1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko azaroaren 5ean hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Ziraukiko (Nafarroa) edateko uren araztegiko biltegi nagusia" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
Izarbeibarko Mankomunitateak 2025eko ekainaren 17an egindako Batzar Nagusian hartutako erabakiaren bidez, "Ziraukiko (Nafarroa) edateko uren araztegiko biltegi nagusia" izeneko proiektua onetsi zen, desjabetze-espedienteari hasiera eman zitzaion eta proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda hasiera batez onetsi zen. Gainera, aipatutako proiektuaren onura publikoa onartu eta deklaratu zen, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra ere, proiektuaren onespenak hori baitakar berekin. Erabaki hori 2025eko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 17koan.
Jendaurrean egoteko epea igarota, Izarbeibarko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak, 2025eko irailaren 30ean egindako bilkuran, behin betiko onetsi zituen aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa dela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Erabaki hori 2025eko 207. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 16koan.
Izarbeibarko Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztutako 2025eko urriaren 20ko eskabidearen bidez, eskatzen du "Ziraukiko (Nafarroa) edateko uren araztegiko biltegi nagusia" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaez desjabetzeko. Aurkeztutako agirien artean, presa hori justifikatzen duen txosten bat dago, 2025eko urriaren 17koa.
Izarbeibarko Mankomunitateak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da, Ziraukiko edateko uren araztegiak 200 m³-ko biltegi txiki bat besterik ez daukalako ur araztua gordetzeko; kontuan hartu behar da araztegi horretan egiten dela ura edangarri bihurtzeko prozesua, eta bertatik banatzen dela Izarbeibarko hornidura eremuan dauden 10 herrietara (Artaxona, Artazu, Berbintzana, Zirauki, Larraga, Mañeru, Mendigorria, Miranda Arga, Obanos eta Gares). Biltegi nagusitzat har daitekeen biltegirik ez dagoenez, ur araztuaren biltegi txiki hori erabiltzen da gaur egun, mankomunitateko herrietako erregulazio biltegietara ura eramateko goi hornidurako sarearen abiapuntu gisa. Ur araztuaren biltegi hori txikia denez, ez du ahalmenik goi hornidurako sarearen funtzionamendu egonkorra bermatzeko, eta, beraz, presakotzat jotzen da biltegi nagusi bat egitea Ziraukiko edateko uren araztegian, Izarbeibarko Mankomunitateko herriei giza kontsumorako ur hornidura egokia bermatzeko.
Gainera, toki entitateak bertako idazkaritzak egindako ziurtagiri bat aurkeztu du, jasotzen duena toki entitateak baduela "Ziraukiko (Nafarroa) edateko uren araztegiko biltegi nagusia" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko beharrezkoa den aurrekontu-kontsignazioa.
Nafarroako Gobernuak, Izarbeibarko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Deklaratzea presakoa dela "Ziraukiko (Nafarroa) edateko uren araztegiko biltegi nagusia" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau jakinaraztea Izarbeibarko Mankomunitateari.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko azaroaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2514483