Iragarkia
212. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
186E/2025 EBAZPENA, urriaren 13koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat, gazteriaren arloko politika publikoak bultzatu eta babesteko, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte. DDBN identifikazioa: 861992.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak, 7. artikuluan, ezartzen du ezen, gazteen aukera berdintasuna lortzen laguntzeko, gazteriaren arloko eskumena duen departamentuak toki entitateei laguntza eta aholkuak emanen dizkiela gazteriaren arloko tokiko politikak bultzatzeko eta sustatzeko lanean, honako alderdi hauetan zehazki: tokiko gazteria planak prestatzea, gazteentzako instalazioak sustatzea, gazteentzako zerbitzu eta jarduerak garatzea prebentzioaren, informazioaren, prestakuntzaren eta mugikortasunaren arloan, bai eta gazteen eskaerei erantzuten dieten beste arlo batzuetan ere.
Orobat, lege horrek honako hau dio gazteriaren arloko berariazko politikez 14. artikuluan: "Gazteentzako informazioa eta aholkularitza, hau da, gazteei orientazioa eta aholkuak modu integralean ematea, horrela aukera gehiago sortuz eta garapen pertsonalerako erabaki libre eta arduratsuak hartzen lagunduz. Hori guztia gazteentzako informazio zerbitzu aitortuen bitartez".
Nafarroako Gazteriaren Institutua da arlo horretan eskumena duen erakunde autonomoa, haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Toki entitateentzako laguntza hori gauzatzeko, egokitzat jotzen da dirulaguntzen deialdi berri bat onestea, norgehiagokako araubidean, entitate horientzako laguntza sistema bat ezarriko duena gazteek gizartean duten parte-hartze aktiboa hobetzen lagunduko duten ekintzak egiteko, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarteko aldian. Horiek horrela, deialdi honen xedea da toki entitateei laguntzea zenbait gasturen zati bat finantzatuta, honakoek eragindakoak badira: gazteria teknikariak kontratatzeak edo egonkortzeak, tokiko gazteria planak eta diagnostikoak egiteak eta gazteriaren inguruko programak egiteak. Orobat, gazteentzako informazio zerbitzuei lagundu nahi die, eta, horretarako, zati batean finantzatuko ditu langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko egiten dituzten gastuak.
Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da era guztietako laguntza publikoak arautzen dituen esparru komuna.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat onestea, gazteriaren arloko politika publikoak bultzatu eta babesteko, 2025-2026 aldian.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi hau aurrera eramateko, 708.000 euroko gastua baimentzea. Gastu hori partida hauei egotziko zaie:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
340002-34100-4609-232103: Toki entitateek gazteentzako programak egiteko dirulaguntzak | 2026 | 410.000 euro |
340002 34100 4609 232105: Toki Entitateen Gazteentzako Informazio Sarerako dirulaguntzak, langileak kontratatzeko | 2026 | 275.000 euro |
340002 34100 7609 232100: Toki Entitateen Gazteentzako Informazio Sarerako dirulaguntzak, ekipamendua erosteko | 2026 | 23.000 euro |
Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2026ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko urriaren 13an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Burgaleta Encina.
I. ERANSKINA.–TOKI ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZA DEIALDIA, GAZTERIAREN ARLOKO POLITIKA PUBLIKOAK BULTZATU ETA BABESTEKO, 2025-2026 ALDIAN. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei gazteriaren arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko emanen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea. Dirulaguntzak modalitate hauen bidez emanen dira:
A) Tokiko gazteria plana edo planaren aurreko diagnostikoa egiteko dirulaguntzak.
B) Gazteria teknikari berriak kontratatzeko eta/edo aurretik zeudenak egonkortzeko dirulaguntzak.
C) Gazteen parte-hartze aktiboa hobetzen lagunduko duten programak edo jarduera-proiektuak egiteko dirulaguntzak.
D) Gazteentzako Informazio Zerbitzuei laguntzea, langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko.
Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da zati batean finantzatzea modalitate horietatik datozen gastuak.
Deialdi honen ondorioetarako, gaztetzat hartzen da 14 urtetik 30 urtera bitarteko adina duena, hala xedatuta baitago Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean. Edonola ere, 14 urtetik beherakoentzako jarduerak ere hartzen ahalko dira kontuan, baldin eta justifikatzen bada dena delako jarduerak laguntzen diola gaztarorako progresioari.
2. Entitate onuradunak eta betebeharrak.
2.1. Entitate onuradunak.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean araututako toki entitateek eskatzen ahalko dute dirulaguntza, baldin eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.
2.2. Betebehar orokorrak.
–Dirulaguntza jasoko duten jarduerak egitea 2025eko urriaren 1a eta 2026ko irailaren 30a artean.
–Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Horretarako, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Nafarroako Gazteriaren Institutuari baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eta dirulaguntza ordaintzeko ebazpen-proposamena egiten direnean (III. eranskina).
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea. Egiazta daiteke baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen eskaera-formularioko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez (II. eranskina).
–Dirulaguntza modalitate bakoitzerako ezarritako berariazko baldintzak betetzea, hots, oinarrietan aipatutakoak.
3. Aurrekontu-kredituaren banaketa.
708.000,00 euroko gastua baimentzen da, partida hauen kargura:
- 410.000 euro, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretan "Toki entitateek gazteentzako programak egiteko dirulaguntzak" deritzon partidaren baliokide den 2026ko gastuen aurrekontuko partidaren kargura.
- 275.000 euro, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretan "Toki Entitateen Gazteentzako Informazio Sarerako dirulaguntzak, langileak kontratatzeko" deritzon partidaren baliokide den 2026ko gastuen aurrekontuko partidaren kargura.
- 23.000 euro, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretan "Toki Entitateen Gazteentzako Informazio Sarerako dirulaguntzak, ekipamendua erosteko" deritzon partidaren baliokide den 2026ko gastuen aurrekontuko partidaren kargura.
Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2026ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.
4. Tokiko gazteria plana edo planaren aurreko diagnostikoa egiten laguntzea.
4.1. Definizioak.
–"Tokiko gazteria plana" agiri bat da, zeinean xehe-xehe eta berariaz jasotzen diren zer jarduera gauzatuko diren udalerrian, denbora-tarte zehatz batean, gazteriako politikak aurrera eramateko, jarraikiz kronograma bati. Plan horretan zehaztuko dira atazak, beharrezko baliabideak, epeak, aurrekontua eta arduradunak.
–"Diagnostikoa" esaten zaio aldez aurretik egiten den eta beharrezkoa den azterketari, non biltzen baitira egoera-datuak gazteriaren arloko eskaera, premia eta aukerei buruz. Azterketa horren xedea da ondoren egitea gazteei egokitutako eta gazteen errealitateak aldatzeko moduko esku-hartzeak.
4.2. Betebehar espezifikoak.
a) Tokiko gazteria planaren azken agiriak alderdi hauek, gutxienez, jasoko ditu: egoeraren diagnostikoa eta jarduketen plangintza hiru urterako. Orobat, jasoko ditu honako hauek: helburuak, lerro estrategikoak, arloak, ekintzak, epeak eta aplikatzeko aurrekontua, bai eta ebaluatzeko metodologia ere, jarraipenerako adierazleak eta/edo arlokako emaitzak zehaztuta. Planerako, herritarren parte-hartze prozesu bat egin beharko da.
b) Tokiko gazteria planaren aurretik eginen den gazteriari buruzko diagnostikoak honako alderdi hauek, gutxienez, jasoko ditu: helburuak, azterketa soziodemografikoa, metodologia, gazteen eskari eta beharren identifikazioa, gazteek udalerrian duten parte-hartzearen azterketa, egungo politika, zerbitzu eta programen balorazioa eta egokitasuna, eta jarduketa ildoen definizioa.
c) Diruz lagundutako jarduketek bat etorri beharko dute Nafarroako Gazteriaren 2025-2028 aldirako Estrategiarekin, eta sarbide irekia eduki.
4.3. Gastu diruz lagungarriak.
Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute kanpoko kontratazioaren gastuei aurre egiteko, honako lan hauek egiteko denean: tokiko gazteria planak eta horien aurreko diagnostikoak prestatzea. Baldin eta toki entitateek dirulaguntzaren bat jaso badute aurreko deialdietan gazteria plana eta/edo haren aurreko diagnostikoa egiteko, ezin izanen dute eskaerarik aurkeztu kontzeptu honengatik plana indarrean dagoen bitartean.
4.4. Dirulaguntza emateko irizpideak.
Modalitate bakoitzerako zenbateko berariazkoak izanen dira prestaketa-lanen gastuaren %75ekoak. Gehienez, 3.000 euro emanen dira 5.000 biztanletik beherako herrietan, eta 6.000 gainerakoetan, bat etorriz ezarrita dagoenarekin 8. oinarrian.
4.5. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.
9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskaera-orria.
b) Tokiko gazteria plana eta/edo haren aurreko diagnostikoa egiteko proiektua, honako hauek zehaztuta: helburuak, metodologia, faseak eta aurrekontua.
5. Gazteria teknikari berriak kontratatzeko eta/edo aurretik zeudenak egonkortzeko dirulaguntzak.
5.1. Definizioa.
Gazteriako teknikariak dira lanpostu berri bat bete dutenak eta/edo betetzen zuten horretan finkatu direnak, eta Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareari atxiki zaizkionak 2027ko irailaren 30a baino lehen. Eginkizun hauek izan behar dituzte: gazteriaren arloko tokiko politiken eta planen diseinua, kudeaketa eta ebaluazioa; gazteentzako programak eta/edo jarduerak asmatu eta antolatzea; gazteek parte hartzeko espazioak sustatzea; eta udalerrian gazteen garapena erraztuko duten beste batzuk. Orobat, Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatzen dituen prestakuntza jarraituko programetan parte hartu beharko dute.
5.2. Betebehar espezifikoak.
a) Udala bada, 1.000 biztanle edo gehiago izatea, eta mankomunitatea bada, 3.000 biztanle baino gehiago biltzea, 2025eko urtarrilaren 1eko zentsuko datuen arabera.
b) Kontratazio berri bat bada, plantilla organikoan lehendabizikoz sartzen den lanpostu bat izan beharko du, izan administrazio kontratuduna nahiz lan kontratuduna.
c) B mailako lanpostu bat betetzea, lanaldi osoan edo erdian, eta Gazteriako Arloari atxikia.
d) Teknikaria hautatzean administrazio publikoan kontratazioari buruz indarra duten arauak betetzea, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko aholkularitza teknikoarekin egitea.
e) Kontratazio berrien kasuan, adierazpen bat aurkeztu beharko da, non jasoko baita entitateak konpromisoa hartu duela bere gain kontratazioekin jarraitzeko 2027ko eta 2028ko ekitaldietan.
5.3. Gastu diruz lagungarriak.
Dirulaguntza erabiliko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen zaien hasierako soldata finantzatzeko, B mailarako 2025eko irailaren 30ean duen zenbatekoan, soldata osagarriak eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota barne; hori guztia, lanaldi bati dagokiona.
Kontratatutakoari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen. Era berean, ez dira diruz lagungarriak izanen enplegu publikoaren araudian jasotako gehieneko kontratazio epeak ez betetzeagatik ordaindu beharreko konpentsazioak.
5.4. Dirulaguntza emateko irizpideak.
Gazteria teknikari berriak kontratatzeko eta/edo aurretik zeudenak egonkortzeko dirulaguntzak honela emanen dira: kontratuko lehenengo eta bigarren urteetan (kontratua hasten den egunetik, hurrengo 12 hilabeteak; hori hartuko da kontratazio-urtetzat), aurreko epigrafeko erreferentziaren %75, gehienez, lagunduko da diruz; hirugarren urtean, berriz, %50. Hori guztia, 8. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
5.5. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa:
9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskaera-orria.
b) Gazteria teknikari gisa sinatutako kontratuaren kopia edo lanpostua esleitu dela edo lanpostuaren jabetza hartu dela egiaztatzen duen agiriarena.
6. Gazteentzako programa eta proiektuak egiten laguntzea.
6.1. Definizioa.
Diruz laguntzen ahalko dira Nafarroako Gazteriaren 2025-2028 aldirako Estrategiako helburuak eta zeharkako printzipioak bultzatzen dituzten gazteentzako programak edo jarduera-proiektuak, baldin eta sustatzen badute gazteen garapen pertsonala, hezkuntzakoa eta gizartekoa.
Orobat, bi kategoria bereizten dira:
a) Programak edo proiektuak 5.000 biztanle baino gutxiagoko toki entitateetan.
b) Programak edo proiektuak 5.000 biztanle edo gehiago dituzten toki entitateetan.
6.2. Betebehar espezifikoak:
a) Jarduketek Gazteriako Estrategiako arlo estrategiko hauek garatu behar dituzte: emantzipazioa, ongizatea, gazteentzako informazioa eta parte-hartzea. Horretarako, mota honetako ekintzak gauzatu behar dituzte:
–Integrazioari eta parte-hartzeari lotutako ekintzak.
–Prestakuntza ekintzak.
–Aisialdi hezigarriari eta astialdiri lotutako jarduerak.
b) Jarduketa diruz lagungarriak onartzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak balorazio tekniko bat eginen du aurrez. Edonola ere, ez dira diruz lagungarriak honako hauek:
–Material inbentariagarria erostea.
–Azpiegituren funtzionamendu edo mantentze gastuak.
–Izaera erlijiosoko jarduerak.
–Animaliei tratu txarrak eragitera bultzatzen duten jarduerak.
–Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako eskumeneko gaiei lotutako jarduketak eta/edo dirulaguntza deialdi berariazko batean sartuta daudenak.
6.3. Gastu diruz lagungarriak.
a) Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, baldin diruz laguntzen den jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta diruz lagundutako jarduerak egiteko ezarri den epe berari baldin badagozkio, esate baterako:
–Garraio gastuak.
–Mantenu eta ostatu gastuak, gaua kanpoan ematea barne hartzen duten mugikortasun jardueretan.
–Jarduera egiteko beharrezkoak diren material suntsigarrien gastuak.
–Kanpoko profesionalak kontratatzetik datozen kostuak edo entitateko langileei egozten ahal zaizkien kostuak, jarduerak antolatzeko eta aurrera eramateko.
–Kirol jardueretako gastuak (ez-federatuak eta lehiaketatik kanpokoak).
b) Diruz lagungarriak diren gastuetarako gehieneko muga hauek ezarri dira:
–Gazteriako teknikarien kostuak onartuko dira soilik baldin eta ez badira eskatu 5. oinarrian. Gehienez, guztizko kostuaren %10 soilik egozten ahalko zaie.
–Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila).
–Herritik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 30 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.
6.4. Balorazio irizpideak.
6. oinarriko modalitaterako aurkeztutako eskaeren kasuan, onetsitako aurrekontuaren gaineko portzentaje bat lagunduko da diruz. Portzentaje hori, gehienez, proiektuaren/jardueraren guztizko kostuaren %75 izanen da a) kategorian, eta, %50, berriz, b) kategorian. Entitateak, horrenbestez, %25 eta %50 ordaindu beharko du, hurrenez hurren, horretarako baliatutako berezko funtsak edo beste dirulaguntza batzuk. Emanen den dirulaguntzaren zenbateko zehatza zuzenki proportzionala izanen da eskaerak lortzen duen puntuazioarekiko.
Proiektuen/jardueren puntuazioei lotutako portzentajeak dira gehieneko dirulaguntzak, baina gerta liteke portzentaje horietatik beherako dirulaguntzak ematea, nahikoa aurrekontu ez egoteagatik.
6.5. Balorazioa.
Programak edo jarduera-proiektuak egiteko dirulaguntzen eskaeren ebaluazioan, irizpide hauen arabera ezarriko da puntuazioaren ordena:
a) Egokitasuna eta ahalmen instituzionala (45 puntu gehienez).
–Indarrean edukitzea gazteria plan edo estrategia bat (5 puntu gehienez).
–Aurkeztutako programa egokitzea udaleko gazteria planarekin edo estrategiarekin, halakorik balego, edo gazteriaren arloko Nafarroako edo Estatuko estrategiekin (10 puntu gehienez).
–Gaitasun operatiboa eta aldez aurreko eskarmentua gazteria programetan (5 puntu gehienez).
–Modu koordinatuan eta osagarrian aritzea udaleko edo komunitateko beste arlo batzuekin (5 puntu gehienez).
–Gazteriaren arloko figurak/teknikariak toki entitatean (5 puntu gehienez).
–Langileak sartuta egotea Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarean (5 puntu gehienez).
–Herriak 5.000 biztanle baino gutxiago edukitzea (10 puntu).
b) Proiektuaren kalitatea (55 puntu gehienez).
–Oinarriak eta lurralde-testuingurua (5 puntu gehienez).
–Helburuak eta aurreikusitako emaitzak (5 puntu gehienez).
–Jardueren deskribapena (10 puntu gehienez).
–Ekintzen egutegia (5 puntu gehienez).
–Ebaluazioa. Adierazleen proposamena eta egiaztatze bideen egokitasuna (10 puntu gehienez).
–Aurrekontu xehakatua, eta kofinantzaketa, halakorik bada (5 puntu gehienez).
–Gizarte inklusioa: desgaitasuna duten pertsonen, gizartetik baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan daudenen edo premia bereziak eragiten dituzten bestelako egoeretan daudenen parte-hartzea (5 puntu gehienez).
–Onuradunen parte-hartzea: galdetegiak, batzarren bidezko erabakiak... (5 puntu gehienez).
–Koherentzia helburuen, ekintzen, amaitzen eta aurrekontuaren artean (5 puntu gehienez).
Eskaera bakoitzak 100 puntu lortzen ahalko ditu gehienez; dirulaguntza jasotzeko, 50 puntu lortu beharko dira gutxienez.
6.6. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.
9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskaera-orria.
b) Proiektua, behar bezala idatzia, eta barnen duela balorazio ekonomiko bat. Proiektua eskaera-orriaren ereduan adierazitako moduan aurkeztu beharko da, idazkari-lanak egiten dituenak sinatuta (II: eranskina), eta honako alderdi hauek, gutxienez, jaso beharko ditu: helburuak, zer herritarri zuzenduta dagoen, metodologia, jardueren deskribapena, eginen diren jardueren banaketa geografikoa, egutegia eta aurrekontu xehakatua.
7. Gazteentzako Informazio Zerbitzuei laguntzea.
7.1. Definizioa.
Toki erakundeek dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte Gazteentzako Informazio Zerbitzuetarako, kontzeptu hauek direla-eta: langileak kontratatzeko gastuak eta ekipamenduak eskuratzeko gastuak.
Langileak kontratatzeko gastuetan honako hauek sartuko dira: Gazteentzako Informazio Zerbitzuetan aritzeko kontratatzen diren langileen soldatak eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak.
Ekipamenduak erosteko gastuetan honako hauek sartuko dira: jarduera egiteko behar diren material informatikoak eta digitalak, altzariak eta tresnak, bai eta material inbentariagarria erosteko egin beharrekoak ere.
7.2. Betebehar espezifikoak.
a) Nafarroako Gazteriaren Institutuak aitortutako Gazteentzako Informazio Zerbitzu baten titular izatea, bat etorriz ezarrita dagoenarekin abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuan (Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea arautzen du), edo, bestela, horrelako zerbitzu bat 2026ko irailaren 30a baino lehen eratzeko konpromisoa hartzea.
b) Zerbitzuko egitekoak honako hauek izan behar dira: gazteei zuzeneko informazioa ematea, informazioa zenbait euskarritan dinamizatzea eta abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuan ezarritako beste batzuk. Horretarako, langileak zuzenean edo zeharka kontratatzen ahalko dira, zerbitzu-enpresa baten bidez, alegia.
c) Lanpostuan ari denak gutxienez eduki beharko du Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea. Gazteentzako Informazio Guneetan, astean 15 orduz, gutxienez, aritu beharko du, eta bulegoetan, berriz, 30 orduz.
d) Langilea gazteentzako informazioan trebatuta egon behar da, edo konpromisoa sinatu behar du dirulaguntza-eskaera aurkeztu ondoko 12 hiletan trebatzeko.
7.3. Gastu diruz lagungarriak.
Dirulaguntza erabiliko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen zaien hasierako soldata finantzatzeko, C mailarako 2025eko irailaren 30ean duen zenbatekoan, soldata osagarriak eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota barne; hori guztia, lanaldi oso bati dagokiona.
Kontratatutakoari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen. Era berean, ez dira diruz lagungarriak izanen enplegu publikoaren araudian jasotako gehieneko kontratazio epeak ez betetzeagatik ordaindu beharreko konpentsazioak.
Orobat, toki erakundeek dirulaguntza eskatzen ahalko dute honako hauek erosteko gastuetarako: material informatikoak eta digitalak, altzariak eta tresnak, bai eta material inbentariagarria erosteko egin beharrekoak ere, baldin eta gastuok zalantzarik gabe beharrezkoak badira Gazteentzako Informazio Zerbitzuek beren lana egiteko.
7.4. Dirulaguntza emateko irizpideak.
Langileak kontratatzeko dirulaguntza kostuaren %75 izanen da gehienez.
Ekipamendua erosteari dagokionez, dirulaguntza kostuaren %100 izanen da, baldin eta toki entitateak ez badio aurretik sekula Nafarroako Gazteriaren Institutuari dirulaguntzarik eskatu Gazteentzako Informazio Zerbitzurako, eta %75 gainerako toki entitateen kasuan.
7.5. Balorazioa.
Gazteentzako Informazio Zerbitzuetarako dirulaguntzen eskaeren ebaluazioan, irizpide hauen arabera ezarriko da puntuazioaren ordena:
–2025eko urriaren 1etik aurrera sortutako Gazteentzako Informazio Zerbitzuak:
- Gazteentzako informazio gunea izatea: 80 puntu.
- Gazteentzako informazio bulegoa izatea: 100 puntu.
–Gainerako Gazteentzako Informazio Zerbitzuak:
- Gazteentzako Informazio Sareak antolatutako bileretara joan izana 2024ko urriaren 1etik 2025eko urriaren 1era bitartean*:
- %25: 10 puntu.
- %50: 20 puntu.
- %75 edo gehiago: 30 puntu.
- Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskainitako prestakuntza-saioetan parte hartu izana urriaren 1etik 2025eko urriaren 1era bitartean*:
- %25: 10 puntu.
- %50: 20 puntu.
- %75 edo gehiago: 30 puntu.
- –Gazteentzako Informazio Zerbitzua zabalik edukitzea arratsaldez eta/edo asteburuetan: 20 puntu.
- 2024an emandako arretaren gaineko memoria aurkeztea: 20 puntu.
(*) Gazteentzako informazio zerbitzuak 2024ko urritik aurrera aitortuta daudenean, portzentajea kalkulatuko da aitorpen ofizialaren datatik aurrera.
Eskaera bakoitzak 100 puntu lortzen ahalko ditu gehienez; dirulaguntza jasotzeko, 40 puntu lortu beharko dira gutxienez.
7.6. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.
9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskaera-orria (II. eranskina).
b) Aurrekontua, aurreikusita zenbat izanen diren, dirulaguntzaren epean, gazteentzako informazio-lanak egiten dituzten langileen soldatetatik datozen gastuak.
c) Enpresa hornitzaileen aurrekontuak edo fakturak. Horietan agertu beharko da, laburbilduta, zer material erosi den edo erosi nahi den.
8. Dirulaguntzaren zenbatekoa
8.1. Deialdiko guztizko zenbatekotik, 410.000 euro gordetzen dira 4., 5. eta 6. oinarrietarako. Zenbateko horretatik, 60.000 erabiliko dira tokiko gazteria plana eta haren aurreko diagnostikoa egiteko (4. oinarria); 70.000 euro, gazteriako teknikari lanpostuak sortzeko edo daudenak egonkortzeko (5. oinarria); 80.000 euro, 6. oinarriko a) kategoria finantzatzeko (programak edo proiektuak 5.000 biztanle baino gutxiagoko toki entitateetan), eta gainerako 200.000 euroak, b) kategoria finantzatzeko (programak edo proiektuak 5.000 biztanleko edo gehiagoko toki entitateetan).
Eskaera guztiei erantzun eta gero, krediturik gelditzen bada 4., 5. eta 6. oinarrietan eta 6. oinarriko a) kategorian, zenbateko hori gehituko zaio 6. oinarriko b) kategorian erabilgarri dagoen kredituari.
8.2. Deialdiko guztizko zenbatekotik 298.000 euro gordetzen dira 7. oinarrirako. Zenbateko horretatik 275.000 euro erabiliko dira langileria gastuak diruz laguntzeko, eta 23.000 euro, berriz, ekipamendu gastuetarako, honela banatuta:
- 250.000 euro langileria gastuetarako, eta 13.000 euro ekipamendurako, 2024ko urriaren 1aren aurretik eratutako Gazteentzako Informazio Zerbitzuentzat edo egun horren ondoren eratu baina iaz dirulaguntza eskatu zutenenentzat.
- 25.000 euro langileria gastuetarako, eta 10.000 euro ekipamendurako, 2024ko urriaren 1aren ondoren eratutako Gazteentzako Informazio Zerbitzuentzat, baldin eta ez bazuten dirulaguntzarik eskatu iazko deialdian, eta zerbitzua 2026ko irailaren 30a baino lehen eratzeko konpromisoa hartu duten entitateentzat.
Baldin eta 7. oinarrirako aurkeztutako eskaera guztiei erantzun eta gero, oraindik aurrekontu-krediturik badago erabilgarri azpimodalitateren batean, kreditu hori beste modalitateari gehituko zaio.
8.3. Modalitateren bateko aurrekontu-kreditua agortzen bada, dagokion modalitateko entitate onuradunen artean hainbanatuko da.
8.4. Dirulaguntzaren zenbatekoak modalitate bakoitzaren oinarrian ezarritako baldintzen arabera doituko dira. Nolanahi ere, toki erakunde bakoitzak 70.000 euro jasotzen ahalko du gehienez, deialdi honetan sartzen diren dirulaguntza modalitate guztiak batuta.
9. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.
9.1. Dirulaguntza-eskaerak, hasierako dokumentazioa eta frogagiriak Nafarroako Gazteriaren Institutuari aurkeztu beharko zaizkio, eta telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez erregistro orokor elektronikoaren bidez, ahal dela "Tramiteak" katalogoaren bitartez, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoan (www.nafarroa.eus).
9.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
9.3. Dirulaguntza-eskaerak instantzia bidez aurkeztu behar dira, agiriak eskaneatuta eta agiriok behar bezala identifikatuta:
–Modalitate guztietarako: –Eskabide orokorra eta erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina).
–Zer modalitaterako aurkezten den eskaera, oinarriotan modalitate bakoitzerako adierazitako eranskinak.
9.4. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko oinarriotan adierazitako dokumentazioa aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatu bezala.
10. Dirulaguntza emateko prozedura.
Dirulaguntzak norgehiagoka emanen dira, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.
11. Antolamendua eta instrukzioa.
Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala da laguntza ekonomiko hauek emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko organo eskuduna.
Eskaerak ahalik hobekien ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak erakunde eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.
Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskaera aurkeztu duen entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko jakinarazpenaren biharamunetik 10 egun baliodun iragan baino lehen, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.
12. Laguntzak emateko ebazpena.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, eskaera ezetsitzat jo beharko da.
Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.
13. Justifikatzeko epea eta modua.
Dirulaguntza justifikatzeko epea amaituko da 2026ko urriaren 15ean.
Dirulaguntza ordainduko da diruz lagundutako jarduketa amaitutakoan eta eskatutako ziurtagiriak aurkeztutakoan. Dirulaguntzan onetsitako zenbatekoa osorik jasotzeko, dirulaguntzarako onetsitako gastuaren zenbatekoa, gutxienez, justifikatu beharko da. Justifikatutako gastua onetsitakoa baino txikiagoa bada, ordainduko den dirulaguntzaren zenbatekoa ere murriztuko da, modu proportzionalean.
13.1. Dirulaguntzaren justifikazioa:
Dirulaguntzaren guztizko gastua justifikatzeko, toki entitateko idazkariak ziurtagiri bat sinatu beharko du. Horren bidez, ziurtatuko da eranskinetan aurkeztutako datuak benetakoak direla eta diruz lagundutako jarduerak behar bezala gauzatu direla.
Justifikaziorekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, III. eranskinaren arabera:
–Memoria teknikoa eta ekonomikoa: Zehaztuko da jarduera bakoitza nola gauzatu den, kostua eta gastua, xehe-xehe.
–Gastuaren eta ordainketaren frogagiriak: Gastuak eta ordainketak frogatzeko, fakturak, nominak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak aurkeztuko dira. Horretarako, frogagirien zerrenda zehatza aurkeztuko da, zenbakitua.
13.2. Frogagirien eta langileria gastuen betekizunak:
Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZa, data, faktura zenbakia, kontzeptua, fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitzaren zenbatekoa eta banakapena, zigilua, ordaintzeko modua eta BEZa. Ez dira onartuko frogagiri gisa ordainagiri soilak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzat, entrega-oharrak, autofakturak edo froga-baliorik gabeko ziurtagiriak.
Egotzitako langileria gastua justifikatzeko, entitate onuradunak aurkeztu beharko du eranskin bat, zehaztuko duena zenbat izan den langile bakoitzaren dedikazio portzentajea diruz lagundutako kontzeptuei dagokienez, eta zein izan diren langile bakoitzak egin dituen berariazko lanak. Langileria gastuak, eskatutako dirulaguntza guztiak batuta, ezin izanen du gainditu langilearen lanaldiaren %100. Erantsi beharko dira nominak eta soldata kostuen beste ziurtagiri batzuk.
13.3. Dirulaguntzako modalitate bakoitzak bere justifikazio modua izanen du; hona hemen:
–Tokiko gazteria plana edo planaren aurreko diagnostikoa egiteko: Diruz lagunduko den azken agiria aurkeztu beharko da.
–Gazteriako teknikariak kontratatzeko: Memoria bat aurkeztu beharko da, jasoko dituena zer eginkizun izan dituen eta zer jardueratan parte hartu duen.
–2025-2026 aldirako gazteentzako programa edo proiektuetarako: Entitate eskatzaileek proiektuaren deskribapen-memoria bat aurkeztu beharko dute, barnean duela emaitzen eta erdietsitako helburuen deskribapen zehatz bat. Diruz lagundutako eta gauzatutako jarduera bakoitza zehaztu beharko da, honako alderdi hauek adierazita: iraupena, non egin den, parte-hartzaile kopurua eta jarduera bakoitzaren ebaluazioa.
–Gazteentzako Informazio Zerbitzuetako gastu eta inbertsioetarako: Eskuratutako ekipamendua justifikatu beharko da, horretarako aurkeztuz fakturak eta ordainagiriak.
13.5. Justifikaziorako epea bukatuta, entitate onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, justifikatzeko betebeharra bete gabe gelditu dela ulertuko da.
14. Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntzaren ordainketa Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da diruz lagundutako jarduera egin eta erakunde onuradunak justifikazio agiriak (13. oinarrian adierazten direnak) aurkeztu ondoren. Transferentzia bidez eginen da ordainketa.
15. Entitate onuradunen betebeharrak.
15.1. Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.
15.2. Toki entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte, eta Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren dirulaguntzaren berri eman beharko dute dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren publizitate eta hedapen ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere. Horretarako, dirulaguntza jasotzean hartzen duten konpromisoaren erantzukizunpeko adierazpena eginen dute erakunde onuradunek.
15.3. Aurkeztutako proiektuan funtsezko aldaketaren bat jazoz gero (aldaketak jardueretan, egutegian edo esleitutako langileengan, aurrekontuko desbideraketak...), toki entitateek horren berri eman beharko dute, aldaketa justifikatzen duten gorabeherak suertatu eta berehala. Halaber, aldaketa egiteko, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren berariazko baimena beharko dute.
15.4. Komunikazio guztietan hizkuntzaren erabilera berdinzalea bermatuko da, eta edozein irudi diskriminatzaile saihestuko da. Hala, sustatzen den irudiak islatu beharko ditu berdintasunaren, aniztasunaren, rol-askotarikotasunaren, erantzukidetasunaren eta berdintasunezko parte-hartzearen balioak. Horretarako, honako hauek kontsultatzen ahal dira: "La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: "El Género como prioridad".
15.5. Halaber, entitate onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak 12.4 artikuluan ezartzen duen gardentasun-betebeharra bete beharko dute. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
16. Bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten toki entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haien guztizko baturak ezin izanen du proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.
Toki entitateek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza edo baliabideren bat eskuratzen badute, horren berri eman beharko diote deialdi honetako dirulaguntzak ematen dituen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, hartutako funtsak justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz (II. eranskina).
17. Ez-betetzeak.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.
Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.
18. Azpikontratazioa.
18.1. Entitate onuradunek diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzen ahalko dituzte, osorik edo zati batean, portzentaje-mugarik gabe. Hala ere, hortik kanpo daude entitatek jarduera bere kabuz gauzatzeko egiten dituen gastuak. Kasu guztietan, entitate kontratistak bete beharko ditu toki entitateek dauzkaten betebehar berberak.
18.2. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.
18.3. Entitate kontratistak toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko du, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun osoa. Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki erakunde onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Entitate kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.
18.4. Entitate onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat egitea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.
19. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari, eta horretarako hilabete egonen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
20. Aplikatzekoa den legeria.
Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: F2513269
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
