212. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko urriaren 8an hartua, deklaratzen duena presakoa dela "NA-700 errepideko 5+500 KPan dagoen bidegurutzea egokitzea, Aratzuriko Kontzejuan (Nafarroa)" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Oltza zendeako Udalak, 2025eko apirilaren 24an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen "NA-700 errepideko 5+500 KPan dagoen bidegurutzea egokitzea, Aratzuriko Kontzejuan (Nafarroa)" izeneko obra-proiektuaren onespena berrestea, desjabetze-espedienteari hasiera ematea eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendari hasierako onespena ematea, bai eta jendaurrean jartzea ere hamabost egun balioduneko epean. Erabaki hori 2025eko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 22koan.

Horren ondotik, Oltza zendeako Udalak, 2025eko abuztuaren 27an egindako osoko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi zituen eta behin betiko onetsi zuen aipatu proiektua, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa zela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Erabaki hori 2025eko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 18koan.

Oltza zendeako Udalak, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan 2025eko irailaren 23an aurkeztutako eskabidearen bidez, eskatu du presakoa deklara dadila "NA-700 errepideko 5+500 KPan dagoen bidegurutzea egokitzea, Aratzuriko Kontzejuan (Nafarroa)" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko. Aurkeztutako agirien artean, presa hori justifikatzen duen txosten bat dago.

Oltza zendeako Udalak aurkeztutako agirien arabera, proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da bide-segurtasuna eta zirkulazioaren segurtasuna bermatu behar direlako. Era berean, toki entitateak argudiatzen du Lurralde Kohesiorako Departamentuaren finantzaketa dagoela proiektua gauzatzeko, 2025eko otsailaren 28an sinatutako lankidetza-hitzarmenean oinarrituta, eta proiektua behin betiko sartu dela 2023-2025 aldirako Toki Inbertsioen Planean. Horrek esan nahi du Toki Inbertsioen Plana arautzen duen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legean aurreikusitako exekuzio-epeak bete behar direla.

Gainera, espedientean jasota dago Oltza zendeako Udalaren kontu-hartzailearen txostena, non egiaztatzen baita dagokion kreditu-atxikipena egin dela proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen balio justuaren ordainketari eta desjabetze-prozedura honetatik eratorritako gainerako betebehar ekonomikoei aurre egiteko.

Hori guztia dela eta, Oltza zendeako Udalak Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu du "NA-700 errepideko 5+500 KPan dagoen bidegurutzea egokitzea, Aratzuriko Kontzejuan (Nafarroa)" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetzea presakoa dela deklaratzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "NA-700 errepideko 5+500 KPan dagoen bidegurutzea egokitzea, Aratzuriko Kontzejuan (Nafarroa)" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Oltza zendeako Udalari jakinaraztea.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urriaren 8an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2513116