184. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1005E/2025 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baitzaio Xabierren autokarabanek gaua igarotzeko eremua instalatzeko proiektuari. Proiektuaren sustatzailea Xabierko Udala da.

2025eko ekainaren 30ean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Asmoa da Xabier udalerriaren alboan, lurzoru urbanizaezinean, autokarabana-eremu bat ezartzea "oinarrizkoa" kategoriakoa, gaua igarotzeko edo garbiketa-gunea erabiltzeko aparkalekuarekin. Hamar leku izanen ditu eremuak, eta halako zuzkiduren betekizun tekniko orokorrak beteko ditu; hots, aparkalekuak, edukiontzien gune bat eta autokarabanentzako bilketa-gune bat. Aurreikusita dago etorkizunean beste hamar leku gehiago jartzeko eta zerbitzu gehiago hartzeko behar den azpiegitura uztea.

Proiektatutako jarduera Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoko i) apartatuan sartuta daudenetakoa da, eta, horrenbestez, lege horretan xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta igaro behar duen edo ingurumenaren gaineko eragin kaltegarri adierazgarririk ez duen, ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako moduan.

I. eranskinean jaso dira, laburtuta, proiektuaren oinarrizko datuak.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Instalazioa lurzoru urbanizaezinean proiektatzen da, Xabierko 1. poligonoko 107e nekazaritza-erabilerako azpilurzatian, hiri-lurzoruaren ondoan, hegal bateko eremu mailakatu batean. Alepo pinuak, Larizio pinuak eta Mediterraneoko sastrakak daude hegal horretan, baina ez zaie kalerik eraginen.

Aurreikusten denez, 1.388 m² ingurukoa izanen da lur-berdinketaren azken azalera, eta mailakatze-ezponda moderatuak egonen dira. Horietarako landareztatze-neurriak jasotzen dira ebazpen honetan. Plataformaren uren, bidekoen nahiz perimetro-arekakoen, azken kolektorea Las Viñas sakana da, kilometro eta gutxi uretan behera ("Aragoi ibaiaren erdiko tartea" izeneko ES 2200030 Kontserbazio Bereziko Eremuan dago).

Ez da kalte nabarmenik egonen ez lurzatitik igarotzen diren ur-hornidurako eta saneamenduko sareekiko konexioa dela-eta, ez Xabierko herrigunetik eta Undoze Lerda errepidea kaletik eginen diren herriko argien, telefoniaren eta elektrizitatearen sareekiko harguneak (zangako eroanbideen bidezkoak) direla-eta.

Lurzoru urbanizagarriaren gaineko jarduketak direnez, urbanizatzearen ondoriozko ingurumen-ondorioek ez dute eragin nabarmenik izanen. Hauek izanen dira jarduketak: balio berezirik gabeko ekoizpen-lurzoruaren okupazio moderatua, lurzoruen zigilatzea eta drainatze naturalaren kaltea. Karabanen hondakinak eta saneamendu-urak kudeatzea aurreikusten du jarduerak, eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketaren azterlan bat du. Ingurumen-inpaktuaren txostenean, zenbait neurri jasotzen dira; hauetarako, hain zuzen: zerua gau-argietatik babesteko eta argi-erakarpena murrizteko zenbait animalia-espezietarako, eta jariatze naturalera isurtzen diren uren kalitatea eta obren ondoriozko gainazal berrien landareztatzea ziurtatzeko.

Kontsulten emaitzetatik eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bidez, jakinarazten du proiektuak, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako baldintzak betez, ez duela eragin nabarmenik izanen ingurumenean eta Natura 2000 Sarean. Elementurik hurbilena "Aragoi ibaiaren erdiko tartea" izeneko Kontserbazio Bereziko Eremua da, Las Viñas sakanean zehar. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Xabierren autokarabanek gaua igarotzeko eremua instalatzeko proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera. Proiektuaren sustatzailea Xabierko Udala da.

2. Sustatzaileak aplikagarri zaion araudi espezifikoan ezarri adina baimen hartzen ahal ditu bere gain. Nolanahi ere, proiektua baimentzeak berekin dakar ingurumen-baldintza hauek betetzea:

–Proiektuak memorian aurreikusitako ingurumen-neurriak beteko ditu, bereziki honako hauei buruzkoak: nibelazioaren ondoriozko ezpondak minimizatzea, zerbitzuak zangako eroanbideen bidez konektatzea, garbiketa-eremurako zoladurak erabiltzea eta aparkalekuetan gainazal iragazkorrak erabiltzea, euri-ur garbiak behar bezala bereizten eta kudeatzen direla bermatzeko.

–Eremuko euri-urak drainatze-sarera deskargatzean, drainatze jasangarriko hiri-sistemen teknikak aplikatu beharko dira, fluxua moteltzeko eta aparkalekuko efluentearen balizko kutsatzaileei eusteko (drainak eta zanga iragazleak, areka landareztatuak...), zuzenean edo zeharka Las Viñas sakanera isuri aurretik, baldin eta horri lotutako flora eta fauna alda baditzakete.

–Argi-kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina murrizteko, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan aurreikusitakoa bete beharko da, eta, zehazki, honako hau:

  • Argi-puntuek igorritako goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak % 5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi-puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua. Argi-emisioen mugak).
  • Gomendioa da, ahal dela, argi zuri-urdinxka isurtzen duen lanpararik ez jartzea (LEDen kasua da hori, LED anbarrak salbu), eta, berriz, sodio-lurrunezko lanparak edo LED anbarrak erabiltzea (argi zuri-horia), edo 440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaztea.

–Lanak hasten direnean, landare-lurra aterako da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra), eta hondeaketa-lurretatik bereizita pilatuko da, ondotik, obren ondorioz aldatutako gainazalak lehengoratzeko erabiltzeko.

–Betelaneko eta hondeaketako ezpondak landare-lurra zabalduz eta ereinez tratatuko dira, eta lubetak eremuko klima-baldintzak betetzen dituzten espezieekin landatuko dira. Horretarako, astigarrak (Acer campestre, A monspesulanum), serbalak (Sorbus aucuparia, S domestica), elorri zuriak (Crataegus monogina) eta abar erabiltzea proposatzen da. Landaketarako, ezarpena eta mantentzea bermatzeko birjarpenak eta zainketak eginen dira.

3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak, hala badagokio.

4. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau helaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalari, Basozaintzari ("Tafalla-Zangoza" barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko irailaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

"Oinarrizkoa" kategoriako autokarabana-eremu bat proiektatzen da Xabier udalerriaren alboko lurzoruan, gaua igarotzeko edo garbiketa-gunea erabiltzeko aparkalekuarekin. Instalazioa lurzoru urbanizaezinean jarriko da, Xabierko 1. poligonoko 107e azpilurzatian, Undoze Lerda errepidea kalearen ondoan, ipar-ekialderantz jaisten den hegaleko zelaigune batean.

Eremuak halako zuzkiduren betekizun tekniko orokorrak beteko ditu; hots, zagor artifizialarekin sendotutako hamar lurzati aparkalekuetarako, edukiontzien gune bat eta autokarabanentzako bilketa-gune bat. Bost lurzati jarriko dira erdiko zirkulazio-bidearen albo bakoitzean. Erdiko zirkulazio-bidea 50 m luze eta 6 m zabal izanen da, eta hormigoiz zolatuta egonen da. Horren gainean, erdiko drainatze-linea bat ezarriko da, eta hori hustulekuez hornitua eta jariatze-sarera bideratua egonen da.

Gainera, sartzeko bide bat izanen du, hormigoizkoa, Undoze Lerda errepidea kaletik abiatuko dena: hasierako zatia (35 m luze eta 3,5 m zabal; 4,5, zapaltzen ahal diren arekak kontuan hartuta) zuzena izanen da eta %16ko malda izanen du; ondotiko zatia (30 m luze eta 3,5 eta 6 m zabal artean), berriz, makurra izanen da, eta gaua igarotzeko eremuaren plataformara eramanen du. Oro har, 660 m² inguru zoladura aurreikusten da; horietatik 44 m² garbiketa-gunearen eta edukiontzien gunearen zolei dagozkie.

Gaua igarotzeko eremuak izanen ditu, batetik, Lurzatitik igarotzen diren ur-hornidurako eta saneamenduko sareekiko konexioa eta, bestetik, Xabierko herrigunetik eta Undoze Lerda errepidea kaletik eginen diren herriko argien, telefoniaren eta elektrizitatearen sareekiko hargunea, zangako eroanbideen bidezkoa. Gainera, seinaleztatuta egonen dira eremua, sartzeko tokian, eta bilketa-gunea edo deskargatzeko gunea, eremuan. Seinale bertikalak egonen dira, halaber, Undoze Lerda errepidea kalean, sarbidea arautzeko. Gainera, autokarabana-eremurako sarbidea kontrolatzeko puntua egonen da sarreran. Bideak eta plataformak 12 metroko altuerako paldo gaineko lau argi izanen dituzte (sartzeko bidean), eta beste bi paldo egonen dira gaua igarotzeko eremuan.

Aurreikusten da okupazio-azalera 1.388 m² ingurukoa izanen dela. Bihurdura bakaneko hesi-itxitura perimetrala izanen du, 2 m altu eta 150 m luze ingurukoa. Okupazio-azaleratik 145 m² inguru zelaigunearen iparraldean eta sartzeko bidearen mendebaldean erauzitako lurren ezpondei eta zelaigunearen hegoaldeko betegarriei dagozkie. Isuritako euri-urak hustulekuetan jasoko dira, bidearen eta hegaleko ur-arteka perimetralaren erdigunean jasoko dira, eta, azkenik, Undoze Lerdako errepidea kalean edo ubidean isuriko dira.

Proiektuak aurreikusten du, gainera, etorkizunean beste hamar leku gehiago jartzeko eta zerbitzu gehiago eta beste instalazio batzuk (bainugelak, merenderoa, dutxak eta komun higienikoak, harraska) hartzeko behar den azpiegitura uztea, bai eta lurzatietara doan hargune elektrikoa ere.

1. irudia.–Aurreikusi diren gaua igarotzeko eremuaren, garbiketa-gunearen eta zerbitzuen irudikapena

Iragarkiaren kodea: F2511588