233. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CAPARROSO

Caparrosoko laborantzako herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Caparrosoko Udalak, 2025eko abuztuaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Caparrosoko laborantzako herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespena argitaratu zen 2025eko 179. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 9an, eta ondoren jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean. Epe hori iragan da, eta ez da aurkeztu erreklamaziorik, kexarik edo oharrik; beraz, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat jotzen da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da ordenantzaren testu osoa, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluei.

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu eta biharamunean.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetako bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Caparroson, 2025eko urriaren 30ean.–Alkatea, Carlos Alcuaz Monente.

CAPARROSOKO LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Laborantzako herri-lurrak arautzeko ordenantza berri hau, funtsean, egin da herritarrentzako zuzeneko adjudikazioen banaketa-sistema foru araudian xedatutakora egokitzeko, zozketa ezabatuz banaketa-modu gisa. Izan ere, bai Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, 154. artikuluan, bai Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak, 171. artikuluan, honako hau ezartzen dute:

"Toki entitateak erabakiko du zein izanen den herritarrentzako zuzeneko adjudikaziorako loteen azalera, lehentasunezko adjudikazioa egin ondotik, kontuan hartuta laborantza-lurretatik zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan, edo ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan, adjudikaziodunak laborariak balira".

Bestalde, egungo ordenantzan antzeman da badaudela zenbait gai modu espezifikoagoan arautu beharrekoak, hala nola zehapen-prozedura, baratze-lurzatien adjudikazioa, ur-gastuen ordainketa edo lurzatiak trukatzeko aukera, besteak beste. Baita egungo ordenantzaren artikuluetan agertzen diren bat ez etortzeak doitzeko beharra ere.

Egungo ordenantzan egin beharreko aldaketa kopurua oso handia denez, erabaki da gaia arautuko duen ordenantza berri bat egitea.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregula daitezen Caparrosoko Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapena, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.

2. artikulua.

Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua.

Herri-lurretako ondasunak enbargaezinak, preskribaezinak eta besterenezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik izanen beren izaera nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua.

Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua), Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, ordenantza hauek eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatuko arauak; ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua.

Herri-lurretako ondasunen gaineko eskumenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Caparrosoko Udalari dagozkio, erregelamendu honetan ezartzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen gainean Caparrosoko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren onespena beharko dute soilik Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) ezarritako kasuetan.

6. artikulua.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Caparrosoko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, lehentasuneko aukerak izan arren.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Caparrosoko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Desafektazioa egiteko prozedura izanen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduaren (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) 143.ean eta hurrengoetan ezarritakoa.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua.

Caparrosoko Udala ahaleginduko da herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua.

Caparrosoko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua.

Caparrosoko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua.

Caparrosoko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespena beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua.

Caparrosoko Udalak administrazio bidea erabiliko du; betiere, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua.

Caparrosoko Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala jarriko dira indarrean, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua.

Caparrosoko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua.

1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea.

b) Caparrosoko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea sei urte lehenagotik.

c) Caparroson urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Caparrosoko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

Baldintza horiek guztiak bete beharko dira aprobetxamenduen adjudikazioa hartzeko, eta betetzen jarraitu beharko dira adjudikazioak irauten duen bitartean.

Baldintzaren bat betetzen ez bada, espedientea tramitatu ondoren, herri-lurzatiak kenduko zaizkio adjudikaziodunari gelditzen den adjudikazio aldi osorako; lurrak, dauden bezala, Udalaren esku geldituko dira, kalte-ordainik jasotzeko edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren: betiere, haien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Adjudikazioak irauten duen bitartean, familia-unitateko kideen artean eskualdatzen ahal dira herritarren artean adjudikatzen diren loteak, baldin eta titular berriak artikulu honetako baldintza guztiak betetzen baditu eta Udalak aldez aurretik baimentzen badu esku-aldaketa.

4. Artikulu hau ulertzeko sor daitezkeen zalantzak Caparrosoko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, herri-lurren batzordeak edo lantaldeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

15. artikulua.

Caparrosoko laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan adjudikatuko dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Caparrosoko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Caparrosoko Udalak laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK

16. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek Ondasunen Erregelamenduko 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, lurrak errentan edo beste tituluren baten bidez edukitzea, toki mailako zergak ordaindu behar dituzten ondasunen gaineko kapital zergapegarria, ohiko etxebizitzari dagokiona kenduta, jarduera ekonomikoetan aritzeagatik norberak duen tokiko zerga oinarria, abere aberastasuna eta gisako izaera duen beste edozein.

17. artikulua.

1. Lote mota bakoitzaren azalerak eta modalitateak honako hauek dira:

–1. lotea, lehorreko lurrak: 200 erregu inguru.

–2. lotea, lehorreko lurrak: 200 erregu inguru.

–3. lotea, tradiziozko ureztalurrak: 30 erregu inguru.

–4. lotea, aspertsiozko ureztalurra (Sarda, Balsilla Marín eta Sotillo): 50 erregu inguru.

–5. lotea, aspertsiozko ureztalurra (Saso Nuevo): 80 erregu inguru.

–Nekazaritza ekologikoko lotea: Laborantza ekologikoan interesa duten eskatzaileak egonez gero, beren eskabideetan adierazi beharko dute, eta Udalak mota horretako laboreetarako lurrak eskainiko ditu. Ekologikorako adierazitako eremuak errespetatuko dira, baldin eta eskatzaileak badaude; bestela, eremu horiek labore tradizionaletarako erabiliko dira.

2. Zehazteko zer lote emanen zaizkien 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko loteari:

a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hots, lote bat.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hots, 2 lote.

c) Zazpi eta bederatzi kide bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hots, 3 lote.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hots, 5 lote.

18. artikulua.

Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten familia-unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Caparrosoko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 16. eta 17. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

19. artikulua.

Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da. (Epeak kontatzeko, urte naturala).

Zortzi urteko adjudikazio orokorren ondoren egiten diren adjudikazio guztiak, familia-unitatearen titularra aldatu delako, loteari uko egin zaiolako erretiroa dela-eta edo beste edozein arrazoirengatik, bai eta erreserbako lurraren onuradun berriei urtero egiten zaizkien adjudikazioak ere, adjudikazio orokorren aldia amaitzen den egunean amaituko dira. Hau da, ondorengo adjudikazio horien indarraldia ez da zortzi urte osokoa izanen; aitzitik, epe orokorra amaitu arte geratzen den denborarako adjudikatuko dira.

20. artikulua.

Herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu mota honengatik ordaindu beharreko kanona 28. artikuluan ezarritako zenbatekoen %50 izanen da.

21. artikulua.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

22. artikulua.

Araudi honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo haren familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatakorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Caparrrosoko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

23. artikulua.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Caparrosoko Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Caparrosoko Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Caparrosoko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte; era berean, azpierrentamenduan, apartzerian edo lagapenean parte hartzen dutenei, edo adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki parte hartu gabe laborantzan dabiltzanei.

Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

24. artikulua.

Caparrosoko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki gauzatzen dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan iritziko zaio lurra ez dela zuzenean eta pertsonalki lantzen:

–Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen udal-zerbitzuen edo lantaldearen edo organo baliokidearen txosten baten arabera, herri-lurretan adjudikatutako lurzatiak ez badira lantzen ordenantza honen 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatu bezala.

–Lurra landu, lehengaiak erosi eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkeztea eskatu ondoan, Caparrosoko Udalak agindu epean aurkezten ez dituztenean.

–Nekazaritzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, hori egitera beharturik daudelarik.

–Nekazaritzako makineria izanik, adjudikatu herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

–Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan ematen dietenean.

–Lurzatiak bere familia-unitatez kanpoko pertsona baten NPBren aitorpenean aitortuta dituzten adjudikaziodunak. Hori egiaztatzeko asmoz, adjudikaziodun guztiek aurkeztu beharra dute udaletxe honetan, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, NPEren aitorpenaren kopia bat, edo aitorpen hori egin ez izanaren idazki bat.

–Adjudikazioan hartutako lehorreko lotearen %100 lantzen ez dutenak, baldin eta horrek bi orriak baditu (urtekoa eta txandakatua). Zehapena ezarriko zaie arau hori betetzen ez dutenei.

–Adjudikazioan hartutako lehorreko lotearen %80 gutxienez lantzen ez dutenak, bakarrik lehorreko orria badute.

2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK

25. artikulua.

Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean.

26. artikulua.

Kontzejuak erabakiko du zein den herritarren arteko adjudikazio zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko adjudikazioa egin ondotik, zenbateko nekazaritzako azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; adjudikaziodunak nekazariak badira, haien ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan. Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, jarraikiko zaie ordenantza honen 16.3 artikuluan ezarritako irizpide berei.

27. artikulua.

Adjudikazio-epea 19. artikuluan adierazitako bera izanen da.

28. artikulua.

Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hauek ordainduko dituzte, aprobetxamendu modu honetan:

a) Ureztalurreko loteak:

SOTO BARATZEA HERRIAREN AURREAN

43,67 euro/erregu

Tradiziozko SOTO UREZTALURRA

43,67 euro/erregu

Ura Udalaren kontura

SARDA, B.MARIN UREZTALURRA, aspertsioa (aurreko lurzatietako bi)

36,39 euro/erregu

Ura adjudikaziodunaren kontura

SOTILLO UREZTALURRA, aspertsioa

36,39 euro/erregu

Ura adjudikaziodunaren kontura

SASO NUEVO UREZTALURRA, aspertsioa (80 erregu inguru)

54,60 euro/erregu

Ura adjudikaziodunaren kontura

b) Lehorreko lurren loteak: 200 erregu inguru orri bakoitzeko (bi orri lote bakoitzeko, hau da, 400 erregu inguru lote bakoitzeko), Caparroson urtekoa eta txandakatua deitzen den ereintza sistemaren arabera (urte batean orri batean eraiten da, eta beste orria lurgorri uzten, eta hurrengo urtean alderantziz egiten da):

LEHEN MAILAKO LEHORREKO LURRA

3,64 euro/erregu

BIGARREN MAILAKO LEHORREKO LURRA

2,43 euro/erregu

HIRUGARREN MAILAKO LEHORREKO LURRA

1,45 euro/erregu

Untxiek kaltetutako lurrak*

2025erako proposatu zen kanonari dagokio zenbateko hori, eta urtero eguneratuko da, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen indizearen arabera.

(*) Untxien kalte-maila handiarekin kategorizaturiko lurraren prezioa jaitsi egiten da; horrenbestez, ezin da untxien kalteen erreklamaziorik aurkeztu.

29. artikulua.

Adjudikaziodunek beren gain hartu beharko dituzte ureztatze-gastuak, ur-kontsumoa eta edozein zirkunstantziagatiko kostuaren edozein igoera barne, bai eta ureztatze-azpiegituren mantentze-, kontserbazio- eta funtzionamendu-gastu finkoak ere. Beren kontura izanen dira, halaber, barne-instalazioetako matxurak konpontzea, bai eta ureztatzaile-erkidegoek Caparrosoko herri-enpresari ura gaizki erabiltzeagatik edo adjudikaziodunek egindako arau-hausteengatik ezar diezazkioketen zehapenak ere.

Eragin hori herri-lur guztiei aplikatuko zaie –Cascajos/Balsilla Marín, Pozo Agudo/Sarda, Saso eta Sotillo bazkalekuak–, eta ur-hargunetik eta lurzatiaren barrualderantz sortutako gastu guztiak barne hartuko ditu, honako irizpide hauen arabera:

a) Ur-harguneei eginiko kalteetan, haiek eragin dituztenak izanen dira erantzule. Egiletza zehazterik ez badago, eragindako sektoreko ureztatzaileek erantzukizuna solidarioki hartuko dute beren gain.

Ureztatzaileen kontura izanen dira ur-harguneetatik abiatzen diren instalazioen mantentze-lanak: herri-lurzatiko ureztaketa sarea, barneko balbulak, iragazkiak, aspertsoreak, programadoreak, bateriak, kutxetak eta kutxeten estalkiak eta abar.

Ureztatze-kanpaina amaitzean, ureztatzaileek bateriak desmuntatu eta kendu beharko dituzte, lursailetako hodiak hustu eta garbitu beharko dituzte, eta programatzaileen estalkiak itxi beharko dituzte, izozteek kalterik eragin ez dezaten.

Ezin dira bideen ondoko aspertsoreen xaflak tolestu edo aldatu, uraren noranzkoa aldatzeko.

b) Materiala jatorrizko elementuen ezaugarri eta balio bereko elementuekin ordeztu beharko da.

c) Sare orokorraren eta ureztatze-egitura komunen mantentze-, kontserbazio- eta funtzionamendu-gastuak ere adjudikaziodunei egotziko zaizkie, eta proportzionalki banatuko dira adjudikatutako azaleraren arabera.

Caparrosoko Udalak bere gain hartuko ditu soilik bere titulartasunekoak eta erabilera komunekoak diren egiturazko ureztatze-elementuen konponketa puntualen ondoriozko gastuak, baldin eta ezin bazaizkio egotzi ureztatzaileen behar ez bezalako erabilerari.

30. artikulua.

Adjudikaziodunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte lurrak. Horretarako, jarraituko zaio 21., 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari.

31. artikulua.

Caparrosoko Udalak laborantzarako herri-lurren azalera osoaren %5 gainditzen ez duen eremu bat gordetzen ahal du onuradun berriei adjudikatzeko. Udalak herri-lur horiek zuzenean edo enkante publikoaren bidez adjudikatzen ahalko ditu behin-behinekoz eta indarrik gabe utzi, lehentasuna duen onuradun berri bati laga beharrez, baina horrela bada adjudikazioaren baldintzetan espresuki adierazi beharko da.

32. artikulua.

Zainzurietarako lehorreko lurretako nahiz ureztalurretako ereduko loteen adjudikazio hartzaile bihurtuz gero, ezin izanen da laborantzako herri-lurretan beste inongo aprobetxamendurik hartu.

33. artikulua.

Aurkeztutako eskaerek lurren eskaintza gainditzen badute, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, ezetsiko dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak. Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, jarraituko zaie ordenantza honetako 16.3 artikuluan ezarritako irizpide berei.

34. artikulua.

Caparrosoko Udalak erregu bateko familia baratzeak esleitzen ahal dizkie familia-unitateen titularrei; betiere, hori eskatu badute eta erreparatu gabe herri-lurretako beste aprobetxamenduen onuradun diren edo ez, halako baldintzei jarraikiz:

a) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da 21. eta 22. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) Adjudikazioa zortzi urterako izanen da.

Caparrosoko Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herri-lurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

c) Caparrosoko Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

d) Baratze lurzati bat baino gehiago dituztenei bat kenduko zaie lurzatiak behar direnean eskatzaile berriei adjudikatzeko. Horrek ondorioak izanen ditu baratzea adjudikatzeko eskaera egiten den urteko abenduaren 31tik aurrera.

e) Nahitaezkoa da baratzeko lurzatiak ("partikak") funtzionamenduan, landuta eta garbi edukitzea. Baratze horien aprobetxamendu egokia egiten ez dela ulertuko da lurzatiak zikin eta egoera txarrean badaude. Baratzeak egoera txarrean edukitzea ez da mesedegarria interes orokorrerako; izan ere, aldameneko lurzatiei kalte egiten dieten izurriteak (barraskiloak, bareak edo saguak) kontrolik gabe ugaltzen laguntzen du. Gainera, beste auzokide batek ezin du behar bezala aprobetxatu. Horregatik, betebehar hori betetzen ez dutenei zehapena ezarriko zaie: lurzatiak kenduko zaizkie.

3. ATALA.–UDALAK ZUZENEAN USTIATZEA EDO ENKANTE PUBLIKOA EGITEA

35. artikulua.

Caparrosoko Udalak, Lehen eta Bigarren Ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Hasierako prezioa izanen da urte hartan herritarrentzako zuzeneko adjudikazioan erregu bakoitzeko ezarritako kanona, eta urtez urteko igoera berberak izanen ditu.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Caparrosoko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

36. artikulua.

Caparrosoko Udalaren osoko bilkurak erabakia hartu ondoren, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eta iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, udalaren iragarki-taulan eta udal-webgunean, eskubidea dutela uste duten guztiek idatziz eska dezaten herri-lurzatien adjudikazioa, argi eta garbi adierazita zer aprobetxamendu mota eskatzen duten.

37. artikulua.

Eskabideekin batera zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da, edo frogagiriak, honako hauen gainean:

a) Caparrosoko bizilaguna izatea, gutxienez ere sei urte lehenagotik, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Caparrosoko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Jabetzan dituzten laborantzako lurren azalera, eta laborantza motak.

e) Errentan edo jabetza ez den beste titulu baten bidez lantzen dituzten lurrak, eta laborantza motak.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren landa-lurreko eta hiri-lurreko zergapeko kapitalak, kenduta norberaren ohiko etxebizitzari dagokiona, bai Caparrosoko mugartean bai beste batzuetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzak duen abelburu kopurua eta abere-espeziea.

h) Aurreko ekitaldi ekonomikoko errenta aitorpenaren kopia, edo familia-unitateko kide bakoitzak lortzen dituen diru-sarrerak egiaztatzeko edozein agiri.

i) Ordenantza honen 60.8 artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkera aplikatzeko asmoz, eskatzaileek ondoko puntuetako ziurtagiriak aurkeztuko dituzte Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Nafarroako ubideko eremu ureztagarri gisa definitutakoak ureztalur bilakatzeko onetsitako proiektuetan zehaztutako jarduketa perimetroetan sartzen diren lurren kasuan: Lehena: nekazari gazte batek zuzentzea nekazaritza-ustiategia, edo nekazari gazte bat izatea lanean. Bigarrena: nagusiki nekazari denak edo direnek osatuta egotea ustiategia.

j) Familia-unitateko kideren bat beste udalerri batean erroldatua badago, ziurtagiria aurkeztu beharko du, beste udalerri horretan herritar gisa edo haren herri-lurretan eskubiderik ez duela erakusteko.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Caparrosoko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 16.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. artikulua.

Herri-lurren Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Erregelamendu honen 14., 16. eta 21. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Udalak, osoko bilkuran, erregelamenduaren 15.b) eta c) artikuluan ezarritako moduen artean adjudikatuko ditu herri-lurren aprobetxamenduak.

39. artikulua.

Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten edo, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

40. artikulua.

Alegazioak edo zuzendu beharreko akatsak aurkeztuz gero, Osoko Bilkurak herri-lurretako batzordearen edo lantaldearen txostena jaso ondoren, haiei buruzko ebazpena emanen du, beharrezko arrazoiak azalduta, eta adjudikazio modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

41. artikulua.

Herri-lurrak adjudikatzeko, honako prozedura honi jarraituko zaio:

a) Lehenik eta behin, lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak, ordenantza honen 16. eta 18. artikuluetan ezarritako sistemaren arabera.

b) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak banatu ondoren, zuzenean adjudikatuko zaizkie herritarrei geratzen diren laborantzako herri-lurrak (25. artikuluan daude adierazita). Loteen azalera zehazteko, alderantzizko proportzionaltasun irizpideak erabiliko dira, oinarri hartuta familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbiak edo nekazaritzako ustiategien tamaina, adjudikaziodunak nekazariak badira, ordenantza honen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Udalak osoko bilkuran hartuko du behin betiko adjudikazio erabakia, adjudikaziodunen behin betiko zerrenda onesten duenean, eta interesdunei jakinaraziko die.

42. artikulua.

Lurzatiak trukatzeko, Udalaren aldez aurreko baimena beharko da, eta honako prozedura honi jarraikiko zaio trukeak egiteko:

a) Adjudikaziodunek astebeteko epean aurkeztuko dituzte truke-eskaerak, egokitu zaien lotea ezagutzen den egunetik zenbatzen hasita.

b) Udalak hamar egun balioduneko epea irekiko du jendaurrean, iragarki-taulan iragarkia jarrita, eskatutako trukeen aurkako alegazioak aurkeztu ahal izateko.

c) Alegazioak aurkezteko epe hori igarotakoan, Udalak horien gaineko erabakia hartuko du, eta eskatutako trukeei buruz bidezkoa dena ebatziko du.

III. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

43. artikulua.

1. Caparrosoko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

d) Udalerrian lanpostuak eta aberastasuna sortzen dituzten proiektuak.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen araudia onesteko.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Udalak erabakia hartzea aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten ahal zaizkien kalte eta galerengatik jasotako kalteordainak ere, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

44. artikulua.

Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

45. artikulua.

Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

46. artikulua.

Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauetan ezarritakoari jarraikiko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. eta 178. artikuluak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoa den araudia.

47. artikulua.

Alkateari dagokio zehatzeko ahala erabiltzea. Behar den prozedura instruituko da zehapenak jartzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

48. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteakarinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

1.–Arau-hauste arintzat hartzen dira honako egitate hauek:

a) Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako beste edozein egitate edo egintza, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatu ez dena.

2.–Arau-hauste astuntzat hartzen dira honako egitate hauek:

a) Herri-lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

b) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

c) Nekazaritzako lanak egitea erregelamendu honek baimentzen ez dituen sasoietan, larreen ustiapenaren kaltetan.

d) Adjudikazioetan edo urteko eta aldiko txandetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

e) Beste lurzati batzuetatik bereizteko ezpondak lantzea, Udalaren berariazko baimena eduki gabe.

f) Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioak egiteko makineria erabiltzea horretarako.

g) Lurzatietako ureztaketa ez zaintzea eta ez kontrolatzea, eta horren ondorioz bideak eta aldameneko lurzatiak ureztatzea.

h) Lurzatiak ureztatzea horretarako txanda izan gabe.

i) Adjudikazioa eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

j) Herri-lurretan plastiko ez-biodegradagarriak erabiltzea, adjudikazio-modalitatea edozein dela ere.

k) Ez biltzea edo erretiratzea plastikoak, ontziak, bidoiak eta horrelakoak adjudikatutako lurzati, sarbide edota altxonbideetatik.

l) Lehorreko lurzatiak uztea landu edo erein gabe, horretarako behar den denboran, laborantza/lugorri txandak bete gabe.

ll) Adjudikazioan hartutako lehorreko lotearen %100 ez lantzea, baldin eta horrek bi orriak baditu (urtekoa eta txandakatua). Edo ez lantzea adjudikazioan hartutako lotearen %80 gutxienez, bakarrik lehorreko orri bat badute, eta urte horretan laborantza egin behar bada.

m) Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, lurzatien adjudikaziotik onura atera nahirik edo laborantza egiaztatzeko egiten diren frogapenetan datuak ezkutatu edo faltsutu nahirik.

3.–Arau-hauste oso astuntzat hartzen dira honako egitate hauek:

a) Norberak zuzenean ez lantzea adjudikatutako lurzatiak.

b) Laborea beste batzuei apartzerian edo errentan ematea edo lagatzea.

c) Ezarritako epeen barrenean ez ordaintzea kanona, zaintza, ureztaketa kostuak edo erregelamenduz ezartzen diren bestelako tasak.

d) Adjudikazioa iraungitzea ekartzen du 14.1 artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzeak, honako hauek alegia: b) Caparrosoko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, c) Caparroson urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea, d) Caparrosoko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Landatzea bideak edo altxonbideak, edo txaradia luberritzea (erromeroa, milazka etab.).

f) Baratzeetarako lurzatiak ("partikak") landu gabe edo garbitu gabe edukitzea, eta ez betetzea ordenantza honen 34.e) artikuluan ezarritako betebeharrak.

49. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan, eta arinek sei hilabeteren buruan. Falta oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, falta astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta falta arinetan ezartzen direnek urtebetean.

50. artikulua. Iraungipena.

Zehapen prozeduran ebazpen espresua eman eta jakinarazteko epea, gehienez, sei hilabetekoa izanen da, espedientea irekitzeko ebazpen administratiboa ematen den egunetik hasita. Ebazteko eskumena duen organoak erabakitzen ahalko du, ebazpen administratibo arrazoitu baten bidez eta behar bezala justifikatutako arrazoi batengatik, ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea luzatzea, baina, betiere, prozedura izapidetzeko ezarritako epea gainditu gabe.

51. artikulua.

Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

1.–Arau-hauste arinak:

–60,00 eta 300,00 euro bitarteko isuna.

2.–Arau-hauste astunak:

–301,00 eta 600,00 euro bitarteko isuna.

3.–Arau-hauste oso astunak:

–a), b) eta c) Adjudikazioa iraungitzea eta 601,00 eta 1.200,00 euro bitarteko isuna.

–d) Lurzatiak kentzea gelditzen den adjudikazio aldi osorako; lurrak, dauden bezala, Udalaren esku geldituko dira, kalte-ordainik edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.

–e) 601,00 eta 1.200,00 euro bitarteko isuna.

–f) Emakida azkentzea.

Hori guztia, ondasun publiko edo lurretan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek Zuzenbidearen arabera ordainduko baitituzte behar diren zenbatekoak.

BESTE XEDAPEN OROKOR BATZUK

52. artikulua.

Herri-lurzatiak 19. eta 27. artikuluetan ezarritako eperako adjudikatzeko banaketa orokorra egin ondoren, 31. artikuluan aipatzen diren adjudikazio berriak eginen dira urtero onuradun berrientzat, %5eko erreserbarekin eta hutsik geratu diren lurzatiekin.

53. artikulua.

Emakida berrien bidez herri-lurzatiak adjudikatzeko urteko prozedura hori, aurreko artikuluan aipatutakoa, Udalaren Osoko Bilkurak finkatzen duen egunean eginen da, aldez aurretik ediktuan finkatutako eskaerak onartuta. Eskabide horiek Udalaren iragarki-taulan eta udalaren web-orrian jarriko dira ikusgai, ordenantza honen 4. tituluko 2. kapituluko laugarren atalean (37. artikulutik 42.era) ezarritako prozeduraren arabera.

54. artikulua.

a) Herri-lurretako edozein lurzati adjudikatzean, hura landuta badago, adjudikaziodun berriak aurrekoari egindako lanen zenbatekoa ordainduko dio, dagokion peritazioa egin ondoren.

b) Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko adjudikaziodunarena izanen da uzta jaso arte, eta orduan onuradun berriak okupatuko du.

c) Aurreko kasuetako salbuespenak: herri-lurretako lurzatien edo loteen adjudikaziodunak, zortzi urteko epea urratuz, herri-lurra edo lotea erein edo lantzen badu; izan ere, Udalak hala egin duela egiaztatutakoan, zehatua izanen baita Erregelamendu honetako 46. artikulutik 51. artikulura xedatuari jarraikiz.

55. artikulua.

Egokitu zaion herritarrentzako adjudikazio loteari borondatez uko egiteak, lotea bertan behera uzteak eta zuzenean eta pertsonalki landatzeari borondatez uko egiteak familia-unitate horri ekarriko dio beste herritarrentzako adjudikazio bat egiteko eskubidea galtzea, erregelamendu honen 19. eta 27. artikuluetan ezarritako aprobetxamenduaren gainerako epe osoan.

Hala ere, Udalaren Osoko Bilkuraren ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo Udalak behar bezala justifikatutzat jotzen duen arrazoiren bat), eta eskatzaileak 14. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste adjudikazio baterako aukera izanen du.

56. artikulua.

Herri-lurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izatetik gelditzeagatik, herrian urtean 9 hilabetez ez bizitzeagatik, edo Caparrosoko Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik, ordenantza honen 14. artikuluak agintzen duen moduan.

57. artikulua.

1.–Ureztatzeko herri-lurzatien adjudikaziodunek ubideak eta erretenak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu, Udalak xedatu moduan. Herriko Ureztaketa Batzordeko sindikatuak dermioko ureztaketa orokorrari buruz ezarritako guztiari ere lotuko zaizkio. Nolanahi ere, egindako arau-hausteei dagozkien zehapenak 46. eta 51. artikuluetan xedatutakoaren arabera ezarriko dira.

2.–Nahitaezkoa da soilik erabiltzea plastiko biodegradagarriak herri-lurzati guztietan, adjudikazio-modalitatea edozein dela ere. Plastiko ez-biodegradagarriak jartzea ordenantza honetan tipifikatutako arau-haustea da.

3.–Edozein modalitateren bidez adjudikatzen den lurrean, nahitaezkoa da laborantza- eta ereite-lanak horretarako denbora egokian egitea, teknikoki gomendatutako hazi-kantitatearekin. Gainera, adjudikaziodunak errespetatu beharko ditu urteko eta aldiko ereite-orriak.

4.–Lurraren ustiapena, aprobetxamendua adjudikatzeko modalitatea edozein dela ere, adjudikaziodunaren arrisku eta menturara izanen da beti.

58. artikulua.

Abeltzainak edo herri-lurzatien eta ureztatzeko loteen belar eta larreen onuradunak belarrak eta uzta hondarrak behar bezala erabil ditzan, lurzatiaren edo lotearen adjudikaziodunak 10 egun gabe erein nahi baldin badu abeltzainari esan beharko dio, belarrak balia ditzan.

59. artikulua.

Adjudikazioaren azken urtean, zortzigarrenean, alegia, ureztatzeko lurzatietan ezin izanen dira bi landaketa batera egin; bakarra egin beharko da edo gehienez ere elkarri lotutako bi eta, edozein kasutan, lurzatia hutsik geldituko da abenduaren 31rako.

60. artikulua. Nafarroako Ubideko eremu ureztagarrietako sektoreei aplikatuko zaien araubide espezifikoa.

1.–Justifikazioa.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak nahitaezko zenbait baldintza ezartzen dizkie ureztalur bilakatuko diren lurren jabeei.

Lurren eraldaketa horrekin ukitutako titularretako bat Caparrosoko Udala da, bertako herri-lurretan egin nahi baita.

Aipatutako konpromiso horietako batzuek herri-lurren aprobetxamenduaren araubidea ukitzen dute eta, beraz, 2009. urtean, aprobetxamendu hori arautzen duen ordenantza aldatu zen. Aldaketa horrek ez zituenez herri-lur guztiak ukitzen, ez zen ordenantzaren testu artikulatua aldatzea onartu; aitzitik, Nafarroako Ubideko eremu ureztagarrietako sektoreei aplikatuko zaien araubide espezifikoa gehitu zitzaion, aldaketak haiei eragiten baitzien. Horretarako, indarrean zegoen testu artikulatuari lehenengo xedapen gehigarri bat erantsi zitzaion.

Lehenengo xedapen gehigarri horren behin betiko onespena 2009ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 9an, indarrean jartzeko.

Laborantzako herri-lurren egungo ordenantza berrian nahiago izan da araubide hori ordenantzaren artikuluen barruan arautzea. Hain zuzen, 60. artikulu honetan dago arautua, jarraian jasotzen den bezala.

2.–Aplikazio-eremua.

60. artikulu honetan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ureztalur bilakatzeko onetsitako proiektuetan zehaztutako jarduketa perimetroetan sartzen diren lurrei, hain zuzen ere Nafarroako ubideko eremu ureztagarri gisa definitutako horietan, Caparrosoko udal mugartean, daudenei.

3.–Xedea.

Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikeriengatiko zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzeagatik etor daitekeen erantzukizunetik arintzea Nekazaritza Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; adjudikaturiko loteetan, ureztalurraren gutxieneko azalerari hamabost urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek adjudikatzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat.

Xedapen hauetan ez da legeek aldez aurretik aitortu edo emandako inolako eskubiderik ematen edo kentzen.

4.–Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lantaldeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilaritzak Riegos de Navarra sozietate publikoaren edo hura ordezkatzen duen erakundearen bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lantaldeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazariei adieraziko die lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkien kanpaina horretarako, aldatu dituzten edo aldatuko dituzten labore motekin bat.

5.–Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Alkatetzak, dagokion lantaldeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturatzeko orduan, kontsumitutako metro kubiko bakoitzaren prezioa da ureztatzaileak ordaindu beharreko oinarri finkoa edo I. multzokoa, lantaldeak proposatu eta Alkatetzak kalkulatua. Prezio horretan fakturatuko dira ureztatzaileen kontsumoak, haientzat finkatutako metro kubikoen adinakoak edo gutxiago badira, edo %10 gehiago, gehienez ere.

Berriz, ureztatzailearen kontsumoa 2. multzoan sartuko da baldin harentzat ezarritakoa %10etik %20ra bitarte gainditzen badu, eta zehatu eginen da; kopuru horri I. multzoko metro kubikoarentzat ezarritako prezioa %300 igota, hain zuzen.

Azkenik, 3. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aitzinetik harentzat ezarritakoa baino %20 baino handiagoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da harentzat ezarritako gehiegizko kontsumoa.

Alkatetzak, dagokion lantaldeak proposaturik, kontsumitutako metro kubiko ur bakoitzaren prezioa, I. multzoari dagokiona, ezarriko du kanpaina bakoitzean.

6.–Erantzukizunak

Zein ureztatzailek instalazioak gaizki erabili eta kalteak sortzen dituen, hark izanen du erantzukizuna, hala nola alderdi baterako eta ohiko laboreetarako ezarritako ur kopurua baino gehiago erabiltzean sortzen dena.

Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

7.–Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek eskualdean sartutako laboreen edo sartu gogo direnen gaineko datu aipagarrienak emanen dizkiete Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari edo haren enpresa publikoei, horiek hala eskatuta. Bestela, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

8.–Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera.

Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabost urtean, loteek oinarrizko ureztatze azalera izanen dute edo gehiago. Oinarrizko azalera hori eraikuntza proiektuan zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak eremu horretan jarduteko dekretuan finkatzen duena oinarritzat hartuta.

Modernizazio edo eraldaketatik ateratzen diren loteak adjudikatzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:

A. Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

B. Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nagusiki nekazariak direnek osatuak.

C. Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzea. Soberako loterik egonez gero, enkante publikoaren bidez adjudikatzen ahal dira; hori guztia aipatu 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluan xedatuarekin bat.

61. artikulua.

Erregelamendu hau, edo hura aplikatzean, Udalaren osoko bilkurako egintza edo erabakiak interpretatzean sortzen diren gorabehera guztiak errekurtso hauetako bat aurkeztuz ebatziko dira:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

–Berraztertzeko errekurtsoa, aukeran eta aurrekoa baino lehen, Udalari zuzendua, hilabeteko epean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko udal-arau guztiak, eta, bereziki, Caparrosoko landatzeko herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza, 2016ko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 20koan argitaratua. Bai eta 2009ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 1ean, argitaratutakoa ere.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hurrengo egunean, eta hamabost egunera aplikatzen hasiko da, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 eta 70.2 artikuluak, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua. Ordenantzak indarrean jarraituko du espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2514257