Iragarkia
183. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2426/2025 EBAZPENA, abuztuaren 22koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako tituludunen (estatistikariak) sei plaza oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.
Abenduaren 27ko 115/2024 Foru Dekretuaren bidez (2024ko 264. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2024ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona (2024ra luzatu dira aurrekontuok). Foru dekretu horretan, besteak beste, erdi mailako tituludunen (estatistikariak) plaza huts batzuk sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak.
Apirilaren 30eko 42/2025 Foru Dekretuaren bidez (2025eko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 8koan), 2025eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Eskaintza hartan, besteak beste, erdi mailako tituludunen (estatistikariak) plaza huts batzuk sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak maiatzaren 12an emandako 1281/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako tituludunen (estatistikariak) plaza hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko.
Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako tituludunen (estatistikariak) sei plaza betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Plazak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
Horrenbestez, eta erabiliz otsailaren 21eko ko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat eta haren oinarriak onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako tituludunen (estatistikariak) sei plaza betetzeko. Plazak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
3. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 22an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa), Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra.
ERANSKINA.–DEIALDIA, ERDI MAILAKO TITULUDUNEN (ESTATISTIKARIAK) SEI PLAZA OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO
Hona hemen deialdiaren,
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez erdi mailako tituludunen (estatistikariak) sei plaza betetzea, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak; zehazki, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 12ko 1281/2025 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen diren plazak eskainiko dira. Haien plaza zenbakiak, eskakizunak eta destinoak plaza hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.
1.2. Sei plaza huts horiek txanda hauetan banatuko dira:
–2 plaza txanda irekian.
–3 plaza igoera txandan.
–Plaza bat, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan.
1.3. Baldin igoera txandako plaza huts bat bete gabe gelditzen bada, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba-txandako plaza hutsak bete gabe geldituz gero izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, egoki den txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.
Bestalde, igoera txandan edo desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den eta Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartuta dagoen beste estatu batekoa.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Graduko, diplomako, ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko titulu unibertsitarioa izatea, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea, edo horien baliokidetzat hartutako beste titulu bat. Edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako horietako bat erdiesteko moduan izatea.
Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:
Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.
Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete igoera txandan, baldin betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko gainerako betebeharrak.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragoko batekoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bortz urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek bete beharreko baldintza espezifikoak:
Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gainera, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.
2.1.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako berariazko betebeharrak:
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan beharko dute.
2.1.5. Euskarazko jakite-maila bat ezarrita duen plaza elebidun bat eskuratu nahi izanez gero, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera maila hori egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen dira, –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaz jabetu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikaz aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, nabigazio bide honi jarraituz: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, "Herritarrentzako lan deialdiak", deialdi honen fitxan sartuta.
%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan edo bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
41,60 euroko tasa ordaindu behar da, funtzio publikoan sartzeko eta gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik.
Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortuta duten pertsonak.
b) Langabe gisa inskribaturik daudenak, hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik.
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu, egiaztatzeko aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiria, eta bertan agertu behar da zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.
Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:
Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute, eta ez badute ematen langabezia-egoera kontsultatzeko baimenik, kasu horretan bakarrik, aurkeztu beharko dute kasuan kasuko enplegu-bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.
Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek eskaerari gehitu beharko diote agiri bat, frogatzen duena betetzen dituztela deialdi honen 2.1.2 apartatuan jasotzen diren betebeharrak, baldin badira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.
Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
c) Agiri bat, frogatzen duena organo eskudunari eskatu diola aitortzeko %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa.
Betiere, aitorpen hori lortu beharko da, modu frogagarrian, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen. Bestela, interesdunak galduko ditu txanda horretan parte hartzearekin lotutako eskubide guztiak, hots, %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortua dutenentzako erreserba txandaren bidez parte hartzearekin lotutako eskubide guztiak.
Lau.–%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen dituzten agiriak aurkezten ahalko dituzte egokitzapenak justifikatzeko.
Bost.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du zerrenda hori argitaratzeko Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan.
Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barneko ondorengo jarduketetan ere, gezurrezko izen bat erabiliko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko, eta bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaio, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko telematika bidez, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratu eta biharamunetik aurrera. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.
4.4. Ez da itzuliko ordaindu dena funtzio publikora sartzeko eta gora egiteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik, baldin eta izangaiak bazter gelditzen badira berei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Pablo Cebrián Jiménez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko NASTAT-Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendaria.
Ordezko epaimahaiburua: Marina Sagaseta López, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko NASTAT-Nafarroako Estatistika Institutuko Estatistikaren Koordinazio eta Zabalkunderako Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Leyre Antuñano Unanua, Hezkuntza Departamentuko Ikasketetarako Laguntzen eta Hezkuntza Zerbitzuen Kudeaketaren Ataleko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Iosu Rodríguez Alfaro, Hezkuntza Departamentuko Datuen Ustiapen eta Ingeniaritzaren Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Laura Arnedo Ajona, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko NASTAT-Nafarroako Estatistika Institutuko Azpiegitura Estatistikoaren Ataleko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Elvira Torondel López, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko erdi-mailako tituluduna (estatistikaria).
–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
Ordezko epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
–Epaimahaikide-idazkaria: María Senosiain Labat, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Sandra Eraso Moreno, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko NASTAT-Nafarroako Estatistika Institutuko Ekoizpen Estatistikoaren Ataleko burua.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, baldin gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2026ko martxotik aurrera hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Epaimahaiak hurrengo probetako deialdiak argitaratuko ditu gutxienez 48 ordu lehenago, eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan. Bertan emanen du proba egitera deitutako izangaien zerrenda, eta adieraziko du oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Oposizioko probak izanen dira oinarri honetan zehaztutakoak, eta galderak eginen dira deialdiko I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruz.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehenbiziko proba:
Proba teorikoa izanen da. Test motako 100 galderari erantzun beharko zaie gehienez, idatziz, deialdi honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.
Proba egiteko bi ordu izanen dira gehienez.
Kalifikazioa: proba honetan 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba egiteko ez daiteke erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.
6.3.2. Bigarren proba:
Teorikoa izanen da. Idatziz garatu beharko dira 2 gai, bata deialdi honetako I. eranskinean ageri den gai-zerrendaren II. zatikoa, eta bestea, III. zatikoa. Horretarako, epaimahaiak zozketaz aterako ditu aipatutako zati bakoitzeko bi gai, eta izangaiek horietako bat, nahi dutena, aukeratu eta garatu beharko dute.
Proba idatzi hori egiteko 3 ordu izanen dira gehienez.
Proba honetan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez. Gai bakoitzean gehienez 15 puntuko balorazioa emanen da.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Bazterturik geldituko dira, orobat, gai batean 0 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.
Probak egiteko, ez daiteke erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik nahiz bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.
6.3.3. Hirugarren proba:
Teoriko-praktikoa izanen da. Epaimahaiak proposatuko dituen kasu praktiko batzuk garatu eta ebatzi beharko dira, idatziz eta/edo ordenagailuz eginen da, eta ordenagailuak epaimahaiak jarriko ditu. Kasu horiek ebazpen honetako I. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiekin eta lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko behar diren ezagutzekin lotuak egonen dira.
Proba idatzi hori egiteko 3 ordu izanen dira gehienez.
Hirugarren proban 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Bazterturik geldituko dira, orobat, gai batean zero puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.
Probak egiteko, ez daiteke erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, epaimahaiak jarritako ordenagailuaz gain inolako gailu elektronikorik nahiz bertzelako materialik ere, salbu mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.
6.4. Bigarren eta hirugarren probak plika sistemaren bidez eginen dira.
6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.
7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak betetzen diren egiaztatu eta plaza hutsak hautatzeko izapideak egin daitezen.
7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren proban eta lehenbizikoan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.
8.–Betebeharrak frogatzea eta plaza hutsak hautatzea.
8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:
a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
b) Euskarazko jakite-maila ezarrita duen plaza elebidunen bat eskuratu nahi duten pertsonek eskatutako maila hori egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Tituluak edo ziurtagiriak bat etorri beharko du Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotako tituluen zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan, deialdi honen 2.1.6 atalean xedatutakoaren arabera.
8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak plaza hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen plaza hutsen zerrenda eta hautapen ekitaldirako deitutako izangaien zerrenda (plaza hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten plaza hutsak hautatzeko.
Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, plaza hutsak eskuratzeko.
8.3. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute, gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz, ziurtagiri bat, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu plaza huts batean edo bestean jarduteko, plazen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
Era berean, hautaprobak gainditu eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumezko izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena lehenestea.
Hautaprobak igoera txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko, txanda irekiko izangaien aurretik, baina kontuan hartuta, betiere, desgaitasuna dutela egiaztatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako salbuespena.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin plaza hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plaza kopuruan sartzen ahal direnak.
Izendapen proposamen hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.
9.2. Proposatutako izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan izendapen proposamena argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean:
A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.
b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
B.–Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jatorrizko administrazioan jardunean daudela, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du plaza, baldin eta hutsik geratu den plazaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko, besteren baten beharra izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.
9.6. Ezarritako prozeduraren arabera plaza epe barruan eta behar bezala hautatzen ez bada, hautapen prozesuari uko egiten bazaio, deialdian plaza betetzeko ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo eskatutako dokumentazioa ezarritako prozeduraren arabera epe barruan eta behar bezala aurkezten ez bada, plaza hutsen hautaketaren emaitza ez da aldatuko.
Administrazioko organo eskudunak gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.
10.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie.
10.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, baldin izendatutakoak afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen dituzte: edo segitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan, babes harturik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidea, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori dena, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zehazki, bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Izendatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
Aipatutako epean izangairen bat plazaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.
10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plazak.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.
12.–Administrazio erroaren eremuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik lortzen ez duten izangaiekin:
a) Hautapen-prozesua gainditu arren, plaza lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.
12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen-prozesua gainditu arren plaza lortu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.
Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.
12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
13.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
13.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio; izan ere, foru-agindu horren bidez arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko (2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa). Bestela, hala badagokio, zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari jarraikiko zaio.
13.2. Oposizioaren deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioko hautaprobetan lorturiko puntuazioak adierazita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esparru horretako aldi baterako izangaien kontratazio-zerrendak presta eta onets ditzan.
13.3. Aldi baterako kontrataziorako bi zerrenda mota eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.
Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran izangaiek aukeratu beharko dute zer kontratazio mota nahi duten, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aldi baterako kontratazioetarako zerrendak presta ditzan.
Orobat, deialdiaren azken emaitzak argitaratu ondoren, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak hamar egun balioduneko epea irekiko du, nahi duenak hasierako hautaketa alda dezan.
13.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.
13.5. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.
Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, deialdiaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Telematikaz eginen da, dagokion kategoriara sartuz esteka honen bidez: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.
13.5.1. Titulazioa.
Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izateko, frogatu beharko da baduela deialdian eskatzen den titulua.
Izangaiaren titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaio, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea. Bestela, erantsi egin beharko da.
Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulazioa kontsultatzeko Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.
13.5.2. Egindako zerbitzuak.
Oposizioaldia gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Izangaiak ikusten badu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez ditu berriz erantsi beharko.
–Zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta/edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar egiaztatzeko, ofizioz aurkeztuko baitu NOPLOIko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuak.
–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.
13.5.3. Kontratazio-zerrenden esparruak eta motak aldatzea.
Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.
13.5.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.
Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematikoki eginen da.
Izangaiek, hala nahi badute, eskatzen ahalko dute deitu diezaietela bakarrik lanaldiaren %50eko edo gutxiagoko kontratazioak eskaintzeko.
Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.
13.6. Euskara.
Aldi baterako kontratazio-zerrendetako izangaiek noiznahi egiaztatzen ahalko dute euskararen ezagutzaren betebeharra, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.
13.7. Desgaitasuna duten pertsonak.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.
Desgaitasun-egoera noiznahi egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.
Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio- eta orientazio-talde eskudunek.
13.8. Indarra hartzea.
Hautapen-prozesu honetan sortutako aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak kudeatutako kontratazio-zerrendekin batera.
14.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako barne-igoera bidez aritzeko izangaien zerrendak.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko lanpostuetan aldi baterako barne-igoera bidez aritzeko zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da (horren bidez arautzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea), baita zerrenda horiek indarra hartzean foru-dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.
Oposizioaren deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioko hautaprobetan lorturiko puntuazioak adierazita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esparru horretan aldi baterako barne-igoera bidez aritzeko izangaien zerrendak presta ditzan.
Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran, izangaiek adierazi beharko dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako barne-igoera bidez aritzeko zerrendetan egon nahi duten, erakunde autonomoak aintzat har ditzan zerrenda horiek prestatzeari begira.
Aldi baterako barne-igoerako zerrenda horietan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte: Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile finkoak izatea, lanpostuarena baino maila/talde edo kategoria beheragoko batean sailkatuta egotea eta 2.1.1 oinarrian lanpostu horretarako eskatzen diren baldintzak betetzea.
Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaren lehenengo proba gainditu beharko da.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak prestatu eta onetsiko ditu aldi baterako barne-igoerarako izangaien zerrendak, mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.
15.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
I. zatia.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.
3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.
4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedurak eta ebazpenak.
6. gaia.–14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa: Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.
7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.
8. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio publikoen organoez. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.
9. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".
10. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak.
11. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: egintza administratiboak: administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.
12. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.
13. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
14. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio-eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.
15. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: IV. titulua: Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
16. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
17. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
18. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
II. zatia.
1. gaia.–11/1997 Foru Legea, ekainaren 17koa, Nafarroako Estatistikari buruzkoa. Nafarroako Estatistika Planak eta Programak.
2. gaia.–Estatistikaren kontzeptua. Estatistika-unitateak. Aldagai kualitatiboak eta kuantitatiboak. Aldagai diskretuak eta jarraituak. Maiztasunen dimentsio bakarreko banaketak. Metatutako banaketak. Taula estatistikoak. Irudikapen grafikoa.
3. gaia.–Maiztasunen banaketa baten sintesi-neurriak. Posizio-neurriak. Batezbesteko aritmetikoa, geometrikoa eta harmonikoa. Horien kalkulua eta ezaugarriak. Aplikazioak.
4. gaia.–Posizio-neurri sendoak: mediana, moda eta koantilak. Horien kalkulua eta ezaugarriak. Aplikazioak.
5. gaia.–Barreiadura-neurriak. Ibilbidea, bariantza eta desbiderapen tipikoa. Beste barreiadura-neurri batzuk. Horien kalkulua eta ezaugarriak. Aplikazioak.
6. gaia.–Uneak. Kalkulua eta aplikazioak. Simetria eta kurtosi neurriak. Kontzentrazio neurriak. Gini-ren indizea. Lorenz-en kurba.
7. gaia.–Dimentsio biko banaketa estatistikoak. Banaketa marjinalak eta baldintzatuak. Aldagaien independentzia eta lotura. Irudikapen grafikoa. Dimentsio biko banaketen uneak. Kobariantzaren kontzeptua. Korrelazioa. Esanahia.
8. gaia.–Maiztasunen banaketa n-dimentsionala. Erregresio anizkoitza. Erregresio lineal anizkoitza, korrelazio lineal anizkoitza eta partziala. Kolinealtasun anizkoitza.
9. gaia.–Ausazko fenomenoak. Probabilitatearen definizioak. Axiomatika oinarriak. Ezaugarriak eta teoremak. Probabilitate baldintzatua. Gertaeren independentzia. Ezaugarriak eta teoremak. Bayes-en teorema.
10. gaia.–Ausazko aldagai dimentsio bakarrekoak. Ausazko aldagai diskretuen eta jarraituen probabilitate-banaketa. Probabilitate-funtzioa, dentsitate-funtzioa eta banaketa-funtzioa. Ezaugarriak.
11. gaia.–Dimentsio bakarreko banaketaren ezaugarriak. Itxaropen matematikoa. Ezaugarriak. Bariantza. Ezaugarriak. Funtzio bereizgarria eta uneen funtzio sortzailea. Markov-en teorema eta Tchebychev-en desberdintza.
12. gaia.–Ausazko aldagai dimentsio anizkoitzak. Banaketa funtzioa. Ezaugarriak. Probabilitate-funtzioa eta dentsitate-funtzioa. Banaketa marjinalak eta baldintzatuak. Independentzia.
13. gaia.–Ausazko bektoreen itxaropena. Ausazko aldagaien batuketen eta biderkaduren itxaropena. Kobariantza. Korrelazioa. Ausazko aldagaien eraldaketa linealak.
14. gaia.–Inferentzia estatistikoa. Ausazko laginaren kontzeptua. Laginaren banaketa. Estatistikoak eta haien banaketa laginketan. Banaketa enpirikoaren funtzioa eta haren ezaugarriak. Glivenko-Cantelli-ren teorema.
15. gaia.–Populazio normalei lotutako laginketako banaketak. Batezbestekoaren banaketak, bariantza eta batezbestekoen diferentzia. Estatistiko ordenatuak. Balio handienaren eta txikienaren banaketa. Ibilbidearen banaketa.
16. gaia.–Parametroen zenbatespen puntuala. Estatistikoak. Zenbatesleak. Batez besteko errore koadratikoa. Zenbatesleen ezaugarriak: alboragabetasuna, efizientzia, tinkotasuna, nahikotasuna eta sendotasuna.
17. gaia.–Egiantza handiena zenbatesteko metodoa. Egiantzaren funtzioa. Egiantza handieneko zenbatesleen ezaugarri asintotikoak. Beste zenbatespen-metodo batzuk: uneak eta karratu minimoak.
18. gaia.–Konfiantza-tarteen araberako estimazioa. Kontzeptu orokorrak. Konfiantza-tarteak eraikitzeko metodoak: pibot estatistikoaren metodoa eta Neyman-en metodo orokorra. Konfiantza-tarteak populazio normaletan: batezbestekoa, bariantza, batezbestekoen alderaketa eta bariantzen ratioa.
19. gaia.–Hipotesien kontrasteak. Planteamendu orokorra. Hipotesi bakun eta konposatuak. Errore motak. Esangura-maila. Kontraste baten berretura. Parametroen kontraste klasikoak.
20. gaia.–Egiantzen arrazoiaren kontrasteak. Neyman-Pearson-en teorema. Ausazko kontrasteak. Aplikazioak.
21. gaia.–Karratu txikienen metodoaren bidezko doikuntza. Hondar-bariantza. Interpretazioa.
22. gaia.–Erregresio-zuzena. Korrelazio-koefiziente lineala eta horren kalkulua. Erregresio-zuzenaren posizioak korrelazio-koefizientearen balioaren arabera.
23. gaia.–Indize-zenbakiak. Indize sinpleak. Indize sinpleen ezaugarriak. Indize konplexuak. Laspeyres eta Paasche indizeak. Prezioen, bolumenaren eta balioaren indizeak.
24. gaia.–Denborazko serieak. Denborazko serie baten osagaiak. Eredu gehigarria eta biderkatzailea. Joera zehazteko metodoak.
25. gaia.–Denborazko serieen azterketa. Urtaro-aldaketak eta mugimendu ziklikoak zehazteko oinarrizko metodoak.
26. gaia.–Generic Statistical Businnes Process Model (GSBPM). Hastapena. Eredua. Beste eredu eta estandar batzuekiko lotura. GSBPMren 1. eta 2. mailak. Faseen deskribapen orokorrak. Prozesu orokorrak. GSBPMren beste erabilera batzuk.
27. gaia.–Biztanleria, esparrua, gainpopulazio-eredua eta lagina kontzeptuak. Inferentzian ereduak erabiltzea. Diseinuaren azpiko inferentzia. Laginaren espazioa eta diseinua. Inklusio-probabilitateak. Zenbatesleak eta ezaugarriak. Horvitz-Thompsonen zenbateslea.
28. gaia.–Ausazko laginketa bakuna birjarpenik gabe. Batez bestekoen, proportzioen eta guztizkoen zenbatesleak. Bariantzak eta haien zenbatespena. Banaketa normalaren erabilera. Laginaren tamaina zehaztea.
29. gaia.–Laginketa birjarpenarekin. Hansen-Hurwitzen zenbateslea. Bariantza eta haren zenbatespena. Ausazko laginketa bakuna birjarpenarekin. Zenbatesleak. Bariantzak eta haien zenbatespena. Ausazko laginketa bakuna birjarpenarekin eta gabe alderatzea.
30. gaia.–Laginketa geruzatua. Zenbatesleak. Bariantzak eta haien zenbatespenak. Geruzatzearen oinarrizko printzipioak. Geruzen eraikuntza eta kopurua. Lagina bereizgarri batekin esleitzea. Doitasun-irabazia.
31. gaia.–Probabilitate berdin-berdinak dituen konglomeratuen bidezko laginketa etapa batean. Probabilitate berdin-berdinak dituen konglomeratuen bidezko laginketa bi etapatan. Probabilitate desberdinak dituen laginketa ordezkapena duen etapa batean. Probabilitate desberdinak dituen laginketa bi etapatan, ordezkapenarekin. Probabilitate desberdinak dituen laginketa, ordezkapenik gabe.
32. gaia.–Laginketa sistematikoa. Deskribapena. Konglomeratuen laginketarekin lotzea eta laginketa geruzatuarekin alderatzea. Batez bestekoaren zenbateslea. Bariantza. Bariantza zenbatesteko arazoa. Modelizazioa.
33. gaia.–Azterketa diskriminatzailea. Sailkapena bi talderekin. Fisher-en funtzio diskriminatzailea. Sailkapena bi talde baino gehiagorekin. Funtzio sailkatzaileak.
34. gaia.–Aldagai anitzeko azterketa. Hastapena. Metodoen ikuspegi orokorra eta sailkapena. Aldagai anitzeko banaketak erabiltzea: banaketa normala, Wishart-ena, Hotelling-en eta Wilks-en T-a. Mahalanobis-en distantzia.
35. gaia.–Osagai nagusien azterketa. Arazoa planteatzea, ebaztea eta ezaugarriak. Kontuan hartu beharreko osagai kopurua zehaztea.
36. gaia.–Azterketa faktoriala. Eredu faktoriala. Parametroak zenbatesteko metodoak. Faktoreak txandakatzea. Faktore-azterketaren eta osagai nagusien azterketaren arteko loturak.
37. gaia.–Record linkage-a. Hastapenak. Record linkage determinista eta ez-determinista. Datuak prestatzea eta estandarizatzea. Kateen arteko distantzia metodoak.
38. gaia.–Eredu lineal orokorra. Zehaztapena. Zenbatesle minimo-kuadratiko amankomunak. Ezaugarriak. Normaltasun kontrastea. Egiantza handieneko zenbateslea. Zehaztapen erroreak. Inferentzia eredu linealean. Hipotesiak kontrastatzea. Tratamendu orokorra. Ereduaren koefiziente bati buruzko kontrastea. Azpimultzo parametriko baten kontrastea. Ereduaren esanguratasun globalaren kontrastea. Konfiantza-tarteak eta -eremuak. Egitura aldaketaren kontrastea: Chow testa. Murriztapenen araberako zenbatespena. Iragarpena eredu linealean.
39. gaia.–Heterozedastizitatea. Heterozedastizitatearen balizko arrazoiak. Zenbatespen minimo-kuadratikoa heterozedastizitatea dagoenean. Heteroszedastizitate kontrasteak. Box-Cox eraldaketa. Heterozedastizitate baldintzatu autoerregresiboa.
40. gaia.–Autokorrelazioa. Autokorrelazioaren izaera eta arrazoiak. Autokorrelazioaren ondorioak. Autokorrelazio kontrasteak. Autokorrelazioa duten ereduen zenbatespena. Iragarpena.
41. gaia.–Kolinealtasun anizkoitza eta eredu ez-linealak. Kontzeptua eta ondorioak. Kolinealtasun anizkoitza hautematea. Kolinealtasun anizkoitzaren aurkako konponbideak. Eragina duten behaketak. Eredu ez-linealak zehaztea. Eredu ez-linealerako hurbilketa lineala. Minimo-koadratiko ez-linealak. Egiantza maximoaren zenbatespena.
III. zatia.
1. gaia.–Ekonomia, jarduera ekonomikoa eta sistema ekonomikoa. Makroekonomiaren eta mikroekonomiaren aztergaia. Errentaren fluxu zirkularra. Ekoizpen aukeren muga.
2. gaia.–Kontuen Europako Sistema (KES-SEC-2010). KES-SEC sistemaren aplikazioak. Unitateak eta unitate-multzoak. Ekonomia nazionalaren mugaketa. Erakunde-unitateak eta -sektoreak. Tokiko jarduera-unitateak eta jarduera-adarrak. Produkzio-unitate homogeneoak eta adar homogeneoak. Adar homogeneoen sailkapena.
3. gaia.–Ondasun eta zerbitzuen eragiketak KES-SEC-2010ean. Ekoizpena. Bitarteko kontsumoak. Azken kontsumoko gastua. Benetako azken kontsumoa. Kapital eraketa gordina. Ondasunen eta zerbitzuen esportazioak eta inportazioak. Dauden ondasunen eragiketak. KES-SEC-2010eko ondasun eta zerbitzuen kontua.
4. gaia.–Banaketa-eragiketak. Soldatapekoen ordainsaria. Ekoizpenaren eta inportazioen gaineko zergak. Dirulaguntzak. Jabetzaren errentak. Zerga arruntak. Kotizazioak eta gizarte-prestazioak. Beste transferentzia arrunt batzuk. Kapital-transferentziak. Finantza-eragiketak. Sailkapena eta kontabilitate arauak. Agregatu ekonomikoekiko lotunea. Beste fluxu batzuk KSE-SEC-n.
5. gaia.–Kontabilitateko kontuen eta saldoen segida. Kontuen segida. Munduko gainerako herrialdeetako kontuak. Kontu ekonomiko integratuak. Agregatu nagusiak.
6. gaia.–Jatorri- eta xede-taulak eta input-output esparrua. Deskribapen orokorra. Estatistika- eta azterketa-tresna. Balorazio printzipioak. Azterketarako lanabesa eta lanabesaren hedapenak. Beste taula batzuk.
7. gaia.–Prezioen eta bolumenaren aldakuntzen neurketa KES-SEC-2010ean. Kontuen sistemako prezio- eta bolumen-indizeen aplikazio-eremua. Prezioen eta bolumenaren indizeak neurtzeko printzipio orokorrak. Printzipio orokorrak aplikatzeko arazo zehatzak.
8. gaia.–Hiruhileko kontuak. Erregioetako kontuak.
9. gaia.–Administrazio Publikoen kontuak KES-SEC-2010ean. Administrazio publikoen sektorearen definizioa. Merkatua/ez-merkatua mugatzea. Finantza publikoen estatistikak aurkeztea. Finantziazio ahalmena/beharra.
10. gaia.–Eskaintzaren eta eskariaren oinarrizko elementuak. Desplazamenduak eta oreka zehaztea. Sektore publikoaren esku-hartzea merkatu lehiakorrean.
11. gaia.–Inflazioa eta langabezia. Oinarrizko kontzeptuak, neurketa eta azalpen teoriko nagusiak. Phillips-en kurba: oinarrizko alderdiak eta alderdi kritikoak.
12. gaia.–Ordainketa-balantza: kontzeptua eta egitura Nazioarteko Diru Funtsaren VI. Eskuliburuaren arabera. Dibisa-merkatua eta kanbio-tasa.
13. gaia.–Demografia. Denbora mugaketa: Lexis-en diagrama, bizi-lerroak, kohorteak eta belaunaldiak. Fluxuak eta stockak. Luzerako eta zeharkako azterketa. Adierazle demografikoak: tasak, ratioak, proportzioak eta probabilitateak.
14. gaia–Hilkortasuna. Hilkortasunaren azterketa: tasa gordinak eta berariazkoak. Haur-hilkortasuna. Estandarizazioa. Hilkortasun-taulak. Taula osoak eta laburtuak. Bizi-itxaropena. Hilkortasunaren eredu taulak. Hilkortasuna, arrazoien eta erikortasunaren arabera.
15. gaia.–Jaiotzen, ugalmenaren eta ezkontzen tasak. Tasa gordinak eta berariazkoak. Intentsitatea eta egutegia. Ondorengotza eta ugalmen-indize sintetikoa. Ama izateko batez besteko adina, ugalmenaren kurba. Ugalketa eta ordezkapena. Ugalmenaren eta ezkontzen arteko lotura.
16. gaia.–Migrazioak. Kontzeptu nagusiak. Leku mugikortasun motak. Barneko eta kanpoko migrazioak. Migrazio mugimenduei lotutako tasak eta adierazleak.
17. gaia–Nafarroako biztanleriaren egitura eta hazkundea. Egitura adierazleak. Biztanleria-piramideak. Hazkunde adierazleak eta tasak.
18. gaia.–Biztanleriaren proiekzioak. Zenbatespen prozedura matematikoak: estrapolazio metodoak, funtzio logistikoa. Osagaien metodoa. Osagaiak proiektatzea. Biztanleriaren errolda arteko zenbatespenak.
19. gaia.–Etxeen egitura eta dinamika. Fenomeno demografiko nagusiak etxeen dinamikan. Etxeen proiekzioak: etxeko buruzagitzen tasen metodoak eta eredu dinamikoak.
20. gaia.–Demografia erroldak. Biztanleria, etxebizitzak eta eraikinak. Helburuak. Biltzeko metodoak. Ikertutako bereizgarriak. Udal-erroldetan erregistratutako biztanleekiko aldea.
21. gaia.–Biztanleriaren zahartzea. Azalpen faktoreak. Gainzahartzea. Zahartzaroa eta lurraldea. Zahartzaroa eta pobrezia.
22. gaia.–Python eta R (R Studio) programazio lengoaiak. Taulak (dataframeak), bektoreak, zerrendak, array-ak eta funtzioak. Aldagaiak birkodetzea. Datuak gehitzea eta iragaztea. Fitxategiak batzea. Irudiak inportatzea eta esportatzea.
Iragarkiaren kodea: F2511180
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
