229. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

371/2025 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, I. "Herria, desira leku" argazkilaritza-lehiaketaren deialdia eta haren oinarriak onesten dituena eta 6.000 euroko gastua baimentzen duena. DDBN identifikazioa: 863855.

Erronka Demografikoaren eta Lurralde Egituraketaren Zerbitzuak txosten bat egin du, zeinean proposatzen baitu I. "Herria, desira leku" argazkilaritza-lehiaketarako deialdia egitea; 2026ko otsailaren 20a arteko epea izanen da lanak aurkezteko. Era berean, eskatzen du onets daitezela argazkilaritza-lehiaketaren oinarriak, zeinak hiru gune hauetan argitaratuko baitira: Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Departamentuaren webgunean (https://despoblacion.navarra.es/eu/web/despoblacion/hasiera/) eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.navarra.es/eu/hasiera).

Guztira, 6.000 euroko gastua ezarri da: deialdiaren oinarrien arabera, kopuru horretatik 4.800 euro (BEZa barne) sariak ordaintzeko dira, eta 1.200 euro (BEZa barne) epaimahaikideei ordaintzeko –deialdiaren oinarrietako 7. puntuan jaso dira lanak ebaluatzeko izendatutako epaimahaikideak–.

Sarituei ordaindu beharreko 4.800 euroko zenbateko hori (% 19ko atxikipena izanen du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian sariak ordaintzeko xedatutakoaren arabera) Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Publizitatea eta propaganda. Erronka demografikorako eta lurralde-egituraketarako ekintzak" izeneko 210002 21400 2262 922100 partidaren kargura ordainduko da.

Epaimahaiari ordaintzeko 1.200 euroko zenbatekoa (% 15eko atxikipena izanen du) Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Publizitatea eta propaganda. Erronka demografikorako eta lurralde-egituraketarako ekintzak" izeneko 210002 21400 2262 922100 partidaren kargura ordainduko da.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. I. "Herria, desira leku" argazkilaritza-lehiaketaren deialdia eta hura arautzen duten oinarriak (ebazpen honi erantsiak) onestea. Lehiaketaren helburua da Nafarroako eremu hustuei buruzko begirada positiboa eskaintzen duten irudiak biltzea, eta, haiekin batera, kontakizun labur bana. Horren bidez, halako eremuetako bizitzaren ikuspegi erakargarri eta bizi bat proiektatu nahi da, iruditeria kolektiboan aldaketa sustatzeko.

2. 6.000 euroko gastua baimentzea 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren 210002 21400 2262 922100 gastu-partidaren kargura ("Publizitatea eta propaganda. Erronka demografikorako eta lurralde-egituraketarako ekintzak"), betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentu horiek guztiak https://despoblacion.navarra.es/eu/web/despoblacion/hasiera webgunean eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es/eu/hasiera) ere egonen dira eskuragarri.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzura, Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atalera eta departamentuan den kontu-hartzailetza delegatura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko urriaren 21ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

ERANSKINA.–I. "HERRIA, DESIRA LEKU" ARGAZKILARITZA-LEHIAKETA

Antolatzailea: Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusia, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzua.

Despopulazioaren aurka borrokatzeko estrategiaren eta landa-ingurunearen irudia positibizatzeko proiektu gidariaren esparruan, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuaren bidez, komenigarritzat jotzen du argazkilaritza-lehiaketa batera deitzea Foru Komunitateko landa-eremu hustuen balioa agerian uzteko. «Herria, desira leku» lehiaketaren helburua da Nafarroako eremu hustuei buruzko begirada positiboa eskaintzen duten irudiak biltzea, eta, haiekin batera, kontakizun labur bana. Horren bidez, eremu haietako bizitzaren ikuspegi erakargarri eta bizi bat proiektatu nahi da, iruditeria kolektiboan aldaketa sustatzeko.

«HERRIA, DESIRA LEKU» ARGAZKILARITZA-LEHIAKETAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua. Lehiaketaren xedea.

Deialdi honen xedea da argazkilaritza-lehiaketa baten bidez Nafarroako eremu hustuen ikuspegi positibo eta eraikitzailea sustatzea. Horretarako, aurkeztutako argazkiek despopulazio-arriskuan dauden Nafarroako landagune edo herrietako bizitzaren eszenak erakutsi beharko dituzte, eta haiei buruzko begirada erakargarri, atsegin eta bizia eskaini.

Argazkietan ager daitezkeen herriak Lurralde Kohesiorako kontseilariaren 8/2023 Foru Aginduan jasotakoak dira –8/2023 Foru Agindua, otsailaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean despopulazio arriskuan dauden udalerrien zerrenda onesten duena–.

Argazki bakoitzari kontakizun labur bat erantsiko zaio, irudiaren mezu positiboa indartzeko, oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera. Horrela, lehiaketak aldaketa sustatu nahi du landa-ingurune hustuan bizitzeari buruzko iruditeria kolektiboan, eta horren alderdi aberasgarriak eta garapen pertsonalerako eta komunitariorako aukerak nabarmendu nahi ditu.

Argazkiak eta kontakizunak "Herria, desira leku" lehiaketaren leloari erantzun beharko diote, hauetako galderaren bati erreferentzia eginez:

–Zergatik da zure herria leku desiratu bat?

–Zerk eragiten dizu herrira itzuli, herrian gelditu eta herritik sortu eta berritu nahi izatea?

–Zer nahi zenuke aldatzea herrira itzultzeko edo herrian gelditzeko?

2. artikulua. Parte hartzeko baldintzak.

Lehiaketa honetan parte hartzeko, beharrezkoa da 18 urtetik gorako pertsona fisikoa izatea eta Espainian bizitzea.

Parte-hartzetik kanpo gelditzen dira deialdia egin duen erakundearekin zuzeneko harreman profesionala duten eta lehiaketa prestatzen parte hartu duten pertsonak, bai eta odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailarainoko haien senideak ere.

Parte-hartzaile bakoitzak era indibidualean hartu beharko du parte; ez da obra kolektiborik onartuko, ez eta taldeen izenean aurkeztutakorik ere.

Lehiaketan parte hartzeko eskaera aurkeztearekin, parte-hartzaileak erabat onartzen ditu oinarri hauetan ezarritako baldintza guztiak, eta, haiek interpretatzeari eta betetzeari dagokienez, epaimahaiaren erabakien mende jartzen da.

3. artikulua. Obren betekizun teknikoak (argazkia eta kontakizuna).

Parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere hiru (3) obra aurkezten ahalko ditu, obra moduan ulertuta jatorrizko argazki batez eta irudi horri lotutako kontakizun labur batez osatutako unitatea. Lan guztiek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute, aldez aurretik hedabide inprimatu edo digitaletan argitaratu gabeak, eta inongo beste lehiaketatan saritu gabeak.

Parte-hartzaileek alderdi hauen ardura osoa hartuko dute beren gain: obren egile bakarrak izatea eta ez egotea hirugarrenen aldeko eskubiderik, bai eta, gainera, lehiaketara aurkezten dituzten obren gaineko irudi-eskubideengatiko edozein erreklamaziori buruzko ardura ere.

Argazkiak 1. artikuluan deskribatutako gaiarekin bat etorri beharko du, eta honako baldintza tekniko hauek bete beharko ditu: formatu digitalean aurkeztu beharko da (kalitate handiko JPEG fitxategia edo konpresio handiegirik gabeko beste formatu estandar bat, hala nola TIFF), eta 30 × 40 cm-ko tamainan inprimaketa egokia bermatzeko behar adinako neurriak izanen ditu (adibidez, irudiaren alderik luzeenean, 30 cm-rako 300 ppp-ko bereizmen minimoa).

Koloretako edo zuri-beltzeko argazkiak onartzen dira. Ez da onartuko ur-markarik, sinadurarik, ertzik edo irudian gaininprimatutako beste elementurik, egilea identifika dezakeenik edo obra balioesteko arreta galaraz lezakeenik.

Era berean, ez da onartzen argazkien eraldaketa digital sakonik: ez da jatorrizko irudian elementurik gehitzen, ezabatzen edo aldatzen ahalko (debekatuta dago fotomuntatzea eta adimen artifizial sortzaileko tekniken bidez manipulatzea). Soilik onartuko dira errebelatze digitaleko oinarrizko doikuntzak, baldin eta jatorrizko hartualdiaren esentzia desitxuratzen ez badute (adibidez, distira-, kontraste-, kolore- edo argitasun-doikuntza arinak edo zarata murriztekoak).

Ez dago baimenduta adimen artifizialaren bidez sortutako irudirik, ezta AA erabiltzea ere eduki berriak sortzeko. Antolakundeak informazio gehiago eskatzen ahalko du irudiaren lortze-ezaugarriei buruz, eta irudiaren jatorrizko artxiboa ere (RAW) eskatzen ahalko du.

Argazki bakoitzarekin batera erantsiko den kontakizun laburrak egileak berak egindakoa izan beharko du, eta 144 karaktere izanen ditu gehienez (zuriuneak barne). Gaztelaniaz edo euskaraz idazten ahalko da, parte-hartzaileak erabaki bezala. Testu hori irudiaren azalpen edo narrazio osagarria izanen da, eta mezua indartuko du; ez du egilea identifikatzeko aukera emanen duen daturik izanen.

4. artikulua. Modalitateak eta sariak.

Lehiaketaren barruan, sari-modalitate hauek ezartzen dira, lanen izaera eta haien gaineko balorazioa kontuan hartuta:

a) Argazkirik onenaren saria: kontakizuna kontuan hartu gabe, lehiaketaren gaiarekin bat etorrita kalitate teknikorik, artistikorik eta espresiborik handiena duen argazkiari emanen zaio.

a. Lehenengo saria: 1.000 euro.

b. Bigarren saria: 500 euro.

c. Hirugarren saria: 300 euro.

d. Lehiaketaren ikuskera integrala hobekien islatzen duen argazkiarentzako accesita: 200 euro.

b) Argazki eta kontakizunik onenaren saria: obrarik (argazkia eta testua) azpimarragarrienaren saria, irudiaren eta kontakizun laburraren konbinazioaren osagarritasuna, sormena eta kalitatea kontuan hartuta.

a. Lehenengo saria: 1.400 euro.

b. Bigarren saria: 700 euro.

c. Hirugarren saria: 420 euro.

d. Lehiaketaren ikuskera integrala hobekien islatzen duen argazkiarentzako accesita: 280 euro.

Parte-hartzaile bera modalitate batean baino gehiagotan saritzen ahalko da epaimahaiak hala erabakitzen badu, salbu eta antolakundeak kontrakoa xedatzen badu aitorpenen banaketa ekitatiboa bermatzeko. Halaber, epaimahaiak eman gabe utz ditzake sari batzuk, edo guztiak, hala iruditzen bazaio.

Epaimahaiak ohorezko aipamenak edo zuzkidura ekonomikorik gabeko accesitak proposatzen ahalko dizkie, egoki iritziz gero, aitortza berezia merezi duten lanei.

Epaimahaiak sariak esleitzeari buruz hartutako erabakia irmoa eta apelaezina izanen da beti.

Saritutako argazkiekin eta lehiaketara aurkeztutako argazki hautatu batzuekin erakusketa bat eginen da, 8. artikuluan arautua dagoen moduan.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotuta egonen da %19an.

Sariak banku-transferentzia bidez edo antolatzaileek ezarritako prozeduraren bidez ordainduko dira, epaia argitaratu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean.

5. artikulua Lanak aurkeztea eta bidaltzea.

Lehiaketan formatu digitalean baizik ez da parte hartuko. Lan bakoitza mezu elektroniko baten bidez aurkeztu beharko da, helbide honetara igorrita: despoblacion@navarra.es.

Bidaltzen den lan bakoitzeko, parte-hartzaileak bi artxibo digital helaraziko ditu, bereizita.

1. Lehenengo artxiboak argazkia edukiko du, 3. artikuluan adierazitako formatuan eta ezaugarri teknikoen arabera, eta, izendatzeko, lanaren izenburua edo leloa bakarrik erabiliko dira (fitxategiaren izenean egilea identifika dezakeen daturik sartu gabe). Era berean, dokumentu horretan, irudiarekin batera doan kontakizun laburra transkribatuko da, eta irudiari dagokion udalerria adieraziko da.

2. Bigarren fitxategia PDF formatuko dokumentu bat izanen da (edo beste formatu ez-editagarri bat), lanaren izenburu bera duena, eta ondotik "DATUAK" hitza idatzia duena. Dokumentu horrek informazio pertsonal eta deskriptibo hau jaso beharko du: argazkiaren izenburua (aipatutako artxibokoarekin bat etorri behar du), egilearen izen-abizenak, NANa/AIZa (edo nortasun agiri ofizial baliokidea), jaioteguna, posta-helbide osoa, harremanetarako telefonoa, posta elektronikoa eta argazkia non atera zen adierazten duen ohar labur bat (gaiarekin bat datorrela egiaztatzeko; udalerria adierazi behar da, eta, hala badagokio, inguruaren edo lekuaren erreferentzia).

Bidalketa elektronikoa egitean, bidaltze-gaian edo -oharrean obraren izenburua soilik agertuko da, eta, kasua bada, lehiaketaren erreferentzia, datu pertsonalik gabe. Argazki bakoitza (dagokion kontakizunarekin), ahal dela, mezu edo bidalketa independente batean bidali beharko da, aipatutako bi fitxategiak erantsita. Obra bat baino gehiago aurkeztuz gero (gehienez hiru), parte-hartzaileak bereizita edo bidalketa berean igortzen ahalko ditu, baina beti, obra bakoitzean, dagokion argazkia eta dagokion datuen dokumentua erantsita. Obrak jaso dituela egiaztatzeko, antolakundeak hartu-agiri bat igorriko du (erantzun automatikoko posta elektronikoz edo beste era egoki batean). Ez da onartuko zehaztutako bideetatik kanpo edo ezarritako epetik kanpo aurkeztutako lanik.

Ebaluazioaren inpartzialtasuna bermatzeko, deialdia egin duen administrazioak izendatuko duen epaimahaitik kanpoko pertsona batek mezu elektroniko guztiak jasoko ditu, aurkeztutako artxiboak bereiziko ditu eta epaimahaiari soilik argazkiari buruzko artxiboa –izenburua eta kontakizuna dituena– emanen dio, baloratu dezan.

6. artikulua. Aurkezteko epea.

Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2026ko otsailaren 20an bukatuko.

Ez da onartuko, inola ere, epe horretatik kanpo aurkeztutako obrarik.

Ezinbesteko arrazoiengatik edo arrazoi teknikoengatik obrak onartzeko epea aldatu behar bada, jendaurrean jakinaraziko da hori, https://despoblacion.navarra.es/eu/web/despoblacion/hasiera webgunean eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es/eu/hasiera), eta epeak behar den neurrian luzatu edo egokituko dira.

7. artikulua. Epaimahaiaren osaera eta ebaluatzeko irizpideak.

Aurkeztutako obrak baloratzeko, berariazko epaimahai bat izendatutako du deialdia egin duen erakundeak.

Epaimahaia lau kidek osatuko dute, eta haien artean egonen dira: argazkigintzaren arloan ospe handia duen profesional bat gutxienez, deialdia egin duen erakundearekin zerikusirik ez duena eta epaimahaiburu gisa jardunen duena; Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko bi ordezkari edo hark eskuordetutako bi pertsona, bokal gisa jardunen dutenak. Gainera, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuko teknikari batek epaimahaiko idazkari gisa esku hartzen ahalko du, hitzarekin baina botorik gabe, eta eztabaiden eta akordioen akta egiteaz arduratuko da.

Epaimahaiko kide titularren bat ez badago, jarduteko ezintasuna badu edo bateraezintasunen bat badu, dagokion ordezkoa izendatuko du deialdia egin duen erakundeak. Epaimahaiaren osaera, izenez hornitua, erabakia jakinaraztearekin batera argitaratuko da, edo, lehenago, egoki iritziz gero.

Obrak ebaluatzeko, epaimahaiak parametro hauen arabera ezarriko ditu puntuazio-irizpideak, garrantzitsutzat jotzen dituen beste batzuez gain: kalitate teknikoa, originaltasuna, sormena eta lehiaketaren gaiarekiko egokitasuna.

Zehazki, balioetsiko da eremu hustuetako bizitzaren ikuspegi erakargarria transmititzeko irudiak duen gaitasuna, eta kontuan hartuko da zer neurritan nabarmentzen edo osatzen duen mezu hori kontakizun laburrak.

Epaimahaiak aldez aurreko fase batean baztertzen ahalko ditu oinarriekin bat ez datozen edo gutxieneko kalitate tekniko edo artistikoa ez duten lanak.

Aurkeztutako lanak aztertu ondotik, epaimahaiak finalisten aurre-hautaketa bat eginen du, haren ustez nahikoa merezimendu badutenak hartuta. Finalista horiek izanen dira ezarritako sarietarako obra hautagaiak. Azken hautaketa horren gainean erabakiko du epaimahaiak sarien esleipena, 4. artikuluan zehaztutako modalitateen arabera.

Epaimahaiak sarietako bat eman gabe uztea proposatzen ahalko du, baldin eta uste badu aurkeztutako lanek ez dituztela betetzen saritua izateko eskatzen diren gutxieneko merezimenduak edo kalitatea.

Oinarri hauetan aurreikusi gabeko egoeraren bat sortzen bada ebaluazio-prozesuan zehar, epaimahaiak ebatziko du; erabakiak, azken epaitza barne, autonomia osoz hartuko ditu, eta ez dira aurkaratzen ahalko.

8. artikulua. Epaitza jakinaraztea eta obrak erakustea.

Obra guztiak ebaluatu eta sariak esleitu ondotik, epaimahaiaren erabakia webgune honetan argitaratuko da, 2026ko martxoan: https://despoblacion.navarra.es/eu/web/despoblacion/hasiera.

Epaitzarekin batera, datu pertsonalak biltzen dituzten artxiboak erakunde deitzaileak zer egun, ordu eta lekutan irekiko dituen argitaratuko da, saritutako argazkien egilea nor den jakin dadin. Irekierara, lehiaketan parte hartu duen edonor agertzen ahalko da.

Erakunde deitzaileak banan-banan jakinaraziko die emaitza irabazleei, harremanetarako eman dituzten datuen bidez (telefonoa edo posta elektronikoa).

Erakunde deitzaileak sariak banatzeko ekitaldi bat egiten ahalko du, eta parte hartzaile guztiei jakinaraziko zaie, behar besteko aurrerapenarekin.

Era berean, sarituen zerrenda eta haien lanen ezaugarriak hedatuko dira, komunikabideen eta egokitzat jotzen diren beste kanal instituzional batzuen bidez.

Lehiaketaren emaitzak zabaltzeko eta proposatutako gaiaren inguruan sentsibilizatzeko, obrarik aipagarrienak jendaurrean jartzeko konpromisoa hartzen du erakunde deitzaileak.

Erakusketa horretan, modalitate bakoitzean saritutako argazkiak sartuko dira gutxienez, bai eta epaimahaiak interesgarritzat jotzen dituen gainerako lan finalisten edo parte-hartzaileen hautaketa bat ere.

Erakusketa ibiltaria izan daiteke, Nafarroako zenbait herritatik zeharrekoa, edo zehaztu gabe dagoen leku enblematikoren batean egin. Behar bezala iragarriko da. Ikusgai jarriko den argazki bakoitzarekin batera, hari erantsitako jatorrizko kontakizun laburra erakusten ahalko da, eta, epaia argitaratu ondotik, lanaren izenburua eta egilearen izena aipatuko dira.

9. artikulua. Erabilera-eskubideak eta jabetza intelektuala.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez dakar aurkeztutako obren jabetza intelektualeko eskubideak esklusiboki lagatzea. Egileek uneoro gordeko dute beren argazki eta testuen egile-eskubideen titulartasuna. Hala ere, lan bat lehiaketara aurkezteak berekin dakar erakunde deitzaileari (Nafarroako Gobernua) erabilera ez-esklusiboko lizentzia bat ematea, mundu mailakoa eta legeak baimentzen duen denbora maximorako, saritutako obrei eta finalista gisa hautatutakoei buruzkoa, xede bakarrarekin: lehiaketarekin, haren xedeekin edo etorkizuneko edizioekin lotutako zabalkunde-, erakusketa- edo sustapen-ekintzetan erreproduzitu, banatu edo jendaurrean erakutsi ahal izatea, egilearen izena aipatuz beti, horregatik sariaz besteko ordainsaririk jasotzeko eskubiderik sortu gabe.

Inola ere ez da obra aldatuko egilearen baimenik gabe; soilik eginen dira behar bezala argitaratzeko edo erakusteko beharrezkoak diren formatu-egokitzapenak (adibidez, tamaina- edo bereizmen-doikuntzak).

Parte-hartzaileek aurkeztu hutsarekin bermatzen dute bidalitako argazkien eta testuen legezko egileak direla, haien gaineko eskubide guztiak dituztela, eta obrek ez dutela kargarik edo haietaz baliatzeko mugarik. Era berean, ziurtatzen dute obra sortzean ez dela hirugarrenen eskubiderik urratu.

Argazkietan ezagut daitezkeen pertsonak agertzen badira, parte-hartzaileak pertsona horien berariazko baimena izan beharko du irudia erabiltzeko eta lehiaketaren testuinguruan argitaratzeko.

Era berean, baldin eta hirugarrenen jabetza intelektualeko eskubideei lotutako elementuak erreproduzitu badira obran (adibidez, artelanak, eraikuntza bereziak, markak, etab.), egileak eskubide horien titularraren baimena lortua beharko du nahitaez.

Parte-hartzaileek irudi-eskubideen edo jabetza intelektualaren arloko xedapenak betetzen ez badituzte, lehiaketaren antolakundeak ez du inolako erantzukizunik izanen horri buruz, eta egileen erantzukizun esklusiboa izanen da sortu litekeen edozein erreklamazio.

Saritutako lanak Nafarroako Gobernuaren esku geldituko dira, eta hark bere funts dokumental grafikoan sartuko ditu. Esandakoaren kalterik gabe, egileek beren argazkiak askatasunez erabiltzen jarraitzen ahalko dute, baita lehiaketa honen ondotik beste lehiaketa batzuetan parte hartzeko ere, baldin eta, hala badagokio, «Herria, desira leku» lehiaketan kasuan kasuko saria lortu dutela adierazten badute.

Saririk jaso ez duten edo finalista izateko hautatu ez diren lanak egileek berreskuratzen ahalko dituzte (baldin eta antolakundeak fisikoki bidali behar izan baditu, erakusketaren baterako); parte-hartze erabat digitalaren kasuan, lehiaketa bukatu eta zentzuzko epe bat igaro ondotik, hautatu gabeko obren artxiboak antolakundearen sistemetatik ezabatuko dira. Legezko betebeharren edo konpromiso instituzionalen ondorioz artxibatu behar direnak baino ez dira gordeko.

10. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudia betez –Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa–, parte-hartzaileei jakinarazten zaie lehiaketa honen ondorioz ematen dituzten datu pertsonalak Nafarroako Gobernuaren ardurapeko fitxategi edo datu-base batean sartuko direla.

Datu horien tratamenduaren helburua da behar bezala kudeatzea lehiaketako parte-hartzea, epaiaren jakinarazpena, sari-ematea eta lehiaketari lotutako erakusketaren antolaketa, bai eta, hala badagokio, irabazleen izena eta irudia zabaltzea ere oinarri hauetan adierazitako komunikabideetan eta bitartekoetan, lehiaketaren berri emateko eta hura sustatzeko.

Hau da tratamendu hori legezko bilakatzen duen oinarri juridikoa: parte-hartzaileek lehiaketan izena ematean emandako adostasuna, bai eta antolakundeak bere helburu publikoak sustatzeko duen interes legitimoa ere. Helburu horietarako dira beharrezkoak eskatutako datuak, eta horretarako bakarrik erabiliko dira. Antolakundetik kanpoko hirugarrenei lagako zaizkien datu pertsonal bakarrak hauek izanen dira: saritua izanez gero beharko direnak (egilearen izena eta jatorrizko herria, bereziki) edo legeak hala aginduta publiko egin beharrekoak. Lehiaketa bukatu eta sariak eman ondotik, datu pertsonalak soilik gordeko dira legezko erantzukizunak erator daitezkeen epean eta gardentasuneko eta artxibatze historikoko betebeharrak bete arte. Ondotik, ezabatu eginen dira.

Parte-hartzaileek eskubidea izanen dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta eramateko, eta haien tratamenduari aurka egiteko edo hura mugatzeko. Eskubide horietaz baliatzeko, Lurralde Kohesiorako Departamentuari idatzizko jakinarazpen bat bidali beharko diote Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo edozein erregistro-bulegoren bidez, gaian honako hau adieraziz: "Datuen babesa - Argazkilaritza-lehiaketa: Herria, desira leku".

Halaber, jakinarazten zaie badutela eskubidea erreklamazio bat aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, beren eskubideak urratu direla uste badute.

Lehiaketan parte hartzeak adierazten du interesdunak datuen babesari buruz azaldutako informazioa irakurri eta ulertu duela, eta baimena ematen duela bere datuak adierazitako baldintzetan tratatzeko.

11. artikulua. Oinarrien onarpena.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek guztiak osorik onartzea, inolako mugarik eta baldintzarik gabe, bai eta epaimahaiaren epai apelaezina ere.

Lehiaketa garatzean oinarri hauetan ezarritako xedapenen bat betetzen ez bada, berehala baztertzen ahalko da araua hautsi duen parte-hartzailea, erakunde deitzailearen edo epaimahaiaren iritziari jarraituz.

Antolakundeak beretzat gordetzen du oinarri hauen interpretazioari buruz edo haietan aurreikusi gabeko egoerei buruz planteatzen diren gai guztiak ebazteko eskubidea, bere irizpiderik onenaren arabera eta modu loteslean.

Era berean, erakunde deitzaileak aldaketak egiten ahalko ditu lehiaketa garatzen ari den bitartean, edo, are gehiago, deialdi hau bertan behera uzten ahalko du, behar bezala justifikatutako interes publikoko arrazoiak, arrazoi teknikoak edo antolakuntzakoak tarteko, eta konpromisoa hartzen du hori behar besteko aurrerapenez jakinarazteko, deialdirako erabilitako bitarteko berberen bidez, horrek parte-hartzaileen erreklamaziorako inolako eskubiderik sortu gabe.

Oinarri hauen interpretazioan bat ez etortzeak sortuz gero, antolakundearen irizpidea nagusituko da.

Azken xedapena: Oinarri hauetan berariaz aurreikusi ez den guztirako, dagokion foru-araudia eta araudi orokorra aplikatuko dira osagarri gisa, eta, bereziki, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea (eskudiruzko sariak emateari dagokionez) eta hura garatzeko araudia, bai eta indarrean dagoen eta lehiaketaren izaera dela-eta aplikagarria izan daitekeen beste edozein xedapen ere.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar lehiakideek berariaz men egitea arau hauei.

Informazio gehiago, hemen:

Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzua.

Telefono-zenbakia: 848420787.

Helbide elektronikoa: despoblacion@navarra.es (gaian, adierazi "Argazkilaritza-lehiaketa: Herria, desira leku").

https://despoblacion.navarra.es/eu/web/despoblacion/hasiera

Iragarkiaren kodea: F2513781