Iragarkia
212. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
93E/2025 FORU AGINDUA, irailaren 25ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, 2025-2026 aldian jarduera fisikoko programak susta ditzaten 60 urtetik gorakoentzat. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 858939.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 33.a) artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduera fisikoa eta kirola sustatuko ditu, beste neurri batzuen artean, laguntza eta dirulaguntzen araubide baten bidez.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren bitartez, laguntza horien bidez jarduera fisikoak eta kirol jarduerak sustatzeko eginkizuna du, Nafarroako gizarte osoaren eta, bereziki, premia handiena duten kolektiboen osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko baliabideak jarriz toki entitateen eta beste entitate batzuen eskura.
Alde horretatik, deialdi honen helburua da sustatzea toki entitateek jarduera fisikoko programak antola ditzatela 60 urtetik gorako pertsonentzat. Proiektu horien bidez, 15/2001 Foru Legearen 3. artikuluko a), d), f) eta t) helburuak betetzen laguntzen da, eta honako hau lortu nahi da:
–Zahartze aktiboa bultzatzea, jarduera fisikoa erabiliz bizimodu osasuntsua eta osasungarria sustatzeko eta gaixotasunak prebenitu eta tratatzeko tresna baliagarri gisa.
Adierazi behar da deialdiak urte anitzeko gastu konpromisoa duela, Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.1 artikuluan jasotzen den moduan, nahiz eta ez den beharrezkoa aldez aurretik Gobernuaren erabakiaren bidez baimena ematea, egotz daitekeen gastua 600.000 eurotik beherakoa baita (apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.6 artikulua).
Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, horien bidez 2025-2026 aldian jarduera fisikoko programak susta ditzaten 60 urtetik gorakoentzat.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu eta baimendu dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50002-A5100-4609-336100: Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak | 2025 | 20.000,00 |
A50002-A5100-4609-336100: Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak | 2026 | 50.000,00 |
Kreditu horiei gehitu behar zaie Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren uztailaren 4ko 37/2025 Foru Aginduaren bidez baimendutako diru kopurua. Izan ere, foru agindu horren bidez xedatu zen argitara ematea Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2025eko ekainaren 30ean harturiko Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baitute Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onetsi eta izapidetu ditzan: batetik, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programen dirulaguntzen deialdia, eta bestetik, osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuen dirulaguntzen deialdia, biak 2025-2026 aldikoak:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
520001-51200-4609-313904: Jarduera fisikoa sustatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat | 2025 | 30.000 |
4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko irailaren 25ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, horien bidez 2025-2026 aldian jarduera fisikoko programak susta ditzaten 60 urtetik gorako pertsonentzat.
Deialdi honen bidez bete nahi da Nafarroako Gobernuaren 2023-2027 urteetako Akordio Programatikoan, kirolaren arloan, jasota dagoen helburuetako bat: osasuna zaintzera eta ohitura osasungarriak lortzera bideratutako politikak garatzea eta koordinatzea, ariketaren bidez, ariketa fisikoa baita bizi-garapenaren motorra.
Halaber, erantzuna ematen zaie 2022-2025 aldiko Osasun Publikoaren Planaren I. eta II. ardatzei, zeinak oinarritzen baitira osasunaren aldeko eta gaixotasunei aurrea hartzearen aldeko jokabideak sustatzean, horretarako osasun komunitarioko jarduketak garatuz.
1.2. Toki entitateek 60 urtetik gorakoentzat antolatzen dituzten jarduera fisikoko programek jasoko dute dirulaguntza.
1.3. Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:
–Kirol zuzendari eta monitoreentzako prestakuntza jarduerak, hezkuntzaren esparruan edo beste esparru batzuetan garatzen direnak, kirol teknikari izateko ikastaroak, esate baterako.
–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren (NKJFI) beste deialdi espezifikoago batzuetan sartzen diren kirol jarduerak eta jarduera fisikoak.
–1.2 oinarrian aipatzen ez diren jarduerak.
2. Helburua.
1.2 oinarrian jasotzen diren jarduerak egitean sortutako defizita hein batean berdintzeko erabiliko da dirulaguntza, titularra toki entitatea bada eta jarduera horiek 2025eko irailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitarte egiten badira.
3. Aurrekontu-kreditua.
3.1. Deialdi honi aurre egiteko, 100.000 euro erabiliko dira guztira, eta honela egotziko dira:
–2025erako: 50.000 euro, honako partida hauetan banatuta:
- 20.000 euro, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko A50002-A5110-4609-336100 partida ekonomikoaren kargura.
- 30.000 euro, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Jarduera fisikoa sustatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat" izeneko 520001-51200-4609-313904 partida ekonomikoaren kargura.
Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren uztailaren 4ko 37/2025 Foru Aginduaren bidez xedatzen da argitara eman dadila Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2025eko ekainaren 30ean harturiko Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baitute Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onetsi eta izapidetu ditzan: batetik, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programen dirulaguntzen deialdia, eta bestetik, osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuen dirulaguntzen deialdia, biak 2025-2026 aldikoak.
–2026rako: 50.000 euro, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko A50002-A5110-4609-336100 partida ekonomikoaren kargura.
3.2. Dirulaguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua, 100.000 eurokoa, honako aldi hauetan banatuko da:
- 50.000 euro, lehen aldian, hau da, hasieratik 2025eko azaroaren 30era arte, garatzen diren 60 urtetik gorakoentzako programetarako.
- 50.000 euro, bigarren aldian, hau da, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko ekainaren 30era arte, garatzen diren 60 urtetik gorakoentzako programetarako.
3.3. Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egokia eta aski izatearen baldintzapean egonen da.
4. Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
4.1. Nafarroako toki entitateek eskuratzen ahal dituzte ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzak.
4.2. Deialdi honen barruan sartzen dira kirol jarduerak merkataritza-sozietate baten bidez antolatzen dituzten toki entitateak, sozietate horren kapital osoa udalarena bada edo toki entitatearen beraren erakunde autonomoa bada. Bi kasuetan udalak ziurtagiri bat aurkeztuko du, non azalduko baita merkataritza-sozietate horren kapital osoa udalarena dela.
4.3. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
–Diruz lagundutako programa garatu bitartean harekin loturiko edozein lan egiten duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.
–Eskatzailea ezin izanen da egon zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik.
–Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.
–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.
5. Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarriak izanen dira, soilik, 60 urtetik gorakoentzako programaren izaerari zalantzarik gabe eta zuzenean erantzuten dioten eta programa garatzen den aldiari dagozkion gastu arrunt hauek.
–Kirol zuzendariaren eginkizunak betetzen dituzten langileen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak (eginkizun horiek Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen 6. artikuluan ezarrita daude). Beren lanaldiaren barrenean programan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.
–Monitoreen soldatak eta gastuak. Beren lanaldiaren barrenean programan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.
–Programa garatzeko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren laguntza teknikoko kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.
–Kirol jarduerak eta jarduera fisikoak zuzentzen dituzten langileei lehen sorospenetako prestakuntza emateko gastuak.
–Aseguru polizak.
–Programa garatzeko kirol material suntsikorra.
–Programa sare sozialetan, mugikorretako aplikazioetan, webean eta abarretan zabaldu eta haren berri ematea.
6. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.2. Dirulaguntzen eskabideak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
6.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
7. Toki entitateek aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.
Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:
1. Eskabide-orria (II. eranskina), 4.3 oinarriari dagozkion adierazpenak eta baimenak jasotzen dituena (ezinbestekoa da ziurtatzea entitateak egunean dituela Nafarroako Ogasunarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekiko betebeharrak, dela Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kontsulta egiteko baimena emanez, dela eskaerarekin batera ziurtagiriak aurkeztuz).
Gainera, programak hedatzean Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala erabiltzen dela justifikatzen duten dokumentuak edo estekak erantsi beharko dira.
2. 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko taldeen zerrenda (lll eranskina).
3. Aurrekontua (IV. eranskina. Aldi bakoitzeko fitxa).
Lehenbiziko aldian sartuko dira programa hasten denetik (iraila edo urria) 2025eko azaroaren 30era bitarte egotzitako gastuak, eta bigarren aldian, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitarte egotzitakoak.
8. 60 urtetik gorakoentzako programen ezaugarriak.
8.1. Dirulaguntza emateko, ezinbestekoa izanen da baldintza hauek betetzea:
A) Parte-hartzaile guztiak 60 urtetik gorakoak izanen dira.
Toki entitateren batek baldintza hori betetzen ez duen talderen bat aurkezten badu, NKJFIra txosten bat bidali behar du ikastaroa hasi baino lehen, arrazoiak azalduz.
B) Gutxieneko iraupena 8 hilabetekoa izanen da, eta irailean edo urrian hasi beharko da. Gutxieneko maiztasuna astean 2 saiokoa izanen da, salbu eta eguberrietako eta Aste Santuko oporretako asteetan edo aste barruan jaiegunak direnean.
Iraupena laburragoa bada, toki entitateak justifikazio txosten bat bidaliko dio NKJFIri, balorazioa egin dezan, eta, kasu horretan, dirulaguntza programaren iraupenaren araberakoa izanen da.
C) Talde batek ezin izanen du 60 urtetik gorakoentzako programetarako dirulaguntza jaso baldin eta osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetan sartua badago.
8.2. 60 urtetik gorakoentzako programako jarduerak zuzentzen dituzten langileen ezaugarriak. Titulazioak.
60 urtetik gorakoentzako programako jarduerak zuzentzen edo garatzen dituzten pertsonek Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte.
Egin beharreko lanaren araberako kualifikazioa izan beharko dute. Era berean, foru lege horretan eskatzen den lehen sorospenetako gutxieneko prestakuntza izan beharko dute, eta prestakuntza horren edukia ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, foru dekretu horren bidez arautu baitzen Nafarroan kirol lanbideetan jarduteko lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren egiaztapena.
Programa garatu bitartean harekin loturiko edozein zereginetan lan egiten duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.
9. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta balorazio prozedura.
60 urtetik gorakoentzako programa garatzen ez bada, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak ez du diruz lagunduko 5. oinarrian aipatzen diren gastuetako bat ere.
Programa hasi ondoan eteten bada, diruz lagundutako kopurua gauzatutako iraupenaren araberakoa izanen da.
9.1.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak aurrekontu-baliabideen arabera finantzatzen ahalko du programa bakoitza, baina emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da izan aurkeztutako defizita baino handiagoa, eta ezin izanen da gainditu gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100a.
9.1.2. Eskaera bakoitzari puntuazio bat emanen zaio, aurkeztutako talde kopuruaren arabera. Talde bakoitzari puntu bat egokituko zaio.
Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztien guztirako puntuazioen batura. Entitate bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, entitate bakoitzak lortutako puntu kopurua bider puntuaren balioa eginen da.
9.1.3. Puntu baten balioa kalkulatu eta diruz lagundutako entitate bakoitzari dagozkion zenbatekoak esleitu ondoren, kreditu erabilgarria agortzen ez bada, gainerako saldoa entitate onuradun guztien artean banatuko da, lortutako puntuen arabera, kreditu hori agortu arte.
9.1.4. Entitate batek justifikazioan aditzera ematen duen talde kopurua eskaeran adierazitakoa baino txikiagoa denean, berriro ere aplikatuko da aurkeztutako talde kopuruaren eta puntuaren balioaren araberako baremoa, eta ordaindu behar zaion kopurua murriztuko zaio.
9.1.5. Dirulaguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:
a) Ezin da izan gastu diruz lagungarrien zenbatekoa baino handiagoa (5. oinarria).
b) Ezin da izan dirulaguntzaren xedeko programaren guztirako kostua baino handiagoa, ez dirulaguntza hau bakarrik hartuta, ez beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuetatik jasotzen diren laguntzei edo dirulaguntzei gehituta. Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta, ikusten bada gehiegizko finantzaketa izan dela, diru-sarreren soberakina adina murriztuko da dirulaguntza.
c) Aurkeztutako defizita gainditzea.
10. Antolamendua eta instrukzioa.
Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da.
11. Ebazpenak.
11.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie toki entitate onuradunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.
11.2. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespenaren gainean ebatziko da.
11.3. Informaziorako soilik, laguntzak emateari buruzko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren iragarki-taulan argitaratuko dira.
11.4. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, interesdunek beren eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
11.5. Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.
11.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.
12. Justifikazio agiriak.
Frogagiriak bi alditan aurkeztuko dira, deialdiaren estekaren bidez edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez:
12.a) 1. aldia: 2025eko abenduaren 5era arte, programaren hasieratik (iraila-urria edo azaroa) 2025eko azaroaren 30era arte 60 urtetik gorakoentzat egindako jardueren kasuan:
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
1. Taldeak justifikatzeko memoria (V. eranskina).
2. Emaitzen kontua (VI. eranskina), dagozkion gastuen eta sarreren zerrenda zehazten duena.
Gastuei dagokienez:
–Eskatzen den atal bakoitzean, dirulaguntzaren xede izanik ordaindu diren gastu guztien fakturen eta egiaztagirien zerrenda xehatua aurkeztuko da, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.
–Fakturen data programaren hasieratik 2025eko azaroaren 30era bitartekoa izanen da (egun hori barne).
–Faktura guztien ordainketa data programaren hasieratik 2025eko abenduaren 5era bitartekoa izanen da (egun hori barne).
Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariaren edo alkatearen ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastuak/fakturak daudela eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duena.
Diru-sarrerei dagokienez:
–Adierazi beharko dira programarekin lotuta jaso diren edo jasoko diren dirulaguntzak, programaren hasieratik 2025eko azaroaren 30era bitarteko aldiari dagozkion proportzioan.
3. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VII. eranskina).
4. Hornitzaileak eta kontratazioak hautatzeko inprimakia (VIll. eranskina).
12.b) 2. aldia: 2026ko uztailaren 5era arte, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko ekainaren 30era arte 60 urtetik gorakoentzat egindako programen kasuan:
1. Taldeak justifikatzeko memoria (V. eranskina). Lehenengo justifikazio aldian aurkeztutako dokumentu bera osatu.
2. Emaitzen kontua (VI. eranskina), dagozkion gastuen eta sarreren zerrenda zehazten duena.
Gastuei dagokienez:
–Eskatzen den atal bakoitzean, dirulaguntzaren xede izanik ordaindu diren gastu guztien fakturen eta egiaztagirien zerrenda xehatua aurkeztuko da, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.
–1. aldiko fakturak sartzen ahalko dira, baldin eta 2025eko abenduaren 6tik 2026ko ekainaren 30era bitarte (egun hori barne) ordaindu badira.
Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariaren edo alkatearen ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastuak/fakturak daudela eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duena.
Diru-sarrerei dagokienez:
–Adierazi beharko dira programarekin lotuta jaso diren edo jasoko diren dirulaguntzak, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitarteko aldiari dagozkion proportzioan.
3. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VII. eranskina).
4. Hornitzaileak eta kontratazioak hautatzeko inprimakia (VllI. eranskina).
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
13. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.
13.1. Dirulaguntza bi zatitan ordainduko zaie entitate onuradunei, banku transferentzien bidez; horretarako, aldez aurretik, 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, betiere, ematen den dirulaguntza ez bada jardueraren defizita baina handiagoa.
13.2. Dagokion ordainketa-ebazpena onetsi ondoren, emandako dirulaguntza gehienez ere hiru hilabeteko epean ordainduko da.
14. Jarraipena eta kontrola.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.
15. Betebeharrak.
15.1. Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek dirulaguntzen xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.
15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.
15.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.
Era berean, toki entitate onuradunak, egiten dituen kontratazioetan, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa bete beharko du.
Alderdi horiek VIII. eranskinaren bidez justifikatuko dira. Eranskin hori frogagiriekin batera aurkeztuko da, 12. oinarrian jasota dagoen bezala.
15.4. Onuradunak behartuta daude egin beharreko jarduera guztietan betetzera osasun eta kirol agintaritza eskudunek ezarritako neurriak eta baldintzak, bai eta dirulaguntzen xedeko jarduerak garatu bitartean indarrean daudenak ere.
15.5. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
15.6. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.
15.7. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.
15.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
15.9. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari jarraikiz, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua. Horren justifikazioa eskabidean aurkeztuko da.
15.10. Dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko norbait gonbidatu beharko dute diruz lagundutako programan sartutako aurkezpen eta jardueretara.
15.11. Onuradunek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari bidaliko dizkiote programarekin lotutako esku-hartze publiko oro (prentsa-oharrak, aurkezpenak, etab.).
16. Azpikontratazioa.
16.1. Toki entitate onuradunek azpikontratatzen ahalko dute diruz lagundutako jardueraren kostuaren %100 bitarte.
16.2. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.
16.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean baino ez dute erantzun beharko. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun osoa.
Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.
16.4. Entitate onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat egitea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.
17. Ez-betetzeak.
17.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.
17.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
18. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
18.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).
18.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez.
Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektroniko bakarra. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, GHEBa lortzen den helbide berean.
19. Datu pertsonalen babesa.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Deialdi honen II. eranskinean informazioa eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.
20. Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki entitateek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
21. Aplikatzekoa den legedia.
Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: F2512880
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
