229. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko urriaren 29an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Aritzaletako hondakin-uren arazketa" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Jurramendiko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak 2025eko otsailaren 25ean hartutako erabakiaren bidez, "Aritzaletako hondakin-uren arazketa" izeneko proiektua onetsi zen, desjabetze-espedienteari hasiera eman zitzaion eta hasiera batez onetsi zen proiektu horrek ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda. Gainera, aipatutako proiektuaren onura publikoa onartu eta deklaratu zen, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra ere, proiektuaren onespenak hori baitakar berekin. Erabaki hori 2025eko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 24koan.

Jendaurrean egoteko epea igarota, Jurramendiko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak, 2025eko maiatzaren 23an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zituen aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa dela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Erabaki hori 2025eko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 19koan.

Jurramendiko Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztutako 2025eko urriaren 3ko eskabidearen bidez, eskatzen du "Aritzaletako hondakin-uren arazketa" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Aurkeztutako agirien artean, presa hori justifikatzen duen txosten bat dago, 2025eko urriaren 14koa.

Jurramendiko Mankomunitateak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da Aritzaletan sortutako ur beltz guztiak herriaren hego-ekialdeko puntu baxu batean biltzen direlako, Ramos kalearen beheko zatian, eta ez dagoelako hobi septikorik. Isurketa-eremuan kiratsa sortzen da, eta agerian da ur beltzak atera eta zuzenean ibilgu naturalera joaten direla, eta bertan hondakin organikoak pilatzen direla. Egoera horrek kalte handia eragiten du ingurumenean, eta ez daude bermatuta Mimbrales errekaren emariaren higiene- eta osasun-baldintzak; izan ere, zeharkako drainatze-obrak ibilgu natural horretara isurtzen ditu urak. Egoera hori, beraz, onartezina da ingurumenaren aldetik.

Gainera, toki entitateak bertako idazkaritzak egindako ziurtagiri bat aurkeztu du, jasotzen duena toki entitateak baduela "Aritzaletako hondakin-uren arazketa" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko beharrezkoa den aurrekontu-kontsignazioa.

Nafarroako Gobernuak, Jurramendiko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "Aritzaletako hondakin-uren arazketa" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Jurramendiko Mankomunitateari jakinaraztea erabaki hau.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urriaren 29an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2514126