212. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

87/2025 FORU AGINDUA, urriaren 7koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 21eko 67/2025 Foru Agindua aldatzen duena. Foru Agindu horren bidez onetsi ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko arauak, 2025eko ekitaldirako, bai eta 2026ko ekitaldikoak irekitzeko arauak ere.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 123. artikuluak ezartzen duenez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio erregelamendu ahalmena erabiltzea kontuen eta kontabilitate publikoari buruzko gainerako agirien egitura, justifikazioa, tramitazioa eta kontu-ematea zehazteko. Kontabilitate-programa bertsio berri batera migratu da, eta horrek eragin berezia izan du 2025eko eta 2026ko ekitaldiak ixteko eta irekitzeko arauetan. Arau horiek onetsi ondoren, departamenturen batean duten eragin berezia aztertu da, eta, horren ondorioz, jarduketetarako egutegi berri bat zehaztu da. Ondorioz, beharrezkoa da uztailaren 21eko 67/2025 Foru Aginduaren eranskinean jasotako mugarri batzuk aldatzea.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 21eko 67/2025 Foru Aginduaren eranskinean aldaketa hauek egin daitezela onestea:

1.–Ondoriorik gabe uztea 1.1.4. apartatuaren bosgarren eta seigarren paragrafoak. 1.1.4. apartatuaren bosgarren paragrafoa:

"Salbuespen gisa, abenduaren 12a baino lehen erregistratu beharko dira ekonomiko hauekin bat datozen fakturak: 600 (Lurrak eta natur ondasunak), 602 (Eraikinak eta beste eraikuntza batzuk) eta 604 (Garraio materiala). Ez da kontuan hartuko ebazpenarekin edo beste kasu batean izapidetzen diren".

1.1.4. apartatuaren seigarren paragrafoa: "Aurreko paragrafoan aipatutako ekonomikoekin bat datozen faktura guztiak abenduaren 31rako behin betiko kontabilizatuta egon beharko dira".

2.–Ondoriorik gabe uztea 1.2.1. apartatuaren laugarren paragrafoa.

1.2.1. apartatuaren laugarren paragrafoa: "Aurretiazko eragiketak ez dira kontabilizatuko harik eta sistema erabiltzaile guztientzat irekita egon arte, kontabilitate-migrazioa egin ondoren (urtarrilaren 19tik aurrera izanen da)".

3.–4.1 apartatuko lehen, hirugarren eta laugarren paragrafoetan, "abenduaren 31" dioen lekuan, "urtarrilaren 23a" esan behar du.

2. Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek eta erakunde autonomoek behar diren jarraibideak emanen dituzte foru agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko eta betetzeko.

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Parlamentura, Kontuen Ganberara, Arartekoari, Nafarroako Kontseilura, departamentuetako idazkaritza tekniko nagusietara, erakunde autonomoetara, sozietate eta fundazio publikoetara, Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzura, Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzura, Ekonomia eta Finantza Zerbitzura, Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzura eta kontu-hartzailetza delegatuetara, eta agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela, orok jakiteko eta aplikatzeko.

Iruñean, 2025eko urriaren 7an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2513092