2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IZABA
Etetea turismo-ostatuetarako establezimendu berriak ezartzea eta badaudenak handitzea, baita haien inguruko lizentzia, baimen eta adierazpenak ematea ere, aztertzeko udalerrian turismo-ostatatzearen erabileraren araupetzea eta antolamendua
Izabako Udalak, 2025eko urriaren 8an egindako osoko bilkura berezian, erabaki hau hartu zuen:
Lehenbizikoa.–Onestea eten dadila turismo-ostatuetarako establezimendu berriak ezartzea eta badaudenak handitzea, baita haien inguruko mota guztietako lizentzia, baimen, aurretiazko komunikazio eta erantzukizunpeko adierazpenak ematea ere, aztertzeko turismo-ostatatzearen erabileraren araupetzea eta antolamendua, Izabako udalerrian. Horretarako, Izabako turismo-ostatatzearen erabileraren araupetze eta antolamenduaren plan berezi bat idatzi, izapidetu eta onetsiko da, zeinak ahalbidetuko baitu Izabako turismo-ostatatzearen erabilera araupetzea eta antolatzea –tipologien eta kategoriaren arabera–, oinarri harturik aitzinetik zehazturiko jasangarritasun parametro objektibagarri eta objektibatuak. Hori dena, babes harturik uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70. artikulua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Etete horrek eraginen die Izabako lurzoruei eta lurzoruetan dauden eraikinei, baldin eta Udal Plan Orokorrak hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatu baditu, eta lurzoru horietan turismo-ostatuko erabilera baimendu bada edo baimendu badaiteke, Udal Plan Orokorrak zehazten dituen kategorietan bizitegi-erabilera bereizgarriarekin edo globalarekin bateragarria eta egokia den erabilera gisa. Beraz, eteteak turismo-ostatatze mota eta tipologia guztiei eragiten die. Erraterako, honako hauei:
a) Hotel-establezimenduak.
b) Turismo kanpalekuak.
c) Turismoko aterpetxeak.
d) Landetxeak.
e) Apartamentu eta etxebizitza turistikoak.
f) Ostatu bereziak.
g) Nafarroako Foru Komunitateak erregelamendu bidez ezartzen duen bertze edozein.
Bigarrena.–Etete honek iraunen du urtebetez gehienez, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren artikuluan xedatutakoaren arabera (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Hirugarrena.–Etete honek ez die eraginen turismo-ostatuetarako establezimenduei baldin eta Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribatuta badaude eta erregistro hori indarrean mantentzen badute etete hori argitaratu aitzinetik. Establezimendu horiek beren jarduerarekin jarraitzen ahalko dute edo jarduerari ekin ahal izanen diote, erregistro horren arabera. Halaber, eteteak ez die eraginen turismo-ostatuko establezimenduei ere, baldin eta obretarako udal-lizentzia edo udal-baimena lortu badute, edo etete hori argitaratu aitzinetik Udalari aurkeztu badizkiote erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak, turismo-ostatuko jarduera bat ezartzeko edo handitzeko obra handiak edo txikiak egiteko.
Laugarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Foru Komunitatean editatzen diren egunkarietan.
Bosgarrena.–Erabaki honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik hasita.
Izaban, 2025eko urriaren 8an.–Alkatea, Carlos Anaut Abadía.
Iragarkiaren kodea: L2513128