212. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1158E/2025 EBAZPENA, urriaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Artabil-Zaldua" proiekturako , barne hartuta Orkoiengo SET i+DE 66kV azpiegiturara bitarteko ebakuazio-instalazioa. Proiektua Inver Generacion 3 SL enpresak sustatu du, Orkoiengo udal mugartean.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura haste aldera, Nafarroako Gobernuaren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira bidali du energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Artabil-Zaldua" proiektua, barne hartuta Orkoiengo SET i+DE 66kV azpiegiturara bitarteko ebakuazio-instalazioa. Proiektua Inver Generacion 3 SL enpresak sustatu du, Orkoiengo udal mugartean.

Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, jarduera sartuta dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko n) apartatuan, bai eta lege horrek izan dituen ondorengo aldaketetan ere. Beraz, han ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

1. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.

2025eko otsailean, sustatzaileak organo eskudunaren aurrean aurkeztu zuen energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Artabil-Zaldua" proiektua, barne hartuta Orkoiengo SET i+DE 66kV azpiegiturara bitarteko ebakuazio-instalazioa, eta proiektuarentzat administrazio-baimena eskatu zuen, bai eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko ere.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jasotako dokumentazioari buruzko kontsultak egin zituen eta proiektua jendaurrean jarri zuen, iragarkia argitaratuta 2025eko martxoaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (62. zk.). Orobat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraztea helburu, proiektu berriaren dokumentazioa bidali zion Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin die proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta interesdunei, oharrak edota iradokizunak egin ditzaten, haien eskumeneko gaiei buruz. Zehazki, honako hauei egin die kontsulta: Orkoiengo Udala; Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala; Ekologistak Martxan Iruñea, Gurelur Natura Babesteko Nafarroako Funtsa; Lurraren Defentsarako Lurra Elkartea; Sustrai Erakuntza Fundazioa; eta Goristi Natur Zientzien Elkartea. Soilik Orkoiengo Udalak erantzun du.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera argitzeko ea proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.

Aurkeztutako dokumentazioan ingurumen gaiei buruzko dokumentu bat dago, bat datorrena Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterlanak honako alderdi hauek jasotzen ditu: alternatiben analisia, kaltea hartzeko arriskua duten ingurumen faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sorraraz ditzaketen ekintzen identifikazioa eta ingurumen faktoreen gaineko eragin nabarmenen ebaluazioa, barne hartuta eragin sinergikoak eta metatze eraginak, ezbehar larri edota hondamendien aurreko kalteberatasunaren ondoriozkoak, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak, eta ingurumen-jarraipena egiteko jarduketak. Neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu ondoren, azterlanaren balorazioa da inpaktu gehienak bateragarriak edo garrantzi gutxikoak direla.

2. Proiektuaren deskribapena.

Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko "BESS Artabil-Zaldua" instalazioa energia metatzeko sistema bat da, ion-litio teknologiako biltegiratze elektrokimikoan oinarritua. Proiektuaren helburua sarearen malgutasunean laguntzea da, ekoizpen handiko uneetan energia biltegiratuz eta eskari handieneko uneetan sarera bideratuz, eta, hala, energia berriztagarrien integrazioa sustatuz.

Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazioa zortzi bateria multzok osatuko dute, elkarren artean interkonektatuta egonen direnak, bai eta SET-Orkoien 66/20kV azpiestazio biltzaile/jasotzailearekin ere. Azpiestaziotik, energia Orkoiengo SET 66kV i+DE azpiegiturara bideratuko da lurperatutako 66 kV-eko 720 metroko linea elektriko batez bitartez, eta, jarraian, bertatik Red Eléctrica de España enpresaren mendeko sistema elektriko nazionalarekin interkonektatuko da Orkoiengo 220 kV-eko garraioko korapiloan. Proiektu guztia, beraz, Orkoiengo udal-mugartean gauzatuko da.

Proiektua perimetralki hesitutako eremu batean garatuko da, non energia baterietan biltegiratzeko zortzi BESS sistemek eta gainontzeko ekipoek biltegiratze-instalazioa osatuko duten.

Instalaziora egun dagoeneko existitzen den nekazaritzako bide batetik sartzen ahalko da, Orkoiengo herrira PA-30 autobidetik sartzeko errepidetik abiatzen dena.

3. Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.

–Alternatiben azterketa:

Aurkeztutako ingurumen-dokumentuak barne hartzen du alternatiben analisi bat, 0 alternatiba eta instalazioa jartzeko balizko hiru kokaleku jasotzen dituena, guztiak ere potentzialki bideragarriak. Sustatzaileak ezetsi egin du 0 alternatiba, uste baitu proiektua gauzatzeak ekarriko duela kutsadura gutxitzea, energia-mendekotasuna txikitzea eta berotegi efektuko gas gutxiago sortzea.

Gainerako hiru alternatiben kasuan –guztiak ere lehorreko zerealak landatzera bideratutako nekazaritzako lursailetan kokatuak, oso antzeko ingurumen-ezaugarriak dituztenak–, irizpide anitzeko azterketa egin da, alderdi teknikoak, ingurumenekoak eta sozialak kontuan hartuta, eta ondorioztatu da 1. alternatiba dela egokiena.

–Geomorfologia eta lurzoruak:

Aurkeztutako ingurumen gaiei buruzko dokumentuaren arabera, lurzoruaren gaineko inpakturik nabarmenena eraikuntza fasean gertatuko da, lurrean aldaketak eginen baitira eta higatzeko arriskua handitu eginen baita lur-mugimenduen eta landare-estalkia kentzearen ondorioz, batez ere eremu maldatsuetan.

Hala ere, instalazioa ezarriko den eremuaren ezaugarri geomorfologiko adierazgarriena erliebe lau (<% 3) eta leunen (% 3-10) presentzia da. Ingurumen-dokumentuaren arabera, energia baterietan biltegiratzeko BESS sistemak eta SET-Orkoien 66/20kV azpiestazio biltzaile/jasotzailea kokatzeko esparruak erliebe lau eta leuneko lursailak dira, eta ebakuazio-linea aldapa moderatu (% 10-20) eta gogorreko (% 20-30) guneetatik igaroko litzateke, eta, azken zatian, bide azpiegiturek eta urbanizatutako guneek ukitutako eremuetatik. Ez litzateke sartzeko biderik eraiki behar, egungoak aprobetxatuko bailirateke.

Hori guztia aintzat hartuta, lur-mugimenduak minimoak lirateke, eta alterazio geomorfologikoak eta higadura-arriskua oso txikiak. Horrenbestez, ingurumen-dokumentuak aipatu faktoreekiko inpaktu gehienak garrantzi gutxikoak jotzen ditu, eta inpaktu garrantzitsuena bateragarritzat.

–Flora eta landaredia:

Azterketa eremua biziki antropizatuta dago, eta nekazaritza erabilera nagusitzen da: lehorreko zerealen laborantza. Zehazki, energia baterietan biltegiratzeko BESS sistemak eta SET-Orkoien azpiestazio biltzaile/jasotzailea kokatzeko esparruak oso-osorik proiektatzen dira lehorreko zerealen laborantzako lurretan. Ebakuazio-lineak, berriz, lehorreko zerealen laborantzako lurrak ez ezik, lursail ez-emankorrak, zuhaitz hostotsuen eremu bat Urtxikia ibaiaren ondoan eta zenbait bide-azpiegitura dauden lursailak ere zeharkatzen ditu. Ingurumen-dokumentuaren arabera, ez da mehatxupean den flora berezirik ukituko, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.

Inpaktu nagusiak obren fasean izanen dira: ukitutako azalera guztietan landare-estalkiak alterazioa izanen du eta obra eremuaren ondoko inguruetan landaredia degradatu eginen da.

Hala ere, aintzat hartu behar da instalazioak nekazaritzako partzeletan edo interes ekologikorik gabeko begetazio erruderaleko eremu ez-emankorretan kokatuko direla nagusiki –salbuespen bakarra ebakuazio-azpiegiturak Urtxikia ibaia zeharkatuko duen gunean ibaiertzeko begetazioak pairatuko duen eragina da, eta, bertan, sustatzaileak gomendatu du ibaia gurutzatzeko gidatutako zulaketa bat egitea–Hori guztia aintzat hartuta, ingurumen-dokumentuak inpaktu handienak ere bateragarritzat jotzen ditu.

–Fauna, eta faunaren aldetik interesa duten guneak:

Ingurumen-gaiei buruzko dokumentuan, proiektuak eragindako laukietan aipatutako espezieen inbentario bibliografikoa jaso da, lehorreko espezieen Espainiako inbentarioaren arabera, aldeko 10 kilometrorekin, UTM koordenatu-sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera. Inbentario horretan aipatzen dira 98 hegazti espezie, 32 ugaztun espezie, 11 anfibio espezie, 16 narrasti espezie eta 9 arrain espezie. Instalazioaren ezarpen eremuak ez du ukitzen faunaren aldetik interesa duen eremurik.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hauek izanen dira, batez ere, faunaren gaineko inpaktuak: habitataren alterazioa edo galera, eragozpenak sortzea eta desplazamenduak gertatzea, eta heriotza eragitea, dela harrapatzeagatik, dela talka egiteagatik edota elektrokutatzeagatik.

Hala ere, ingurumen-dokumentuaren arabera, ezarpen eremuak ez du eragin handirik intereseko faunan, haren hedadura txikiagatik, kokapenagatik eta hartzen duen eremuaren kalitate ekologiko eskasagatik. Eremua erabiltzen duten espezie gehienek ez dute kontserbazio arazo larririk; aitzitik, espezie jeneralistak dira, gizakiaren presentziara egokituak, eta inguruan ohikoak. Era berean, inguruko lurralde osoa aintzat hartuta, uste da instalazioa ezarriko den eremua galtzeak ez duela eraginik ekarriko tokiko harraparien jardun eremuan. Sustatzailearen arabera, faunaren gainean eragindako afekzio gehienak ez dira nabarmenak, eta larrienak ere bateragarritzat jotzen ditu.

Atal honen ustez, nahiz eta instalazioa ezarri nahi den partzelako habitata egokia izan faunak une batzuetan erabiltzeko, kontuan hartuta partzelaren hedadura txikia, kalitate eskasa, ingurunearen antropizazio handia eta bertan dauden gainerako azpiegiturekin batera sortutako eragin metatuak eta sinergikoak, ez dirudi instalazioaren ezartze eremua inguru aproposa denik intereseko espezieek edo espezie katalogatuek erabil dezaten, eta, beraz, proposatutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak aintzat hartuta, proiektua gauzatzea faktore horrekin bateragarria dela uste da.

Hala ere, Urtxikia ibaiaren ibilguaren, ibaiertzeko begetazioaren eta faunaren gaineko afekzioak saihesteko, beharrezkotzat jotzen da gidatutako zulaketa bat egitea azpiegiturak ibaia gurutzatzeko, behar besteko zabalera izan behar duena ibaiaren inguruko begetazioa ez kaltetzeko (zuhaitzak zein zuhaixkak).

–Kutsadura akustikoa:

Aztertutako eremua biziki antropizatuta dago, inguruko errepideak nabarmentzen direlarik bereziki (A-15, NA-700, NA-7001 eta PA-30), zarata-iturri nagusiak izaki.

Aurkeztutako ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren ezarpenarekin lotutako zarata-mailen hazkunde nabarmenik ez da espero ustiapen-fasean. Hori bai, zarata areagotu eginen da, eta batez ere instalazioko klimatizazio-ekipoek sortutakoa izanen da.

Edozein kasutan, sustatzailearen arabera, zarata-mailek ez dituzte indarrean dagoen araudian ezarritako atalaseak gaindituko, eta, gainera, zarata gutxitzeko landare-hesi bat jarriko da energia baterietan biltegiratzeko BESS sistemak eta SET-Orkoien azpiestazio biltzaile/jasotzailea kokatuko diren esparruen inguruan. Horiek horrela, sustatzailearen arabera, inpaktua ez da nabarmena izanen ezein fasetan.

–Historia eta kultur ondarea:

Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren exekuzioak ez du inolako aztarnategi arkeologikorik edo ondare kulturalik ukituko; gainera, neurri prebentibo gisa, lurrak mugitzeko fasean zehar, egiaztatutako teknikari arkeologo batek lanen jarraipena egitea proposatzen da. Hori aintzat hartuta, bai eta proiektua exekutatu aurretik azterketa arkeologiko bat egin beharko dela, indarrean dagoen araudia betetzeko betebeharra dagoela eta proposatutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatuko direla, inpaktua bateragarritzat jotzen da.

–Paisaia:

Proiektua gune oso lau batean kokatuta dago, aldapa leunak dituena, lautada zabal bat osatzen dutena, zuhaitzik gabe eta nekazaritza tradizionaleko lursail handiekin. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentuaren arabera, gunea errepideek, bideek, linea elektrikoek eta bestelako azpiegitura linealek zeharkatzen dute egun, eta, horrenbestez, ingurunearen antropizazioa handia da, paisaiak azpiegitura hartzeko duen gaitasuna areagotzen duena.

4. Proposamena.

Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak txostena eman du, eta adierazi ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio arruntaren tramitazioa hasi behar, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen-inpaktua bateragarria izanen dela tokiko ingurune naturalaren balioekin; horrenbestez, aldeko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea proposatzen du energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko "BESS Artabil-Zaldua" proiektua egiteko, barnean hartzen duena ebakuazio-instalazioaren azpiegitura, betiere proiektuak betetzen baditu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen gaiei buruzko dokumentuan proposatutako neurriak, eta, horiez gain, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1.–"BESS Artabil-Zaldua" proiektuak, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan, ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, eta, beraz, ez dela egin behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta. Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Artabil-Zaldua" proiektuak barne hartzen du Orkoiengo SET i+DE 66kV azpiegiturara bitarteko ebakuazio-instalazioa, eta Inver Generacion 3 SL enpresak sustatu du, Orkoiengo udal mugartean.

2.–Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da obrak egiten hasi aurretik.

Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

–Paisaiaren gaineko eraginei dagokienez, Lurralde eta Paisaia Atalaren aldeko txostena lortu beharko da.

–Energia baterietan biltegiratzeko BESS sistemak eta SET-Orkoien azpiestazio biltzaile/jasotzailea hartuko dituzten guneak, lurzoruaren topografia naturalera egokitu beharko dira, obrak egin bitartean erasanak guztiz ezinbestekoak diren eremuei soilik eragiteko moduan eta lur-mugimenduak ahalik eta txikienak izan daitezen.

–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak nekazaritzako lursailetan edo gune antropizatuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredia naturalak estalitako eremuetan.

–Lanak egin bitartean katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Urtxikia ibaiaren ibilguaren, ibaiertzeko begetazioaren eta faunaren gaineko afekzioak saihesteko, beharrezkotzat jotzen da azpiegiturak ibaia gurutzatzeko gidatutako zulaketa bat egitea, behar besteko zabalera izan behar duena ibaiaren inguruko begetazioa ez kaltetzeko (zuhaitzak zein zuhaixkak).

–Bisoi europarrari kalterik ez egiteko, Urtxikia ibaiaren ondoko obrak irailaren 1etik martxoaren 30era bitartean eginen dira, hau da, espezie horren ugaltze aldi kritikotik kanpo.

–Argi puntuak ezinbesteko gutxienekora mugatuko dira, eta, ahal den guztietan, eragozpenak sortzeko arriskua dakarten guneetatik urrun jarriko dira. Argi kutsadura minimizatzen duten argiak erabiliko dira, intentsitate txikikoak, eta gainaldean estalkia dutenak, ahalik eta argi gutxien igortzeko gorantz.

–Ingurumen arloko integrazioa:

  • Lanak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, bereziki zuhaiztiak, lan eremua ahalik eta txikiena izanen da, eta eraginik jaso ezin duten eremuak balizatuko dira.
  • Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek aldi baterako nahiz iraunkorki eragindako azalera guztietatik landare-lurra kenduko da, gutxienez 20 cm-ko sakonerako profil batean. Material hori propio horretarako hautatutako guneetan metatuko da, 1,5 metrotik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, geroago lehengoratze lanetan berrerabiltze aldera.
  • Lur-mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran berean erabiliz. Lur-soberakinak, halakorik izanez gero, hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.
  • Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta okupatu den eremu osoko obra-hondarrak garbituko dira, hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuz.
  • Obrek eragindako gainazal guztiak, behin-behinean bada ere, behar bezala leheneratu beharko dira, aurreko egoera eta erabilera berreskura dezaten. Harrotu eta ereintzarako prestatuko dira, eta belardi autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da bertan. Belar horiek egin beharreko jarduerarekin bateragarriak izan beharko dute, eta agente polinizatzaileen presentzia erraztu. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada edo halako geruzarik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurrez estaliko da gainazala, gutxienez 20 cm-ko geruza batekin; geruza hori aurretik behar bezala erauzi eta metatu behar da. Lanak bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari, mezu elektronikoa bidaliko dio Iruñeko Koordinazio Unitateari (gmapamplona@navarra.es).

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

3.–Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak, hala badagokio.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Iruñeko Koordinazio Unitatea) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urriaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2513003