209. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

96E/2025 FORU AGINDUA, irailaren 29koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxeentzat, 2025-2026 ikasturterako. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 859582.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 33.a) artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduera fisikoa eta kirola sustatuko ditu, beste neurri batzuen artean, laguntza eta dirulaguntzen araubide baten bidez.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren bidez esleituak dituen eginkizunen artean dago kirol jarduera sustatzea aipatutako laguntzen bitartez, honako helburu hauek lortzeko, besteak beste:

–Kirol jarduerak eta aisialdikoak sustatzea.

–Kirolaren balioak sustatzea.

–Eskola-umeen kirol jarduerak sustatu eta bultzatzea, bai eta kirola sustatzeko programak ere arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren gizataldeentzat.

Horiek helburu, eta Nafarroako eskola-umeen kirol ibilbidean beste bide bat eratzearren, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak Eskola-umeentzako Kirol Programa gauzatzen jarraitu nahi du 2025-2026 ikasturtean, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuak ematen dituzten ikastetxeetan.

Programa horiek 6 hilabete, gutxienez, iraunen dute, eta 8 hilabete, gehienez, eta gauzatuko dira 2025eko urriaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra arte.

Hortaz, deialdi hau gastu aurreratuko espediente bati dagokio, 2026ko ekitaldiari eragiten baitio. Esan beharra dago 2025ean ez dagoela krediturik programen gastuak ordaintzeko urritik abendura bitartean, eta deialdi honek ez luke zentzurik izanen ezin balira gastu horiek estali 2026ko aurrekontuarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. 2025-2026 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxeei dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu eta baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4811-336100: Ikastetxeetako Kirol Proiektuetarako Dirulaguntza

2026

50.000,00

4. Foru agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko irailaren 29an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauek xede dute prozedura bat ezartzea dirulaguntzak emateko Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxeei, 2025-2026 ikasturterako.

Programek, dirulaguntza jaso ahal izateko, ikastetxe eskatzailearen titulartasunpekoak izan beharko dute eta egin beharko dira oinarri hauetan eta deialdiaren II. eranskinean (programaren ezaugarriak) ezarritako baldintzei jarraikiz.

2.–Deialdiaren helburua.

Dirulaguntzak erabiliko dira hein batean ordaintzeko Eskola-umeentzako Kirol Programak egitean sortutako defizitak, baldin eta titularra ikastetxea bada eta programak 2025-2026 ikasturtean zehar egiten badira.

3.–Eskola-umeentzako Kirol Programa: xedeak eta helburuak.

3.1. Eskola-ume nafarren jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak bultzatzea du helburu programak, heziketaren osagaia nagusi izanik, ohitura har dezaten adinean gora egin ahala jarduera horiekin jarraitzeko; horrela, bizimodu osasungarria bultzatuko da eta umeen egoneko bizitza eta obesitatea, besteak beste, galaraziko dira.

3.2. Hauek dira lortu nahi diren helburuak:

3.2.1. Eskola-ordutegian zein eskola-ordutegitik kanpo ikastetxeek antolatutako jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak egiten dituzten haurren kopurua handitzea. Izan ere, ikastetxeak dira programa oinarritzeko ardatza.

3.2.2. Eskola-ume nafarrek jarduera fisikoetan ematen duten ordu kopurua handitzea.

3.2.3. Eskola-umeentzako Kirol Programaren babesean egiten den jarduera fisikoa baliatzea gizarteratzeko, ongi izateko eta jostetarako tresna gisa, eta horrela lagungarri izatea ikasleen prestakuntza eta hezkuntza integralerako eta nortasunaren garapenerako.

3.2.4. Kirolaren balioak sustatzea, besteak beste, norberaren ahalegina, lana taldean egitea, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, etsaiari errespetua izatea, joko garbia, berdintasuna eta abar.

3.2.5. Programan genero-ikuspegia zaintzea, berdintasun baldintzak ezarrita neska-mutikoentzat, haien hazkunde pertsonala eta soziala onuragarria izan dadin osasunaren eta ongizatearen aldetik. Orobat, programak onurak ekarriko dizkie osasunaren eta ongizatearen aldetik, bizimodu aktiboa, osasungarria eta autonomoa bultzatuko baitu.

Deialdi honetara aurkezten diren kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko programek Eskola-umeentzako Kirol Programaren xede eta helburu orokorrak bete beharko dituzte, aurreko puntuan ezarritakoaren arabera.

4.–Onuradunak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izaten ahalko dira Nafarroan kokatutako unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxeak, baldin eta eskola-umeentzako kirol programa bat garatzen badute 2025-2026 ikasturtean.

4.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira eskola-umeentzako kirol programa hauek:

a) Deialdi berariazkoago batzuen xede direnak edo haien parte direnak.

b) Deialdi honetako I. eta II. eranskinetan ezarritako oinarrietakoren bat betetzen ez dutenak.

4.3. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden ikastetxeei.

5.–Deialdiaren zenbatekoa.

5.1. Deialdiak, guztira, 50.000 euroko zenbatekoa izanen du, honako partida honen kargura: "Ikastetxeetako kirol proiektuetarako dirulaguntza" izeneko A50002-A5110-4811-336100 partida, edo 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaitzen den antzeko partidaren kargura. Dirulaguntza emanen zaie Eskola-umeentzako Kirol Programei (2025eko urriaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra arte egin beharko dira).

5.2. Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egokia eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

6.–Parte hartzeko eskaerak.

Nafarroako unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxeek aurkezten ahalko dute parte hartzeko eskaera.

7.–Eskaerak noiz eta non aurkeztu.

7.1. Dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, eta 2025eko urriaren 31n amaituko da, egun hori barne.

7.2. Dirulaguntzen eskabideak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin, pertsona juridikoak beharturik egonen dira baliabide elektronikoak erabiltzera administrazio publikoekiko harremanetan, edozein administrazio-prozedura tramitatzeko. Beraz, jakinarazpenak nahitaez baliabide telematikoen bidez eginen dira, eta ikastetxeek ezin izanen dute erabaki jakinarazpenak paperean bakarrik egitea. 41.1 artikuluaren arabera, jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira beti, interesdunak jakinarazpenak bide horretatik jaso behar dituenean.

7.3. Dirulaguntzen eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

8.–Hasierako dokumentazioa.

Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

1. Eskabidea (IV. eranskina), barnean dituela dagozkion adierazpenak eta baimenak.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoarekn bat, ikastetxe publikoek ez dituzte aurkeztu beharko Gizarte Segurantzako Diruzaintzako eta Ogasuneko ziurtagiriak. Ikastetxe itundu eta pribatuek ez dituzte zertan aurkeztu, baina baimena eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari egiaztapena egiteko.

2. Heziketa- eta kirol-proiektua (V. eranskina).

Programaren zabalkundean Nafarroako Gobernuaren logoa sartu dela erakusten duen dokumentazioa erantsiko zaio proiektuari.

3. Jardueren deskribapena eta denboran nola banatu diren (VI. eranskina).

4. Proiektuaren aurrekontua (VII. eranskina).

9.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira, soilik, Eskola-umeentzako Kirol Programaren izaerari zalantzarik gabe eta zuzenean erantzuten dioten eta programa garatzen den aldiari (2025eko urriaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra) dagozkion gastu arrunt hauek:

a) Programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria.

b) Programan sartutako jarduerak ematen dituzten monitoreen gastuak.

Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da monitore bakoitzaren titulazioa, prestakuntza eta irakasten duen jardueran duen eskarmentua aurkeztea.

c) Hasierako dokumentazioan aurkeztutako programan sartutako jardueretan egindako joan-etorriak.

d) Instalazioetako gastuak, baldin eta ikastetxeak ez badu berariazko instalaziorik programan sartutako jardueretako batzuk egin ahal izateko.

Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Garraio gastuak edo joan-etorrien gastuak, baldin eta ez badute zuzeneko loturarik egindako jarduerarekin eta ez badira egin programaren ordutegiaren barnean.

b) Jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak, baldin eta Gorputz Hezkuntzako irakasgaiaren osagarri badira edo eskolaz kanpokoak.

c) Nafarroako Gobernuak antolatutako edo finantzatutako eskola kanpainekin lotutako jardueretan parte hartzeak dakartzan gastuak.

d) Kirol ekipamendu ez-suntsigarria, balio duena egokitzapen fisikorako: barrak, pisuak, halterak, diskoak, baloi medizinalak, kettlebell-ak eta antzeko materialak.

e) Elikagaiak eta sukaldeko tresnak, hamaiketako edo askari osasuntsuak egiteko.

f) 2025eko urriaren 1a baino lehen eta 2026ko maiatzaren 31ren ondoren egindako jardueretako gastuak ez dira kontuan hartuko.

10.–Eskaerako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, ikastetxeari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Akatsak zuzentzeko aukera hori egonen da hala hasierako dokumentazioa nola frogagiriak aurkezteko orduan.

11.–Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola Sustatzeko Atala izanen da.

12.–Balorazio irizpideak.

III. eranskinean ezarrita dago baremoa, eta bertan zehazten dira balorazio irizpideak, bakoitzari dagokion haztapenarekin. Balorazio horri esker, entitate eskatzaileen arteko hurrenkera ezartzen ahalko da.

Laguntzak ematen ahalko zaizkie, soilik, 20 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei.

13.–Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

13.1. Deialdi honetako laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskaerak konparatuz, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko 12. oinarrian adierazitako balorazio irizpideen arabera (III. eranskina).

13.2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak 3.500 euro bitarte bideratzen ahalko ditu programa bakoitza finantzatzeko, aurrekontuaren baliabideen arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

13.3. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, III. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati helburuak betetzen dituzten eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

13.4. Lehen banaketan kreditu erabilgarria ahitzen ez bada, gainerako saldoa ikastetxe guztien artean banatuko da, lortutako puntuen proportzioan, kreditua ahitu arte. Kasu horietan soilik, ikastetxe bakoitzari eman beharreko dirulaguntza guztira 3.500 eurotik gorakoa izaten ahalko da programa bakoitzeko. Hala ere, ezin izanen da inola ere gainditu aurkeztutako defizita, ez eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 ere.

14.–Ebazpenak.

14.1. Laguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie hiru hilabeteko epearen barruan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

14.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

14.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza izanen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada (aurrekontu kreditu nahikoa ez egotearen ondoriozkoak barne).

14.4. Deialdi honetan onartzen diren programendako dirulaguntza bateragarria izanen da helburu bererako administrazio berak, bertze administrazio publikoek, bertze entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek, nazional nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bertze laguntza edo baliabide batzuekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

14.5. Ikastetxe onuradunentzako jakinarazpen pertsonala galarazi gabe, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoa betez, deialdi honetan ematen diren laguntzak eta haien onuradun diren ikastetxeen zerrenda nafarroa.eus Interneteko atariaren bidez argitaratuko dira.

15.–Dirulaguntzaren ordainketa.

15.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den programa bukatu ondoren eta ikastetxeak behin aurkeztu dituela 16. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen.

Ordainketa transferentzia bidez eginen da, ordaintzeko ebazpena argitaratu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

15.2. Dirulaguntza emateko ebazpenaren eta gainerako ebazpenen jakinarazpena telematikoki eginen dio Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak ikastetxe bakoitzari, eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan argitaratzearen berri emanen da.

16.–Azken frogagiriak.

Justifikaziorako azken dokumentazioa 2026ko ekainaren 5era arte (egun hori barne) aurkeztuko da, programa hasten denetik 2026ko maiatzaren 31ra arte edo programa bukatzen den egunera arte egindako gastuengatik; dokumentazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko da, agiri bakoitza bere izenarekin behar bezala identifikatuta.

1. Programaren memoria (V. eranskina). Eskabidean bidali eta bete den agiri bera betetzea.

2. Jardueren deskribapena eta denboran nola banatu diren (VI. eranskina). Eskabidean bidali eta bete den agiri bera betetzea.

3. Cuenta de resultados (anexo Vlll).

Erantsi beharko dira, orobat, fakturak edo beste agiri baliokide batzuk, baita ikastetxeak egindako ordainketen frogagiriak ere.

1. Programa hasi baino 15 egun lehenagotik 2026ko maiatzaren 31ra arte egindako gastuen fakturak onartuko dira.

2. Faktura guztien ordainketa datak programa hasi baino 15 egun lehenagotik 2026ko ekainaren 5era artekoa izanen dira.

3. Faktura edo agiri baliokide guztietan, hornitzailearen IFZa agertu beharko da, edo NANa, monitoreen edo laguntzaileen kasuan.

4. Langileentzako ordainketei dagozkien fakturen kasuan, PFEZaren atxikipena agertu beharko da, bai eta ikastetxeak atxikipen hori Nafarroako Zerga Ogasunean sartu izanaren justifikazioa ere.

17.–Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, diruz laguntzen diren programen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egiteko ardura. Eginkizun hori betetzeko, bisitak eginen ditu proiektua garatu bitartean, eta proiektuen koordinatzaileekin bilduko da. Baliteke bisitak aldez aurretik abisatu gabe egitea.

Jarraipena eta kontrola egin ondoren, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikariek uste badute programa ez dela gauzatzen ari programatutakoaren arabera, emandako dirulaguntza ukatzen ahalko da azalpen txosten baten bidez, ikastetxeari aldez aurretik jakinarazita.

18.–Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

18.1. Dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

18.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek horren berri eman beharko dute. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

18.3. Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.

18.4. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea betetzeko, ezinbestekoa da eskaerarekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea, adierazten duena eskatzailea ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko praktikak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik. Adierazpen hori eskabide-orrian erantsi da. (IV. eranskina).

18.5. Dirulaguntzen onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

18.6. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

18.7. Ikastetxe onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

18.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

18.9. 19. oinarrian gardentasunari buruz adierazitako betebeharrak betetzea.

19.–Gardentasun betebeharrak.

Ikastetxe onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urte batean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten ikastetxe pribatu eta itundu onuradunek aipatu foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez, erakundearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

20.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

20.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

20.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematika bidez eginen dira ikastetxe eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektroniko bakarra. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, GHEBa lortzen den helbide berean.

21.–Ez-betetzeak.

21.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, datuak faltsutzeak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin eta jasotako dirua itzuli beharra; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

21.2. Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, aitzineko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko dirua.

21.3. Ikastetxeren batek ezarri diren epeetan betetzen ez badu aurkeztutako programazioa, esleitzen zaion dirulaguntza jaso gabe gelditzen ahal da, edo haren zenbatekoa murrizten ahalko zaio, gauzatutakoaren proportzioan.

22.–Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia. Deialdi honen IV. eranskinean informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

23.–Errekurtsoak.

23.1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

23.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

24.–Aplikatzekoa den legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA–PROGRAMAREN EZAUGARRIAK

1.–Programaren ezaugarri orokorrak.

1.1. Ikastetxe bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Alabaina, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen kasuan, onartuko da hezkuntza-etapa bakoitzerako aldaera bereziak biltzen dituen proiektu bat aurkeztea.

1.2. Programa bakoitza prestatzea Gorputz Hezkuntzako sailari edo arloari dagokio bakarrik; gainera, hura koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz ere arduratuko da.

Ezinbestekotzat jotzen da programa honen eta Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren edukien arteko osagarritasuna ezartzea eta bien arteko koordinazio-tresnak sortzea. Horrela, irakasgai horren curriculum garapenari lotuko zaio programa.

1.3. Herriko udal kirolaren arduradunekin koordinatu beharko da.

1.4. Aurkeztutako programak bermatu beharko du jardueren eskaintza hezkidetzako parametroen arabera diseinatzen eta antolatzen dela, eta eskaintzan hainbat jarduera txertatzen direla ikasle guztientzat, sexuaren araberako bereizketak saihestuz eta, horrela, bide emanez tipikoki "femeninoak" edo "maskulinoak" diren kirol jardueren estereotipoak apurtzeko.

1.5. Aurkezten diren programek, xede eta helburuez gain, ondoko ataletan zehazten diren ezaugarriak ere bete beharko dituzte, programa motei, jarduera motei, langileei, iraupenari eta abarri dagokienez.

2.–Programa motak eta iraupena.

2.1. Motak:

PROGRAMA MOTAK

Goiztiarren gela (eskolarik gabeko ordutegian)

Jolastokia (eskola ordutegian)

Jantokia (eskolarik gabeko ordutegian)

Eskolaz kanpoko jarduerak –lanaldi jarraituko ikastetxeak– (eskola ordutegian)

Arratsaldeko jarduerak (eskolarik gabeko ordutegian)

2.1.1. Eskola ordutegian garatutako programa:

–Jolasgaraian. Gutxienez 25 minutuko jolasgarai bakar batean gauzatuko da, eta astean, gutxienez, 3 egunetan.

–Eskolaz kanpoko jardueretan (soilik lanaldi jarraituko ikastetxeetan). Gutxienez 45 minutuko iraupena, eta astean behin gutxienez. Jarduera hori Gorputz Hezkuntzako irakasleak eman beharko du, edo beti izan irakasle arduradun bat, Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduaren 7. artikuluak ezartzen duen bezala (foru agindu horren bidez eskolaldi motak arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxeetarako).

2.1.2. Eskolarik gabeko ordutegian egindako programa:

Goiztiarren gelan (goizean, eskolak hasi aurretik). Gutxienez 30 minutu iraunen du, eta astean gutxienez 2 egunetan eginen.

–Jantokiko ordutegian. Gutxienez ere 50 minutuko saiotan gauzatuko da, eta astean bitan gutxienez talde bakoitzeko.

–Arratsaldez. Gutxienez ere 50 minutuko saiotan gauzatuko da, eta astean bitan gutxienez talde bakoitzeko.

Ikastetxeren batek, antolaketa-arrazoiengatik, ez baditu betetzen aurreko ordutegiak edo baldintzaren bat, txosten bat aurkeztu beharko du eskaeran, proiektua nola garatuko duen azaltzeko, ikastetxearen inguruabar bereziak kontuan hartuta.

Unitate kudeatzaileak aztertuko ditu txostenak, eta erabakiko du eskaera onartzen den ala ez.

2.2. Iraupena:

Programa ikasturtean zehar garatuko da, eta gutxienez 6 hilabeteko eta gehienez 8 hilabeteko iraupena izanen du, 2025eko urriaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra bitartean.

Atal honetan ezarritako gutxienekoetatik beherako iraupena duten proposamenak ez dira aintzat hartuko.

3.–Programaren edukiak: jarduera motak.

3.1. Ikastetxeak berak finkatuko du programaren barrenean dauden jarduerak egiteko ordutegia.

3.2. Jarduera guztiak ikastetxearen instalazioetan eginen dira, salbu ikastetxeak eskaini bai baina haiek aurrera eramateko berariazko instalaziorik ez badu.

3.3. Programa honetan ez dira sartuko Nafarroako Gobernuak antolatutako edo finantzatutako eskola-kanpainen jarduerak, ez eta Gorputz Hezkuntza irakasgairako edo ikastetxeak programatutakoak ere, hala nola bizikleta ibilaldiak, mendi ibilaldiak, piraguismoa, abentura parkeak, Rocópolis, txangoak, etab.

3.4. Programaren edukiak. Programak hainbat eduki izan ditzake:

a) Herri jolasak, ludikoak eta/edo jostetakoak.

b) Mugimendu trebetasunak eta hautemate-mugimendu trebetasunak garatzeko jarduerak (zirkuituak, jolasak...).

c) Sormenezko jolasa eta materialarekin esperimentatzea (Lehen Hezkuntzako 1. zikloa).

d) Jolas eta kirol tradizionalak.

e) Jolas kooperatiboak.

f) Kirol aurreko eta/edo kirol hastapeneko jolasak (Lehen Hezkuntzako 4. mailara arte).

g) Kirolak (Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera, barne dela 5. maila).

h) Jolas eta kirol alternatiboak.

i) Kirol egokituak.

j) Gimnastika- eta zirku-trebetasunak.

k) Erritmo eta gorputz adierazpeneko jarduerak.

l) Fitness eta/edo egokitzapen fisikoko jarduerak.

m) Ingurune naturala, orientazioa eta mendi ibiliak.

n) Beste batzuk (zehaztu).

Eduki horietako bakoitzean, garatzen bada, hainbat kirol-jarduera fisiko (jostetakoak edo lehiakorrak) eta jolas eta tailerrak eginen dira, eta Vl. eranskinean ("Jardueren deskribapena eta denboran nola banatu diren") definituko dira. Jarduera guztiak eskola-hezkuntza eta ikasleen garapen harmonikoa osatzera bideratuko dira, kirola egiteko eta bizimodu osasungarria izateko ohiturak hartzea ahalbidetuz.

Lehiaketa ofizial arautuei edo lehendik ezarriak dauden beste programa batzuei lotuak ez dauden gorputz eta kirol jarduerak gauzatuko dira, kirol prestakuntzaren osagarri direnak, heziketaren ikuspegitik.

Planteatzen diren jarduera guztiak neskei zein mutikoei eskainiko zaizkie, eta lehentasuna emanen zaie parte-hartze ekitatiboa duten jarduerei.

4.–Langileak.

4.1. Ikastetxe bakoitzak bere programa gauzatzeko ardura izanen du, eta, horrenbestez, behar diren baliabideak jarriko ditu behar bezala gauza dadin.

4.2. Programa bakoitzean sartzen diren langileek honako profil hau izan beharko dute:

–Arduraduna: ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako arloak edo sailak diseinatu, koordinatu eta gainbegiratuko du hezkuntza- eta kirol-programa, eta, beraz, kirol-arduradunaren edo -koordinatzailearen figurak lan horrek eskatzen duen kualifikazioa eta esperientzia izan beharko ditu, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziari edo graduari edo Gorputz Hezkuntzako aipamena duen Lehen Hezkuntzako graduari dagokionez (lehengo Gorputz Hezkuntzako Irakasletza).

–Laguntzako langileak: programa gauzatzeko, Gorputz Hezkuntzako sailak edo arloak gainerako irakasleen edo ikasleen laguntza izan dezake; betiere, arduradunaren oniritzia duela.

–Kirol-jarduera fisikoak zuzentzen dituzten langileak. Irakasleak izan daitezke, baina kanpoko monitoreak kontratatzen badira, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Jarduerak zuzentzen dituzten pertsonek Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte. Egin beharreko lanaren araberako kualifikazioa izan beharko dute.

2. Era berean, foru lege horretan eskatzen den lehen sorospenetako gutxieneko prestakuntza izan beharko dute, eta prestakuntza horren edukia ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, foru dekretu horren bidez arautu baitzen Nafarroan kirol lanbidean jarduteko lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren egiaztapena.

"Jarduerak eskolaz kanpoko ordutegian (lanaldi jarraituko ikastetxeak)" programan, jarduera horiek Gorputz Hezkuntzako irakasleak eman beharko ditu, edo beti izan irakasle arduradun bat, Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduaren 7. artikuluak ezartzen duen bezala (foru agindu horren bidez eskolaldi motak arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxeetarako).

4.3. Programa garatu bitartean edozein zereginetan lan egiten duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

4.4. Programaren garapenean eginkizunen batean edo bestean aritzen diren langile guztiek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute, bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoarekin. 57.1 artikuluan hauxe dago ezarrita: "Adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen dela epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, ez eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inolako deliturengatik ere. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko".

5.–Parte-hartzaileak.

5.1. Programa ikastetxeko ikasle guztiei dago bideratua, Haur Hezkuntzako ikasleei izan ezik, eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetan oinarrituriko murrizketarik egin.

5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu sexu, arraza, erlijio, ideologia, desgaitasun, sexu joera eta abar direla-eta, hautapen prozesuak eginez. Hori betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da.

6.–Instalazioak.

Ikastetxea bera arduratuko da programako jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren instalazioak eskura jartzeaz.

7.–Laguntza teknikoa.

Programak gauzatzeko orduan, ikastetxeek kanpoko eragileen lankidetza izan dezakete, konparazio batera: toki entitateak, kirol federazioak, kirol elkarteak, kirol kudeaketarako enpresak eta kirol arloko beste entitate batzuk.

8.–Osasun laguntza.

Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe guztiek dagokien eskola asegurua eduki beharko dute.

Jarduera eskola-ordutegitik kanpo egiten denean, parte-hartzailearen aseguru pertsonalaren kontura izanen da osasun laguntza.

III. ERANSKINA.–BAREMOA

Balorazio irizpideak

1.–Ikastetxearen kokalekua eta tipologia.

Despopulatzeko arriskuan dauden udalerrietako ikastetxeak, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren Nafarroako Foru Komunitatean despopulazio arriskuan dauden udalerrien zerrenda onesten duen otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduaren arabera.

IKASTETXEAREN KOKAPENA

PUNTUAK

Muturreko arriskua

5

Arrisku bizia

4

Arrisku nabarmena

3

Gainbehera bizia

2

Gainbehera moderatua

1

Despopulazio arriskurik ez

0

Otsailaren 15eko 8/2023 Foru Agindua kontsultatzeko esteka: https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2023/49/25.

Ikastetxean 100 ikasle baino gutxiago matrikulatu badira: 2 puntu.

2.–Ekonomikoki egoera ahulean dauden ikasleak dauzkan ikastetxea.

Hezkuntza Departamentuak bildutako datu estatistikoen arabera baloratua:

EGOERA AHULEKO IKASLEEN %

PUNTUAK

%60 eta %70 artean

5

%71 eta %80 artean

10

%81 edo hortik gora

15

3.–Programa zein mailatarako den.

Programa zer hezkuntza mailatarako den baloratuko da.

–Ikastetxe arruntak:

MAILAK/IKASMAILAK

MAILAREN ARABERAKO PUNTUAK

LEHEN HEZKUNTZA (1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA, 5. MAILA, 6. MAILA)

1,5

Gehienez ere 9 puntu

BIGARREN HEZKUNTZA (1. MAILA, 2. MAILA, 3. MAILA, 4. MAILA)

2

Gehienez ere 8 puntu

BATXILERGOA (1. MAILA, 2. MAILA)

3

Gehienez ere 6 puntu

–Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

MAILAK

MAILAREN ARABERAKO PUNTUAK

OINARRIZKO PRESTAKUNTZA

7

LANBIDE HEZIKETA

7

4.–Garatu beharreko programak.

GARATU BEHARREKO PROGRAMA MOTAK

PUNTUAK

Goiztiarren gela (eskolarik gabeko ordutegian)

3

Jolastokia (eskola ordutegian)

1

Jantokia (eskolarik gabeko ordutegian)

4

Eskolaz kanpoko jarduerak –lanaldi jarraitua– (eskola ordutegian)

3

Arratsaldeko jarduerak (eskolarik gabeko ordutegian)

4

Garatutako programa mota bakoitzari programa hori gauzatzen den egunak gehituko zaizkio (puntu 1 eguneko).

5.–Tipo de contenidos y actividades.

Honako hau emanen da:

–1 puntu garatutako eduki bakoitzeko (gehienez 15 puntu), II. eranskineko 3.4 apartatuko edukien arabera.

–0,1 puntu bereizitako jarduera bakoitzeko (gehienez 10 puntu). Vl. eranskinean jaso eta deskribatu beharko dira jarduerak.

6.–Programaren iraupena.

Hilabete bakoitzeko puntu bat emanen da, eta 0,25 puntu aste bakoitzeko, betiere kontuan hartuta programak gutxienez 6 hilabete eta gehienez 8 hilabete irauten duela, II. eranskineko 2.2 atalaren arabera.

7.–Hezkuntza- eta kirol-proiektua idaztea eta zabaltzea.

6. PROIEKTUA IDAZTEA ETA ZABALTZEA

3

2

1

0

6.1. Sarrera eta programaren justifikazioa (eskolaren testuinguruan hezkuntza- eta kirol-proiektua abian jartzea justifikatzen duten argudioak)

Erantzuten die galdera hauei: Zer? Zergatik? Zertarako?

Hiru galderetatik biri baino ez die erantzuten

Hiru galderetako bati baino ez dio erantzuten

Ez die galderei erantzuten edo ez du garatu atalean eskatzen dena

6.2. Helburuak

Proiektuak gutxienez helburu orokor bat eta 5 helburu espezifiko ditu

Proiektuak gutxienez helburu orokor bat eta 4 helburu espezifiko ditu

Proiektuak gutxienez helburu orokor bat eta 3 helburu espezifiko ditu

Proiektuak ez du helburu orokor edo espezifikorik, ez ditu bereizten bi klase horiek edo ez dator bat aurreko ataletan adierazitako helburuekin

6.3. Genero ikuspegia/Hizkera inklusiboa

Genero ikuspegia kontuan hartzen da proiektu osoan, hizkuntzaren erabilerari dagokionez

Genero ikuspegia kontuan hartzen da proiektuaren zati batean (batzuetan erabiltzen da)

Ez da hizkera inklusiboa erabiltzen proiektuan

6.4. Programaren zabalkundea

Programa, ikastetxearen webgunean ez ezik, bi hedabidetan edo gehiagotan ere hedatzen da (aldizkaria, sare soziala, bloga...)

Programa, ikastetxearen webgunean ez ezik, beste hedabide batean ere hedatzen da (aldizkaria, sare soziala, bloga...)

Programa ikastetxearen webgunean bakarrik hedatzen da

Programa ez dago inon hedatua

Laguntzak ematen ahalko zaizkie, soilik, 20 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei.

Iragarkiaren kodea: F2512852