3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
GOBERNUAREN ORDEZKARITZA
Jendaurreko informazioa. Baztango udal mugartean (Nafarroa) lehergaien kontsumorako biltegi bat instalatzeko baimen eskaera
Lehergaien Erregelamendua onesten duen otsailaren 4ko 130/2017 Errege Dekretuaren 62.3 artikuluak xedatzen duena betez, eta bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluak ezartzen duenarekin, jendaurreko aldi bat irekitzen da Acciona Construcción SA enpresak egindako eskaerari buruz, baimena eskatu baitu banaketako bolborategi osagarriak instalatzeko Belateko tunela bikoizteko obretan, tunelaren hegoaldeko ahoan. Instalatuko diren bolborategiak Lehergaien Erregelamenduko 95. artikuluan jasotakoen erakoak dira: horietatik zortzi 400 kg lehergai (1.1-D mota) gordetzeko dira, eta beste bi, 1.000 detonagailutarako (1.1-B mota), horiek ez baitira bateragarriak batera biltegiratzeko, Lehergaien Erregelamenduko 22. jarraibide tekniko osagarriaren arabera.
Belateko tunela bikoizteko, haren hegoaldeko sarbidetik, tunela zulatzeko lanetan laguntzeko erabiliko da biltegia, Baztango udal mugartean (Nafarroa). Izan ere, horrelako instalazioek leherketa lanen plangintza eta antolaketa hobetzen dute eta, orobat, hornigaien logistika soildu eta errepideko zirkulazioa gutxiagotzen.
Eta hori guztia aditzera ematen da orok jakin dezan eta proiektua eta gainerako agiri teknikoak aztertu ahal izan daitezen Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloan (Merindadeen plaza z.g., 31071, Iruña, Nafarroa), aurretik hitzordua eskatuta, edo esteka honetan:
https://mpt.gob.es/portal/delegaciones_gobierno/delegaciones/navarra/proyectos-ci.html
Gainera, iragarki hau argitaratzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluaren ondorioetarako, pertsona interesdun guztiek aztertu ahal izan ditzaten proiektuaren agiri guztiak eta, orobat, egoki iruditzen zaizkien alegazioak egin ahal izan ditzaten.
Interesdunek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkezten ahal dituzte, arlo honi zuzenduta, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun balioduneko epean, dela idatziz, euskarri fisiko batean, Gobernuaren aipatu ordezkaritzaren erregistro orokorrean, edo Estatuko Administrazio Orokorraren erregistro elektronikoaren bidez (https://rec.redsara.es), edo, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazten diren moduetan.
Ohartarazten da ezen pertsona juridikoak, nortasun juridikorik gabeko entitateak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan identifikatutako bestelako subjektuak behartuak daudela baliabide elektronikoak erabiltzera administrazio publikoekin dituzten harremanetan, administrazio prozedura baten edozein tramite egin behar duten aldiro. Hortaz, subjektu horiek jendaurreko informazioaren tramite honen barruan egiten dituzten alegazio guztiak baliabide elektronikoen bidez behar bezala aurkeztu beharko dira nahitaez.
Iruñean, 2025eko urriaren 15ean.–Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloko zuzendaria, Ignacio Irujo Sanz.
Iragarkiaren kodea: E2513368