229. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko urriaren 29an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Caparrosoko industrialdeko hondakin-urak Arga Behereko HUArekin lotzeko proiektua" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2025eko maiatzaren 9an, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk (NILSA), Mairagako Mankomunitatearekin ezarritako lankidetza-araubideari jarraikiz, eskatu zion Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari jendaurrean jartzeko "Caparrosoko industrialdeko hondakin-urak Arga Behereko HUArekin lotzeko proiektua", Mairagako Mankomunitateko Batzar Orokorrak 2025eko ekainaren 11n onetsia, bai eta proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak zehazten duen desjabetze-prozedura hasi aurreko izapidea baita, horren onuradun Mairagako Mankomunitatea deklaratuta.

Aipatutakoa udal zerbitzu publikoa denez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ekainaren 18ko 205/2025 Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri ziren hamabost egunez aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Mairagako Mankomunitatea onuradun deklaratu zen desjabetze-espedientean. Ebazpen hori 2025eko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 22koan.

Jendaurreko aldia bukatuta, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak irailaren 26an emandako 310/2025 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespenak berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra. Ebazpen hori 2025eko 205. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 14koan.

"Caparrosoko industrialdeko hondakin-urak Arga Behereko HUArekin lotzeko proiektua" gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da Caparrosoko El Saso industrialdearen garapenak lotura estua duelako bertako hondakin-urak Arga Behereko udal-araztegiarekin lotzearekin. Industrialde horren barruan, bateriak birziklatzeko instalazio bat jartzea aurreikusi da. Proiektu hori foru interesekoa dela deklaratu da. Instalazio hori abian jartzeko, industrialdeko hondakin-urak araztegira konektatu beharko dira. Horregatik guztiagatik, proiektuaren administrazio-izapidetzea presakoa da.

Era berean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 2.5 artikuluan oinarrituz, foru lege horren menpeko entitateek kontratazio publikorako jarduera programatu beharra dute, aurrekontu-ekitaldi batean edo urte anitzeko epeetan garatuko dutena, eta aurrez jakinaraziko dute beren kontratazio-plana, aurrekontuen onespenarekin batera. Ildo horretan, proiektu hau programatu eta onetsi zen NILSAren 2024rako jarduketa planaren barnean. Plan hori "Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Gidaria-Goi saneamendua" izenekotik dator, zeina Nafarroako Gobernuak onetsi baitzuen 2019ko maiatzaren 8an.

Espedientean jasota dago Nafarroako Toki Azpiegiturak SAko (NILSA) zuzendari kudeatzailearen ziurtagiria, non adierazten baita badela "Caparrosoko industrialdeko hondakin-urak Arga Behereko HUArekin lotzeko proiektua" izenekoak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko beharrezkoa den aurrekontu-kontsignazioa.

Nafarroako Gobernuak, NILSAk alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "Caparrosoko industrialdeko hondakin-urak Arga Behereko HUArekin lotzeko proiektua" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA) eta Mairagako Mankomunitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urriaren 29an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2514130