2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Iruñeko Udal Planeko Katalogoaren aldaketa xehatua (Erorien monumentua katalogatzea). Behin betiko onespena
Iruñeko Udalak, 2025eko urriaren 2an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
PLE 02-OCT-25 (8/CU).
"Iruñeko Udalak, 2025eko ekainaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Iruñeko Udal Planeko Katalogoaren aldaketa xehatuaren dokumentua (Erorien monumentua). Dokumentu hori Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak sustatu du, eta jendaurrean jarri da hilabetez, argitaratu baitzen 2025eko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 26an, tokiko prentsan eta Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.
Aldaketa honen xedea da berrikustea Iruñeko Udal Planeko katalogoak Erorien monumentuari ematen dion babesa, bete ahal izateko Iruñeko Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia eta martxoaren 20ko 3/2025 Foru Legearen zehaztapenak. Foru Lege horrek aldatzen du azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, errekonozimendua eta ordain morala ematekoa 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei.
Jendaurrean jartzeko aldian, eta ezarritako epearen barruan, 6 alegazio aurkeztu dira.
Espedientean honako hauek sartu dira: Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren txostena, 2025eko uztailaren 23koa; Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren txostena, 2025eko uztailaren 17koa; Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren txostena (226/2025 Ebazpena, irailaren 15ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez txostena egiten baita Iruñeko Udal Planeko determinazio xehatuen aldaketa puntualaz, zeina baita Erorien monumentua izeneko higiezinaren katalogoko fitxaren babesa aldatzeari buruzkoa; eta Iruñeko Udalaren Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorreko Berdintasun ataleko txostena.
Espedientean jasota dago Udaleko Hirigintza Gerentziaren txostena, 2025eko irailaren 26an sinatua. Txosten horretan, besteak beste, aurkeztutako alegazioak baloratzeko proposamen bat egiten da.
Udaleko Hirigintza Gerentziako zerbitzu teknikoek egindako dokumentua ez da aldatu hasieran onetsitako dokumentuarekin alderatuta, eta Iruñeko Udalak, osoko bilkuran, behin betiko onetsi du.
Horiek horrela, eta bete dadin uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoa (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina), eta bat etorriz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 123.1.i artikuluarekin (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea),
ERABAKITZEN DA:
1. Iruñeko Udaleko Udal Hirigintza Gerentziako teknikariek egindako alegazioen txostena onestea.
2. Behin betiko onestea Iruñeko Udal Planeko Katalogoaren (Erorien monumentua) aldaketa xehatuaren dokumentua, Iruñeko Udaleko Udal Hirigintza Gerentziak sustatua.
3. Dagokion oharra helaraztea I. eta II. zabalgunetako barne-eraberritzeko planean, onetsitako fitxa sartuta.
4. Erabaki hau argitaratzea Iruñeko Udaleko iragarki-taulan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udal-egoitza elektronikoan, behin betiko onespenaren erabakia, araudiarekin batera, jarraikiz Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 79.1 artikuluan adierazitakoari.
5. Espediente osoaren kopia bat igortzea Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari –Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari–, erabaki hau hartu eta 10 eguneko epean, bat etorriz urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta hirigintza- eta lurralde-plangintzako tresnak aurkezteko formatua), hura kontrolatzeko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren arabera (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
6. Erabaki hau alegaziogileei jakinaraztea, lehenengo puntuan onetsitako txostena erantsita eta, hala badagokio, jar daitezkeen errekurtsoak adierazita."
Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Iruñean, 2025eko urriaren 6an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Udal Plan Orokorra (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L2513053