183. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

162E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 13koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita gazteriaren arloko programak garatzeko eta ekipamenduak erosteko Nafarroako gazteen entitateei dirulaguntzak emateko 2025-2026 aldiko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 851835.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 34. artikulua gazteen elkarteei buruzkoa da, eta ezartzen du ezen, gazteek gizartean duten parte-hartzea erraztearren eta erantzukizun sozialeko kontzientzia sustatzearren, gazte elkarte berriak sortzen lagunduko duten mekanismoak ezarriko direla eta gaur egungo elkarte sarea indartuko dela. Bereziki sustatuko da gazte-gaztetandik eta hezkuntzaren esparruan parte hartzea.

Nafarroako gazteen entitateentzako laguntza hori gauzatzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak egokitzat jotzen du dirulaguntzen deialdi berri bat onestea, norgehiagokako araubidean, gazteen entitateentzako laguntza sistema bat ezarriko duena ekintzak egin daitezen Nafarroako gazteek gizartean duten parte-hartze aktiboa hobetzen laguntzeko, 2025eko irailaren 16tik 2026ko irailaren 15era bitarteko aldian. Eginkizun hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren babesean gauzatuko da; izan ere, haren xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako gazteen entitateentzako gazteen arloko programak garatzeko eta ekipamenduak erosteko dirulaguntzen deialdia 2025-2026 aldirako.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi hori aurrera eramateko, 220.000,00 euroko gastua baimentzea. Gastu hori partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

340002-34100-4819-232100 Gazteen entitateen programetarako dirulaguntzak

2025eko partidaren baliokidea

2026

200.000,00

340002-34100-7819-232105: Gazteen entitateen ekipamenduetarako dirulaguntza

2025eko partidaren baliokidea

2026

20.000,00

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2026ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta beronen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 13an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO GAZTEEN ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2025-2026 ALDIKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, GAZTERIAREN ARLOKO PROGRAMAK GARATZEKO ETA EKIPAMENDUA EROSTEKO

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea Nafarroako gazteen entitateei dirulaguntzak emateko, gazteriaren arloko programak gara ditzaten eta ekipamendua eros dezaten 2025eko irailaren 16tik 2026ko irailaren 15era bitartean.

Dirulaguntza hauek gazteen asoziazionismoa sustatzeko ematen dira, gazteek gizartean parte har dezaten eta beren proiektuak aurrera eraman ditzaten, beren bizi-kalitatearen hobekuntzan esku hartzeko xedez.

2. Entitate onuradunak.

Honako hauek aurkezten ahalko dituzte eskaerak deialdi honen babesean:

2.1.–Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateak.

2.2.–Gazteriaren arloko programak aurrera eramaten dituzten Nafarroako gazteen entitateak, indarreko araudiaren arabera legez eraturik badaude, eta hauek betetzen badituzte:

2.2.1.–Irabazi-asmorik gabekoak izatea.

2.2.2.–Estatutuetan jasota agertzea entitatearen xedea dela gazteriarekin lotutako eta gazteei zuzendutako jarduerak egitea.

2.2.3.–Nafarroan izatea egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkor bat.

3. Diruz lagungarriak diren eta ez diren kontzeptuak

3.1.–Proiektuak:

Diruz laguntzekoak diren proiektuek izan behar dute 14 urtetik 30 urtera bitarteko gazteentzat, eta zentzu bateratua duen jarduera multzo batez eraturikoak; jarduerok helburutzat izan behar dute gazteen bizi garapenean laguntzea, sustatu behar dute gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izan dezaten, eta kontuan izan behar dute genero-ikuspegia, betiere plan egituratu baten arabera.

3.1.1.–Proiektuei dagokienez, diruz lagunduko dira honako ekintza hauek:

a) Prestakuntza eta enplegua izateko laguntza ematen duten jarduketak.

b) Osasun-hezkuntzako jarduketak.

c) Indarkeriak, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, LGTBIfobia eta intolerantzia prebenitzeko jarduketak.

d) Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren aldeko jarduketak.

e) Parte-hartze solidarioa bultzatzen duten jarduketak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

f) Gazteen aisia eta astia bultzatzen dituzten jarduketak.

g) Ingurumenaren kontserbazioa, balioak eta aisialdiaren kultura berri baten erabilera sustatzen dituzten ekintzak.

h) Gazteen arte eta kultura arloko sustapena dakarten jarduketak.

i) Gazteen parte-hartzea bultzatzen duten ekintzak, herritartasun aktiboa sustatzeko.

j) Aisialdiko eta astialdiko proiektuak, zeinetan parte hartzen baitute gizarte-bazterketarako arriskuan dauden gazteek edo desgaitasuna duten gazteek.

k) Zerbitzu/ikaskuntza solidarioko proiektuak.

3.1.2.–Ez dira diruz lagunduko honako ekintza hauek:

a) Indarreko ikasketa-planetan jasotako irakaskuntza-jarduerak eta hezkuntza formalari dagozkionak.

b) Kirol kluben jarduerak eta, oro har, lehiaketako kirol jarduerak.

c) Inauteriak, dantzaldiak, bigantxa-txuliaketak, antzerki emanaldiak, kontzertuak, herriko festak, desfileak, lehiaketak, eta gainerako josteta jarduerak.

d) Ikasleen entitateen berezko jarduerak.

e) Beste deialdi berariazkoago baten helburu diren jarduerak.

f) Mantenu-gastuak, mugikortasun-jarduerenak salbuespen direla.

g) Langileei ordaintzea, elkarteko langileak zein kanpoko begiraleak izan, edo entitatearen berezko jarduerak antolatzeko eta aurrera eramateko zerbitzu profesionalak kontratatzea.

h) Entitatearen ibilgailuen aseguruak ordaintzea.

i) Kirol ekipamenduak, jantziak, mozorroak eta abar eskuratzeko gastuak.

j) Entitateen barne-funtzionamenduak dakartzan gastuak, hala nola egoitzaren alokairua, telefono-gastuak edo Internet.

k) Aldizkari, egunkari, telebista-kanal eta abarren harpidetzak.

l) Izaera erlijiosoko jarduerak.

m) Kanpoan gelditzen dira egin beharreko proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

n) Deialdi honetatik kanpo daude publizitate kanpainak, dokumentalak, argitalpenak eta gidak sustatzen dituzten proiektuak, bai eta obrak egitea helburu dutenak ere.

o) Edozein haborokin edo ordainsari, eskudirutan nahiz gauzatan.

3.2.–Ekipamenduak.

Gazteen entitateek dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte ekipamendu-gastuengatik (ekipamendu inbentariagarria, material inbentariagarriaren gastuak eta ekipamendu informatikoa), baldin eta proiektuen atalerako dirulaguntza eskatzen badute (3.1 oinarria) eta haren onuradun badira.

Gazteen entitatearen jarduera aurrera eramateko beharrezko direnak izanen dira ekipamendua, material inbentariagarria eta ekipamendu informatikoa erosteko gastu diruz lagungarriak, betiere 2025eko irailaren 16tik 2026ko irailaren 15era bitarte eginikoak.

4. Gastu diruz lagungarriak.

4.1.–Proiektuak egiteko gastu diruz lagungarriak izanen dira, oro har, proiektuak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Garraio-gastuak, publikoa zein pribatua izan, barnean dela joan-etorrietan erabilitako erregaiaren kostua, kanpaldi edo zeharkaldietarako jardueretan halakoak egiten direnean.

–Mantenu- eta ostatu-gastuak, gutxienez gau bat egoitzaren herritik kanpo ematea eskatzen duten jardueretan.

–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko beharrezko material suntsigarrian egindako gastuak.

–Proiektuaren publizitatean eta hedapenean egindako gastua.

–Jarduerak egiteko behar diren aseguruak ordaintzea (erantzukizun zibila eta istripuak).

–Zerbitzu profesionalak ordaintzea, beren izaeragatik arlo horretan adituak diren langileak kontratatzea eskatzen duten proiektuetan.

–Konponketa txikiak: kanpaldietako eta zeharkaldietako materiala mantentzea eta kontserbatzea.

–Askotariko gastuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin ezbairik gabeko lotura dutenak.

Entitate onuradunek diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean azpikontratatzen ahalko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.2.–Ekipamendu-gastu diruz lagungarrietarako:

Ekipamendu inbentariagarritzat hartzen da jarduera egiteko beharrezkoa den materiala erostea: altzariak eta tresnak (mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, kanpadendak, besteak beste), suteak prebenitzeko materiala (hala nola su-itzalgailuak, motxila hidrikoak, sua jotzekoak, suaren aurkako tapakiak), eta abar.

Halaber, material inbentariagarrian eginiko gastutzat hartzen dira ondasun ez-suntsigarriak erostekoak; esate baterako, orriak josteko makinak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak eta kanpaldi eta zeharkaldietarako materiala (etxetresna elektrikoak, sukaldea, hozkailuak, sukaldeko tresnak eta abar).

Ekipamendu informatikotzat hartzen da jarduera egiteko beharrezkoa den materiala erostea, hala nola ordenagailuak, inprimagailuak, ekipoak eguneratzea, softwarea, eta gailu mugikorrak eta digitalak (telefono mugikorrak, argazki- eta bideo-makinak, USBak, GPSak...).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan aipatzen diren ondasun inbentariagarriak eskuratzen badira, entitate onuradunek 2 urtez erabili beharko dituzte ondasunak dirulaguntzaren helburu zehatzerako.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

5. Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak.

5.1.–Proiektuak.

Xede honetarako gehieneko kreditua 200.000 eurokoa izanen da, guztira.

5.1.1.–Aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %75ekoa izanen da entitateentzako dirulaguntza, eta 10.000 euroko muga izanen da proiektu bakoitzeko.

5.1.2.–Lehen fasean, proiektu bakarrerako dirulaguntza emanen zaio entitate bakoitzari, betiere 9.1 oinarriaren araberako gutxieneko puntuazioa lortuz gero. Kasu horretan, kreditua ez bada nahikoa diruz laguntzeko puntuazio hori lortzen duten proiektu guztiak aurreikusitako gehieneko zenbatekoarekin, kreditu hori hainbanatu eginen da.

Lehen fasearen ebaluazioa egindakoan, kreditu nahikoa gelditzen bada proiektu gehiago diruz laguntzeko, bigarren proiektuak berriz hartu, eta lortutako puntuazioaren arabera onartuko dira, handienetik txikienera, deialdiaren gainerako zuzkidura agortu arte, baldin eta bigarren proiektu horiek 9.1 oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu badute.

5.1.3.–Gastu diruz lagungarrietarako honako muga hauek jarri dira, 3.1 oinarrian aipatzen diren proiektuak gauzatzeari dagokionez:

a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 euro izanen da joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifarik merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila, tarifa estandarra, etab.).

b) Ostatu- eta mantenu-gastuak 30 eurokoak izanen dira gehienez parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

c) Zerbitzu profesionalak kontratatzeko gastuei dagokienez, gastu hori izanen da proiektuaren kostuaren %40, gehienez ere.

d) Konponketa txikien gastuei dagokienez, 300 euro onartuko dira gehienez ere.

5.2.–Ekipamenduak.

Xede honetarako gehieneko kreditua 20.000 eurokoa izanen da, guztira. Hura nahikoa ez bada eskaera guztiak diruz laguntzeko aurreikusitako gehieneko zenbatekoarekin, kreditu hori hainbanatu eginen da.

5.2.1.–Aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %75ekoa izanen da gehienez ekipamendua erosteko dirulaguntza, eta, orobat, 1.500 euroko muga izanen du.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

6.1.–Eskaerak izapidetuko dira bide elektronikoz, deialdiaren fitxaren bidez, zeina eskuragarri egonen baita Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen webgunean (www.nafarroa.eus). Beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

6.2.–Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Baztertu eginen dira epe horretatik kanpo aurkeztutako eskaera guztiak.

7. Dokumentazioa.

7.1.–Eskaerak aurkeztuko dira II. eranskinean (0-5 bitarteko fitxak) jasotako ereduaren arabera, dokumentazio honekin batera:

7.1.1.–Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena entitateak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekurik (II. eranskina, 0. fitxa).

7.1.2.–Adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten jardueretan parte hartzen duten langile guztiek, boluntarioek barne, aurkeztu beharko dute Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketako Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo bat, bat etorriz Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluarekin.

Ziurtagiri horrek izen beharko du deialdiaren urte naturalaren barruan emandakoa.

7.1.3.–Inprimakia behar bezala beteta eta ekonomikoki baloratuta. Inprimaki bat aurkeztuko da proiektu bakoitzeko (II. eranskina, 1. fitxa), eta inprimaki bat egitekoa den jarduera bakoitzeko (II. eranskina, 2. fitxa).

7.1.4.–Entitatearen ibilbidea azaltzen duen dokumentu bat, jasotzen duena zer esperientzia izan duen aurretik jarduerak eta programak egiten.

7.2.–Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik ez dauden Nafarroako gazteen entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo bestelako frogagiri bat.

c) Zuzendaritza-batzordearen osaerari buruzko akta edo erabakiaren ziurtagiria.

d) Elkartearen edo entitatearen identifikazio fiskaleko agiria (IFZ).

e) Banku-kontuak jakinaraztea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordainketak jasotzeko edo horiek aldatzeko. (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta?back=true&pageBackId=5722676).

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituzten agiriak edo administrazio honen esku dauden agiriak badira, ez da beharrezkoa izanen atal honetako a), b) eta c) letretan nahitaezko gisa jasotako agiriak aurkeztea, baldin eta agiri horietan aldaketarik ez bada gertatu. Kasu horretan, eskatzaileak zehaztu egin beharko du noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen agiri horiek.

7.3.–Ekipamendua erosteko eskaerekin batera, aurkeztu beharko dira enpresa hornitzailearen aurrekontua edo haren erosketa-fakturak, eskuratu nahi den materiala jasotzen dutenak. Faktura horiek 2025eko irailaren 16tik aurrerakoak izan beharko dute. (II. eranskina, 3. fitxa).

8. Instrukzioa.

8.1.–Dirulaguntza hauek emateko eta ordaintzeko prozedura bideratzeko eskumena duen organoa Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala da.

8.2.–Eskaerak hobeto ebaluatzeko, aurkeztutako agirietan jasota dagoen informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezaten edo akatsak konpon ditzaten, eta ohartaraziko zaie, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, dagokion ebazpena eman ondoren, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

8.3.–Deialdi honetan ematen diren komunikazioak jakinarazpen elektronikoen bidez eginen dira, eta entitate interesdunen eskura egonen dira gaitutako helbide elektroniko bakarrean (GHEB) eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.

9. Balorazio irizpideak.

9.1.–Proiektuak honako irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, denak batera:

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honen helburuei (35 puntu gehienez):

–Jardueren deskribapena (5 puntu).

–Metodologia: (10 puntu).

–Aukera-berdintasuna sustatzea: (5 puntu).

–Denboraren antolaketa: (5 puntu).

–Proiektua garatzeko lurralde-eremua: (5 puntu).

–Babesa eta segurtasuna jarduerak gauzatzean: (5 puntu).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez):

–Jardueren plangintza (10 puntu).

–Helburuen, ekintzen eta aurrekontuaren arteko koherentzia (10 puntu).

–Proiektuaren izaera berritzailea (10 puntu).

–Emaitzen adierazleak (5 puntu).

c) Proiektuaren bazkide onuradunen kopurua (10 puntu gehienez):

–Bazkideen %71 eta %100 artean (10 puntu).

–Bazkideen %41 eta %71 artean (7 puntu).

–Bazkideen %21 eta %41 artean (4 puntu).

–Bazkideen %1 eta %21 artean (puntu bat).

–Bazkideek parte ez hartzea eta bazkideen %1ek baino gutxiagok parte hartzea (0 puntu).

d) Proiektua gauzatzeko gazteen entitateak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez):

–Proiektuaren eskura dauden baliabide materialak (5 puntu).

–Finantza-baliabideak. Proiekturako finantzaketa iturriak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaz bestelakoak. (5 puntu).

–Kontratu-harremanik gabe/boluntarioak (5 puntu).

–Egitekoa den proiektuan, teknikari edo profesional aditu gisa kontratu-harremana izanen duten langileak (5 puntu).

Ez dute dirulaguntzarik jasoko 70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek.

9.2.–Ekipamendua erosteko eskaerak deialdi honen 3.2 eta 5.2.1 oinarrietan ezarritako baldintzen arabera baloratuko dira.

10. Dirulaguntza emateko ebazpena, justifikazioa, eta dirulaguntza ordaintzea.

10.1.–Beka emateko ebazpena.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko (NGI) zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, honako hauek jasoko dira: dirulaguntza jaso duten entitate eskatzaileen zerrenda eta horietako bakoitzari emandako zenbatekoa, bai eta ezetsitako eskaeren zerrenda ere.

10.2.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

10.2.1.–Justifikatzeko dokumentazioa telematikoki igorriko da NGIra, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko estekaren bidez (III. eranskina, 0-4 fitxak).

10.2.2.–Justifikazioak aurkezteko epea 2026ko irailaren 22an bukatuko da.

10.2.3.–Gastuen justifikazioa.

Egindako proiektuei dagozkien gastuen zerrenda aurkeztuko da Excel fitxategi batean (III. eranskina, 4. fitxa). Faktura bakoitzak, bere ordainagiriarekin batera, idazpen bakarra osatuko du Excel orri horretan. Ez da onartuko faktura bat baino gehiago idazpen berean elkartzea, ezta gastuaren kontzeptu berari badagozkio ere. Idazpen bakoitzerako (faktura justifikatu bakoitzerako), bete beharko dira Excel txantiloiko eremu guztiak, salbu eta aukerakoak direla berariaz adierazitakoak.

Jarduera espezifiko bati lotuta ez dauden gastu diruz lagungarriak Excel orri berean justifikatuko dira, "Gastu orokorrak" kontzeptuaren pean.

Gastuak justifikatzeko, dirulaguntza eskatzen duen entitatearentzat berariaz egindako fakturak aurkeztuko dira, argi xehakatuta, transferentziaren edo kreditu-txartelaren bidez egindako ordainketen egiaztagiriekin batera. Ez da inola ere eskudiruzko ordainketarik onartuko.

Entitate jaulkitzaile bat faktura jaulkitzetik edo BEZa ordaintzetik salbuetsita dagoenean, organo eskudunak emandako ziurtagiri bat erantsi beharko da, salbuespen hori frogatzeko.

Inola ere ez dira onartuko ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak edo froga-baliorik eta merkataritzako trafiko juridikoan baliorik ez duten bestelako dokumentuak.

Justifikazioan eskatutako dokumentazio guztia jasotzen duen fitxategi bat aurkeztuko da, bilduko dituena dataren arabera ordenatutako ekintzen fitxak, fakturak eta ordainketaren frogagiriak. Atxikipena egiten zaien profesionalen jardueretan, zergaren likidazioa eta ordainagiria aurkeztu beharko dira justifikazioan.

Ekipamendua justifikatzeko, fitxategi bat aurkeztuko da, justifikazioan eskatutako dokumentazio guztia biltzen duena, fakturak eta ordainketaren frogagiriak barne, 5.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Honako hauek jasoko dira: entitate hornitzailea, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa. Faktura batek eta haren ordainketaren frogagiriak zenbaki bakarra izanen dute. Excel fitxategi bat aurkeztuko da (III. eranskina, 3. fitxa), eta bertan fakturen zerrenda agertuko da, esleitu zaien zenbakiaren arabera ordenatuta.

10.2.4.–Proiektuen justifikazioa.

Proiektuak justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Proiektuaren memoria orokorra, non adieraziko baitira helburu orokorrak, noraino lortu diren eta proiektuaren ebaluazioa, programaren finantzaketarekin batera, bai eta egindako proiektuaren interes estatistikoko datuak ere (III. eranskina, 1. fitxa).

b) Jarduera bakoitzaren bukaerako memoria, non jasoko baita emaitzen deskribapena, bai eta jardueraren ebaluazioa ere, etorkizuneko jarduketetarako. Jarduera bakoitzerako finantzaketa ere erantsiko da (III. eranskina, 2. fitxa).

c) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenagokoa, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko, baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (III. eranskina, 5. fitxa).

d) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez ere aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egina, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Eskatzaileak ziurtagiri hori aurkeztu beharko du baldintza hori frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka agertzen bada, arrazoituta. Dokumentazio hori ez da aurkeztu beharko eskatzailea Gizarte Segurantzaren datuak kontsultatzearen aurka ez badago (III. eranskina, 5. fitxa).

e) Baldin aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, entitateari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da zuzentzeko errekerimendua.

10.3.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa NGIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da, eta transferentziaz eginen da.

Diruz lagundutako gastuaren %100 justifikatu ezean, egindako gastua murriztu den adina murriztuta ordainduko da dirulaguntza, eta hori, betiere, entitate onuradunak gauzatutako proiektua nahiko hurbil baldin badago proiektu osotik eta hark ezbairik gabe erakusten badu bere konpromisoak betetzen ahalegindu dela.

11. Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1.–Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek erregistro telematikoaren bidez aurkeztu beharko dute gardentasun-betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, ondotik azaltzen den ereduaren arabera. Gardentasun-adierazpena eta, hala badagokio, egokia den informazioa ematea. (https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf/3d5874e2-31de-b2e9-3eb5-09c0ba0b6095?t=1663584147715).

Gerta daitezkeen zehapen ondorioak alde batera utzi gabe, entitate onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko betebehar hori, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.

11.2.–Entitate onuradunek dirulaguntzaren xede diren helburuetarako erabili beharko dute dirulaguntza, hori agiri bidez justifikatu, eta NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz. Diruz lagundutako proiektuaren garapena edo gastua aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Gazteriaren Institutuari, behar den denboraz, hark jakin dezan eta baimena eman dezan.

11.3.–Egiaztapen- eta kontrol-funtzioak behar bezala bete daitezen bermatzeko, eduki behar dituzte kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak, behar bezala ikuskaturik. (III. eranskina, 0. fitxa).

11.4.–Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta NGIren dirulaguntzaren berri ematea, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, modu fisikoan edo digitalean egiten diren idatzizko edo ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere. Horretarako, dirulaguntza jasotzean hartzen duten konpromisoaren erantzukizunpeko adierazpena eginen dute entitate onuradunek (III. eranskina, 0 fitxa).

Proiektua dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (eskuorriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, aldatuko da dirulaguntza ematen den unean, eta sartuko da Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea eta NGIren dirulaguntza, aurreko atalean deskribatutako baldintzei jarraikiz.

11.5.–Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, non adieraziko baita hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla, aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000 eurotik gorako ekipamendu ondasunen horniketa egin edo zerbitzuak ematen dituztenean. (III. eranskina, 0. fitxa).

Hori bete dela ulertuko da gutxienez hiru eskaintza eskatu badira eta jasotako proposamenetatik onuragarriena aukeratu bada, salbu eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago horniketa edo zerbitzu hori egiten duen behar adina entitate.

11.6.–Komunikazio eta argitalpen guztietan hizkuntzaren erabilera berdinzalea bermatuko da, eta emakumeen aurkako edozein irudi diskriminatzaile saihestuko da. Hala, sustatzen den irudiak islatu beharko ditu berdintasunaren, aniztasunaren, rol-askotarikotasunaren, erantzukidetasunaren eta berdintasunezko parte-hartzearen balioak.

12. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen deialdi hau bateraezina da dirulaguntza-eskaeraren xedeko proiektu edo jarduera bererako jasotako beste diru-sarrera, laguntza edo dirulaguntza batzuekin, baldin horiek jaso badira Nafarroako Gobernuarekin edo Nafarroako beste administrazio publiko batekin dirulaguntza izendun bat dakarren hitzarmen bat edo kontratu bat sinatua izateagatik.

Entitate onuradunek, helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, horren berri eman beharko diote organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean beranduenez, eta betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (III. eranskina, 0. fitxa).

13. Datuen babesa.

Deialdi hau dela-eta egiten den datu pertsonalen tratamenduan, datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudiak xedatutakoa bete beharko da, eta, zehazki, honako hauetan adierazitakoa: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetu baitzuen; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, hartan xedatuaren aurkakoa ez den orotan.

14. Ez-betetzeak.

Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo NGIren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

15. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

16. Aplikatzekoa den legedia.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-a-entidades-de-juventud-2026

Iragarkiaren kodea: F2510996