Iragarkia
208. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1072E/2025 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita Naturgy Renovables SLU enpresak Leotz udalerrian eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta berorren ebakuazio azpiegiturarako sustaturiko "Hibridación Uzquita" proiektuari dagokionez.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusira bidali du Naturgy Renovables SLU enpresak Leotz udalerrian eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta berorren ebakuazio azpiegiturarako sustaturiko "Hibridación Uzquita" proiektua.
Proiektu horren ezaugarrien arabera, jarduera Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko j) apartatuan, bai eta horrek izan dituen ondoko aldaketetan ere. Beraz, bertan xedatzen denari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio.
1. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.
2024ko maiatzean Naturgy Renovables SLU enpresak "Hibridación Uzquita" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren aurretiazko administrazio-baimena eta hura eraikitzeko baimena eskatu zizkion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Halaber, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Nafarroako Foru Komunitatean premiazko neurriak hartzeko apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-Dekretuaren 2. artikuluaren eta Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartzeko martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluaren itzalpean, Naturgy Renovables SLU enpresak instalazio horrek ingurumenean edukiko duen eraginari buruzko txostena egiteko eskatu zuen.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aurkeztutako dokumentazioa aztertu zuen eta instalazioak ingurumenean edukiko duen eraginari buruzko txostena eman zuen. Txostenean adierazi zuen proiektuko instalazioa abian jartzeak seguruenik ere ondorio kaltegarriak izanen lituzkeela ingurumenean eta, horregatik, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zela, Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen II. eranskinaren eremuan baitago. Horrez gainera, txosten horretan proiektuaren diseinuan eta haren ingurumen-agirian kontuan eduki beharreko zenbait gauza zehaztu ziren.
2024ko abenduan, txosten horretan adierazitakoa aintzat harturik, Naturgy Renovables SLU enpresak "Hibridación Uzquita" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua aldatu zuen, dokumentazio berria aurkeztu zuen, aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko baimena eskatu zituen, eta eskatu zuen proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatzeko.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jasotako dokumentazioari buruzko kontsultak egin zituen eta proiektua jendaurrean jarri zuen, iragarkia argitaratuta, 2025eko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 25ekoan. Orobat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiarazteko, proiektuaren dokumentazioa bidali zuen Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusira.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin die proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta interesdunei, oharrak edota iradokizunak egin ditzaten, haien eskumeneko gaiei buruz. 10 kontsulta egin dira eta erantzun bat jaso da. Laburpena ingurumen-inpaktuaren txosten honen I. eranskinean dago.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera argitzeko ea proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.
Aurkeztutako dokumentazioan bada ingurumen gaiei buruzko dokumentu bat, bat datorrena Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterlanak honako alderdi hauek jasotzen ditu: alternatiben analisia, kaltea hartzeko arriskua duten ingurumen faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sorrarazten ahal dituzten ekintzen identifikazioa eta ingurumen faktoreen gaineko eragin nabarmenen ebaluazioa –horien artean, eragin sinergikoena eta metatuena–, eta ezbehar larri edota hondamendiekiko kalteberatasunaren ondoriozkoena–, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak eta ingurumen jarraipena egiteko jarduketak. Prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren azterlan horretan ondorioztatu da ondorio gehienak bateragarriak direla; nolanahi ere, badira eraikuntzak eta funtzionamenduak lurzoruaren kalitatean, habitat naturaletan, animalietan eta paisaietan sortuko dituzten ondorio moderatuak.
2. Proiektuaren deskribapena.
"Hibridación Uzquita" eguzki-instalazio fotovoltaikoa dagoeneko indarrean den Uzkita parke eolikoarekin hibridatuta ezarri nahi dute. Instalazioak eta parkeak azpiestazio jasotzaile bera erabiliko dute (Uzquita 20/66 kV), bai eta aireko linea elektriko bera ere (Inaltaren SET-Tafalla transformazio-azpiestaziora heltzen dena, 66 kV-koa).
Eguzki-instalazio fotovoltaikoak hesitutako esparru bat edukiko du, gutxi gorabehera 15,40 hektareako azalera okupatuko duena Leozko 7. poligonoko 67., 70., 73., 75. eta 540. lurzatietan.

Silizio kristalbakarrezko 14.742 modulu fotovoltaiko izanen ditu, egitura finkoen gainean multzoka ezarrita ekialdea-mendebaldea noranzkoan, hegoaldeari begira 20.º-ko angeluarekin. Egitura horiek zuzenean finkatuko dira lurrean.
27 inbertsore jartzea dago planifikatua. Horietan, moduluetan sortutako korronte zuzena behe-tentsioko korronte alterno bihurtuko da, eta handik instalazioaren esparruaren barnean dagoen transformazio-zentrora eramanen da eta 20kV-ra igoko da. Hortik energia 1.434 metroko linea elektriko baten bidez Uzquita 20/66 kV aspiestaziora eramanen da eta handik 66 kV-ko aireko linea elektrikoaren bidez SET-Tafalla azpiestaziora. Gainera, kontrol-eraikina eginen da, eguzki-instalazioaren eragiketak eta mantentze-lanak egiteko. Zangak egungo nekazaritza-bideetatik egiteko asmoa dute.
Sarbidea Uzkita parke eolikorako sarbidetik abiatuko da. Horra NA-5153 errepidetik heltzen da, NA-5154 errepidearen bidegurutzetik abiatzen den saihesbidetik. Instalazioaren barrualdean egin beharreko bideak 4 m zabal izanen dira; oinarria zagor artifizialezkoa izanen da, 25 cm lodierakoa.
Proiektuko beste ekintza batzuk: sortzen den energia lurpetik ateratzeko zangak zulatuko dira; lurrak mugituko dira euste-egiturak, inbertsoreak eta transformazio-zentroa eta sekzionamendu-zentroa instalatzeko; 1.784 metroko perimetro-hesi zinegetikoa jarriko da instalazioaren inguruan. Hesia animaliei neurri batean pasatzen uzteko modukoa izanen da: 30x30 cm-ko irekiguneak edukiko ditu toki garaienetan, eta katazuloak 500 metrotik behin edo animaliak ibili ohi diren tokietan. Gainera, lurzorutik 15 cm-ra egonen da gutxienez, ez du edukiko elementu ebakitzailerik ez zorrotzik, eta erraz ikusteko moduko elementuekin seinaleztatuko da, hegaztiek beraren kontra talka egin ez dezaten.
3. Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.
–Alternatiben azterketa:
Aurkeztu den ingurumen-dokumentuan alternatiben analisia dago; bertan 5 aukera aztertzen dira, 0 alternatibaz gainera. Sustatzaileak 0 alternatiba ezetsi du, kalte egiten diolako energia berriztagarrien sustapenari eta ez duelako laguntzen energia berriztagarrien sorkuntza hobetzeko ezarri diren helburuak lortzen.
Beste 5 alternatibak inguru berean daude, denak ere hurbil; 3 (3A, 3B eta 3C) leku berean eginen lirateke, bakoitza tamaina batekin. 3B alternatibako instalazioa txikiagoa da 3A alternatibakoa baino, eraginpeko eremua txikiagoa izan dadin eta jatorrizko baso-landaretzak babesteko. 3C alternatiban (hauxe da hautatu da) instalazioa 3B alternatibakoa baino txikiagoa da, kontuan hartu baitira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak proiektuak ingurumenean edukiko duen eragina argitzeko egin duen txostenean adierazitako oharrak: azterketa botanikoaren eta arkeologikoaren emaitzak aplikatu dira eta hasieran ezarritako jarraitzaileak kendu eta haien ordez egitura finkoak paratu dira.
Sustatzaileak irizpide anitzeko analisia egin du alternatiba hautatzeko, denetariko ingurumen-inguruabar kontuan hartuta, eta azkenean 3C alternatiba hautatu du, ingurumenean eragin txikina izanen duena delako.
–Hidrologia:
Aztertu den eremua Ebroko demarkazio hidrografikoan dago. Hurbilen dagoen ur-lasterra Santsoain ibaia da: hurbilen dagoen hesi-tartetik 20 metro baino hurbilago dago.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, eraikuntza-lanek ez dute zuzeneko eraginik edukiko gurutzaketengatik ez azaleko ez lurpeko ur-masetan, ez eta jabari publiko hidraulikoan ere, baina baliteke lur-mugimenduek eta lur-berdintzeek aldaketak eragitea drainatze-sareko toki batzuetan. Ingurumen-dokumentuan adierazten denaren arabera, baliteke eraikuntza-faseko lanetan inguruko azaleko urak ustekabean kutsatzea, baina ezarriko diren prebentzio-neurriei eta jarduteko protokoloei esker zail izanen da halako kutsadurarik gertatzea.
Funtzionamendu-fasean, ingurumenaren gaineko eragina instalazioa mantentzeko lanetan erabili beharreko substantzia kutsatzaileak isurita gerta liteke. Hori izanen litzateke urak jasanen lukeen eraginik bortitzena. Dokumentuaren arabera, moderatua izanen litzateke; gainerakoak bateragarritzat jotzen dira.
–Geomorfologia eta lurzoruak:
Ingurumen-dokumentuaren arabera, aztertutako eremua muinotsua da; muino batzuk malda handikoak dira (gehienak % 30etik beherakoak) eta tarteka erreketan sakonune malkarrak daude. Hain zuzen ere, instalazioa ezarri nahi duten tokia nahiko laua da: % 10etik beherako malda duten labore-sailak daude eta zenbait tokitan, sailen artean, landaretza-sail malkarragoak.
Hasierako planteamenduaren arabera, moduluak jarraitzaile artean eginen ziren eta landaretza naturaleko zenbait eremu zeharkatuko zituzten. Horretarako, landareak erauzi beharko ziren eta lurrak mugitu eta berdindu, eta ondorioz aldaketa geomorfologikoak izanen ziren eta lurzorua higatzeko arriskua egonen zen. Horregatik, eragina argitzeko txostenean sustatzaileari eskatu zitzaion ondorio horiek ahalik gehien murrizteko konponbide teknikoak aurkitzeko.
Oraingo proposamenean sustatzaileak kontuan eduki du aurrean adierazitakoa eta instalazioaren azalera txikitu du; horretarako, malda handieneko sailak kendu ditu instalazioaren iparraldean eta labore-sailen arteko landaretza naturaleko lurretan. Horri esker moduluak % 10etik beherako maldako lurretan egonen dira. Gainera, moduluak egitura finkoen gainean jartzeko asmoa dute; horiek malda handiagoak jasan ditzakete eta, beraz, hasierako eguzki-jarraitzaileekin baino lur-mugimendu gutxiago egin beharko lirateke. Energia SET- Uzquita 20/66 kV azpiestaziora eramateko azpiegitura laburra da eta oso-osorik eginen da egun dagoen bide baten trazaduran. Ez dago kontuan hartzeko moduko elementu geomorfologikorik. Horrela lur-mugimenduak, aldaketa geomorfologikoak eta higadura-arriskua murriztuko dira.
Ingurumen-dokumentuan bateragarritzat jotzen dira lurzoruak jasanen dituen hondar-inpaktuak, bat izan ezik: funtzionamendu fasean izanen den higadura hidrikorako arriskua moderatutzat jotzen da.
–Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:
Ingurumen-dokumentuaren arabera, aztertu den eremuaren inguruan zuhaitz gabeko larreak dira nagusi; horiez gainera, lehorreko zereal-sail batzuk ere badaude. Zuhaitz hostozabalen basotxoak ere badaude, sakabanatuta eta askoz urriagoak. Instalazioaren ekialdean konifero-masa handiak daude.
Instalazioa ezarri nahi duten eremuko matrizean lehorreko zereal-sailak daude, eta haien artean landaretza naturaleko atal batzuk, guztira azalera osoaren % 20 edo hartzen dutenak Nafarroako aprobetxamendu eta laboreen maparen arabera (2021, 1:25.000). Landaregune horiek leku malkarretan daude. Zuhaixka mediterraneo trinkoak dira, eta erkametz ugari ere badaude. Gune horiek alde horretako landare eta fauna dibertsitatea sustatzen dute, paisaia edertzen dute eta eremuko konexioa hobetzen dute.
"Geomorfologia eta lurzoruak" atalean adierazten den bezala, hasierako proiektuan jarraitzaileek gune horietako batzuk zeharkatzen zituzten eta pentsatzekoa zen ondorioz eragin handia jasanen zutela lurrak, landaretzak, habitatek, espezieek eta ekosistema osoaren funtzionalitateak. Horregatik, proiektuak ingurumenean izanen duen eragina argitzeko zerbitzu honek egin duen txostenean sustatzaileari eskatu zitzaion egin zitzala eguzki-instalazio fotovoltaikoaren esparruaren barruan egonen ziren landareguneen kartografia, karakterizazioa eta balorazioa, horiek guztiak orokorrean babestu eta zaindu behar baitira, eta esan zitzaion arreta berezia jartzeko Echinospartum horridum sasitzei.
Sustatzaileak azterketa bat egin du eta haren emaitzen arabera proiektua aldatu du: instalazioaren eraginpetik atera ditu landaregune asko eta Echinospartum horridum sasi-teselak babestu ditu. Horri esker proiektuaren eragina askoz txikiagoa izanen da. Gainera, arrazoi teknikoengatik errespetatu ezin izan diren landareguneak direla eta, sustatzaileak proposatzen du haien azalera 2:1 erlazioan konpentsatzea lurzatiko azpiegitura gabeko beste alde batzuetan.
Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, MITECOren kartografiaren arabera 4090 habitatak ("Txilardi oromediterraneo endemikoak, otaberarekin") instalazioaren zein energia ateratzeko azpiegituraren trazaduraren eragina jasanen luke. Hala ere, instalazioa egonen den eremuko eraginpeko lurretan lehorreko labore-sailak daude, eta erdi-tentsioko linea lurpetik doa egungo bide batean zehar. Beraz, habitat horrek ez jasanen inolako eraginik. Eremuan egin diren prospekzioetan ez da aurkitu estatuko katalogoan ez autonomikoan ageri den espezierik.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, horren gaineko eraginik handiena eraikuntza-fasean gertatuko da azpiegiturak eraikitzeko lanetan egin beharko diren lur-mugimenduen ondorioz: landare-estalkia aldatuko da eta instalazioek okupatzen duten sektoreko landaretza desagertuko da. Horrez gainera, landareen fisiologia ere aldatuko da, hautsa pilatuko baitzaie ageriko ataletan.
Nolanahi ere, kontuan edukita azkenean instalazioak hartuko duen azalera, landaregune asko ez direla ukituko eta konpentsazio-neurriak proposatu direla, sustatzailea bateragarritzat jo ditu landaretzak jasanen dituen hondar-inpaktuak, bat izan ezik: funtzionamendu-faseko lurraren okupazioak inpaktu moderatua edukiko du.
–Fauna:
Ingurumen-dokumentuan proiektuaren eraginpeko eremuko espezieen inbentario bibliografikoa bildu da, lehorreko espezieen Espainiako inbentarioaren arabera eta 10 km-ko aldea duen UTM koordenatu-sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera. Inbentario horretan 166 espezie daude. Gainera, 2023ko martxotik 2024ko martxora bitartean, instalazioaren 5 Km-ko inguruan animalien urteko zikloa aztertu da: laginak hartu, behatzeko estazioak ezarri, trantsektuak egin eta beste detekzio-modu batzuk baliatu dira.
Ingurumen-dokumentuan aipatzen diren faunaren gaineko inpakturik handienak honako hauek dira: larratze-eremuen eta habiak egiteko tokien okupazioa eta hegaztiek hesiarekin edo modulu fotovoltaikoekin talka egiteko arriskua. Hala ere, instalazioa txikia izanen denez, talkak gertatzeko probabilitateak urriak direnez eta arriskua murrizteko neurriak proposatu direnez, sustatzaileak moderatutzat jo ditu inpaktu horiek.
Nahiz eta instalazioa eginen den eremuko habitata egokia izan da animalientzat, kontuan eduki behar Uzkita parke eolikoa ondoan izanen dela eta ingurua antropizatuta dagoela (bide ugari, labore-soroak eta kudeaturik dauden oihan landaketak), horien guztien ondorioz lurrok ez baitira horren baliotsuak animalientzat.
Horrenbestez, zerbitzu honen iritziz, nahiz eta proiektuaren ondorioz zenbait espeziek larratzeko eta/edo habiak egiteko erabiltzen ahal dituzten habitat-eremu batzuk galdu eta beste espezie batzuek animaliak harrapatzeko aukerak murriztu, instalazioaren eta lurpeko azpiegituren ezaugarriek, proposatu diren prebentzio-neurriek eta konpentsazio-neurriek eta inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurrak egoteak eragin hori nolabait konpentsatzen dute.
1.–Naturagune babestuak:
Energia ateratzeko lineatik 1,7 km-ra "Orbaibarko mendiak" paisaia babestua dago eta 2,6 km-ra "Olleta mendia" erreserba naturala. Beste alde batetik, 8,25 km-ra "Itzaga mendia" KBE (ZEC-ES0000127) dago eta 1,57 km-ra "Orbaibarko mendiak" KBE (ZEC-ES2200032). Azkenik, hegaztiak eta biodibertsitatea kontserbatzeko garrantzizko eremuak direla eta, hurbilen dagoena IBA 088 "Itzaga mendia" da, eta instalaziotik 8 km baino urrunago dago.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak ez du edukiko zuzeneko eraginik eremu horietan.
2.–Paisaia:
Ingurumen-dokumentuaren arabera, eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren paisaien atlasari jarraikiz, instalazio fotovoltaikoa egonen den tokiko paisaia "mendilerro piriniotarrak" motakoa da. Hiru paisaia-unitate daude: "labore-sailak eta landareguneak", "sasiak, larreak eta belardiak zuhaitzekin" eta "baso-masak".
Azterketan paisaia-unitate horien kalitatea eta hauskortasuna ikertu dira, horien konbinazioaren araberakoa baita lurraldearen harrera-gaitasuna, eta hauxe da emaitza: gaitasun handia, ertaina eta txikia, hurrenez hurren. Horren ildotik, "baso-masak" motako paisaia-unitatea, harrera-gaitasun txikiena daukana, ez dago zuzenean proiektuaren eraginpean; izan ere, instalazio osoa "labore-sailak eta landareguneak" motako unitatean egonen da, eta horrek harrera-gaitasun handiagoa dauka.
Instalazioak paisaian edukiko duen eragina nolakoa izanen den zehazteko, haren ikusgarritasuna aztertu da, inguruan 5 km-ko babes-tartea kontuan hartuta. Horren arabera, instalazioaren ikusgarritasuna oso txikia izanen da: alde horretako % 87tik ez da ikusiko, ikusten den tokietatik haren azaleraren % 20 baino ez da ikusiko, eta osorik (% 80-100) 17,03 hektareatan baino ez da ikusiko. Gainera, 5 km inguruko eremu horretan dauden 9 biztanleguneetatik Leoztik eta Sabaitzatik baino ez da ikusiko instalazioaren zatiren bat.
Prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak aplikatu ondoren, azterketaren arabera faseetako hondar-inpaktuak bateragarriak izanen dira, instalazioaren okupazioak funtzionamendu-fasean sortuko duena izan ezik, hori moderatutzat jotzen baita.
2025eko ekainaren 6an horren gaineko txostena eskatu zitzaion Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari. Ebazpen hau egin denean oraindik jaso gabe egon da.
3.–Historia eta kultura ondarea:
Instalazioak aztarnategi arkeologikoetan eta kultura ondarean eduki lezakeen inpaktua zehaztu nahian, zenbait prospekzio egin dira proiektuaren eremuan eta 100 metroko inguruan, aurkeztutako ingurumen-dokumentuaren VIII. eranskinean ("Azterketa arkeologikoa") biltzen den bezala. Bi ondare-elementu daude:
–"Getadar gaina": lehendik inbentariatuta dago eta horregatik kontuan eduki da hasierako planteamendutik; hesitik kanpo dago eta instalazioa eraikitzeko lanetan eta horren bizitza baliagarrian ez da ukituko.
–"Urrizabal": ondare-elementu hau prospekzioan aurkitu da eta oraintsu sartu da inbentarioan. Hesiaren barnealdean egonen bada ere, moduluak ezartzeko lanek ez dute ukituko, sustatzaileak obra zibilean balizatzea eta kontrol arkeologikoa egitea proposatu baitu.
Horregatik guztiagatik, ingurumen-dokumentuaren arabera "Hibridación Uzquita" eguzki-instalazio fotovoltaikoa bat dator kultura ondarearen babesarekin.
4.–Ondorio sinergikoak eta metagarriak:
Ingurumen-dokumentuaren eranskin batean "Hibridación Uzquita" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eraikitzeak izanen dituen ondorio sinergikoak eta metagarriak aztertzen dira. Horretarako, kontuan eduki dira 5 km-ko inguruan dauden parke eolikoak eta eguzki-instalazioak eta eginen direnak. Aztertutako eremuan ez dago eguzki-instalaziorik, eta egiteko proiekturik ere ez dago.
Paisaia dela eta, instalazioa ikusiko den toki guztiak gutxienez egungo parke eolikoetako baten eraginpean daude. Kontuan edukita parke eoliko horiek dauden eremuan eguzki-instalazio bat jartzeak aldaketa txikia eraginen duela, instalazioa ez dela asko nabarmenduko inguruan eta instalazioaren inguruko landaretza naturala eguzki-instalazioko egiturak baino garaiagoak izanen direla, ingurumen-dokumentuan ondorioztatzen da instalazioaren inpaktu sinergikoa ez dela handia izanen.
Gainerako ingurumen-faktoreei dagokienez, ingurumen-dokumentuan adierazten da inguru horretan proiektuak pilatzeak ez duela izanen ondorio sinergiko handirik, eta ondorio handienak bateragarriak izanen direla.
4. Proposamena.
Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txostena eman du eta adierazi ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta, eta Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela egokia haren ingurumen ebaluazio arruntaren tramitazioa hastea, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen eragina bateragarria izatea ingurune hartako naturaren balioekin, betiere, proiektuak betetzen baditu ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen dokumentuan proposatzen diren neurriak, eta horiez gain, Ingurumen Eraginaren Azterketa honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Naturgy Renovables SLU enpresak Leotz udalerrian eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta berorren ebakuazio azpiegiturarako sustaturiko "Hibridación Uzquita" proiektuak ez du eragin handirik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoari jarraikiz; beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluaren I. kapituluaren 1. atalean ezartzen den ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da obrak egiten hasi aurretik.
–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.
–Paisaiaren gaineko eraginei dagokienez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaia eta Landa Lurzoruaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da.
–Eguzki-instalazio fotovoltaikoak egokitu beharko du lurzoruaren topografia naturalera, eta ahal dela egitura fotovoltaikoaren euskarriak lurrean zuzenean tinkatuz ezarriko dira. Lur-berdinketarik egin behar izanez gero, ez dira eginen eremu osoan eta ezin da sortu 2 metrotik gorako lur-erauzketarik ez lubetarik. Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 3H/2V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilduak izanen dira, eta lubetetako ezponden gainean gutxienez landare lurrezko 30 cm-ko geruza jarriko da.
–Dagoen landaretza naturala ahalik hobekien errespetatuko da; proiektuaren arabera ukituko diren landaregune naturalak baino ezin ukitu izanen dira, eta Echinospartum horridum sasitzak dauden teselak babestu beharko dira.
Ingurumen-dokumentuan ezartzen den bezala, arrazoi teknikoengatik errespetatu ezin izan diren landareguneak direla eta, haien azalera 2:1 erlazioan konpentsatuko da lurzatiko azpiegitura gabeko beste alde batzuetan. Konpentsazio hori eta landaretza lehengoratzeko eginen diren lanak justifikatzeko, lanei ekin aurretik sustatzaileak lehengoratze-proiektua aurkeztu beharko dio Ingurumenaren gaineko Ingurumen Ebaluaziorako Atalari. Proiektu horretan azalerak, espezieak, espezie-nahasteak, etab. zehaztu beharko dira. Atalak ontzat eman beharko du.
–Lanak egin bitartean katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.
–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta, horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm altxatua. Hesia diseinatuko da fauna txikia igarotzeko modukoa izateko (abeltzaintzako hesia edo zinegetikoa, txarrantxarik gabekoa), eta seinaleztatzeko aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurriei jarraituko zaie.
–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da eta, behar berezia izanez gero, sasi garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.
–Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.
–Sustatzaileak konpentsazio-neurri bat proposatu du hegazti harraparien populazioak sustatzeko: harri-pilak eraikitzea, untxiak ugaritu daitezen. Horrek gatazkak sortzen ahal ditu nekazariekin. Horregatik, neurri hori ezarri aurretik bidezko baimenak lortu beharko dira: Ehiza Atalarena, Leozko Udalarena eta bertako ehiztarien elkartearena.
–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.
–Instalazioan argi-punturik jartzen bada, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, talka-eremu potentzialetatik (hesietatik, tentsoreetatik, aireko linea elektrikoetatik eta abarretatik) urrun. Argi kutsadura txikiagotzen duten luminariak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta lurrera begira pantailatuak.
–Areka eta drainatzeen diseinuan eta eraikuntzan egiaztatuko da drainatze-sare naturalaren jarraipena, higaduraren eremu berriak sortzea eta gai solidoak drainatze-sareetara arrastaka eramatea saihesteko.
Halaber, Santsoain ibaia hurbil dagoenez gero (20 metro baino gutxiago hurbilen dagoen hesitik), lanak egiten diren bitartean zereal-lastozko balak jarriko dira gune estrategikoetan, eta horiek hesi gisa jardunen dute urak eramandako lurrak atxikiz eta higadura-prozesuak murriztuz.
–Ingurumen arloko integrazioa:
- Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Landaretza naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta eragin ezin dituen eremuak balizatuko dira.
- Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek eragindako azalera guztietatik landare-lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko sakonerako profil batean (okupazio iraunkorreko edo aldi baterako azalerak). Material hori propio horretarako hautatutako guneetan metatuko da, 2,0 metrotik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, geroago lehengoratze-lanetan berrerabiltze aldera.
- Lur-mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran berean erabiliz. Lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.
- Obrak bukatutakoan behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan, hondakinak kudeatuz indarreko legediaren arabera.
- Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eremu osoa eta obrek ukitutako beste edozein eremu, aldi batez ukitu bada ere, eta bereziki eguzki-instalazioko egituren arteko lur-zatiak, harrotu eta ereintzarako prestatuko dira, eta belardi autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da bertan. Belar horiek egin beharreko jarduerarekin bateragarriak izan beharko dute, eta agente polinizatzaileen presentzia erraztu. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada edo halako geruzarik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurrez estaliko da gainazala, gutxienez 30 cm-ko geruza batekin; geruza hori aurretik behar bezala erauzi eta metatu behar da. Lanak bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia.
–Obrak hasi edo zuinkatu baino gutxienez 72 ordu lehenago horren berri emanen zaie Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es) eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tafallako Koordinazio Unitatea gmatafalla@navarra.es).
3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak, hala badagokio.
4. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangoza barrutia) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko irailaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–JENDAURREAN JARTZEKO ETA UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA INTERESDUNEI KONTSULTAK EGITEKO IZAPIDEAREN EMAITZA
Leozko Udala.
"Hibridación Uzquita" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ingurumen-dokumentua aztertu du eta beraren ustez ingurumenean eragin handiena eduki dezaketen alderdiak nabarmendu ditu:
1. Landaretza: Udalak uste du landaretzaren azterketa ez dela ongi egin, zeren eta ez baita egin espezieak identifikatzeko garai egokian, aipatzen diren espezie asko ez baitaude proiektuaren eremuan (batzuk Nafarroan ere ez) eta zenbait espezie ez baitira detektatu (Narcissus generokoak eta orkideak).
Gainera, Udalaren iritziz landaretzaren kontserbazio-egoera ez da ongi aztertu, ez eta Echinospartum horridum sasitzena ere, eta "bocage" paisaiaren balioa, oso garrantzitsua dena, ez da behar bezala aztertu.
Erantzuna: Instalazioa egonen den eremuan batez ere lehorreko zereal-sailak daude eta sail horien artean landaregune naturalak daude; txosten honen baldintzetan ezartzen den bezala, landaregune horiek ahalik hobekien babestuko dira eta Echinospartum horridum sasitzak zainduko dira.
Gainera, ingurumen-dokumentuan eta txosten honen baldintzetan ezartzen den bezala, arrazoi teknikoengatik errespetatu ezin diren landareguneak direla eta, haien azalera 2:1 erlazioan konpentsatuko da lurzatiko azpiegitura gabeko beste alde batzuetan, eta konpentsazio hori eraikitzeko administrazio-baimena eskatu aurretik justifikatu beharko da, bai eta landaretza lehengoratzeko zer eginen den azaldu ere. Horretarako, Ingurumen Ebaluaziorako Atalari aurkeztu beharko diote landaretza lehengoratzeko proiektua. Proiektu horretan azalerak, espezieak, espezie-nahasteak, etab. zehaztu beharko dira. Atalak ontzat eman beharko du.
Neurri horiek eta ingurumen-dokumentuan bildutakoak betez gero, proiektua bideragarria izanen da ingurumenaren aldetik.
2. Fauna: Udalak zalantzan paratu ditu faunaren azterlaneko planteamendu batzuk: hegaldi-altuerak, behaketa-lekuen kokapena, katalogatutako espezien espazioaren erabileraren maparik ez egotea, intereseko espezie batzuk ez aipatzea (ugatza, Bonelli arranoa, etab.), beste espezie batzuei buruzko oharrik ez egotea, etab. Horregatik guztiagatik, Udalaren ustez faunaren azterlana ez da behar bezain zorrotza, ez baitu aukerarik ematen instalazioak edukiko duen inpaktuaren berri jakiteko datu objektibo baliagarrien bidez.
Erantzuna: atal honen ustez, kontuan hartuta ingurumen-dokumentuko informazioa eta administrazio honek daukana, instalazioa txikia dela, inguruan antzeko beste egitura batzuk daudela eta neurri zuzentzaileak eta konpentsazio-neurriak proposatu direla, txosten honetako baldintzez gainera, proiektua bideragarria ingurumenaren aldetik.
3. Natura 2000 sarea: Udalaren ustez ez dira ongi aztertu eta baloratu instalazioak Natura 2000 sareko eremuetan izanen dituen inpaktuak, ez eta haren ondorio metagarriak eta sinergikoak eta konektagarritasunean edukiko duen eragina ere.
Erantzuna: Ingurumen-dokumentuaren VII. eranskinean (Natura 2000 Sarearen gaineko eraginaren azterketa) proiektuak Natura 2000 sareko hurbileko eremuetan izanen duen eragina aztertzen da eta V. eranskinean (Ondorio metagarrien eta/edo sinergikoen azterketa) eguzki-instalazioaren 5 km-ko inguruan dauden parke eolikoak eta eguzki-instalazioak eta eginen direnak aztertzen dira. Gainera, konektagarritasuna zeharka aztertzen da zenbait apartatutan (landaretza, fauna, paisaiak, etab.). Inpaktu horiek eta gainerako guztiak kontuan hartuta, atal honek uste du instalazioa bideragarria dela ingurumenaren aldetik.
4. Paisaia: paisaiaren azterketan kontuan eduki beharreko inguruabar batzuk adierazi ditu.
Erantzuna: Ingurumen-dokumentuaren VI. eranskinean (Paisaiaren azterketa) paisaia-unitateen kalitatea eta hauskortasuna ikertu dira eta lurraldearen harrera-gaitasuna zehaztu da; horren arabera, instalazioa bateragarria da harrera-gaitasun horrekin. Gainera, instalazioaren ikusgarritasuna aztertu da eta hauxe da emaitza: oso txikia da eta Leoztik eta Sabaitzatik baino ez da ikusten, eta zati bat bakarrik, gainera. Nolanahi ere, proiektua gauzatuko bada, aldeko txostena egin behar du Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalak.
5. Ondare arkeologikoa: Udalak adierazi du instalazioak larria izanen duela horretan eta Nafarroako Ondare Historikoaren Zerbitzuaren dokumentua sartu behar dela.
Erantzuna: Txosten honetan ezartzen diren baldintzetako bat da aldeko txostena egin behar duela Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak obrak egiten hasi aurretik.
6. Hirigintza.
Erantzuna: edukia ez da ingurumen arlokoa.
7. Sute-arriskua: eskatu du argitzeko zein diren erretzeko ereduak, sute-arriskuen diagnostikoa egiteko eta behar diren neurriak ezartzeko.
Erantzuna: Ingurumen-dokumentuaren X. eranskinean (Arriskuen analisia) adierazten da ez dagoela faktorerik instalazioak maila kritikoraino larritzen ahal duenik eta hura arriskuan jartzen ahal duenik, ez eta arriskua gauzatuz gero ingurumenaren hondamendia ekartzen ahal duenik ere.
Gainera, proiektuan suteen prebentziorako plana egonen da, eta bertan suterik ez gertatzeko behar diren neurriak ezarriko dira, gertatzen direnean jarduteko protokoloaz gainera.
8. Klase agrologikoak.
Erantzuna: edukia ez da ingurumen arlokoa.
9. Inpaktuen balorazioa: uste du inpakturik handienen balorazioak ez direla behar bezala egiaztatu modu objektiboan, ingurumen-inbentario zehatz batez baliaturik.
Erantzuna: faktore baten gaineko inpaktua aztertu eta baloratu da. Gainera, kontuan eduki behar da alegazio hauen 1 - 5 puntuetan eman diren erantzunak.
10. Prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak.
Erantzuna: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak txosten honen baldintzekin osatzen dira.
Iragarkiaren kodea: F2512864
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
