120. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

486E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Sacyr Concesiones SLU enpresak sustatutako “Navarra 1” eta “Navarra 2” parke eolikoen proiektuen eta Saresun Rosales SL enpresak sustatutako “Navarra 4” parke eolikoaren proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egiten baita. Erro, Esteribar, Anue eta Olaibarko udalerrietan sustatu dituzte proiektuak; eta energia ateratzeko azpiegiturak, udalerri horiez gain, Ezkabarte, Txulapain, Berriobeiti eta Orkoiengo udalerriei eragiten die.

1. Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozeduraren garapena eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteko eskaera.

1.1. Aurretiazko kontsultak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluarekin bat etorrita, 2020ko martxoaren 4an, Sacyr Concesiones SLU enpresak “Navarra 1”, “Navarra 2” (gaur egungo Navarra 4 PE), “Navarra 3”, “Navarra 4” (gaur egungo Navarra 1 PE) eta “Navarra 5” (gaur egungo Navarra 2 PE) parke eolikoen proiektuen ingurumen eraginaren azterlanei buruzko irismeneko dokumentuen eskaera aurkeztu zuen. Haize-sorgailuak Txulapain, Odieta, Ezkabarte, Olaibar, Esteribar, Eguesibar, Lizoain eta Erroko udal-mugarteetan kokatuko dira; energia ateratzeko lineetako batek Olaibar, Ezkabarte, Txulapain, Berriobeiti eta Orkoiengo udal-mugarteei eraginen die, eta besteak, Esteribar, Eguesibar, Aranguren eta Galarko udalerriei. Oraingo Navarra 1, 2 eta 4 parkeetarako, kontsulta egin zitzaien 25, 26 eta 27 entitateri, hurrenez hurren, eta, kontsultan sartutako bost parkeei dagokienez, guztira 45 erantzun jaso ziren, kontsulta egin zitzaien erakundeenak eta kontsulta egin ez zitzaien baina prozesuan parte hartu nahi izan zuten beste erakunde batzuenak. 2020ko azaroaren 2an eman zen bost parkeei dagokien irismeneko dokumentua.

1.2. Jendaurreko informazioa eta ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egitea.

56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen oraingo Navarra 1, Navarra 2 eta Navarra 4 parke eolikoen proiektuak eta ingurumen eraginaren azterketak, bai eta energia ateratzeko azpiegitura partekatuarenak ere (iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2021eko abuztuaren 9an), eta kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Hurrenez hurren, 118, 119 eta 158 alegazio aurkeztu ziren parke horiek direla eta.

1.3. Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera.

2021eko abenduaren 23an, Sacyr Concesiones SLU enpresak Navarra 1 eta Navarra 2 parke eolikoen eta REEren jabetzako SET-Orkoien 220kV azpiestazioari atxikitako SET i+DE 66/220kV azpiestaziorainoko energia ateratzeko azpiegituraren behin betiko proiektuak eta ingurumen eraginaren azterketak aurkeztu zizkion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Egun berean, Saresun Rosales SL enpresak, Navarra 4 parke eolikoaren eta haren energia ateratzeko azpiegituraren behin betiko proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa aurkeztu zituen zerbitzu horretan. Energia ateratzeko azpiegitura horrek bat eginen du beste bi parkeen azpiegiturarekin, REEren jabetzako SET-Orkoien 220kV azpiestazioraino, etorkizunean hari atxikita izanen den SET-Promotores Orkoien azpiestaziotik pasatu ondotik. Gainera, bi sustatzaileek ingurumen eraginaren ebaluazioari hasiera emateko eskatu zuten, 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio osoa helarazi zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari, espedientearen azterketa teknikoari ekin ziezaion eta ingurumen eraginaren adierazpen egin zezan.

2. Proiektuen deskribapena.

Navarra 1, Navarra 2 eta Navarra 4 parke eolikoek 10, 10 eta 9 haize-sorgailu dituzte, hurrenez hurren. Ezaugarri hauek dituzte guztiek: 145 m-ko diametroko errotorea eta 127,5 m-ko altuera duen abatza. Haize-sorgailuak honako koordenatu hauetan jartzea proposatzen da:

NAVARRA 1 PE

ETRS 89 30N koordenatuak

AE RO

UTM X

UTM Y

NAl-01

618.425,94

4.748.869,97

NAl-02

619.444,56

4.749.052,65

NAl-03

619.844,29

4.748.961,63

NAl-04

620.103,91

4.749.452,17

NAl-05

620.554,18

4.749.487,04

NAl-06

620.946,21

4.749.269,75

NAl-07

621.385,02

4.749.168,52

NAl-08

621.829,73

4.749.297,91

NAl-09

622.057,71

4.749.682,06

NAl-10

622.128,16

4.750.118,25

NAVARRA 2 PE

ETRS 89 30N koordenatuak

AE RO

UTM X

UTM Y

NA2--01

623.338,50

4.751.093,04

NA2--02

623.568,72

4.751.660,83

NA2--03

623.507,00

4.752. 093,00

NA2--04

623.622,00

4.752. 551,00

NA2--05

623.912,29

4.752.943,81

NA2--06

624.384,78

4.753.042,15

NA2--07

624.425,57

4.753.844,23

NA2--08

624.332,02

4.754.672,49

NA2--09

624.857,71

4.754.858,38

NA2--10

625.237,74

4.754.616,67

NAVARRA 4 PE

ETRS 89 30N koordenatuak

AERO

UTM X

UTM Y

NA4--0l

617.659

4.754.985

NA4--02

618.133

4.754.284

NA4--03

617.761

4.753.658

NA4--04

617.460

4.752.987

NA4--05

617.046

4.752.684

NA4--06

616.639

4.752.564

NA4--07

616.264

4.752.300

NA4--08

615.895

4.751.962

NA4--09

615.732

4.750.871

Horrez gainera, aurreikusita dago parke bakoitzean neurtzeko dorre anemometriko finko bat jartzea. Altzairu galvanizatuzko sareta-dorreak izanen dira, kono-enbor formakoak, autosostengagarriak, 127,50 m-ko altuerakoak. Koordenatu hauetan jarri nahi dira:

X

Y

Navarra 1 PE

618.761

4.748.712

Navarra 2 PE

623.244

4.750.701

Navarra 4 PE

617.411

4.754.711

Navarra 1 eta 2 parkeetarako sarbide nagusia NA-2330 Urrotz-Erro errepidetik planteatzen da, Urniza herria eta gero. Navarra 4 parkerako sarbidea N-121A Iruña-Behobia errepideko 13. kilometrotik Beraitz jaurerrirantz abiatzen den bide batetik planteatzen da.

Errepide horietatik hasita, hobetu eginen dira dauden bideak edo zati berriak eginen dira, garraio bereziei parkeak jarriko diren eremura iristeko aukera emateko. Hala, bideek 6 m-ko zabalera izanen dute gutxienez; zabor-legarrezko zorua izanen dute, eta, beharrezkoa denean, metro bateko zabalerako drainatze arekak jarriko dira bi aldeetan. Zoruen trinkotu gabeko gehieneko malda % 10ekoa izanen da, eta zoru trinkotuetan, berriz, % 18koa. Horrez gainera, obrak egiteko fasean, lehendik dauden beste sarbide batzuk erabiliko dira: N-135 Iruña-Frantzia eta NA-2337 Larrasoaña-Errea errepideetatik abiatzen diren bideak Navarra 1 eta 2 parkeetara iristeko, eta NA-2510 Burutain-Etsain eta NA-2513 Sarasibar errepideetatik abiatzen diren bideak Navarra 4 parkera iristeko.

Parke bakoitzeko haize-sorgailuak lotuta egonen dira lurperatutako 30 kV-eko zirkuitu elektrikoen bidez, zeinak ekoitzitako energia elektrikoa parke bakoitzaren transformazioko azpiestazio kolektoreetara garraiatzeaz arduratuko baitira: “SET-Navarra 1 y 2” 30/66kV-eko azpiestaziora Navarra 1 eta 2 parkeen kasuan, eta “SET-Navarra 4” 30/220kV-eko azpiestaziora Navarra 4 parkearen kasuan. Proiektuaren arabera, azpiestazio bakoitzetik aireko linea elektrikoak abiatuko dira, zirkuitu bakunean, eta, 3.109 m eta gero, gutxi gorabehera, Navarra 1 eta 2 parkeetako LAT SC66kV linearen kasuan, eta 2.470 m eta gero, gutxi gorabehera, Navarra 4 parkeko LAT SC220kV linearen kasuan, 13b euskarritik aurrera zirkuitu bikoitzeko aireko linea elektrikoan elkartuta joanen dira, 21.230 m-ko tartean, gutxi gorabehera. 81. euskarrian, berriro banandu eginen dira bi lineak. Euskarri horretatik aurrera, Navarra 1 eta 2 parke eolikoetan ekoitzitako energia REEren jabetzako SET-Orkoien 220kV azpiestazioari atxikitako SET i+DE 66/220kV azpiestaziora eramanen du SC66kV lineak. Linea hori lurperatuta egonen da, 421 m inguru. Navarra 4 lineari dagokionez, SC220kV lineak eramanen du Navarra 4 parke eolikoan ekoitzitako energia, REEren jabetzako SET-Orkoien 220kV atxikita izanen den SET-Promotores Orkoien azpiestaziora. Linea hori lurperatuta egonen da, 465 m inguru.

3. Azterketa teknikoa.

“Navarra 1” parke eolikoaren ingurumen eraginaren azterketan identifikatu da eragin nagusiak izanen direla landareen, geomorfologiaren eta faunaren gainekoak. Landareen kasuan, arintzat jotzen da, baina larritik hurbil. Beste bietan, berriz, larritzat jotzen da, arin bihurtzeko joerarekin. Prebentzio neurri eta/edo neurri zuzentzaile batzuk proposatzen dira. Ingurumen eraginaren azterketaren arabera, eragin guztiak murriztuko lirateke, eta eragin txarrenak arinak izanen lirateke.

“Navarra 2” parke eolikoaren kasuan, ingurumen eraginaren azterketaren arabera, eragin nagusiak izanen dira landareen, paisaiaren eta faunaren gainekoak. Eragina arintzat jotzen da lehenengo bietan, baina larritik hurbil. Faunari dagokionez, berriz, larritzat jotzen da, arinetik hurbil. Proposatutako prebentzio neurriak eta/edo neurri zuzentzaileak aplikatuz gero, landareen gaineko eragina arina izanen litzateke, eta ez litzateke aldatuko faunaren eta paisaiaren gainean eragindako eraginaren kalifikazioa.

“Navarra 4” parke eolikoaren kasuan, ingurumen eraginaren azterketaren arabera, eragin nagusiak izanen dira geomorfologiaren, paisaiaren, landareen eta faunaren gainekoak. Eragina arintzat jotzen da lehenengo bietan, baina larritik hurbil. Landareei dagokienez, larria, arinetik hurbil. Eta faunari dagokionez, berriz, larritzat jotzen da. Proposatutako prebentzio neurriak eta/edo neurri zuzentzaileak aplikatuz gero, eragina arina izanen litzateke geomorfologiari eta landareei dagokienez; arina, larritik hurbil, paisaiari dagokionez, eta larria, arinetik hurbil, faunari dagokionez.

Navarra 1 eta 2 parke eolikoek lerrokadura bakarra eratzen dute, zeinak 10 km inguruko luzera izanen baitu iparraldetik hegoalderantz. Arga eta Erro ibaien artean dagoen gailurreria zeharkatuko du, Erroko mendatetik Arga ibairantz egin arte, Zuriain parean. Orografia konplexua duen eremu oihantsu zabala da. Bertan nagusi dira ler gorriz osatutako pinudiak; tarteka, pagoak eta/edo haritzak daude, eta, kasu batzuetan, masa mistoak sortzen dituzte pinuekin Haize-sorgailuak jarri nahi diren gailurreriak suebakia du ia bere luzera osoan, non zuhaitz-masaren ondotik larreak eta sastrakadiak baitaude. Haranaren beheko aldeetan larredi eta larre ugari daude, zeinak aziendak aprobetxatzen baititu, aurrekoekin batera; gainera, dibertsitatea areagotzen dute.

Navarra 4 parke eolikoak lerrokadura bakarra osatuko du, zeina 4,5 km baino gehiagoko luzera izanen baitu, Navarra 1 eta 2 parke eolikoetatik 5,5 km-ra, mendebaldera, haiek eratutako lerrokaduraren paraleloan. Arga eta Ultzama-Mediano ibaiek mugatuta, Iparraldetik hegoaldera doan gailurreria bat zeharkatuko du. Orografia konplexua duen eremu oihantsu zabala da hau ere, ler gorriz osatutako pinudiz betea, sarritan pagoek edo haritzek aberastuta, eta, inoiz, pagoek eta haritzek ordezkatuta. Larizio pinuz basoberritutako pinudi batzuk ere badaude, eta larredi eta larre ugari haraneko beheko aldeetan eta hegal erdian.

Hiru parke eolikoak, partekatzen duten energia ateratzeko azpiegitura barne, ingurumenaren arloan muga garrantzitsuak dituen eremu batean jarri nahi dira, eta inguruabar hori jada adierazi zen, 21/2013 Legearen 34. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2020ko azaroaren 2an eman zuen irismeneko dokumentuan.

Zuhaizti-masa handiek, non pinudiak nagusi baitira baina tartekatuta agertzen baitira beste espezie batzuen (pagoa, haritza, astigarra, lizarra, etab.) oinak eta unadak, eta zuhaitz heldu handi ugari baitaude, larredi eta larreek eta haranaren beheko aldean egiten den nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak espezie ugariren nitxo ekologikoa eratzen dute. Datu hori hiru parkeen azterketa-eremuan, non nabarmena baita espezie eta ale ugariren presentzia, egin diren fauna hegalariaren urteko zikloaren azterlanetan berretsi da. Haietako askok babes bereziko araubidea dute, edo espezie mehatxatutzat katalogatuta daude maila nazionalean edo autonomikoan (ugatza, sai zuria, sai arrea, miru gorria, miru beltza, arrano beltza, mirotz zuria, mirotz urdina, etab.), eta guztiek ere hegaldi ugari egiten dituzte talka egiteko arriskua dagoen altueran, eta eragin nabarmena izanen dute larratzeko, elikatzeko, habia egiteko, gazteak sakabanatzeko, atseden hartzeko eta abarretarako eremuetan.

Aipamen berezia merezi du ugatzak; izan ere, espezie hori galzoriko espezie gisa dago katalogatuta maila nazionalean eta autonomikoan, eta haien populazio-dinamika oso sentikorra da helduen galerarekiko. Hiru parkeak kokatu nahi diren eremuak Erro-Urrobi (P-08) ugatzaren lurraldean daude. Izan ere, espezieak segidan okupatu du lurralde hori duela hamahiru urte baino gehiago, eta arrakastaz ugaldu dela egiaztatu da. Lurralde horretako emearen jarraipena egiten da irrati-uhinez, GPS bidez, eta lortutako datuetatik ondorioztatzen da hiru parkeak osorik edo partzialki sartzen direla haren bizi-eremuan. Izatez, sustatzaileak egindako fauna hegalariaren urteko zikloaren azterlanetan kontaktu asko egon ez badira ere, askotan ikusi dira, batzuetan talka egiteko arriskua dagoen altueran. Lurralde hau okupatzearen ondorioz, espeziea zabaldu egin zen Pirinioetan zuen eremu nagusitik kanpora, eta ugatza geografikoki eremu horretatik kanpora hedatzea izan zen espeziearen kontserbaziorako arazo nagusietako bat. Hori dela eta, lurralde honen gaineko eragina oso larria izanen litzateke, espeziaren atzerapena eragiteraino. Gainera, parkeen kokalekua EAEren eta Nafarroaren arteko komunikazio korridorean dagoenez, beste lurralde batzuetatik hurbil, aukera ugari daude, Erro-Urrobi lurraldeko (P-08) indibiduoei eragiteaz gainera, handik kanpokoei ere eragiteko.

Arreta berezia merezi du ere aztertutako eremuak miru gorria (Milvus milvus) kontserbatzeko duen interesa. Espezie hori galzorian dago estatuan, eta begiztatze ugari izan dira eremu horretan, hiru parkeetan egindako abifaunaren urteko zikloaren azterlanetako datuen arabera, batez ere Navarra 4 parke eolikoan. Aztertutako eremu guztia negu-pasarako eremu garrantzitsua da espezie horrentzat; Europako negutarrak hartzen ditu eta, gainera, urte osoan zehar eremuan bizi diren indibiduo ugaltzaile askoren lurraldea da. Halaber, beste lurralde batzuetako indibiduo ugaltzaileen larratze eremuaren parte da. Proiektuen eremua bisitatzen dute elikagaien bila. Espezie hori bereziki kaltebera da hiru parkeak instalatzeari dagokionez, hainbat arrazoi direla eta: espeziearen mehatxu-maila, hiru parkeei dagokien azterketaren eremuaren barruan izandako begiztatzeen kopuru handia, talka egiteko arriskua dagoen altueran egindako behaketen ehuneko handia, espezieak habiak egiteko eremuaren eta bizi-eremuaren artean duen mugikortasun handia eta hegaztiak hegan egiten ematen duen denbora luzea.

Halaber, aipamen berezia merezi du sai arreak, zein babes bereziko espeziea baita estatuan, eta interes bereziko espezie gisa katalogatuta baitago Nafarroako katalogoan. Parkeetatik hurbil zenbait kolonia izateaz gainera, eremua ohiko igarobidea da espeziearentzat. Aurkeztutako fauna hegalariaren urteko zikloaren azterlanen arabera, begiztatze ugari daude, haietako asko arriskua duen altueran, Navarra 1 parkean izan ezik, non, begiztatze gehien izan arren, arriskua duen altueran izandako begiztatzeen kopurua txikiagoa baita. Inguruabar hori, Nafarroako parke eolikoetan hautemandako heriotza-tasarekin batera, larria izan daiteke, are gehiago kontuan hartzen bada bizitza luzeko espezie bat dela, heltze sexualaren aldi luzeak dituena, eta ugaltze-tasa txikiak. Gainera, indibiduoak mugikortasun handikoak dira.

Parkeetatik hurbil, animalien gorpuak uzteko zenbait eremu egoki daude, 46/2014 Foru Agindua aplikatuz. Foru agindu horren bidez, basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzea eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua arautzen da eta Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri eta funtzionamendurako arauak zehazten dira. Halaber, abeltzaintzako ustiategi estentsibo batzuk daude, non hildako abelburuak detektatzeko modurik azkarrena gorpuak kontsumitzera joaten diren saiak baitira. Bi kasuetan abifauna nekrofagoa erakartzen dute eta, hortaz, areagotu egiten da haien gainean izan daitekeen eragina, besteak beste gorago aipatutako hiru espezieen gainean izan daitekeena.

Beste alde batetik, Lindus 1 eta 2 erkidegoen arteko proiektuetan jasotako datuek erakusten dutenez, egindako abifaunaren urteko zikloaren azterlanez gainera, haize-sorgailuak mendebaldeko paleartikoko hegaztien Atlantikoko migrazio ibilbide garrantzitsuenetako baten barruan daude, non, gainera, hego-haizea areagotzeak migrazio korridoreak mendebalderago dauden Pirinioetako lepoetara aldatu baititu. Hortaz, areagotu egin da lehen ere garrantzitsua zen migrazioaren garrantzia hiru parkeak kokatzeko eremuan. Lerrokadurak iparraldetik hegoalderantz doazen gailurrerietan jarriz gero, aurkeztutako fauna hegalariaren urteko zikloaren azterlanen arabera, migrazioaren noranzko nagusia NW-SE duen eremu batean, talka egiteko arriskua handia izanen da espezie askorentzat, eta hesi efektua eraginen du migrazio ibilbide garrantzitsuenetako batean, populazioen arteko konektagarritasuna murriztuta. Lerrokadurak ikustean, lepo horietara ahituta heldu ohi diren hegaztiek aldatu eginen lukete ibilbidea, eta efizientzia energetiko gutxiagoko beste ibilbide batzuk hartu, edo erantzuteko gaitasun urriarekin zeharkatuko lituzkete lerrokadurak, talka egiteko arriskua nabarmen areagotuta.

Aipatutako migrazio ibilbideaz gainera, proposatutako parke eolikoak oztopo bat izanen lirateke Pirinioak eta Kantauriar mendikatea lotzen dituen bidean, zeina hegazti ugarik erabiltzen baitute. Hortaz, talka egiteko arrisku handia ekarriko luke, baita hesi efektua ere, sistema horietan dauden populazioen isolatzea sustatzeaz gainera. Halaber, konektagarritasun eremu bat denez, hegaztien espezie batzuen hustubide demografiko izatera irits daiteke.

Izan ere, haize-sorgailu guztiak, bat izan ezik, 1. eta 3. lurralde antolamenduko planetan babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoen lurzoruan jarri nahi dira –lurralde konektagarritasuna dela medio ingurumen aldetik duten baliogatik dira babestekoak–, non jada babestuta dauden espazioetako nukleoak ekologikoki eta funtzionalki konektatzeko eta lotzeko aukera ematen duten eremuak baitaude. Indarrean dagoen araudiaren arabera, lurzoru hauetan eragina izan dezaketen azpiegitura edo jarduketetan, ahalegin berezia egin beharko da azpiegitura edo jarduketa horiek fauna eta florarentzako oztopo gaindiezin ez bihurtzeko, eta behar diren neurriak hartu beharko dira espazioen arteko konektagarritasuna gal ez dadin. Gaur egun, neurri horiek ez daude bermatuta.

Kiropterofaunari dagokionez, nabarmendu behar da hiru parkeen azterketa-eremua saguzar migratzaileen migrazio bide garrantzitsu batean dagoela, Iberiar penintsularen eta Europako erdialde eta iparraldearen arteko joan-etorrietarako bidean, hain zuzen. Horrez gainera, hiru parkeen eremuetan egin diren saguzarren zikloaren azterlanek erakusten dutenez, bai haize-sorgailuak jarri nahi diren basoz inguratutako gailurrerietan bai haraneko beheko aldeetan oso handia da kiropteroen dibertsitatea. Azterlan horien arabera, estatu mailan kalteberatzat jotako bost espezie inbentariatu dira: Geoffroy saguzarra (Myotis emarginatus), gau-saguzar handia (Nyctalus lasiopterus), gau-saguzarra (Nyctalus noctula), arratoi-belarri handia (Myotis myotis) eta ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum). Nafarroako katalogoan galzoriko espezietzat jotako hiru: Bechstein saguzarra (Myotis bechsteinii), arratoi-belarri txikia (Myotis blythii) eta ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale). Eta Nafarroako katalogoan habitataren eraldaketaren mendeko espezietzat jotako bat: Schreibers saguzarra (Miniopterus schreibersii). Horietako batzuek populazioak dituzte parkeetatik nahiko hurbil, eta migrazio hegaldiak eta/edo, gaueko ehizaldietan, joan-etorri luzeak egiten dituzte talka egiteko arriskua duten altueretan. Oso espezie urriak direnez, indibiduoak hiltzeak eragin handia izan dezake populazioan, eta arrisku handia ekarri.

Aipatutako hegazti eta kiropteroetako asko 42/2007 Legearen IV. eranskinean jasota daude, eta, beraz, “habitatari dagokionez kontserbaziorako neurri bereziak izanen dituzten espezieak dira, haien biziraupena eta ugalketa bermatzeko haien banaketa eremuan”. Aurkeztu diren ingurumen eraginaren azterlanetan sartutako prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak ez daude behar beste egiaztatuta gaur egun, eta ezin da baieztatu aukera eraginkorra direnik espezie horien kasuan aipatutako arazoak konpontzeko (talka egiteko arriskua, hesi efektua, populazioen isolatzea, etab.). Hori dela eta, haize-sorgailuak jartzeak okerragotu egin ditzake espezie horiek bizirik irauteko eta ugaltzeko baldintzak parkeak jarri nahi diren eremuan.

Natura 2000 Sareko espazioei dagokienez, haize-sorgailuak 5 km baino hurbilago egonen dira Alduide mendia KBEtik (ES2200019), zeinaren espazioaren kontserbazioaren oinarri diren kudeaketarako funtsezko elementuak baitira, besteak beste, ugatza eta fauna migratzailea. Halaber, 5 km baino hurbilago dago Belate KBEtik (ES2200018), zeinaren kudeaketarako funtsezko elementuak baitira, besteak beste, kiropteroak eta espezie migratzaileak. Azken horiei dagokienez, Belate KBErako onetsitako kudeaketa planean mehatxutzat jotzen dira parke eolikoak eta ez da baimentzen halakorik edo goi-tentsioko linearik jartzea hegaztien eta kiropteroen migrazioko pasabideko eremu kritikoetan. Halaber, 8,5 km baino hurbilago dago Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak KBEa (ES2200043), zeinaren funtsezko elementuak baitira, besteak beste, Bechstein saguzarrak eta miru gorria. Eta kilometro batetik beherako distantziara dago Irati, Urrobi eta Erro Ugaldeen Sistema KBEa (ES2200025), zeinaren funtsezko elementuak baitira, besteak beste, ibai korridorea eta saguzarrak. 10 km-tik beherako distantziara dago Artxugako Mendilerroa, Zarikieta eta Aretako Mendiak KBEa (ES0000129), zeinaren funtsezko elementuak baitira, besteak beste, ugatza eta beste hegazti harkaiztar batzuk (sai zuria, sai arrea, arrano beltza eta belatz handia), eta apur bat urrunago, 15 km-tik beherako distantziara, Orreaga-Iratiko Oihana KBEa (ES0000126), zeinaren funtsezko elementuak baitira, besteak beste, espazio irekietara lotutako fauna (ugatza) eta saguzarrak. Gorago esan denaren arabera, eta dauden hegaztien eta kiropteroen mugikortasuna eta larratze eremua kontuan hartuta, baita KBEen hurbiltasuna ere, haize-sorgailuak jartzeak eragina izan dezake funtsezko elementu horietan eta, ondorioz, KBE horien kontserbazio egoeran. Halaber, haize-sorgailuen instalazioak eragina izan dezake Natura 2000 Sareko espazioen koherentzia ekologikoan eta konektagarritasunean, eta urratu eginen luke Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 47. artikuluan xedatutakoa.

Beste alde batetik, haize-sorgailuen eta haien energia ateratzeko azpiegitura muntatzeko eta funtzionamenduan jartzeko egin behar diren obrek eragina izanen lukete ongi kontserbatuta dagoen eta kalitate handia duen landaredi naturalak hartutako azalera zabalean. Besteak beste, eragina izanen lukete oso helduta dauden eta balio handia duten zuhaitz-masa trinko naturaletan, batez ere pinudietan, pagadietan, hariztietan eta aurrekoen masa mistoetan. Gainera, 92/46/EEE Zuzentarauaren arabera batasunaren interesekotzat jotako zenbait habitat kaltetuko lirateke, zeinak “ongi kontserbatu behar baitira, haien azalerak mantenduta edo handituta”. Eta badago lehentasunezko intereseko habitaten bat ere, “Europar Batasuneko lurraldean desagertzeko arriskuan dagoena, zeinen kontserbazioa erantzukizun berezia baita” (9150 pagadi kantauriar xerofiloak eta basofiloak, 6210 larre subkantauriar mesoxerofiloak, 4090 otaberako sastrakadiak eta ezkaidi eta elorri-triskadi submediterraneoak, 6212 larre eta belardi xerofitiko basofilo kantauriar-piriniotarrak, 91E0 haltz beltzaren eta lizar arrunten alubioi-basoak, 6230 Nardus duten formazio belartsuak, etab.). Balio handiko landaredi natural hau suntsitzen bada, lehengoratzeko ehunka urte behar izateaz gainera, zeharkako ondorioak izanen ditu beste elementu batzuetan, bereziki faunaren gainean, eta karbonoaren hustubide lana betetzen duten eta aldaketa klimatikoaren aurrean funtsezkoak diren basoen azalera handiak galtzea ekarriko du.

Halaber, haize-sorgailuak instalatu eta muntatzeko makinak sartu ahal izateko eta sorgailuak kokatzeko, materiala biltzeko eremuak ezartzeko egin beharko diren lurren mugimendu handien ondorioz, kendu eginen da landare-estaldura eta malda handiak eta ingurumen aldetik balio handia duten eremuetan eginen da guztia. Aurreko inguruabar horiek, eremu horretako plubiometria handiarekin batera, higidura dinamika handia eraginen du, eta eragin handia izanen du paisaian, geomorfologian eta zoruetan, eta oso luzeak izanen dira lehengoratzeko epeak.

Paisaiaren ikuspegitik, parkeak jartzeak eragin nabarmena izanen du Nafarroako iparraldeko haran batzuen eremu zabal batean, non orain arte paisaia oso ederrak kontserbatu baitira. “Navarra 1” parke eolikoaren inguruan aurkeztutako dokumentazioaren arabera, paisaiak kalteberatasun ertaina du; “Navarra 2” eta “Navarra 3” parkeetan, orokorrean, handia edo oso handia da. Egindako ikusizko analisiak erakusten du, aztertutako lurraldearen barruan, ikusizko inpaktu handia eta oso handia izan dezakeen azalera parkeetatik hurbil dauden herri txikietan kokatzen dela (Zubiri eta Urdaitz, “Navarra 1” parkearen kasuan; Erro, Esnotz, Aintzioa eta Saigots eta Larrasoaña artean, “Navarra 2” parkearen kasuan; Etsain, “Navarra 4” parkearen kasuan), baita Donejakue bide frantsesean, zeinak bisitari ugari baititu, eta GR225 bidean ere. Haiz-sorgailuak urrun daudenez, Iruñean izanen duten eragina txikia edo nulutzat jo da, baina, hala ere, parkeak kokatu nahi diren eremua maiz erabiltzen dute Iruñeko metropolialdeko biztanleek, aisialdirako eta olgetarako, eta, beraz, baloratu ez den eragin bat dago biztanle horiei dagokienez. Azkenik, aurkeztutako azterlanaren arabera, paisaiaren gaineko inpaktua arina da “Navarra 1” parkeari dagokionez, eta arina-larria, beste bietan.

Hala ere, hutsune batzuk hauteman dira paisaiari buruzko azterlanean. Nagusia eta garrantzitsuena da, ikuspena kalkulatzeko, 145 metroko altuera eman zaiela haize-sorgailuei, baina hiru parkeetan proposatutako haize-sorgailuen altuera, guztira, 200 metro dela, dorrea eta pala sartuta. Soilik horregatik uste da inpaktua zenbatetsitakoa baino askoz handiagoa izanen dela eta eragin handia izanen duela bisitari ugari dituen eta paisaia aldetik balio handia duen eremu batean.

Halaber, parkeak jartzeak paisaiaren degradazioa ekarriko luke, baita Donejakue bide frantsesa eta GR-225 Ezkabako ibilbidearen funtsa aldatzea ere, eta, ondorioz, murriztu eginen litzateke turistentzat duen erakargarritasuna. Donejakue bide frantsesa gizadiaren ondare izendatu zuen UNESCOk, eta, gaur egun, jarduera sozioekonomiko garrantzitsua sortzen du Nafarroako zatian. Jarduera hori funtsezkoa da ekonomia eta landa ingurunea mantentzeko, eta aktibo garrantzitsua da despopulatzearen aurrean. Hori guztia kaltetuta suerta daiteke.

Energia ateratzeko linea elektrikoari dagokionez, hiru parkeek zati handi bat partekatzen dute, gorago azaldu dugunez, eta, parkeen ingurumen eraginaren azterlanen arabera, eragin nabarmenenak dira geomorfologian eta faunan eragindakoak. Arintzat jo da haien gaineko inpaktua. Hala ere, kontuan hartu behar da 24 km baino gehiagoko luzera duen energia ateratzeko aireko linea bat dela, eta haren zati luzeak Arga eta Urtxikia ibaien ondotik doazela –maiz pasatzen dira haien gainetik–, migraziorako oso garrantzitsua den eremu batean. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo da, faunaren gaineko inpaktua kalifikatzeko, aurretiaz landa-lana egitea, zeinean Lotzako eta Itzako idoien gaineko eraginaren azterlana ere sartu behar baita. Halaber, aintzat hartu behar da ubideak gurutzatzean landaredia kentzeak eta habitatak suntsitzeak bisoi europarraren gainean izanen duen eragina. Espezie hori galzoriko espezietzat katalogatuta dago estatu mailan. Beraz, lan hori egin gabe dagoenez, ez da baliozkotzat jotzen energia ateratzeko azpiegitura horrek faunaren gainean izanen duen inpaktuaren kalifikazioa. Izan ere, a priori eta azterlan hori izan gabe, inpaktu hori handiagoa izanen dela uste da. Halaber, garrantzitsutzat jotzen eragin metatzaile eta sinergikoen azterlana, batez ere SET-Orkoien azpiestaziotik hurbil dagoen azken zatian.

Beste alde batetik, proiektuen ingurumen ebaluazioan aintzat hartu da jasotako alegazioen eta txostenen edukia, batez ere faunaren, landarediaren, lurzoruaren, paisaiaren eta Natura 2000 Sareko espazioen gaineko eraginari dagokionez.

4. Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa eta gero, Biodibertsitate Zerbitzuak ondorioztatzen du, kontuan izanik ingurunearen ingurumen-sentsibilitate handia, fauna hegalari mehatxatuaren presentzia, haien talka egiteko arrisku handia, hesi efektua, mendebaldeko paleartikoko hegaztien Atlantikoko migrazio ibilbide garrantzitsuenetako batean eta Pirinioen eta Kantauriar mendikatearen arteko komunikazio korridorean izanen duten eragina, inguruko KBE batzuen kontserbazioaren oinarri diren funtsezko elementuetako batzuetan eta Natura 2000 Sareko espazioen koherentzia ekologikoan eta konektagarritasunean izan dezakeen eragina eta paisaiaren gaineko inpaktua, “Navarra 1”, “Navarra 2” eta “Navarra 4” parke eolikoen proiektuak ez direla bideragarriak ingurumenaren aldetik, nahiz eta aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan proposatzen diren prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatu. Hori dela eta, proposatzen du kontrako ingurumen eraginaren azterketa formulatzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Kontrako ingurumen eraginaren azterketa formulatzen da Sacyr Concesiones SLU enpresak sustatutako “Navarra 1” eta “Navarra 2” parke eolikoen eta Saresun Rosales SL enpresak sustatutako “Navarra 4” parke eolikoaren proiektuentzat. Parke horiek Erro, Esteribar, Anue eta Olaibarren jarri nahi dira, eta haien energia ateratzeko azpiegiturak, udalerri horiei ez ezik, Ezkabarte, Txulapain, Berriobeiti eta Orkoien udalerriei ere eragiten die. Hauek dira kontrako adierazpena egiteko arrazoiak: inguruak ingurumen aldetik duen sentikortasun handia, fauna hegalari mehatxatuaren presentzia, instalazioaren kontra talka egiteko arrisku handia, hesi efektua, mendebaldeko paleartikoko hegaztien Atlantikoko migrazio ibilbide garrantzitsuenetako batean eta Pirinioen eta Kantauriar mendikatearen arteko komunikazio korridorean izanen duten eragina, inguruko KBE batzuen kontserbazioaren oinarri diren funtsezko elementuetako batzuetan eta Natura 2000 Sareko espazioen koherentzia ekologikoan eta konektagarritasunean izan dezaketen eragina, eta paisaian izanen duten inpaktua.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari jakinaraztea, jardueraren organo substantiboa den aldetik, bai eta Ingurumena Zaintzeko Taldeari ere (Iruñeko eta Ameskoa-Kintoko mugapeak), dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2207594