1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
768/2025 EBAZPENA, urriaren 4koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez salbuespeneko laguntza baten deialdia egiten baita barrengorriaren sektorerako, 2025ean, Nafarroako Foru Komunitatean. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 861466.
Landutako onddoen sektorea ez dago Nafarroa osoan zabaldua, baina garrantzitsua da udalerri zehatz batzuetan. Errioxan, esate baterako, nekazaritzako bigarren sektorerik garrantzitsuena da eragin ekonomikoari dagokionez eta lanpostuak sortzeari dagokionez.
Sektore honetan sartzen dira, ekoizle primarioez gain, katearen ondorengo katebegiei lotutako enpresa jarduerak ere; esate baterako, honako hauek: produktua egokitzea eta kalibratzea, merkaturatzeko arau estandarren arabera sailkatzea eta saltokietara banatzea. Orobat, sartzen dira baldintza egokietan saldu aurretik egin beharreko eragiketa guztiak: landu ondokoak, biltegikoak, ontziratzekoak eta produktua etiketatzekoak.
Azken urteetan sektore honek kalte larriak pairatu ditu fenomeno klimatologikoak eta merkatuaren gorabeherak direla eta. 2023an lehorte luze bat egon zen, eta tenperaturak altuak izan zirenez, horrek eragin zuen lastoaren prezioa sekula ez bezalako moduan igotzea (prezioa hirukoiztu egin zen). Gogoan izan behar da lastoa ezinbestekoa dela konposta sortzeko. Lastoa falta denez, ekoizle askok beste herrialde batzuetatik inportatu behar izan dute, eta, horrenbestez, garraioari lotutako logistikako gastuak handitu dira, bolumen handiko produktua baita.
Kontrako baldintza klimatologikoez gain, badira sektoreari eragin dioten beste alderdi batzuk. Horietako bat da produktu fitosanitarioen erabilera murriztu beharra laboreak tratatzeko, Europako araudia bete beharrez. Horren ondorioz, bada, etekinak murriztu dira eta inbertsioak egin behar izan dira soluzioak bilatzearren.
Horri gehitu behar zaio ekoizpen kostuak hazi egin direla (mundu osoko ekonomiak egun pairatzen duen hornikuntza krisia eta Ukrainako egoera direla eta), eta prezioak igo egin direla intsumoetan eta energiaren erabileran. Hala, bada, ustiategi askoren bideragarritasun ekonomikoa mehatxupean dago, eta horrek eragina du nekazaritza eskualdeen ekonomian eta nekazaritzari lotutako beste jarduera ekonomiko batzuetako sektoretan ere, bai eta elikagaien ekoizpenean ere.
Egoera horiek eragin zuzena dute nekazaritzako ekoizpenean eta nekazaritzako elikagaien industrian. Sektore honek ez du jasotzen NPEren azaleraren araberako laguntzarik eta ez dago sartuta lehorteari erantzuteko eman zen 4/2023 Errege Lege Dekretuaren bidez izapidetutako laguntzen barnean. Horregatik, beharrezkoa eta egokia irizten zaio laguntza tresna bat ezartzeari, tresna horrek lagunduko baitu sektorea bideragarri egiten eta sektorearen errentagarritasuna berreskuratzen.
Laguntza hauek "de minimis" laguntzatzat hartuko dira, eta emanen dira bat etorriz honako honetan xedatutakoarekin, deusetan ukatu gabe aplikatu beharrekoak diren zuzenbide nazionaleko eta Europar Batasuneko zuzenbideko gainerako xedapenak: Batzordeak 2024ko abenduaren 10ean emandako 2024/3118 (EB) Erregelamenduan, zeinaren bidez aldatzen baita 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea laguntzen deialdi bat barrengorriaren sektorerako, 2025ean, Nafarroako Foru Komunitatean, bat etorriz ezarrita dagoenarekin 2024/3118 (EB) Erregelamenduan (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).
2. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean barrengorriaren sektorerako 2025eko laguntzen oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean ezarritako moduan.
3. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 50.000 euroko gastua baimentzen da 2025eko Gastuen Aurrekontu Orokorreko 710002 71200 4700 412303 partidaren kargura (Salbuespeneko "de minimis" laguntza barrengorriaren sektorerako, 2025ean, Nafarroako Foru Komunitatean).
4. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onesten da, esteka honetan eskuratzen ahal dena:
http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf
5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
6. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2025eko urriaren 8an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN BARRENGORRIAREN SEKTORERAKO 2025EKO LAGUNTZAK ESKATZEKO OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehen oinarria.–Xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1. Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eman, kudeatu eta kontrola dezan barrengorriaren sektorerako 2025eko laguntza Nafarroako Foru Komunitatean. Laguntza hori jasota dago 2024/3118 (EB) Erregelamenduan (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).
Bigarren oinarria.–Onuradunak eta onargarritasun-irizpideak.
1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira barrengorria ekoizten duten Nafarroako Foru Komunitateko ustiategiak, baldin eta Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta badaude.
Hirugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hamar egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez bakarrik aurkeztuko dira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikulua aplikatzekoa baita. Eskaerak aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko egoitza elektronikoan, tramiteen katalogoan, eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/bilatzailea/-/buscartramite/sort/relevancia/facet/5718397/rpp/10/page/1.
3. Eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
–Erantzukizunpeko adierazpena, krisi egoeran ez egotearen gainekoa, krisian dauden enpresa ez-finantzarioentzako salbamendu eta berregituraketarako estatu laguntzen gaineko jarraibideetan zehaztuta dagoenaren arabera (Batzordearen uztailaren 31ko 2014/C 249/01 Komunikazioa).
–Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak produktu eta xede bererako beste inolako laguntza ekonomikorik jasotzen ez duela dioena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan aurreikusitako debekurik ez duela hausten dioena.
–Onuraduna pertsona juridikoa bada, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
4. Dirulaguntza eskaera aurkezteak berekin dakar laguntza eskatzen duenak baimena ematea dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri elektronikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz uko egiten ahalko dio baimen hori emateari, eta kasu horretan kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzaren zenbatekoa izanen da 1,40 euro/m², ustiategietako ekoizpen instalazioen azaleraren gainean.
Bosgarren oinarria.–Laguntzak izapidetzea, ebaluatzea, ematea eta ordaintzea.
1. Nekazaritza Zerbitzuak, laguntzen instrukzio organoa den aldetik, laguntzen gaineko ebaluazioa eta ebazpen proposamena eginen du.
2. Nekazaritza Zerbitzuak egiaztatuko du bigarren oinarrian ezarritako onargarritasun-baldintzak eta -irizpideak betetzen diren eta hirugarren oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkeztu den. Horretarako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboak eginen ditu.
3. Eskaera ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpen proposamena eginen du.
Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Modu horretan, deialdi honetarako baimendutako aurrekontua eskatutako laguntza guztiak emateko behar den aurrekontua baino txikiagoa bada, koefiziente murriztaile bat aplikatuko zaio aurreko oinarrian unitate bakoitzerako ezarritako zenbatekoari. Baimendutako zenbatekoa eskatutako zenbatekoari dagokionez zer portzentajetan aldatzen den, horixe izanen da koefizientearen baliokidea.
4. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.
5. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.
Seigarren oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Zazpigarren oinarria.–Entitate onuradunaren betebeharrak.
Onuradunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko betebeharrak ez ezik, hauek ere bete beharko ditu:
a) Nekazaritza Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea laguntzaren xedea egiaztatzeko eskatzen zaizkion jarduketa guztietan.
b) Bere ustiategiko jarduerari eustea hiru urtez gutxienez laguntza ordaintzen den egunetik hasita.
c) Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea laguntzaren helburuari eragiten dioten ezinbesteko arrazoiak eta salbuespenezko inguruabarrak, organo horrek eskatutako froga egokiak erantsita, eta betiere organo kudeatzaileak edozein egiaztapen jarduketa egin aurretik.
d) Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzea, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
f) Elikakatearen Funtzionamendua Hobetzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legean xedatutakoa betetzea.
Zortzigarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
1. Ebazpen honetan hartutako konpromisoak eta betebeharrak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, osorik edo partez, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
2. Hirugarren eta hamalaugarren oinarrietan ezarritako irizpideak eta betebeharrak bete ezean, laguntza osorik itzuli beharko da.
3. Diru-itzulketei, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.
Bederatzigarren oinarria.–Kontrolak.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egokitzat jotzen dituen kontrolak eginen ditu aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak diren egiaztatzeko, bai eta laguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatzeko ere. Espediente guztien gaineko administrazio kontrola eginen da, hamargarren oinarrian adierazitakoan oinarrituta.
2. Entitate onuradunak lagundu beharko du ikuskapen horietan, eskatutako datuak emanez eta ustiategian sartzen utziz, beharrezkoa bada.
Hamargarren oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.
Laguntza hauen onuradunek ezinen dute jaso beste laguntzarik Espainiatik edo Europar Batasunetik.
Hamaikagarren oinarria.–Emandako dirulaguntzaren publizitatea.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Atariko tramiteen katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalak dirulaguntzen publizitate-sistema nazionalaren eginkizuna beteko du.
3. Horretarako, araubide honen babesean emandako laguntza indibidual bakoitzari buruzko informazioa bidali beharko da Dirulaguntzen Datu-base Nazionalera, ematen denetik hamabi hilabeteko epean, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
Iragarkiaren kodea: F2513147