1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
114E/2025 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroan gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko bosgarren edizioaren deialdia eta horren oinarri arautzaileak onesten dituena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko identifikazioa: 840056.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak adierazten duenez, "gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak aitortzen ahalko du, publikoki, pertsonek, taldeek, erakundeek edo instituzioek, publikoek zein pribatuek, egindako lanaren eredugarritasuna, baldin eta lan horrek gazteen parte-hartzea, autonomia eta bizi kalitatea bultzatzen baditu. Gazteriaren arloko sari eta golardoak emanen dira horretarako". Halaber, gazteen ikerketak sustatzeko eta sostengu aktiboa emateko hainbat helburu ezartzen ditu.
Gazteriaren eta herritar talde horren inguruko errealitateen gaineko azterketak eta ikerketak sustatzen laguntzeko asmoz, planteatu da 2025ean unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenentzako sarien bosgarren ediziorako dei egitea, Gradu Amaierako Lana (GAL) eta Master Amaierako Lana (MAL) kategorietan, haien edukietan jasotzen badira gazteriaren inguruko gaiak, Giza eta Gizarte Zientzien ezagutza-arloan.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko bosgarren edizioaren deialdia onestea, Gradu Amaierako Lana (GAL) eta Master Amaierako Lana (MAL) kategorietan.
2. Sarien oinarri arautzaileak eta eskabide-orria onestea, ebazpen honen I. eta II. eranskinean azaltzen direnak.
3. Guztira 4.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2025erako Aurrekontu Orokorretako "Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak" izeneko 340002-34100-4809-232106 [PEP: E-23-000638-01] partida ekonomikoaren kargura.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.
5. Ebazpen honen eta haren eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, guztiak ere Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentukoak, eta orobat, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura.
Iruñean, 2025eko ekainaren 11n.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Burgaleta Encina.
I. ERANSKINA.–NAFARROAN GAZTERIAREN ARLOAN UNIBERTSITATEKO IKASKETEN AMAIERAKO LANIK ONENENTZAKO SARIAK.
OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea.
Oinarri hauen xedea da araubide juridikoa eta arauak ezartzea, Nafarroan gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko bosgarren edizioaren deialdirako.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.
2.–Hartzaileak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izanen dute 30 urte edo gutxiago dituzten gazte guztiek, baldin eta Nafarroan bizi badira, Europako Gazte Txartelaren Nafarroako titularrak badira eta unibertsitate ikasketen amaierako lana egin badute: Gradu Amaierako Lana (GAL) edo Master Amaierako Lana (MAL) gazteriaren arloan, Nafarroan aplikatzekoa, Giza eta Gizarte Zientzien ezagutza-arloan.
3.–Betebeharrak.
Betebehar hauek konplitu behar dituzte aurkezten diren lanek:
–Nafarroan erroldatutako ikasleek eginak izan behar dira, kontuan hartu gabe zer unibertsitatetan egin diren ikasketak.
–GAL edo MAL bati eskatutako baldintza guztiak bete behar dituzte, eta fakultatean edo zentroan dagokien ebaluazioa gainditua izan.
–8,00 puntukoa edo handiagoa izan behar da lanaren ebaluazioan lortutako puntuazioa.
–Unibertsitateko ikasketen amaierako lana 2024-2025 ikasturtean aurkeztu eta defendatutakoa izan behar da.
–Lan bera aurkeztu ez izana Nafarroako Gazteriaren Institutuaren GAL eta MAL sarien deialdiaren aurreko edizioetan.
–Lanak Nafarroako Foru Komunitateko berezko hizkuntzetako batean idatzita egonen dira, eta baztertu eginen dira beste sariketa batzuetan saria jaso dutenak.
–Lanak banakakoak izanen dira (ez taldean egin edo sinatuak), baita jatorrizkoak ere (beste GAL edo MAL batzuen kopia diren lanak automatikoki baztertuko dira).
4.–Gaia.
Behar den fidagarritasun akademikoarekin, lanen gai nagusiak berariaz herritar gazteen taldean (14-30 urte) zentratuak behar dute izan, eta ezagutza aipagarriak ekarri beharko dituzte gazteriari buruz, Giza eta Gizarte Zientzien ezagutza-arloan, hainbat diziplinatan, besteak beste, soziologian, hezkuntzan, psikologian, ekonomian, zuzenbidean, gizarte lanean, komunikazioan...
Ikerketa aberatsa izan dadin, deialdi ireki bat planteatzen da; hau da, gaiak askotarikoak izan daitezke, eta lotura izan behar dute Nafarroako Gazteriaren Estrategian (2025-2028) https://www.juventudnavarra.es/eu/gazteriaren-foru-estrategia-2025-2028 edo Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotako esparruetako batekin https://ods-agenda2030.navarra.es/pages/ens-indicadores.
5.–Eskabidea: lekua, epea eta dokumentazioa.
Interesdunek hemen aurkez dezakete inskripzio-eskabidea, II. eranskineko eskabide-inprimakiaren araberakoa: Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren erregistroko edozein bulegotan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da:
–NANaren edo IFZren kopia.
–Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria.
–Unibertsitateko ikasketen amaierako lana egina izatea frogatzen duen titulazioa, oinarri hauen 2. puntuan zehazten den bezala.
–Lortutako kalifikazioa 8,00 edo handiagoa dela frogatzen duen agiria.
–Unibertsitateari aurkeztutako unibertsitate-ikasketen amaierako lanaren kopia.
–Bideo bat, 2 eta 3 minutu artekoa, non izangaiak azalduko baititu gradu edo master amaierako lanaren gaia eta justifikazioa, lana egiteko prozesua eta lanaren ondorioak.
–Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera, banku entitateak behar bezala betea eta zigilatua.
Dokumentu hori ez da beharrezkoa ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve sinadura dutenentzat. Kasu horretan, alta ematen ahal zaio sariaren transferentzia eginen den kontuari, eta horretarako jarraibideak esteka honetan daude: https://hacienda.navarra.es/ConsultaCuentasPagos/#/gestion-cuentas.
Ez dute programan parte hartzen ahalko dokumentazioa osorik aurkeztu ez dutenek, oinarrietan adierazi bezala. Aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko, hamar egun balioduneko epea emanen da, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6.–Epaimahaia eta balorazio irizpideak.
NGIko profesionalen epaimahai batek erabakiko du saria nori eman. Honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Ana Redín Pascual, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.
–Ordezkoa: Lucía Andía García de Olalla, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.
–Epaimahaiburuordea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko soziologo bat.
–Ordezkoa: Manolo Goñi Gamarra, gazteriaren arloko goi mailako teknikaria.
–Epaimahaiko kidea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko erdi mailako tituludun bat.
–Ordezkoa: Mónica Domínguez Catena, Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoko burua.
–Idazkaria: Arantxa Lalinde Zabala, Nafarroako Gazteriaren Institutuko administraria, hitzarekin baina botorik gabe.
–Ordezkoa: Elena Latorre Requetibate, Nafarroako Gazteriaren Institutuko administraria.
Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, identifikatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.
Epaimahaiak jasotzen ahal du Nafarroan kokatutako unibertsitateen aholkularitza eta laguntza (NUP, UNAV eta UHUN).
Epaimahaiak deliberazioen akta eginen du, gehiengoz hartuko ditu erabakiak eta proiektuak hautatuko ditu. Halaber, sariak nori eman proposatu eta justifikatu beharko du, honako irizpide hauen arabera:
1. Kalitate teknikoa eta zorroztasun kontzeptuala eta metodologikoa:
a) Oinarriak eta kokapena (errealitatearen azterketa, jarduera-eremua, kontsultatutako iturriak): 15 puntu, gehienez.
b) Koherentzia planteamenduan: 10 puntu, gehienez.
c) Erabilitako metodologia (praktikaren garapena eta erabilitako baliabideak): 15 puntu, gehienez.
d) Formulazioaren argitasuna: 5 puntu, gehienez.
e) Proiektua egiteko adierazitako motibazioa: 5 puntu, gehienez.
Lehen atal honetan, guztira: 50 puntu gehienez.
2. Aztergaiaren garrantzia (aztertutako gaiak gazteen bizitzan izan ditzakeen emaitzak/onurak): 15 puntu, gehienez.
3. Proiektuaren helburuak zehaztea eta horiek modu arrazoituan lotzea Nafarroako Gazteriaren Estrategian (2025-2028) eta Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotako edozein arlorekin: 5 puntu, gehienez.
4. Proiektuaren bideragarritasuna: 10 puntu, gehienez.
5. Bideoko azalpenaren argitasuna eta originaltasuna: 10 puntu, gehienez.
6. Ondorioak eta gomendioak: zehatzak, egokiak eta berritzaileak aztertutako kasuaren testuingururako: 10 puntu, gehienez.
Aurkeztutako lan bakoitzak gehienez 100 puntu lortzen ahal ditu, eta onartua izateko gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu. Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak puntuaziorik altuena lortzen duten lanak aukeratuko ditu: bi onenak (GALaren lehenengo saria eta MALaren lehenengo saria), eta bi bigarrenak (GALaren akzesita eta MALaren akzesita); eta saria eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren lanen kalitatea eta gaiak ez bazaizkie lotzen lehiaketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei.
Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da, eta saria emateko justifikazioa izanen da haren akta.
7.–Sariak.
Lan kategoria bakoitzean (GAL eta MAL) egindako lanik onena eta akzesit bat aitortuko dituzte sariek, banaketa eta zenbateko hauekin:
–GALaren lehen saria: 1.500 euro.
–GAL akzesita: 500 euro.
–MALaren lehen saria: 1.500 euro.
–MAL akzesita: 500 euro.
8.–Ebazpena.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira sariak. Sarien esleipena Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web orrian (www.juventudnavarra.es/eu) eta sare sozialetan argitaratuko da.
9.–Jabetza intelektuala.
Egileek aurkezten duten lan bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabaldu daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren.
10.–Datuen babesa.
Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:
Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.
Xedea: NGIri dagozkion laguntza eta dirulaguntzen esleipena, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko prozesuak.
Legitimazioa: ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
Hartzaileak: ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.
Eskubideak: datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.
Eskubide horiek baliatzeko helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea.
Informazio gehigarria: informazio gehigarria web-orrian kontsultatzen ahal duzu: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/sites/default/files/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es-1.pdf.
11.–Antolatzailearen erantzukizuna.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena du oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez sortzen diren gorabeheren gainean ebaztezko.
Orobat, ez du inola ere erantzukizunik izanen parte-hartzaileek plagioa edo jabetza intelektualaren alorrean indarra duen legeriaren urraketak eginez gero.
12.–Harremanetarako datuak.
Nafarroako Gazteriaren Institutua.
Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña.
848 423900 848427884.
juventud@navarra.es.
www.juventudnavarra.es/eu.
Iragarkiaren kodea: F2508627