173. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

315E/2025 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita udalerrientzako dirulaguntzen deialdia, Tokiko Hiri Agenda prestatzeko edo Tokiko Agendak eta "hirigintza-arloko ekintza berritzaileen" aurretiazko deialdietan egindako esparru-dokumentuak garatzeko proiektu edo ekintzak gauzatzeko. DDBN identifikazioa: 0000845983.

2020tik, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak zenbait deialdi egin ditu Nafarroako toki-entitateei dirulaguntzak emateko, lurralde- eta hiri-garapen jasangarri eta inklusiboa sustatzen duten hirigintza-ekintzak egin ditzaten udalerrietan, jasangarritasuneko, trinkotasuneko, erabileren konplexutasuneko eta gizarte kohesioko printzipioei jarraikiz. Printzipio horiek arau hauetan zehaztuta daude: Lurzoruari buruzko maiatzaren 28ko 8/2007 Legean eta Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan.

Bestalde, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak 1998tik zenbait deialdi egin ditu toki-entitateentzako laguntzetarako, Tokiko Agenda 21 direlakoak egiteko eta tokiko ekintza-planak gauzatzeko, ingurumena eta herritarren bizi-kalitatea hobetze aldera.

Espainiako Hiri Agenda lerrokatuta dago 2030 Agendaren, Hiri Agenda Berriaren eta Europar Batasunerako Hiri Agendaren arabera hartutako nazioarteko konpromisoekin; hala, hura onartzearen ondorioz, jasangarritasunaren arloko konpromisoek lurralde izaera integrala hartzen dute eta, beraz, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari dagokio horien eskumena. Ondorioz, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ebatzi du Tokiko Agenda 21 direlakoetarako laguntzak bertan behera uztea; hala, onartutako azken deialdia 2022ko abendukoa da, 2023an gauzatzeari begira.

Bi zuzendaritza nagusiek, elkarren artean koordinatuta, adostu dute Tokiko Agendei buruzko eskumenak eskualdatzea legitimatzen duten egitura organikoko foru dekretuetan egin beharreko aldaketak izapidetzea. Aldaketa horren izapideak hasita daude bi departamentuetan, baina argitaratzeko izandako atzerapenak arriskuan jartzen du 2025eko dirulaguntzen deialdia, murriztu egin baitira diruz laguntzen ahal diren obra gauzatzeko epeak.

Hori dela eta, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko apirilaren 10eko Erabakiaren bidez, baimena ematen da Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa esleitzeko, Tokiko Hiri Agenda prestatzea eta 2025ean horren ekintza-planetan jasotako proiektuak edo ekintzak gauzatzea sustatzeko.

Dirulaguntza hauek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan daude, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren dirulaguntzen lerroen barruan (47. eta 49. erregistroak).

Laguntza horiek bat datoz Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planarekin eta haren politika bultzatzaileekin; zehazki, I. politika bultzatzailearekin (hiri eta landa agenda), zeinak mugikortasun jasangarri seguru eta konektatua eta hiri berroneratzea barne hartzen baititu, eta II. politika bultzatzailearekin (azpiegitura eta ekosistema erresilienteak naturan oinarritutako konponbideak garatzeko), zeinak ekosistemak eta haien biodibertsitatea kontserbatu eta lehengoratzea zein ekosistemen zerbitzuak hobetzea barne hartzen baititu.

Helburua da Nafarroako toki-entitateei laguntzea GJHak tokiko mailan lortzeko, nazioarteko, Europako eta Espainiako agendekin, 2030 Agendarekin (2015), Hiri Agenda Berriarekin (NBE 2016) eta Espainiako Hiri Agendarekin (2019) lerrokatuta.

Zehazki, 11. GJHa bultzatzen da: hiri eta komunitate jasangarriak, hiri eta giza kokagune inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak lortzeko. Horretarako, Espainiako Hiri Agendak proposatzen duen lurraldea eta hiria garatzeko ereduaren alde egiten da, urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera (dekretu horren bidez onetsi zen Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina).

Era berean, Nafarroako Foru Komunitatean jasangarria den eta pertsonak ardatz dituen hirigintza sustatzen duten indarreko lege, estrategia eta tresnekin lerrokatzea dakar; besteak beste, hauekin: 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua; 4/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzkoa; 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunari buruzkoa; Lurralde Antolamenduko Planak; Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren Estrategia eta Nafarroako Despopulazioaren aurkako Estrategia.

Azaldu denari eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko apirilaren 10eko Erabakiari jarraikiz, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du ebazpen honen bidez Tokiko Hiri Agenda prestatzeko edo Tokiko Agendak eta "hirigintza-arloko ekintza berritzaileen" aurretiazko deialdietan egindako esparru-dokumentuak garatzeko proiektu edo ekintzak gauzatzeko udalerrientzako 2025eko dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak ezarri eta argitaratzea. Dirulaguntza hauen xedea da udalerriei laguntzea, Tokiko Hiri Agendak izan ditzaten eta hiri- eta lurralde-garapen jasangarriko helburuak bultzatzen dituzten ekintzak gauza ditzaten.

Deialdi honek bi lerro biltzen ditu:

–A lerroa: Tokiko Hiri Agenda prestatzeko.

–B lerroa: proiektuak edo jarduerak gauzatzeko.

Hona hemen Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2025eko ekitaldiko deialdirako gaitutako partidak:

  • 240000-24100-4609-261703 partida, "Udalerrientzako dirulaguntza, Tokiko Hiri Agenda prestatzeko", 137.000 euroko kredituarekin.
  • 240000-24100-7609-261705 partida, "Udalerrientzako dirulaguntza, Tokiko Hiri Agendaren inbertsioetarako eta esparru-dokumenturako", 400.000 euroko kredituarekin.

Aurrekoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 137.000 euroko gastua baimentzea, deialdiaren ondoriozko konpromisoei erantzuteko, Tokiko Hiri Agenda prestatzeko A Lerroarekin lotuta, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura: 240000-24100-4609-261703 partida, "Udalerrientzako dirulaguntza, Tokiko Hiri Agenda prestatzeko".

2. 400.000 euroko gastua baimentzea, deialdiaren ondoriozko konpromisoei erantzuteko, proiektuak edo jarduerak gauzatzeko B Lerroarekin lotuta, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura: 240000-24100-7609-261705 partida, "Udalerrientzako dirulaguntza, Tokiko Hiri Agendaren inbertsioetarako eta esparru-dokumenturako".

3. Onestea udalerrientzako 2025eko dirulaguntzen deialdia, Tokiko Hiri Agenda prestatzeko edo Tokiko Agendak eta "hirigintza-arloko ekintza berritzaileen" aurretiazko deialdietan egindako esparru-dokumentuak garatzeko proiektu edo ekintzak gauzatzeko.

4. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean jasotzea.

6. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Lurraldeko Zerbitzu Juridiko eta Administratiboari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako Atalari igortzea, bai eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Ekonomia eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuari ere.

7. Ebazpen honen eta bere oinarrien aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko uztailaren 4an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

I. ERANSKINA.–UDALERRIENTZAKO 2025EKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK, TOKIKO HIRI AGENDA PRESTATZEKO EDO TOKIKO AGENDAK ETA "HIRIGINTZA ARLOKO EKINTZA BERRITZAILEEN" AURRETIAZKO DEIALDIETAN EGINDAKO ESPARRU DOKUMENTUAK GARATZEKO PROIEKTU EDO EKINTZAK GAUZATZEKO

Lehena.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da 2025eko ekitaldian Tokiko Hiri Agenda prestatzea (A lerroa) eta tokiko ekintza-planetan jasotako proiektuak edo ekintzak gauzatzea (B lerroa) sustatzeko laguntzen araubidea ezartzea. Era berean, diruz laguntzen ahalko da "hirigintza-arloko ekintza berritzaileen" aurretiazko dirulaguntzen deialdietan prestatutako esparru-dokumentuetan jasotako eremu publikoen inbertsioetarako jarduketak gauzatzea. Helburua da garapen jasangarria sustatu eta tokiko kudeaketa partaidetzako modu integratuan hobetzea.

Honako hauek dira Tokiko Hiri Agendaren ezaugarriak:

1. Tokiko Agenda 21en eta Tokiko Agenda 2030en jarraipena da.

2. Lurraldearen jasangarritasun soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa sustatzen du.

4. Espainiako Hiri Agenda garatzen du.

5. Epe ertain eta luzerako plan estrategikoa da.

6. Jardun eremua ukitzen duten gainerako garapen estrategiekiko koherentea da.

7. Herritarrek parte hartzen dute haren lanketan.

8. Tokiko administrazioaren erantzukizun politikoa da hura ezartzea, hari jarraipena egitea eta hura berrikustea.

Bigarrena.–Jarduketak, diruz laguntzen ahal diren gastuak eta baldintzak.

–A lerroa. Tokiko Hiri Agenda prestatzeko:

a) Diruz laguntzen ahalko dira Nafarroan Tokiko Hiri Agenda prestatzearen ondorioz sortutako gastu hauek:

  • Laguntza teknikoa. Diruz lagunduko den jarduketaren dokumentazio teknikoa eta partaidetza-prozesua prestatuko dituzten pertsona fisiko edo juridikoen kontratazioari emanen zaio dirulaguntza.
  • Diruz lagunduko den jarduketarekin lotutako materiala argitaratzearen eta/edo publizitatea egitearen gastuak.
  • Dokumentua prestatzearekin lotutako jarduerak garatzeko beharrezkoak diren lokalak alokatu, ekipamenduak jarri edo material suntsikorraz hornitzeko gastuak.

b) Diruz laguntzen ahal diren jarduketek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Udalerri batek edo batzuek lankidetzan gauzatuak izatea.
  • III. eta IV. eranskinetako zehaztapenetan kokatzea.

–B lerroa. Proiektuak edo jarduerak gauzatzeko:

a) Diruz laguntzen ahalko dira Tokiko Agenda 21 eta Tokiko Agenda 2030 egitasmoen ondoriozko tokiko ekintza-planetan jasotako proiektu edo jarduerak gauzatzeko inbertsioak. Halaber, diruz laguntzen ahalko dira "hirigintza-arloko ekintza berritzaileen" aurretiazko dirulaguntzen deialdietan prestatutako esparru-dokumentuetan jasotako eremu publikoen inbertsioetarako jarduketak.

b) Diruz laguntzen ahal diren jarduketak dagoeneko hasita egon behar dira edo 2025ean hasi beharko dira.

c) Honako gastu hauek laguntzen ahalko dira diruz:

  • Laguntza teknikoa. Obrak gauzatzeko edo eremu publikoak egokitzeko beharrezkoa den dokumentazio teknikoa (egikaritze proiektua, txosten tekniko balioztatua) prestatuko duten pertsona fisiko edo juridikoak eta, hala badagokio, horien egikaritzearen zuzendaritza fakultatiboa kontratatzeko gastuak diruz lagunduko dira.

Halaber, diruz laguntzen ahalko dira jarduketa hautatzeko (esparru-dokumentuan identifikatu direnen artean), proposatutako konponbidea diseinatzeko edo komunitatean egindako lanak koordinatzeko eginen den partaidetza-prozesua burutzeko beharrezkoak diren pertsona fisiko edo juridikoak kontratatzeko gastuak.

  • Urbanizazio lan arrunten gauzatze materialaren gastuak, edo espazio publikoa egokitzeko jarduketaren gastuak.
  • Gauzatuko diren inbertsioekin lotutako materiala hedatzeko, parte hartzeko eta/edo publizitatea egiteko gastuak.
  • Inbertsioarekin lotutako jarduerak garatzeko beharrezkoak diren lokalak alokatu, ekipamenduak jarri edo material suntsikorraz hornitzeko gastuak.

d) Proiektuek eta jarduketek hurrengo multzo hauetako batean sartuta egon beharko dute:

  • Klima-aldaketa: arintzea eta horretara egokitzea.
  • Azpiegitura berdeko proiektuak: paisaia lehengoratzeko eta naturaguneen balioa azpimarratzeko jarduketak. Tokiko paisaien babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatu eta natura hirien eta herrien diseinuan eta urbanizazioan sartzen duten esku hartzeak.
  • Baliabideak aurreztea eta haien kontsumoan efiziente izatea, eta hondakinak minimizatzea.
  • Hurbileko kontsumoa. Elikadura eta energia burujabetza. Tokiko ekonomia jasangarria.
  • Hurbileko hiria/herria eta konplexutasun funtzionala sustatzea, eta mugikortasun jasangarria hobetzea; hiri eremuak eta hiri inguruak lotzea.
  • Eremu publikoak edo erabilera publikokoak eraberritu eta horien kalitatea hobetzea, irisgarritasun unibertsala hobetzea, narriatuta dauden edo gutxi erabiltzen diren espazioak leheneratzea, ingurune osasungarri eta seguruak sortzea, naturan oinarritutako konponbideak edo beste konponbide berritzaile batzuk ezartzea, etab.
  • Deialdi honen helburu orokorrarekin lerrokatutako beste batzuk, baldin eta lurralde- eta hiri-garapen jasangarriaren eta pertsonengan oinarritutako hirigintzaren garapenaren printzipioak bultzatzen badituzte.

Hirugarrena.–Entitate onuradunak.

–A lerroa. Tokiko Hiri Agenda prestatzeko:

Nafarroako Foru Komunitateko udalerriak, banaka edo lankidetzan.

–B lerroa. Proiektuak edo jarduerak gauzatzeko:

Nafarroako Foru Komunitatean Tokiko Hiri Agenda edo esparru-dokumentua organo eskudunaren erabakiz onetsita duten banakako udalerriak.

Laugarrena.–Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa gehienez ere dirulaguntzaren xede diren jarduketek sortutako gastuaren %80 izanen da, eta puntuazio handienetik txikienera emanen da, erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte, oinarri hauetan zehaztutako irizpideen arabera. Baldin eta ez badago azken onuradunari bere aurrekontuaren %80 emateko behar beste kreditu, aurrekontuan erabilgarri gelditzen den zenbatekoa emanen zaio.

Deialdiaren gehieneko zenbatekoak eta dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa hauek izanen dira:

–A lerroa. Tokiko Hiri Agenda prestatzeko:

Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak, horiek emateko ebazpenean ezarriko direnak, hauek izanen dira:

  • Bi mila biztanle arteko udalerrietan edo udalerri multzoetan: 10.000 euro.
  • Bi mila biztanle baino gehiago eta bost mila biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan edo udalerri multzoetan: 12.000 euro.
  • Bost mila biztanle baino gehiago eta hamar mila biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan edo udalerri multzoetan: 14.000 euro.
  • Hamar mila biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan edo udalerri multzoetan: 16.000 euro.

Deialdiak 137.000 euroko kreditua du, 2025eko Gastuen Aurrekontuko 240000-24100-4609-261703 "Udalerrientzako dirulaguntza, Tokiko Hiri Agenda prestatzeko" partidaren kargura.

–B lerroa. Proiektuak edo jarduerak gauzatzeko.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, hori emateko ebazpenean ezarriko dena, 40.000 euro izanen da.

Udalerri bakoitzak proiektu edo jarduketa bakar bat aurkezten ahalko du.

Deialdiak 400.000 euroko kreditua du, 2025eko Gastuen Aurrekontuko 240000-24100-7609-261705 "Udalerrientzako dirulaguntza, Tokiko Hiri Agendaren inbertsioetarako eta esparru-dokumenturako" partidaren kargura.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea: epea eta eskatutako baldintzak frogatzea.

Eskaera alkateak edo tokiko korporazioko lehendakariak sinatu beharko du, eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hogeita hamar egun natural iragan baino lehen aurkeztu beharko da.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren webguneko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Horretan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Tokiko Hiri Agendak prestatzeko (A lerroa), eskaerarekin batera II. eranskineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Proiektuak edo jarduketak gauzatzeko (B lerroa), eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

–Dirulaguntza aplikatu nahi zaion proiektuaren memoria teknikoa; horretan, informazio hau agertu behar da, gutxienez:

  • Justifikazioa.
  • Helburuak. Tokiko estrategiekiko lotura.
  • Ekintzak.
  • Kronograma.
  • Espero diren emaitzak.
  • Aurrekontua: gastuaren kontzeptuak zehaztuta.
  • VI. eranskina: proiektuaren edo ekintzaren oinarrizko fitxa deskribatzailea.
  • VII. eranskina: justifikazio fitxa bat, puntuazioa zer kontzeptugatik jaso behar duen adierazteko, gehienez ere hogeita hamar hitzekoa.
  • VIII. eranskina: zenbait alderdiren gaineko erantzukizunpeko adierazpena. Hona alderdiok:
    • Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
    • Bigarren oinarrian, a eta b puntuetan, jasotzen diren aurretiazko baldintzak betetzea.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

Batzordeburua: Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren zuzendaria, edo hark eskuordetza ematen dion langilea.

Idazkaria: Lurraldeko Zerbitzu Juridiko eta Administratiboaren zuzendaria, edo hark eskuordetza ematen dion langilea.

Batzordeko kidea: Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Ataleko burua, edo hark eskuordetza ematen dion langilea.

Egokitzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek parte hartzea.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

a) Eskaera jasota, Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalak egiaztatuko du ea oinarri hauetan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Hala egin ezean, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola.

b) Balorazio Batzorde Teknikoak txosten arrazoitua eginen du proiektu bakoitzari emandako puntuazioei buruz.

c) Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondotik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintzak ez betetzeagatik edo aurrekontuko mugengatik deialditik kanpo gelditzen direnekin.

d) Dirulaguntzak Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira. Laguntzak puntuazio-ordenaren arabera emanen dira, handienetik txikienera, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

Dirulaguntza guztiak eman ondoren, partidaren batean aurrekonturik izanez gero, soberako partidaren aurrekontu erabilgarria eskaera batzuk dirulaguntza jaso gabe geratu diren partidari esleitzen ahalko zaio, baldin eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean eskatzen diren baldintzak betetzen badira.

Baldin eta justifikazioa aurkezteko epea akitu baino lehen entitate onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, hari zuzendutako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion partidan krediturik ez izateagatik diruz laguntzen ahal den gutxieneko zenbatekora heldu ez diren entitateetara bideratzen ahalko da, lortutako puntuazioaren arabera.

Era berean, dirulaguntzak ordaindu ondoren geratzen ahal diren kreditu gerakinak bideratzen ahalko dira, hala badagokio, lortutako puntuazioaren arabera diruz laguntzen ahal den gehienekora heldu ez diren eskaeretara.

e) Prozeduraren gainean ebazteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Entitate onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Proiektua egitean haren edukia edo kostua aldatzea dakarten gorabehera guztien berri ematea, gertatzen diren unean, idatziz, Lurralde Kohesiorako Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

b) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

d) Benetako partaidetzarako eskubidea gauzatzea.

e) Agendak prestatzeko laguntzen (A lerroa) entitate onuradunek, aurrekoez gain, konpromisoa hartuko dute Tokiko Batzorde Betearazlea sortzeko. Hartan hartuko dute parte agenda prestatzen duten toki-entitateen ordezkariek, agendarako kontratatutako enpresen ordezkariek eta Nafarroako Gobernuaren ordezkariek. Azken horiek Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak izendatuko ditu. Tokiko Batzorde Betearazleak hiru bilera eginen ditu, eta bilerek helburu hauek edukiko dituzte:

1. Kontratatutako enpresa, abiapuntuko dokumentua eta lan-plana aurkeztea.

2. Jasangarritasun Diagnostikoa aurkeztea, baliozkotzeko.

3. Tokiko Ekintza Plana eta adierazleak aurkeztea, baliozkotzeko.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

Deialdi honetako dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

1. Tokiko Hiri Agendarako (A lerroa).

a) Balorazio irizpideak:

–Lehenik, Tokiko Agenda egin gabe duten udalei emanen zaie dirulaguntza.

–Talde horren barruan, lehentasuna emanen zaie despopulazio-arriskuan dauden udalerriei eragiten dieten agendei, arriskuaren intentsitatearen arabera.

–Gero, Tokiko Ekintza Plan eta Jarraipen Plan zaharrenak dituzten entitateei emanen zaie dirulaguntza.

–Aurreko irizpideen baturan berdintasunik izanez gero, lehentasuna izanen dute biztanle gehien duten entitateen edo entitate multzoen agendek.

2. Proiektuak edo jarduerak gauzatzeko (B lerroa).

a) Balorazio irizpideak: 90 puntu gehienez.

Atal bakoitzean zero puntu emanen da baloraziorik merezi ez duenean, puntu bat balorazio txikia badu, bi puntu balorazio ertaina badu, eta hiru puntu balorazio handia badu.

1. Lurralde- eta paisaia-ingurunean integratzen da.

2. Natura-, kultura- edo paisaia-ondarea hobetzen ditu.

3. Azpiegitura berde edo urdinak hobetzen ditu.

4. Hiri-berroneratzea bultzatu eta eremu narriatuak hobetzen ditu.

5. Hiriko trinkotasuna eta oreka sustatzen ditu.

6. Konplexutasun funtzionala eta erabilera aniztasuna bultzatzen ditu.

7. Hiri-ingurunearen segurtasuna hobetzen du.

8. Zarata eta haren ondorioak murriztu eta/edo prebenitzen ditu.

9. Eremu publikoen kalitatea eta irisgarritasuna hobetzen ditu.

10. Klima-aldaketara hobeki egokitzea eta horren aurrean erresilienteagoa izatea eragiten du.

11. Berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten ditu.

12. Energia-efizientzia eta energia aurreztea bultzatzen ditu.

13. Ur-kontsumoa optimizatu eta/edo murrizten du.

14. Hondakinak murriztu eta/edo birziklatzea bultzatzen du.

15. Hurbileko hiria sustatzen du.

16. Garraiobide jasangarriak sustatzen ditu.

17. Natura txertatzen du hiri eremuan eta ibiltzeko egokiak diren kaleetan.

18. Aukera-berdintasuna bultzatzen du generoaren, adinaren eta desgaitasunaren ikuspegitik.

19. Gizarte-kohesioa eta elkartzeko eta bizikidetzarako guneak sustatzen ditu.

20. Zahartze aktiboaren aldeko ekintzak eta bizimodu osasungarriak sustatzen ditu.

21. Inplikazioa eta onura, despopulazio-arriskuari dagokionez.

22. Tokiko produktibitatea bultzatu eta enplegua sortzen du.

23. Turismo adimendun eta kalitatezkoa sustatzen du.

24. Ezagutzaren gizartearen eta hiri adimendunen garapenaren alde egiten du.

25. Berrikuntza digitala sustatu eta arrakala digitala murrizten du.

26. Konponbide teknikoaren ikuspegiaren berrikuntza eta originaltasuna.

27. Inpaktua eta eraldatzeko gaitasuna.

28. Tokiko ondare immateriala sustatzen du.

29. Entitate publiko eta pribatuen inplikazioa, eta erabakiak hartzeko orduan dagoen parte hartze komunitarioa.

30. Lankidetza sareetako kide izatea.

b) Aparteko puntuazioa: 5 puntu, gehienez.

Aparteko bost puntu emanen zaizkie alderdiotan nabarmentzen diren bi proiektuei:

–Proposamenik onena, partaidetzako prozesuari eta gardentasunari dagokienez.

–Proposamenik onena, lurraldean duen inpaktuagatik eta bizi-kalitatea hobetzen duelako.

Hamargarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. Tokiko Hiri Agendarako (A lerroa).

2025eko azaroaren 30a baino lehen, entitate onuradunek Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalean aurkeztu beharko dituzte agiri hauek:

–Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki-entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastu eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

–Tokiko Hiri Agendaren dokumentu osoa, III. eta IV. eranskinetan zehazten denaren arabera.

–V. eranskina beteta eta sinatuta: beste laguntza batzuei buruzko adierazpena.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, zati proportzionalean gutxituko da dirulaguntza. Ordainketa aurretiaz egin bada, aldeari dagokion zenbatekoa itzuliko da.

Epe hori bete ezean, emandako dirulaguntza galduko da.

2. Proiektuak edo jarduerak gauzatzeko (B lerroa).

Dirulaguntzaren xede diren proiektu, ekintza edo obrak bukatu ondoren, eta, betiere 2025eko azaroaren 30era arte, entitate onuradunek Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalean aurkeztu beharko dituzte agiri hauek:

–Egindako jardueraren memoria, emaitzen adierazleak barne (gutxienez 2 adierazle).

–Egindako ekintzak erakusten dituzten argazkiak (gutxienez 3 argazki).

–Jarduerak egitean editatutako material grafikoa, halakorik bada.

–V. eranskina beteta eta sinatuta: beste laguntza batzuei buruzko adierazpena.

–Egindako gastuen eta ordainketen zerrenda toki-entitateko idazkariak edo, hala badagokio, kontu-hartzaileak ziurtatuta egonen da, eta, horrekin batera, egindako gastua eta ordainketa frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak gehituko dira. 600 eurotik beherako zenbatekoa duten fakturak eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta behar bezala frogatzen bada zuzenbideak onartutako edozein bitartekoren bidez.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, zati proportzionalean gutxituko da dirulaguntza. Ordainketa aurretiaz egin bada, aldeari dagokion zenbatekoa itzuliko da.

Epe hori bete ezean, emandako dirulaguntza galduko da.

Hamaikagarrena.–Ordainketa.

Hamargarren oinarrian eskatzen diren egiaztagiriak azterturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari. Horrekin batera, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea izateko bete beharreko eginbeharrak betetzen direla frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Hamabigarrena.–Ordainketa aurreratua.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33) artikuluan ezarritakoaren arabera, emandako dirulaguntzaren %100eko aurrerakina emanen da, baldin eta justifikatzen bada dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar direla.

Ordainketa aurreratua eskatzeko, IX. eranskineko inprimakia beteko da, eta horrekin batera aurkeztuko da funts horniduraren premia behar bezala justifikatzen duen txosten arrazoitu bat.

Dirulaguntza aurreratuak justifikatzeko 2026ko irailaren 30era arteko epea egonen da.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

a) Tokiko Hiri Agenda prestatzeko (A lerroa).

Deialdi honetako dirulaguntzak ez dira bateragarriak beste laguntza batzuekin, izan Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste entitate publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

b) Proiektuak edo jarduerak gauzatzeko (B lerroa).

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste entitate publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek. Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, entitate onuradunak jakinarazi beharko du, V. eranskina behar bezala bete eta sinatuta, beste dirulaguntza batzuk lortu dituela helburu bererako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluaren d) apartatuak ezarritakoa betez; halaber, jakinarazi beharko dio beste edozein diru-sarrera edo finantzaketa lortu duela, halakorik bada, diruz lagundutako jarduketa ez dadin gainfinantzatua izan.

Hamalaugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Entitate publikoak direnez, lanak kontratatzeko orduan Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko da.

Hamabosgarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Ebazpen honetan eskatutako baldintzak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza galduko da edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru itzulketei, arau hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hamazazpigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Hemezortzigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hemeretzigarrena.–Onuradunen eginbeharrak, publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan erakutsi beharko da Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, TOKIKO HIRI AGENDA (A LERROA) PRESTATZEKO DIRULAGUNTZA ESKATU DUEN ENTITATEARENA

Izen-deiturak: .........................................................................................................................................

NANa/IFZ: ...............................................

Kargua: ...............................................................................................................................................

Honako hau ordezkatuz: .......................................................................................................................

Erantzukizuna neure gain hartuta, honako hau ADIERAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Ordezkatzen dudan entitateak betetzen dituela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan entitate onuradun edo entitate laguntzaile izateko ezarritako baldintzak.

Bigarrena.–Tokiko Hiri Agenda prestatzeko, tramitatzeko eta hartarako dirulaguntza eskatzeko, honako entitate hauek ordezkatzen ditudala:

  • .........................................................................................................................................................
  • .........................................................................................................................................................
  • .........................................................................................................................................................
  • .........................................................................................................................................................

Hirugarrena.–Tokiko Hiri Agendari dagokionez, entitate hauek:

Ez dute inoiz Tokiko Agendarik egin.

Bai, prestatu dute Tokiko Agenda eta Tokiko Ekintza Planaren agiria dute, ............ urtekoa.

Laugarrena.–Dirulaguntza honen xede diren entitateek, guztira, ................. biztanle biltzen dituzte.

Azkenik, Tokiko Hiri Agenda prestatzeko, .................................. euroko dirulaguntza eskatzen dut.

Tokia, data, sinadura eta entitatearen zigilua

III. ERANSKINA.–TOKIKO HIRI AGENDA PRESTATZEKO PROZEDURA (A LERROA)

Tokiko Hiri Agenda prestatzeko, hau egin behar da:

1. Jasangarritasun Diagnostikoa.

2. Tokiko Ekintza Plana (TEP) eta Jarraipen Plana.

Bi kasuetan, erreferentziatzat hartu da Tokiko Hiri Agendaren Eskema Orokorra, zeina, bestalde, Espainiako Hiri Agendan oinarritzen baita (IV. eranskina).

Tokiko Ekintza Plana bi formatu hauetan aurkeztuko da, gutxienez:

1. Txosten betearazlea, non prozesua, helburuak eta ekintzak azaldu beharko baitira.

2. Taula formatua; Nafarroako Gobernuak horretarako ematen duena bete beharko da.

Tokiko Batzorde Betearazleak lan-plana eta prestaketa prozesuaren ondoriozko dokumentuak onetsiko ditu. Honako hauek osatuko dute batzordea:

–Toki-entitatearen ordezkari bat.

–Nafarroako Gobernuaren ordezkari bat.

–Enpresaren edo kanpoko laguntzaren ordezkari bat.

Azkenik, toki-entitateko organo eskudunek Jasangarritasun Diagnostikoa eta Tokiko Ekintza Plana onetsiko dituzte, era ofizialean.

Parte-hartzea: lurraldera egokituta ezarriko dira parte hartzeko prozedurak, bermatu dadin herritarrek parte hartzen dutela faseetako bakoitzean.

Lehenengo Tokiko Batzorde Betearazleak baliozkotu beharreko lan-planean, honako hauek zehaztuko dira:

–Parte hartzeko foroen eta foku taldeen gutxieneko kopurua.

–Egin beharreko elkarrizketen gutxieneko kopurua.

–Proposatutako inkestak.

–Tokiko Agenda prestatzeko informazio iturriak.

–Komunikazio plana eta herritarrek parte hartzeko motibazioa.

IV. ERANSKINA.–TOKIKO HIRI AGENDAREN ESKEMA OROKORRA - ARDATZAK ETA HELBURUAK (A LERROA)

(Espainiako Hiri Agendaren ereduan oinarrituta)

1.–Lurraldea, paisaia eta biodibertsitatea.

Lurraldea antolatzea, eta lurraren arrazoizko erabilera egin, kontserbatu eta babestea:

1.1. Lurzorua antolatzea inguruko lurraldearekin bat etorrita.

1.2. Natura- eta kultura-ondarea zaindu eta hobetzea, eta paisaia babestea.

1.2.1. Natura-ondarea kontserbatzea eta hobetzea.

1.2.2. Kultura-ondare materiala, immateriala eta linguistikoa kontserbatzea eta hobetzea.

1.3. Azpiegitura berde eta urdinak hobetzea, eta haiek testuinguru naturalari lotzea.

2.–Hirigintza- eta populatze-eredua.

Hiri barreiadura saihestea eta gaur egun ditugun hiriak suspertzea.

2.1. Hiriaren trinkotasuna zein oreka eta oinarrizko zerbitzuen hornidura sustatzen dituen hiri eredua zedarritzea.

2.2. Funtzio-konplexutasuna eta askotariko erabilerak bermatzea.

2.3. Espazio publikoen kalitatea eta irisgarritasuna bermatzea.

2.4. Hiriko ingurumena hobetzea eta kutsadura murriztea.

2.5. Hiria berroneratzea sustatzea.

2.6. Eraikinen kalitatea eta jasangarritasuna hobetzea.

2.7. Zarata eta haren ondorioak prebenitu eta murriztea.

2.8. Hirigintza osasungarria sustatzea.

2.8.1. Ibiltzeko egokiak diren kaleak.

2.8.2. Natura hiri-eremuan sartzea.

2.8.3. Elkartzeko eta bizikidetzarako guneak.

3.–Klima-aldaketa.

Klima-aldaketaren inpaktuak prebenitu eta murriztea, eta erresilientzia hobetzea.

3.1. Ekintza klimatikoa Administraziotik (L1 PACES).

3.2. Energia-efizientzia eta energia berriztagarria (L2 PACES).

3.3. Mugikortasun jasangarria eta zero emisio (L3 PACES).

3.4. Klima-aldaketara egokitutako hirigintza (L4 PACES).

3.5. Hondakinen prebentzioa eta kudeaketa eta ekonomia zirkularraren sustapena (L5 PACES).

3.6. Natura ingurunea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektorea (L6 PACES).

3.7. Uraren kudeaketa integrala (L7 PACES).

3.8. Klima-aldaketarekin lotutako gaixotasunen eta osasun-ondorioen prebentzioa (L8 PACES).

4.–Baliabideen kudeaketa jasangarria eta ekonomia zirkularra.

Baliabideak modu jasangarrian kudeatzea eta ekonomia zirkularraren alde egitea.

4.1. Energiari dagokionez efizienteagoak izatea, eta energia aurreztea.

4.2. Uraren kontsumoa optimizatu eta murriztea.

4.3. Materialen zikloa sustatzea.

4.3. Hondakinak murriztea eta hondakinak birziklatzearen alde egitea.

5.–Mugikortasuna eta garraioa.

Hurbiltasunaren eta mugikortasun jasangarriaren alde egitea.

5.1. Hurbileko hiriaren alde egitea.

5.2. Garraiobide jasangarriei bultzada ematea.

5.3. Eskualdeko irtenbideak mugikortasunerako eta zerbitzuetarako.

6.–Gizarte-kohesioa eta aukera-berdintasuna.

Gizarte-kohesioa sustatzea eta ekitatea bilatzea.

6.1. Pobreziaren eta gizarte bazterketaren arriskua gutxitzea hiri-ingurune behartsuetan.

6.2. Aukera berdintasunean aurrera egitea generoaren, adinaren, jatorriaren eta gaitasunaren ikuspegitik.

6.3. Emakumeen eta nesken ahalduntzea bultzatzea arlo guztietan.

6.4. Despopulazioaren aurka egitea, baita landa-eremua hiri-eremuaren menpekotzat hartzearen aurka ere.

7.–Hiri-ekonomia.

Tokiko ekonomia bultzatu eta laguntzea.

7.1. Tokiko produktibitatea, enplegu sorkuntza eta jarduera ekonomikoen dinamizazioa eta dibertsifikazioa bilatzea.

7.2. Turismo jasangarri eta kalitatezkoa sustatzea, bai eta tokiko ekonomiarako giltzarriak diren sektoreak ere.

8.–Etxebizitza.

Etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea.

8.1. Etxebizitza parke bat egon dadila sustatzea, egokia eta arrazoizko prezioan.

8.2. Etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea, batez ere, kolektibo zaurgarrienei.

9.–Aro digitala.

Berrikuntza digitala bideratzea eta sustatzea.

9.1. Ezagutzaren gizartearen alde egitea eta hiri adimendunen (smart cities) garapenean aurrera egitea.

9.2. Administrazio elektronikoa sustatzea eta eten digitala murriztea.

9.3. Herritar guztiei eta lurralde guztian orokortzea zerbitzu digitaletarako eskubidea.

10.–Tresnak.

Esku hartzeko tresnak eta gobernantza hobetzea.

10.1. Arau eta plangintza esparru eguneratua, malgua eta sinplifikatua lortzea, kudeaketa ere hobetuko duena.

10.2. Emakumeen eta gizonen berdintasuna zeharka txertatzea esku hartzeko eta gobernantzarako tresna guztietan.

10.3. Herritarren parte-hartzea eta gardentasuna ziurtatzea eta maila anitzeko gobernantzaren alde egitea.

10.4. Tokiko gaikuntza sustatzea eta finantzaketa hobetzea.

10.5. Hiriari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazio kanpainak diseinatzea eta abian jartzea, bai eta ezagutza trukatu eta zabaltzea ere.

10.6. Eskualdea ezartzea eremu egoki gisa esku-hartzearen eta gobernantzaren garapen eta plangintzarako, batez ere landa eremuan.

10.7. Ekintza planaren tokiko mailari eustea, errazagoa izan dadin ulertzea, aplikatzea eta parte hartzea.

V. ERANSKINA.–BESTE LAGUNTZA BATZUEI BURUZKO ADIERAZPENA

Tokiko Hiri Agenda prestatzeko (A lerroa) eta proiektuak edo jarduerak gauzatzeko (B lerroa)

....................................................................................................................................... jauna/andreak, ................................. zenbakiko NANa eta ........................................................................................ helbidea dituenak, ................................................................................................................. entitatea ordezkatuz,

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortzeari buruz xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau ADIERAZTEN DUT:

–Diruz lagundutako ekintzari dagokionez:

Ez du jaso beste laguntzarik, izan Foru Komunitateko Administrazioak emana, beste administrazio publiko batzuek emana, beste entitate publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emana, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

Jaso ditu beste laguntza batzuk, izan Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste entitate publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek. Hain zuzen ere, hauek:

............................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................

.......................................................(e)n, ........(e)ko .............................aren .........(e)(a)n.

VI. ERANSKINA.–TOKIKO HIRI AGENDAKO TEP-AREN INBERTSIOETARAKO DIRULAGUNTZAK (B LERROA). PROIEKTUAREN EDO EKINTZAREN OINARRIZKO FITXA DESKRIBATZAILEA

Entitate eskatzailea

Zein agendari edo esparru-dokumenturi atxikitzen zaion

Proiektuaren edo ekintzaren izena

Proiektuaren edo ekintzaren deskribapena

Zenbatetsitako kostua (BEZa barne)

Tokiko Hiri Agendaren zein helbururi laguntzen dion (IV. eranskineko zerrendaren arabera)

Tokia, data, sinadura eta entitatearen zigilua

VII. ERANSKINA.–TOKIKO HIRI AGENDAKO TEP-AREN PROIEKTUAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK EGIAZTATZEKO FITXA (B LERROA)

Puntuazioa merezi duten atalen eskuineko laukia bete. Justifikatzeko azalpen labur bat (gehienez 30 hitz).

PROIEKTUAREN IZENBURUA:

ATALAK

AZALPENA

1. Lurralde- eta paisaia-ingurunean integratzen da

2. Natura-, kultura- edo paisaia-ondarea hobetzen ditu

3. Azpiegitura berde edo urdinak hobetzen ditu

4. Hiri-berroneratzea bultzatu eta eremu narriatuak hobetzean ditu

5. Hiriko trinkotasuna eta oreka sustatzen ditu

6. Konplexutasun funtzionala eta erabilera aniztasuna bultzatzen ditu

7. Hiri-ingurunearen segurtasuna hobetzen du

8. Zarata eta haren ondorioak murriztu eta/edo prebenitzen ditu

9. Eremu publikoen kalitatea eta irisgarritasuna hobetzen ditu

10. Klima-aldaketara hobeki egokitzea eta horren aurrean erresilienteagoa izatea eragiten du

11. Berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten ditu

12. Energia-efizientzia eta energia aurreztea bultzatzen ditu

13. Ur-kontsumoa optimizatu eta/edo murrizten du

14. Hondakinak murriztu eta/edo birziklatzea bultzatzen du

15. Hurbileko hiria sustatzen du

16. Garraiobide jasangarriak sustatzen ditu

17. Natura txertatzen du hiri-eremuan eta ibiltzeko egokiak diren kaleetan

18. Aukera-berdintasuna bultzatzen du generoaren, adinaren eta desgaitasunaren ikuspegitik

19. Gizarte-kohesioa eta elkartzeko eta bizikidetzarako guneak sustatzen ditu

20. Zahartze aktiboaren aldeko ekintzak eta bizimodu osasungarriak sustatzen ditu

21. Inplikazioa eta onura, despopulazio-arriskuari dagokionez

22. Tokiko produktibitatea bultzatu eta enplegua sortzen du

23. Turismo adimendun eta kalitatezkoa sustatzen du

24. Ezagutzaren gizartearen eta hiri adimendunen garapenaren alde egiten du

25. Berrikuntza digitala sustatu eta arrakala digitala murrizten du

26. Konponbide teknikoaren ikuspegiaren berrikuntza eta originaltasuna

27. Inpaktua eta eraldatzeko gaitasuna

28. Tokiko ondare immateriala sustatzen du

29. Entitate publiko eta pribatuen inplikazioa, eta erabakiak hartzeko orduan dagoen parte-hartze komunitarioa

30. Lankidetza-sareetako kide izatea

VIII. ERANSKINA.–TOKIKO HIRI AGENDAKO TEP-AREN EKINTZETARAKO DIRULAGUNTZAK (B LERROA). ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

Izen-deiturak: .........................................................................................................................................

NANa/IFZ: ...............................................

Kargua: ...............................................................................................................................................

Honako hau ordezkatuz: .......................................................................................................................

Erantzukizuna neure gain hartuta, honako hau ADIERAZTEN DUT:

a) Ordezkatzen dudan toki-entitateak betetzen dituela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan entitate onuradun edo entitate laguntzaile izateko ezarritako baldintzak.

b) Diruz laguntzen ahal diren jarduketak Tokiko Hiri Agendaren barneko Tokiko Ekintza Planaren edo toki-entitateko organo eskudunaren erabaki baten bidez onartutako esparru-dokumentuaren parte direla. Jarduerok dagoeneko hasita egon behar dira edo 2025ean hasi beharko dira.

Tokia, data, sinadura eta entitatearen zigilua

IX. ERANSKINA.–AURRERAKINAREN ESKAERA

Izen-deiturak: .........................................................................................................................................

NANa/IFZ: ...............................................

Kargua: ...............................................................................................................................................

Honako hau ordezkatuz: .......................................................................................................................

Tokiko Hiri Agenda prestatzeko edo Tokiko Agendak eta "hirigintza-arloko ekintza berritzaileen" aurretiazko deialdietan egindako esparru-dokumentuak garatzeko proiektu edo ekintzak gauzatzeko udalerrientzako 2025eko dirulaguntzen deialdiaren onuradun gisa,

–Emandako zenbatekoaren %100eko aurrerakina eskatzen dut.

–Funts-horniduren beharra justifikatzen duen txostena erantsi dut.

Tokia, data, lehendakariaren sinadura eta entitatearen zigilua

Iragarkiaren kodea: F2509682