Iragarkia
212. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1164E/2025 EBAZPENA, urriaren 6koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita ingurumen inpaktuaren adierazpena Enigma Green Power 02, 04, 06, 08 eta 10 SLUk sustatutako 4,99 MW-ko Astrolabio 3, Azafea 4, Bitácora 6, Cabo de Buena Esperanza 5 eta Cabo de Hornos 4 eguzki-instalazio fotovoltaikoei eta horien ebakuazio azpiegiturei buruz, Lerin, Oteitza eta Villatuerta udalerrietan kokatuak.
Izapidean diren bost proiektuak funtsezko izaeran berdinak dira eta lotura estua dute elkarren artean; izan ere, transformazio eta ebakuazio jarduera, kokapena, obra zibila eta azpiegitura partekatzen dute. Horrenbestez, efizientzia printzipioaren eta Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 57. artikuluan aurreikusten denarekin bat etorriz, guztiak espediente bakarrean metatu dira ofizioz, eta aldi berean aurkeztu dira.
1.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo substantibo gisa, jendaurrean jarri zituen, 30 egunez, «Azafea 4» (5426-CE), «Bitácora 6» (5427-CE), «Cabo de Buena Esperanza 5» (5428-CE), «Astrolabio 3» (5429-CE) eta «Cabo de Hornos 4» (5430-CE) eguzki-instalazio fotovoltaikoen aurreproiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketa. Horietako bakoitzak 4,99 MW-ko potentzia du, lurzoruan instalatuko dira eta transformazio eta ebakuazio azpiegiturak izanen dituzte. Lerin, Oteitza eta Villatuerta udalerrietan kokatuko dira. Jendaurrean jartzeko, iragarkia argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (67. zk., 2025eko apirilaren 3koa).
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikulua aplikatuz, organo eskudunak proiektuei eta horietan jasotako ebakuazio azpiegiturari buruz proiektuek eragindako Herri Administrazioei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zuen.
Alegazio bakarra jaso da proiektu guztiei begira. Alegazioak aurkeztu dituzten pertsona eta erakundeen zerrenda, eta horien laburpena, ebazpen honetako I. eranskinean bildu dira.
Kontsulten izapidean parke fotovoltaiko horietako bakoitzerako ekarpenak egin dituzten erakunde eta pertsonak ebazpen honetako II. eranskinean jaso dira. Proiektu guztietarako 9 ekarpen jaso dira.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak sustatzaileari igorri zizkion jasotako alegazioak eta txostenak, eta jakinarazi zion, legedia sektorialak eskatzen duen dokumentazioarekin batera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren eskaera aurkeztu behar zuela.
Sustatzaileak, jasotako alegazioak eta txostenak ikusita, gutxieneko aldaketa batzuk egin zituen proiektuetan, ondorio esanguratsu berririk gabe; izan ere, nagusiki, ebakuazioa birdiseinatu zen zati txikietan zortasun distantzia betetzeko lehendik dauden azpiegiturekiko, hala nola Nafarroako Ubidea eta linea elektrikoak.
Sustatzaileak, 2025eko ekainaren 13an, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industriaren, Energiaren eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Organo eskudunak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, 2025eko ekainaren 23an dokumentazio guztia Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura (Ingurumen Ebaluazioaren Atala) bidali zuen, espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteari ekin ziezaion. Ebaluazioak ez ditu eremu hauek barne hartzen: instalazio eta gailu elektrikoen segurtasuna, laneko segurtasun eta osasuna, hirigintza, lurraldearen antolamendua, bide segurtasuna eta araudi erregulatzailea zein berariazko instrumentuak izanik ingurumen ebaluazio honen irismen eremutik kanpo gelditzen diren gainerako eremuak.
2.–Proiektuen deskribapena eta sustatzailearen ingurumen azterketa.
2.1. Proiektuen deskribapena.
Bost eguzki-instalazio fotovoltaiko proiektatu dira: Astrolabio 3, Azafea 4, Bitácora 6, Cabo de Buena Esperanza 5 eta Cabo de Hornos 4, bakoitza 4,99 MW-koa, Leringo herrigunearen iparraldean, Oteitza udalerriarekiko mugan.
Proiektatutako eguzki-instalazio bakoitzak 625 Wp-ko 10.000 modulu fotovoltaiko inguru izanen ditu, taulan erakusten den bezala. Bakoitzak 4,99 MW-eko potentzia instalatua izanen du, eta 6,37MWp-ko potentzia gorena, eta bi inbertsore instalazio bakoitzeko. Eguzki-instalazio bakoitzak 10 eta 25 ha arteko azalera hartuko du.
EGUZKI-INSTALAZIOA | MODULU | OKUPATUTAKO LURZATIAK (Lerin) | LURZATIEN AZALERA, GUZTIRA (ha) | OKUPAZIO AZALERA (ha) | PERIMETRO HESIAREN METRO LINEALAK | ANDELO AZPIESTAZIORAINOKO EBAKUAZIOA (m) |
Astrolabio 3 | 10.192 | 10, 25, 26, 27, 28, 29, 30, 51 eta 422 (9. pol) | 45,44 | 24,18 | 8.634 | 1.500 |
Azafea 4 | 10.192 | 379 (9. pol) eta 499, 500, 501,502, 503 eta 515 (10. pol) | 61,58 | 10,89 | 2.714 | 1.072,50 |
Bitácora 6 | 9.568 | 103, 109, 121, 1002 eta 1003 (3. pol) eta 486 (10. pol) | 14,63 | 11,23 | 2.785 | 2.570 |
Cabo Buena Esperanza 5 | 10.192 | 515, 545 eta 1357 (10. pol) | 94,59 | 13,96 | 6.435 | 1.074 |
Cabo de Hornos 4 | 9.672 | 199 (9. pol) / 545 eta 531 (10. pol) | 50,24 | 16,33 | 5.407 | 1.480 |
GUZTIRA | 49.816 | 266,48 | 76,59 | 25.975 | 7.696 |
Moduluen egitura jarraitzaileen motakoa izanen da, ipar-hego ardatzaren orientazioarekin, eguzki izpiak jasotzea eta jarraitzea optimizatzeko. Egitura horiek osatuko dituzten profilak zuzenean lurrera ainguratuko dira, edo, kasu batzuetan, aldez aurretik zulatuta.

Instalazio bakoitzak 200-17-30 motako perimetro hesi zinegetikoa izanen du, 2 m-ko altuerakoa, eta hutsuneen zabalera 30 cm-koa izanen da. Sarea altzairu galvanizatuzko zutoin tubularren gainean finkatuko da. Zutoinen artean 3,5 m egonen dira, eta zuzeneko tinkatzearen edo hormigoizko blokeen bidez jarriko dira. Instalazio bakoitzean 6x2 metroko metalezko ate bat instalatuko da.
Jarraitzaileen eta perimetro hesiaren arteko gutxieneko distantzia 5 metrokoa izanen da perimetro biderik ez badago, eta 10 metrokoa halakorik badago.
Parke fotovoltaikoek estazio meteorologiko bat izanen dute, beharrezko diren tenperatura eta irradiazio datuak eskuratzeko.
Instalazio fotovoltaikoetan sortutako energia 30 kV-ko erdi tentsioko lurpeko sarearen bidez hustuko da, instalazioetako potentzia estazioetatik "Andelo" 66/30 kV-ko azpiestazio jasotzaileraino. Azpiestazio hori Leringo 9. poligonoko 17. lurzatian dago (zehazki X 585.851 Y 4.707.873 koordenatuetan) eta bost instalazioek partekatuko dute. Azpiestazioak 1.247 metro karratuko azalera izanen du, eta kanpoko argiztapena izanen du.
Kableak zangen hondoan lurperatuko dira, harea-ohantzeen gainean, gutxienez 0,8 metroko sakoneran, eta hormigoiz beteko dira bideen, errepideen eta elementuen gurutzaketetan, hala behar izanez gero.

Aipatutako Andelo azpiestazio jasotzailetik, aireko eta lurpeko bigarren kategoriako linea bat abiatuko da, 66 kV-koa eta 15.648 m-koa (7.294 m airetik (31 euskarri) + 8.354 m lurpetik). Lerin, Oteitza eta Villatuerta udalerriak zeharkatuko ditu "Iturtumendia" 66/30kV-ko azpiestazio jasotzailearekin/biltzailearekin konektatu arte, Oteitzako 1. poligonoko 435. lurzatian. Azpiestazioak 2.080 metro karratuko azalera hartuko du. Ebakuazio linearen lurpeko zatia batez ere bide publikoen trazaduratik igarotzen da.
Azkenik, azpiestazio horretatik, 66 kV-ko lurpeko lotura linea bat proiektatzen da, 228 metroko luzerakoa, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren jabetzako «ST Tierra Estella» 66 kV-ko TAEarekin lotzen dena (hori ez da ebaluatuko).
Proiektatutako bost parke fotovoltaikoetara "Arrizabalaga-Lerin" NA-601 Foru Komunitatearen intereseko errepidetik sartuko da, 44 eta 45. KPetan. Barne bide berriak sortzea eta lehendik dauden bideak egokitzea aurreikusten da.
Egin beharreko lanak honako hauek izanen dira: aurretiazko lanak, topografia, obra zibila, ekipoen hornidura eta muntaketa mekaniko eta elektrikoak. Lehenengo fasean, eraikuntza osagarriak ezarriko dira, jasotze topografikoa eginen da, lurra prestatuko da eta lur-mugimenduak eginen dira, eremuko sastrakak eta landare geruza kentzeko.
4 metroko zabalerako oinplanoa izanen duten bideak eraikiko dira, eta 20 cm-ko azpioinarria eta 10 cm-ko ibaiko zabor-legarraren oinarria izanen dute. Bideetarako, %10eko gehieneko malda ezartzen da, eta balio handiagoetan, hormigoia botatzea planteatzen da. Instalazioetarako sarbideen zabalera 6 metrora arte handituko da.
Instalazioek bulegoak izanen dituen kontrol eraikin bat izanen dute, bai eta ordezko piezak biltegiratzeko eraikin bat ere.
2.2. Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketaren laburpena.
Ingurumen inpaktuaren azterketak (aurrerantzean IIA), lehenbiziko azterketan, 0 aukera baztertzen du (ez egitea), eta hiru kokapen aukera zehazten ditu instalazio fotovoltaikoetarako, bai eta beste bi trazadura aukera ere baterako ebakuazio linearako.
Sustatzaileak iritzi dio proiektua ez gauzatzeak eragin negatiboa izanen lukeela energia elektrikoa ekoizteko eguzki baliabidearen aprobetxamenduan. Era berean, uste du indarrean dauden hainbat akordio eta plan ez liratekeela beteko, hala nola Nafarroako Plan Energetikoa, PNIEC, COP 21 (Paris 2015)...
0 aukera baztertuta, sustatzaileak aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketak (IIA) hainbat baldintza planteatzen ditu premisa gisa, legeriatik, merkatuen bilakaeratik eta energia eskuratzeko puntuetatik eratorritakoak. Instalazio fotovoltaikoak kokatzeko, sustatzaileak bost proiektuentzako baterako kokaleku bat bilatu du, transformazio eta ebakuazio azpiegiturak partekatu behar dituztelako.
Aukerak aztertzeko prozesuan, sustatzaileak hainbat parametro aintzat hartuta (sarbideak, maldak, hidrologia, higadura, landaredia, fauna...) balorazio bat egin du, eta 3. aukera globala aukeratu da behin betikotzat. Aukera hori ebazpen honetako "Proiektuen deskribapena" apartatuan zehaztu dena da.
Ebakuazio linearen alternatibak sorkuntza puntuen eta sarera konektatzeko puntuen («Tierra Estella» TAEa) kokapenetik abiatuta eman dira. Trazadurak ahalik eta luzera txikiena izatea lortu nahi da, eta landarediari, intereseko habitatei eta abarri ahalik eta kalte txikiena eragitea. Horregatik, 2. aukera hautatu da, sustatzailearen iritziz onuragarriena delako, luzera txikiagoa eta lurpeko tarte handiagoa dituelako. Linea horrek 15,6 km-ko luzera izanen du guztira, eta 7,3 km airekoak izanen dira.
Sustatzaileak egindako IIAk zenbait inpaktu baloratzen ditu, eraikitze, erabilera eta eraispen faseetan inpaktuak eragin ditzaketen proiektuko ekintzak eta inpaktu horiek jaso ditzaketen inguruneko faktoreak identifikatu ondoren. Ekintzak eta inguruneko faktoreak gurutzatzen direnean, proiektuak aztertutako faktoreen gaineko inpaktu negatibo esanguratsuak bateragarri, moderatu, larri edo kritiko gisa katalogatzen dira.
Laburbilduz, hautemandako eragin handienak lurzorua eta geomorfologia eta fauna eta landaredia faktoreen gainean aurreikusi dira, obra zibilak eta lurzoruaren okupazio fisikoak eraginda, bai obra fasean, bai eguzki-instalazioen, ebakuazio linearen eta eraikinen funtzionamenduan.
Inpaktuen karakterizazioaren lehen fasean, IIAk inpaktu moderatua ezartzen du faktore horiei dagokienez, eta, ondoren, bateragarritzat jotzen ditu kasu guztietan, faunaren kasuan izan ezik, inpaktua moderatua izanen baita habitata galtzeagatik. Hala ere, proiektuaren eragin globala bateragarritzat jotzen da.
Ondare arkeologikoari dagokionez, IIAn 5. eranskina aurkeztu da. Eranskin horretan, instalazio eta ebakuazio linea bakoitzerako Ondare Historikoaren Zerbitzuari egindako txosten eskaerak biltzen dira; kontsultari erantzun ez zaionez, inpaktua bateragarritzat jo da, aztarnategi arkeologikorik ez dagoela ulertu baita. Hala ere, arkeologia zaintzako programa bat ezarri da, ezer aurkituko balitz ere, eta obrak hasi aurretik adostu beharko da.
Proiektuak floran eta landaredian izanen dituen inpaktuei dagokienez, IIAk bost proiektu fotovoltaikoen eta ebakuazio lineen eremuan zuzenean eragindako landarediaren azterketa egiten du, eta zehazten du inpaktu handiena eraikuntza fasean gertatuko dela. Hala ere, instalazio gehienak lehorreko lurretan eginen direnez, inpaktua txikia izanen da, eta, beraz, bateragarria.
IIAk proiektuak hainbat arriskuri dagokienez duen kalteberatasuna aztertu du, eta arrisku horiek katalogatu ditu. IIAren arabera, arrisku gehienak txikiak edo oso txikiak dira, eta ez dago balizko kalteberatasunik.
IIAk eremu babestuen inbentario bat egiten du Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen arabera, eta baztertu egiten du inolako eraginik. Era berean, "Estellerriko Erriberako igeltsuak" KBEa 3 km-ra baino gehiagora dagoela aipatzen du, eta, hortaz, ez da alderdi horri buruzko arriskuen baloraziorik egiten, distantzia dela eta eraginik ez dagoela jotzen baita.
Sustatzaileak proposatutako proiektuak izan ditzakeen sinergia- eta/edo metatze-inpaktuak aztertzen ditu, lehendik dauden beste azpiegitura batzuekiko elkarreraginaren ondoriozkoak, bai eta eragindako inguruneko faktore posibleak ere. Ondorio gisa, IIAk bateragarritzat jotzen du inpaktu global metagarria eta/edo sinergikoa.
IIAk konpentsazio neurrien atal bat du, eraginen zaien landaredi naturaleko azalerak leheneratzeko, bai eta bestelako neurriak ere eremua okupatzearen ondorioz habitat mugakideek fauna espezieak hartzeko duten gaitasuna hobetzeko. Azken neurri horiek dira garrantzitsuenak. Sustatzaileak, estepako hegaztien habitat egokiaren murrizketari aurre egiteko, proposatu du instalazioen eragina jasanen duen azaleraren adinako beste bat, gutxienez, lugorri uzteko konpromisoa hartzen duela, eguzki instalazio fotovoltaikoaren bizitza baliagarrirako.
Inpaktu guztiak eta horien garrantzia aztertu ondoren, sustatzaileak bateragarritzat jotzen du proiektuaren inpaktu globala.
Sustatzaileak kontrol adierazleetan oinarritutako ingurumena zaintzeko programa (IZP) bat aurkeztu du, eraikuntza aurreko fasetik eraispen faseraino. Eraikuntza faserako (garrantzitsuena), sustatzaileak helburuak, deskribapena, atalaseak eta abar kontrolatzeko parametro batzuk zehaztu ditu, eta kontrol bakoitzerako ikuskapen aldizkakotasuna ezarri du. Adibidez, lurreko faunaren eta abifaunaren kasuan, asterokoak izanen dira ugaltzeko garaian (martxotik uztailera) eta hamabosterokoak obraren gainerako aldian. Astero kontrolen erregistro bat eginen da, eta Ingurumen Koordinazioaren eta Obra Zuzendaritzaren arteko aldizkako bilerak eginen dira. Oro har, hileko txostenak eta azken txosten bat idatziko dira, eta administrazioari entregatuko zaizkio, IIAn ezarritakoari jarraiki.
Sustatzaileak lehengoratze plan bat ezarri du, obrak benetan izanen duen eraginaren araberako eragindako azaleren aurreikuspena zehazten duena. Jarduketak obrak hasi aurreko eta iraun bitarteko prebentzio jarduketetan banakatzen ditu, bai eta obra akitu ondorengo lehengoratze fasearen arabera ere. Jarduketa guztien helburua da obrek eragindako lurrak lehengoratzea; horretarako, zenbait jarduketa eginen dira, hala nola ereitea eta landatzea, eta horien aurrekontua zehaztuko da.
3.–Espedientearen azterketa teknikoa.
Proiektatutako bost instalazio fotovoltaikoek 76,59 ha hartuko dituzte, eta lurraldean zehar sakabanatuta eginen direnez –bai parke bereko barrutiak, bai parke desberdinak–, benetako okupazioa askoz handiagoa izanen da. Horrela, instalazio guztiak hartuko dituen poligonoak 280 hektarea inguru okupatuko ditu. Astrolabio 3 instalazioa alde batera utziz gero, besteetatik urrunago egonen baita, 165 hektarea okupatuko dira.
Poligono horretan landare natural ugari daude erdigunean, intereseko habitatak, lotutako landaredia duten ur-ibilguak eta Alepo pinuaren baso-masak dituen nekazaritza-lurren eta basoen mosaiko bat dagoelako. Horien artean eguzki-plakak dituzten hainbat esparru daude. Lurraren orografiari dagokionez, malda handiko lekuak daude, bai eta irregulartasunak eta ondulazioak ere, eta horiek, kasu batzuetan, kokalekuak egokiak ez izatea eragiten dute. Era berean, esparru batzuk elkarrengandik hurbil daude, baita punturen batean "AC:9 Berbintzana-Larraga-Lerin" eremu kritikoaren mugaren barruan ere, habitat azalera egokien gainean (lehorreko laboreak), habitataren kudeaketa onarekin (lugorri funtzionalak).
Nekazaritza- eta baso-matrizeari erantsita edo haren barruan forma eta asimetria anitzeko esparruak egoteak eta esparru horiek eremu hesituak izateak eragina izanen du konektagarritasunean, eta kontuan hartu beharreko hesi efektu aipagarria eraginen du. Horrez gain, biotopo horren galera eta hondamendiek, hala nola suteek, eragin ditzaketen ondorioak gehitu behar dira.
Azpimarratu behar da eguzki-parkeak ezartzeko ingurumen arazo horiek ez dituzten proiektatutakoen ondoko eremuak ez direla proposamenean kontuan hartu, eta, beraz, alternatiben azterketa ez dela behar bezala egin.
Eguzki-instalazioek lurzoruaren faktorean izan ditzaketen inpaktuei dagokienez, nabarmentzekoa da eguzki-parkeak lehorreko laboreetarako lur azalera garrantzitsuetan eraiki eta diseinatuko direla. Lur eremu horietan, lursailen orografiak eta morfologiak uhindura ugari eta, beraz, aldapak dituzte, eta horrek eraikuntza fasean lur-mugimendu asko egitea aurreikustea dakar.
Eguzki-instalazioen ingurumen ebaluazioan ingurumen organoak duela hainbat urte erabiltzen duen irizpidea da, dagoen dokumentazio teknikoan oinarrituta, ardatz horizontala duten jarraitzaileen gaineko modulu fotovoltaikoak %5eko edo gutxiagoko maldetan soilik instalatzea, eta euskarri finkoko egituren kasuan, balio hori %10eko edo gutxiagoko maldetaraino handitzen da. Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atalak, halaber, 2025eko urriaren 2ko errekerimenduan ezartzen du %10etik gorako malda duten lursailen gainean instalatutako moduluak kenduko direla.
Proiektatutako proposamenetik ondorioztatzen da sustatzaileak partzialki erabili duela irizpide hori; izan ere, malda handiagoko lurzatiak aukeratu ditu, eta, kasu guztietan ez bada ere, eguzki-panelak %10etik beherako maldetan kokatu ditu, baina kasu askotan %5 eta %10 arteko maldetan ardatz bateko jarraitzaileekin proiektatu ditu. Era berean, ezarpena baino eremu hesitu gehiago proiektatu ditu, hesitutako eremuen barruan %10etik gorako maldak dituzten eremuak daudelako, duten eragina handituz.
Malda handiak dituzten eremuek ere paisaia arazoak dakartzate, bereziki ikus-irisgarritasun handia duten eremuetan, hala nola proiektatutako eremu batzuetan. Gai horretan eskumena duen organoak, hots, Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atalak, afera hori urriaren 2ko errekerimenduan aipatu zuen; hain zuzen, Astrolabio 3 eguzki-parkea ezabatu egin beharko litzatekeela adierazi zuen, inpaktu bisual handia baitu, topografikoki gailena den toki batean ezarriko delako (San Marcos-Los Pilares mendilerroaren hegoaldeko hegalaren alderik altuenean). Gainera, adierazi zuen jarraitzaileen eremuak eta itxiturak berriz diseinatu beharko liratekeela, jarraitzaileen eremuen kokapena trinkoa izateko eta moduluetara mugatzeko, paisaian integratzea hobetzeko.
Horregatik guztiagatik, ebazpen honen baldintzetan zenbait eremu baztertu dira maldan oinarrituta, eta proiektuak geodibertsitatean, lurzoruan eta lurpean duen eraginaren bateragarritasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak txertatu dira, aldeko txostena duten eremuetan. Oro har, %5-10 arteko maldetan dauden modulu fotovoltaikoak egitura finkoen gainean jarri behar dira.
Cabo de Hornos 4, Cabo de Buena Esperanza 5 eta Astrolabio 3 eguzki-instalazioek partzialki eragindako azalerak baso-osagai garrantzitsua du, zuhaitz masak eta lehentasunezko intereseko habitatak baititu, hala nola urteko larre mediterraneo xerofilo eta bizikorrak. Horrenbestez, nekazaritza- eta baso-mosaiko bat dago, muga, etze eta intereseko landaredi eremu ugarirekin, eta eguzki-instalazioen poligonalaren eraginpean geratuko dira, mosaiko horiek eta haien funtzioak desagerraraziz. Era berean, diseinu horrek lurzoruaren okupazioari begira jada aztertutako bestelako eraginak ditu, baita aurrerago aztertuko ditugun arriskuak ere.
Cabo de Hornos 4 eta Cabo de Buena Esperanza 5 instalazioen kasuak esanguratsuak dira; izan ere, plantak 30,29 hektareako azalera batean ezartzeko, ia 70 hektareako azalera konprometitzen da, nekazaritza- eta baso-mosaikoaren barruko nekazaritza azalera gehienei eraginez. Proiektuen kokapena ikusita, ingurumen organo honek uste du baso-unaden artean dauden nekazaritzako tarteko azalerak ezabatzen dituztela proiektuek, eta, alde horretatik, eragin nabarmena dutela nekazaritza lurrek eta basoek eratutako mosaikoan, hura hondatuz eta funtzionaltasun ekologikoa galtzea ekarriz. Nekazaritza-matrizean, baso-unaden artean eguzki-panelak jartzeak, areago, unada horietako batzuk partzialki okupatzeak, konektagarritasun ekologikoa galtzea ekarriko du tokiko mailan; izan ere, laboreen, heskaien eta baso-unaden arteko ekosistema erlazioak (trofikoak eta ugalketakoak) zuzenean aldatu eginen ditu, eta, horren ondorioz, espezie askoren portaera eta patroia aldatu egin daiteke.
Gainera, Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Atalak, babes zibilaren arloan eskumena duenak, honako hau jakinarazi du:
Instalazioak nekazaritzako laborantza belarkaren edo lehorreko zurezko laboreen eremuan ezarriko dira, nekazaritza- eta baso-mosaiko baten barruan. Mosaiko horretan, instalazioen ondoan, koniferoen azalera esanguratsuak daude (Alepo pinua), baita zuhaitzik gabeko baso lurzorua ere. Instalazioak proiektatuta dauden lurzoruen eta lursail mugakideen erregai ereduak honako balio hauekin bat datoz, Rothermel-Albini erregai ereduen sailkapenaren arabera: 4. eredua, arrisku oso handikotzat jotzen dena; 2. eta 6. ereduak, arrisku handikotzat jotzen direnak; 3. eredua, arrisku ertainekoa; eta 8. eta 5. ereduak, arrisku txikikoak.
Eguzki-parkearen proposamena garatzeko, 893/2013 Errege Dekretuaren bidez onartutako baso suteetarako larrialdiko babes zibileko plangintzaren oinarrizko zuzentarauak ezarritako zehaztapenak jaso behar ziren. Zehazki, a) apartatua, honako hau adierazten baitu: Baso erregaien jarraitutasuna murrizteko edo hausteko, bermatu beharko da jabetzaren barnean badela perimetroko babes zerrenda bat, 30 metro zabalekoa, urbanizazioaren, eraikinaren edo instalazioaren inguruan, eraikineko edo pertsonentzako instalazioko kanpoko mugatik neurtuta. Hartan ez da landaredia lehorrik izanen, eta zuhaitzez garbia egonen da. Ahal den guztietan, landaretza nagusiaren altuera halako zortzi izanen da gutxienez zerrenda hori.
Arrisku oso handiko erregai eredua duten baso-masak hurbil daudenez, eta parkeen egungo konfigurazioarekin baso suteen arriskuari aurre egiteko prebentzio neurririk ez dagoenez, arrisku horri buruz kontrako txostena egin behar da, ez baita prebentzio neurririk hartu instalazioen sute hipotetiko bat kanporantz zabaltzea saihesteko edo kanpoko sute batek eragitea saihesteko. Gainera, Cabo de Hornos 4 eta Cabo de Buena Esperanza 5 parkeen kasuan, instalazioen geometriaren ondorioz, baldintza hori ezin da bete egungo ezarpenaren konfigurazioarekin.
Lerinen eta inguruan sute eta sute txiki ugari egon dira, baita eguzki-instalazioak proiektatzen diren esparruetan ere, eta hori ez da gutxietsi beharrekoa, istripu batek edo sute batek kalte handiak eraginen lituzkeelako zuhaitz masetan eta intereseko habitatetan.
Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Atalaren txostenean jasotako babes zibilaren arloko planteamendu horrek sustatzailea behartzen du Cabo de Hornos 4 eta Cabo de Buena Esperanza 5 instalazioen zati handi bat baztertzera; horren ondorioz, eta lehen aipatutako gune horretako nekazaritza- eta baso-matrizearen konektagarritasunean eta funtzionaltasun ekologikoan sortuko diren eraginekin batera, eguzki-parke horiek bideraezinak dira.
Cabo de Hornos 4 eguzki-parkearen iparraldean eta Bitácora 6 eguzki-parkearen inguruan, badira ingurumen balio aipagarririk ez duten nekazaritza azalerak, malda handirik gabe, nekazaritza-lurren eta basoen mosaikotik kanpo, mehatxatutako estepa faunarik ez dutenak, eta baso suteak prebenitzeko baso azaleretatik nahikoa distantziara daudenak, baina ez dira proposamenean sartu.
Faunari dagokionez, proiektuko eguzki-parkeak Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko eremuetatik hurbil daude edo horiekin muga egiten dute; are gehiago, Azafea 4 instalazioak eremu horren barruko azalera hartzen du. Proiektuak faunaren gainean duen eragin nagusia habitataren galerarekin lotutakoa da, bereziki nekazaritza espazio irekiak behar dituzten espezieen kasuan. Ingurumen inpaktuaren azterketan, "Abifaunari buruzko urteko azterketa" izeneko 4. eranskinean, lekuan dagoen abifaunari buruzko azterketa bat, haren katalogazioa, lehentasunezko hegaldi mapak eta begiztatze altuera jasotzen dira. Azterlan hori 2024ko maiatzetik 2025eko urtarrilera bitartean egin zen. Espezie hauek ikusi ziren, besteak beste: miru gorria (Milvus milvus), Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan galzorian katalogatua, arrano beltza (Aquila chrysaetos), mirotz zuria (Circus cyaneus) eta mirotz urdina (Circus pygargus). Ondorio gisa, faunaren eranskinean adierazten eta nabarmentzen da eremuan ez dela ikusi ez basoilo handirik, ez ganga azpibeltzik, ez ganga azpizuririk, ez Dupont hegatxabalik, ez txoriandre pispoletarik, eta Berbintzana-Larraga-Leringo eremu kritikoaren gaineko eragina ez dela oso esanguratsua izanen, 3 hektareari bakarrik eraginen baitzaio. Eremu horrek garrantzi ornitologikoa du, basoilo handiak, basoilo txikiak, Naumann belatzak eta atalarrak baitaude. Ipar-ekialdeko sektorea, gainera, interes handikoa da mirotz espezie bientzat: urdina eta zuria. Ingurumen organoak uste du espezie horiek ez detektatzea espezie horien populazioetan izandako atzerakadaren erakusgarri dela. Horregatik, funtsezkoa da haiek kontserbatzeko eta mantentzeko habitat eta eremu egokiak babestea. Beraz, horiek horrela, kritikotzat jotako hainbat eremutan ezin da instalaziorik jarri. Aldiz, proiektatutako instalazioen inguruan ingurumenari dagokionez bideragarriak diren eta proposatu ez diren eremuak daude.
Sare hidrografikoari dagokionez, obrak egiten diren bitartean, sustatzaileak nabarmendu du instalazio fotovoltaikoari mendebaldetik ekialdera doan drainatze nagusia duten arroek eragiten diotela, Baldetxateko sakanarekin konektatzen direla, eta, azkenik, urak Ega ibaira isurtzen dituztela. Gainera, ebakuazio linea hainbat amildegi eta izenik gabeko ibilgurekin gurutzatzen da. Inpaktua, bai eraikuntza fasean, bai ustiapen fasean, bateragarritzat jotzen du sustatzaileak; eraikuntza fasearen kasuan, eragin handienekoena, bateragarritzat jotzeko intentsitate eta garrantzi txikiko inpaktua dela adierazten du, tokikoa, aldi baterakoa eta itzulgarria. Lurzorua prestatzeko, zangak irekitzeko eta, euri garaian egiten badira, sarbide berriak hobetzeko eta egiteko baliteke eragiketek uhertasun gertakariak eragitea. Erliebea aldatzeak, halaber, erosio fenomenoak areagotzea ekartzen ahal du, aldaketa txikia izan arren, eta mugakide diren nekazaritza lurzatiei eraginen die. Beraz, behin betiko drainatzeek konpondu beharko dute eragin hori. Era berean, instalazio fotovoltaikoen drainatzeen diseinuak kontuan hartu beharko du hurbil-hurbileko nekazaritza edo landa ingurunean jariatze uren ondoriozko kalteak areagotzeko aukera, prezipitazio handiko uneetan modulu fotovoltaikoak egoteagatik lurraren "iragazgaiztea" dela eta.
Ebakuazio azpiegiturei dagokienez, ingurumen ebaluazioari begira, hiru bloke handi nabarmentzen dira proiektu honetan: Andelo azpiestazio jasotzailea eta "Iturtumendia" 66/30 kV-ko azpiestazio jasotzaile/biltzailea, lurpeko 8.354 metroko ebakuazio linea eta aireko 7.294 metroko ebakuazio linea (31 euskarrirekin). IIAk ez du ondorio aipagarririk detektatu azpiestazioen kasuan, aztertutako elementuetan eraginik ez duten nekazaritza lurzatietan kokatzen baitira, eta lurpeko ebakuazio linea diseinatzeko lehendik dauden bideak erabili dira leku gehienetan, ezarpenaren eragina minimizatzeko. Gainera, lurpeko linea horrek Aberin-Larraga-Morentin-Oteitza-Villatuerta eremu kritikoa zeharkatzen du, baina faunaren gaineko eragina eraikuntza aldira mugatzen da. Ingurumen organoak tarte hori lurpean egitea positibotzat jotzen du.
Proiektatutako aireko tarteak landaretza askorik gabeko hainbat azalerari eragiten die, baina, batez ere, abifauna garatzeko intereseko habitatak dituzten eremuetatik igarotzen da. Gaur egun, ez dago horrelako azpiegiturarik ia eremu osoan, eta estepako abifaunarentzat kritikoak diren eremuen arteko konektagarritasun zona da, populazioen arteko lotura ahalbidetzen duena. Urteko azterlanaren barruan, egindako ibilbideetan hainbat begiztatze jaso ziren, baina azterlanaren iraupena txikia izan zenez (2024ko abendutik 2025eko urtarrilera), ezin da behin betiko ondoriorik atera, sustatzaileak berak nabarmendu bezala. Izan ere, linea igarotzen den ukitutako eremu osoa babes eremu izendatu zen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan (abifauna linea elektrikoetan talka egitearen eta elektrokutatzearen aurka babesteko neurriak ezartzen ditu). Horrek agerian uzten du eremu hori oso garrantzitsua dela abifaunaren gaineko kalteak prebenitzeko.
Horri dagokionez, nabarmendu behar da Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atalak, 2025eko maiatzaren 21ean igorritako kontsulten aurreko txostenean, linearen aireko zatia lurperatzeko aukera aztertzea komeni zela adierazi zuela, eta, 2025eko urriaren 2ko errekerimenduaren bidez, linea lurperatzea berretsi zuela, lurraldean eta paisaian duen eraginagatik. Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atalaren errekerimenduak azpimarratzen duenez, 66kV-ko ebakuazio linea elektrikoaren aireko zatiak batez ere paisaia kalitate handiko eta azpiegitura artifizialik gabeko lursailak zeharkatzen ditu, Oteitzako Baigorri nekazaritza-lurren eta basoen mosaikoari dagokiona.
Horregatik, ingurumen organo horrek ezinbestekotzat jotzen du ebakuazio linea osoa lurpean egitea, abifauna joan-etorrietan ez elektrokutatzeko eta, batez ere, talka ez egiteko, kokapenaren ondorioz balio handia duten eremuetan.
4.–Proposamena.
Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du ezen behar bezala egin dela ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozedura. Inpaktuen azterketan azaldutakoa ikusita, 4,99 MW-ko Astrolabio 3, Azafea 4, Bitácora 6, Cabo de Buena Esperanza 5 eta Cabo de Hornos 4 eguzki-instalazioen eta horien ebakuazio azpiegituren ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpen partziala egitea proposatzen da, baldintzetan zehaztutako eremuen arabera. Nolanahi ere, ingurumen inpaktuaren azterketan ezarritako neurriak eta ebazpen honetako baldintzetan jasotakoak bete beharko dira, aldeko txostena duten eremuak ingurumenaren aldetik bideragarriak izan daitezen. Hala, hainbat eremu eta instalazio osorik baztertu behar dira, kokapenagatik eta lurzoruetan, geomorfologian, paisaian, faunan, habitatetan eta baso suteen arriskuaren prebentzioan duten eraginagatik.
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz (honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuak), honako hau
EBAZTEN DUT:
1.–Enigma Green Power 02, 04, 06, 08 eta 10 SLUk sustatutako 4,99 MW-ko Astrolabio 3, Azafea 4, Bitácora 6, Cabo de Buena Esperanza 5 eta Cabo de Hornos 4 eguzki-instalazio fotovoltaikoen eta horien ebakuazio azpiegituren ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, partzialki aldekoa, baldintzetan zehaztutako eremuen arabera, eremu eta instalazio batzuk osorik baztertuta malda handiko eremuetan egoteagatik, habitatetan, lurzoruan, paisaian eta konektibitatean duten eraginagatik, eta sute-arriskuen aurreko babes zibileko eraginengatik. Proiektuak Lerin, Oteitza eta Villatuerta udalerrietan kokatuko dira.
2.–Jarduera espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen dela ezartzea, eta, gainera, baldintza hauek bete behar direla:
i) Proiektuaren baldintza orokorrak:
1. Sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan eta haren eranskinetan jasotako eta jendaurreko informazioaren izapideen ondoren onartutako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurri guztiak bete beharko ditu, edo espedienteari emandako informazio osagarrian jasotakoak, baldin eta ebazpen honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira, baita ingurumen inpaktuaren adierazpen honetan zehaztutako baldintza eta neurri gehigarriak ere.
2. Oro har, ebazpen honetan eskatutako neurri guztiak sustatzaileak eraikuntza baimena eskatzeko organo eskudunean aurkeztu beharreko exekuzio proiektuan sartuko dira. Era berean, lanak bukatzean eta funtzionatzen hasteko baimena eskatu aurretik, ingurumen organoari egiaztatu beharko zaio ebazpen honetan ustiapen aldirako zehaztutako neurri aringarriak eta ingurumen jarraipeneko neurriak programatu eta abiarazi direla.
3. Obrak hasi baino astebete lehenago, gutxienez, abisua eman beharko zaio Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es).
ii) Ondorio adierazgarrienak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriei buruzko baldintzak.
4. Ebakuazio linea osoa lurperatuko da eta lurpean gauzatuko da, lehendik dauden bideen trazadurari jarraitzen saiatuz edo, bideragarria ez bada, landaredi naturalari eragitea saihestuz, proiektuan lurpeko linearen zatia diseinatzeko erabilitako irizpide berberak aintzat hartuta.
5. Lurzoruetan, geomorfologian, paisaian, faunan eta habitatetan eragin nabarmenik ez izateko eta baso suteen arriskua prebenitzeko, azterketa atalaren arabera, jarraian zerrendatutako inguratzaile fotovoltaikoei dagokien azaleraren zati bat edo azalera osoa baztertu beharko da:
UDALERRIA | POLIGONOA | LURZATIA | INSTALAZIOAREN IZENA | BAZTERKETA | KANPO GERATZEN DEN AZALERA (ha) |
Lerin | 9 | 10, 25, 26, 27, 28, 29, 30, 51 eta 422 | Astrolabio 3 | Guztizkoa | 24,18 |
Lerin | 10 | 515, 545 eta 1357 | Cabo de Buena Esperanza 5 | Guztizkoa | 13,96 |
Lerin | 9 | 379 | Azafea 4 | Partziala | 1,72 |
10 | 499 | 1,20 | |||
Lerin | 9 | 199 | Cabo de Hornos 4 | Guztizkoa | 16,33 |
10 | 531, 545 | ||||
Guztizkoa | 57,39 | ||||
6. Proiektuaren diseinu eta exekuzioa lurzorua eta lurzoruaren morfologia ahalik eta gutxien ukituz egin beharko dira. Horretarako, baldintza hauek beteko dira aldeko txostena duten instalazio edo eremuetan:
–Oro har, ez dira ukituko %10etik gorako maldak. Ardatz horizontala duten jarraitzaileen gaineko modulu fotovoltaikoak %5eko edo gutxiagoko maldetan ezarriko dira bakarrik. %5etik gorako eta %10erainoko maldetan, modulu fotovoltaikoak egitura finkoen gainean instalatuko dira.
–%5etik gorako eta %10erainoko azaleretan, ardatz bateko jarraitzaileak instalatzen ahalko dira, betiere lurraren profilean aldaketarik egin gabe ezartzeko aukera ematen duten irtenbide teknikoak edo diseinukoak aurkitzen badira. Baldintza horrek garrantzi berezia du Azafea 4 instalazioko aldeko txostena duten eremuetan.
7. Lanak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta ezin ukitzen ahal diren eremuak balizatuko dira. Landaredi naturaleko eremuetan ez da inolako material bilketarik edo isuririk eginen, eta makinak ez dira eremu horietan kokatuko. Lurzatien arteko banaketen mugak eta bertan dagoen landaredia mantentzea lehenetsiko da, egun dauden harri metak errespetatuko dira, faunarentzat intereseko lekuak direlako gehienbat nekazaritzarako den ingurune baten barruan. Neurri hau aplikagarria izanen da lurpeko linea elektrikoaren trazadurak eta zangek ukitutako azaleretan.
8. Lurraren topografia albait gehien errespetatuko da, lurzoruaren eta landarediaren gaineko eraginak saihestuz profil naturalak birmoldatzeagatik. Zelaitze lanek ez dute ekarriko 2 m-tik gorako altuerako lur erauzketarik edo betelanik (salbuespen gisa 3 m). Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 3H/2V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilduak izanen dira, eta lubetetako ezponden gainean gutxienez landare lurrezko 30 cm-ko geruza jarriko da. Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek eragindako azalera guztietatik landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko sakonerako profil batean (okupazio iraunkorreko edo aldi baterako azalerak). Material hori horretarako hautatutako espazioetan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuz.
9. Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko eta obra horretan bertan erabiltzeko ahalegina eginen da. Hondeaketak eta zangaren exekuzioa bukatzean sobera dauden lurrak nekazaritzako lurzatietan zabaltzen ahalko dira, baina ez hurbileko etzeetan edo landaredi naturalean. Lur soberakinik egotekotan, hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko espazio narriatuak lehengoratzea. Lehengoratzeko lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera lekutuko dira. Azterketa geotekniko zehatza egin ondotik, modulu edo jarraitzaile fotovoltaikoen euste elementuak lurrean zuzenean tinkatuko dira, ahal den guztietan, pilote edo hormigoizko zapataren erabilera saihesteko edo ahalik eta txikiena izan dadin.
10. Lur mugimenduak euri garaian egiten badira, eta sedimentuak eramaten badituzte eremua zeharkatzen duten erreketara, drainatze osagarriak eginen dira, jariatze urei eusteko sistema sendoetara bideratuz; urak lurzoruaren drainatze sare naturalean isuri aitzinetik kokatutako puntuetan ezarriko dira sistema horiek.
11. Proiektatu beharreko drainatzeei dagokienez, diseinuak bermatu beharko du dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen aldatuko, eta eremuko jariatze ura isurbide naturaleko puntuetara bideratuko dela, erosio eremu berriak sortzea saihestuz, drainatze sare naturaletara solidoak arrastatzea saihestuz eta jariatze uren ondorioz alboko nekazaritzako lurzatietan kalteak sorraraztea ekidinez.
12. Zangetan dauden erreka eta sakanetan gurutzatzeak egiteko lanak udan eginen dira, eta saihestuko da materialak, hormigoia edo solidoak ur ibilgura eramatea.
13. Ibai ibilguak eta horiei lotutako landaredia lehen mailako konektore linealtzat hartzen dira. Konektagarritasun ekologikoa bultzatzeko, proiektatutako inguratzaileen itxitura guztiak atzeraeman eginen dira, ibai ibilguetan dagoen landareditik bereiziz, iraunkorra nahiz aldi baterakoa izan. Bitácora 6 instalazioari dagokionez, 3. poligonoko 109. lurzatiaren iparraldean eta ekialdean proiektatutako instalazioetan, itxitura gutxienez 15 metro bereiziko da izenik gabeko ibilgutik, landarediari ez eragiteko.
14. Aldeko txostena duten instalazioen ondoko eremuetan dauden zuhaitzak ez dira inola ere kaltetuko.
15. Perimetroko hesiak ahalik eta gehien egokituko dira eguzki-instalazioen formara, eta lursailak ixten dituzten uharteak, isatsak eta mingainak saihestuko dira, gero ez badute energia instalaziorik edo erabilera eratorri justifikaturik izanen. Era berean, eguzki-plakarik izanen ez duten eremu eta lurzatietan ez da hesi iraunkorrik paratzen ahalko.
16. Basoguneekin eta zuhaiztiekin muga egiten duten hesi guztiak atzeraeman eginen dira, landareditik gutxienez 15 metrora eraikiz.
17. Perimetro hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Hesia diseinatuko da iragazkortasuna hobetzeko tamaina txikiko faunarentzat, eta elementu zorrotzak edo ebakitzaileak saihestuko ditu.
18. Inguruko hesia seinalez markatzeko neurriak hartuko dira, hegaztiek ikus ditzaten, landare naturalez egindako pantailak eratuz, edo plakak jarriz, metalikoak hobe, 15x30 edo 20x20 cm-koak, zuriak edo kontraste handikoak, batetik bestera bi metroko tarte horizontala utziz eta bi ilaratan jarrita, itxituraren altuera desberdinetan, modu alternoan kokatuta.
19. Proiektuen prebentzio eta zuzenketa neurrien artean, obrek eragiten dituzten eremu guztietan landare lurrezko geruza mantentzeaz gain, eta bereziki, jarraitzaileen artean, lurra harrotu eta ereintzarako prestatuko da, eta ereintza edo hidroereintza eginen da.
20. Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.
21. Landaketarik eginez gero, azarotik otsailera bitartean eginen dira, obrak akitu ondotik, eta mantentze ureztaketa eta zainketak eginen dira, proiektuen bizitza osoan egokiro egonen direla bermatzeko. Gainera, babestu eginen dira, artzaintzak eta basa faunak ez kaltetzeko (hodi babesleak eta tutorea jartzea).
22. Proiektuaren kokapena bat datorrenez espezieek (hala nola miru gorria, mirotz urdina eta zuria) habiak egiteko habitat egokiekin, lanak hasi aitzinetik habiak miatuko dira, betiere obrak martxoaren hasieratik uztailaren erdialdera bitartean egiten badira.
23. Kable edo drainatze zangak estali aitzinetik, ikuskapena eginen da, ustekabean barrura erori den fauna alerik ez dagoela egiaztatzeko.
24. Lanak egin bitartean Nafarroako landare eta animalia mehatxatuen katalogoetan edota Espainiako espezie mehatxatuen katalogoan jasotako espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.
25. Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako plagizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.
26. Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.
27. Suteen prebentzioari dagokionez, obrak egiten ari diren urtean, eta ondorengo funtzionamendu urteetan, baso suteak prebenitzeko lurzoru urbanizaezinean sua nola erabili arautzen duen Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko da, baita Babes Zibilak zehazten dituen baldintzak ere.
28. Erabilerari lotutako eraikinak (transformazio zentroak, azpiestazioa eta abar) ingurunearekiko harmonia errespetatuz diseinatuko dira, eremuko eraikin motekin bat eginez eta kolore ez-nabarmenak erabiliz, ingurunean integratzea errazteko.
29. Instalazioetan argiteria planteatu bada (eguzki-instalazioak eta azpiestazioak barne), ezinbestekoak diren argiak jarriko dira soilik. Kanpoko argiztapena erabiliko da behar den lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.
30. Lanak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta lanen hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Lanek eragindako gainazal guztiak, aldi batez eragindakoak barne, harrotu eginen dira eta, behar izanez gero, landare lurraren geruza batez estaliko dira, zeina lehenago kendu eta behar bezala pilatuko baita. Lanak bukatzen direnetik sei hilabete igaro baino lehenago, eragindako gainazal guztietan belardiko inguruko espezie autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da, ez bada laborantzarako lurrak direla.
31. Erdi tentsioko eta goi tentsioko lineen lurpeko hodiak lehendik dauden bideen trazadurari jarraitzen dioten zatietan, bide horiek obraren akaberan jarri behar dira, haien funtzionaltasuna erabat berrezartzeko.
32. Eraikuntza proiektua baimendu aitzin, paisaiaren arloan eskumena duen unitatearen aldeko txostena eduki beharko da.
33. Proiektua baimendu aitzin, sustatzaileak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena eskuratu beharko du, Nafarroako kultur ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
34. Estepako abifaunari laguntzeko neurri osagarri gisa, parkearen bizitza baliagarri osoan, nekazaritza eta ingurumen arloko neurriak ezarriko dira, azkenean baimentzen den eguzki-instalazioaren azalera bereko eremu batean, eguzki-parkearen inguruko estepa esparruetan. Azalera hori lehorreko zereal alorretako lurzatietan banatuko da, estepako hegaztientzako habitat egokiarekin, eta, haiek hautatzeko eta kudeatzeko modua aukeratzeko, Ingurumen Ebaluazioaren Atalari aholkua eskatzen ahalko zaio. Zerbitzu horri aukeratutako lurzatien zerrenda aurkeztu beharko zaio, onets dezan.
35. Lurzati horiek erabiltzeko eskubidearen erabilgarritasuna egiaztatu egin beharko da, bai eta lursailen jabeekin eta/edo nekazariekin hitzartutako akordioak ere. Lurzati horien kudeaketa Jarraipen eta Zaintza Planean zehaztu beharko da, eta lanei ekin aurretik aurkeztu beharko da; aukerak izan daitezke, besteak beste, lugorri uztea eta 2-3 urtetik behin kontrolatzea landarediaren garapena, azaro-otsail arteko azaleko labore lan bat eginez, edo lugorrien kudeaketarako beste hainbat eredu, betiere fitosanitarioen erabilera baztertuz eta labore lanak ugaltzeko garaitik (martxotik abuztura) kanpo eginez.
36. Ez dira erabiltzen ahalko energia berriztagarrietarako beste proiektu batzuengatiko konpentsazio neurri gisa ezarritako nekazaritza eta ingurumen arloko neurriak dituzten lurzatiak.
37. Obrak hasi aitzin, ingurumen inpaktuaren azterketaren konpentsazio neurriei buruzko 12. eranskinean adierazten den zuhaitz eta zuhaixka landaredia landatzeko proiektua aurkeztu beharko da, baldin eta eragin horrek txosten honetan ezarritakoa bete ondoren ere bere horretan jarraitzen badu. Inguruko landaredi serieko espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatzeko. Zurezko eta basogintzako landareen haziak ingurukoak bertakoak izanen dira, Ekoizpeneko Baso Materialaren Jatorri eta Erabilera Eskualdeetako arauen arabera. Lanak bukatu eta 6 hilabete igaro baino lehen bukatu beharko dira landareztatze lanak. Landaketak landaketa garaiaren, klima baldintzen eta abarren mende daudenez, obrak bukatu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, instalazioen bizitza baliagarri guztian.
iii) Ingurumena zaintzeko plana.
38. Planaren behin betiko bertsioa Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuarekin adostu beharko da, eta ezartzen diren eskakizunak beteko dira. Ingurumen inpaktuaren azterketan proposatu den ingurumen zaintzako programa beteko da, honako ezaugarri hauek gehituta:
39. Plan horretan, gutxienez eraikuntza fasean zehar, ingurumen organoari hileko txostenak bidaliko zaizkio, ez soilik urteko txostena.
40. Era berean, lehen bi urteetan, ingurumen organoarekin adostutako bisita planarekin bat (ingurumen zaintzako planean ezarriko da), inguruko hesiarekin edo modulu fotovoltaikoekin talka egitearen ondorioz hildako hegaztien gorpuzkiak bilatuko dira. Nafarroako edo Espainiako espezie mehatxatuen katalogoan dagoen espezieren bat aurkitzekotan, edo faunaren ezohiko heriotza tasa bat antzematen bada, berehala jakinaraziko zaio Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Hirugarren ustiapen urtea hasten denetik aurrera, lortutako datuen arabera eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren baimena jaso ondotik, ahalegina murrizten ahalko da.
iv) Lehengoratzeko eta eraisteko plana.
41. Obra hasi aitzin, sustatzaileak lehengoratze planaren proiektu xehatua eta aurrekontuduna aurkeztu beharko dio ingurumen organoari, eta Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ontzat eman beharko du. Inguruko landaredi serieko espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatzeko. Zurezko eta basogintzako landareen haziak zonaldekoak izanen dira, Ekoizpeneko Baso Materiala Identifikatzeko eta Erabiltzeko Eskualdeetako arauen arabera. Lanak bukatu eta 6 hilabete igaro baino lehen bukatu beharko dira landareztatze lanak. Landaketak landaketa garaiaren, klima baldintzen eta abarren mende daudenez, obrak bukatu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri guztian.
42. Proiektuaren balio bizitza bukatuta, instalazio guztiak deseginen dira, eta okupatutako lurrak jatorrizko egoerara lehengoratuko dira. Uzte eta eraiste aldiak lehengoratze proiektu espezifiko baten xede izan behar du. Sustatzaileak aurkeztuko du, eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena beharko du.
3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4.–Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Basozainak-Ingurumena Babesteko Taldeari (Lizarra hegoaldeko barrutia) eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urriaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–JENDAURREKO INFORMAZIOAREN IZAPIDEAREN EMAITZA
Jendaurrean jarri ziren, 30 egunez, «Azafea 4» (5426-CE), «Bitácora 6» (5427-CE), «Cabo de Buena Esperanza 5» (5428-CE), «Astrolabio 3» (5429-CE) eta «Cabo de Hornos 4» (5430-CE) eguzki-instalazio fotovoltaikoen aurreproiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketak. Horietako bakoitzak 4,99 MW-ko potentzia du, lurzoruan instalatuko dira eta transformazio eta ebakuazio azpiegiturak izanen dituzte. Lerin, Oteitza eta Villatuerta udalerrietan kokatuko dira. Jendaurrean jartzeko, iragarkia argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (67. zk., 2025eko apirilaren 3koa).
Proiektu bati buruz (zehazki Astrolabio 3 proiektuari buruz) alegazio bat aurkeztu zuen partikular batek (Francisco Javier Rolán). Alegazioa instalazio hori kokatuko den lursailen erabilgarritasunari buruzkoa da; izan ere, familiak eremu horietako larreak erabiltzen dituela aipatzen du, eta sustatzaileari bilera bat egiteko eskaera egiten dio.
Alegazioaren xedeak ingurumen ebaluazioaren irismena gainditzen du. Hala ere, sustatzaileak adierazi zuen adostasuna lortzen saiatzen ari dela.
II. ERANSKINA.–ERAGINDAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOENTZAT ETA PERTSONA INTERESDUNENTZAT IREKITAKO KONTSULTA IZAPIDEAREN EMAITZA
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritako eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean egindako kontsulta prozesuari dagozkion erantzunak jaso dira. Erantzun hauek jaso dira:
KONTSULTA EGIN ZAIEN ERAKUNDEEN ZERRENDA | JASOTAKO ERANTZUNAK 1. KONTSULTA |
INGURUMEN EBALUAZIORAKO ATALA | |
PAISAIAREN ETA LANDA LURZORUAREN ATALA | X |
KONTSERBAZIO ZERBITZUKO USTIAPEN ATALA (HERRI LANAK) | X |
ONDARE ARKITEKTONIKOAREN ATALA | |
ERREGISTROAREN, ONDASUN HIGIGARRIEN ETA ARKEOLOGIAREN ATALA | |
LERINGO UDALA | |
OTEITZAKO UDALA | X |
VILLATUERTAKO UDALA | X |
EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA | X |
I-DE, REDES INTELIGENTES SAU | X |
TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA | X |
NEDGIA NAVARRA SA | X |
ESPAINIAKO ORNITOLOGIA ELKARTEA - SEO BIRDLIFE | |
NAFARROAKO EKOLOGISTAK MARTXAN | |
AGUAS DE NAVARRA SA | |
CANAL DE NAVARRA SA | X |
Iragarkiaren kodea: F2513069
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
