Iragarkia
233. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
CÁRCAR
Deialdia, bete dadin, oposizioaren bidez, liburuzain / kultura koordinatzailearen lanpostu bat, Carcarko Udalaren zerbitzukoa
Carcarko Udaleko alkateak, 2025eko urriaren 31ko 280 Ebazpenaren bidez, onetsi zituen deialdi bat eta haren oinarriak, bete dadin, oposizioaren bidez, liburuzain / kultura koordinatzailearen plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidean, Carcarko Udalaren zerbitzukoa. Hona hemen oinarriak:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, oposizioaren bidez, liburuzain / kultura koordinatzailearen plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidean, horretarako jarraikiz printzipio hauei: lehia askea, berdintasuna, merezimendua, gaitasuna eta publikotasuna.
1.2. Lanaldi partziala izanen du (lanaldiaren %60), jarraikiz liburutegiaren ordutegiari (ordutegi orokorra, 17:00etatik 21:00etara, eta, udan, goizez). Nolanahi ere, ordutegia moldatu egin daiteke, zerbitzu publikoaren beharren arabera; beraz, noiznahi aldatu dezakete organo administratibo eskudunek.
1.3. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, bat etorriz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduarekin (onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez) eta Carcarko Udalari aplikatzen zaizkion gainerako xedapenekin. Halaber, izanen ditu plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak.
1.4. Lanpostuaren eginkizunak honako hauek dira, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Liburutegiko dokumentu-funtsak kudeatzea. Materialak hautatzea, eskuratzea eta katalogatzea.
–Funtsak paratzea eta antolatzea.
–Zer erosi erabakitzea, Kultura Batzordean ezarritako aldian behin.
–Maileguak kudeatzea, Abies programaren bitartez.
–Erosketa eta maileguen gaineko datuak bidaltzea Nafarroako Liburutegiari.
–Jarduerak planifikatzea Kultura Batzordearekin batera: erakusketak, eskulan lantegiak, bakarrizketak, filmak, ipuin kontalariak, ikastaroak, antzerki emanaldiak, musika emanaldiak, etab.
–Jarduerak programatzea data berezietan: Eguberriak, inauteriak, emakumearen eguna, Aste Santua, liburuaren eguna, zuhaitzaren eguna, kultura astea, etab.
–Jardueren txostenak eta memoriak egitea.
–Sare sozialetan argitaratzea liburutegiko liburu berriei eta jarduerei buruzko albisteak. Udal informazioa argitaratzea web-orrian.
–Liburuak eta dokumentu-funtsak eskuratzean, berari esleitutako aurrekontuaren kudeaketa kontrolatzea.
–Instalazioa ireki eta ixtea.
–Erabiltzaile txartelak egitea.
–Aldizkako argitalpenak jaso, erregistratu eta kontrolatzea. Zenbaketak eta garbiketak egitea.
–Bibliografia funtsak eta dokumentu funtsak (edozein euskarritakoak) sailkatzea. Katalogoak mantentzea.
–Bibliografia funtsak erregistratzea eta herritarrek erabiltzeko prest uztea.
–Aleak erregistratzeko datuak sartzea datu-base bibliografikoetan.
–Hondatutako aleetan konponketa txikiak egitea. Erabiltzaileei arreta ematea.
–Argibide orokorrak ematea liburutegiaz eta haren zerbitzuez. Oinarrizko informazio bibliografikoa ematea.
–Dokumentuak maileguan ematea.
–La Caja kultura etxeko guneak kudeatzea, baita Carcarko kultura jarduerak kudeatzea ere, Kultura Batzordearekin elkarlanean.
–La Caja kultura etxearen funtzionamendu egokia zaintzea, eta betearaztea haren erabilerarako jarritako araudia.
–Laguntza ematea La Caja kultura etxean ematen diren edo etorkizunean eman daitezkeen zerbitzuak antolatzeko.
–Erabiltzeko eskaerak jasotzea, eta ordutegien eta aretoen plangintza egitea.
–Ekimen komunitarioko jarduerak koordinatzea Udalak antolatzen dituenekin.
–Aurkezten diren jarduera- eta ikuskizun-proposamenei harrera egitea, proposamen horiek bideratzea eta, hala badagokio, Udalari igortzea.
–Bultzatzea erabiltzaileek, taldeek eta entitateek parte hartzea kultura etxeko bizian.
–Eta, oro har, egitea arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion beste edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuarekin loturik, haren mailaren eta kategoriaren barnean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat, edo edukitzeko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea kendua administrazio publikoaren zerbitzutik.
2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte ere.
3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
20 egun naturaleko epea izanen da deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira nahitaez, Carcarko Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.carcar.es/). Aukeran, erabil daitezke NAN elektronikoa / ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek berekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".
Halaber, honako hau ematen da aditzera 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian (Nafarroako Administrazio Publikoek antolatutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak): "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".
Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko, eta horrekin batera aurkeztu beharko dituzte 2.1 oinarrian zehaztutako agiriak.
3.3. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.
Eskabideari behar bezala bete eta honako agiri hauek erantsi behar zaizkio:
a) Indarreko nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, edo herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasuneko egoiliarraren ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala badira, aurkeztu beharko dute aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa).
b) Aurreko 2.1 oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoa, jatorrizkoa edo fotokopia.
c) Deialdiko 6. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta, orobat, denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute epeak eta moduak egokitzeko, ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta beste orrialde batean adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Carcarko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web fitxan, helbide honetan: https://sedeelectronica.carcar.es/.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko, behin-behineko zerrenda deialdiaren web fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, halakorik balego, Carcarko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web fitxan, helbide honetan: https://sedeelectronica.carcar.es/.
Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Gerora, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Carcarko Udalaren egoitza elektronikoan.
Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da deialdiaren web fitxan, zeina hemen baitago: https://sedeelectronica.carcar.es/.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Teresa Insausti Sola. Carcarko Udaleko alkatea.
–Epaimahaikidea: M.ª Asunción Gandarillas Palacios. Carcarko Udalaren funtzionarioa.
–Epaimahaikidea: Fernando Ross Garcia. Nafarroako Liburutegien Sareko Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Carcarko Virgen de Gracia ikastetxe publikoko irakasle bat edo Carcarko haur eskolako irakasle bat.
–Epaimahaikide idazkaria: Joaquín Legarda Araiz. Carcarko Udaleko idazkaria.
Kalifikazio-epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean zehaztuko dira kalifikazio-epaimahaiko kide guztien izen-deiturak.
5.2. Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du, proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.
6.–Oposizioa nola eginen den.
Aurreikusirik dago oposizioaldia hastea 2026ko lehen hiruhilekoan. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko da lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Hautapen-prozesuan bi proba eginen dira; biak baztertzaileak. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 100 puntukoa izanen da.
6.1. Proba teorikoa: test motako ariketa izanen da. Galdera bakoitzeko aukera bat baino gehiago egonen da erantzuteko, baina bat bakarra izanen da zuzena, eta oker erantzuten bada, galderaren balioaren laurden bat kenduko da. Gaiak izanen dira deialdiko I. eranskinean ageri direnak.
Probaren balorazioa 40 puntukoa izanen da gehienez, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (20 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
6.2. Proba praktikoa: idatziz ebatzi beharko dira epaimahaiak azaldutako kasu praktiko bat edo batzuk, lanpostuko eginkizunekin eta zereginekin loturik, epaimahaiak horretarako zehaztutako gehieneko denboran.
Probaren balorazioa 60 puntukoa izanen da gehienez, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (30 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu deialdiaren web fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere deialdiaren web fitxan argitaratuko; proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.
7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, probak gainditu dituztenen izangaien zerrenda argitaratuko du epaimahaiak deialdiaren web fitxan, ordenatuta lortutako guztizko puntuazioaren arabera, horretarako batuta izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak.
7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioko bigarren ariketan (proba praktikoa) puntuaziorik handiena duenaren alde.
Berdinketak bere horretan segitzen badu, joko da oposizioko lehen ariketan (proba teorikoa) puntuazio handiena lortu duenaren alde.
Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.
8.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko atala), edo, hala badagokio, Carcarko Udalak izendatutako eta behar bezala akreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
b) Zinpeko deklarazio edo deklarazio solemne bat, aditzera emateko izangaia ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko Funtzio Publikoan.
c) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
8.2. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.
8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
9.1. Izendapena.
Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, izendatuko da, lan-kontratudun finko gisa, oposizioa gainditu duen izangaia, lortutako azken puntuazioaren ordenaren arabera.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.2. Jabetza hartzea.
Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du plazaz.
Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek (salbu ezinbesteko kasuetan) galduko dituzte Carcarko Udalean sartzeko eskubide guztiak. Hala bada, deialdiaren 8.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
Izangaiak hautaprobak gainditzen baditu, izendatzen badute deialdiaren xede den plazarako, Udalean sartzen bada eta bihurtzen bada lan-kontratudun finko, afiliatuko da Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, bertan alta emanen zaio, eta izanen du araubide horretan aurreikusitako babesa.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
10.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Carcarko Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.
Sartzeko hautapenaren epaimahaiak espedientea igorri ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, honako zerrenda hauek onesteko: batetik, probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda, eta, bestetik, lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: probak gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den eran.
Izangaiei aldi baterako kontrataziorako deitzerakoan eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b artikulua eta hurrengoak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta Carcarko Udalak onetsitako kudeaketako arau indardunak.
Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, kontratatuak izateko eskatzen zaizkien agiriak aipatutako epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, horrek deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.
11.–Datuen babesa.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO); zehazki, haren 13. artikuluari:
–Carcarko Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, eta, orobat, behar den denboran guztian, zehaztu ahal izateko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez, dpd@carcar.es helbidean edo webgunearen bidez (www.carcar.es).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
12.–Errekurtsoak.
12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
12.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legeari (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. Liburutegia. Kontzeptua. Motak. Liburutegi publikoa: eginkizunak eta zerbitzuak.
2. Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistema: 32/2002 Foru Legea, azaroaren 19koa, arautzen duena Nafarroako liburutegi sistema. Nafarroako Gobernuko Liburutegien Zerbitzua.
3. Liburutegi publikoaren atalak. Haurren atala. Hemerotekaren, ikus-entzunezkoen eta herriko bildumaren atalak.
4. Deskripzio bibliografikoa: kontzeptua eta eginkizuna. Katalogatzeko arau espainiarren bilakaera: gaur egungo egoera. ISBD kontsolidatua. MARC21 formatuaren egitura. RDA estandarra.
5. Liburutegi publikoko bilduma. Hautatzea eta eskuratzea. Sailkatzea eta antolatzea: Sailkapen Hamartar Unibertsala (SHU).
6. Liburutegiaren hedapena. Kultura hedapena eta irakurketa bultzatzea.
7. Informazioaren teknologiak eta nola aplikatzen diren liburutegietako zerbitzuetan.
8. Kultura eta haren kudeaketa. Kultura-plangintza publikoa.
9. Sare digitalak. Kulturako profesionalendako tresnak. Kultura kudeaketarako sareak.
10. Kultura mezenasgoa tokiko esparruan.
11. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Nafarroako toki-erakundeak. Toki-erakunde motak. Udalen funtzionamenduaren araubidea. Udal egintzak eta erabakiak aurkaratzeko araubidea.
12. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak; II. titulua. Berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema: 8. artikulua; III. titulua. Berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak; IV. titulua. Berdintasuna sustatzeko politika publikoak: II. kapitulua. Ezagutza: hezkuntza, kultura eta komunikazioa: 2. atala. Kultura eta 3. atala. Hedabideak eta publizitatea.
13. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Datu babesaren printzipioak. III. titulua. Pertsonen eskubideak: I. kapitulua. Gardentasuna eta informazioa. V. titulua. Tratamenduaren arduraduna eta eragilea: I. kapitulua. Xedapen orokorrak. Erantzukizun aktiboko neurriak: 28. artikulua. Tratamenduaren arduradunaren eta eragilearen betebehar orokorrak. III. kapitulua. Datuak babesteko ordezkaria: 34. artikulua. Datuak babesteko ordezkaria izendatzea.
14. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Prozeduran interesdun direnak. II. titulua. Administrazio publikoen jarduera.
15. 2/12018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua. V. kapitulua. 3. atala. Adjudikazio-prozedura.
16. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.
17. Carcarko kulturako eta hezkuntzako azpiegiturak. Carcarko elkarteak.
18. Carcarko jarduera kulturalen programazioa.
19. Carcarko kultura ekipamenduen kudeaketa eta plangintza. Analisia, funtzionamendua eta ezaugarriak.
20. La Caja kultura etxearen araudia.
Carcarren, 2025eko urriaren 31n.–Alkatea, Teresa Insausti Sola.
Eskabidea:
Iragarkiaren kodea: L2514326
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
