Iragarkia
233. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
CÁRCAR
Deialdia, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko administrari-ofizialaren plaza bat, funtzionarioen araubidekoa, Ogasun eta Kontabilitateko Alorrean jarduteko
Carcarko Udaleko alkateak, 2025eko urriaren 31ko 279 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi zituen, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko administrari-ofizialaren plaza bat, funtzionarioen araubidekoa, Carcarko Udalaren zerbitzura aritzeko Ogasun eta Kontabilitateko Alorrean:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren plaza bat, funtzionarioen araubidekoa, betetzea Carcarko Udalean, Ogasun eta Kontabilitateko Alorrean jarduteko, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak betez eta oposizio-lehiaketa prozeduraren bidez. Lanpostuak "administrari-ofiziala, 2" izena dauka plantilla organikoan.
1.2. Lanaldi osoan jardun beharko da. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldiaren araubidea eta ordutegia. Organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.3. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, bat etorriz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduarekin (onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez) eta Carcarko Udalari aplikatzen zaizkion gainerako xedapenekin. Halaber, izanen ditu plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak.
1.4. Lanpostuaren eginkizunak honako hauek dira, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Udalaren gastuak eta sarrerak kontrolatzea.
–Udalaren gastu-fakturak, helbideratutako ordainketak eta sarrerak kontabilizatzea.
–FACE kontrolatu eta kudeatzea.
–Diru-bilketa kontrolatzea.
–Arlokako txostenak egitea.
–Ordainagiriak sortzea.
–Udaleko alorrendako garatutako datu-baseen aplikazioak kudeatzea, mantentzea eta aldatzea.
–Ebazpenen kudeaketa.
–Kontu-hartzailetzako administrazio-lanak (ordainagiriak, kobrantzak, ordainketak, bekak, etab.) egitea.
–Zergak, tasak eta prezio publikoak.
–Erregistroa, errolda, jendearendako arreta, Udaleko administrazio-zerbitzuei laguntzea eta administrazio-lan orokorrak.
–Eta, oro har, egitea arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion beste edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuari dagokionez eta haren mailaren eta kategoriaren barnean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, batxilergo titulua, lanbide heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
e) Ez nago desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez nago kendua administrazio publikoaren zerbitzutik.
2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte ere.
3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
20 egun naturaleko epea izanen da deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira nahitaez, Carcarko Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.carcar.es/). Aukeran, NAN elektronikoa / ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve erabil daitezke.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuendako, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".
Halaber, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak) hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko."
Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko, eta horrekin batera aurkeztu beharko dituzte 2.1. oinarrian zehaztutako agiriak.
3.3. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.
Eskabideari behar bezala bete eta honako agiri hauek erantsi behar zaizkio:
a) Indarreko nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
Europar Batasuneko bertze estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko herritarren ezkontide direnek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).
b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.
c) 6. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute epeak eta moduak egokitzeko, ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta bertze orrialde batean adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
d) Lehiaketa-fasean baloratu behar diren alegatutako merezimenduen ziurtagiriak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Carcarko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web fitxan, helbide honetan: https://sedeelectronica.carcar.es/.
4.2. Behin-behineko zerrenda deialdiaren web fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, halakorik balego, Carcarko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web fitxan, helbide honetan: https://sedeelectronica.carcar.es/.
Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Gerora, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Carcarko Udalaren egoitza elektronikoan.
Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da deialdiaren web fitxan, helbide honetan: https://sedeelectronica.carcar.es/.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
1.–Epaimahaiburua: Teresa Insausti Sola, Carcarko Udaleko alkatea.
2.–Epaimahaikidea: Teresa González Ezquerro, Mendabiako Udaleko administrari-ofiziala (Ogasun Alorrean).
3.–Epaimahaikidea: Lidia Arbizu Andueza, Antzingo, Murietako eta Abaigarko udaletako administraria.
4.–Epaimahaikidea: M.ª Asunción Gandarillas Palacios, Carcarko Udaleko administrari-ofiziala.
5.–Epaimahaikide idazkaria: Joaquín Legarda Araiz, Carcarko Udaleko idazkaria.
Kalifikazio-epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.
5.2. Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du, proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.1. Lehiaketaldia.
Izangaiei baloratuko zaie lehiaketaldia, eta 20 puntu izanen ditu gehienez, baremo honen arabera:
6.1.1. Laneko esperientzia. Gehienez ere 10 puntu:
–Administrari-ofizialaren eginkizunetan, edozein toki-erakundetan, egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 3 puntu urteko. Gehienez ere 6 puntu.
–Administrari-ofizialaren eginkizunetan, beste edozein administrazio publikotan, egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: puntu bat urteko. Gehienez ere 2 puntu.
Administrari-laguntzailearen eginkizunetan, edozein toki-erakundetan, egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: puntu bat urteko. Gehienez ere 2 puntu.
Merezimenduak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.
b) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
c) Lanaldi partzialeko zerbitzuak badira, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
d) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
e) Lanean egindako denbora baloratzeko, aurkeztu beharko da, zerbitzuak zein administraziotan eman diren, harexek eginiko ziurtagiri bat, betetako eginkizunak frogatzen dituena eta lanpostu horretarako eskatu zen titulazioa adierazten duena.
6.1.2. Prestakuntza. Deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza jarduerak baloratuko dira, eta 10 puntu emanen dira gehienez:
–Toki-erakundeetako ogasun eta kontabilitate arloko gaiekin lotutako ikastaroak: gehienez ere 8 puntu.
0,10 puntu ordu bakoitzeko, eta gehienez ere 8 puntu.
–Lanpostuaren edukiarekin lotutako beste ikastaro batzuk, ez direnak toki-erakundeetako ogasun eta kontabilitate arloko gaiei buruzkoak: gehienez ere 2 puntu.
0,10 puntu ordu bakoitzeko, eta gehienez ere 2 puntu.
Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dauzkaten ikastaroak.
6.1.3. Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.
6.1.4. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
6.1.5. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6.1.6. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Carcarko Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
6.1.7. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Carcarko Udalaren egoitza elektronikoan.
6.2. Oposizioaldia.
Aurreikusirik dago oposizioaldia hastea 2026ko lehen hiruhilekoan. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko da lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Hautapen-prozesuan bi proba eginen dira; biak baztertzaileak. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 80 puntukoa izanen da.
6.2.1. Proba teorikoa: test motako ariketa izanen da. Galdera bakoitzeko aukera bat baino gehiago egonen da erantzuteko, baina bat bakarra izanen da zuzena, eta oker erantzuten bada, galderaren balioaren laurden bat kenduko da. Gaiak izanen dira deialdiko I. eranskinean ageri direnak.
Probaren balorazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (15 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
6.2.2. Proba praktikoa: idatziz garatu beharko dira lanpostuko zereginekin lotutako kasu praktiko bat edo batzuk eta jasota daudenak I. eranskineko gai-zerrendan, epaimahaiak horretarako zehaztutako gehieneko denboran.
Probaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu deialdiaren web fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere deialdiaren web fitxan argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.
7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du deialdiaren web fitxan, lortutako guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak batuta.
7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioko bigarren ariketan (proba praktikoa) puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da.
Berdinketa badago oraindik, oposizioko lehen ariketan (proba teorikoa) puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da.
Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.
8.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko atala), edo, hala badagokio, Carcarko Udalak izendatutako eta behar bezala akreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
b) Zinpeko deklarazio edo deklarazio solemne bat, aditzera emateko izangaia ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko Funtzio Publikoan.
c) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
8.2. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.
8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
9,1. Izendapena.
Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, administrari-ofizial izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, lortutako azken puntuazioaren ordenaren arabera.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.2. Jabetza hartzea.
Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du plazaz.
Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Carcarko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbertzeko kasuetan izan ezik. Hala bada, deialdiaren 8.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu, eta hartan alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako bertze araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea aukeratzen ahalko du.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
10.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Carcarko Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.
Sartzeko hautapenaren epaimahaiak espedientea igorri ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du honako zerrenda hauek onesteko: probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda, batetik, eta lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda, bertzetik.
Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: probak gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartu izana 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den eran.
Izangaiei aldi baterako kontrataziorako deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b artikulua eta hurrengoak, eta Carcarko Udalak onetsitako kudeaketako arau indardunak.
Aski justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, kontratatuak izateko eskatzen zaizkien agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, horrek deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.
11.–Datuen babesa.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO); zehazki, haren 13. artikuluari:
–Carcarko Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez dpd@carcar.es helbidean edo webgunearen bidez (www.carcar.es).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
12.–Errekurtsoak.
12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
12.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legeari (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1985 Legearen 15., 16. eta 17. artikuluak; eta uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren II. titulua: Biztanleria eta errolda.
2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea: prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak (zenbaketa). Administrazio egintzak: baldintzak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.
3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa: abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.
5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: udalerria, Nafarroako toki-erakunde gisa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).
6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Atariko titulua. I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak; II. titulua. Udal zergak.
7.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea garatu duena aurrekontuen eta herri gastuaren arloan. II. kapitulua: 1. atala: aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: gastu-aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontu-aldaketak. IV. kapitulua: gastu-aurrekontua betearaztea. Arauak eta betearazteko faseak.
8.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.
9.–273/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Bakuneko Jarraibidea onesten duena.
10.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzkoa. Atariko titulua: II. kapitulua. Lur-ondasunen Erregistroa. III. kapitulua. Katastroak. I. titulua. Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana: I. kapitulua, 17. eta 19. artikuluak. II. titulua. Lur-ondasunen Erregistroko eta katastroetako informazioa eskuratu, eman, erabili eta ziurtatzea: I. kapitulua: Informazioaren eskuragarritasuna, eta II. kapitulua: Informazioaren ziurtagiriak eta egiaztagiriak
11.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.
12.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua, V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua: diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea. III. eranskina.
13.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Adjudikazio prozedurak (71.-81. artikuluak); Lizitazioen publizitatea (88.-94. artikuluak); eta Lizitazio elektronikoa (95. artikulua).
14.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.
15.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Datu babesaren printzipioak. III. titulua. Pertsonen eskubideak: I. kapitulua. Gardentasuna eta informazioa. V. titulua. Tratamenduaren arduraduna eta eragilea: I. kapitulua. Xedapen orokorrak. Erantzukizun aktiboko neurriak: 28. artikulua. Tratamenduaren arduradunaren eta eragilearen betebehar orokorrak. III. kapitulua. Datuak babesteko ordezkaria: 34. artikulua. Datuak babesteko ordezkaria izendatzea.
16.–19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua, II. kapitulua: Publikotasun aktiboa.
17.–Carcarko udal ordenantzak: Udal hilerria arautzen duen ordenantza; Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.
18.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.
19.–50/2016 Foru Agindua, ekainaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki erakundeen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak onesten dituena (2016ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 15ekoa).
Carcarren, 2025eko urriaren 31n.–Alkatea, Teresa Insausti Sola.
Eskabidea:
Iragarkiaren kodea: L2514325
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
