166. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Aldaketa, Udal hilerria arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2025eko maiatzaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udal hilerria arautzen duen ordenantza aldatzea.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2025eko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 17an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aldaketa horren behin betiko onespena ematen da argitara, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Altsasun, 2025eko abuztuaren 1ean.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

UDAL HILERRIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Altsasuko udal hilerriaren zerbitzuen zuzeneko kudeaketa Altsasuko Udalari dagokio, horren jabea baita, ordenantza honen xedapenen arabera, eta bertze administrazio publiko batzuen berezko eskumenak deusetan ukatu gabe.

2. artikulua.

Altsasuko Udalak honako eginkizun hauek beteko ditu, udal hilerriarekin zerikusia dutenak:

a) Esparrua administratu eta mantentzea, segurtasuna, garbitasuna eta egokitzapena zainduta eta zerbitzuaren ordena zuzena bermatuta.

b) Lurzatiak eta hilobiak banatzea eta ematea.

c) Era guztietako ehorzketa eskubideak onartzea, aldatzea, eta haien iraungipena deklaratzea.

d) Gorputzak eta gorpu-hondakinak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzea, bat eginez gorputzen gaineko osasun arauekin.

e) Zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bertzelako gauzakien hondarrak suntsitzea, horretarako gailuak erabiliz, gorpuzkiak izan gabe, hilobiak hustu eta garbitzean agertzen direnean.

f) Eskuratzea ordenantza fiskalean ezartzen diren eskubideak eta tasak, edo lizitazio sistemaren bidezko adjudikazioetatik ondorioztatutakoak.

g) Hilerriaren zerbitzuekin eta gorputzen gaineko osasun jarduerarekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bertzelako administrazio eskumenak.

3. artikulua.

Udalak udalerriko bizilagunen beharrizanei erantzuteko adina hilobi eraiki eta banatuko ditu.

4. artikulua.

Hilerriaren barnean ez da inolako espazio berezirik gordeko legeek debekatutako bereizkeria ekar dezaketen ehorzketak egiteko.

5. artikulua.

Hilerriak izanen ditu indarrean dagoen legeriak eskatzen dituen instalazioak eta zerbitzuak.

6. artikulua.

Hilerriaren esparrua zabalik egonen da, zerbitzuaren beharrizanekin bat etorriz Udalak ezartzen duen ordutegian.

7. artikulua.

Hilerriko bisitariek hildakoak errespetatuko dituzte eta, hortaz, ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen edo hilobiak profanatzea, suntsitzea edo bortxatzea dakarren inolako ekintzarik. Organo edo agintaritza eskudunari egin diren ustezko arau-hausteen berri emanen zaio.

8. artikulua.

Hilerriaren barnean ez da baimenduko salmenta ibiltaria, eta ez da emanen merkataritza edo publizitaterako posturik edo baimenik, ezta helbururako egokiak diren apaingarriei buruzkoak izanda ere. Debeku hori hilerriaren eragin eremura hedatzen ahalko da.

9. artikulua.

Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

10. artikulua.

Baldin hilobiak edo hilerriko ikuspegi orokor nahiz partzialak jaso nahi badira irudi, argazki, marrazki edo pinturetan, Udalaren baimena beharko da lehenik.

11. artikulua.

1. Hilerriko hilobien eta bertan egiten diren zerbitzuen erregistro bat izanen da.

2. Hilerriaren administraritza arduratuko da erregistroaz. Beharrezko neurriak hartuko dira, datuen segurtasuna bermatzeko eta eragozteko horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe tratatzea edo inor sartzea.

3. Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez eta akatsa argi eta garbi adierazita.

II. TITULUA.–EHORZKETA ESKUBIDEA

I. KAPITULUA.–HILOBIEN KONTZESIOA

12. artikulua.

Horma-hilobien, kolunbarioen, lurreko hilobien eta panteoien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea kontzesio egintzaren bidez sortuko da. Horretarako, ordaindu beharko da ordenantza fiskalean ezarritako tasa edo, enkante prozesua erabiltzen denean, adjudikazioa hartzen duen proposamenaren balio ekonomikoak zehaztutakoa.

13. artikulua.

1. Kolunbarioak, lurreko hilobiak eta nitxoak erabiltzeko kontzesioak hamar urterako emanen dira, eta bertze 10 urterako luzatzen ahalko da; bigarren luzapena ere egon daiteke, 10 urtekoa. Nitxoan dauden gorpuzkiak handik kentzeko eskatuz gero, lehendabiziko 10 urteak edo lehen luzapeneko hamarrak igaro ondoren, kolunbario batean ezartzeko, dagokion ordenantza fiskalean kolunbarioetarako ezarritako tarifa ordainduko da, nitxoetan ehorzteko tarifaren lekuan.

Interesdunak eskatuta, hirugarren luzapen bat ematen ahalko da bertze 10 urterako. Betiere, denboraldi horretan nahiko nitxo egotea izanen da luzapena emateko baldintza. Hirugarren luzapen horrek irauten duen bitartean, nitxo nahikorik ez dagoelako haren xede diren nitxoak eskuratu behar badira, Udalak, kasu horretan, gorpuzkiak hobitik aterako ditu, eta interesdunei emandako luzapena amaitu arte geratzen den denboraren zati proportzionala itzuliko die.

2. Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeko kontzesioak berrogeita hamar urteko iraupena izanen dute, eta behin luzatzen ahalko dira berrogeita bederatzi urteko bertze aldi batez, salbu eta ordenantzaren 37.2 artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen badira.

14. artikulua.

Kontzesioen luzapena, kasua bada, epemugaren aurreko urtean eskatu behar da, eta luzapena onetsiko da kasuko tasa ordaindu ondoren.

15. artikulua.

1. Nitxoak, kolunbarioak eta lurreko hilobiak erabiltzeko kontzesioa ehorzketaren unean ematen dela ulertzen da, onespena horren ondotik ematen bada ere. Bertzerik adierazi ezean, titularra izanen da bere izenean emateko eskatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa, bai zuzenean bai hileta zerbitzuen enpresa baten bidez.

Kontzesioak emanen dira ehorzleku mota bakoitzaren zenbaki korrelatiboaren ordenari jarraikiz edo, ordena korrelatiboan, dauden leku hutsak osatuz.

2. Hilobian bertze hondakin batzuk egonda, gorpuak nitxoetan edo gorpu-hondakinak kolunbarioetan ehorzteak hori erabiltzeko kontzesio berria ematea dakar hamar urteko aldirako, ehorzten den egunetik hasita.

16. artikulua.

1. Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeko kontzesioa emanen da behin betiko adjudikazioarekin, publikotasun eta konkurrentzia printzipioei jarraikiz izapidetutako prozeduraren bidez.

Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak enkantean jartzeari buruzko iragarkia argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, udaletxeko eta hilerriko ediktu tauletan eta tokiko bi egunkaritan gutxienez. Udalak partikularren eskura jarriko du adjudikazioa arautuko duen baldintza agiria.

2. Justifikatutako kasuetan, kontzesioa alboko lurzatira handitzea baimentzen ahalko da, panteoi bakarra eraikitzeko. Kasu horretan okupazio handiagoak eragindako tasak ordaindu beharko dira, lurzatiak enkantean emateko azken adjudikazioaren batez bertzeko prezioaren arabera. Handitze horrek ez du aldatuko kontzesioaren hasierako epea.

17. artikulua.

Panteoietan egin daitezkeen ondoz ondoko ehorzketek eta hilobien erabileraren gaineko hileta eskubideen eskualdaketek ez dute aldatuko kontzesio epearen iraupena. Hala ere, salbuespen bat egonen da: kontzesioa edo, bertzela, luzapena bukatzeko falta den epea gorpuak hobitik ateratzeko ezarritako denbora baino txikiagoa izan daiteke; beraz, gorpu bat orduan panteoian lurperatzen bada, epe hori automatikoki luzatuko da gorpuak hobitik ateratzeko behar den denborarako; bien bitartean, ezin izanen da inor ehortzi.

18. artikulua.

Aurreko artikuluek aitortu bezala, ehorzketa eskubidea mugatuko da udal jabetzako hilobiak erabiltzera, barnean gorputzak eta gorpu-hondakinak ehorzteko eta gordetzeko; hau da, ez dago lotuta lurrari eta ezin da eraiki bertze deus. Horretaz baliatzeko, ordenantza honen xedapenei lotu beharko zaie.

19. artikulua.

Hilobi mota guztien gaineko ehorzketa eskubidea bermaturik geldituko da inskripzioa eginda hilerriko erregistroan, eta haren inguruabarrak izanen dira dagokion inskripzioak adierazten dituenak.

20. artikulua.

Hilobiak erregistroko hilobien atalean inskribatuko dira, eta inskripzio bakoitzean hurrengo datuak aipatuko dira:

a) Hilobiaren identifikazioa.

b) Kontzesioa eman den eguna.

c) Ordaindutako tasak.

d) Eskubidearen titularraren izen-abizenak eta helbidea.

f) Eskubidea gauzatzeko titularrak oro har izenda dezakeen ordezkariaren izen-abizenak eta helbidea.

g) Hala denean, titularrak hautatutako onuradunaren izen-abizenak eta helbidea.

h) Inter vivos edo mortis causa egintzen ondoriozko eskualdaketak, ondoz ondoko titularren izen-abizenak eta helbidea eta, hala denean, ezkontide gozamendunaren izen-abizenak eta helbidea adierazita.

i) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta lekualdaketak, honako hauek adierazita: zein gorpu edo hondakin den, pertsona horren izen-abizenak, eta jarduketa noiz izan den.

j) Mugak, debekuak eta itxiera, bidezkoa bada.

k) Hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gorabehera.

21. artikulua.

Kontzesioa administrazio agiri batean gauzatuko da. Hartan honako hauek adieraziko dira: kontzesioaren hilobia, adjudikazio eguna eta iraupena. Ehorzketa eskubideen titularrek edo gozamendunek eskubidea izanen dute hilobiari buruzko erregistroko datuen informazioa eskatzeko eta eskuratzeko.

22. artikulua.

Ehorzketa eskubidea une bakoitzean titularra denaren izenean agertuko da erregistroan, hurrengo zehaztasunekin:

a) Herentziaz edo bertze titulu baten bidezko hurrenez hurreneko eskualdaketek titularkidetasuna dakartenean, partaideek erregistroan titular gisa agertuko den pertsona hautatu beharko dute, guztiak ados egonda. Udalak ez du baimenduko titulartasuna aldatzea baldin adostasun hori egiaztatzen ez bada, nahiz eta edozein partaidek ehorzketa eskubidea erabiltzea baimenduko duen, bertzeak horren kontra ez badaude.

b) Bi ezkontideak titularrak izanen dira, lurzati edo panteoi baten lehenengo adjudikazioan hala eskatzen badute.

c) Titularra pertsona juridikoa bada, ehorzketa eskubidea erabiliko du estatutuen arabera eskumen hori dagokion kargua betetzen duen pertsona fisikoak edo, bertzela, lehendakariak edo maila handieneko zuzendari- edo instituzio-kargudunak.

23. artikulua.

Ezin izanen dira ehorzketa eskubidearen titularrak izan hileta-zerbitzuen enpresak, aseguru konpainiak, aurreikuspeneko mutualitateak edo, beren jarduera gauzatzean, pertsona bat hiltzen denean lurperatzeko eskubidea ematen duten bertzelako entitate juridikoak.

Pertsonei buruzko datuak (titularrak, onuradunak, etab.) sexuaren arabera bereizita bilduko dira.

II. KAPITULUA.–EHORZKETA ESKUBIDEAREN ALDAKETA

1. ATALA.–MORTIS CAUSA ESKUALDAKETA

24. artikulua.

Ehorzketa eskubidearen titularrak, noiznahi, kontzesioaren onuraduna izendatzen ahalko du eskritura publikoan, bera hil ondorako, hilobiaren datuak eta onuradunaren izen-abizenak eta helbidea adierazita. Era berean, ordezko onuraduna hautatzen ahalko du, hura lehenago hiltzen ote den.

Ehorzketa eskubidearen eskualdaketen ondoriozko titular berriek ere berdin egiten ahalko dituzte onuradunen izendapenak.

25. artikulua.

Izendapena ondoriorik gabe geldituko da, onuraduna eskubidearen titularra baino lehenago hiltzen denean eta onuradunaren ordezkoa izendatu ez denean. Halakoetan, eskubidea "mortis causa" oinordetzari jarraikiz eskualdatuko da, hurrengo artikuluetan ezarri bezala.

26. artikulua.

Onuradunik egon gabe, titularrak modu baliozkoan xedatu badu ondorengotza, eskubidean hurrengo den eta herentziari uko egin ez dionaren aldeko eskualdaketa eginen da. Titularrak ondorengotzarik xedatu ezean, ehorzketa eskubidea senideei eskualdatuko zaie, lege zibilak ezarritako ordenari jarraikiz.

27. artikulua.

Alargunak kontzesioaren gozamena baldin badu, hilobiaren erregistroko inskripzioan gozamendunaren izena adieraziko da. Pertsona horrek eskubidearen titularrari dagozkion ahalmen eta betebeharrak izanen ditu, onuraduna izendatzekoa izan ezik.

2. ATALA.–INTER VIVOS ESKUALDAKETA

28. artikulua.

Ehorzketa eskubidearen titularrak eskubide hori doan lagatzen ahalko die honako hauei, inter vivos egintzaren bidez: odol-ahaidetasuneko laugarren mailara arteko eta ezkontidearen bidezko ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko aurreko, ondorengo eta alboko ahaideei, eskualdatu baino lehen titularrarekin afektibitate harremana eta bortz urteko gutxieneko bizikidetza izan dituztela egiaztatzen dutenei, edo irabazi asmorik ez duten eta ongintza edo laguntza xede duten pertsona juridikoei.

29. artikulua.

Titulartasun aldaketa dohainik eta inter vivos lagapenaren bidez baimentzen ahal da bertze pertsona batzuen alde, Udalak uste badu zioren bat badela eskualdaketa arrazoitzeko, baldin kontzesioa eman zenetik hilobian inor ehortzi ez bada eta gutxienez hamar urte iragan badira.

3. ATALA.–BEHIN-BEHINEKO TITULARTASUNA

30. artikulua.

Eskubidea nori eskualdatzen zaion modu fede-emailean zehaztea ezinezkoa bada titularra hil dela justifikatu ezin izateagatik, aurkeztutako dokumentazioa behar bezalakoa ez izateagatik edo bertze arrazoi batzuengatik, titulartasuna behin-behinean onartzen ahalko zaio aldaketa eskatu eta, kapitulu honen 1. atalean xedatutakoaren arabera, horretarako eskubidea izan dezakeenari.

31. artikulua.

Behin-behineko titulartasuna onartuko da eskubide hobeko hirugarrenei kalterik egin gabe, eta debekatu eginen da, gerora, epailearen baimenik gabe hobitik ateratzea aurreko titularraren ezkontidearen gorpua edo hondakinak, bai eta aipatu titular horren aurreko, ondorengo eta alboko ahaideenak ere, betiere odol-ahaidetasuneko laugarren mailaraino eta ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino.

32. artikulua.

Behin-behineko titulartasuna ondoriorik gabe geratuko da, hura onartu denetik hamar urteko epean erabakitzen ez bada titulartasuna aldatzea, eskubidearen eskualdaketa justifikatuta.

4. ATALA.–PROZEDURA

33. artikulua.

Ehorzketa eskubidearen titularra hildakoan, eskubidearen eskualdaketa jasotzen duen pertsonak titulartasuna bere izenean jartzeko eskatu beharko du eta, horretarako, eskualdaketaren frogagiriak aurkeztuko ditu Udalean.

34. artikulua.

1. Ehorzketa eskubidearen titulartasuna aldatzea erabakiko da, hala badagokio, administrazio espedientean izapidetutako eskabidea aurkeztu eta gero; bertan entzunaldia emanen zaie gainerako interesdunei eta eskualdaketaren frogagiriak aurkeztuz frogatuko du bere eskubidea.

2. Prozedurako interesdunak ezezagunak direnean, prozeduran beharrezko izapidea izanen da iragarkia argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko eta hilerriko ediktu tauletan, prozeduran bertaratu daitezen eta adierazitako epearen barnean alegazioak aurkez ditzaten.

35. artikulua.

Eskualdaketaren onarpenak administrazio ondorioak baino ez ditu sorraraziko, arlo zibileko inolako aferarik aurretik juzgatu gabe.

36. artikulua.

1. Titularrak eskatuta erabakiko dira hilobiaren erabileraren klausula mugatzaileak, edo haien aldaketa edo deuseztapena; behar bezala erregistratuko dira eta heriotzaren ondoan irmoak eta behin betikoak izanen dira.

2. Erregistroko hilobien atalaren inskripzioen bertze datu batzuk zuzendu eta deuseztatzeko, interesdunak eskatu beharko du, bidezko justifikazioaren edo egiaztapenaren ondotik.

III. KAPITULUA.–EHORZKETA ESKUBIDEA AZKENTZEA

37. artikulua.

1. Ehorzketa eskubidea iraungi eginen da honako kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoeragatik. Iraungipena erabakiko da aldez aurreko txosten teknikoan egoera hori deklaratu ondoren eta eskubidearen titularrak beharrezko obrak egiteko errekerimendua bete gabe utzi ondoren.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak arreta ez jartzea, nabarmen, egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan, ez aditu eginik horretarako aurretik egindako errekerimenduari.

c) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, edo luzapenaren epea iragateagatik bertze bat eskatu gabe.

d) Kontzesioa amaitu baino lehen, hobitik ateratzeagatik edo nitxoak, kolunbarioak edo lurreko hilobiak nahita husteagatik.

e) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

f) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion lagapenagatik.

g) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

h) Ordenantzaren 49.1 artikuluak panteoiak eraikitzeko lurzatien kontzesio hartzaileei ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

i) Hilerria ixteagatik.

2. Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeko kontzesioak ezin izanen dira luzatu, hura amaitu aurreko hogeita hamar urtean horietan ez bada gorpurik edo gorpu-hondakinik ehortzi, hobitik atera edo lekualdatu, edo titularra hilda edo haren nortasun juridikoa iraungita, titulartasun aldaketa baimendu ez bada bertze pertsona baten alde.

38. artikulua.

Kontzesio epea iragateaz bertzelako arrazoiren batengatik iraungitzen bada, hala deklaratu beharko da espedienteari amaiera ematen dion berariazko ebazpen batean, eta betiere eskubideen titularrei jakinarazi beharko zaie.

39. artikulua.

Baldin eta iraungipena ekartzen badu aurri egoerak edo abandonatzeak, eta eskubidearen titularraren heriotza jasota baldin badago, interesdunei zitazioa eginen zaie, titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten. Interesdunak ezezagunak baldin badira, zitazioa eginen da honako hauetan iragarkia argitaraturik: Nafarroako Aldizkari Ofizialean, udaletxeko eta hilerriko ediktu-tauletan eta, gutxienez ere, tokiko bi egunkaritan.

Jaraunsleak edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonak agertzen badira eta eskualdaketa justifikatzen badute, titulartasuna beren alde alda dezakete, baldin eta hilobia konpontzeko edo egokitzeko obrak gauzatzen badituzte horretarako ezartzen den epean.

40. artikulua.

Iraungi ondotik, kontzesioaren xedeko hilobia Udalari itzuliko zaio, eta eskubidearen azkentzeak ez du konpentsaziorik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Aitzinetik gaztigu eginda, dauden hondakinak hezurtegi orokorrera eramanen dira edo, bertzela, erraustuko dira, salbu eta zenduaren ahaideek edo haien baimena duten bertze pertsona batzuek eskatzen badute bertze hilobi batera eramateko edo, pertsona ospetsuen hondakinak izanda, Udalak hilobian uztea erabakitzen badu.

III. TITULUA.–HILOBIAK ERAIKITZEA, MANTENTZEA ETA ZAINTZEA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

41. artikulua.

Hilerriaren esparruaren barnean edozein obra egiteko, horiek egiteko kontratatzen diren enpresek bete beharko dituzte honako arau hauek:

a) Harria, marmola, metalak edo bertzelakoak prestatzeko lanak ezin izanen dira esparruaren barnean egin.

b) Eraikuntzako materialen prestalana horretarako adierazten diren tokietan egin beharko da, kasu bakoitzean beharrezkoa den babesarekin.

c) Materialak, tresnak, lurra edo ura utziko dira igarobidea eragozten ez duten lekuetan.

d) Ondoko hilobi edo landareei kalterik ez egiteko maneran paratuko dira aldamioak, hesiak edo eraikuntzarako behar den bertze edozein tresna lagungarri. Pertsonak eta ondasunak babesteko beharrezko neurriak hartuko dira, eta obrak egitearen ondorioz sortzen diren kalteen erantzuletzat hartuko dira obrak eskatu eta egiten dituztenak.

e) Ezin izanen dira erabili hilerriko ibilgailuak eta tresnak berariazko baimenik gabe.

f) Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak; baldintza hori bete ezean, ez zaio alta emanen hilobiari.

g) Zerbitzuak hobeto funtziona dezan, hilerriko administratzaileak kasu bakoitzean zehazten dituenak.

42. artikulua.

Eskubideen titularren kargura izanen dira norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan hilarriak eta osagarriak edo apaingarriak jartzea.

43. artikulua.

Hilerriko zerbitzuko langileen eta baliabideen bidez hilobiak irekitzeko eta ixteko lanak egin ezin direnean, enpresaburu partikularren laguntzaz eginen da, eta sortutako gastu gehigarriak izanen dira hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularraren konturakoak.

Nahi izanez gero, eskubideen titularrek beren gain hartzen ahalko dute nitxoetatik hilarriak kentzea, gorpuak eta gorpu-hondakinak ehorzteko edo hobitik ateratzeko. Hilarria gordetzeko interesik ez badute, hilerriko zerbitzuari eskatzen ahalko diote, nitxoa irekitzean, hilarria kentzeko; hala ere, ez dute eskubiderik izanen sortzen ahal diren kalteengatik kalte-ordaina jasotzeko.

44. artikulua.

Edozein hizkuntzatan jar daitezke hilarrietako epitafioak, oroigarriak, bereizgarriak eta ikurrak, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Titularrarena izanen da erantzukizuna baldin idazkunek hirugarrenen eskubideen aurka jo badezakete.

45. artikulua.

Landareak eraikinen osagarritzat joko dira eta horiek bete beharreko arau berberak errespetatu beharko dituzte. Eskubideen titularrek haiek zaintzeaz arduratu beharko dute eta ezin izanen dute inola ere bide publikoa okupatu, ezta alboko eraikuntzak kaltetu ere. Edozein gehiegikeria haien kontura zuzenduko da, horretarako aurretik errekerimendua eginda.

46. artikulua.

Eskubideen titularrek edo haien baimena duten bertze batzuek zainduko eta garbituko dituzte hilobiak. Hilobia garbitu ondoren, lore hondarrak eta bertzelako objektu erabilezinak horretarako ezarritako lekuetan utzi beharko dira.

47. artikulua.

1. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, hilerriko administraritzaren baimenik gabe.

2. Kontzesioa bukatutakoan, ehorzketa eskubidearen titularrak kentzen ahal ditu hilobietan instalatzen diren hilarriak eta obra artistikoak, baldin objektu nagusiari kalterik egin gabe bereizten ahal badira.

II. KAPITULUA.–EHORZKETA ESKUBIDEEN TITULARREN KONTURAKO OBRAK

1. ATALA.–HILOBIAK ERAIKITZEKO OBRAK

48. artikulua.

Emandako lurzatietan panteoiak eraikitzeko obrak baimentzeko eta gauzatzeko, bete beharko dira Altsasuko emakumeen eta gizonen berdintasunerako udal ordenantzaren 16. artikuluan adierazten diren arauak, bai eta gainerako udal ordenantzetan eta hurrengo artikuluetan adierazitakoak ere, eta kasu zehatzetan ezartzen ahal diren baldintza partikularretan ezarritakoak, eraikuntzak egokitu daitezen hirigintza eta eginkizunen aldetik hilerrian dauden premietara.

49. artikulua.

1. Lurzati baten kontzesiodunak honako hauek egin beharko ditu:

a) Eraikuntza proiektu osoa aurkeztu hiru hilabeteko epean, kontzesioari buruzko jakinarazpena jasotzen denetik aurrera zenbatuta, eta obra lizentzia eskatu.

b) Udal teknikariek adierazten dituzten proiektuaren hutsuneak zuzendu, hori egiteko eskatzen zaienetik hilabeteko epean.

c) Udal lizentziak ezarritako epean eraikuntza obrak abiarazi, eta horiek amaitu urtebeteko epean, lizentzia ematen denetik aurrera zenbatuta.

2. Salbuespen gisa epe horiek luzatzen ahalko dira nahitaezko denborarako, obra motak, haren garrantziak edo kalitateak justifikatzen badu, udal teknikariak egindako txostena ikusita.

3. Aitzineko apartatuan kontzesiodunari ezarritako betebeharretatik edozein betetzen ez bada hori justifikatzen duen arrazoirik gabe, kontzesioa eskubide osoz suntsituko da. Hala denean, egindako lana galdu eta utzitako bermea konfiskatuko da, eta adjudikatutako lurzatia jaberik gabe geldituko da. Gainera, elementu erabilezinak kontzesiodunaren kontura eraitsiko dira.

50. artikulua.

Ezin izanen da hilobi partikularrik eraikitzen hasi lurzatia zuinkatu eta mugatu ez bada, dagokion lizentzia ematen ez den bitartean eta hura emateko tasak ordaindu direla justifikatzen ez den bitartean. Lurzatia kokatzeko eta lur-erauzketak egiteko gastuak, hala badagokio, kontzesiodunaren konturakoak izanen dira.

51. artikulua.

Eraikin partikularrek ez dute izanen bideen gainetik hamabortz zentimetro baino gehiago doan hegalik edo erlaitzik. Arau honetatik salbuesten dira, duten neurriagatik, erlaitzetan irtengune handiagoa behar duten panteoiak. Betiere kokatuta dauden lurzoruko sestraren gainetik 3 metrotik gora baldin badira. Horien arteko gutxieneko tartea hirurogei zentimetrokoa izanen da.

Eraikuntza horiek sestra azpiko hiru solairu eta sestra gaineko solairu bat izanen dituzte lurperatzeko, gehienez. Hilerriko paretetako baten bati atxikitako eraikinei dagokienez, kasuan kasuko paretaren garaiera gainditzen ez duena baimentzen ahalko da eraikinerako.

52. artikulua.

Eraikuntza partikularreko hilobien kanpoko paramentuak eta haien apaingarriak material noblekoak izan beharko dira. Behar bezala kontserbatzeko bermerik eskaintzen ez duten guztiak debekatuko dira.

53. artikulua.

Hilobi partikularra eraikitzeko eskabidearekin batera, proiektua aurkeztuko da, teknikari eskudunak sinatua eta dagokion ikus-onetsiarekin. Proiektu horretan eraikina osatzen duten solairuak, fatxada eta hori ulertzeko behar diren atalak adieraziko dira.

54. artikulua.

Kontzesiodunak aditzera eman beharko du obrak bururatu direla, eta aldaketaren bat izan bada, haren berri emanen du. Nahitaezko txosten teknikoa ikusita, interesdunari eskatzen ahalko zaio hori zuzentzeko, planoen arabera, edo obra legeztatzeko, hari dagozkion tasak ordainduz. Eraikuntza partikularreko obra baimendutakoarekin bat bukatu ondoren, edo legeztatu ondoren, alta emanen da panteoian ehorzketak egiteko.

55. artikulua.

Obrak gauzatzeko epea iragaten bada horiek bururatu gabe, egindakoak aztertu eta egiaztatuko dira ofizioz eta, atzerapena justifikatuta ez badago, lizentzia iraungi dela erabakiko da.

2. ATALA.–KONPONTZEKO, ZAINTZEKO ETA APAINTZEKO OBRAK

56. artikulua.

Hilobia berreraikitzeko, zaharberritzeko edo zaintzeko obrak egiten badira eskubideen titularren kontura, obra lizentzia beharko da, haren atalen egitura ukitzen badute. Era berean, haien baimena, exekuzioa eta ikuskapena kapitulu honen 1. atalean ezarritakoari lotuko zaizkio, gauzatzeko epeari dagokiona izan ezik; izan ere, sei hilekoa izanen da eta, interesdunak eskatuz gero, bertze hiru hilez luzatzen ahalko da, udal teknikariak egindako txostenaren arabera obren garrantziak justifikatzen badu.

57. artikulua.

Proiektuko obrek hilobiaren mugak handitzea badakarte, ez da lizentzia eskaerarik izapidetuko, baldin eta lehenago ez bada kontzesioa aldatzea erabaki, hilerriko administratzailearen aldez aurreko txostena ikusita. Txosten horretan baloratuko dira aldaketak ehorzketa eskubideen bertze titular batzuei eta hilobia kokatuta dagoen hilerriko zatiaren estetikari eta funtzionaltasunari ekar diezazkiekeen kalteak. Aldaketak ez du aldatuko kontzesioaren hasierako epea.

Kontzesioaren aldaketa onesten duen udal erabakiaz gain, beharrezkoa izanen da okupazio handiagoak eragindako tasak ordaintzea obra lizentzia izapidetzeko. Tasa horiek kalkulatzeko, lurzatiak enkantean emateko azken adjudikazioaren batez bertzeko prezioa hartuko da oinarri.

58. artikulua.

Lizentzia laburtuaren bidez baimenduko dira, beharrezkoa bada, garrantzi txikikoak izateagatik teknikari eskudunak sinatutako proiekturik behar ez duten obra hauek: konpontzeko, zulatzeko edo hilobiak pilastrez, barrez eta harlauzez ixteko obrak eta hilarriak, estatuak, gurutzeak eta apaintzeko ohiko bertzelako ikurrak edo objektuak paratzeko obrak.

59. artikulua.

Baimendutako obrak ezin izanen dira abiarazi, harik eta lizentzia bera eta lizentzia emateagatiko tasak udal diruzaintzan ordaindu direla egiaztatzen duen agiria aurkezten den arte hilerriko bulegoetan.

IV. TITULUA.–GORPUTZAK ETA GORPUZKIAK EHORTZI, HOBITIK ATERA, BERREHORTZI, LEKUALDATU ETA ERRAUSTEA

I. KAPITULUA. XEDAPEN KOMUNAK

60. artikulua.

Gorpuak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi, lekualdatu eta errausteko, hileta-osasunaren arloan indarrean dauden xedapenei eta ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiko zaie, eta ordenantza fiskalean ezarritako tasak sortuko dira.

61. artikulua.

Ez da aintzat hartuko ehortzi, hobitik atera edo errausteko inolako eskaerarik, hildakoaren hurbileneko senideek berariaz adierazten badute horren aurka daudela, agintari judizial eskudunak baimendu ezean.

62. artikulua.

Gorputzak ezin izanen dira ehortzi harik eta heriotzatik hogeita lau ordu igaro arte. Hala ere, salbuespen hauek izanen dira:

a) Haren heriotza egiaztatu eta gero, organo eta ehunen emailea bada.

b) Osasunaren aldetik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, espedienteari erantsitako dokumentu batean, xedatzen dituen gorabeherak badira.

63. artikulua.

Erregelamenduzko izapideak bete gabe ehorzteko ekartzen diren gorpuak hilerriko gorputegian egonen dira, izapideak bete edo epai edo osasun aldetik zerbitzua egitea erabaki arte. Era berean, gorputegian egonen dira ehorzteko eta errausteko ordutegitik kanpo hilerrira etortzen diren gorpuak, eta bertan egonen dira zerbitzua egiten berriz hasi arte.

II. KAPITULUA.–OSAERA

64. artikulua.

1. Ehorzketa egiteko, Udaleko bulegoetan, Udalak horretarako prestatu duen tokian, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ehorzteko eskaera, inprimakiko datuak behar bezala beterik, ondoren Erregistroan idazteko. Panteoi batean ehorztea nahi bada, eskubidearen titularrak edo hori erabiltzen ahal duenak aurkeztu beharko du eskaera, eta titularra zendua bera bada, haren senideek edo hurbilekoek. Bertze mota bateko hilobiak izanda, kontzesioa bere izenean emateko eskatzen duenak ehorzteko eskatuko du aldi berean.

b) Ehorzteko lizentzia, salbu errautsak ehortzi behar badira.

2. Panteoian ehorztea eskatzen duen pertsona ez baldin bada aurreko apartatuko a) letran adierazitako bera, ehorzketa soilik eginen da eskatzaileak frogatzen badu bere aldeko eskubide eskualdaketa, ordenantza honen II. tituluko II. kapituluan arautuari jarraikiz; bere gain hartuko ditu bai titulartasuna aldatzeko prozeduran inguruabar hori frogatu beharra, bai bere jardunetik etor daitezkeen erantzukizunak.

65. artikulua.

Inolaz ere ez dira onartuko gorpuen bilgarriak, ezta lurpeko ehorzketetan ere, baldin gorpuen berezko deskonposizioa galarazten edo berandutzen badute.

66. artikulua.

Ehorzketa guztietan hilobiko zuloak hermetikoki itxiko dira, jarioak eta isuri likidoak eragozteko.

Nitxo eta kolunbarioetan ehorzteko, ehorzketa eskubidearen titularrek bi hileko epean idazkuna duen behin betiko hilarria paratu beharko dute.

67. artikulua.

Ehorzketak eginen dira Udalak baimendu edo alta emandako lurreko hilobietan, panteoietan, nitxoetan edo kolunbarioetan. Barnealdearen tamaina txikia edo behar ez bezalako kontserbazioa izateagatik zerraldoak behar bezala sartu eta jartzeko aukerarik ematen ez duten panteoietan, ezin izanen da ehorzketarik egin.

68. artikulua.

Gorpu-hondakinak dituzten horma-hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek bildu beharko dira. Hori egiteko, bertan egon beharko da hilerriaren arduradun bat, eta eskubidearen titularrak eta horrek eskuordetutako pertsona ere horretara bertaratzen ahalko da, horretarako abisua jaso ondoren.

Horma-hilobietan gorpu-hondakinak berrehorzten ahalko dira gorputza sartzeko unean, baina ezin izanen da horma-hilobi bat ireki gorpu-hondakinak uzteko bakarrik.

Uztailaren 20ko 2263/74 Dekretuak onetsiriko gorputzen gaineko osasunari buruzko erregelamenduaren 11. artikuluan adierazitakoari kalterik egin gabe, lurreko hilobi bakoitzean gorputz bat bakarrik ehortziko da eta ez da onartuko aurretik aipatu den gorpuzkien bilketa.

69. artikulua.

Panteoi, nitxo edo kolunbario bakoitzaren ondoz ondoko ehorzketen kopurua edukierak baino ez du mugatuko, salbu ehorzketa eskubidearen titularrak nahita eta berariaz mugatzen badu ehorzten ahal diren pertsonen kopurua edo horien zerrenda aldaezina edo baztertzailea ezartzen badu. Horretarako, hori adierazi beharko da erregistroko hilobien atalean.

II. KAPITULUA.–EHORZKETAK, BERREHORZKETAK ETA LEKUALDATZEAK

70. artikulua.

Epaileak agindu ezean, ezin izanen da gorputzik hobitik atera, heriotzatik lau urte iragan arte, ehorzketa zerraldo arruntean edo lekualdaketarako zerraldoan egin den kontuan hartu gabe.

Lurreko hilobietan egindako ehorzketei dagokienez edo heriotza Gorputzen gaineko Osasunari buruzko maiatzaren 9ko 123/1986 Foru Dekretuaren 2. artikuluaren I. taldean adierazitako arrazoiengatik gertatzen bada, bortz urteko epea iragan beharko da hilobia irekitzeko edo, osasun teknikarien iritziz, gorputzaren gai organikoa erabat deskonposatzeko behar den epe luzeagoa.

Ez da inolako eperik zehaztuko, baltsamatutako gorputzak hobitik ateratzeko.

71. artikulua.

Gorpuak hobitik ateratzean hilerri berean berrehorzteko, bertze hilerri batera lekualdatzeko, eskabidea aurkeztu beharko du hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularrak, ordenantzaren 77.2 artikuluan ezarritako kasuan izan ezik, eta osasun teknikari baten aitzinean egin beharko da. Gorpu-hondakinak atera eta lekualdatzeko ez da aitzinean egon beharko.

72. artikulua.

Gorputza edo gorpuzkiak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko bertze hilobi batera eramateko, berrehorzketa zer hilobitan egin nahi den, horrexen gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

73. artikulua.

Osasun baimena beharko da gorputzak edo gorpu-hondakinak bertze hilerri batera eramateko, erregelamenduz aurreikusitako kasuetan.

74. artikulua.

Hilobi bateko gorputza edo gorpu-hondakinak hobitik atera edo lekualdatu nahi direnean hilobiaren ehorzketa eskubidea zenduaren izenean dagoela, titulartasun aldaketa eskatu eta erabaki beharko da aitzinetik, ordenantzaren 22.a) artikuluan ezarritako kasuan izan ezik.

75. artikulua.

1. Panteoiak konpontzeko obra partikularrak egiteko gorpuak edo gorpu-hondakinak lekualdatzea baimentzen denean eta hobitik ateratzen ahal diren guztietan, aldi baterako nitxoetan gordeko dira, ordenantza fiskalean ezarritako tasak ordaindu eta gero. Obrak amaitzen direnean, jatorrizko hilobietara lekualdatuko dira.

2. Udalak egin beharreko obra orokorrak egitearen ondorioz lekualdatu behar direnean, eskubidearen titularrari aldez aurretik abisua emanda, berrehorzketa aldi baterako nitxoetan eginen da behin-behinean edo antzeko kategoria eta baldintzak dituzten hilobietan behin betiko. Halakorik bada, ehorzketa eskubidea hilobi berriari esleituko zaio.

3. Aitzineko jarduerek ez dute aldatuko kontzesioaren hasierako epea.

76. artikulua.

Hobitik ateratzeak hilerriko administrazioak adierazten duen ordutegian eginen dira, ahal dela, esparruan ahalik eta jende gutien dagoelarik. Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da gorputzik aterako hobitik, epaileak agindu ezean.

77. artikulua.

Hezkuntza helburuak izanda, ikastetxeek gorpu-hondakinak hobitik ateratzean bildutako hezurrak eskatzen ahalko dituzte. Dena den, helburua bete ondotik hilerriari itzuli beharko dizkiete.

78. artikulua.

Hobitik ateratzean zerraldoetan agertzen diren gai baliotsuak, protesiak izan ezik, zenduaren oinordekoek eska ditzakete, baldin eskabidea egiten badute hobitik atera baino lehen, beren nortasuna eta oinordetza frogatu ondoan. Udalak egokia iruditzen zaion xedea emanen die erreklamatzen ez diren gauzei.

Xedapen gehigarria.–Udalbatzaren osoko bilkurari dagokio ehorzketa eskubidearen kontzesioa ematea eta horren azkentzea deklaratzea, panteoien eta horiek eraikitzeko lurzatien erabilerari dagokionez. Gainerakoetan, Alkatetzaren edo eskuordetutako organoaren ebazpenaren bidez onetsiko dira hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta azkentzea.

Xedapen gehigarria.–Ordenantza honek indarra hartu baino lehen emandako kontzesioek jarraituko dute eman ziren egunean indarrean zegoen ehorzketa eskubidearen araudiaren menpe. Hala ere, aplikatuko zaie xedatzen dena ordenantzaren 13. artikuluan nitxoak erabiltzeko kontzesioen iraupenaren hamar urteko luzapenari buruz, 16.2 artikuluan hilobia handitzeari buruz, eta 39. artikuluan hilobiaren aurri egoera edo abandonuagatik ehorzketa eskubidearen iraungipena deklaratzeari buruz.

Kontzesio horien azkentzeak ordenantzaren 40. artikuluan xedatutako ondorioak izanen ditu.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe gelditzen da Hilerria erabiltzea arautzen duen udal ordenantza, 2001eko maiatzaren 2an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, eta ordenantza honetan ezarritakoaren aurka doazen udal xedapen guztiak.

Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da legez aurreikusitako epea igarotakoan, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2510496