184. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

948E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita haize-parke hauei buruz, haien ebakuazio-azpiegiturak barne: "PE As de Guía 3", "PE Ballestrinque 3", "PE Carabela 3", "PE Carraca 3" eta "PE Ballinger 3", Leatxeko, Oibarko eta Zangozako udal-mugarteetan. Sustatzaileak Arena Green Power Ren 130, 131, 132, 133 eta 134 SLU dira, hurrenez hurren.

Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak igorrita, 2025eko maiatzaren 23an eskaera bat sartu zen Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzen hasteko, Leatxeko, Oibarko eta Zangozako udal-mugarteetan haizearen indarra energia elektrikoa ekoizteko erabiltzen duten instalazio-proiektu hauei eta haien transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturei dagokienez (haize-parkeak): "PE As de Guía 3", "PE Ballestrinque 3", "PE Carabela 3", "PE Carraca 3" eta "PE Ballinger 3" (Sustatzaileak Arena Green Power Ren 130, 131, 132, 133 eta 134 SLU dira, hurrenez hurren).

Aurkeztutako proiektuak ingurune berean kokatzen dira. Izan ere, jarduera eta obra zibil bera dute, eta transformazio- eta ebakuazio-azpiegitura komunen bidez isurtzen dute sortutako energia 66 kV-eko Zangoza TAE azpiestazioan. Beraz, haien artean funtsezko identitatea eta lotura estua dituzte. Efizientzia administratiboaren printzipioari jarraituz eta bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluan xedatutakoarekin, ofizioz erabaki da espediente bakar batean biltzea bost haize-parke horien eta dagozkien transformazio- eta ebakuazio-azpiegituren ingurumen ebaluazioa.

1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

Bost proiektu horien ezaugarri eta magnitude metatuak jasota daude Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurarekin izapidetzen dira, zeina arautzen baita aipatutako arauaren II. tituluko II. kapituluko 1. atalean.

Bat etorriz Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo substantiboa baita, jendaurrean jarri zituen 30 egunez haize-parkeen bost proiektuen ingurumen-inpaktuaren aurreproiektuak eta azterlanak, iragarki bat argitaratu baitzuen 2023ko 203. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 28koan. Bost alegazio-egileren idazkiak jaso ziren.

Aldi berean, organo substantiboak kontsultak egin zizkien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, bat etorriz Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluarekin eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen 37. artikuluarekin.

2024ko urtarrilaren 29an, bost proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaerak jaso ziren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan. Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, organo substantiboak sustatzaileari jakinarazi zion, 2024ko otsailaren 5ean, erabaki zuela eskaera ez igortzea ingurumen arloko organoari eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen organoari, harik eta sustatzaileak fauna hegalariak espazioa erabiltzearen urteko ziklo osoaren azterketa osatu eta aurkeztu arte. Azterketa hori Ingurumen Eraginaren Atalak kontsulta-prozeduran emandako txostenean eskatzen da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren parte izan behar da, eta aurretiazko administrazio-baimenaren eskaerarekin batera aurkeztu behar da, bat etorriz Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren d) apartatuarekin.

2024ko azaroaren 27an, bost proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera berriak jaso ziren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan. Organo substantiboak eskatu zuen akats batzuk zuzentzeko, eta sustatzaileak erabat zuzendu zituen 2025eko urtarrilaren 24an.

Sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratu bat aurkeztu du bost proiektuetarako, kontsulta-aldian Ingurumen Eraginaren Atalaren txostenean jaso bezala, bai eta bost haize-parkeen aurreproiektu berriak ere. Aurreproiektuek aldaketak jaso dituzte, hasieran aurreikusitakoez bestelako ingurumen ondorio nabarmenak ekarri dituztenak. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikulua aplikatuz, jendaurrean jarri ziren 30 egunez aldatutako aurreproiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratua, iragarkia 2025eko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, otsailaren 13koan. Hiru alegazio idazki jaso dira. Aldi berean, organo substantiboak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen 37. artikuluarekin.

I. eranskinean azaltzen da, laburtuta, zer emaitza izan duten jendaurreko informazioaren izapideak eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei zuzendutako kontsulten izapideak, zeinak organo substantiboak egin baititu. Ebazpen honen espedientearen azterketa teknikoaren gorputzean adierazten da nola hartu diren kontuan ingurumen arloko edukia duten txostenak eta ekarpenak, hizpide dituztenak nabarmentzat jotzen diren inpaktuak.

2025eko maiatzaren 7an, sustatzaileek ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zioten Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitako agiriekin batera. 2025eko maiatzaren 23an, organo substantiboak dokumentazio guztia igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, ingurumen arloko organoa baita, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen egokia egiteko.

Ebaluazio hau sustatzaileak bi aurreproiektu gisa aurkeztutako dokumentazioaren gainean egiten da: "Sarera konektatutako haize-parkeak aurretiazko administrazio-baimena lortzeko proiektua" (4,50 MW-eko haize-parke hauetarako: "PE As de guía 3", "PE Ballestrinque 3", "PE Carabela 3", "PE Carraca 3" eta "PE Ballinger 3"), eta "66/20 kV-eko Zangoza azpiestazio jasotzaileak eta 66 kV-eko aireko eta lurpeko lineak aurretiazko administrazio-baimena lortzeko proiektua". Dokumentu guztiak 2025eko apirilekoak dira. Eta irizpena ematen du hari lotutako inpaktuei buruz, zeinak sustatzaileak aztertu baititu "Haize-parkeen ingurumen-inpaktuaren azterketa, 66 kV-eko Zangoza TAEaren konexioarekin, "As de guía 3, Ballestrinque 3, Ballinger 3, Carabela 3 eta Carraca 3", 4,50 MW-koa bakoitza. Leatxe- Oibar (Nafarroa)" izeneko azterketan (2025eko maiatza). Baita jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideetan azaldu diren inpaktuei buruz ere.

Ebaluazioak ez ditu eremu hauek barne hartzen: instalazio eta gailu elektrikoen segurtasuna, laneko segurtasun eta osasuna, hirigintza, lurraldearen antolamendua, bide segurtasuna eta araudi erregulatzailea zein berariazko instrumentuak izanik ingurumen ebaluazio honen irismen eremutik kanpo gelditzen diren gainerako eremuak.

2.–Proiektuen azalpena eta kokalekua.

Haize-parkeen proiektuak Leatxeko (4 haize-sorgailu) eta Oibarko ("PE Carraca 3") udal-mugarteetan daude. Proiektatu da transformazio-azpiestazio elektrikoa (TAE) ere hor egotea. Aireko eta lurpeko goi tentsioko ebakuazio-linea Oibarko eta Zangozako udalerrietatik igarotzen da.

Helburua da bost haize-sorgailu eraikitzea, zeinek 105 metroko altuerako dorreak izanen baitituzte, bai eta 149,5 metroko diametroko errotoreak ere (bakoitzaren potentzia: 4,50 MW), eta sortutako energia ebakuatzeko behar den linea elektrikoa egitea.

Hau da haize-sorgailuen proiektatutako kokapena:

HAIZE-SORGAILUA

X

Y

PE as de Guía 3

629.916,59

4.719.581,86

PE Ballestrinque 3

630.262,61

4.719.772,42

PE Ballinger 3

630.541,25

4.720.015,44

PE Carabela 3

630.712,97

4.720.770,21

PE Carraca 3

631.358,51

4.720.715,02

Erreferentziako Koordenatu Sistema (CRS) ETRS 1989/UTM Zone 30N.

Horrez gain, neurketa dorre autosostengatu bat paratuko da, 118,4 m-koa, anemometroa eta haize-orratza izanen dituena 120,4 m-ko garaieran, koordenatu hauetan: x 630.345,50 m eta y 4.721.043,73 m (ETRS89 Huso 30T). Behe tentsioko elikadura izanen du, "PE Carabela 3" haize-sorgailutik, haize-sorgailuaren erdi tentsioko ebakuazio-linearen zanga bera erabiliz.

Aurreikusten da NA-534 errepidetik sartzea parkera (Judasen Benta - Oibar - Zarrakaztelu), 3+100 kilometro-puntuan, gutxi gorabehera. Horretarako, Oibarren eta Izkon funtzionamenduan ari diren haize-parke batzuetara sartzeko bideak erabiliko dira. Aurreikusitako haize-sorgailuetara iristeko, 6.000 metro inguruko bideak eraiki edo egokituko dira, 6 metro zabal izan arte. Ingurumen-inpaktuaren azterketak aurreikusten du 4.689 m-ko bideak eraikitzea sarbide berrirako. Biraketa-erradioa 60 m-koa izanen da gutxienez, eta gehieneko maldak, aldiz, %10ekoak. Zoruak zabor-legar naturala izanen du. Zorua hormigoituta badago, %14ko malda baimentzen da gehienez. Tarte kurbatuetan, maldak hormigoituko dira %8tik gorakoak badira. Haize-sorgailuak muntatzeko, plataforma iraunkorrak egin behar dira garabiak muntatzeko eta lan egiteko, bai eta plataforma osagarriak ere, palak eta osagaiak metatzeko. Bost haize-sorgailuek sortutako elektrizitatea ebakuatzeko, 20 kV-eko erdi tentsioko sare bat erabili behar da, zanga batean lurperatuta, proiektatu den 66/20 kV-eko Zangoza azpiestazio jasotzaileraino, zeina aurreikusten baita Oibarko 6. poligonoko 462. lurzatian (koordenatuak: x: 631.199,48 m, eta y: 4.720.851,76 m (ETRS89 Huso 30T)). TAEak 1.219 m²-ko azalera hartuko du. Azpiestazio jasotzailetik goi tentsioko aireko eta lurpeko linea bat proiektatu da, 66 kV-ekoa. Lehen eta hirugarren tarteak, 6.740 m eta 2.060 metro luze izanen direnak hurrenez hurren, lurpetik joanen dira. Aldiz, bigarren tartea, 5.786 metro luze izenen dena, airetik joanen da, eta 27 euskarri izanen ditu. Proiektuan, 0,6 m-ko zabalerako zangak diseinatu dira lehen tarterako, eta 1,12 m-ko zabalerakoak, aldiz, lurpeko azken tarterako. Horrenbestez, okupazio azalera 6.350,08 m²-koa izanen da gutxienez goi tentsioko lineako zangetarako.

Sustatzaileak kalkulatzen du haize-sorgailuen plataformek 27.575,36 m²-ko azalera hartuko dutela. Kalkulatu denez, 19.002,27 m²-koa izanen da erdi tentsioko eta behe tentsioko lineak lurperatzeko zangek okupatutako azalera. Bide berrietarako, sustatzaileak 32.822,95 m²-ko okupazioa aurreikusten du (4.689,00 metro luze eta 7 metro zabal).

3.–Espedientearen azterketa teknikoa.

a) Alternatiben analisia.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak (IIA) kokalekuak aztertzen ditu, kontuan hartuta proiektuaren bideragarritasuna eta aztertu beharreko baldintzatzaile batzuk: zein den baliabide eolikoa eta konexio-puntua eta lehendik badauden elementu antropikoak eta azpiegiturak. Hautatutako kokalekuak teknikoki egingarriak direla aldez aurretik egiaztatu ondoren, alternatibak aztertzen dira, ingurumen eta gizarte arloko irizpideak kontuan hartuta. IIAk honako hauek hartzen ditu kontuan: sare hidrografikoa, naturagune babestuak, landaredia, biotopoak eta faunaren gaineko eragina, erabilera tradizionalak, kultura-ondarea eta paisaia, eta bat datorren hirigintzari buruzko legeriarekin. Alternatibak hautatzean, premisa da azpiestazio jasotzaile bera, ebakuazio-linea bera eta garraio-sareko konexio-puntu bera izan behar dituztela.

Sustatzaileak zero alternatiba hartu du kontuan, hau da, proiektua ez gauzatzea, eta hiru kokaleku alternatibo zehaztu ditu haize-parkeetarako eta lau, aldiz, energia ebakuatzeko linea elektrikorako.

Sustatzaileak baztertzen du proiektua ez egitea, klima aldaketaren egungo egoeragatik, kontuan hartuta haren jatorria eta ekosistemetan eta gizarteetan epe ertain eta luzean aurreikusten diren inpaktuak. IIAren arabera, eguzki- eta haize-energia sustatzea da gaur egun teknikoki egingarria den arintze aukerarik onena. Proiektua ez egitea ez da egokitzat jotzen, CO2 isuriak ez murriztea ekarriko lukeelako.

Haize-parkeen 1. alternatiba Oibarko eta Leatxeko udal-mugarteetan kokatzen da, laborantza-lurretan, harrera eolikorako gaitasun handiko eremu batean, eta 1.300 metrora dago haize-parke hurbilenetik, eta 830 metrotik 850 metrora bitarteko kotetan. 2. alternatiba udalerri beretan kokatzen da, 1. alternatibatik iparraldera, eta harrera eolikorako gaitasun handia du. Posizioak Oibarko haize-parketik hurbilago daude (500 m), 875 metrotik 900 metrora bitarteko kotetan. 3. alternatiba Ezporogiko udal-mugartean dago, landaredi naturaleko lurzoruan, gaitasun eoliko handiko eremu batean, Izkoko haize-parketik gertu (750 m), 850 metrotik 900 metrora bitarteko kotetan.

IIAk aukera bakoitzaren egokitasuna aztertzen du zenbait parametroren arabera: sarbidea, lurzoruaren gaitasun agrologikoa, Batasunaren intereseko habitaten gaineko eragina, landaredi naturalaren gaineko eragina eta hesi-efektua edo konektibitate-galera fauna hegalariarentzat. Sustatzaileak 1. alternatiba aukeratu du hark eragin txikiena duelakoan, hesi-efektu txikiagoa sortzen baitu eta eragina txikiagoa baita landaredi naturalean eta Batasunaren intereseko habitatetan.

Energia ebakuatzeko alternatibak garraio-sareko konexio-puntuak baldintzatzen ditu: 66 kV-eko Zangoza TAEa. IIAren abiapuntua da 66/20 kV-eko Zangoza TAE jasotzailearen kokapena egokia dela. Ebakuaziorako lehen hiru alternatibek trazadura bera dute, baina diseinu desberdina: erabat airekoa, zati batean lurperatua eta erabat lurperatua. Laugarren aukerak trazaduraren zati bat aldatzen du, eta aireko eta lurpeko diseinua du. 1. alternatibak aireko ebakuazio bat diseinatzen du: trazadurak 11 km ditu, proiektatutako TAEtik abiatuta, Oibarko Bizkaia ibarrean barna eta, ondoren, Rocaforteko bidearekiko paraleloan jarraitzen du, Gayan erreka-zuloa gurutzatu eta sarera konektatzeko puntuarekin lotu arte. 2. alternatibak trazadura berari jarraitzen dio. 4,94 km-ko lehen tartean lurpetik joaten da Bizkaia ibarretik, eta airekoa izatera pasatzen da azken 7,17 kilometroetan. 3. alternatibak, 2. alternatibaren lurpeko lehen tartea egin ondoren, zangan lurperatuta jarraitzen du, guztira 12,47 km-ko luzera duen diseinu batean. 4. alternatibak trazadura aldatzen du, Bizkaiko ibarretik jaitsi ondoren. Zangan jarraitzen du Oibarko hirigunearen ertzeraino, 6,77 km dituen lehen tarte lurperatuan. Ondoren, airekoa izatera pasatzen da Oibarko mendilerroa gurutzatzen duen 5,79 km-ko tarte batean. Ekialderantz joaten da, Tafalla-Zangoza NA-132 errepidearekiko paraleloan, eta, beste linea elektriko batzuek bezala, berriz ere airetik zeharkatzen du Uñesako haranaren eta Gayan erreka-zuloaren hegoaldeko mendilerro txikia. Ondoren, berriz lurperatu eta 2,06 km-ko azken tartea egiten du, Zangoza TAEra (66 kV) konektatu arte. 4. aukeraren luzera, guztira, 14,62 km-koa da.

IIAk adierazten du 4. alternatiba hautatzen dela azkenean, asmoa baita Oibar eta Rocaforte artean naturalizatuen dagoen eremuari ez eragitea eta lineak Zangozako sarreran duen paisaia-inpaktua murriztea. Alternatiben azterketak gaineratzen duenez, abifaunaren azterketa amaitu ondoren, gomendatzen da aireko azken tartea lurperatzea aztertzea, hondakinak transferitzeko zentroaren aldean, abifauna asko erakartzen baitu.

Proiektuak jendaurrean jartzeko prozeduretan, hainbat alegaziogilek (Ongaiz, Landazuria eta Sustrai Erakuntza elkarteak) eta Zangozako Udalaren txostenak adierazten dute IIAren alternatiben azterketak aukera eman behar duela energia berriztagarria sortzeko lehendik dauden edo onartuta dauden proiektuen azpiegitura berberak erabiltzeko ebakuazioan. Sustatzaileak erantzun du bilerak egin dituela izapidetzen ari diren proiektuen beste sustatzaile batzuekin, trazadura koordinatzeko proiektu horiekin eta leku beretik joateko. Gaineratu duenez, ezaugarri teknikoetan eta ebakuazio- eta konexio-puntuetan dauden aldeak direla-eta, beti ez da teknikoki bideragarria ebakuazio-linea berberak erabiltzea.

Ongaiz eta Landazuria elkarteek eskatu dute IIAk ez duela zero alternatiba baztertu behar, egiten duen bezala, eta planteatu dute energia berriztagarriaren ekoizpena handitzeko aukerak kontuan hartu behar dituela dauden haize-parkeak indartzea eta instalazio fotovoltaikoekin hibridatzea. Sustatzaileak erantzun du proiektua ez egiteak CO2 isuriak ez murriztea ekarriko lukeela. Eta, energia-iturri berriztagarrien egungo aukerekin, sustatzaileak uste du proiektu honetarako eolikoa dela alternatibarik onena. Beraz, kokapen aukera desberdinak aztertu dira, ingurumen-inpaktu txikiena duen kokalekua aurkitzeko.

b) Proiektuaren inpaktu nagusien azterketa.

Jarraian, proiektuen inpaktu nagusiak eta horien tratamendua aztertzen dira, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitakoak edo jendaurreko informazio eta kontsulta-prozeduretan azaleratu direnak. Ez-nagusitzat jo diren inpaktuak ez dira ebazpen honetan jorratu.

IIAk zehazten du obra zibilean egin beharreko lur-mugimenduek aldaketa handiak ekarriko dituztela geomorfologian, topografian eta erliebean, ezarpen-eremuaren morfologiagatik, lan-eremuaren erliebea eta malda kontuan hartuta. Ukipena murrizteko, muntaketa- eta pilaketa-plataformak ahalik eta gehien murriztu dira. IIAk bost haize-parkeetako plataformak eta bideak egiteko behar diren lur-mugimenduak kuantifikatzen ditu: gutxi gorabehera 100.000 m³ lur-erauzketen kasuan eta 118.000 m³ lubeten kasuan. Harrobitik 18.000 m³ material beharko dira, eta beste 19.000 m³ zabortegian erabiliko dira.

IIAk moderatutzat jotzen du geomorfologiaren gaineko inpaktua, obra-fasean erliebea aldatzearen eta forma artifizialak sartzearen ondoriozkoa. Prebentzio- eta zuzenketa-neurriak aplikatu ondoren, inpaktua bateragarritzat jotzen da.

Sustrai Erakuntza elkarteak alegatu du eragin handia izanen dutela pistak irekitzeak eta proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lur-berdinketak egiteak, egin behar den lur-mugimenduagatik. Sustatzaileak erantzun du proiektuak lur-mugimenduak minimizatzen dituela, 5.622 m-ko bide berriak soilik egin beharko direla eta lurzatien orografia kontuan hartu dela.

IIAren arabera, landare-estaldura kentzeak eta lur-mugimenduek higadura-efektuak areagotuko dituzte. Higadurak lurzoruan eragindako inpaktua aldi baterakoa da, landare-estaldura lehengoratzen den artekoa. IIAren arabera, higadura areagotzeak lurzoruan duen inpaktua bateragarria da, prebentzio- eta lehengoratze-neurriak aplikatu ondoren.

IIAk zehazten du eraikuntza-fasean landare-estaldura aldatuko dela ukitutako azalera guztietan, aldi baterako edo modu iraunkorrean izan. IIAk kuantifikatzen du zenbateko eragina izanen den landarediaren gainean plataformak, pilaketa-eremuak eta bideak egitearen ondorioz. Guztira, kalkulatzen da 52.911,26 m²-ko landaredi-azalera ukituko dela: 18.099,29 m² landaredi naturalarekin eta 34.811,97 m² soroekin. IIAk aztertu du zer ukipen izanen duten Batasunaren intereseko habitat (BIH) motek, horretarako oinarri hartuta Nafarroako laboreen eta aprobetxamenduen mapako geruza digitalizatuaren kartografia (2023) eta egindako landa-lana. IIAk kalkulatzen du guztira 12.800 m² ukituko direla larre mesoxerofiloek (6210 BIH gisa kodetuta) eta sastraka mediterraneoak (4090) osatutako mosaikoan. 4090 BIH motaren barnean, kalkulatu da 6.400 m²-ko murrizketa eginen dela Echinospartum horridum espezieko sastrakadiaren habitataren gainean, zeina Nafarroan oso urritzat jotzen baita, batez ere, "PE Caraca 3" parkeko bideak eta "PE Carabela 3" parkeko plataformak eraginda. IIAk kalkulatzen du 2.200 m²-ko azalerako ukipena eginen dela Leatxeko "Robedal-Bravo" izeneko onura publikoko mendiko erkamezti gaztelar-kantauriarra dela eta (9240 BIH motaren barruan).

IIAk ez du kalkulatzen ebakuazio-linearen zanga egiteak landarediaren gainean duen eragina, baina adierazten du haren trazadura, ahal den guztietan, lehendik dauden bideen ertzetik igarotzen dela. Bizkaiko ibarretik lurperatutako tartean (740 m), IIAk kalkulatzen du 2.220 m² ukituko dituela 4090 BIH motako sastraka mediterraneotik, eta adierazten du eragin hori obra amaitu ondoren jatorrizko egoerara lehengoratzen ahalko dela.

IIAk bateragarritzat jotzen du eraikuntza-fasean landare-estaldura galtzearen eta aldatzearen ondorioz landarediaren gainean izanen den inpaktua. Moderatutzat jotzen du obra egiten den bitartean Batasunaren intereseko habitatetan izanen den eragina. Bi inpaktuak bateragarritzat jotzen dira proiektua gauzatzean, prebentzio- eta zuzenketa-neurriak aplikatu ondoren.

Alegazioak aurkeztu dituzten hiru elkarteen ustez, IIAk ez ditu behar bezala baloratzen ingurumen-inpaktu batzuk, edo ez ditu beharrezko neurri zuzentzaileak ezartzen, orokorrak baitira, eta ez espezifikoak. Lurzoruaren eta landarediaren gaineko inpaktuari dagokionez, uste dute ez dela ukitutako landarediaren gaineko azterketa zorrotzik egiten eta ez dagoela landaketak egiteko eta landareztatzeko plan zehatzik. Idazkian arrazoitu dute landare-komunitateei egindako kaltea ez litzatekeela konponduko, habitat horien segida oso motela delako.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txosten bana egin zuen ukitutako administrazio publikoei kontsultak egiteko prozeduretan. Txosten horietan adierazten zen IIAk kuantifikazio xehatua jaso beharko zuela ukitutako landaredi- eta habitat-azaleren gainean. Era berean, kontuan hartu behar da Junipero hemisphaericae edo Echinospartetum horridi espezieen sastrakak egon daitezkeela eremuan, zeinak 4090 BIH motan sartuta baitaude.

Bigarren txostenean, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak balioesten du bigarren kontsulta-izapidean aurkeztutako proiektuek eragin handiagoa dutela landaredi naturalean eta lur-erauzketa eta/edo lubeta handiagoak egiten dituztela, haize-sorgailuetara sartzeko bideen diseinu berriagatik eta muntaketako plataforma iraunkorrak eta aldi baterakoak berriz dimentsionatu direlako eta orientazio berria eman zaielako. Txostenak sustatzaileari eskatzen zion xehe-xehe azter zitzala eragin berri horiek, eta egitura bat plantea zezala, lehentasuna emanen ziona laborantza-azaleren edo dauden bideen okupazioari, landaredi naturaleko azaleren gainetik.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren eskariz aurkeztutako proiektuak aldatu gabe mantentzen du jendaurreko informazioaren eta kontsulten bigarren izapideko bide eta plataformen diseinua. Espedientearen azterketa teknikoan, ingurumen arloko organo honek egiaztatu du IIAk ez duela kontuan hartu zenbateko azalerak ukitzen dituzten bideetako lubetek eta lur-erauzketek eta plataforma aldi baterakoek eta iraunkorrek, ukitutako landarediaren eta habitaten azalera kuantifikatzeko. Ebakuazio-zangak "Camino del Monte" deiturikoari jarraitzen dio. Bide horrek, 1.350 metroan gutxienez, erkamezti gaztelar-kantauriar heldu bat zeharkatzen du (9240 BIH motakoa), non tamaina ertaineko eta handiko erkametzak eta astigarrak baitaude, bidearen bi ertzetan.

Obra egiten den bitartean, IIAren arabera, eragozpenak eta eraginak sortzen zaizkie fauna-biotopoei, edo zuzeneko galerak, langileen, ibilgailuen eta makina astunen joan-etorriekin eta egin beharreko lanekin. IIAk moderatutzat jotzen du obra-fasean faunaren gaineko inpaktua, sortzen dena eragozpenen ondorioz eta espezieen habitaten galeraren edo eraginaren ondorioz. Bi inpaktuak bateragarritzat jotzen dira prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren.

IIAk identifikatzen du zer arrisku eragin dezakeen haize-parkeak faunan (batez ere abifaunan eta kiropteroetan), hesi-efektu bat sortzen baitu, eremuaren konektagarritasuna aldatzen duena. Era berean, identifikatzen du zer arrisku duen fauna hegalariak, hilkortasuna handitzen baitute haize-sorgailuen kontrako talkek edo aireko ebakuazio-linea elektrikoarekin gertatzen diren elektrokuzioek. Azterlanaren arabera, bete beharreko araudietan jasotako neurriak direla eta, elektrokuzio-arriskua potentziala eta oso puntuala da (ia-ia ez dago), istripuak oso lokalizatuak baitira. Baina handiagoa da talka egin dezaketen espezieen kopurua. IIAk adierazten duenez, proiektatutako haize-sorgailuen modelo berriek hegal handiagoak dituzte, eta beraz, ekorketaren azalera handiagoa da.

IIAk larritzat jotzen du konektibitatea galtzeak faunarengan duen inpaktua, bai eta talka egiteko edo elektrokutatzeko arriskua handitzeak eragindako inpaktua ere, prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren ere.

IIAk, atal batean (II. eranskina), ebaluatzen du zer ondorio izanen duen proiektuak Natura 2000 Sareko gune babestuetan. Atal horren arabera, gako elementuak aztertu ondoren, ukipen bakarra da abifaunaren eta kiropteroen gako elementuei ustiapen-fasean dagokiena. Ildo horretan, haize-sorgailuak oztopo bat dira abifaunaren eta kiropteroen espezieen konektagarritasunean, bai eta hilkortasun-arrisku potentzial bat ere, talken ondorioz. Populazio txikiko espezieen artean, kontserbaziorako mehatxu bat izan daitezke. II. eranskinak ondorioztatzen duenez, nahitaezkoa izanen da II. eranskinean eta proiektuaren IIAn definitutako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurri guztiak aplikatzea, Natura 2000 Sarearen osotasunari eta koherentziari eusteko. II. eranskinak ondorioztatzen duenez, neurri horiek nahikoak izanen dira proiektuaren faseetan sorten diren zuzeneko eta zeharkako inpaktuak arintzeko.

Fauna babesteko prebentzio-neurrien eta neurri zuzentzaileen artean, IIAk aurreikusten du baloratzea talken aurkako gailuak paratuko diren, aztertzea ebakuazio-linearen aireko azken tartea lurperatuko den hondakinak transferitzeko instalazioaren ondoan, eta baloratzea 6 m/s-ra mugatuko den haize-sorgailuak abiarazteko haizearen gutxieneko abiaduraren atalasea kiropteroen aldi aktiboenetan. IIAren V. eranskinean, abifaunak espazioa nola erabiltzen duen aztertzean, jasota dago hiru urtez azterketa xehatu bat egitea haize-sorgailu bakoitzaren konektagarritasunari eta hilkortasunari buruz. Azterketa horren ondoren, neurri zuzentzaile berriak hartuko dira, behar izanez gero.

IIAk larritzat jotzen du Natura 2000 Sareko gune babestuen gainean ustiapen-fasean izanen den inpaktua, zeina sortuko baitu talka egiteko arriskuak, hesi-efektuak eta konektibitatea galtzeak, prebentzio-neurriak edo neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren ere.

Proiektuek hegaztiengan eta eremu babestuetan izan ditzaketen ondorio nabarmenak baloratzeko, sustatzaileak kontuan hartu du proiektuaren ondorioak metatzen direla eremuan energia elektriko eolikoa sortzeko dauden beste proiektu batzuekin.

IIAk adierazten duenez, bai obretako ekintzek, bai proiektatutako instalazioek nabarmen aldatuko dute pertzepzio-ingurunea. Azterlanak bateragarritzat jotzen ditu obra-fasean zein ustiapen-fasean paisaian esku sartzearen eta aldatzearen ondorioz egiten diren paisaia-inpaktuak.

IIAk atal bat du identifikatu eta ebaluatzeko zer ondorio metagarri eta sinergiko ekar ditzakeen proiektuak. Haren arabera, metatutako efektu handienak funtzionamendu-fasean gerta daitezke, hesi-efektua handitzeagatik, konektagarritasuna galtzeagatik eta habitaten kalitatea galtzeagatik, bai eta talka-arriskua handitzeagatik ere. Efektu horiek areagotuko dira azterketa-eremuan proiektu eoliko gehiago daudelako. Izan ere, Izko mendilerroko galdor osoa okupatzen dute, kasu batzuetan hesi bikoitzarekin. IIAk larritzat jotzen du faunaren gaineko inpaktu sinergikoa, konektagarritasuna galtzeak eragiten duena, bai eta haize-sorgailuekin izandako talkekin lotutako heriotza kopuruak ere.

Alegazioak aurkeztu dituzten hiru elkarteen ustez, proiektu horiek onesteak ekarriko du katalogatutako espezieetan eragin larria onartzea, arriskuan jartzen baitira mehatxu-egoeran dauden espezie batzuk, instalazio horiekiko oso sentikorrak direnak. Haize-parkeetan eta linea elektrikoetan, hegazti harrapari handiek pairatzen dute hilkortasun handiena (hala nola sai arrea, sai zuria, arrano beltza eta miru gorria). Izan ere, ikuspegi demografikotik, oso sentikorrak dira hilkortasun ez-naturalerako. Alegazio-egileek baloratzen dute populazioaren gaineko efektua sinergikoa eta metagarria dela funtzionamenduan dauden parkeekin, eraginak proiektuaren bizitza osoan irauten baitu. Ongaiz eta Landazuria elkarteek uste dute proiektuak muturreko sinergiak dituela Izko, Oibar eta Salajonesko haize-parkeekin, eta interferentziak sortzen direla baliabide eolikoagatik. Inguruko haize-parkeetan hautemandako heriotza-tasak ere nabarmentzen dituzte, eta azpimarratzen zifra horiek areagotuko liratekeela ondorio metagarri eta sinergikoengatik.

Hiru elkarte alegatzaileek eta Zangozako Udalak, kontsulta-izapidean emandako txostenean, adierazten dute zer-nolako ukipenak sortuko lituzketen proiektuaren azpiegiturek paisaiaren pertzepzioan. Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalak jakinarazi duenez, sustatzaileak, paisaiari buruzko azterketa baten bidez, kontuan hartu behar du eremuko energia-instalazioen efektu metatua, bai eta esku-hartzearen eskala eta proiektuaren eraginpeko benetako eremua ere.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak, bigarren kontsulta-prozedura izapidetzean, jakinarazi zuen haize-parkeen proiektuek ondorio kaltegarri nabarmenak izan ditzaketela proiektuaren eraginpeko eremuaren barneko Natura 2000 Sareko espazioetan katalogatuta dauden fauna hegalariarengan, zeina kontserbatu beharrekoak baita, bai eta espazio horien arteko konektagarritasun ekologikoan ere. Proiektatutako azpiegiturek eragin ditzaketen ukipenek ondorio metagarri eta sinergikoak izan ditzakete handik hurbil funtzionamenduan dauden haize-parkeek eta inguruan proiektatzen diren beste batzuek eragindakoekin.

Espedientea aztertu ondoren, ingurumen arloko organo honek jakinarazten du proiektatutako haize-parkeak kokatuta daudela baliabide eolikoa aprobetxatzeko azpiegitura ugari dituen eremu batean, inguruko gandor ia guztietan paratu baitituzte haize-sorgailuak. Sei haize-parke daude funtzionamenduan egin gogo diren haize-parkeetatik 10 km inguruko erradioan. Iparraldean, Ibargoiti, Izko, Oibar eta Salajonesko parkeak. Mendebaldean eta hego-mendebaldean, Uzkita eta Gerinda 2 parkeak dira hurbilenak. Guztira 227 haize-sorgailu dira, guztiak zaharrak. Hemen aurreikusitakoak baino baxuagoak dira, baina normalean 100 metro baino gutxiago daude abatzen artean. Horietaz gain, Joluga haize-parkea ere badago, hegoaldean, zeinak eraikitzeko administrazio-baimena baitu. Proiektuaren ondorio sinergiko eta metagarri handienak, ziurrenik, Izko eta Oibarko haize-parkeekin gertatuko dira, zeinek 102 haize-sorgailu baitituzte guztira. Izko mendilerroa zeharkatzen dute 7,45 km-tan gutxi gorabehera, mendebaldetik ekialdera, hots, Lantxurda punturik garaienetik hurbil abiatuta, NA-534 errepideak Oibarko mendatea zeharkatzen duen ingururaino. 102 haize-sorgailu guztiak kokatuta daude 1.300 metrotik 3.600 metrora bitarte proiektatutako kokalekuetatik. Mendilerroaren hegoaldeko hegalean proiektatutako haize-sorgailuen tamainaren ondorioz, haien ekortze-eremua guztiz bat dator iparraldean, Izko mendilerroaren galdorrari jarraituz, kokatutako haize-sorgailuen ekortze-eremuekin.

Ezarritako haize-parkeei egindako jarraipenek erakutsi dute fauna hegalariaren talkak hondar-inpaktu nabarmena direla. Ingurumen Ebaluaziorako Atalak katalogatutako abifaunaren 25 talka erregistratu ditu Izko eta Oibarko haize-parkeetan: besteak beste, 16 miru gorri, 2 sai zuri, 2 arrano beltz eta mirotz urdin 1. Horietaz gain, katalogatutako kiropteroen artean hiru gau-saguzar ertain ere badaude. Parke horietan, hildako 498 ale aurkitu dira, babes araubide bereziko espezie basatien zerrendan katalogatu gabeko espezietakoak; horien artean, 40 kiroptero. Ezarpen-eremuan behatutako harrapari-espezieen artean, nabarmentzekoa da 244 sai arrek edo 14 arrano sugezalek egin dutela talka.

Sai arrea da abifaunaren espazioaren erabileraren urteko zikloaren azterketan turbinen eremuan gehien hautematen den harraparia (149 behaketa), eta haren hegaldien %57,0 palen ekortzearen garaieran egiten dira. Hurrengoa miru gorria da (67 behaketa), "galzoriko espezie gisa katalogatuta" dagoena, eta haren hegaldien %56,7 dira ekortzearen garaieran; eta hurrengoa, belatz gorria (48 behaketa), hegaldien %12 arriskuaren garaian egiten dituena. Proiektuaren eraginpeko eremua beste espezie katalogatu batzuk ere badaude, hala nola Bonelli arranoak, ugatzak ("galzorian" daude); sai zuriak, mirotz urdina, arrano beltza eta mendebaldeko aintzira-mirotza ("kalteberak" dira). Edo katalogatutako saguzarrak, kontsideratzen direnak haize-turbinekin talka egiteko arrisku handia dutela, haien portaeragatik eta hegan egiteko moduagatik, hala nola Schreibers saguzarra edo gau-saguzar handiak eta ertainak ("kalteberak" dira).

Katalogatutako harrapariengatik (Bonelli arranoa, ugatza, miru gorria, sai zuria eta arrano beltza) deklaratu ziren hegaztientzako babes bereziko eremuak (HBBE) proiektuaren eraginpeko eremuan: Itzaga (ES0000127), Arbaiun-Leire (ES0000482) eta Caparreta (ES0000151). Horietaz gain, hauek ere badaude: sai arrea, zapelatz liztorjalea, arrano txikia, aztore arrunta, arrano sugezalea eta miru beltza. Horiek guztiak aire-espazioaren erabileraren azterketan hauteman dira. Adostasun zientifikoak adierazten duenez (eta ingurumen arloko organo honek hari atxikitzen dio), oro har, Natura 2000 Sareko eremu bateko hegaztien gaineko inpaktua ebaluatu beharko da, baldin eta haize-parkearen proiektua haren barnean badago, mugatik 10 km-tik behera badago, mugatik 15 km-ra harrapari handiak badaude eta 50 km-ra sarraskijale handiak badaude. Proiektuak inpaktu nabarmenak izanen ditu espazioak Natura 2000 Sare izendatzeko arrazoi izan ziren espezieetan, bai eta haien kontserbazio-helburuetan eta espazioen arteko konektagarritasunean ere.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak jakinarazi zuen sustatzaile berak bultzatutako beste proiektu batzuk daudela ingurunean, eta horiek kontuan hartu beharko liratekeela ingurumen-dokumentazioan eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren analisian, izapidetutako proiektuen ingurumen-ebaluazio egokia egiteko. Espediente honetatik kanpo konexio-baimena lortu duten proiektuek eta hemen ebaluatutakoek berberak dituzte ezarpen-eremua, bideak eta transformazio azpiegiturak eta sarera konektatzekoak. Espedientea izapidetzean adierazi zen bezala, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren eskariz barneko bideetarako aurkeztutako diseinuekin, landaredi natural eta BIH mota gehiago okupatzen dira, baina arrazoia da sarbidea eman gogo zaiela espediente honetatik kanpo geratu diren etorkizuneko haize-sorgailuei. Energia eolikoa sortzeko proiektatutako azpiegitura guztien izapidetzea mailakatua izanda, zailagoa da identifikatzea eta baloratzea zer ondorio nabarmen aurreikus daitekeen Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan definitutako ingurumen-alderdietan, ondorio metagarriak eta sinergikoak barne, bai eta alternatiben azterketa egokia egitea ere.

Sustatzaileak ebakuazio-linearen 3. alternatiba baztertu du, IIAren alternatiben azterketan proposatu zena. Alternatiba horrek lurpeko diseinua zuen trazadura osoan. Aukera hori baztertzeko arrazoia izan da arazoak daudela bigarren tartearen lurperatzearekin, bide asko eta NA-534 errepidea gurutzatzeak dakartzan arazo teknikoen ondorioz. Hautatutako alternatibak (4. alternatiba) trazadura luzeagoa du: tarte bat hegoalderantz luzatzen da, eta iparralderantz itzuli behar da gero, garraio-sarerako konexio-puntuarekin bat egiteko. Aireko tarte hori partekatzen da sustatzaile berak energia eolikoa sortzeko egin duen beste proiektu batekin, zeina ez baita espediente honetan ebaluatu. Hautatutako alternatiba horren lurpeko lehen tarteak lurpetik gurutzatzen du NA-534 errepidea.

Gorago aztertutakoari jarraituz, ingurumen arloko organo honen ustez, proiektuak inpaktu nabarmenak izanen ditu katalogatutako espezieetan (batzuk "galzoriko espezie" gisa sailkatuta daude) eta proiektuaren eremuan dauden espazioak Natura 2000 Sare izendatzeko arrazoi izan ziren espezieetan, baita haien kudeaketa-planetan onartutako kontserbazio-helburuetan ere, eta, aldi berean, haien arteko konektagarritasunean eraginen du. Proiektuaren ondorio negatibo horiek larritzat jo behar dira, bai espazioaren erabileran hautemandako arrisku-egoerengatik, bai ezarpen-eremuaren inguruko haize-parkeen hondar-inpaktuaren estrapolazioagatik. Inpaktu nabarmen horien balorazioa larriagotzen da proiektuaren ondorioak metagarriak eta sinergikoak direlako inguruko azpiegituren funtzionamenduak sortutako ondorioekin. Beraz, inpaktua kritikotzat hartu behar da.

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoan azaldutakoa ikusita, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ondorioztatzen du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatzen du kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea "PE As de Guía 3", "PE Ballestrinque 3", "PE Carabela 3", "PE Carraca 3" eta "PE Ballinger 3" izeneko haize-parkeen proiektuetarako (barne daudela haien transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak), zeinak sustatu baitituzte Arena Green Power Ren 130, 131, 132, 133 eta 134 SLUk, hurrenez hurren, Leatxe, Oibar eta Zangozako udal-mugarteetan. Izan ere, identifikatu da proposatutako neurriek ingurumenean inpaktu negatiboak izan ditzaketela, eta neurri horiek ez dutela behar bezalako prebentzioa, zuzenketa edo konpentsazioa egiteko berme nahikorik.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz (honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuak), honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Lehenago adierazitako arrazoiengatik, kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea haize-parke hauei buruz, haien transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak barne: "PE As de Guía 3", "PE Ballestrinque 3", "PE Carabela 3", "PE Carraca 3" eta "PE Ballinger 3", Leatxeko, Oibarko eta Zangozako udal-mugarteetan. Sustatzaileak Arena Green Power Ren 130, 131, 132, 133 eta 134 SLU dira, hurrenez hurren.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–JENDAURREKO INFORMAZIOAREN IZAPIDEAREN EMAITZA

Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri ditu, 30 egun balioduneko epean, honako haize-parke hauen proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterlanak, barne daudela haien transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak: "As de guía 3" (1243 - CE), "Ballestrinque 3" (1244 - CE), "Carabela 3" (1245 - CE), "Carraca 3" (1246 - CE) eta «Ballinger 3» (1247 - CE), Leatxe, Oibar eta Zangozako udal-mugarteetan (sustatzaileak Enigma Green Power 2, 4, 6, 8 eta 10 SLU dira, hurrenez hurren). Horretarako, iragarkia argitara eman da 2023ko 203. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 28koan.

Bost alegazio jaso dira:

–1. alegazioa: Joluga Energy SLU.

–2. alegazioa: Francisco Javier Lasa Equiza.

–3. alegazioa: Sustrai Erakuntza fundazioa.

–4. alegazioa: Zangozerriko Ongaiz - Ekologistak Martxan elkartea.

–5. alegazioa: Landazuria - Erriberako Ekologistak Martxan elkartea.

Sustatzaileak aldaketa jakin batzuk egin ditu izapidetzean ezarritako baldintzak betetzeko, eta, ondorio berberetarako, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurreko informazioaren bigarren izapide bat egin du, 30 egun balioduneko epean, honako haize-parke hauen proiektu aldatuak eta ingurumen-inpaktuaren azterlan bateratuak: "PE Ballestrinque 3", "PE Carabela 3", "PE Carraca 3" eta "PE Ballinger 3", Leatxe, Oibar eta Zangozako udal-mugarteetan (sustatzaileak Enigma Green Power 2, 4, 6, 8 eta 10 SLU dira, hurrenez hurren). Horretarako, iragarkia argitara eman da 2025eko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 13koan.

Hiru alegazio jaso dira:

–1. alegazioa: Ongaiz-Zangozako Ekologistak Martxan.

–2. alegazioa: Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea.

–3. alegazioa: Sustrai Erakuntza fundazioa.

UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOENTZAT ETA PERTSONA INTERESDUNENTZAT IREKITAKO KONTSULTA-IZAPIDEAREN EMAITZA

Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritakoa aplikatu beharrez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak erakunde hauek kontsultatu ditu, eta taulan adierazitako txostenak jaso ditu:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

Leatxeko Udala

X

Oibarko Udala

-

Zangozako Udala

X

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala (abelbideak)

X

Ondare Arkitektonikoaren Atala

X

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

X

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa

-

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

X

SEO/BirdLife

-

Ekologistak Martxan

-

Red Eléctrica de España SAU

X

I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU

-

Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia

-

Sustatzaileak zenbait aldaketa egin ditu izapidetzean ezarritako baldintzak bete nahian, eta aplikatu beharrez ezarrita dagoena Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak erakunde hauek kontsultatu ditu, eta taulan adierazitako txostenak jaso ditu:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

Leatxeko Udala

-

Oibarko Udala

-

Zangozako Udala

X

Ustiapen Atala (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

-

Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzua

-

Ingurumen Ebaluaziorako Atala

X

Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atala

X

Herri-lurren Atala (Abelbideak)

X

Ondare Arkitektonikoaren Atala

X

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

-

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa

X

Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia

-

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

X

I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU

-

Red Eléctrica de España SAU

X

SEO/BirdLife

-

Ekologistak Martxan

-

Acciona Generación Renovable SA

-

ENAGAS

-

Nedgia SA

X

Heliosolar SL

X

Viscofan España SLU

X

Joluga Energy SLU

-

Done Jakue Kontseilua

-

Smurfit Kappa Navarra SA

-

Nasertic

X

Vodafone Ono

-

Zangozako Mankomunitatea

-

Iragarkiaren kodea: F2511265