173. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

86E/2025 FORU AGINDUA, abuztuaren 8koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren martxoaren 5eko 37E/2025 Foru Agindua, zeinaren bidez Nafarroako toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat onesten baita, tresna digitalak ezar ditzaten osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2025erako. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 0000818893.

Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak martxoaren 5ean emandako 37E/2025 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat onetsi zen, tresna digitalak ezar zitezen osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2025erako.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 27ko 239E/2025 Ebazpenaren bidez, deialdia ebatzi zen, eta laguntza ekonomikoa esleitu zitzaien 11 toki entitateri, guztira.

37E/2025 Foru Aginduaren I. eranskineko 12. oinarrian, justifikaziorako epeak ezartzen dira, honako hau azaldurik: "12. Justifikazio agiriak. 1. Justifikazio agiriak aurkezteko azken eguna 2025eko urriaren 3a izanen da (egun hori barne)".

Kirol Kontseilu Gorenaren Lehendakaritzaren 2022ko uztailaren 4ko ebazpen baten bidez, Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko maiatzaren 9ko erabaki bat argitaratu zen, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren lurralde banaketari eta banaketa irizpideei buruzkoa. Erabaki horretan honako hau ezartzen da: "Kreditu hauen kargura gauzatu asmo diren jarduerek bukaturik egon beharko dute 2023ko abenduaren 31 baino lehen". Hala ere, epe hori 2025eko hirugarren hiruhilekora arte luzatu zen, Kirol Kontseilu Gorenaren Lehendakaritzaren 2024ko otsailaren 15eko ebazpen bati jarraikiz, zeinaren bidez argitaratu baitzen Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2023ko abenduaren 26ko erabaki bat.

Bete beharrez SEMerako kudeaketa eta kontrol mekanismoek ezarritako epeak, hilabete bat aurreratu behar da justifikaziorako epea, hots, 2025eko urriaren 3tik 2025eko irailaren 3ra.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Foru agindu bat onestea honako foru agindu hau aldatzeko: 37E/2025 Foru Agindua, martxoaren 5ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat onesten baita, tresna digitalak ezar ditzaten osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2025erako.

2. Aldatzea martxoaren 5eko 37E/2025 Foru Aginduaren I. eranskineko 12.1 oinarria, honela idatzita geldituko baita: "12. Justifikazio agiriak. 1. Justifikazio agiriak aurkezteko azken eguna 2025eko irailaren 3a izanen da (egun hori barne). Honako agiri hauek dira (...)".

3. Aldatzea martxoaren 5eko 37E/2025 Foru Aginduaren 4.2.c) oinarria, honela idatzita geldituko baita: "Gastu diruz lagungarriak izanen dira 2025eko urtarrilaren 1etik irailaren 3ra Internet horniduraren kostuari dagozkionak".

4. Aldatzea martxoaren 5eko 37E/2025 Foru Aginduaren 4.5 oinarria, honela idatzita geldituko baita: "Diruz lagungarriak izanen dira 4.2 puntuan adierazitako gastu guztiak, 2024ko urriaren 4tik 2025eko irailaren 3ra bitartean eginak badira".

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dena dela, foru agindu honek ondorioak izanen ditu toki entitate interesdunei jakinarazten zaienetik.

6. Foru agindu hau jakinaraztea aldaketa honek ukitzen dituen toki entitateei.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 8an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2511251