212. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Gizalegezko jokaerak sustatzeari eta espazio publikoak babesteari buruzko udal ordenantzako aldaketak. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2025eko apirilaren 29ko osoko bilkuran erabaki zuen "Tuterako gizalegezko jokaerak sustatzeari eta espazio publikoak babesteari buruzko udal ordenantzaren" aldaketak hasiera batez onestea eta jendaurrean jartzea, 30 egun baliodunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan iragarri ondoren.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2025eko 110. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 3an, egoitza elektronikoan, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egun naturalez egon da jendaurrean.

Legez ezarritako jendaurreko aldia iragan eta alegazioak ebatzi dira, Udalak 2025eko irailaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakiz; hala, ordenantza behin betiko onetsi da. Eta ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da.

Ordenantza fiskalaren behin betiko onespen honen aurka, hautara, errekurtso hauek jar daitezke:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2025eko urriaren 6an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

TUTERAKO GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENARI ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Tutera osatzen dute kale, eraikin, parke eta plazek, herritarrek goza ditzaten.

Hiria hobetu egiten da, elementu fisikoak modernizatuz eta areagotuz, gerora sortutako gizarte-beharrak asetzeko, eta gizalegezko jokaera-jarraibideak hobetuz, herritarrek bizikidetza hobetu ahal izan dezaten eta, azken batean, hiri hobea eraiki dezaten bertan bizi edo hura bisitatzen dutenentzat.

Gizabidearen aurkako jarrerek, nahiz eta gutxiengoa izan, ez dituzte soilik kaltetzen eta hondatzen guztion ondareko ondasunak eta espazioak. Aitzitik, bizikidetzaren aurkako erasoa dira, elkartasunik eza eta errespetu falta dira, herritar gehien-gehienentzat, hots, beren eskubideak eta betebeharrak gizalegez betetzen dituzten herritar gehien-gehienentzat.

Beste alde batetik, gizabidearen aurkako jokaera behartzen dute diru kopuru handiak erabiltzera, garbitzeko, mantentze-lanetarako eta konponketetarako, edo ondasunak berrezartzeko, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean.

Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko 57/2003 Legeak lege batera ekarri du Auzitegi Konstituzionalaren 132/2001 Epaiak ezarritako doktrina. Hala, 139. artikuluan, udalerriei ahalmena ematen die antolatzeko tokiko intereseko bizikidetza-harremanak, eta, orobat, antolatzeko nola erabili haien zerbitzuak, hornidurak, azpiegiturak, instalazioak eta eremu publikoak.

Beraz, lege aurreikuspen horrek ahalbidetzen du Udalak arlo hori zabalago arautzeko. Horiek horrela, bada, ordenantza hau izanen da aipatutako alderdiak jorratzen dituen araua.

Orobat, 57/2003 Legeak mugak ezarri dizkio udal araudiari. Hortaz, ahalmen hori "sektoreko araudi berariazkorik ez dagoenean" baizik ez da eraginkorra (139. art). Era berean, errespetatu beharko da lege mailako antolamendua, eta ordenantzak ezin du sartu lege formal batean ezarritakoan, ezta hura urratu ere. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahal ditu pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketak, hau da, Konstituzioan jasotako oinarrizko eskubideenak.

Gainera, legeak udalei toki intereseko bizikidetza harremanak arautzeko ahalmena ematearekin bidea irekitzen da arlo horri batera –hau da, ikuspegi orokorraz– heltzeko.

Ordenantza honen bidez bultzatu nahi dira balioak eta gizalegezko jokaerak, udal helburu gisa, eta prebentziorako baliabide gisa, herritarren bizikidetza hausten duten jarreren aurrean. Horretarako, hainbat neurri bildu dira, hezkuntza nahiz dibulgazio arlokoak edo bestelakoak, sustatu dadin edozein gizarte demokratikotan bizikidetzari oinarri ematen dioten balioak.

Bigarrenik, testu arauemaile honen beste helburu bat da babestea ondasun publikoak nahiz eremu publikoan ikusgarri diren esparruak, baldin, titulartasun pribatukoak izan arren, apaindura publikoan ondorioak badituzte. Lehen kasua da administrazio guztiek duten beharraren ondorio logikoa: hots, administrazio guztien betebeharra da babestea herritar guztiek erabiltzekoak diren ondasunak, haiek erabiltzeko aukera izan dezaten, kontuan izanik herritarrek zergen bidez ordaintzen dituztela. Espazio publiko guztien zainketa egokia lortu nahi da, bizilagun guztien eskubidea baita hiria behar bezalako apaindura eta osasungarritasun egoeran izatea. Era berean, arautu da gaitzestea gizalegerik gabeko jokaerak, herritarren arteko bizikidetza egokia bultzatzeko. Helburu horiek betetzeko, ezarri beharra dago arau-hausteen eta zehapenen araubidea. Gizalegezko kontzientzia sustatzeko lanarekin batera, Udalak kontzientzia hori bultzatzen duten balioak urratzen dituztenei zehapena ezarri behar die, zalantzarik gabe.

Hirugarrenik, ordenantzak bultzatzen du arau-hausleen erantzukizun eta errehabilitazio printzipioa: hala, diru zehapenaren ordez, arau-hausleek batzuetan egin beharko dituzte komunitatearen onurarako zereginak eta lanak, urratu baitituzte komunitatearen bizikidetzako printzipioak. Errehabilitazio neurria den aldetik, erabiltzen da bereziki behar denean gizalegezko balioez jabetzea, arau-haustea ekarri duen jokaera dela-eta. Alde horretatik, arau-hausleei ohartarazi nahi zaie bai egindako arau-hausteaz bai egindako kalteaz, gizalegezko balioak sendotzeko baliabide izan dadin. Bestalde, neurri hori zuzenean lotuta dago prebentzio lanarekin.

Xedapenaren testuak bost titulu ditu. Lehenbizikoak ordenantzaren xedeari heltzen dio, eta haren aplikazio eremua mugatzen du. II. tituluak, bestalde, ezartzen du zer esparru orokorretan sartu behar diren gizalegea sustatzeko Udalak egin beharreko jarduketak. III. tituluak gizalegezko jokaeren gaineko arau multzoa biltzen du, eta haien izaeraren arabera bortz kapitulutan elkartzen: xedapen orokorrak, kalteak ondasunei, publizitatea, herritarraren jarduketak, betebehar bereziak eta apaindura publikoa. Ordenantzaren IV. titulua zehapen araubideari buruzkoa da, arau-hausteak sailkatuta eta bidezko zehapenak ezarrita. V. tituluan, azkenik, arau-hausleen errehabilitazioa jorratzen da. Artikulu horiei xedapen indargabetzaile bat erantsi zaie: indargabetzen ditu gaur egun arlo batzuk arautzen dituzten arauak; ordenantza honek arautzen ditu arlo horiek orain, gizalegezko kontzientzia sustatzeko irizpide orokorraren azpian.

Arau hau antolamendu juridikoan txertatzea zuzenean loturik dago bere xedearekin: hau da, gizarteko bizikidetza-harremanak egoki antolatzearekin.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

–Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, prebenituz herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak.

Ordenantza honetan araututako gizalegezko jokaerek ahalbidetu behar dute herritar bakoitzaren askatasuna, besteekiko errespetuaren funtsezko mugarekin. Gizalegearen aurkako jokaerek, gutxiengoa izan arren, kaltetzen dituzte guztion ondare diren ondasun eta espazio publikoak. Bizikidetzaren aurkako erasoa dira, eta errespetu falta dira herritar gehien-gehienentzat, hots, errespetuzko jokaera zuten herritar gehien-gehienentzat, errespetuzko jokaera baitzuten baita ordenantza honekin onesten diren arauen indarraldiaren aurretik ere.

–Ondasun eta espazio publikoak, eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak dagozkie udal titulartasuna duten zerbitzuko edo erabilera publikoko ondasunei, hala nola kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, aparkalekuak, iturriak, urmaelak eta ontziralekuak, udal eraikinak: museoak eta kultur zentroak, ikastetxeak, haien patioak eta kirol-pistak, hilerriak, igerilekuak, kirolguneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, farolak, markesinak, oztopo-zutoinak, apaingarriak, semaforo-instalazioak: zutabeak eta bakuluak, erregistro-armairuak, bide-seinaleak eta horien zutoinak, eremu urdineko tiketak saltzeko makinak, zuhaitzak, landareak edo loreak eta horiek dituzten elementuak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, kioskoak eta udal ibilgailuak, eta izaera bereko edo antzeko gainerako ondasunak.

Bere baitan hartzen ditu apaingarri publikoak babesteko neurriak, eta, hala, babesten ditu beste administrazio publiko eta erakunde publiko edo pribatuen titulartasuneko ondasun eta instalazioak, baldin badira Tuterako hiri-altzarien parte, eta jendearentzat baldin badira, edo baldin badira zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, farolak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak (iraunkorrak nahiz aldi baterakoak), trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, olanak, landareontziak, objektuak saltzen dituzten makinak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

–Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.

Espazio publiko guztien zainketa egokia lortu nahian, auzotar guztien eskubidea baita hiri bat behar bezalako apaindura- eta osasungarritasun-baldintzetan gozatzea, ezarri behar da arau-hausteen eta zehapenen araubidea. Hori dena, betiere gogoan harturik Udalaren betebeharra dela zehatzea gizalegezko balioei eraso egiten dietenak, eta, aldi berean, Udalaren betebeharra dela balio horiek sustatzea eta bultzatzea biztanleen artean.

Ordenantzak babesten du ondasunen erabilera egokia, eta eragozten du haiek kaltetzea, horretarako baliatuz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak emandako gaikuntza (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko testu bategina).

–Bizikidetza arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea. Ordenantzak sustatu nahi du arau-hausleen erantzukizun- eta errehabilitazio-printzipioa, halako moduz non, inguruabar berezietan, eginen dituzten komunitatearentzako lanak, diruzko zehapenaren ordez, baldin eta, hain zuzen ere, urratu badituzte komunitatearen elkarbizitza-printzipioak.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubideak, ahalmenak eta betebeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek arautzen ditu gizalegezko balioekin zerikusia duten herritarren jarduketak eta ez-egiteak; ez die eragiten, beraz, zerbitzu publikoen jarduerei, baldin egiten badira egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko.

3. Ordenantza hau Tuterako udal mugarte osoan aplikatuko da.

II. TITULUA.–GIZALEGEA SUSTATZEA

3. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Tuterako Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak gizarte demokratiko bateko herritarren artean. Gizarte horren ezaugarri nagusia da eskubide pertsonalak izatea; eskubide horien errespetuak berekin dakar eginbeharrak edukitzea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.

Era berean eta berariaz, Tuterako Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabiltzeaz eta hiri ingurunea zaintzeaz den bezainbatean.

4. artikulua. Hezkuntza jarduerak.

Udalak gizalegezko balio eta jokaeren transmisioa eta sendotzea bultzatuko du, hezkuntza eta prestakuntza arloan bere eskumenekoak diren jardueren bitartez.

5. artikulua. Hitzarmenak.

Udalak hitzarmenak egiten ahalko ditu beste administrazio edo erakunde publikoekin, eta/edo entitate pribatuekin, baldin bultzatzen badute gizalegezko kontzientziazioa eta prestakuntza, heziketa eta jarduerak aurreikusitako xedeei egokitzea.

Hitzarmen horien bidez, sustatuko dira herritarren ekimenak, bultzatu ditzaten arlo hauetako gizalegezko jarduerak, espazio publikoetan: kultura, kirola, osasuna, ingurumena, ekologia eta aisialdia.

Halaber, sustatuko da eremu publikoak apaintzea eta hiri ingurumena hobetzea (paperontziak, loreontziak).

6. artikulua. Jakinarazpen publikoa.

Udalak gizalegezko balioak eta jokaerak zabalduko ditu, horretarako erabiliz herritar guztiei edo biztanle talde zehatz batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainak.

III. TITULUA.–HERRITARREN JOKAERA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

7. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

1. Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu behar dute, eta ondasunak eta zerbitzu publikoak erabili berezkoa duten helburuaren arabera, betiere begiratuta gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei errespetua galtzen dieten jokaerak, ordenantza honen arabera.

2. Herritarrek eskubidea dute hiriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, eta eskubide horren mugak izanen dira, batetik, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenak eta, bestetik, gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharra.

3. Gauez ezin da zaratarik egin, baldin gainditzen baditu legez ezarritako soinu-mugak (22:00etatik 08:00etara astelehenetik ostiralera bitartean, eta 22:00etatik 09:30era larunbat, igande eta jaiegunetan). Orobat, ez da zilegi gaueko iskanbiletan parte hartzea, edo gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka ateratzea.

II. KAPITULUA.–ONDASUNAK HONDATZEA

8. artikulua. Hondatzea eta galerak.

Ez da jarduketarik egiten ahalko ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien erabileraren edo xedearen kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da egitea pintadak, idazkiak, inskripzioak, grafismoak eta pintura orbanak edo zipriztinak, ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan.

2. Aurreko apartatuan jasotako debekutik kanpo geratuko da horma-irudi artistikoak egitea, Udalaren baimena izanda, orubeetako hesietan, obretako itxituretan, mehelinetan edo antzekoetan eta/edo horretarako prestatutako lekuetan.

Udalak aukerakoa du baimena ematea; hura ematen duenean, erantsiko da zer baldintza eta beharkizun bete behar diren.

3. Agintaritzako agenteek ahalmena izanen dute kautelaz kentzeko edo atzemateko erabilitako materialak edo tresnak, baldin jarduerak egiten badira Udalaren nahitaezko baimenik gabe.

4. Eraikin publiko batean edo hiri-altzarien elementu batean pintadak egin badira, edo paperak edo eranskailuak jarri badira, edo kristalak marratu edo hautsi badira, bertan kartelak itsatsi badira (itsaskinarekin edo ez, baina itsasteko zintarekin jarri zen gainazala hondatzen bada), edo gertatzen bada haren egoera kaltetzen duen beste edozein ekintza, Udalak egozten ahal dio enpresa iragarleari, edo erakunde edo pertsona arduradunari behar den kostua, kasuan kasuko kalte-ordainetarako eta garbiketa-, birjartze-, egokitze- edo lehengoratze-fakturetarako, alde batera utzita dagokion zehapena.

10. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak babesteko, debeku dira honako hauek:

a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.

b) Zuhaitzetara igotzea edo eskalatzea, edozein dela ere haien lodiera.

c) Haietan edozein elementu itsastea edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

d) Inguruan zaborrak eta obra-hondakinak botatzea.

e) Bizikletak edo bestelako ibilgailuak haietara lotzea.

11. artikulua. Kaleak, plazak, parkeak eta lorategiak.

1. Herritarren betebeharra da hiriko kaleak, parkeak eta lorategiak errespetatzea.

2. Ongi zaindu eta mantendu daitezen landare-espezieak eta zuhaitzak, kaleetan, plazetan, parkeetan, lorategietan, lore-asketan eta bide edo espazio publikoetan, debeku dira honako ekintza hauek:

a) Loreak edo landareak ebastea, errotik ateratzea edo hondatzea eta, oro har, behar ez bezala erabiltzea parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak.

b) Soropila hondatzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

c) Zuhaitzak moztea, inaustea edo haustea.

d) Zuhaitz-azaletan grabatzea edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei lotzea eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar, eta kartelak paratzea.

e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean isurtzea edozein motatako produktu toxikoak.

f) Berdeguneetan botatzea zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo beste edozein produktu, baldin haiei kalte egiten ahal badiete edo eraso egiten ahal badiete haien estetikari eta gustu onari.

g) Gorotzak uztea soropilean eta lorategietan.

h) Sua egitea parke eta lorategietan.

3. Debeku da kasurik ez egitea dauden seinaleen ohartarazpenei, edo ez obeditzea eremu batzuetara sartzeko murriztapenei, aldi baterakoei nahiz behin betikoei. Debeku da parkeetako haur-jolasak erabiltzea, baldin gehieneko adina gainditzen bada (karteletan ezarriko da gehieneko adina).

12. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1. Debeku da erabiltzea bide edo espazio publikoetako paperontziak edo edukiontziak, halako moduz non kalteak eragiten diren, edo haien estetika desitxuratzen den edo erabilera oztopatzen den. Bereziki debeku da haiek mugitzea, erauztea, erretzea, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

Bereziki debekatuta dago hartzea birziklatzeko utzitako kartoiak edo paperak (behar bezala tolestuta eta pilatuta daudenak), edukiontzietatik edo haien ondotik.

2. Paperontzietara bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, eta, birziklagarriak izanez gero, erabiliko dira bilketa sailkaturako bide publikoan paraturik dauden edukiontziak.

3. Debekatuta dago paperontzietan uztea etxeko zaborra, edo hondakin txikiak ez diren hondakinak, materialak, tresnak edo objektu arriskutsuak.

13. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da manipulatzea, baimenik gabe, urmaeletako, iturrietako edo horien hodi eta osagarrien instalazioak. Bereziki, debeku da barnean sartzea edo bertan gauzak garbitzea, arrantzan egitea, animaliei edaten ematea eta haietara botatzea substantziak edo gauzak.

III. KAPITULUA.–KARTELAK, PANKARTAK ETA ANTZEKOAK

14. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarri eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea soilik jar daiteke horretarako bereziki prestatutako lekuetan. Hortaz, Udalak horretarako euskarriak jarriko ditu, behar adinako toki eta kopurutan. Establezimenduen titularrek ez dute bide publikoan ezartzen ahalko publizitatea duen inolako instalaziorik, ez finkorik ez mugigarririk, baimena izan ezean.

2. Hala, Udalaren baimenik izan ezean, debekatuta dago edozein iragarki mota jartzea eraikin publiko edo pribatuetako fatxadetan, arkupeetan, markesinetan, hiri-altzarietan, barandetan, faroletan, paperontzietan, edukiontzietan, zuhaitzetan, hormetan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta, oro har, bereziki prestatutako lekuetatik kanpo. Era berean, debeku da aipatu lekuetan paratzea, udal baimenik gabe, eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderola oro.

15. artikulua. Kartelak, pankartak eta banderolak.

1. Udalak espresuki baimentzen ahalko du kartelak eta banderolak paratzea eremu publikoan, honako kasu hauetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol ekitaldi garrantzitsuak egiten direnean.

b) Laguntzen dutenean nabarmentzen hirirako interesgarriak diren kontzertuak, ekitaldiak edo erakusketak.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendutako lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, baimentzen ahalko da bide publikoan kartelak eta banderolak paratzea, espresuki adierazitakoen artean sartzen ez diren zenbait kasutan.

2. Artikulu honek aipatzen duen baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

a) Kartelen edo banderolen edukia eta neurriak.

b) Kokatu nahi diren toki zehatzen zerrenda.

c) Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

d) Haiek kentzeko eta eragindako kalteak konpontzeko konpromisoa, halakorik eragiten bada.

e) Banderolak kale-argiei edo bestelako hiri-altzariei lotzeko modua islatzen duen krokisa, ziurtatuz euskarriak ez duela kalterik eraginen pinturan edo galbanizatuan.

f) Harremanetarako pertsona eta mugikorraren zenbakia, errekerimendua egiteko, sor daitekeen edozein gorabeherarengatik.

3. Kartelak edo banderolak faroletan edo argi-puntuetan jartzeko, horren berri eman behar da gutxienez 24 ordu lehenago, instalazioa behar bezala berrikus eta kontrola dezaten udaleko zerbitzu teknikoek edo argien mantentze-lanetako enpresak.

4. Baimendutako zehaztapenak bete beharko dituzte kartelek eta banderolek.

5. Kartelek eta banderolek baimenaren baldintzak bete beharko dituzte, eta epea bukatu bezain laster kenduko ditu baimenaren eskatzaileak.

6. Agintaritzako agenteek pertsonalki ohartaraziko diote arau-hausleari, materiala ken dezan, eta konpon ditzan material hori jartzearen ondoriozko kalteak, alde batera utzi gabe arau-haustearen ondorioz ezartzen ahal diren zehapenak.

7. Ohartarazpenean esandakoa betetzen ez bada, Udalak kenarazi ditzake propagandako edo publizitateko elementuak, subsidiarioki eta kostua egotziz pertsona edo enpresa behartuari, galarazi gabe arau-haustearen ondorioz zehapenak ezartzea.

16. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da bide edo espazio publikoetan barreiatzea eta botatzea mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak.

Udal zerbitzuek garbituko dute eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa, eta erantzuleei egotziko zaie aparteko zerbitzuen kostua, deusetan ukatu gabe dagozkien zehapenak.

2. Etxeetan publizitatea banatuko da halako moduz non ez den zikinkeriarik sortuko bide eta espazio publikoetan. Publizitatea utzi beharko da postontzi partikularren barnean eta/edo auzokideek edo eraikinaren jabeen erkidegoak horretarako ezarritako guneetan.

3. Udalaren baimena beharko da, aldez aurretik, mahaiak jartzeko, propaganda banatzeko, informazioa emateko edo sinadurak biltzeko.

IV. KAPITULUA.–HERRITARREN JOKAERA

1. ATALA.–ONDASUN EDO ZERBITZUEN ERABILERA ARRUNTAREN KONTRAKO JARDUERAK

17. artikulua. Bide edo eremu publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

1. Araudiak oinarri hartzen ditu pertsonen zirkulazio askatasuna, oinezkoen babesa eta eremu publikoak beren izaera eta xedearen arabera erabiltzeko eskubidea.

2. Eremu publikoak erabiltzeko eskubideak bete behar du gainerako pertsonak errespetatzeko printzipio orokorra, eta, bereziki, haien segurtasuna eta lasaitasuna errespetatzekoa; gainera, ez da arriskurik sortu behar ondasun, zerbitzu edo instalazio publiko nahiz pribatuetan.

3. Debeku da edozein eratako jardueratan edo jostaketatan aritzea, baldin eta, kontuan hartuta kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak, kalte egiten bazaie pertsonei edo ondasun publiko nahiz pribatuei, edo herritarrei eragiten bazaizkie eragozpen nabariak, edo arriskuan jartzen badute pertsonen osotasun fisikoa, eta gainerakoen eskubideak urratzen badituzte jendea dabilen eremu publikoetan.

Debeku hori ez da aplikatuko aitzinetik baimena lortu denean, edo aipatutako jarduerak egiteko berariaz prestatutako lekuetan, edo horrexetarako diren lekuetan, ezarritako baldintzetan.

4. Eremu publikoetan, pistetan eta udal instalazioetan edo haurren jostetarako eremuetan (hots, eragozpenak sortzen dituzten jarduerak edo herritarren atsedena urratzen duten jarduerak egiten ahal diren tokietan), jarduera horiek debekatuta egonen dira 22:00etatik 08:00ak arte, baimen edo adierazpen espresurik izan ezean.

18. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.

Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren jokaera oro eta, bereziki, maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobilizatzea.

2. ATALA.–JARDUERA BERARIAZKOAK

19. artikulua. Sua eta jaiak.

1. Ezin da sua piztu edo mantendu bide publikoetan (barbakoak edo parrillak), esparru pribatuetan (barneko patioak - etxebizitzetako lorategiak), baldin eta horiek eragozpenak sortzen badizkiete hirugarrenei. Debekatuta dago, halaber, metxak piztuta eramatea eta pirotekniako edozein artikulu botatzea edo erabiltzea bide publikoan edo erabilera publikoko guneetan: petardoak, suziriak, trakak, bengalak edo antzeko beste batzuk.

2. Jaiegunetan edo ekitaldi zehatzetan, Udalak baimen orokor bat ematen ahalko du. Baimen horretan zehaztuko da zer baldintza bete behar dituzten suek, barbakoek edo parrillek edo baimentzen diren jarduketek, betiere kontuan hartuta unean uneko tradizioa edo inguruabarrak. Baimen horretan, honako hauek arautuko dira: zer baldintzatan egin behar diren, orientazioa, ordutegiak, eragozpenik ez sortzeko kokapena, egunak eta abar. Baldintza horiek orokorrak edo berariazkoak izanen dira eskatzaile bakoitzarentzat.

Debekatutzat eta baimenik gabekotzat joko da mota horretako edozein jarduera, baldin egiten bada baimenik gabe edo, hala badagokio, eskakizun orokorrak bete gabe.

20. artikulua. Zarata.

1. Herritar guztiak behartuta daude bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatzera, baita bizikidetza arrunta oztopatzen duten zaratak ez egitera ere, Aisialdiko jarduerek, motorrek, ziklomotorrek eta antzekoek eragindako zarata eta bibrazioen aurkako Hiri Ingurumena Babesteko Udal Ordenantzan ezarritako baldintzen arabera, eta gizalegezko jokaerak sustatzeko ordenantza honek arautzen dituen honako berezitasun hauekin bat etorriz:

a) Debekatuta dago erabiltzea petardoak, suziriak edo bengalak eta edozein gai pirotekniko, Udalaren baimenik gabe, baldin zarata sortzen badute edo suteak eragiten ahal badituzte.

b) Debekatuta dago saihestu daitekeen edozein zarata egitea etxebizitzetan, aisialdiko lokaletan edo etxabeetan, baldin eta urratzen badu auzokoen atsedena, edo hura larriki oztopatzen badu, eta gainditzen baditu legez ezarritako mugak.

c) Motorrek, ihes-hodiek, pneumatikoek eta klaxonek modu desegokian sortutako zaratak, edo zakar edo irregularki gidatzearen ondoriozkoak, baita ibilgailuetan musika ekipoak bolumen handiz erabiltzea ere, edo eremu publikoan beste zarata batzuk egitea, baldin larriki urratzen ahal badute gainerako pertsonen lasaitasuna edo bizilagunen atsedena.

d) Bozgorailuak erabiltzea edo jartzea eremu publikoan edo eremu publikoari begira, baimenik lortu ezean.

e) Patioetan, terrazetan, etxabeetan, merkataritzako loketan, garajeetan, balkoietan edo beste eremu ireki edo itxi batzuetan animaliak uztea, baldin eta beraien soinu, garrasi edo kantuek bizilagunen atsedena larriki urratzen badute.

f) Oro har, ez dira baimenduko, batez ere gauez, bizilagunei traba egiten dieten jarduerak: kantatzea, instrumentuak jotzea, espazio publikoetan musika-ekipoekin egotea musika emititzen... Ulertuko da eragozpenak sortzen dituztela baldin agintaritzako agenteek entzuteko modukoak badira.

Era berean, ez da onartuko gaueko jokorik edo jostaketarik, baldin auzokoei eragiten badie zaratarik edo eragozpenik, hala nola pilota edo futbol jokoak, berekin ekartzen badute fatxadak edo hiri-altzariak kolpatzea eta/edo jokoaren ondorioz oihuak eta garrasiak egitea.

g) Gizalegearen aurkako ekintzak maiz eta behin eta berriz gertatzen diren eremuetan, udalak akustikoki saturatutako eremu deklaratzen ahalko ditu eremu horiek, zarataren eta bibrazioen aurka hiriko ingurumena babesteko udal ordenantzaren 20. artikuluan ezarritako baldintza eta prozeduraren arabera.

21. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek ez dute eginen kea, usaina edo hautsa sortzen duen jarduerarik baimendu gabeko besteko eremu publiko zein pribatuetan, baldin haietatik espazio publikoei eragiten bazaie, halako jarduerek lasaitasuna galarazten badute edo osasungarritasuna edo apaintasun publikoaren kontrakoak badira, indarra duen legedian ezarritako mugak edozein direla ere.

Aurreko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauzatu daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea, etab. Betiere, lan horiek egin behar dira kalerantz ahalik eta gehien aireztatuz, eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez iristeko, hala nola eskailera, eskailera-buru eta patio txikietara.

2. Ibilgailuak ez dira egoten ahalko bost minutu baino gehiago aparkatuta eta motorrak piztuta, baldin eta bizitegietatik 10 metro baino gutxiagora badaude.

3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinen fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira gutxienez, eta haien keak bideratu beharko dira 2,5 metroko altueratik gora, baldin jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimena izan ezean.

22. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak, zikintzen ahal badituzte erabilera publikoko bide eta espazioak, barnean direla orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak, parkeak, kaleak, plazak eta ibaien ibilguak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatutako bide edo espazioetan automobilak garbitzea, konpontzea edo olioztatzea (ezinbesteko kasua izan ezean); botatzea zigarro-muturrak, bilgarriak, txikle erabiliak eta bildu gabeak eta hondakin solidoak edo likidoak; hautsontziak eta ontziak hustea; botilak haustea; zaborrak uztea edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan; eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzi egokietan botatzera.

Hondakin solido txikiak, hala nola zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietan bota behar dira, birziklagarriak izan ezean; kasu horretan, eremu publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak erabiliko dira. Espresuki debekatuta dago paperontzietan uztea etxeko zaborra.

Debekatuta dago zaborrontzietan edo edukiontzietan tresna edo objektu arriskutsuak uztea, bai eta zigarrokinak edo piztutako beste edozein objektu ere (hala nola errauts beroak edo berpiztu daitezkeenak, edo txingarrak, likido beroak...). Hala, tresna edo gauzaki arriskutsutzat jotzen dira jendeari kalte egiten ahal dieten guztiak, hala nola xiringak eta gai sorgorkariak hartzeko lanabesak, eritasunak kutsatzen eta zabaltzen ahal dituzten osasun-materialak, baita edozein droga toxiko, estupefaziente eta produktu kimiko, pirotekniko edo gisakorik ere.

Paperontzietara ezin bota diren hiri hondakinak sartu beharko dira horretarako jarritako edukiontzietan, jarraikiz Erriberako Hondakinen Mankomunitateko ordenantzan ezarritakoari.

Tamaina handiko hondakin solidoak ezabatzeko, aldez aurretik abisatu egin beharko da, eta berretsi beharko da hondakin horiek uzteko tokia eta ordua, gero Mankomunitateko zerbitzuek horiek kentzeko, edo zuzenean Tuterako edo Culebreteko puntu finkora eramateko.

Debekatuta dago tamaina handiko hondakin solidoak botatzea Mankomunitatearekin deskribatutako izapideak bete gabe, eta uztea ere garbiguneen inguruan, landa-bideetan edo herri-lurretan edo eremu pribatuetan. Hondakinak utzi beharko dira Mankomunitateak ezarritako ordutegian.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea, eta era berean, debeku da hondakinak edukiontzien inguruan uztea.

5. Debekatuta dago arropa eta oinetakoak ateratzea Mankomunitateak ongintzako erakundeekin batera arropa eta oinetakoak biltzeko prestatutako edukiontzietatik. Era berean, debekatuta dago hartzea Mankomunitateko edukiontzietan utzitako paperak, kartoiak, plastikoa eta gai organikoak. Edukiontzietan utzi ondoren, Mankomunitatearen jabetzakoak dira, birziklatzeko.

6. Debekatuta dago landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura edozein modutan kaltetu daitezkeen edo bide publikoan edo haren erabiltzaileetan kalteak edo eragozpenak eragin ditzaketen objektuetara edo etxebizitzen elementuetara isuri badaiteke.

7. Debekatuta dago espazio publikora astintzea erratzak, eskoboiak, alfonbrak, arropak edo edozein motatako oihalak, balkoietatik, leihoetatik edo terrazetatik. Betiere, eragiketa horiek eginen dira kalterik edo eragozpenik egin gabe bide publikoari edo erabiltzaileei.

8. Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon. Debekatuta dago etxebizitzetatik bide publikora hondakinak edo objektuak botatzea.

23. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da bide publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan kaka, pixa edo tu egitea.

24. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.

2. Bide publikotik edozein espezietako animaliak daramatzaten pertsonek poltsak eraman beharko dituzte gorozki solidoetarako, bai eta gernua diluitzeko behar adina ur duen ontzi bat ere.

3. Araudi honen ondorioetarako, honako hauek izanen dira aplikagarriak:

a) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliei dagokienez, 50/1999 Legea, abenduaren 23koa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.

b) Lagun egiteko gainerako animalien kasuan, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea aldatzea.

c) Bestelako kasuetan, 7/2023 Legea, martxoaren 28koa, animalien eskubideak eta ongizatea babestekoa.

4. 42.7 eta 43.39 artikuluetan tipifikatutako jokaerak ordenantza honen arabera zehatuko dira.

25. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.

1. Ez da kanpatzen edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik paratzen ahalko 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritzaren agenteek kanpin-denden, ibilgailuen edo bestelakoen erabiltzaile eta jabeei eskatuko diete bertan behera uzteko kanpatzea, baldin bide publikoa bidegabeki okupatzen badute, horrek ezertan galarazi gabe dagokien salaketa jartzea. Ezezkoa emanez gero, edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzako agenteek behar diren baliabideak erabiltzen ahal dituzte haiek berehala kentzeko. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.

2. Ez da bide publikoan janaririk prestatzen ahalko, berariazko baimenik izan ezean. Baimenak berekin ekarriko du betetzea dagokion zerbitzuak proposatutako higiene eta elikadura neurriak.

3. Ezin da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta bideetan –salbu eta administrazioak horretarako prestatzen dituen lekuetan, halakorik prestatuz gero–, horrek trabatzen duenean herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak bakean gauzatzea. Betiere, oro har, inork ezin du bide edo eremu publikoetan duen jokaerarekin gainerakoen eskubidea gutxietsi, ezta haien jarduteko askatasuna ere, ezta oro har onartuta dauden bizikidetzako sineste eta arauak laidoztatu ere; ez da zilegi genitalak erakustea, ezta ordenantza honetan edo beste araudi aplikagarri batean debekatuta dauden jokaera edo jarduketak ere.

3. ATALA.–BETEBEHAR BEREZIAK

26. artikulua. Kirol eta kultura eremuak.

Debekatuta dago gizalegearen aurkako jarrerak izatea udaleko kirol eta kultur eremuetan, eta, bereziki, protagonista adingabeak diren ekitaldietan.

Berariaz debekatuta daude irainak, mehatxuak, erasoak edo ohiko bizikidetzaren aurkako beste edozein eraso, bai ikusleen artean, bai ekitaldiaren parte-hartzaileen artean.

Era berean, berariaz debekatuta dago Udalaren eskola edo kirol instalazioetara sartzea irekiera ordutegitik kanpo.

27. artikulua. Merkataritza jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz zikinkeria sortzen duenean inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak, edariak eta elikagaiak saltzeko establezimenduak eta gisakoak), establezimenduaren titularrak garbi utzi beharko du bide publikoan ukitutako zatia. Horrek ez du galarazten neurri zuzentzaileak hartu beharra, edo bete beharra nahitaezko lizentziei aplikatzen zaizkien araubideak ekarritako gainerako betebeharrak.

2. Terrazak, beladoreak eta bide publikoko beste instalazio batzuk dituzten kioskoen eta establezimenduen titularrek garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, bai eta instalazioak berak ere.

Kioskoen, bazarren eta salmenta automatikoko ("vending") establezimenduen titularrek, gainera, paperontzi bat jarri eta eduki beharko dute hurbil, beren kargura. Paperontzi horrek behar den edukiera izan beharko du, hots, jardueraren ezaugarriekin bat datorrena, eta behar bestetan hustu beharko da.

Espazio eta ingurune horiek etengabe garbitu beharko dira eta, betiere, establezimendua ixten denean.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiengatik, debekatuta dago tresnak edo produktuak biltegiratzea edo pilatzea espazio publiko nahiz pribatuetan.

Udalak edozein elementu edo altzari ken dezake, baldin bide publikoan jarri bada baimenik gabe, edo okupatzen badu baimendutakoa baino leku handiagoa. Halakoetan, instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, deusetan ukatu gabe dagokion zehapena.

28. artikulua. Kalez kaleko salmenta.

1. Eremu publikoan debekatuta dago kalez kale saltzea edozein janari edo edari eta beste produktu batzuk, berariazko baimenik izan ezean. Betiere, lizentzia edo baimena behar bezala ikusteko moduan eduki beharko da.

Era berean, debeku da eremu publikoan baimenik gabeko saltzaile ibiltariei laguntzea, esaterako haiei salgaiak emanez edo agintaritzako agenteak ote dauden zainduz eta ohartaraziz.

2. Debeku da erostea edo eskuratzea eremu publikoan baimendu gabeko salmenta ibiltaritik datozen elikagaiak, edariak eta bestelako produktuak.

3. Kultura, jai, jolas edo kirol izaerako edo beste edozein eratako ekitaldi publikoen antolatzaileek zainduko dute ekitaldi horiek egiten diren bitartean ez dadin gertatu aurreko apartatuetan deskribatutako jokaerarik. Ekitaldi horietako edozein dela-eta jokaera horiek gauzatzen badira, antolatzaileek berehala jakinaraziko diete agintaritzako agenteei.

4. Agintaritzako agenteek kautelaz kenduko eta atzemanen ditu debekuen xede diren salgaiak edo elementuak eta erabilitako materialak. Elikagaiak badira, edo ondasun suntsikorrak, suntsitu eginen dira, edo egoki den erabilera emanen zaie.

29. artikulua. Lurrak, obra-hondakinak edo bestelako materialak garraiatzea.

1. Ibilgailuen jabeek eta gidariek, baldin garraiatzen badituzte lurrak, ikatza, obra-hondakinak, erregaia, hormigoia, hautsak, kartoiak, paperak edo beste material batzuk zeinak, isuriz gero, eremu publikoa zikinduko duten (eta, beraz, hirugarrenei kalteak eragiten ahal dizkieten), hertsiki bete beharko dute Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra, eta karga ez erortzeko moduan egokituko dute, horretarako behar diren neurriak hartuz.

2. Ibilgailuaren jabea eta gidaria izanen dira arduradunak baldin betetzen ez bada aurreko apartatuan xedatutakoa, eta beharturik egonen dira garbitzera isuritako materiala eta ukitutako bide publikoa, deusetan ukatu gabe egoki diren zehapenak.

3. Erregai fosileko berogailua duten bizilagun-erkidegoek ongi mantendu beharko dute erregaiaren biltontzia kamioiaren mahukarekin lotzen duen ahoa, erregaia isur ez dadin.

4. Baldin bide segurtasunean arriskuak sortzeko aukera badago, istripua edo iraulketa gertatuz gero, edo karga bide publikora isuriz edo eroriz gero, gidariek ahalik eta lasterren jakinarazi beharko diote Udaltzaingoari, eta azken horrek Udaleko garbiketa-zerbitzuari jakinaraziko dio.

5. Lurrak eta obra-hondakinak bildu, garraiatu eta isurtzeari dagokionez, Hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzan xedatutakoa beteko da.

30. artikulua. Obrak bide publikoan.

1. Obra batek (esaterako, eraikuntzak egitea, zaharberritzea, berritzea edo eraistea) eremu publikoa ukitzen duenean (arrazoia edozein dela ere), finkaren jabeak eta, subsidiarioki, obrak egiten dituenak, kontrolatu beharko du ez dela zikinkeriarik sortzen, segurtasun eta prebentzio elementuak paratuz, materialik zabaldu eta isuri ez dadin lanek ukitutako eremutik kanpo (adibidez, eraispen-gaiak, lurrak eta obretatik soberan gelditzen diren beste material batzuk). Orobat, kontrolatu beharko du estolderiako hustubideak ez daitezen buxatu.

2. Beharrezkoa izanez gero, obran erabiltzen diren garraiorako ibilgailuek eremu publikoa zikintzen badute, ibilgailu horien gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko dute.

3. Bereziki, garbi eduki beharko dira beti eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta abarren lanen inguruak, inolako hondakinik ez dagoela galtzadan eta, batez ere, espaloian, arriskurik ez sortzeko eremu publikoko erabiltzaileei.

4. Obrak eremu publikoan egiten direnean, hartu beharko dira lehenbiziko puntuan aipatutako segurtasun neurriak (adibidez, seinaleak, hesiak, babeserako elementuak, zamalanetarako tutuak eta eraispenak), hura ez zikintzeko eta pertsona edo gauzei kalterik ez egiteko.

5. Hiri-hondakin Solidoen Bilketa, Garraio eta Tratamendurako Zerbitzua arautzen duen ordenantzan lurrak eta obra-hondakinak garraiatzeari eta isurtzeari buruz ezartzen diren aginduak beteko dituzte eraikuntza lanetarako ibilgailuek.

6. Eraikinak eraisteko eta hondakinak ateratzeko lanetan, erabili beharko da behar adinako presioa duen ura, lan horiek sortzen duten hautsari eusteko.

31. artikulua. Ibilgailuen garbiketa.

1. Hamabosgarren artikuluan zehazten diren lanetarako erabiltzen diren ibilgailuek, eta hondeaketa lanetan, eraikuntzak egitekoetan eta antzekoetan erabiltzen diren ibilgailuek, gurpilak garbitu beharko dituzte, obretatik edo lan eremutik ateratzerakoan, lokatzik eror ez dadin bide publikoan.

2. Neurri hori, halaber, eraikuntzak eraisteko obretan hartuko da, hautsa sortzea saihesteko behar diren neurriekin batera.

32. artikulua. Diru-bilketak.

Ez da eskean ibiltzen ahalko, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu, edo eragozten badu beste pertsona batzuek beren eskubide legitimoak erabiltzea.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izanen da, besteak beste, diru-bilketak egitea baldin larderiaz egiten badira edo oztopatzen badute herritarrak askatasunez ibiltzea.

33. artikulua. Establezimendu publikoak.

Establezimendu publikoen edo elkarte-establezimenduen jabeek edo titularrek, beste xedapen batzuk betetzeaz gain, ahalegina egin behar dute bezeroek eta/edo erabiltzaileek ez ditzaten egin gizalegearen aurkako ekintzak edo ekintza gogaikarriak, lokalen sarreran eta irteeran eta terrazan (terrazari emandako gehieneko espazioan).

Jokaera horiek eragotzi ezin direnean, poliziari deitu beharko diote, mantendu daitezen ordena eta herritarren bizikidetza, eta laguntza emanen diete, une oro, esku hartzen duten agenteei.

34. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Eremu publikoan edo eraikin publikoetan egiten diren kultura, jaialdi, jolas, kirol edo beste edozein motatako ekitaldi publikoen antolatzaileen (eremu publikoan edo eraikin publikoetan egiten diren ezkontzak edo ospakizun pribatuak) erantzukizuna da horietan sortzen den zikinkeria, eta Udalari jakinarazi behar diote zein den egin gogo den ekitaldiaren ibilbidea, ordutegia eta tokia.

2. Udalak fidantza bat eskatzen ahalko die, ekitaldi horretatik eratorritako garbiketa-eragiketetarako aurreikusten den zenbatekoarekin. Espazio okupatua eta ingurunea garbiketa-egoera ezin hobean badaude, fidantza itzuli eginen zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3. Ekitaldi publiko baten ondorioz, kalterik egiten bada eremu publikoan edo altzarietan, horren erantzuleak antolatzaileak edo sustatzaileak izanen dira, eta konponketa gastuak ordaindu beharko dituzte, ezar daitezkeen zehapenak gorabehera.

35. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, eskean ibiltzea da limosna eskatzea erabilera publikoko bide edo eremu publikoetan, baita bestelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.

Debeku da diru edo limosna eskean ibiltzea larderiaz edo modu gogaikarrian, hitzez nahiz egitez. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak eskaintzea diru truke.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, helduko zaio adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediari.

Agintaritzako agenteek eskaletza debekatua eragotziko dute, larderiaz edo modu gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita, eta beti Tuterako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen berri emanen diote eskaleari derrigorrean, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan.

36. artikulua. Ibilgailuak garbitu eta konpontzea.

1. Debeku da bide publikoa zikintzen ahal duen zeinahi lan egitea, batik bat ibilgailuak garbitzea, olioa aldatzea, garbitu ondoko ura isurtzea eta hiri hondakin edo hondar solidoak hautatu edo manipulatzea.

2. Debeku da ibilgailuak konpontzea edo muntaketak egitea bide publikoan, edo bide publikoa erabiltzea materialak edo zernahi produktu gordetzeko.

37. artikulua. Arropa zabaltzea.

Balkoietan, terrazetan edo teilatu-hegaletan ezin da arropa zabaldu kaletik ikusteko moduan, salbu eta fisikoki bestelakorik egin ezin duten etxebizitzetan. Halakoetan, edonola ere, kaletik gutxien ikusten den aldean zabalduko dute, bizilagunei eragozpenik egin gabe.

Era berean, ezin da materialik, tresnarik edo altzaririk utzi balkoi edo galerietan, baldin horrek kalte egiten badio eraikinaren estetikari, edo arriskuan jartzen baditu eraikineko gainerako bizilagunak.

Debeku horiek ez betetzearen erantzulea etxebizitzako maizterra izanen da.

38. artikulua Alkoholdun edarien kontsumoa.

1. Debekatuta dago edari alkoholdunak kontsumitzea bide edo espazio publikoetan, baldin berekin badakar ordena publikoa asaldatzea, edo jende-pilaketak sortzea, eta horren ondorioz oztopatzen edo eragozten bada bide edo espazioen erabilera edo helburu arrunta, edo pilaketa horiek aldatzen badituzte inguruneko ingurumen, garbiketa, estetika edo zarata baldintzak, eta, hala, oztopatzen badute bizilagunen atsedena.

2. Tuterako Udalak salbuespenak ezartzen ahalko ditu, berariazko baimenaren bidez, Tuterako hiriko leku jakin batzuetarako, ekitaldi edo jai tradizionalak direla eta, edo nahitaezko udal lizentzia edo baimena duten ostalaritza jardueretarako.

IV. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA

39. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen-prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak izaten ahal direla, arau-hauste administratibo ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldiarazi eginen du zehapen-prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartzen duen arte.

Zehapen-prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

3. Esanbidezko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da.

4 Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, larriek bi urteren buruan, eta arinek sei hilabeteren buruan.

5. Arau-hauste oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta arau-hauste arinetan ezartzen direnek urtebeteren buruan.

6. Ordenantza honen xede diren gaietan instruitzen diren zehapen-prozeduretan, egitateak ikusi dituzten agintaritzako agenteek beren eginkizunak betez aurkeztutako salaketak, atestatuak edo aktak, salatuek ukatu badituzte berretsi ondoren, behar den ebazpena hartzeko aski oinarri izanen dira, kontrako frogarik izan ezean, eta espedientera eskura dauden frogabide guztiak ekarri beharrari kalterik egin gabe.

7. Konkurtso-arauak:

7.1. Lege honen edo beste baten bi aginduri edo gehiagori jarraikiz kalifikatzen ahal diren egintzak zehatzeko orduan, arau hauek beteko dira:

a) Agindu berezia orokorraren aurretik aplikatuko da.

b) Agindu zabalenak edo konplexuenak bere baitan hartuko du hartan dauden arau-hausteak zehatzen dituena.

c) Aurreko irizpideak aplikatu ezin direnean, agindu larrienak bazter utziko ditu zehapen txikiagoa ezartzen dutenak.

7.2. Baldin eta egintza batek bi arau-hauste edo gehiago biltzen baditu, edo horietako bat bitarteko beharrezkoa bada bestea egiteko, zehapenik handiena aplikatzen duen arau-hausteari dagokion jokaera zehatuko da.

7.3. Egintza edo ez-betetze bat aintzat hartu behar baldin bada zehapena mailakatzeko irizpide gisa edo arau-haustea kalifikatzeko inguruabar gisa, ez da arau-hauste independente gisa zehatzen ahalko.

40. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.

41. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Ordenantza honetan arau-hauste oso astuntzat joko dira honako jokaera hauek:

1. 43.1 artikuluan jasotakoak, zuhaitz, landare edo zuhaixkarentzat ondorio iraunkorrak edo itzulezinak izan dituztenean, hala nola, marka sakonak, adar baten haustura edo sekzioa, enborraren zati bat edo haren heriotza.

2. Bide publikoetan edo erabilera publikoko espazioetan zuhaitzak, zuhaixkak edo landare handiak ebastea edo erauztea.

3. Bide publikoan edo erabilera publikoko espazioan dauden zuhaitzak inaustea, horretarako baimenik izan gabe.

4. Paperontzietan produktu kimikoak edo piroteknikoak, zigarrokinak edo beste edozein objektu piztuta uztea, errauts beroak edo berpizteko modukoak, txingarrak, likido beroak, nahita piztutako sutetzat hartzen direnak edo erru larria eragiten dutenak.

5. Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haiei kalte egitea, baldin eta horrela eragozten edo zailtzen bada seinalea ikustea edo ulertzea.

6. Nahita edo erru astunarekin obra hondakinak, zaborrak edo zerbitzu publikoko elementuak erretzea.

7. Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

8. Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak eta nabarmenak jartzea.

9. Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.

10. Oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.

11. Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak, edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez baldin badira herritarren segurtasuna asaldatzeak eragindakoak.

12. Larrialdiko zerbitzuak bidegabeki eta maltzurkeriaz mugiaraztea.

Horri dagokionez, eta 47. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, inguruabar astungarritzat hartuko dira pertsonen osotasunean eta arrisku-egoeraren igoeran duten eragin-maila, kaltearen atzeraezintasuna, lekuaren ezaugarriak, intentzionalitatea eta berrerortzea, hargatik eragotzi gabe herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko oinarrizko legerian ezarritako gainerakoak.

Larrialdi faltsuez, datu engainagarriez edo, beste edozein modutan, zerbitzuaren funtzionamendu eraginkorra eragozten duten larrialdien telefonora egindako deiak arau-hauste gisa izapidetuko dira, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdiei Aurre Egiteari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 60.e) artikuluan edo hura ordezten duen arauan jasotakoaren arabera.

13. Nahita itzaltzea argiteria publikoaren edozein sistema.

14. Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.

15. Urtebetean bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.

42. artikulua. Arau-hauste astunak.

Ordenantza honetan arau-hauste astuntzat joko dira honako joakera hauek:

1. 43.1 artikuluan jasotakoak, zuhaitzarentzat, landarearentzat edo zuhaixkarentzat ondorio iraunkorrak baina itzulgarriak izan dituztenean, hala nola azaleko markak, adar edo enbor tolestuak edo tratamendu egokiarekin konpon daitekeen beste edozein ondorio.

2. Bide publikoetan edo erabilera publikoko espazioetan loreak edo landare txikiak ostu, erauzi edo kaltetzea.

3. Espazio publiko edo erabilera publikoko espazio bateko belarra kaltetzea.

4. Erabilera publikoko berdeguneetara zaborrak, hondakinak, zakarrak, harriak, legarra edo horiek kaltetu edo haien estetika eta gustu onari kalte egin diezaiokeen beste edozein produktu edo material botatzea edo uztea.

5. Ibiltzea zailtzen duten edo osasungaiztasun-arriskuak sortzen dituzten materialak bide publikora edo erabilera publikoko espazioetara botatzea.

6. Zaborrak edo hondakinak estolderia-sarera, ibaira, ibaiertzetara edo ibai-korronteetara botatzea.

7. Etxeko animalia batek bide publikoan edo erabilera publikoko espazioan utzitako gorotzak berehala ez jasotzea.

8. Gune publikoetan edo erabilera publikokoetan sua edo sutzarrak piztea edo elikagaiak prestatzea, udalaren berariazko baimenik gabe.

9. Espazio publikoetan edo erabilera publikokoetan kokatutako paperontziak edo edukiontziak manipulatzea, kalteak eragiteko, estetika hondatzeko edo erabilera oztopatzeko.

10. Garraiatzean lurrak, ikatzak, obra-hondakinak, erregaia, hormigoia, hautsez betetako materialak, kartoiak, paperak edo antzeko beste edozein gai isurtzea, bide publikoa zikinduz.

11. Bizilagunen komunitate batek ez izatea egoera onean berokuntza-sistemako erregai-andelaren eta hornitzailearen kamioiaren mahukaren arteko konexio-ahoa, erregai-isuriak saihesteko.

12. Ibilgailuaren gidariak, istripurik, iraulketarik edo bestelako gorabeherarik izanez gero, ez jakinaraztea ahalik eta azkarren Udaltzaingoari bide publikoan karga erori edo isuri dela.

13. Obrak bide publikoan egiten dituenak eraisteak, lurrak eta obrako soberako beste material batzuk zabaltzea eta isurtzea, obren eraginpeko eremutik kanpo, eta isurketa horien ondorioz estolderia-sareko hustubideak buxatzea.

14. Bide publikoan zikinkeria ekoizten duen obra egin duenak ibilgailuen gurpilak garbitzeko sistemarik ez instalatzea.

15. Ez busti presiopeko ur nahikoarekin, eraisteko edo hondakinak kentzeko lanetan, hautsaren emisioari aurre egiteko.

16. Obretatik edo lantokitik irtetean, ez garbitzea hondeaketa-lanetan, eraikinen eraikuntzan edo antzekoetan erabiltzen diren ibilgailuen gurpilak, bide publikoan lokatza ez erortzeko.

17. Obretatik edo lantokitik irtetean, eraiste-lanetan erabiltzen diren ibilgailuen gurpilak ez garbitzea, bide publikoan hautsik ez sortzeko.

18. Bide publikoa zikintzen ahal duen edozein lan egitea, batik bat ibilgailuak garbitzea, olioa aldatzea, garbitu ondoko ura isurtzea eta hiri hondakin edo hondar solidoak hautatu edo manipulatzea.

19. Ibilgailuak konpontzea edo muntaketak egitea bide publikoan, edo bide publikoa erabiltzea materialak edo zernahi produktu gordetzeko.

20. Iturri, urmael edo hodietan eta osagarrietan:

a) Instalazioak edo elementuak baimenik gabe manipulatzea.

b) Funtzionamenduan, garbiketan edo apainduran eragina duten substantziak edo objektuak isurtzea.

21. Iragarkien, eranskailuen, kartelen, paskinen, pankarten edo banderolen kasuan, bai eta pertsona fisiko edo juridiko bat iragarle gisa identifika daitekeen liburuxka, panfletoen, flyerren edo edozein motatako propagandaren edo publizitatearen kasuan ere, 46. artikuluaren 3. paragrafoa aplikatuko da, identifikatzeko eta erantzukizuna izateko betebeharrari dagokionez. Kasu horietan, ordenantza honen arau-hauste larritzat hartuko dira:

a) Iragarkiak, eranskailuak, kartelak, paskinak, pankartak edo banderolak Tuterako Udalak horretarako bereziki prestatutako paneletatik eta lekuetatik kanpo jartzea.

b) Liburuxkak, panfletoak, flyerrak edo edozein motatako propaganda edo publizitatea zabaltzea edo botatzea espazio publikoetan edo erabilera publikokoetan.

c) Iragarleak ez betetzea a) eta b) letretan aipatutako elementuak beren berariazko baimenik gabe pertsonek jartzea edo banatzea eragozteko betebeharra.

d) Iragarleak elementu horiek jartzeko edo banatzeko baimena duen pertsona egiazki identifikatzeko betebeharra ez betetzea, 46.3.c) artikuluan ezarritako epean hala eskatzen zaionean.

22. Toki publikoetan edo erabilera publikoko lekuetan edozein pintada, grafismo edo mural mota egitea, leku horietara ematen duten partikularren fatxadak barne.

23. 43.9 artikuluan jasotako jokaerak, baina akustikoki gainezka dagoen eremu batean gertatutakoak.

24. Petardoak, suziriak, bengalak edo zarata eragiten duen edo suteak eragin ditzakeen edozein artikulu pirotekniko jaurtitzea, udalaren berariazko baimenik gabe.

Arau-hauste hau kontuan hartzeko, nahikoa izanen da puntu hauetako bat erabilera publikoko lurzoruan edo lurzoru bertikalean (hegalean) egotea: jaurtiketa-puntua, leherketa-puntua, hondarren talka-puntua.

25. Beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan.

26. Paperontzietan edo edukiontzietan utzitako edozein objektu ateratzea. Mankomunitatearen edukiontzietan utzitako paperak, kartoiak eta plastikoa eta organikoa hartzea, edo Mankomunitateak ongintzako erakundeekin lankidetzan jarritako edukiontzietatik arropa edo oinetakoak ateratzea.

27. Paperontzietan arriskutsuak diren materialak, tresnak edo objektuak uztea, hala nola material sanitarioa, estupefazienteak produktu kimikoak edo piroteknikoak, zigarrokinak edo beste edozein objektu piztuta, errauts beroak edo berpizteko modukoak, txingarrak, likido beroak, nahita piztutako sutetzat hartzen direnak edo erru larria eragiten dutenak.

28. Tamaina handiko hondakin solidoak botatzea Mankomunitatearekin deskribatutako izapideak bete gabe, eta uztea ere garbiguneen inguruan, landa-bideetan edo herri-lurretan edo eremu pribatuetan.

29. Oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.

30. Edozein motatako elikagaiak eta/edo edariak kalean saltzea, berariazko baimenik gabe, leku ikusgarrian.

31. Bide publikoan janaria prestatzea Tuterako Udalaren berariazko baimenik gabe.

32. Gune publikoan baimenik gabeko saltzaile ibiltariei laguntzea, salgaiak ematen edo agenteak dauden zaintzen eta ohartarazten.

33. Bide publikoan edo erabilera publikoko espazio batean kaka egitea, horretarako prestatutako lekuetatik kanpo.

34. Baimenik gabe sartzea udal instalazioetara, irekitzeko ordutegitik kanpo.

35. Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian tipifikatu gabeko jokaerak badira.

36. Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei.

37. Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

38. Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea.

39. Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

43. artikulua. Arau-hauste arinak.

Ordenantza honetan arau-hauste aintzat joko dira honako jokaera hauek:

1. Bide publikoan edo erabilera publikoko espazio batean kokatutako zuhaitz, zuhaixka edo landareei tratu txarrak ematea, honako jokaera hauetako bat edo batzuk barne hartuta, betiere zuhaitzean, zuhaixkan edo landarean ondorio iraunkorrik izan ez badute:

a) Astinduak, kolpeak, bultzadak edo zapalketak.

b) Beste edozein substantzia edo elementu (edozein motatako ibilgailuak barne) grabatu, margotu, finkatu, lotu, eutsi edo haietan bermatzea, udalaren berariazko baimenik gabe; hala nola, puntak iltzatzea, eskailerak lotzea, tresnak eta aldamio-euskarriak bermatzea, kartelak jartzea, aldi baterako bada ere, obrako materialak pilatzea edo haien ondoan edo edozein motatako produktuak botatzea.

c) Igo, eskalatu edo goraino igo.

2. Parkeetan eta haurrentzako jolas-eremuetan, dauden seinaleen jarraibideei jaramonik ez egitea, sarbide-murrizketak, aldi baterakoak edo behin betikoak, ez betetzea, eta horretarako jarritako karteletan ezarritako gehieneko adina gainditzen duten pertsonek haur-jolasak erabiltzea.

3. Birziklatzeko utzitako kartoiak edo paperak (behar bezala tolestuta eta pilatuta daudenak) hartzea, edukiontzietatik edo haien ondotik.

4. Bolumen txikiko hondakin solidoak, hala nola zigarrokin itzaliak, oskolak, txikleak, paperak, poltsak edo bilgarriak, paperontzietatik kanpo uztea.

5. Materialak bide publikoan jarritako gaikako bilketarako edukiontzietatik kanpo uztea.

6. Paperontzietan etxeko zaborra edo tamaina txikikoak ez diren hondakinak uztea.

7. Iturrietan, urmaeletan edo horien hodi eta osagarrietan, ur-zorrotadan edo -masan guztiz edo partzialki sartzea, edozein objektu garbitzea, arrantza egitea edo animaliak askatzea.

8. Propaganda, informazioa edo sinadurak bide publikoan edo erabilera publikoko gune batean banatzea, udalaren baimenik gabe.

9. Jardueren edo jokoen garapenari dagokionez, ordenantza honen arau-hauste arintzat hartuko dira:

a) Bide publikoan edo erabilera publikoko lekuetan egindakoak, baldin eta:

i) Ondasun publiko edo pribatuei kalteak eragin diezazkiekete, hala nola pilotarekin jokatzea fatxadak edo hiri-altzariak kolpatuz.

ii) Herritarrei eragozpenak sor diezazkiekete edo haien atsedena urratu, baita horretarako prestatutako espazio publikoetan, pistetan, udal instalazioetan edo haurren jolaserako instalazioetan ere.

iii) Besteen osotasun fisikoa arriskuan jar dezakete.

b) Etxebizitzetan, aisialdiko lokaletan edo etxabeetan egiten direnak, baldin eta bizilagunen atsedena eragozten badute edo eragozpenak sortzen badituzte.

c) Motorrak, ihesak, pneumatikoek edo klaxonak behar ez bezala erabiltzeagatik edo zirkulazio oldarkor edo irregularraren ondorioz sortutako zarata.

d) Ibilgailu baten musika-ekipamendutik datorren soinua, bidearen gainerako erabiltzaileen arreta edo bizilagunen lasaitasuna eta atsedena eragotz dezakeena.

Kalteak eragiteko aukera, pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jartzekoa edo gidatzearen agresibitatea edo irregulartasuna aintzat hartu beharko ditu agintaritzaren agenteak, eta berariaz jaso beharko dira dagokion aktan.

Agintaritzako agente batek honako baldintza hauetako bat edo gehiago egiaztatu ondoren, ulertuko da eragozpenak sortu direla edo auzokoen atsedena urratu egin dela, eta egoera horiek berariaz jaso beharko dira dagokion aktan:

–Jarduera 22:00etatik 08:00etara egiten ari da, proba gehiagorik egin beharrik gabe.

–Jardueran abestu, instrumentuak jo, musika jarri edo altuegi oihukatu da, agente salatzailearen iritziaren arabera, 39.6 artikuluaren arabera aplikatuta.

Jarduerak, aurreko baldintzetako bat ere bete ez arren, auzokideen kexak eragin baditu eta Hiri-ingurunea zarata eta bibrazioetatik babesteko udal ordenantzaren 9. artikuluan ezarritako mugak gainditzen baditu. Kasu horretan, sonometria beharko da, eta espedientea azken ordenantza horren ustezko arau-hauste gisa izapidetuko da.

Jendaurreko ikuskizunen edo jolas-jardueren kasuan, honako hauek aplikatuko dira:

–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena:

–Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretua. Horren bidez, establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi zen eta enpresa eta lokalen erregistroak arautu ziren.

–Hiri-ingurunea zarata eta bibrazioetatik babesteko udal ordenantza.

–Jarduera egitea baimentzen duen erabakia edo ebazpena.

10. Konkurrentzia publikoko edo elkarketako establezimenduen jabeek edo titularrek ez abisatzea polizia-zerbitzuei bezeroen edo erabiltzaileen gizalegearen aurkako ekintzarik edo ekintza gogaikarririk lokalen sarreran edo irteeran.

11. Bide publikoan edo bide publikora zuzendutako soinu-anplifikazioko sistemak erabiltzea, Tuterako Udalaren berariazko baimenik gabe.

12. Sua piztu edo mantendu esparru pribatuetan (barneko patioak, etxebizitzetako lorategiak), baldin eta horiek eragozpenak sortzen badizkiete hirugarrenei.

13. Bide publikoan edo erabilera publikoko espazioetan metxak piztuta eramatea.

14. Errekuntzako motorra duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo antzekoak instalatzea edo jartzea eraikinen fatxadetatik 10 metro baino gutxiagora, edo keak 2,5 metro baino gutxiagoko altueran bideratzea, publikoa distantzia horretatik behera sartzen bada, udalaren berariazko baimenik gabe.

15. Motorra duen ibilgailu bat bizitegi-eraikinetatik 10 metro baino gutxiagora aparkatzea 5 minutuz edo gehiagoz.

16. Landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura edozein modutan kaltetu daitezkeen edo bide publikoan edo haren erabiltzaileetan kalteak edo eragozpenak eragin ditzaketen objektuetara edo etxebizitzen elementuetara isurtzen bada.

17. Bide edo espazio publikoetan edari alkoholdunak kontsumitzea, honako baldintza hauetako bat edo gehiago betez:

a) Beirazko ontzietan.

b) Ordena publikoa nolabait nahastea.

c) Bide edo espazioen erabilera normala zailtzen edo eragozten duten jende-pilaketak sortuz.

d) Zonako garbitasun- edo estetika-baldintzak aldatuz.

18. Materialak, tresnak edo altzariak uztea balkoi edo galerietan, baldin horrek kalte egiten badio eraikinaren estetikari, edo arriskuan jartzen baditu eraikineko gainerako bizilagunak.

19. Larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak eskaintzea diru truke.

20. Diru-eskeak egitea, larderiazko moduak erabiliz edo herritarren mugikortasun askea zailduz.

21. Diru edo limosna eskean ibiltzea larderiaz edo modu gogaikarrian, hitzez nahiz egitez.

22. Arropa esekitzea balkoietan, terrazetan edo teilatu-zabaletan, bizilagunei eragozpenak eraginez.

23. Espazio publikora astintzea erratzak, eskoboiak, alfonbrak, arropak edo edozein motatako oihalak, balkoietatik, leihoetatik edo terrazetatik.

24. Bide publikoetan edo Administrazioak horretarako prestatu ez dituen erabilera publikoko espazioetan genitalak biluztea edo erakustea.

25. Kirol-ekitaldi bateko ikusle edo parte-hartzaileen artean irainak, mehatxuak edo erasoak egitea.

26. Edozein produkturen salmenta ibiltaria bide publikoan edo erabilera publikoko espazioan, berariazko baimenik gabe.

27. Negozioaren titularrak tresnak edo produktuak espazio publiko edo pribatuan biltegiratzea edo pilatzea.

28. Keak, usainak edo hautsak harrotzen dituzten jarduerak egitea bide publikoan edo erabilera publikoko espazioan.

29. Baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak, zikintzen ahal badituzte erabilera publikoko bide publikoak eta espazioak, orubeak, itxi gabeko finkak, parkeak, kaleak eta plazak.

Adibide gisa, baina horietara mugatu gabe, honako jokaera hauek sartuko dira atal honetan: automobilak garbitzea, konpontzea edo koipeztatzea, ezinbesteko kasuetan izan ezik; tabako-zigarrokinak, bilgarriak, bildu gabe erabilitako txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak isurtzea; hautsontziak eta ontziak hustea; botilak haustea edo zaborrak edukiontzien edo paperontzien ondoan uztea.

30. Kanpatzea, kanpin-dendak edo horretarako prestatutako ibilgailuak instalatzea:

a) Kanpaldi libreak ingurumenaren aldetik gorde behar dituen baldintzak arautzen dituen uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuan debekatutako edo aurreikusi gabeko lursail publiko edo pribatuetan, arau horren 1.3 artikuluan jasotakoak izan ezik.

b) Kanpaldi libreak ingurumenaren aldetik gorde behar dituen baldintzak arautzen dituen uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako udalaren baimenik izan ezean.

31. Ibilgailuetatik (martxan edo geldi) edo etxebizitzatik bide publikora edo erabilera publikoko espazio batera edozein motatako hondakinak botatzea.

32. Titularrak bere inguruan edo baimendutako espazioan (terrazak, edariak eta elikagaiak saltzeko establezimenduak eta antzekoak) maiz zikinkeria sortzen duen merkataritza-, industria- edo zerbitzu-jarduera batek eragindako bide publikoaren zatia garbi mantentzeko betebeharrari ez erantzutea.

33. Kioskoko, bazarreko edo salmenta automatikoko establezimenduko ("vending") titularrak ez jartzea edo ez edukitzea paperontzi bat lokalaren inguruan, bere jardueraren ezaugarrietarako edukiera nahikoa duena eta jarduera horretarako egokia den aldizkako hustuketarekin.

34. Bide publikoan edo erabilera publikoko espazio batean txistua botatzea edo txiza egitea, komun iraunkorrak edo behin-behinekoak izan ezik.

35. Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari zein mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasuna babesteari buruzko legedian tipifikatu gabeko jokaerak badira.

36. Bide publikoan edo erabilera publikoko espazioan baimenik gabe edozein elementu jartzea, aurreko artikuluetan edo paragrafoetan jasota ez badago.

37. Baimenik gabe sartzea ikastetxeetako patioetara irekitzeko ordutegitik kanpo.

38. Edozein espezietako animaliak bide publikoan paseatzea gorozki solidoetarako derrigorrezko poltsarik gabe edo gernua diluitzeko behar adina ur duen ontzirik gabe.

39. Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.

44. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste arinek 200 eurotik 750 eurora bitarteko zehapena izanen dute; astunek, 751 eurotik 1.500 eurora bitartekoa, eta oso astunek, berriz, 1.501 eurotik 3.000 eurora bitartekoa.

2. 47. artikuluan xedatutakoaren arabera, arau-hausteak egiteagatik aurreikusitako isunen gehieneko, erdiko eta gutxieneko mailei dagozkien tarteak honako hauek izanen dira:

a) Arau-hauste oso astunen kasuan, gutxieneko mailak 1.501 eurotik 2.000 eurora bitarteko isuna hartuko du; erdiko mailak 2.001 eurotik 2.500 eurora bitartekoa, eta gehieneko mailak 2.501 eurotik 3.000 eurora bitartekoa.

b) Arau-hauste astunen kasuan, gutxieneko mailak 751 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna hartuko du; erdiko mailak 1.001 eurotik 1.250 eurora bitartekoa, eta gehieneko mailak 1.251 eurotik 1.500 eurora bitartekoa.

c) Arau-hauste arinen kasuan, gutxieneko mailak 200 eurotik 350 eurora bitarteko isuna hartuko du; erdiko mailak 351 eurotik 550 eurora bitartekoa, eta gehieneko mailak 551 eurotik 750 eurora bitartekoa.

45. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari hondatutako egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti.

Lehengoratzeko eta kalteak ordaintzeko eskaera Udalak izapidetuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera, eta kontuan hartuta hondatutako ondasuna nolakoa den.

Betebeharpekoaren kontura eginen ditu Udalak egin beharrekoak, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraikiko zaio.

46. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izanen dira erantzule solidario, baita baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak izanen dira erantzuleak animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Kanpoko publizitateari, iragarkiei, eranskailuei, kartelei, paskinei, pankartei edo banderatxoei, liburuxkei, panfletoei, flyerrei edo, oro har, edozein motatako propaganda edo publizitateari buruzko arau-hausteetan:

a) Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorraren 8. artikulua aplikatuz, publizitatea egiten zaion pertsona naturala edo juridikoa hartuko da iragarletzat. Eta publizitate-agentzia gisa, publizitatea iragarle baten kontura sortzen, prestatzen, programatzen edo exekutatzen profesionalki eta modu antolatuan aritzen den pertsona natural edo juridikoa.

b) Iragarleak nahitaez eragotzi behar du aipatutako publizitatea, iragarkiak eta abar berariazko baimenik gabe jartzea edo banatzea.

Iragarleak Tuterako Udalari jakinarazi diezaioke, jarri edo banatu aurretik, elementu horiek jartzeko edo banatzeko berariazko baimena duten pertsonen nortasuna. Kasu horretan, iragarlea aurreko betebeharretatik salbuetsita geratzen da, eta egitateen egileari helarazten zaizkio.

c) Iragarlea behartuta dago elementu horiek jartzeko edo banatzeko baimena duen pertsona egiazki identifikatzera, hala eskatzen zaionean. Errekerimendu horri erantzuteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, jasotzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

d) b) eta c) ataletan jasotako betebeharrak ez betetzeagatiko arau-hausteen erantzule solidarioa izanen da iragarlea eta, hala badagokio, publizitate-agentzia.

4. Etxebizitzei edo lokalei buruzko arau-hausteetan, horiek erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira erantzule, eta, subsidiarioki, jabeak.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzule izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau hausteei aurrea hartzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo lege-arrazoiren bat izanez gero hari ez egozteko, erantzule izanen dira gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak.

7. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

47. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

1. Lege honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik zehapenak ezartzerakoan proportzionaltasun-printzipioa beteko da, hurrengo paragrafoetan xedatutakoaren arabera.

2. Arau-hausteetarako aurreikusitako mugen barruan, isunak hedadura bereko hiru tartetan banatuko dira, gutxieneko, erdiko eta gehieneko mailei dagozkienak, 44. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritako baldintzetan.

Arau-hauste bat eginez gero, dagokion isuna gutxienekoa izanen da.

Arau-haustea erdi-mailako isunarekin zehatuko da, gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen dela egiaztatzen denean:

a) Berrerortzea, bi urtean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago eginez, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Egitateak indarkeriaz, mehatxuz edo larderiaz gauzatzea.

c) Gertaerak aurpegia estaltzen duen edozein jantzi edo objektu erabiliz gauzatzea, identifikazioa eragotziz edo zailduz.

d) Arau-haustea egitean adingabeak, desgaitasuna duten pertsonak edo zaurgarritasun-egoeran daudenak erabiltzea.

Gradu bakoitzean, isuna indibidualizatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Herritarrentzat edo osasun publikoarentzat sortutako arriskuaren garrantzia.

b) Eragindako kaltearen zenbatekoa edo eragina.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamenduan edo herritarrei ondasunak eta zerbitzuak hornitzean sortutako aldaketak.

d) Erruduntasun maila.

e) Arau-haustea egiteagatik irabazi ekonomikorik eskuratu ote den.

f) Arau-hauslearen ahalmen ekonomikoa.

Arau-hausteak gehieneko mailako isunarekin zehatuko dira, bakar-bakarrik, egitateak larritasun berezikoak direnean eta hala justifikatzen denean, gertatutako inguruabarren kopurua eta garrantzia eta zenbaki honetan aurreikusitako irizpideak kontuan hartuta.

V. TITULUA.–ERREHABILITAZIOA

48. artikulua. Itundutako bukaera.

1. Bidezko zehapen-ebazpena eman aurretik, Udalak espedientatuari eskaintzen ahal dio komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera, ezar litekeen isun osoaren ordez nahiz zati baten ordez. Zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

2. Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide gisa eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko.

a) Arau-hausteak oso zehapen astuna ezartzea dakarrenean.

b) Zehapen astuna dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste astunak edo oso astunak egin direnean.

c) Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

3. Espedientatuak Udalari esanen dio zer lan egiteko prest dagoen. Ahal dela, komunitatearen onerako lan borondatezkoak izanen dira, gizalegezko jokaerak sortu edo gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Udaltzaingoak kontrolatu eta bermatuko du betetzen direla.

4. Espedientatuak eskaera egin ondoren, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta Udalak arau-hausleari jakinarazi beharko dizkio egin beharreko zerbitzuaren baldintzak.

5. Udalak prozedura bukatzeko, ebazpen ekitaldian zehaztuko du espedientatuak egin beharreko zerbitzua, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

6. Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, bermatzeko zerbitzua betetzen dela behar den denboran eta moduan.

7. Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura bukatutzat joko da, 39/15 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera (lege horrek hizpide ditu herri administrazioen araubide juridikoa eta administrazio prozedura erkidea).

8. Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

b) Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, indargabetuta geratzen dira ordenantzaren aurkako udal xedapen guztiak eta, bereziki, Bideen eta eremu publikoen garbiketari buruzko udal ordenantza.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da behin iraganik 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritako epea (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Iragarkiaren kodea: L2513115