu beharko dituzte Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.

6. Hasiera ematea lurrak sailkatzeko eta lurzatien egoera juridikoa zehazteko lan teknikoei eta aholku batzordea eratzeko tramiteei.

7. Baimena ematea inguru horretan garatu nahi den oinarrizko proiektua erredaktatzeko.

8. Foru agindu hau Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta INTIA SA enpresara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Foru agindu hau Corellako Udalari, Castejongo Udalari eta Corellako (Nafarroa) Ureztatzaileen Elkarteari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko urriaren 27an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2514391