1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko urriaren 8an hartua, deklaratzen duena presakoa dela "Iruñerriko ibai parkea handitzea. Tartea: Ibero-Etxauri" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak 2025eko apirilaren 28an hartutako erabakiaren bidez, "Iruñerriko ibai parkea handitzea. Tartea: Ibero-Etxauri" izeneko proiektua onetsi zen, desjabetze-espedienteari hasiera eman zitzaion eta hasierako onespena eman zitzaion proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendari. Desjabetze horren onuraduna "Iruñerriko Zerbitzuak SA" da. Gainera, aipatutako proiektuaren onura publikoa aitortu eta deklaratu zen, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra ere, proiektua onesteak inplizituki hori baitakar. Ebazpen hori 2025eko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 22koan.
Jendaurrean egoteko epea igarota, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak, 2025eko abuztuaren 25ean egindako bilkuran, behin betiko onetsi zituen aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa zela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Erabaki hori 2025eko 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 4koan.
Iruñerriko Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan 2025eko irailaren 17an aurkeztutako eskabidearen bidez, eskatu du presakoa deklara dadila "Iruñerriko ibai parkea handitzea. Tartea: Ibero-Etxauri" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko. Aurkeztutako agirien artean, presa hori justifikatzen duen txosten bat dago, 2025eko irailaren 11koa.
Iruñerriko Mankomunitateak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da irin-fabrika eraitsi ondoren orube bat geratu delako eta hango albo batetik Sarbil mendilerroko lurpeko uretatik datorren iturburua igarotzen delako. Lurpeko ur horiek Etxauriko errota zaharrean azaleratzen dira, eta irinak ekoizteko behar zen energia sortzeko asmamen hidraulikoa (irin-fabrika) elikatzen zuten. Gainazaleko ibilgu bat da, orubean finkatua eta harri-horma batez inguratua dagoena, eta ur-emari handia darama. Une honetan, agerian gelditu da behin-behinean, eta babestu egin da. Beraz, presako jarduketa bat egin behar da ingurunetik behin betiko isolatzeko eta, horrela, ibai-pasealekuaren eta sortu behar den aisialdi-eremuaren erabiltzaileek segurtasun handiagoa izanen dutela bermatzeko.
Gainera, tokiko entitateak entitate horretako idazkaritzak emandako ziurtagiri bat aurkeztu du, non adierazten baita espedientean jaso dela "Iruñerriko Zerbitzuak SA" sozietatearen zuzendari kudeatzailearen ebazpen bat, zeinaren bidez erabakitzen baita behar diren zenbatekoak agintzea "Iruñerriko ibai parkea handitzea. Tartea: Ibero-Etxauri" proiektuari dagokion desjabetze-prozedurak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua eta gainerako betebehar ekonomikoak ordain daitezen.
Horrekin guztiarekin, Iruñerriko Mankomunitateak Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu du, "Iruñerriko ibai parkea handitzea. Tartea: Ibero-Etxauri" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetzea presakoa dela deklaratzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Deklaratzea presakoa dela "Iruñerriko ibai parkea handitzea. Tartea: Ibero-Etxauri" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urriaren 8an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.
Iragarkiaren kodea: F2513117