1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
329E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita zentral termiko baten eta hari loturiko bero sarearen ingurumen baimen bateratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokiena. Instalazioa Iruñeko udal mugartean dago eta haren titularra Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.
Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 1.1 taldean.
2025eko maiatzaren 20an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, atmosferara isurtzen duen foku bat (biomasa galdarari loturikoa) kontrolatzeko maiztasuna.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuak IV. eranskinean ezartzen duenez, errekuntza-instalazio ertainen titularrek, potentzia termiko izendatua 1 MW baino handiagoa eta 20 MW edo txikiagoa badute, gutxienez 3 urtean behin egin behar dituzte kanpo kontrolak (errege dekretu hori errekuntza-instalazio ertainetatik atmosferara egiten diren zenbait agente kutsatzaileren emisioak mugatzeari buruzkoa da, eta haren bidez Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskina eguneratu zen).
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea zentral termiko baten eta hari loturiko bero sarearen ingurumen baimen bateratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokiena. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Iruñeko udal mugartean dago eta haren titularra Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAri eta Iruñeko Udalari.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2511111