1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2034E/2025 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2025eko azaroaren 3ko 00:00etatik 2025eko azaroaren 16ko 24:00etara egitekoa den greba dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena eta haiek artatzeko behar diren langileak zehazten dituena.
Sindicato Médico de Navarrak (SMN) greba deialdia egin du, zeinak eragina izanen baitu Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Oinarrizko Osasun Laguntzako osasun arloko fakultatiboak diren langile eta enplegatu publikoek –prestakuntzan daudenak barne– egiten dituzten lan jarduera eta jarduera funtzionarial guztietan. Greba 2025eko azaroaren 3ko 00:00etatik 2025eko azaroaren 16ko 24:00etara eginen da.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da herritarren funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.
Argudio horiek ikusita, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da estaltzea iragarritako grebak dirauen bitartean.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xede: 2025eko azaroaren 3ko 00:00etatik 2025eko azaroaren 16ko 24:00etara egitekoa den greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako osasun arloko fakultatiboen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.
Greba Batzordeak alegazioak aurkeztu ditu urgentziazkoak ez diren pazienteen hitzorduak aldez aurretik bertan behera utz daitezen eta beste egun batzuetako agendetan dauden hutsuneetan koka ditzaten. Era berean, alegatu dute gutxieneko zerbitzuetan dauden medikuek ez dituztela artatuko aurrez hitzordua duten agendetako pazienteak, eta urgentziazkoak eta atzeraezinak diren kasuak dituzten pazienteak baino ez dituztela aztertuko. Alegazio hori ez dago lotuta gutxieneko zerbitzuak finkatzearekin; aitzitik, greba egiten ez duten eta beren lantokira libreki joatea erabakitzen duten langileek greba-egun horretan izanen duten jardunari buruz ari da, edo gutxieneko zerbitzu gisa izendatutako langileen jardunari buruz, baina ez du zalantzan jartzen gutxieneko zerbitzuak betetzeko egin den izendapena. Hartara, ezin da onartu.
Bestetik, posible da BAME langileak gutxieneko zerbitzuetan sartzea. Izan ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an gai honi buruz emandako 318/2019 apelazio-epaiak errebokatu egin du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren 2019ko uztailaren 10eko 191/2019 epaia, zeinak langile horiek sartzea galarazten baitzuen. Epai horrek, gainera, adierazten du ezen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 405/2019 Ebazpenaren bidez ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta, Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea, eta errekurritutako ebazpena ordenamendu juridikoaren araberakoa dela.
Horren haritik, zehaztu behar da Auzitegi Gorenak, Administrazioarekiko Auzien Salako Laugarren Atalaren 1523/2021 Epaiaren bidez, ezetsi egin duela SMNk apelazio-epai horren aurka jarritako kasazio-errekurtsoa, eta adierazi duela epai horrek ez duela ordenamendu juridikoa urratzen. Hain zuzen, zuzenbideko oinarrietatik bosgarrenean, onarpen autoan planteatutako auziari emandako erantzunari dagokionez, honako hau dio: "Onarpen autoan planteatu den jurisprudentzia osatzeko kasazio-interes objektiboaren gaiari erantzun beharraz, adierazten dugu barneko mediku egoiliarrak sar daitezkeela kontratu bidez lotuta dauden ospitale-zentroan iragartzen diren osasun langileen grebetan ezarri behar diren gutxieneko zerbitzuetan".
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko esparruetako kudeatzailetzetan eta zuzendaritza asistentzialetan ezarriko diren funtsezko gutxieneko zerbitzuen edukiari buruz galdetu zen.
Hori horrela, orain arte ezarritako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan jarraitu den irizpidea bat dator greba eskubidea mugatzeari buruzko erabaki jurisprudentzialekin, osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean. Era horretan, bi errealitate hauen arteko proportzionaltasun printzipioa betetzen da: batetik, funtsezko zerbitzu horien erabiltzaile edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik, greba egin nahi dutenei inposatzen zaizkien sakrifizioak. Izan ere, grebak komunitatearen interesari egindako kalteak ez du gainditu behar sen onak agintzen duena.
Aipatutako epaiek dioten gisara, kontuan hartu da grebak lurraldez nahiz jendez duen hedadura, bai eta grebak ukitzen dituen eta Konstituzioak babesten dituen eskubideak edo ondasunak ere. Beraz, erabilitako irizpidea izan da, dauden langileak oinarri harturik, osasun laguntzaren sektorean gutxieneko langile kopurua ezartzea biztanleriari funtsezko osasun prestazioak segurtatzeko.
Esparru bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta esparru bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:
1.–Oinarrizko Osasun Laguntza:
Oinarrizko osasun laguntzako taldeetan, eguneroko eskariaren araberako arreta ematen da, eta (goizez) osasun eskualde oinarrizko bakoitzean gertatzen diren larrialdiak artatzen dira; mediku bakoitzak 1.500 paziente inguru ditu, eta pediatra bakoitzak 1.100 haur. Hortaz, oinarrizko osasun laguntzako talde bakoitzak profesionalak eduki behar ditu goizeko ordutegian gertatzen ahal diren larrialdiei erantzuteko, eta larrialdia ez izan arren atzeratu ezin den laguntza emateko, bai eta paziente kronikoak artatzeko eta beharrezkoak diren etxez etxeko bisitak egiteko ere.
Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta ordutegi guztirako, goizeko nahiz arratsaldeko txanda bakoitzean, familia mediku bat eta pediatra bat egonen dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.
Etengabeko arretako ordutegian, gutxieneko zerbitzuek langile guztiei eragiten diete etengabeko eta larrialdietako arreta emateko.
Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren esparruan, herritarrei arreta emateko etengabeko arretako 21 gune erabiltzen dira, geografia osoan banatuak. Horietatik 4k medikuntzako bi profesional dituzte, eta gainerako 17ak pertsona bakarrekoak dira. 72 profesional inguru behar dira.
Azkenik, Aho-hortzen Osasunean 12 odontologo daude eta, goian adierazitako irizpideari eutsiz, 2 odontologo egonen dira gutxieneko zerbitzuetan, bat goizeko txandan, eta bestea arratsaldeko txandan.
2.–Lizarrako Osasun Barrutia:
Lizarrako Osasun Barrutian, aztergai honi dagokionez, Oinarrizko Osasun Laguntzako laguntza eskaintzen da.
Oinarrizko Osasun Laguntzak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, oinarrizko osasun laguntzaren jardunerako gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoan.
Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.
Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.
3.–Tuterako Osasun Barrutia:
Tuterako Osasun Barrutian, aztergai honi dagokionez, Oinarrizko Osasun Laguntzako laguntza eskaintzen da, funtsean.
Kasu honetan ere, Oinarrizko Osasun Laguntzak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi, oinarrizko osasun laguntzaren jardunerako gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoan.
Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.
Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.
4.–BAME langileak gutxieneko zerbitzuetarako izendatzeari dagokionez:
Aipatu da jada Auzitegi Gorenaren 1523/2021 Epaia, Administrazioarekiko Auzien Salaren Laugarren Atalak emana, ezetsi egiten duena SMNk jarritako kasazio-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an emandako 318/2019 apelazio-epaiaren aurka jarria. Epai horrek, hain zuzen, errebokatu egin zuen Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak 2019ko uztailaren 10ean emandako 191/2019 epaia eta deklaratzen du Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea.
Orobat, esparru bakoitzari bere iritzia ere eskatu zitzaion, arretari dagokionez. Horren ondorioz, honako hau ikusi da:
Edozein egunetako etengabeko arretan, zentroko profesional espezialistak eta BAME langileak aritzen dira. Zentroek uste dute funtzionatzeko modu hori oso errotuta dagoela eta arreta segurua eta kalitatezkoa bermatzen duela. Gainera, haien ustez, greba egoeretan ere funtsezkoa da etengabeko arreta ona izatea, eta, horretarako, antolaketa-eredu berdinari eutsi behar zaio, aldatuz gero nahi gabeko disfuntzioak sor daitezkeelako larrialdiak artatzean.
BAME langileak lan-kontratudunak dira, eta prestakuntzan egotea ez da arrazoi aski gutxieneko gisa izendatuak ez izateko; izan ere, guardia medikoak egitea oso garrantzitsua da prestakuntzaren ikuspegitik. Are gehiago, beren prestakuntza-programetan gutxienez zenbat guardia egin behar dituzten agertzen da.
BAMEek etengabeko arretaren gutxieneko zerbitzu gisa egin beharreko jarduera hori ez da normalean egiten dutenaz bestelakoa. Ez da haien jarduera handitzen espezialistak ordezteko. Espezialisten eta BAMEen arteko proportzioa ez da aldatzen.
Azken batean, BAME langileak funtsezkoak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak egiteko, eta haien prestakuntza beharrak ez dira horretarako oztopo, betiere beren estatutua eta funtzioak errespetatzen badira.
Funtsezko zerbitzuak zehazteaz ari garenean, Oinarrizko Osasun Laguntzako osasun arloko fakultatiboei buruz ari gara, prestakuntzan dauden langileak ere barne, langileen sektore hori baitago grebara deituta.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Sindicato Médico de Navarrak (SMN) grebarako deia egin du 2025eko azaroaren 3ko 00:00etan hasi eta 2025eko azaroaren 16ko 24:00ak arte. Grebak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako osasun langile fakultatiboen (prestakuntzan ari direnak barne) kolektiboko langile publikoek betetzen dituzten jarduera guztiei eraginen die, eta ondotik zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak errespetatuz eginen da:
Oinarrizko Osasun Laguntzaren arloan, hauxe izanen da lan araubidea:
Oinarrizko osasun laguntzako taldeetan:
a) Ohiko lanaldian.
Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta funtzionamendu ordutegi guztirako, lan txanda bakoitzean (goizekoa eta arratsaldekoa), familia mediku bat eta pediatra bat izendatuko dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.
Etengabeko arreta emateko toki bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako zenbat toki edo talde dauden, horrenbeste familia mediku egonen dira gutxienez.
b) Etengabeko arretarako ordutegian.
Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea.
Ospitalez Kanpoko Larrialdien Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:
Oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea.
Aho-hortzen osasuna:
odontologo bat goizeko txandan eta odontologo bat arratsaldeko txandan.
2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.
3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
4. Ebazpen hau Greba Batzordeari jakinaraztea.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari; eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluarekin, eta aintzat hartuta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.
Iruñean, 2025eko urriaren 30ean.–Zuzendari kudeatzailearen kargua hutsik dagoenez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendaria, Nancy Nelly Gonzalo Herrera (irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretua).
Iragarkiaren kodea: F2514179