184. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

338E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Orkoiengo udal-mugartean dagoen instalazio baten ingurumen-baimen integratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokiena. Instalazioa txatarra transferitzeko, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak biltegiratzeko eta ibilgailuak balio-bizitzaren bukaeran tratatzeko zentro baimendua da, eta haren titularra Chatarras Iruña SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 624E/2016 Ebazpenaren bidez emana.

2021eko urriaren 5ean, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzea, apirilaren 13ko 265/2021 Errege Dekretura egokitzeko (errege dekretu hori balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuei buruzkoa da, eta, horrez gainera, abenduaren 23ko 2833/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra aldatu zuen). Gainera, eskatu zuen 160104* 90 hondakina sartzea instalazioak kudeatzen dituen hondakinen zerrendan, zeina ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean jaso baita.

KUDEAKETA PROZESUA

EHZ KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

R120202

160104*10

Balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuak

Onartzen da, bat etorriz apirilaren 13ko 265/2021 Errege Dekretuaren lehendabiziko xedapen iragankorrarekin (errege dekretu hori balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuei buruzkoa da, eta, horrez gainera, abenduaren 23ko 2833/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra aldatu zuen)

R120203

160104*20

Balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuak, 160104*10 EHZ kodearen barruan sartuak ez daudenak

R120299

160104*90

Beste garraiobide autopropultsatu batzuk

Onartzen da

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla ulertzen da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Orkoiengo udal-mugartean dagoen instalazio baten ingurumen-baimen integratuan eskatutako aldaketa onartzea, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokiena. Instalazioa txatarra transferitzeko, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak biltegiratzeko eta ibilgailuak balio-bizitzaren bukaeran tratatzeko zentro baimendua da, eta haren titularra Chatarras Iruña SA da. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasunari dagokionez (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua emateko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Chatarras Iruña SAri eta Orkoiengo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2511276