217. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1167E/2025 EBAZPENA, urriaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez honako haize-parke proiektu hauen ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen den: «As de Guía 4», «Ballestrinque 4», «Ballinger 4», «Carabela 4», «Carraca 4», «Cote 4» eta «Margarita 4», Olaibar, Anue eta Esteribarko udal-mugarteetan kokatutakoak; barne hartuta transformazioko, ebakuazioko eta sarera konektatzeko azpiegiturak, dagoeneko existitzen den «Orkoien-Cordovilla 4 66 kV (i-DE)» lineako euskarrian, Olaibar eta Odieta udal-mugarteak ukituz. Proiektuen sustatzaileak, hurrenez hurren, honako hauek dira: Enigma Green Power 02 SLU, Enigma Green Power 04 SLU, Enigma Green Power 06 SLU, Enigma Green Power 08 SLU, Enigma Green Power 010 SLU, Enigma Green Power 11 SLU, Enigma Green Power 12 SLU eta Enigma Green Power 13 SLU.

Aurkeztutako proiektuak ingurune berean kokatzen dira, jarduera, sarbide eta obra zibil berak partekatzen dituzte, eta sortutako energia transformazioko, ebakuazioko eta sarera konektatzeko azpiegitura komunen bidez bideratuko dute sarera, dagoeneko existitzen den «Orkoien-Cordovilla 4 66 kV (i-DE)» goi-tentsioko lineako euskarrian. Horrenbestez, guztiek lotura estua dute elkarren artean, funtsean nortasun bera partekatzen dutelarik. Efizientzia administratiboaren printzipioari jarraituz eta bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluan xedatutakoarekin, erabaki da espediente bakar batean biltzea zazpi haize-parke horien eta dagozkien transformazioko eta ebakuazioko azpiegituren ingurumen-ebaluazioa.

Zazpi proiektu horien ezaugarri eta magnitude metatuak jasota daude Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurarekin izapidetzen dira, zeina arautzen baita aipatutako arauaren II. tituluko II. kapituluko 1. atalean. Gainera, proiektu horiek sartzen dira Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren objektuan eta esparruan.

1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

Sustatzaileek, 2025eko martxoan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari aurkeztu zizkioten «As de Guía 4», «Ballestrinque 4», «Ballinger 4», «Carabela 4», «Carraca 4», «Cote 4» eta «Margarita 4» haize-parkeen aurreproiektuak, barne hartuta transformazioko, ebakuazioko eta sarera konektatzeko azpiegiturak, bai eta aipatu parkeentzako ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratua eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren izapidea hasteko eskaera ere.

Bat etorriz Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo substantibo gisa, informazio publikoan jarri zituen 30 egunez zazpi haize-parkeen aurreproiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak, iragarki bat argitaratuz 2025eko apirilaren 29ko 83. Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Aldi berean, organo substantiboak kontsultak egin zizkien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, bat etorriz Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluarekin eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen 37. artikuluarekin.

Ebazpen honen espedientearen azterketa teknikoaren gorputzean adierazten da nola hartu diren kontuan ingurumen arloko edukia duten txostenak eta ekarpenak, hizpide dituztenak garrantzitsutzat jotzen diren inpaktuak.

2025eko uztailean, informazio publiko eta kontsultako izapidean jasotako txostenen eta alegazioen edukia aztertu ondoren, sustatzaileek proiektuen konfigurazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa eguneratu zituzten. Azpiegitura Energetikoen Atalaren eskariz eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, 2025eko abuztuaren 6an, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak informatu zuen ez zela, jatorrian aurreikusitakoekin alderatuta, ingurumen-efektu garrantzitsurik egindako aldaketen ondorioz, eta, horrenbestez, ez zela beharrezkoa informazio publikoko izapidea berriro egitea ingurumen-ondorioetarako.

Horiek horrela, Azpiegitura Energetikoen Atalak dokumentazio guztia bidali zion Ingurumen Ebaluazioaren Atalari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko.

Bada, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio hau egitean, aitzat hartu da sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa, zehazki, aurreproiektu hauekin lotutakoa: «Sarera konektatutako «PE As de Guía 4», «Ballestrinque 4», «Ballinger 4», «Carabela 4», «Carraca 4», «Cote 4» eta «Margarita 4» haize-parkeen aurretiazko administrazio baimena lortzeko proiektua», bakoitza 4,99 MW-koa, 2025eko uztailean datatutako aurreproiektu guztiak, eta «30 kV-ko ebakitze-zentroaren, 30 kV-ko lurperatutako linearen, azpiestazio jasotzaile/ebakitzailearen eta 66 kV-ko aireko eta lurperatutako linearen aurretiazko administrazio baimena lortzeko proiektua. «Carraca 4», «Carabela 4», «Ballinger 4», «Ballestrinque 4», «PE As de Guía 4», «Margarita 4» eta «Cote 4» haize-parkeak», 2025eko otsailean datatua. Horrez gain, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio honek egitasmo horiei lotutako inpaktuei buruzko irizpena ematen du, sustatzaileek aztertu zituztenak 2025eko uztaileko dokumentu honetan: «Zazpi haize-parkeren ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratua (As de Guía 4, Ballestrinque 4, Ballinger 4, Carabela 4, Carraca 4, Cote 4 eta Margarita 4) (konexioarekin ORKOIEN-CORDOVILLA 4 66kV SAN KRISTOBAL T1 66kV goi-tentsioko linearekin), bakoitza 4,99 Mw-ko potentzia izendatukoa, Olaibar, Nafarroa». Informazio publikoko eta kontsultako izapideetan zehaztutako inpaktuen gaineko irizpena ere ematen du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio honek.

Aldiz, ebaluazioak ez ditu honako hauek barne hartzen: instalazio eta gailu elektrikoen segurtasuna, laneko segurtasuna eta osasuna, hirigintza, lurraldearen antolamendua, bide segurtasuna eta araudi erregulatzailea zein berariazko instrumentuak dituztelako ingurumen-ebaluazio honen irismenetik kanpo gelditzen diren gainerako eremuak.

2.–Proiektuen azalpena eta kokalekua.

Zazpi aurreproiektuetako bakoitzak haize-sorgailu bat instalatu nahi du energia ekoizteko haizearen indarra erabiltzeko (parke eolikoak), 108 m-ko garaierako dorreekin eta 149,1 m-ko diametroko errotoreekin, makina bakoitzeko 4,99 MW-ko potentzia instalatuarekin. Zazpi parke eolikoak elkarrekin hartuta, instalatutako potentzia 35 MW ingurukoa litzateke. Haize-sorgailuak Olaibar, Anue eta Esteribar udalerrietan egonen lirateke, honako koordenada hauetan zehazki:

HAIZE-PARKEA

X

Y

As de guía 4

616008

4.752.011

Ballestrinque 4

614998

4.752.899

Ballinger 4

614793

4.752.752

Carabela 4

614583

4.752.488

Carraca 4

614362

4.752.403

Cote 4

615713

4.752.487

Margarita 4

615745

4.751.901

Erreferentziako Koordenatu Sistema (CRS) ETRS 1989/UTM Zone 30N

«PE Cote 4» haize-parkearen aurreproiektuak auto-eutsitako neurketa-dorre bat instalatzea aurreikusten du, 118,4 metrokoa, anemometroarekin eta haize-orratzarekin 120,4 metroko altueran, Olaibar udalerriko X: 615.558 eta Y: 4.752.210 erreferentziako koordenatuetan. Dorrea behe-tentsioan elikatuko da «PE Cote 4» haize-sorgailutik, 950 metro inguruko luzera duen zanga baten bidez, sarbidearekiko paraleloan.

Haize-parkeetara N-121A errepidetik sartzea aurreikusten da, 14+600 kilometro-puntutik gutxi gorabehera, dagoeneko existitzen den bide publiko batetik; ondoren, bertatik abiatuko litzateke haize-sorgailuetara joateko eraiki beharreko bide berria. Bide berriek honako ezaugarri hauek izanen dituzte, eta lehendik daudenak ere ezaugarri berberak izateko egokituko dira: 6 m-ko errodatze-zabalera, gutxienez 60 m-ko biraketa-erradioa, trinkotutako materialarekin (%95 PM) egindako gutxienez 0,20 m-ko lodierako oinarri-azpia, eta trinkotutatuko ibaiko zabor-legarrez (%95 PM) egindako 0,10 m-ko oinarria. Proiektuan ez dira malda maximoak edo hormigoizko tarteak definitzen.

Zazpi haize-sorgailuetako bakoitzak sortutako energia erdi-tentsioko lineen bidez (30 kV) ebakuatuko litzateke ebakitze-zentrora arte, 5.536 m inguruko luzerako lurperatutako zanga partekatuetan zehar. Ebakitze-zentroa 48. katastro-zenbakia duen Olaibarko 7. poligonoko partzelan kokatuko litzateke, X: 615.134 eta Y: 4.752.301 (ETRS 1989-UTM Zone 30N) erreferentziako koordenatuetan. Ebakitze-zentrotik 30 kV-ko lurpeko erdi-tentsioko linea bat aterako litzateke SET «Ultzama» 66/30 kV-ko azpiestazio jasotzailera, 2,7 km-ko luzerakoa gutxi gorabehera. «Ultzama» 66/30 kV-ko azpiestazio jasotzailea Olaibarko 7. poligonoko 28. partzelan proiektatuta dago, X: 613.549 eta Y: 4.751.850 (ETRS 1989-UTM Zone 30N) erreferentziako koordenatuetan, eta 1.138 m² inguru (52 x 24 m) okupatuko lituzke. Aipatu azpiestazio jasotzailea SET «Ultzama» 66 kV-ko azpiestazio ebakitzailearekin konektatuko litzateke, Olaibarko 7. poligonoko 28. partzelan bertan aurrekoaren ondoan kokatutakoa, X: 613.532 eta Y: 4.751.807 (ETRS 1989-UTM Zone 30N) erreferentziako koordenatuetan, 2.376 m² inguru okupatuz. Azpiestazio ebakitzailea sarearekin «Orkoien-Cordovilla 4 66 kV (i-DE)» lineako euskarrian konektatuko litzateke, 66 kV-ko aireko eta lurperatutako linea baten bitartez; 0,45 metroko zati bat joanen litzateke lurpean eta 0,05 metroko azken zatia izanen litzateke airekoa, eta, euskarri berri bat instalatzea beharrezkoa izanen litzateke lurpeko zatiaren eta airekoaren arteko trantsizioa egiteko.

3.–Espedientearen azterketa teknikoa.

a) Alternatiben azterketa.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak egindako azterlanaren xedea da ebaluatzea zer alternatiba dauden zazpi haize-parke egiteko proiektua gauzatzeko, guztiak ere Orkoiengo 220 kV-ko azpiestazioa izanen luketenak azken konexio-puntu. Alternatiben analisiak aztertzen du proposatutako jarduerak ez egiteko aukera edo «0 alternatiba». Bada, sustatzaileak uste du ezer ez egiteko aukerak ez-betetzeak eraginen lituzkeela bai 2030erako Nafarroako Energia Planarekin eta planaren eguneratzearekin lotuta, bai eta 2021-2030 aldirako Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratuarekin lotuta ere; ez hori bakarrik, Nazio Batuek 2015ean klima aldaketari buruz egindako COP21 biltzarreko txostenetik aldentzea ekarriko luke, eta ez betetzea Europako Batzordearen eta Europako Parlamentuaren erabaki, jarraibide eta ekimen normatiboak, ezta Estatuko eta Nafarroako legeria ere. Sustatzaileak nabarmentzen duenez, ingurumen-inpaktu onargarria duen irtenbideren bat aurkitzen ahal den guztietan, «0 alternatiba» ez da egokiena eta baztertu egin behar da.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak barruti eoliko bat zedarritzen du, non bilatzen ahal diren zazpi parkeak eta horiei lotutako azpiegiturak ezartzeko alternatibak, faktore mugatzaile batzuk kontuan hartuta. Eremu eoliko posibleak hautatzean, sustatzaileak aztertzen ditu lege-baldintzatzaileak, merkatuaren eta teknologiaren bilakaera, lehendik dauden edo izapidetzen ari diren proiektuen zortasunak, sarera lotzeko puntua, harrera eolikorako gaitasuna 2030erako Nafarroako Energia Planaren arabera, eta bestelako baldintzatzaile batzuk, eraikuntza-lanekin, sarbideekin eta instalazioaren berezko ezaugarriekin lotuta.

Behin eremu eolikoa mugatu ondoren, haize-sorgailuak kokatzeko potentzialtasuna duten bi eremu hautatzen dira. Eremu horietan, «A alternatiba» eta «B alternatiba» definitzen dira; bi alternatibek ezaugarri berdineko zazpi haize-sorgailuren instalazioa aurreikusten dute. «A alternatibak» 6.710 metro sarbide egitea eskatzen du, ibilbidearen zatirik handienean zuhaiztietatik igarota. Gainera, Iruñeko metropolialdeko zati handi batetik haize-sorgailuak ikusiko lirateke. Aldiz, instalazioa ikusiko luketen pertsonen kopurua nabarmen txikiagoa da «B alternatibaren» kasuan. «B alternatibak» 8.026 metro sarbide egitea eskatzen du, eta, oro har, zuhaizti gutxiago ukitzen ditu. Gainera, haize-sorgailuak jartzeko lurrak eta inguruak aldapa gutxiagokoak dira, bai eta higadura potentzial txikiagokoak ere. «A alternatibak» 5.600 metroko aireko ebakuazio-linea bat proiektatzen du, eta, «B alternatibak» bien bitartean, 2.600 metroko lurpeko ebakuazio-linea bat.

Sustatzaileak balio anitzeko azterketa egin du, eta bi alternatibak modu bitarrean baloratu ditu (0 edo 1), 1 balioa emanez onuragarriena den alternatibari, aztertutako faktore batzuen arabera: sarbideak, malda, hidrologia, lurzorua (higadura prozesuak), landaredia, fauna, eremu babestuak, intereseko habitatak, abelbideak, ondare historiko-kulturala, paisaia, herriekiko hurbiltasuna, eta bideragarritasun ekonomikoa. Ingurumen-inpaktuaren azterketak «B alternatiba» hautatzen du, irizten duenez, hori baita teknikoki eta ingurumenaren aldetik aukera bideragarria; are, ingurumenaren aldetik aztertuta, «A alternatiba» eta «0 alternatiba» baino hobea dela nabarmentzen du.

Hala ere, zenbait erakunde, elkarte eta alegazio-egile partikularrek egindako alternatiben azterketaren zorroztasun falta salatu dute; are, araudia bete ez dela salatu dute, proiektatutako haize-sorgailuetako bi («As de Guía 4» eta «Margarita 4») SACYR Concesiones SLU enpresak sustatutako «Navarra 4» haize-parkearen lerrokaduran kokatuta baitaude, eta aipatu egitasmoak kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena jaso baitzuen. Hain justu, honako ebazpen honen bitartez: 486E/2022 Ebazpena, maiatzaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/120/16), 2022ko uztailaren 17ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua. Proiektatutako gainontzeko haize-sorgailuak ere aipatu lerrokaduratik oso distantzia eskasera kokatuta daude.

a) Proiektuen inpaktu nagusien analisia.

Jarraian, proiektuen inpaktu nagusiak eta horien tratamendua aztertzen dira, bai sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazten dituenak, bai informazio publikoko eta kontsultako prozeduretan azaleratu direnak ere.

–Geomorfologia eta lurzoruak:

Afekzio handiena eraikuntzako fasean sortuko litzateke, eta, okupazioaz gain, inpakturik handiena lurzoruaren aldaketa morfologikoak eta higadura arriskuaren areagotzea izanen lirateke, lur-mugimenduen eta landare-estalkia ezabatzearen ondorioz. Era berean, lurzoruaren trinkotzea eta kalitate-aldaketa ere emanen lirateke, makinariaren joan-etorrien eta balizko isurien ondorioz.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak irizten du eraikuntzako faseko inpakturik handienak arinak izanen liratekeela, eta, behin neurri prebentiboak eta zuzentzaileak aplikatuta, bateragarritzat jotzen ditu. Hala ere, ingurumen-inpaktuaren azterketak berak jasotzen duenez, instalazioaren %50 baino gehiago malda oso handiko lurzoruetan kokatuko litzateke (%30 eta %50 artean), %22 malda handiko lurzoruetan (%20 eta %30 artean), %21 neurrizko maldak dauden lurzoruetan (%10 eta %20 artean), eta soilik %7 dago kokatuta maldak %10 baino txikiagoak diren lurzoruetan. Horrenbestez, lur-mugimendu handiak eraginen lirateke, higadura-fenomenoak sustatuko lirateke eta lanak amaitzean ingurua berriro landareztatzea zaila izanen litzateke. Aurreko inguruabar horiek, eremu horretako plubiometria handiarekin batera, higidura dinamika handia eragin lezakete, eta afekzio handia izan paisaian, geomorfologian eta lurzoruetan; ondorioz, lehengoratzeko epeak oso luzeak lirateke.

Zenbait tokiko erakunde, elkarte eta partikularrek aurkeztutako alegazioek zehazten dutenez, haize-parkeak ezartzeak bai higadura bai higatutako azalera nabarmen handitzea ekarriko luke; horrez gain, lurzoruen kalitate galera emanen litzateke, udal araudiarekin eta planekin bateraezina dena. Alegazio-egile batzuek gehitzen dutenez, sustatzaileak egindako ukitutako azaleraren estimazioa benetan gertatuko litzakeena baino nabarmen txikiagoa da, eta, Igargueta SLk salatzen duenez, ingurumen-inpaktuaren azterketak gabeziak ditu, eta, ondorioz, azterketa osagarriak eskatzen ditu (geologikoak, hidrologikoak, ekonomikoak, landarediarenak, faunarenak eta abar).

–Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, ebakuazio-azpiegitura haran-ondoko belardietatik eta larreetatik igarotzen da gehienbat, edo dagoeneko existitzen diren bideen azpitik; haize-sorgailuak kokatuko liratekeen eta sarrerako bideak hartuko lituzketen inguru altuenetan, berriz, zuhaitz-masa helduak dira nagusi, pinu gorri, pago eta haritz pubeszente basoak zehazki. Dokumentuak zehazten du ez dela maila nazionalean edo autonomikoan mehatxatutzat jotako espezierik detektatu, eta, Europar Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, HIC 9150 habitataren gaineko afekzioa izanen dela irizten du.

Landare-estalkiaren gaineko afekzioak eraikuntzako fasean sortuko lirateke funtsean, lurzorua prestatzeko eta obra zibila exekutatzeko jarduketetan; gainera, okupatutako azaleren gaineko afekzioa iraunkorra izanen litzateke. Sustatzaileek uste dute inpakturik handiena instalazioak hartuko lituzketen eremuak garbitu, soildu eta okupatzearen ondoriozkoa izanen litzatekeela; zehazki, 8,19 hektarea ukituko lirateke, horietatik 0,67 hektarea pinu gorri masak, 1,84 hektarea zuhaitz hostotsuen masak eta 5,68 hektarea belardiak, eta inpaktua larria izanen litzateke. Ukitutako Europar Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, berriz, 1,15 hektarea ukituko lirateke, zehazki, HIC 9150 habitata (pagadi xero-termofilo kaltzikola kantauriarrak, Epipactidi helleborines-Fagetum), eta inpaktua larria izanen litzateke sustatzaileen iritziz. Behin neurri prebentibo eta/edo zuzentzaileak aplikatu ostean, eta planteatutako leheneratze-plana aintzat hartuta, bi inpaktuak arintzat jotzen dira.

Proiektuak gauzatzeak ondo kontserbatutako eta kalitate altuko landaredi-azalera bat ukitzea ekarriko luke, tartean, zuhaitz-masa natural trinkoak, heltze maila altukoak eta balio handikoak, hein handi batean pinudiak, pagadiak, hariztiak eta aurrekoen masa mistoak, dimentsio handiko zuhaitz heldu ugari hartzen dituztenak. Gainera, ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatu bezala, 9150 Europar Batasunaren intereseko habitata ukituko litzateke, eta, horiek, 92/46/EEE Zuzentarauaren arabera, «ongi kontserbatu behar dira, beren azalerak mantendu edo handituz». Balio handiko landaredi natural hori suntsitzen bada, lehengoratzeko ehunka urte behar izateaz gainera, zeharkako ondorioak izanen ditu beste elementu batzuetan, bereziki faunaren gainean, eta karbonoaren hustubide lana betetzen duten eta aldaketa klimatikoaren aurrean funtsezkoak diren baso azalera handiak galtzea ekarriko du.

Inguruko zenbait tokiko erakundek aurkeztutako alegazioak, bai eta zenbait elkarte eta alegazio-egile partikularrek ere, nabarmentzen du haize-parkeen ezarpenak balio ekologiko handiko zuhaitz-masa helduen suntsipena ekarriko lukeela; are, tokiko zenbait erakunderen arabera, ez litzateke bateragarria araudiarekin eta hirigintzako udal planeamenduekin. Zehazki, Zuhaitz Zaharren Lagunak elkartearen arabera, balio ekologiko altuko baso autoktono bat ukituko litzateke, balio altuko ale oso zaharrak hartzen dituena, funtsezkoak direnak gure basoen biodibertsitatea mantentzeko; are, espezie ugarirekin harreman estua duten uharteak dira –sarri, gainera, espezie mehatxatuak izaten dira–. Era berean, zenbait alegazio-egilek nabarmendu dutenez, zuhaitzek eta landareek osatutako estalkia ezabatuz gero proiektuak gauzatzeko, atmosferako karbono dioxidoa xurgatzen duen karbono-hustubide natural bat desagertuko litzateke. Haize Berriak elkarteak, berriz, landarediaren eta Europar Batasunaren intereseko habitaten azterketak gabezia garrantzitsuak dituela nabarmendu du.

–Fauna eta naturagune babestuak:

Ingurumen-dokumentuan proiektuaren eraginpeko eremuko espezieen inbentario bibliografikoa bildu da, mota bakoitzeko ornodunen gainean argitaratutako atlasak eta lehorreko espezieen Espainiako inbentarioaren arabera egindakoa, eta UTM koordenatu-sistemaren proiekzio kartografikoa aintzat hartuta (10 kilometroko aldearekin). Bada, proiektua kokatuko litzatekeen gunean, 152 ornodun espezie aipatzen dira (bost arrainak, bost anfibioak, hamahiru narrastiak, 38 ugaztunak eta 91 hegaztiak).

Era berean, abifaunaren eta kiropteroen urteko zikloaren azterketa bat egin zen, zehazki, haize-sorgailuen eta ebakuazio-azpiegituraren inguruetan. Abifaunaren gaineko azterketak laginketak hartu zituen barne proiektua eginen litzatekeen gunearen inguruko 10 kilometroko barruti batean; behaketa eta entzuketa puntuak jarri ziren horretarako, trantsektuak egin, eta babesguneak, ugalketako guneak, lo egiteko lekuak, hezeguneak edo abifaunarentzat interesekotzat jotako lekuak bilatu. Hala ere, haize-sorgailuen inguruko eremuan, ez dago argi azterketa 2024ko urtarriletik abendura bitartean egin ote zen edo 2024ko martxotik 2025eko martxora bitartean; ebakuazio-azpiegituraren inguruko eremuan, aldiz, zenbait alegazio-egilek zehaztu bezala, azterketak ez du urteko ziklo osoa hartzen. Gainera, azterketa egiteko, landa-bisitak astero egin ziren martxoa eta abuztua bitartean (biak barne), eta, gainontzeko hilabeteetan, hamabost egunetik behin; hau da, ez zen Nafarroako Gobernuak ezarritako protokoloa bete, landa-bisitak urte osoan zehar astero egin behar direla baitio. Azterketaren barruan egindako berrikuspen bibliografikoak, bestalde, 138 hegazti-espezie biltzen ditu, eta horietako 99 detektatu dira aztertutako eremuan.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak irizten du eraikuntzako fasean faunaren gainean sortutako inpaktuak langileen eta makinen presentziak eragindako eragozpenak eta lurreko faunaren gaineko afekzio zuzena direla, eta biak bateragarritzat jotzen dira; habitaten alterazioa eta azalera galera ere aipatzen da, eta, kasu honetan, arintzat jotzen da.

Funtzionamenduko fasean zehar, berriz, ingurumen-inpaktuaren azterketak haize-sorgailuen hegalen mugimendua jotzen du faunarengan eragina izan dezakeen ekintza nagusitzat, bereziki fauna hegalariarengan: hegaztiak eta saguzarrak. Funtzionamenduko fasean identifikatutako inpakturik garrantzitsuenak dira haize-sorgailuen kontrako talka-arriskua eta habitaten zatiketa eta galera eragingo lukeen espazioaren erabilera-aldaketa, eta biak jotzen dira larritzat.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak 1996-2021 aldian Nafarroan martxan egondako parke eolikoetan detektatutako istripuei buruz Ingurumen Inpaktuaren eta Paisaiaren Atalak emandako datuak aztertzen ditu. Sai arrea izan zen gehien kaltetutako espeziea, heriotzen %36,18 sai arreenak izan baitziren; ondoren, oso urrun, eper gorria egonen litzateke (heriotzen %3,51). Ingurumen-inpaktuaren azterketak ohartarazten du datuak gutxieneko baliotzat hartu behar direla, detektatutako hilkortasuna beti izanen baita egiaz dagoena baino txikiagoa.

Proiektuek talka-arriskua tarteko abifaunarengan izanen luketen inpaktu zehatza karaterizatzeko, sustatzaileek analisi bat egiten dute, oinarri hartuta haize-sorgailuak ezarriko liratekeen barrutian egindako espazioaren erabileraren gaineko aldez aurreko azterketan lortutako datuak (Ingurumen-inpaktuaren azterketaren 4. eranskina).

Bada, egindako analisitik ondorioztatzen denez, hamabi hegazti harrapari espezie ikusi dira, guztiak ere babes bereziko araubidea dutenak edo katalogatuta daudenak; espezie horiek, kurriloarekin batera, 600 aldiz ikusi dira, eta 566 hegaldi detektatu dira. Gainera, ingurumen-inpaktuaren azterketak aipatzen du beste lau hegazti harrapari espezie ere bizi direla behatutako eremuan, landa-lanean alerik ikusi ez arren (ugatza, Bonelli arranoa, mirotz zuria eta mirotz urdina). Espezie horietatik guztietatik, galzoriko espezie gisa katalogatuta dauden hiru nabarmentzen dira: miru gorria, ugatza eta Bonelli arranoa. Sustatzaileak proiektuaren eremuan dauden harraparien gainean emandako informazioaren artean, Nafarroako Gobernuaren hainbat proiektutan GPS geolokalizatzaileak jarri zaizkien aleek bildutakoa ere badago.

Espazioaren erabileraren gaineko azterketan maizen detektatutako harraparia sai arrea da, 201 aldiz ikusi zena, eta, jarraian, zapelatz arrunta (118), miru gorria (113) eta miru beltza (78) daude.

Hamabi hegazti harraparien eta kurriloaren erregistratutako 566 hegaldietatik, %73,50 (n = 416) haize-sorgailuen hegalek mugitzean hartzen duten azaleraren altueran egindakoak dira, eta, aipatu 4. eranskinaren 15. taulan ikus daitekeen bezala, askok soilik talka-arriskuko hegaldiak egin dituzte.

ESPEZIEA

A ALTUERA

B ALTUERA

C ALTUERA

GUZTIRA

Zapelatz liztorjalea

3

3

Arrano txikia

4

4

Arrano beltza

3

3

Sai zuria

7

7

Aztore eurasiarra

1

1

Sai arrea

115

12

127

Zapelatz arrunta

1

63

64

Belatz gorria

26

26

Arrano sugezalea

9

9

Gabirai arrunta

8

8

Kurrilo arrunta

83

141

224

Miru beltza

23

23

Miru gorria

67

67

Guztizkoa, osotara

9

416

141

566

15. taula.–Harrapari espezieak zer altueran begiztatu diren.

Gainera, espazioaren erabileraren gaineko azterketan, kaltetutako hegazti nagusien hegaldi-ibilbideen azterketa egin zen, talka egitearekin bateragarriak ziren hegazti harraparien 52 hegaldi-ibilbide erregistratuz, zehazki haize-sorgailuak jartzea aurreikusita dagoen zazpi kokalekuetatik seitan. Horrenbestez, esan daiteke behatutako hegazti harraparien hegaldi-ibilbideen %15ek zutela talka-arriskua. Azterketaren arabera, detektatutako hamabi harraparietatik, soilik zortzik egin zituzten talka-arriskuko hegaldiak (sai arrea, miru beltza, zapelatz arrunta, gabiraia, arrano txikia, arrano sugezalea eta zapelatz liztorjalea). Horrenbestez, zortzi espezie horien behatutako hegaldi guztietatik, soilik %17,05 (n 305) izan ziren talka-arriskuko ibilbidearekin egindakoak. Urteko zikloaren azterketan jasotzen denez, miru gorria lau aldiz ikusi zen talka-arriskuko ibilbidearekin hegan egiten –behatutako miru gorri hegaldi guztien %6 (n = 67)–.

Proiektuak ezartzeko hautatutako eremuan askotariko larreak eta zuhaiztiak daude egun. Horren adibide dira nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak hartzen dituzten larreak eta belardiak, bai eta zuhaitz helduen masa zabalak ere –hein handi batean pinudiek, pagadiek, hariztiek eta aurrekoen masa mistoek osatutakoak eta dimentsio handiko zuhaitz heldu ugari hartzen dituztenak–. Horrenbestez, espezie ugarirentzat txoko ekologikoa da eremua, larratzeko, elikatzeko eta ugaltzeko erabiltzen dutena.

Aipamen berezia merezi du ugatzak; izan ere, galzoriko espezie gisa dago katalogatuta maila nazionalean eta autonomikoan, eta espeziearen populazio-dinamika oso sentikorra da helduen galerarekiko. Landa-lana egitean ugatzik ikusi ez zen arren, Nafarroako Gobernuak garatutako proiektu baten barruan geolokalizatzaileak jarri zitzaizkien zenbait aleri, helburu hartuta hiru ugatzek egindako espazioaren erabilera aztertzea, eta, egiaztatu ahal izan denez, bik proiektua eginen litzatekeen eremua erabili izan dute. Ez hori bakarrik, ugatz bikote batek ingurua bisitatu ohi du –ugatzetako batek GPS igorgailu bat du jarrita–, jasotako informazioa erabilgarri ez dagoen arren alea markatu zuena Aragoiko Gobernua baita, ez Nafarroakoa. Espeziaren banaketa-mugetan kokatutako eremuak okupatzearen ondorioz, espeziea Pirinioetan zuen berezko eremu nagusitik kanpo zabaltzen joan da, eta, hain justu, ugatza geografikoki eremu horretatik kanpora hedatzea da espeziearen kontserbaziorako arazo nagusietako bat. Horregatik, haize-parkeek eragindako afekzioa oso larria izanen litzateke, espeziaren atzerapena eragitea posible izateraino. Gainera, haize-parkeak Pirinioak eta espeziea arrakastaz sartu den Kantauriar mendikatea lotzen dituen ibilbidean egonen lirateke, eta, beraz, proiektuak egiteak egun bi mendikateetan dauden populazioen isolamendua ekar lezake.

Era berean, nabarmendu behar da aztertutako eremua miru gorriaren (Milvus milvus) kontserbaziorako ere interesekoa dela. Galzoriko espezie gisa dago katalogatuta maila nazionalean miru gorria, eta begiztatze kopurua handia izan da egindako landa-lanean, beti talka-arriskuko altueran; are, detektatutako hegaldi-ibilbideen %6 bateragarriak dira talka egitearekin. Aztertutako eremu guztia negu-pasarako eremu garrantzitsua da espezie horrentzat; Europako negutar ugari hartzen ditu eta, gainera, urte osoan zehar eremuan bizi diren ale ugaltzaile askoren bizitokia da. Halaber, beste lurralde batzuetako ale ugaltzaileen larratze eremuaren parte da, proiektuak ezartzeko eremua bisitatzen dutenak elikagai bila. Aintzat hartuta espeziearen mehatxu maila, begiztatzeen kopuru handia –guztiak talka-arriskuko altueran–, espezieak habiak egiteko, lo egiteko eta larratzeko eremuen artean duen mugikortasun handia, eta miru gorriak elikagai bila hegan ematen duen denbora luzea, bereziki espezie zaurgarria da parkeen instalazioarekiko.

Bonelli arranoaren inguruan, berriz, ingurumen-inpaktuaren azterketak nabarmentzen du Nafarroako Gobernuak garatutako proiektuen barruan geolokalizatzaileak jarri zitzaizkien zortzi alek proiektua eginen litzatekeen eremua erabiltzen dutela; are, Eusko Jaurlaritzak markatutako hiru alek ere ingurua bisitatzen dute. Horrenbestez, landa-lanean zehar Bonelli arranorik begiztatu ez bada ere, eta espeziak ingurua maiztasunez bisitatzen ez badu ere, espeziearen katalogazio maila aintzat hartuta talka-arriskua garrantzitsutzat jotzen du azterketak.

Halaber, sai arreak arreta berezia merezi du, urteko zikloaren azterketaren arabera espezie ugariena baita eta askotan ikusi baita (201); gainera, ehuneko handi batean, talka-arriskuko altueran (%90,55). Horiek horrela, talka egiteko arriskua handia da sai arren kasuan. Bada, aintzat hartuta arrisku hori, laginketa egiteak eskatutako ahalegina, sai arreen kasuan parke eolikoetan detektatutako heriotza tasa handia, bizitza luzeko espeziea dela –sexu-heltze aldi luzeak eta ugalketa tasa txikiak ditu–, eta mugikortasun handiko espezia dela, uste da afekzioa larria izaten ahal dela populazioan oro har. Izatez, 2024ko udaberrian Nafarroan egindako sai arrearen erroldako datuek diote espeziearen populazioa %30 baino gehiago jaitsi dela 2019ko datuekin alderatuta. Beraz, populazio joera kezkagarria du espezieak uneotan.

Parkeetatik hurbil, animalien gorpuak uzteko zenbait eremu egoki daude, 46/2014 Foru Agindua aplikatuz. Foru agindu horren bidez, basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzea eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua arautzen da, eta Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri eta funtzionamendurako arauak zehazten dira. Halaber, abeltzaintzako ustiategi estentsibo batzuk daude, non hildako abelburuak detektatzeko modurik azkarrena gorpuak kontsumitzera joaten diren saiak baitira. Batzuek zein besteek, abifauna nekrofagoa erakartzen dute, eta, horrek, jakina, areagotu egiten du hegaztion gainean izan daitekeen afekzioa.

Beste alde batetik, Lindus 1 eta 2 erkidegoen arteko proiektuetan jasotako datuek eta egindako abifaunaren urteko zikloaren azterketek erakustez dutenez, eta alegazio-egile ugarik ere nabarmendu dutenez, haize-sorgailuak mendebaldeko paleartikoko hegaztien Atlantikoko migrazio-ibilbide garrantzitsuenetako baten barruan kokatuta egongo lirateke; gainera, hego-haizea areagotzeak, migrazio korridoreak mendebalderago dauden Pirinioetako lepoetara aldatzea eragin du, eta horrek migrazioaren garrantzia areagotu du parkeak kokatzeko hautatutako eremuan. Proiektatutako parke eolikoek dimentsio txikiko gune bat hartuko luketen arren Nafarroako iparraldean dagoen migrazio eremu zabalean, hautatutako kokapenak, eta parkeak mendikateetako gailurretan lerrokatuta egoteak, talka-arrisku handia eraginen luke espezie askorentzat; ez hori bakarrik, migrazio-ibilbide garrantzitsuenetako batean hesi-efektua sortuko lukete, populazioen arteko konektagarritasuna murriztuz. Lerrokadurak ikustean, lepo horietara ahituta heldu ohi diren hegaztiek aldatu eginen lukete ibilbidea, eta efizientzia energetiko gutxiagoko beste ibilbide batzuk hartu, edo erantzuteko gaitasun urriarekin zeharkatuko lituzkete lerrokadurak, talka egiteko arriskua nabarmen areagotuta.

Aipatutako migrazio-ibilbidean oztopo izateaz gain, aurretik ere azaldu bezala, proposatutako parke eolikoak Pirinioak eta Kantauriar mendikatea lotzen dituen bidearen erdi-erdian egonen lirateke, hau da, hegazti ugarik erabiltzen duten ibilbide batean. Hortaz, talka egiteko arrisku handia ekarriko luke, baita hesi-efektua ere, mendikate horietan dauden populazioen isolatzea sustatzeaz gainera. Halaber, inguru guztia konektagarritasun-eremu bat denez, gerta liteke hegaztien espezie batzuen galera demografiko garrantzitsuko gune bilakatzea ere. Izatez, haize-sorgailuetako batzuk, jarri nahi dira 3. Lurralde Antolamenduko Planak «lurralde konektagarritasuna ahalbidetzeko duten ingurumen-baliogatik babestu beharreko lurzoru urbanizaezin» gisa sailkatutako lurzoruetan; are, tartean jada babestuta dauden espazioetako nukleoak ekologikoki eta funtzionalki konektatzeko eta lotzeko aukera ematen duten eremuak ere badaude. Indarrean dagoen araudiaren arabera, lurzoru horietan eragina izan dezaketen azpiegitura edo jarduketetan, ahalegin berezia egin behar da azpiegitura edo jarduketa horiek fauna eta florarentzako oztopo gaindiezin ez bihurtzeko, eta behar diren neurriak hartu behar dira espazioen arteko konektagarritasuna gal ez dadin. Gaur egun, neurri horiek ez daude bermatuta.

Kiropteroei dagokienez, ingurumen-inpaktuaren azterketak irizten du kiropteroen gaineko azterketaren ondorioak aintzat hartuta, haize-parkeak hilkortasun garrantzitsua sortuko lukeela saguzar arrunten (Pipistrellus pipistrellus) eta Leisler gau-saguzarren (Nyctalus leisleri) artean, eta, hein txikiagoan, Kuhl pipistrelo (Pypistrellus kuhlii), pipistrelo mediterranear (Pipistrellus pygmaeus) eta baratze-saguzarren (Eptesicus serotinus) artean. Gainera, gertagarritzat jotzen du hilkortasuna eragitea, hein are eta txikiagoan, baso-saguzarren (Barbastella barbastellus), Savi saguzarren (Hypsugo savii), gau-saguzar arrunten (Nyctalus noctula), eta gau-saguzar handien (Nyctalus lasiopterus) artean ere. Azken bi espezie horiek espezie mehatxatuak dira, migratzaileak, eta populazio txiki samarrak dituzte; hori dela eta, ingurumen-inpaktuaren azterketak beharrezkotzat jotzen du neurri prebentiboak hartzea.

Neurri zuzentzaile gisa, sustatzaileek proposatzen dute hegaztientzako eta kiropteroentzako talkaren aurkako metodoak erabiltzea, adibidez, haize-sorgailuen hegalak margotzea, soinu entzungarri eta ultrasonikoak igortzea, radarrak erabiltzea edo haize-sorgailuak geratzea; ez hori bakarrik, testatutako azken teknologia erabilgarriak erabiltzea aztertzea ere proposatzen dute, eta, gutxienez abuztutik irailera bitartean, haize-sorgailuak abiatzeko haizearen gutxieneko abiadura 6 m/s-ra igotzea. Era berean, proposatzen dute txori-babesak instalatzea fauna hegalariaren talkak saihesteko, bai eta elektrokutatzea saihesteko preskripzio tekniko batzuk indarrean jartzea ere.

Sustatzaileek baloratzen dutenez, hori bai, funtzionamenduko fasean, hegaztiengan eta kiropteroengan eragindako hondar-inpaktua larria izanen litzateke oraindik ere, haize-sorgailuen hegalekin talka egiteko arriskuaren ondorioz. Ingurumen-inpaktuaren azterketak baloratzen duenez, hegaztien gaineko inpaktua, linea elektrikoarekin talka egin eta elektrokutatzeko arriskuak eragindakoa, behin proposatutako neurri zuzentzaileak hartu ondoren, bateragarria litzateke.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak aipatutako hegazti eta kiropteroetako asko 42/2007 Legearen IV. eranskinean jasota daude, eta, beraz, «habitatari dagokionez kontserbaziorako neurri bereziak izanen dituzten espezieak dira, haien biziraupena eta ugalketa bermatzeko haien banaketa-eremuan». Aurkeztu diren ingurumen-inpaktuaren azterketetan sartutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak ez daude behar beste egiaztatuta gaur egun, eta ezin da baieztatu eraginkorrak direnik aztertutako espezieen kasuan planteatutako arazoak konpontzeko (talka-arriskua, hesi-efektua, populazioen isolamendua eta beste). Hori dela eta, haize-sorgailuak jartzeak okerragotu egin ditzake espezie horiek bizirik irauteko eta ugaltzeko baldintzak parkeak jarri nahi diren eremuan.

Alegazio-egileetako askok aurkeztutako idazkietan adierazi dutenez, katalogatuta dauden edo babes bereziko araubidea duten abifaunako espezien eta kiroptero-espezieen presentzia agerikoa da eremuan, asko 42/2007 Legearen IV. eranskinean sartutakoak gainera; ez hori bakarrik, espezie migratzaileen igarolekua ere bada eremua. Horregatik, proiektuak egiteak biodibertsitate galera garrantzitsua eraginen lukeela salatu dute, eta faunaren gaineko inpaktua sekulakoa litzatekeela. Era berean, nabarmendu dute espezie horietako batzuk haize-sorgailuak jarri nahi diren eremutik gertu dauden kontserbazio bereziko eremuetako funtsezko elementu direla, eta, beraz, proiektua habitaten gaineko 92/43/EE Zuzentarauren eta hegaztien gaineko 2009/147/EE Zuzentarauaren kontra joanen litzatekeela. Salatzen dutenez, talka-arriskua eta hesi-efektua eraginen lirateke, handiak izan litezkeenak, eta horrek proiektuen ingurumen-bideragarritasuna baldintzatuko luke. Haize Berriak elkarteak nabarmentzen duenez, aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak gabezia ugari ditu faunari buruzko apartatuetan. Era berean, zenbait alegazio-egileren arabera, egindako urteko zikloaren azterketak gabezia ugari ditu kiropteroei buruzko apartatuetan; ondorioztatzen dutenez, egindako azterketak ez du betetzen Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoa.

Gainera, ingurumen-organo honek irizten duenez, proiektatutako jarduerek fauna hegalariaren gainean izanen lituzkeen ondorio garrantzitsuek –talkek/barotraumek eragindako hilkortasun ez-naturalak areagotzeko arriskuaren, hesi-efektuaren eta huts-efektuaren ondoriozkoak–, izaera metagari nabarmena izanen lukete, denboraldi luze batez eta eremu zabal batean eraginen bailiekete kontserbazio-egoera okerra duten (eta katalogatuta dauden edo babes bereziko araubidea duten) espeziei, bai eta bizi luzeko espeziei ere, non parametro demografiko sentikorrena ale helduen eta helduarora heltzear direnen biziraupena den.

Eremu babestuei eta Natura 2000 Sareko eremuei dagokienez, proiektuek ez dute Nafarroako eremu babestuen sarean edo Natura 2000 Sarean sartutako eremurik ukitzen, gertuen daudenak ezarpen-eremutik bost kilometro baino gehiagora daudelarik. Era berean, haize-sorgailuak ezarriko liratekeen eremuen 10 kilometroko inguruan, honako gune hauek identifikatu dira: Ultzama eta Basaburuko hariztiak (PP-2), Egulbatiko jaurerria (PP-4) eta Elia kontzejua (PP-3) paisaia babestuak; Orgiko oihana aisirako naturagunea (ARN-1); eta Natura 2000 Sarea, Ultzama eta Basaburuko hariztiak kontserbazio bereziko eremua (ES2200043), Belate kontserbazio bereziko eremua (ES2200018), eta Irati, Urrobi eta Erro ibaien ibai-ekosistema kontserbazio bereziko eremua (ES2200025) eremu babestuak.

Aintzat hartuta eremu horiekiko distantzia eta posizioa, bai eta ukitutako habitaten azalera eskasa, ingurumen-inpaktuaren azterketak baztertzen du eraikuntzako fasean inolako afekziorik izateko aukera habitaten arteko igarobide ekologikoetan, eta irizten du fase horretan ez dela garrantzitsua izanen lurralde konektagarritasuna galtzearen ondoriozko inpaktua.

Arrazoi berak tarteko, ingurumen-inpaktuaren azterketak irizten du ustiapeneko fasean ere haize-sorgailuek ez dutela intzidentzia berezirik izanen espazioen arteko konektagarritasunean. Izan ere, proiektuek okupatutako lurralde-konektagarritasuneko lurzoruen azalera Nafarroako eremu geografiko horretan funtzio hori betetzen duen lurraldearen zati oso txikia baita. Ingurumen-inpaktuaren azterketak ondorioztatzen duenez, proiektuek ez dute babestutako eremuen lurralde-konektagarritasuna era garrantzitsuan eraginen, eta ez dira faunarentzat eta florarentzat hesi gaindiezina izanen. Horrenbestez, inpaktua arintzat jotzen du.

Natura 2000 Sareko espazioek, hegazti eta kiroptero espezieen presentziagatik jaso zuten izendapena, zehazki, 2009/147/EE Zuzentarauko 4. artikuluan edo 92/43/EE Zuzentarauko II. eranskinean agertzen diren espezieena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskineko 35. artikuluaren eta 8. puntuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak berariazko atal bat izan behar du proiektuak Natura 2000 Sarean dituen ondorioen ebaluazioari buruz. Ingurumen-inpaktuaren azterketak identifikatu, kuantifikatu eta baloratu egin behar ditu proiektuek gune horien deklarazioa eragin duten espezieen kontserbazio egoeraren gainean izaten ahal dituzten ondorio garrantzitsuak, bai eta Kudeaketa Planetan definitutako kontserbazio helburuen lorpenean izaten ahal dituzten ondorioak ere. Ingurumen Ebaluazioaren Atalak adierazten duenez, oro har, Natura 2000 Sareko eremu bateko hegaztien gaineko inpaktua ebaluatu behar da, baldin eta haize-parke bat egiteko proiektuan hautatutako kokapena eremuaren barnean badago, mugatik 10 km-tik behera badago, mugatik 15 km-ra harrapari handiak badaude eta 50 km-ra sarraskijale handiak badaude. Bada, ebaluazio honen xede den ingurumen-inpaktuaren azterketak ez du barne hartu aipatu atal espezifikoa, hau da, proiektuak Natura 2000 Sareko eremuetan izanen duen eraginaren ebaluazioa.

Belate kontserbazio bereziko eremua, proiektua ezartzeko hautatuko gunetik 5,8 kilometrora dago gutxi gorabehera, zehazki, mendebaldeko paleartikoko hegaztien migrazio-ibilbide garrantzitsuenetako baten azpian, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauaren 1. eranskinean sartutako abifaunako espezie eta kiroptero-espezie ugarik erabiltzen dutena. Belate kontserbazio bereziko eremuko funtsezko elementuetako bat «espezie migratzaileak» dira, eta, bertako kudeaketako planak haize-parkeak mehatxutzat jotzen ditu espresuki, migrazio-ibilbideak aldatzea eta hilkortasun-indize altuak eragitea ekar dezaketelako. Hori dela eta, helburu operatibotzat ezartzen du «igarolekuetan oztopoek fauna migratzaileari sortutako afekzioak gutxitzea», eta xedatzen du ez dela haize-sorgailurik eta goi-tentsioko linearik instalatzea baimenduko hegaztien eta kiropteroen migrazioan igaroleku kritiko diren eremuetan.

Bestalde, Ultzama eta Basaburuko hariztiak kontserbazio bereziko eremua proiektua ezartzeko hautatuko gunetik 6,8 kilometrora dago gutxi gorabehera, eta bertako funtsezko elementuen artean daude «saguzarrak» eta «miru gorria». Saguzarren kasuan, aldeko kontserbazio-egoera lortzea ezartzen du helburu, bai eta eremuaren harrera-gaitasunarekin bat egiten duen populazioak lortzea; miru gorriaren kasuan, berriz, populazio ugaltzailearen egungo egoera mantentzea ezartzen du helburutzat, bai eta hilkortasun kausa zuzenekin eta arrakasta ugaltzaile txikiarekin amaitzea ere.

Azkenik, Irati, Urrobi eta Erro ibaien ibai-ekosistema kontserbazio bereziko eremuak, «saguzarrak» ditu bertako funtsezko elementuen artean.

Horiek horrela, proiektuak kontserbazio bereziko eremutzat jotako lurzoruetan kokatzen ez badira ere, espedientearen analisi teknikoa egin ondoren eta ebazpen honetan azaldutakoa aintzat hartuta, ingurumen-organo honek, uste du badituela nahikoa judizio elementu zehazteko proiektuak inpaktu garrantzitsuak izanen lituzkeela aipatu ditugun Natura 2000 Sareko eremuen izendapena ekarri duten zenbait espezieren kontserbazio egoeran; are, eragina izanen luke onartutako kudeaketa planetan zehaztutako funtsezko elementuetan eta kontserbazio helburuetan. Era berean, SEO/BIrdLife elkarteak nabarmendu duenez, proiektuak eragin handia izango luke «Orreaga-Irati-Abodi mendilerroa» hegaztien kontserbaziorako gune garrantzitsuan (IBA), aire-sorgailuetatik 7 kilometro baino gutxiagora kokatuta dagoena.

–Paisaia:

Tokiko erakundeek, elkarteek eta alegazio-egile partikularrek nabarmendu dutenez, proiektua ezartzeak eragin handia izanen luke inguruko paisaia-balioan; zenbaitek azpimarratu dutenez, gainera, planteatutako haize-sorgailuen altuera, kasu batzuetan, herriak kokatuta dauden haran-ondoaren eta haize-sorgailuak kokatuta dauden lekuen arteko kota-diferentzia bera baino handiagoa da, guztiz eskalatik kanpo dagoena eta inolaz ere onargarria izan beharko ez litzatekeena. Zenbait alegazio-egilek azaldu dutenez, ingurumen-balioen, paisaia-balioen eta kultura ondarearen galerak, parkeen inguruetan dauden landa-komunitateen despopulatzea areagotzen lagunduko dute. Haize Berriak elkarteak egindako paisaia-azterketak gabeziak eta alborapenak dituela salatu du, eta horien ondorioa dela inpaktua bateragarritzat jotzea; eta Sustrai-Erakuntza fundazioak adierazi du proiektuak ez direla koherenteak paisaiak preserbatzeko Nafarroako estrategiarekin, zeinak paisaia garapen eolikoetatik salbu mantendu duen Nafarroako iparraldeko eremu zabal batean.

Ingurumen Ebaluazioaren Atalak txosten bat eskatu zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari 2025eko maiatzaren 23an. Ebazpen hau egiteko datan, oraindik ere ez da erantzunik jaso.

–Kultur ondarea:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, Nafarroako datu espazialen azpiegituran kontsulta eginda, egiaztatu da interes kulturaleko ondasunik ez dela zuzenean ukitzen. Era berean, indarreko udal planak aztertuta, ez da inolako afekziorik aurreikusten ez ondare arkitektonikoan ez ondare arkeologikoan; Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Ondare Historikoaren Zerbitzuak egindako «As de Guía 4», «Ballestrinque 4», «Ballinger 4», «Carabela 4» eta «Carraca 4» parkeei eta bertako ebakuazio-azpiegiturei buruzko txostenen arabera, berriz, ez dago eragozpenik proiektuak izapidetzeko, horiek garatzeko eremuetan ez dagoelako inolako aztarnategi arkeologikorik katalogatuta. «Cote 4» eta «Margarita 4» haize-parkeen kasuan, aldiz, aipatu zerbitzuak ez du txostenik egin, baina, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, aintzat hartuta ebakuazio-azpiegitura gainontzeko haize-parkeekin partekatzen dutela eta inguruan prospekziorik ez dagoela, txostenak aldekoak izatea aurreikusten da.

Nolanahi ere, edozein esku-hartze gauzatu aurretik, dokumentuak ezartzen du baimendutako prospekzio arkeologiko bat egin beharko litzatekeela, arkeologo kualifikatuek eta esperientziadunek egin beharko luketena; era berean, obrak egin bitartean, teknikari espezialistek jarraipen arkeologikoa egin beharko lukete.

Tokiko erakundeek, elkarteek eta alegazio-egile partikularrek adierazi dutenez, ondare kultural eta arkitektonikoaren gaineko afekzioen azterketak gabeziak ditu; zenbaitek nabarmentzen dutenez, azterketak ez ditu aintzat hartzen GR-225 ibilbidea eta Donejakue bideko Frantses bidea eta Baztaneko bidea.

–Zarata:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, haize-parkeen soinu-ondorioak ebaluatzeko isofona-mapak egiteko nahitaezko distantzia 2 kilometrokoa da, haize-sorgailuek sortutako soinua guztiz indargabetzen baita distantzia horretan hondoko zarataren eraginez. Bada, distantzia txikiagora herriak daudenez, Haize Berriak elkarteak informazio publikoko lehen aldian eskatu bezala, haize-sorgailuen inguruko 2 kilometroko eremuan zarataren azterketa bat egin da (12. Eranskina. Zarataren azterketa). Bertan proiektuek zer zarata-maila sortuko lituzketen aurreikusten da, sortuko luketen inpaktua kuantifikatuz.

Bada, funtzionamenduan soilik aurreikusitako zazpi haize-sorgailuak egonen liratekeela aintzat hartuta, sortutako zarata-mailek ez lituzketela lurralderako ezarritako kalitate akustikoko helburuak gaindituko ondorioztatzen da; sortutako zarata-mailak hain lirateke baxuak, aztertutako herrietan aztertutako egoera ia guztietan, hondoko zaratak estaliko lituzkeela zarata-maila horiek.

N-121A errepideak zarata-maila nabarmenak sortzen ditu, lurraldeko zenbait puntutan baimendutako gehieneko mailak gainditzeraino. Aintzat hartuta errepideek eta zazpi haize-sorgailuek elkarrekin sortutako zarata, ingurumen-inpaktuaren azterketak ondorioztatzen du ez dagoela aldaketa garrantzitsurik kalitate akustiko helburuak gainditzeari dagokionez aztertutako herriguneetan; hau da, soilik errepideek egindako zarata aztertzen denean, egoera ia berdina da, eta, beraz, haize-sorgailuak jartzeak ez luke inolako eraginik izanen ezarritako kalitate akustiko helburuak gainditzeko orduan.

Zenbait alegazio-egile partikularrek nabarmendu dutenez, sustatzaileak egindako zarataren azterketak gabeziak ditu, ez baita zaratak faunarengan izanen lukeen inpaktua aztertu; are, uste dute zarataren azterketa behar bezala eginez gero, emaitzek ez lituzketela beteko zarataren arloko indarreko legedia.

Proposatutako konpentsazio-neurri dagokienez, honako ingurumen-organo honek uste du konpentsazio-neurriak salbuespenezko neurriak direla, saiheste eta arintze fasearen ostean aplikatzen direnak ingurumen aldetik bideragarriak diren hondar-inpaktuei aurre egiteko, eta hori ez dela aztertuko kasua.

Laburbilduz, ingurumen-organo honek uste du proiektuak gauzatzeak inpaktu garrantzitsuak izanen lituzkeela zenbait faktorerengan, bereziki, katalogatuta dauden eta babes bereziko araubidea duten espezieengan eta Natura 2000 Sareko eremuen izendapena ekarri duten zenbait espezierengan –are, eragina izanen luke onartutako kudeaketa planetan zehaztutako kontserbazio helburuetan–. Hori dela eta, ebaluatutako haize-parke proiektuak ingurumen aldetik bideragarriak ez direla uste du, baita ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako neurri prebentiboak, zuzentzaileak eta konpentsaziokoak aplikatuko balira ere.

4.–Proposamena.

Behin espedientearen azterketa teknikoa eginda, Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ondorioztatzen du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura modu egokian bete bada ere, proiektua ez dela bideragarria ingurumenaren aldetik. Horregatik, azaldutakoarekin bat eginez, eta legeek emandako eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua; eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua),

EBAZTEN DUT:

1. Honako haize-parke proiektu hauen kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea: «As de Guía 4», «Ballestrinque 4», «Ballinger 4», «Carabela 4», «Carraca 4», «Cote 4» eta «Margarita 4», Olaibar, Anue eta Esteribarko udal-mugarteetan kokatutakoak; barne hartuta transformazioko, ebakuazioko eta sarera konektatzeko azpiegiturak, dagoeneko existitzen den «Orkoien-Cordovilla 4 66 kV (i-DE)» lineako euskarrian, Olaibar eta Odieta udal-mugarteak ukituz. Proiektuen sustatzaileak, hurrenez hurren, honako hauek dira: Enigma Green Power 02 SLU, Enigma Green Power 04 SLU, Enigma Green Power 06 SLU, Enigma Green Power 08 SLU, Enigma Green Power 010 SLU, Enigma Green Power 11 SLU, Enigma Green Power 12 SLU eta Enigma Green Power 13 SLU.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Ingurumeneko Basozainen Atalari, eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urriaren 9n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2513206