Iragarkia
166. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
697E/2025 EBAZPENA, uztailaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita La Pedreratik abiatzen den uraren goi-hornidura egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena (3. fasea). Proiektu hori Mairaga Mankomunitateak sustatu du Azkoien, Funes, Alesbes, Cadreita, Milagro eta Zarrakaztelu udalerrietan.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2025eko martxoaren 25ean, ingurumen-inpaktuaren txosten honen goiburuan aipatutako proiektua aurkeztu dio Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketako Zerbitzuari.
Proiektuaren ezaugarriak direla eta, proiektua Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 8. taldeko f) letran sartzen da: "Ura distantzia handitara eramateko instalazioak, 10 km-tik gorako luzera dutenak eta lurzoru ez-hiritarrean daudenak (I. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak)". Beraz, bertan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar da.
La Pedrera EUTEtik abiatzen den uraren goi-horniduraren eroanbidearen hirugarren fasea egitea proiektatu da. Fase horretan, guztira 19.594 metro luze den kanalizazio berri bat instalatuko da, eta adar nagusia Azkoienetik Alesbesera joanen da. Adar horretatik lau deribazio ateratzen dira, ura Funes, Alesbes, Cadreita eta Milagrora herrietara hornitzeko.
Proiektuak, halaber, Zarrakaztelu-Murillo el Fruto lotunean presiozko ponpaketa bat integratzea ere barne hartzen du. Horretarako, Zarrakaztelu-Mélida erdi-tentsioko lineatik airetiko hargune elektriko bat behar da, 300 m luzekoa.
Ontinarko ponpaketatik abiatzen da eroanbidea, Funesko udalerrian; izan ere, Azkoiengo lotunetik Ontinarko ponpaketarainoko tartean lehendik ere eroanbidea dago, eta, beraz, ez da jarduketarik eginen bertan. Hala ere, Funeserako deribazioaren hasiera Azkoiengo lotune horretan dago.
Txosten honen I. eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, ortoargazkiaren gaineko planoekin, eta II. eranskinean, berriz, ingurumen-agiriaren alderdirik aipagarrienak.
–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa:
Aurkeztutako ingurumen-agiria bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, 2023ko abenduaren 5ean, kontsultak egin zitzaizkien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Arrantza Kudeaketarako Atalari eta hainbat talde ekologistari kontsulta egin zaie.
Kontsultak jasotzeko epea akituta, ez da erantzunik jaso.
Behin ingurumen-ebaluazioa hasita zegoela, eta dokumentazioa berrikusi ondotik, 2025eko maiatzaren 22an, Ingurumen Ebaluazioko Atalak sustatzaileari ordezko irtenbide batzuk eskatu zizkion, Aragoi eta Arga beheko tarteetako KBEari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Sustatzaileak, 2025eko ekainaren 18an, dokumentazio osagarria bidali zuen eta azkenean hartutako konponbidea justifikatu zuen.
–Ingurumen-ebaluazioa. Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:
Kanalizazioa, nagusiki, nekazaritzako bideen alboetan proiektatzen da, Arga eta Aragoi ibaien ezkerreko ertzetan, ureztatze-lurrak dauden ingurune batean. Trazadurak hiru zatitan du eragiten dio Aragoi eta Arga beheko tarteen kontserbazio bereziko eremuari (KBE), gutxi gorabehera 2.600 metrotan. KBEa martxoaren 8ko 14/2017 Foru Dekretuaren bidez izendatu zen, eta kontserbazio bereziko eremua eta zenbait naturagune kudeatzeko planak onartzen ditu. Natura 2000 Sarearen eremu honi eraginen dion alderdi nagusia Aragoi ibaian aire zabaleko bi gurutzatze egitetik etorriko da: lehenengoa, Funes eta Alesbes udalerrien artean; bestea, Milagroko herritik ibaian gora eginda.
Adarren edo deribazioen trazaduraren zenbait puntutan, bideen ertzetan hazten diren tamaina oneko zuhaitzei eragiten ahal zaie, makalei batez ere. Ureztatze-ubideen ondoko lezkadiei eta intereseko formazio higrofiloei ere eragiten ahal zaie. Bestalde, jarduketa-eremuak fauna katalogatuaren (bisoi europarra eta igaraba) biziraupenerako egokiak diren habitatak izanik, ingurumen-inpaktuaren txosten honek baldintza hau ezartzen du: landaredi naturalari eragiten dioten proiektuko tarteetako batzuk aldatzea, trazadura ahalik eta gehien doitzeko bideetara.
Funeserako deribazioaren kasuan –bide bati jarraitzen dio, eta bide horrek muga egiten du Aragoi eta Arga beheko tarteen KBEarekin eta 30. Sotos de Gil eta Honda adarra natura-erreserbarekin, eta horietan sartu ere sartzen da zertxobait–, Arga ibaira isurtzen duten bi hustubide proiektatzen dira, eta, horiek egikaritzeko, neurri egokiak hartu beharko dira, landarediari ahalik eta kalte gutxien eragiteko hautatutako isurguneetan.
Alesbesko adarrean, eroanbidea Aragoi eta Arga beheko tarteak KBEan barneratzen da, Los Ramales inguruko bide bati jarraikiz, eta, Aragoi ibaiaren meandro handi baten inguruan, ibaiertzean barneratzen da, ia landaretzarik ez duen puntu batean. Bertan, ordea, Batasunaren intereseko habitatak identifikatzen dira, legarrezko hondartzetako landaredia eta komunitate urtarrak (92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskineko habitatak, batik bat, 3270, terofito higronitrofiloen belardi mediterraneoak, eta 3280, aski urtarren idoiak, eta, neurri txikiagoan, 92A0 Bardeetako makaldiak).
Kontrako ertzean, ibaiertza harri-lubeta batekin egonkortuta dago, eta horrek naturaltasuna eta ingurumen-balioa kentzen dizkio. Hodiak aire zabalean zeharkatu beharko du ibaiaren ibilgua, ertz bakoitzean ur-hesiak eraikitzeko teknikaren bidez. Adar horretan bertan, hodiak trenbidea lurpetik zeharkatzen duen lekuaren aurretik, Alesbesen mendebaldean, trazaduraren ondoan, tamaina handiko zumar ilara bat dago. Cadreitarako deribazioan, trazadura 4.300 metro ingurutan aldatu beharko da, eta zuhaixkak eta zuhaitzak dituen erretenaren gainean proiektatuko da, Barbalgo bidearen hegoaldean. Bide hori Alesbesko hego-ekialdean hasten da, eta AP-15aren inguruetaraino iristen da. Horrela, erreten horretako ingurumen-balioak mantenduko dira.
Gainera, ingurumen-inpaktu txikieneko alternatiba bilatu beharko da, trazadura Moranteko etxolatik gertu dagoen baltsaren ekialdetik joan dadin, baltsa horretara urak isurtzen dituen errekastoaren gaineko eta horren hego-mendebaldeko landaketen gaineko eragina saihesteko.
Milagrorako deribazioa, berriz ere Aragoiko eta Argako behealdeko tarteak KBEan barneratzen da, 860 m-ko luzeran, eta, kasu honetan, Aragoi ibaia aire zabalean gurutzatzen du, Milagrora sartzeko zubitik 500 m ibaian gora. Obra egiteko, ur-hesiak eraiki behar dira; kasu honetan, gutxienez 17 m-ko zabalera izan beharko dute oinarrian, eta 5 m-ko zabalera gailurrean. Aipatutako gurutzatzean, ibilguari, legar-barra bati eta ibaiaren ubide natural bati eragiten zaie eskuinaldean, eta zangak 130 m inguruko luzera du.
Bigarren gurutzatze horri dagokion tarteak, proiektatzen den moduan, 92/43 Zuzentarauaren I. eranskineko habitat hauei eragiten die: ezkerreko ertzean, % 90eko estaldurarekin, 92A0 Bardeetako makaldia; legarrezko barran, 3260 habitata, elodeido komunitate azpimediterraneoak, eta 3270 habitata, terofito higronitrofiloen belardi mediterraneoak, bai eta aurretiaz aipatutako 92A0 habitata ere, 13 metroan. Eskuineko ertzean, aldiz, Bardeetako makaldien habitatari eraginen dio, baina neurri txikiagoan, ibaia estutu egiten baita tarte horretan, ibai-defentsako harri-lubeta baten eta Milagro herria kokatuta dagoen muinoaren ezponda naturalaren artetik igaro behar baitu.
Martxoaren 8ko 14/2017 Foru Dekretuak, "Aragoi eta Arga beheko tarteak" izeneko Batasuneko garrantzizko lekua kontserbazio bereziko eremu izendatzen duenak, kontserbazio bereziko eremuaren eta hainbat lekune naturalen kudeaketa plana onartzen du, zeinak, azken helburuen artean, hauek ezartzen baititu: ibai-habitaten kontserbazio-egoera hobetzea, arrain eta kuskubiko autoktonoen kontserbazioa bermatzea, bai eta apoarmatu istilzalearen presentzia ere.
Foru dekretu honen araudiak, 3. puntuan, adierazten du espazio horri lotuta ematen diren baimen guztietan bermatu beharko dela Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta ez direla ukitzen Batasunaren intereseko animalia eta landare espezieak, ez haien habitatak, ez eta kontserbazio bereziko eremua kontserbatzeko garrantzi handia duten paisaiako elementuak ere. Arau horren 5. puntuan, gainera, adierazten da ematen den baimen orok bermatuko duela Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa betetzen dela.
Berariazko araudian xedatutakoari dagokionez, ibaietako habitatak eta lekuan diren Batasunaren intereseko eta lehentasunezko habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan (1.7 puntua), haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.
Azkenik, arauak ezartzen dituen kudeaketa-gidalerroek edo -jarraibideek nahitaez barne hartu behar dute, KBE honi eragiten dioten proiektuak egikaritzean, landaredi naturaleko zerrenda bat, zabalera aldakorrekoa, leheneratzeari lehentasuna eman behar diola, tartean tarteko uholde-lautadaren ezaugarrien arabera (15 m, ertz malkartsuetan; 25 m, uholde-lautada zabaleko eremuetan).
–Ondorioa:
Kontuan hartuta proiektuaren xedea interes publikokoa dela (biztanleak urez hornitzea), ez dagoenez ordezko konponbiderik eta ez dionez KBEaren osotasunari eragiten, ez litzateke urratuko martxoaren 8ko 14/2017 Foru Dekretua, "Aragoi eta Arga beheko tarteak" izeneko Batasuneko garrantzizko lekua kontserbazio bereziko eremu izendatzen duena eta kontserbazio bereziko eremuaren eta hainbat lekune naturalen kudeaketa plana onartzen duena, betiere ingurumen-inpaktuaren txosten honetako baldintzak betetzen badira, zeinak eragindako habitatak ahalik eta egoera ekologiko onenean mantentzeko kontserbazio- eta leheneratze-neurriak ezartzen baititu, eta, hala, Natura 2000 Sarearen koherentzia bermatzen baita.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua egikaritzeak, ustiatzeak eta bertan behera uzteak ekar dezakeen ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketako Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, uste du, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta, 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideen arabera, zehazten duela proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez eta Aragoi eta Arga beheko tarteen KBEan ere, baldin eta proiektuari atxikitako ingurumen-dokumentuan jasotako baldintzak betetzen badira, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan proposatzen direnez gain.
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Mairaga Mankomunitateak Azkoien, Funes, Alesbes, Cadreita, Milagro eta Zarrakaztelu udalerrietan sustatutako La Pedreratik abiatzen den uraren goi-horniduraren proiektuak (3. fasea) ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar, hala badagokio, baldintza hauek betetzeko beharra:
1.–Baldintza orokorrak:
–Obrak, Aragoi eta Arga beheko tarteen KBEari eragiten dioten tarteetan behintzat, ingurumen-gaietan kualifikatutako langileen laguntza izan beharko du. Hilero, obren ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat bidaliko zaio Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketako Zerbitzuari. Txosten horretan, obren aurrerapen maila eta ingurumenean izandako ondorioak adieraziko dira. Obrak azkentzean, obra hondarreko txosten bat emanen da. Txosten horretan, obrak egikaritzean okupatutako lurren leheneratze-lanak eta azken egoera idatziz eta grafikoki deskribatuko dira.
–Lanak hasi aurretik, argi eta garbi mugatuko da proiektatutako eroanbideen harguneen trazadura, bai eta materialak pilatzeko eremuak, makineria-parkeak eta obrako instalazio osagarriak ere.
–Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lan eremuko eta ertzetako sastrakak kenduko dira; ahal dela, adarrak inausi eginen dira, zuhaitzak bota beharrean. Adarrak modu garbian ebakiko dira, urratu gabe.
–Bisoi europarrari kalterik ez egiteko, tarte guztietako obrak irailaren 1etik martxoaren 30era bitartean eginen dira, hau da, espezie horren ugaltze aldi kritikotik kanpo. Salbuespen gisa, eta faunan eskumena duen teknikariak prestatutako justifikazio txostena aurkeztu ondotik, lanak egiten ahalko dira, inguruan belar sastrakak garbitzen badira apirilaren 1a baino lehen. Obrak ez badira berehala hasten, belar sastrakak garbitu beharko dira aldian-aldian, landare estaldura ez dadin hazi obrak hasi arte. Belar sastrakak ez badira garbitu apirilaren 1a baino lehen, espezie babestuetan eskumena duen unitatearen berariazko baimena beharko da. Kasu horretan, belar sastrakak eskuz garbitzea bakarrik izanen da bideragarria. Landare estalkia kendu eta 48 ordura hasten ahalko dira lanak.
–Dagokion baimena eskatuko zaio Basoen eta Ehizaren Kudeaketa Zerbitzuari, eta inguruko Basozainak – Ingurumena Zaintzeko Taldeari jakinaraziko zaio, bota beharreko zuhaitzak markatzeko.
–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edo ureztatze-ubideetan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioa edo hormigoia. Ibilguan hormigoi freskoa botatzeak berehala akabatzen du arrain-fauna.
–Zangaren ibilbidean zehar, tarteka, arrapalak jarriko dira, bertara istripuz erortzen den fauna askatzeko. Zanga estali aurretik, berrikusiko da, eta, hala badagokio, barruan dagoen fauna askatuko da.
–Egin beharreko obrak bukatu ondotik ukitutako eremuak leheneratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza bat kendu (30 cm gutxienez) eta aparte pilatuko da, hondeaketa lanen gainerako materialetatik bereiz, irekitzen diren zangen gainazala estaltzeko eta obrek ukitutako eremuak leheneratzeko lanetan erabili ahal izateko, obrak bukatzen direnean. Landare lur hori zoruan zabaldu eta profilatuko da inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia lortu arte. Leheneratze lanen barnean sartzen da makinak igarotzean zanpatutako lurrak harrotzea.
–Eragindako ureztatze-ubide guztiak leheneratuko dira, eta alboetan kaltetutako landaredia leheneratuko da.
–Aragoi eta Arga beheko tarteak KBEaren barruko ibaietako habitatak leheneratzeko proiektuetan, ahaleginak eginen dira ondotik mantentze-lanak egiteko, makalak edo flora exotikoko beste espezie batzuk berriz erne ez daitezen. Lan hori landaredia ezarri eta hurrengo 3 urteetan eginen da, gutxienez.
–Obran bertan berrerabiltzen ez diren hondeaketako soberako harriak eta lurrak bertatik kenduko dira, eta baimendutako hondakinen kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruz indarrean den araudiarekin.
–Obrak hasi aurretik, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena eduki beharko da, administrazio-baimena lortu baino lehen. Obrek dirauten bitartean aztarna arkeologikoren bat agertuz gero, aurkikuntza berehala jakinaraziko zaio zerbitzu horretako Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, bat etorriz Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan ezarritakoarekin.
–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitateko Ingurumena Zaintzeko Atalari (telefonoa: 609 90 70 84; helbide elektronikoa: gmatafalla@navarra.es) eta Tuterakoari (telefonoa: 609 90 49 57; helbide elektronikoa: gmatudela@navarra.es) abisua eman beharko zaie, lanen zuinketan presente egoteko eta, hala, eremuko elementu naturalei ahalik eta gutxien eragiteko.
2.–Berariazko neurriak, tarteen arabera:
- Funesko deribazioa:
–Azkoienetik Funeserako deribaziorako eroanbidea lehendik dagoen bidearen erdialde parean ezarri beharko da, eta ertzetako landaredi naturalari kalterik ez egiteko eta babesteko behar diren neurriak hartuko dira. Arreta berezia jarriko da bidearen ondoko habitaten kontserbazioan, hots, 30. Sotos Gil eta Hondo adarra natura-erreserban dauden 92D0 Milazkadi ez-halofiloak habitatean, edo ur gezetako kanaberadi eta lezkadienean, baita 92A0 Bardeetako makaldiaren habitatean ere, jarduketa-eremu osoan zehar.
–Aragoi eta Arga beheko tarteak KBEari eragiten diote proiektuan jasotako bi hustubide-tartek, batik bat azken ibai horren ertzean; beraz, kale bakar ahalik eta estuenean gauzatu beharko dira, tamaina handiko zuhaitzei erasatea saihesturik.
- Alesbesko adarra:
–Funesko 2. poligonoko 1517. lurzatiaren muga zeharkatzen duen hoditeria-tartea lehendik dagoen bidearen erditik bideratu beharko da, edo, bestela, lan kalearen okupazio azalera behar den gutxienekoa izanen da, bidearen mendebaldean dagoen zuhaiztiari ez eragiteko. Eremu horretan tamaina handiko makalak (Populus alba) eta zuhaitz-sahatsak (Salix alba) daude.
–KBEaren barruan ibaia gurutzatzeko lekua baino lehenago dagoen kanalizazio-tartea, X: 601752 eta Y: 4682942 eta X: 601990 eta Y: 4682662 UTM ETRS89 koordenatu-puntuen artean dagoena, egokitu egin beharko da lehendik dagoen bidera, batetik, ibaiertzeko basoari ez eragiteko (92A0 intereseko habitata, Bardeetako makaldia), bidearen alda banatan dauden makalez osatua, eta, bestetik, hegoaldean elordiz inguratutako makal eta sahats ale barreiatuei eragin gabe.
–KBEaren barruan Aragoi ibaia gurutzatzeko lekua baino lehenagoko ibaiaren eskuineko ertzaren trazadura aldatu beharko da, trazadura UTM X:601990 eta Y:4682662 koordenatu-puntutik proiektatutakoa baino 25 m inguru ibaian gora eraman dadin, X:602026 eta Y:4682634 punturaino, 92A0 Bardeetako makaldiaren habitataren gaineko eragina nabarmen minimizatzeko; izan ere, ibai-legarrak makalekin eta tamaina txikiko zenbait sahatsekin (Salix alba) kolonizatzen ditu.
–Aragoi ibaiaren gurutzatzen duen hoditeria ezkerreko ibaiertzarekin konektatzeko puntuaren koordenatuak hauek izanen dira: X:602032 eta Y:4682576. Alegia proiektatutakoa baino zortzi bat metro ekialderago eginen da, jarduketak Batasunaren intereseko 3280 habitatak (aski urtarren idoiak) hartzen duen eremutik aparte egin daitezen.
–Aragoi ibaia gurutzatzeko, ibilguari ahalik eta gutxien erasateko moduan ezarriko dira ur-hesiak, batez ere ibaiertzarekiko lotuneetan, non erasana ur-hesiaren gailurrera mugatzeko ahalegina eginen baita.
–Ur-ibilguaren oheko kota ez da aldatuko hasierakoaren aldean, eta goiko 50 zentimetroetan, gutxienez, hasieran ateratako materiala jarriko da berriro, ibaiaren ekosistema zatitzea eragozteko asmoz. Ohearen granulometria naturala errespetatuko da eta jatorrizko ezpondak leheneratu eginen dira.
–Aragoi ibaia ur-hesi bidez gurutzatzeko lanak agorraldian eginen dira, ibilguaren ohean egin beharreko betelanaren altuera minimizatzeko, eta, ondorioz, oinarria estutzeko, bai eta uraldiek herrestan ez eramateko ere.
–Ibilguan obrak egin aurretik, eremuko ingurumena zaintzeko taldeari jakinaraziko zaio, eta hark ebatziko du arrantza elektrikoa egin ala ez, eta, baietz erabakiz gero, sustatzaileak eginen du.
–Aragoi ibaiaren gurutzatzean, ezkerreko ertzeko harri-lubeta desmuntatzeko eginen diren jarduketen azalera ahalik eta txikiena izanen da. Sortzen den ezpondan 10 makal (Populus nigra) eta 10 sahats (Salix alba) landatu beharko dira, eta 50 sahats-aldaxka (Salix purpurea) jarri.
–Alesbesko 4. poligonoko 1991., 1990. eta 1989. lurzatien ondotik doan zatian, ez zaio kalterik eragiten ahalko zanga eginen den bidearen kontrako aldean dagoen Ulmus minor espezieko zumarren orlari.
–Alesbesko 3. poligonoko 2136. lurzatiaren gaineko zatian, trazadura apur bat aldatu beharko da, proiektuan baino metro batzuk iparralderago joan dadin igarobide ingurura (UTM X: 603363 eta 4680943 koordenatuak), lurzati horren hegoaldeko mugan dagoen zumar ilarari eta Alesbesko 3. poligonoko 796. lurzatian dagoen zumar multzoari ez eragiteko.
- Alesbeserako deribazioa:
–Zangaren trazadura NA-660 errepidearen ipar-ekialdeko bermatik bideratzeko ahalegina eginen da, behar diren baimenak lortuz gero, eta ez zaie erasanik eginen errepidearen ondoan dauden lehen lerroko zuhaitzei.
–Trazaduraren azken tartean, NA-660 errepidetik Alesbesko depositura doan horretan, ahalik eta zabalera txikiena okupatu beharko da, batez ere dauden tamaina handiko makalei eragitea saihesteko.
- Cadreitarako deribazioa:
–Barbalgo Bidearen ondoko zatia egikaritzeko –Alesbeserako deribazioarekiko lotune-zumarditik AP-15era doa–, aldaketa-alternatiba bat aztertu beharko da, erretenaren gainean ezarritako zuhaixka-landarediari ez eragiteko eta bertan dauden zuhaitz-aleak zaintzeko, bereziki tamaina handiko intxaurrondo isolatuak (UTM koordenatuak: X:607460 eta Y:4678647; X:607742 eta Y:4678527).
–Alesbesko 2. poligonoko 271. lurzatiaren iparraldeko eta ekialdeko mugen ondotik igarotzen den tartean, zanga bidearen ondotik irekiko da, ez diezaion lurzati horretan ezarritako lezkadiari eragin.
–Alesbesko 8. poligonoko 18. lurzatiaren hegoaldeko muturrean dagoen Moranteko eskortaren ondoko baltsa txikiaren zatian, hornidura-hoditeriaren trazadura hezegune txiki horren iparraldetik eta ipar-ekialdetik egin beharko da, baltsaren ur-hornidura ez dadin eten, eta makalei eta milazkadi landaketa oso naturalizatuei ez eragiteko, zeinak hego-mendebaldean baitaude.
- Milagrorako deribazioa:
–Alesbesko 3. poligonoko 2234.etik 2238.era bitarteko lurzatien ekialdeko mugaren ondoko kanalizazio-tartea, proiektuan jasotakoaren arabera, bidearen mendebaldeko ertzean eginen da, ekialdeko ertzetik ureztatze-kanalizazio bat igarotzen den lekuan. Hala, ahalik eta okupazio-gune estuena erabili behar da, bidearen mendebaldean dauden tamaina handiko makalei eta lezkadiei ez eragiteko. Landaredi hori babesteko, beharrezkoa izanez gero, zanga bidearen erdialdetik irekiko da.
–Milagroko 4. poligonoko 1391. lurzatiaren ekialdeko mugan zehar hedatzen den kanalizazio-tartean, trazadura behar beste mugitu beharko da mendebalderantz, Milagroko 4. poligonoko 1052. eta 1053. lurzatietan dauden makalak eta lezkadiak kaltetzea saihesteko.
–X:602563 eta Y:4678133 koordenatu-puntutik aurrera, eroanbidearen trazadura aldatzen da, ipar-mendebaldera bideratzeko Camino del Soto de la Higuerilla bidetik, non proiektatutako trazadurari berriro helduko baitio. Bidea utzi ondotik, trazadura Batasunaren intereseko habitatetan barneratzen da, zehazki 92A0 Bardeetako makaldiaren habitatean. Zuinketa egiten den bitartean, lan kalea habitat horren mugetatik kanpo, iparraldean, trazatzeko ahalegina eginen da. Ez bada posible, gurutzatzea landare-estaldura laxoagoa den edo alboko landaketatik eratorritako makaldi birsortua dagoen lekuetan eginen da.
–Aragoi ibaiaren gurutzatzea egiteko, ahalik eta ur-hesi estuenak egiteko ahalegina eginen da, batez ere ibaiertzekiko lotuneetan; horietan, kalearen zabalera eta ur-hesien gailurrarena ahalik eta berdinenak izan beharko dira. Era berean, ahalik eta gutxien eraginen zaio ibilguaren erdiko legar-barrari, eta, horretarako, eroanbidearen trazadura metro batzuk hegoalderantz mugitu beharko da.
–Neurri osagarri gisa, ibaietako makal zurien (Populus alba, Fraxinus angustifolia, Populus nigra, Salix alba, S. purpurea, S. fragilis, etab.) Geoserie mediterraneo iberiko zentral mesomediterraneoko espezieak landatuko dira, Aragoi ibaiaren ezkerraldeko ertz degradatua leheneratzeko, hodia gurutzatzen den puntuaren inguruan, UTM koordenatu hauen artean: X: 602335 Y: 4677973; X: 602343 Y: 4677847; X: 602415 Y: 4677672, gutxienez 20 m-ko zerrenda batean eta 5.000 m²-ko gutxi gorabeherako leheneratze-azalerarekin. Obrak hasi aurretik, neurri horren proiektua aurkeztuko zaio Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketako Zerbitzuari, adostasuna adieraz dezan.
–Milagroko deposituarekiko lotunearen azken trazaduran, inguruko Alepo pinuei kalterik ez eragiteko aukera aztertuko da, hots, depositu horren ekialdean eta iparraldean dauden bideak erabiltzea.
- Zarrakazteluko linea elektrikoa:
–Linea elektriko berria abuztuaren 29ko 1432/2008 EDan (1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, goi-tentsioko linea elektrikoetan abifauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituena) ezarritako preskripzio teknikoetara egokitu behar da, hargatik eragotzi gabe aplikatu beharreko araudi elektroteknikoa.
–Linea elektriko berrian abifauna elektrokutatzeko arriskua minimizatzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako neurri guztiak bete beharko dira. Euskarri guztietan, gutxienez 1 m-ko distantzia gorde beharko da euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean; orobat, eroaleen artean 1,5 m egonen dira. Gutxienez 1 m-ko luzera duten lotura-isolagailuak erabili beharko dira. Babes edo maniobra elementuak alderantzikaturik paratuko dira, euskarriko burualdetik behar adinako tartea utzita. Nolanahi ere, tentsiodun elementuen arteko lotura zubiak isolatu eginen dira, baita ebakigailuak, autobalbulak eta konexio botilak ere, halakorik bada. Isolatzeko erabilitako materialak egokia izan beharko du goi-tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Silikonazko zinta edo antzekoen erabilera debekatua dago, eta elementu bakoitzerako estalki edo pieza aurreformatu espezifikoak erabiliko dira.
–Obra hondarreko txosten bat aurkeztuko zaio Ingurumen Ebaluazioaren Atalari. Txosten horretan, erreportaje fotografikoa jasoko da, linea elektrikoa abifauna babesteko araudiaren eta ebazpen horren arabera behar bezala gauzatu dela egiaztatzeko.
3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau honako hauei helaraztea, dagozkion ondorioetarako: Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari; Tokiko Azpiegituren Zerbitzuari; Azkoien, Funes, Alesbes, Cadreita, Milagro eta Zarrakazteluko udalei; Basozaintza Zerbitzuari (Tafalla-Zangoza eta Tuterako udal-mugarteak) eta interesdunari.
Iruñean, 2025eko uztailaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA
La Pedrera EUTEtik abiatzen den uraren goi-horniduraren eroanbidearen hirugarren fasea egitea proiektatu da. Fase horretan, guztira 19.594 metro luze den kanalizazio berri bat instalatuko da, eta adar nagusia Azkoienetik Alesbesera joanen da. Adar horretatik lau deribazio ateratzen dira, ura Funes, Alesbes, Cadreita eta Milagrora herrietara hornitzeko.
Ontinarko ponpaketatik abiatzen da eroanbidea, Funesko udalerrian; izan ere, Azkoiengo lotunetik Ontinarko ponpaketarainoko tartean lehendik ere eroanbidea dago, eta, beraz, ez da jarduketarik eginen bertan.
Proiektua bost tartetan banatzen da:
–Alebesko adarra: Ontinarko ponpaketatik (Funesko 2. poligonoko 1462. lurzatia) Milagrora doan deribazio-ganberatik (Alesbesko 3. poligonoko 2105. lurzatia) pasa eta Alesbes/Cadreita deribazio-ganberara arte (Alesbesko 2. poligonoko 90. lurzatia) doa. FN 350 edo 250 mm-ko galdaketa nodularreko hoditeria-tarteekin exekutatuko da. Gainera, Azkoienen dagoen ganberan eta Ontinarko ponpaketan jarduketak eginen dira, La Pedrerako EUTEtik hornitu ahal izateko. Tarte horretan, Aragoi ibaia gurutzatzeko, ur-hesia baliatzen da.
–Milagro deribazioa: Milagrorako deribazio-ganberatik (Alesbesko 3. poligonoko 2105. lurzatia) Milagroko depositura (Milagroko 3. poligonoko 296. lurzatia) eramaten da, hirigunearen ipar-ekialdeko mugaren ondoan. Hiru trazadura-alternatiba aztertzen dira, eta bideragarria den bakarra hautatzen da, geologia eta geoteknia kontuan hartuta. FN 300 hodi bidez gauzatua. Eroanbideak Aragoi ibaiaren ezkerraldeko ureztatze-eremua zeharkatzen du Milagroraino, lehendik dauden bideen trazadurari jarraituz. Aragoi ibaiaren gurutzatzea Milagrora sartzeko zubitik 500 bat metro ibaian gora egitea proiektatzen da.
–Alesbesko deribazioa: Alesbes/Cadreita deribazio-ganberan hasten da (Alesbesko 2. poligonoko 90. lurzatia) eta Alesbesko deposituan akabatzen da (Alesbesko 2. poligonoko 90. lurzatian bertan). FN 200 hodi bidez gauzatua.
–Cadreitako deribazioa: Alesbes/Cadreita deribazio-ganberatik Morante/Cadreita eroanbidearekiko konexioraino doa (Cadreitako 5. poligonoko 288. lurzatia). 200 edo 250 FN hodiarekin gauzatua, tarteen arabera.
–Funesko deribazioa: Azkoiengo lotunetik (Azkoiengo 10. poligonoko 782. hiri-lurzatia) udal-igerilekuen sarreraren ondoko hiri-lurzoruan proiektatutako Funesko lotuneraino. Eroanbidearen trazadura erabat igaroko da Azkoiendik Funesera Arga ibaiaren ezkerreko ertzetik doan landabidetik, landabidearen alboetan dauden eroanbideen erditik (mendebaldean, gas-hoditeria; ekialdean, saneamendu-hoditeria). FN 200 hodi bidez gauzatua.
–Erdi-tentsioko aireko linea elektriko berria Zarrakaztelun: Proiektuak, gainera, Zarrakaztelu-Murillo el Fruto lotunean ponpaketa bat integratzea jasotzen du, Zarrakaztelutik 400 m hego-mendebaldera (Zarrakazteluko 5. poligonoko 1553. lurzatia), Zarrakazteluko Vallescura parajean dagoen EUTEa hornitzeko. EUTEari energia-hornidura emanen zaio Zarrakaztelu-Mélida lineatik, erdi tentsioko 13,2 kV-eko aireko hargune elektriko baten bidez. Linea horrek 299 m-ko luzera du, eta 4 sareta-euskarri berri ditu ureztatze-eremuetan zehar. Azkenik, lurpetik doan tarte txiki bat du, eraikin prefabrikatu berri baten barrualderaino, non potentzia-transformadore bat instalatuko baita.
Proiektuak hauek gurutzatzen ditu: Aragoi ibaia, bi aldiz, ur-hesi bidez; trenbide-sarea, NA-660 errepidea eta AP-15 errepidea, lurpetik; eta abiadura handiko trenaren plataforma, abelbidean egindako obrako pasabide bat erabiliko da.
Abelbideei dagokienez, kanalizazioak bi puntutan gurutzatzen du Bardalilloko adarra, 5 zenbakiko zeharbidea ukitzen 100 metroan, eta, obrak egin bitartean, Milagrora sartzeko zubiari eraginen lioke. Zubi horretatik igarotzen da Ebroko Iraganbide Nagusiko Errege Altxonbidea. Gainera, zenbait bide eta ureztatze-ubide gurutzatuko dira.
Tarteen trazadura duen irudia:

Gorriz, Alesbesko adarra. Berdez, Cadreitako deribazioa; urdinez, Funesko deribazioa; eta, arrosaz, Milagroko deribazioa

Zarrakazteluko ponpaketaren aireko hargune elektrikoaren irudia
II. ERANSKINA.–INGURUMEN-DOKUMENTUAREN LABURPENA
–Alesbesko adarra.
Hasiera batean, Aragoi ibaiaren gurutzatzearen alternatiba gisa aztertzen da, koordenatu hauetan: UTM ETRS89 X: 602018 Y: 4682611, Funes eta Alesbes arteko mugan, Martzillako AP-15 autobideko zubiaren gainean ibaia zeharkatuko lukeen trazadura egitea. Alternatiba hori baztertu egiten da presio nahikorik ez dagoelako eta luzera handia duelako.
Aipaturiko gurutzatzea non dagoen zehaztu ondotik, baztertu egiten da lurpetik egitea, eragozpen teknikoak tarteko; hori dela eta, gurutzatzea ur-hesi bidez egitea proiektatzen da azkenean. Ibaia gurutzatu aurreko azken tartean, ingurumen-dokumentuaren egileak ibilbidea zertxobait aldatzea proposatu du, legarren eremutik joan dadin ibaiaren ertzeraino, KBEko landarediari eta habitatei ahalik eta kalte gutxien eragiteko; izan ere, legargunean ibai-legarrak kolonizatzen dituen makaldi-sahasti bat dago, eta aski urtarren idoi bat ere bai (92/43/EEE Zuzentarauaren 3280 habitata).
Ibaiaren gurutzatzearen ondotik, ibaiaren ezkerreko ertzaren gainean, zangak harri-lubeta bati eraginen dio. Harri-lubeta hori desmuntatu egin beharko da, eta, hala, haren gainean ezarritako landarediari eraginen zaio: Populus nigra, P. Pyramidalis eta Salix alba aleak. Harri-lubetaren eremuan kendutako landaredia leheneratzeko, 10 Populus nigra, 10 Salix alba eta 50 Salix purpurea landatuko dira.
–Milagroko deribazioa.
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuak proiektuaren trazadura aldatzea proposatzen du, hoditeria Milagrora sartzeko zubiaren fatxadara tinkatuta irits dadin Milagroko hirigunera, betiere Aragoi ibaia ur-hesi bidez gurutzatzeko proiektuaren eragin nabarmenak saihesteko.
–Cadreitako deribazioa.
Halaber, aurkeztutako ingurumen-dokumentuak ibilbidea aldatzea proposatzen du Moranteko baltsaren ingurune naturalizatuan, landatutako askotariko landarediari ez kalterik egiteko. Moranteko baltsaren inguruan kaltetutako eremuak leheneratzeko neurri gisa, Tamarix canariensis espeziearen 30 ale landatzea aurreikusten da.
–Funesko deribazioa.
Aragoi eta Arga beheko tarteak KBEaren barruan dagoen bidean zehar eramaten da eroanbidea, Arga ibaiaren ezkerreko ertzeko Madrevieja meandro abandonatuaren ondotik. Bertan, 30. Sotos Gil eta Hondo adarra natura-erreserba zeharkatzen du 100 metroko luzeran, meandro abandonatua Argaren ibilgu nagusiarekin uhate bidez konektatzen den eremuan.
KBEaren barruan 27 eta 19 metro luzeko bi hustubide proiektatzen dira. Eroanbidetik ibaiertza zeharkatzen dute, Arga ibaira isurtzeko.
Proiektu osoan zehar, eta katalogatutako fauna-espezieei dagokienez, lanak egikaritzeak espezie urtarren komunitateari eraginen dio, eta, horien barruan, arrain-espezie hauei eragiten ahal die: loina (Parachondrostoma miegii), errutilo hegalgorria (Achondrostoma arcasii) edo mazkar arantzaduna (Cobitis calderoni). Era berean, ugaztun urtarrei ere eragiten ahal die, hala nola igarabari (Lutra lutra) eta bisoi europarrari (Mustela lutreola).
Iragarkiaren kodea: F2510482
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
