183. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2428/2025 EBAZPENA, abuztuaren 22koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko artxiboko arduradunen hiru plaza oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Abenduaren 27ko 118/2024 Foru Dekretuaren bidez (2024ko 264. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), 2024ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen administrazio erroaren eremurako, 2024ra luzatutako Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokiona. Foru dekretu horretan sartu ziren, besteak beste, artxiboko arduradunen plaza huts batzuk, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 12ko 1282/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko artxiboko arduradunen plaza hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.

Eta, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 1703/2025 Ebazpenaren bidez, deklaratu zen bete gabe gelditu zirela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko artxiboko arduradunen plaza hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdian eskainitako plazak.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko artxiboko arduradunen hiru plaza betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Plazak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko artxiboko arduradunen hiru plaza sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak.

2. Deialdiaren testua onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.

3. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 22an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa), Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra.

ERANSKINA.–DEIALDIA, ARTXIBOKO ARDURADUNEN HIRU PLAZA OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdia arautuko duten,

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da artxiboko arduradunen hiru plaza betetzea, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko. II. eranskinean zerrendatuta daude plaza horiek.

1.2. Hiru plaza huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–1 plaza bat txanda irekian.

–2 plaza igoera txandan.

1.3. Igoera txandako plaza hutsen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, igoera txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko berariazko betebeharrak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidetzat hartutako beste titulu bat izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko xedapenen babesean.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.

Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete igoera txandan, baldin betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko gainerako betebeharrak.

b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

d) Titulazioaren betebeharraren ordez, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasuna izatea frogatzen ahalko da.

2.1.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako berariazko betebeharrak:

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan beharko dute.

2.1.4. Euskarazko jakite-maila bat ezarrita duen plaza elebidun bat eskuratu nahi izanez gero, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera maila hori egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen dira, –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa "Herritarrentzako lan deialdiak" atalaren barnean, deialdi honi dagokion fitxan, hain zuzen.

%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan edo bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 26 euro da.

Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute, eta ez badute baimenik ematen langabezia egoera kontsultatzeko, kasu horretan bakarrik, aurkeztu beharko dute behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek deialdi honen 2.1.2 atalean jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.

Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

c) Organo eskudunari %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortzeko eskatu diola frogatzen duen agiria.

Hala ere, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen lortu beharko da aitorpen hori, modu frogagarrian. Bestela, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonentzako erreserba txandaren bidez parte hartzeari loturiko eskubide guztiak galduko ditu interesdunak.

Lau.–%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen dituzten agiriak aurkezten ahalko dituzte egokitzapenak justifikatzeko.

Bost.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barruko ondorengo jarduketetan ere, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute telematika bidez erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratu eta biharamunetik aurrera. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.

4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta gora egiteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak bazter gelditzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Joaquín Llansó Sanjuan jauna, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezko epaimahaiburua: Susana Irigaray Soto andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Museoen Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: María Teresa Sola Landa andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Nafarroako Artxibo Garaikidearen Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Félix Segura Urra jauna, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Juan Carlos Balda Goldaracena jauna, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko artxiboetako goi mailako teknikaria.

–Ordezko epaimahaikidea: Diego Val Arnedo jauna, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Artxiboen Koordinaziorako Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

–Ordezko epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

–Idazkaria: Elena Úriz Sucunza andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

–Ordezko idazkaria: Alfredo Manuel Prado Santamaría jauna, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2026ko otsailetik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 ordu lehenago eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Proba teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 80 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, deialdi honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba hau egiteko 2 ordu izanen dira gehienez.

Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere, 50 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.2. Bigarren proba:

Teoriko-praktikoa izanen da. Epaimahaiak proposatutako bi kasu teoriko-praktiko garatu eta ebatzi beharko dira, idatziz. Kasu horiek deialdi honetako I. eranskineko gai-zerrendaren berariazko zatian jasota dauden gaiekin lotuak eta lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko behar diren ezagutzei buruzkoak izanen dira.

Proba idatzi hori egiteko 4 ordu izanen dira gehienez.

Bigarren proba honetan, gehienez ere, 50 puntu lor daitezke. Kasu bakoitzak 25 puntu balioko du.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Era berean, bazterturik geldituko dira kasu bakoitzean 12,5 puntura iristen ez diren izangaiak.

Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak betetzen diren egiaztatu eta plaza hutsak hautatzeko izapideak egin daitezen.

7.2. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.–Betebeharrak frogatzea eta plaza hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Euskarazko jakite-maila ezarrita duen plaza elebidunen bat eskuratu nahi duten pertsonek eskatutako maila hori egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Tituluak edo ziurtagiriak bat etorri beharko du Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotako tituluen zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan, deialdi honen 2.1.6 atalean xedatutakoaren arabera.

8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak plaza hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen plaza hutsen zerrenda eta hautapen ekitaldirako deitutako izangaien zerrenda (plaza hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten plaza hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, plaza hutsak eskuratzeko.

8.3. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu plaza huts batean edo bestean jarduteko, plazen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, hautapen probak gaindituz gero, lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak aukeratzeko orduan, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.

Hautaprobak igoera txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko txanda irekiko izangaien aurretik, baina kontuan hartuta, betiere, desgaitasuna dutela egiaztatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako salbuespena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin plaza hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plaza kopuruan sartzen ahal direnak.

Izendapen proposamen hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan izendapen-proposamena argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epearen barnean:

A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

B.–Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jatorrizko administrazioan jardunean daudela, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du plaza, baldin eta hutsik geratu den plazaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiliz, besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek 9.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

9.6. Ezarritako prozeduraren arabera plaza epe barruan eta behar bezala hautatzen ez bada, hautapen prozesuari uko egiten bazaio, deialdian plaza betetzeko ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo eskatutako dokumentazioa ezarritako prozeduraren arabera epe barruan eta behar bezala aurkezten ez bada, plaza hutsen hautaketaren emaitza ez da aldatuko.

Administrazioko organo eskudunak gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.

10.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie.

10.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, baldin izendatutakoak afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen dituzte: edo segitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan, babes harturik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidea, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori dena, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zehazki, bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Izendatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.

Aipatutako epean izangairen bat plazaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plazak.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.

12.–Administrazio erroaren eremuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Honako zerrenda hauek eginen dira aldi baterako kontratazioetarako, hautapen prozesuan parte hartu bai baina plazarik lortu ez duten izangaiekin (jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari; Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduari, zeinaren bidez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak; eta oinarri honetan ezarritako prozedurari):

a) Hautapen-prozesua gainditu arren, plaza lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen-prozesua gainditu arren plaza lortu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.

Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.

12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Zati orokorra.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europar Batasuneko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen-esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

5. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

6. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Gobernuaren lege-mailako xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege-mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

7. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

8. gaia.–Administrazio-egintzak. Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

9. gaia.–Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; epemugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearaztea.

10. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario-izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio-karrera. Administrazio-egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

11. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: Aplikazio-eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

12. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: Berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Berariazko zatia.

1. gaia.–Artxibistikaren kontzeptua eta definizioa. Artxibistikaren eta dokumentuen kudeaketaren arteko elkarreragina. Artxibistikako eta dokumentuen kudeaketako gaitasun profesionalak. Artxibistikak Espainian izan duen bilakaera eta nola bihurtu den diziplina zientifiko.

2. gaia.–Artxibistikari eta dokumentuen kudeaketari buruzko erreferentziako lanak, eskuliburuak eta argitalpen seriatu nagusiak, nazionalak eta nazioartekoak.

3. gaia.–Artxiboa: artxiboaren kontzeptua eta definizioa, eginkizunak, etapak eta motak, eta ingurune digitalean izan duen bilakaera.

4. gaia.–Dokumentua: kontzeptua eta definizioa, artxiboko dokumentuaren izaerak eta balioak; dokumentu elektronikoaren berezitasunak.

5. gaia.–Dokumentuen jatorriaren printzipioa eta "ordena naturala" errespetatzeko printzipioa, dokumentuen bizi zikloa eta dokumentuen "continuum" edo jarraitutasuna. Dokumentu elektronikoaren bizi zikloa.

6. gaia.–Dokumentuak kudeatzeko ISO arauak: ISO 15489 familia eta ISO 30300 seriea.

7. gaia.–Informazioaren gobernantza eta datuaren gobernantza. Datuen tratamendua eta artxiboen kudeaketa. Datu irekiak eta sektore publikoaren informazioa berrerabiltzea.

8. gaia.–Herritarrek informazio publikoa eskuratzeko eskubidea. Arau esparru orokorra. Sektoreko araudian ezarritako mugak. Datu pertsonalen babesa. Gardentasunari buruzko legeen ondorioak, artxiboetara sarbidea izateari dagokionez.

9. gaia.–Artxiboak eta giza eskubideak.

10. gaia.–Artxibo pribatuak, pertsonalak eta enpresakoak: kontzeptua eta motak, ezaugarriak eta tratamendu artxibistikoa. Artxibo publikoetako funts pribatuak: ezaugarriak, eskuratzeko politikak eta sarrera modalitate bereziak.

11. gaia.–Dokumentuak artxiboetan sartzeko modalitateak. Sarrera arruntak eta bereziak.

12. gaia.–Artxiboen antolaketa. Serieak eta funtzioak identifikatzea: serieen errepertorioa. Artxiboen sailkapena: kontzeptua, definizioa eta sailkapen sistemak. Sailkapen koadroen tipologia. Artxiboen ordenamendua.

13. gaia.–Artxiboetako dokumentu multzokatzeak. Dokumentu multzokatzeen eta deskribapen artxibistikorako teknika tradizionalen arteko loturak. Espedientea. Dokumentu administratiboen tipologia.

14. gaia.–Ebaluazio artxibistikoa: kontzeptuak, definizioak eta printzipio orokorrak. Tresna nagusiak: kontserbazioko egutegiak eta balorazioko eta sarrerako taulak. Dokumentuen ebaluaziorako batzordeak: helburuak eta eginkizunak. Dokumentu elektronikoen ebaluazioa. Nafarroari buruzko aipamena.

15. gaia.–Maila anitzeko eta entitate anitzeko deskribapen artxibistikoa. Egiturari buruzko arauak, edukiari buruzko arauak eta informazio artxibistiko automatizatua trukatzeko arauak. Espainiako ekimenak.

16. gaia.–Deskribapen Artxibistikorako Espainiako Arauen Batzordea (CNEDA). Records in Contexts-Conceptual Model (RiC-CM).

17. gaia.–Lengoaiaren kontrola dokumentuen deskribapenean. Tesauroak.

18. gaia.–Artxiboak administrazio elektronikoan. Dokumentuen eta artxiboen kudeaketak arau hauetan duen inpaktua: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa; eta 203/2021 Errege Dekretua, martxoaren 30ekoa, Sektore publikoak bitarteko elektronikoekin jarduteko eta funtzionatzeko erregelamendua onesten duena.

19. gaia.–Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala eta Segurtasunaren Eskema Nazionala. Dokumentuen kudeaketaren elkarreragingarritasunerako arau teknikoak: estandarren katalogoa, dokumentu elektronikoa, espediente elektronikoa, dokumentuen digitalizazioa, kopia kautotuak egiteko prozedurak eta bihurtzeko prozedurak eta sinadura elektronikoaren eta Administrazioaren ziurtagirien politika. Aplikazio gidak.

20. gaia.–Dokumentuak kudeatzeko politikaren elkarreragingarritasunerako arau teknikoa: ezaugarriak eta egitura, aplikazio gida eta ereduak.

21. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta Foru-sektore Publiko Instituzionalean dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Dokumentu Elektronikoak Kudeatzeko Eredua (DEKE) eta haren zehaztapenak: Segurtasuneko eta sarrerako eredua eta kontserbazioko eredua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren prozeduren katalogoa.

22. gaia.–Artxibo elektroniko bakarra: definizioa, esparru juridikoa eta testuinguru artxibistikoa. OAIS eredua. Babes digitala.

23. gaia.–Metadatuak: metadatu motak. Dokumentu elektronikoak kudeatzeko metadatuen eskema (e-EMGDE) Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean: ezaugarriak, elementuak eta balioak.

24. gaia.–Artxiboak, Administrazioaren eta herritarren zerbitzura. Artxiboen eginkizuna hezkuntza eta kultura aldetik. Artxiboen marketina.

25. gaia.–Artxiboaren eraikina, gordailuak eta bestelako instalazioak: ezaugarri arkitektonikoak. Eremuak, zirkulatzeko zirkuituak eta altzariak. Giroarekin eta segurtasunarekin loturiko neurriak.

26. gaia.–Prebentziozko kontserbazioa. Euskarri motak eta euskarrien gaineko elementu motak: alterazio kausak eta kontserbaziorako neurriak. Zaharberritzea.

27. gaia.–Funts filmikoak, fonografikoak eta ikus-entzunezkoak artxiboetan: tratamendua eta kontserbazioa. Argazki-artxiboa. Egile eskubideak eta ustiatzeko eskubideak kudeatzea argazkiak tratatzean eta zabalpena egitean.

28. gaia.–Dokumentuen erreprografia, mikrofilmazioa eta digitalizazioa artxiboetan: helburuak eta programak. Plangintza. Artxibo digitalen formatuak. Euskarri analogiko eta digitalen segurtasunerako estrategia.

29. gaia.–Artxiboen erabiltzaileei arreta ematea: erreferentziako zerbitzuak, sarbiderako eta aretoan kontsultatzeko arauak, zerbitzu kartak eta kalitate konpromisoak.

30. gaia.–Artxiboaren zerbitzu eta edukien zabalkundea; tresnak eta kanalak. Web 2.0 eta sare sozialak. Artxiboen informazioa zabaltzeko atariak. Espainiako Artxiboen Ataria (PARES), Europako Artxiboen Ataria, EUROPEANA. Nafarroako Artxibo Irekia bilatzailea.

31. gaia.–Espainiako Artxibo Sistema. Artxiboen Lankidetza Kontseilua. Estatuko Administrazio Orokorraren Artxibo Sistema. Estatuko Artxiboen Zuzendariordetza Nagusia. Dokumentu Administratiboak Kalifikatzeko Batzorde Gorena. Artxiboetako Dokumentuei buruzko Informazio Zentroa (CIDA).

32. gaia.–Artxiboen arloko lankidetza multilaterala eta Europar Batasuneko herrialdeekiko lankidetza. Artxiboen Nazioarteko Kontseilua (ICA). UNESCOren Munduaren Memoria Programa. Iberoamerikarekiko lankidetza artxiboen arloan. Espainiako eta Iberoamerikako Artxiboen Gida-errolda. Artxiboen Latinoamerikako Elkartea (ALA).

33. gaia.–12/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Artxibo eta Dokumentuei buruzkoa. Nafarroako Artxibo Sistema.

34. gaia.–75/2006 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordearen osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautzeko Erregelamendua onesten duena.

35. gaia.–Nafarroako toki entitateen artxiboak. Lege araudia.

36. gaia.–Nafarroako artxibo pribatu nagusiak: antolaketa, funtsak eta deskribapen-tresnak. Iruñeko Elizbarrutiaren Artxiboa, Tuterako Elizbarrutiaren Artxiboa, Iruñeko Katedralaren Artxiboa, Nafarroako Unibertsitatearen Artxibo Nagusia.

37. gaia.–Nafarroako artxibo publiko nagusiak. Antolaketa, funtsak eta deskribapen-tresnak: Nafarroako Errege Artxibo Nagusia, Nafarroako Artxibo Garaikidea, Nafarroako Parlamentuaren Artxiboa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Artxibo Nagusia, Nafarroako Artxibo Judizial Nagusia, Iruñeko Udal Artxiboa eta Tuterako Udal Artxiboa.

38. gaia.–Nafarroako funts judizialak. Artxibo judizialak modernizatzeari buruzko araudia. Nafarroako Agiri Judizialak Suntsitzeko Batzordea: izaera eta eginkizunak. Notario-dokumentazioa Nafarroan.

II. ERANSKINA.–ARTXIBOKO ARDURADUNEN PLAZA HUTSAK

PLAZA

DEPARTAMENTUA

ATXIKIPEN ESPARRUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

HERRIA

SEXU-DELITUEN ZIURTAGIRIA

HIZKUNTZAK

GIDABAIMENA

6850

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Dep.

Justizia Zuz. Nag.

Funtzionarioa

Iruña

10938

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Dep.

Justizia Zuz. Nag.

Funtzionarioa

Iruña

11228

Kultura, Kirol eta Turismo Dep.

Vianako Printzea-Kultura Zuz. Nag.

Funtzionarioa

Cordovilla

Iragarkiaren kodea: F2511191