Iragarkia
160. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRURTZUN
Ohiko bizilekurako lurzorua erosteko dirulaguntzak arautzen dituen udal ordenantzaren behin betiko onespena
Irurtzungo Udalak, 2024ko ekainaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ohiko bizilekurako lurzorua eskuratzeko dirulaguntzak arautzen dituen udal ordenantza.
Iragarkia 2024ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 9an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurreko aldia iragan da inork aurkeztu gabe erreklamaziorik, kexarik edo oharrik; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da.
Ondotik testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Irurtzunen, 2025eko uztailaren 14an.–Alkatea, Unai Razkin Iriarte.
OHIKO BIZILEKURAKO LURZORUA ESKURATZEKO IRURTZUNGO UDALAK EMATEN DITUEN DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Oinarria.
Indarra duen lege antolamenduak toki entitateei sustapen, hirigintza eta etxebizitza arloetan aitortzen dizkien erregelamendu-ahala eta eskumenak erabiliz ezarri da ordenantza hau.
2. artikulua. Ordenantza honen xedea.
Ordenantza honen xedea da norgehiagokako araubidean dirulaguntza batzuk emateko irizpideak eta prozedura arautzea. Dirulaguntza horiek lurzorua erosteko izanen dira, eta lurzoru hori Irurtzungo udal-mugartean ohiko bizileku iraunkorra izanen den etxebizitza eraikitzeko erabili behar dute erosteek, aplikatzekoa den plangintzako zehaztapenen arabera eta dagokion eraikuntza proiektua gauzatuz. Udalerriko bizilagunek tratu-berdintasuna bermatuta izanen dute dirulaguntzak eskuratzeko orduan.
3. artikulua. Dirulaguntza.
1. Ordenantza honen ondorioetarako, dirulaguntza da udalaren funts publikoak doan erabiltzea, ekonomikoki baloratzen ahal dena, udalerriko bizilagunen alde, udal aurrekontuaren kargura ematen den eta udalerrirako interes soziala duen jarduera bat sustatzeko.
2. Norgehiagokako araubideko dirulaguntza da aurrekontu-kreditu berari egotzita eskatzaile bat baino gehiago egoten ahal denean, baldin eta dirulaguntzak emateko eskaerak elkarren artean konparatu behar badira prozedura bakar batean, betiere araudi erregulatzailean edo deialdian ezarritako irizpideen arabera.
4. artikulua. Dirulaguntzen ezaugarri orokorrak.
Ordenantza honetan aurreikusitako eta araututako dirulaguntzak ematean, honako ezaugarri hauek errespetatuko dira:
a) Borondatezkoak izanen dira, non eta ez duen besterik agintzen ordenantza honek.
b) Dirulaguntzak eman izana ez da aurrekari gisa baliatzen ahalko.
c) Ez dute ordenantza honetan ezarritako muga gaindituko.
d) Ez da eskatzen ahalko dirulaguntza handitzea edo berritzea.
e) Ordenantza honen babesean egiten den deialdi batean parte hartzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdia eta dena delako deialdiaren oinarri arautzaileak erabat onartzea.
II. KAPITULUA.–APLIKAZIO-EREMUA
5. artikulua. Esparrua.
1. Ordenantza hau Irurtzungo udal-mugarteko lurzoruaren erosketari aplikatuko zaio, horren xedea eroslearen ohiko bizileku iraunkorra izanen den etxebizitza aplikatzekoa den plangintzako determinazioei eta etxebizitzaren eraikuntza proiektuari jarraikiz eraikitzea baldin bada.
6. artikulua. Lurzoruaren erosketa.
1. Ordenantza honetan aurreikusitakoari jarraikiz, Irurtzungo Udalak diruz laguntzen ahal dituen lurzatiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Irurtzungo udal plangintzan etxebizitzak eraikitzeko esparrutzat aurreikusi eta Udalak osoko bilkuran erabaki bidez mugatutako lurzoru unitateen barneko lurzatiak izatea.
b) Titularrek Udalarengandik eskuratuak izatea, horretarako legez ezarritako prozeduren bidez.
c) Eskuratzaileek ohiko bizileku iraunkorra izanen duten etxebizitza eraikitzeko erabiltzea.
d) Eskuratze-kostua Irurtzungo Udalak ordenantza hau aplikatuz finkatutako lizitaziorako oinarrizko prezioa baino handiagoa izatea. Kostu hori behar bezala frogatuko da, zuzenbidean onartutako moduetatik edozeinetan.
e) Dirulaguntzaren hartzaileek lurzatian eraikitako eraikuntza ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzea, gutxienez eraikuntza bukatu eta hurrengo 20 urteetan.
III. KAPITULUA.–ESKATZAILEAK
7. artikulua. Eskatzaileak. Baldintzak.
1. Irurtzungo bizilagunek dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte bertan beren ohiko bizileku iraunkorra eraikitzeko lurzorua eskuratzeko, baldintza hauek betetzen badituzte:
A.–Irurtzungo bizilagunak izatea eta udalerrian erroldaturik egotea gutxienez ere lurzatia erosi baino 2 urte lehenagotik.
Formalki eratutako senar-emazteen edo izatezko bikoteen kasuan, familia-unitatea izanen da dirulaguntzaren hartzailea.
Familia-unitatearen kontzeptua:
Uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen 12. artikuluaren 3. apartatuak (82. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2000ko uztailaren 7koa, 2000ko abuztuaren 8an indarrean jarria) eta martxoaren 14ko 3/2002 Foru Legearen 2. artikuluaren 14. apartatuak (37. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2002ko martxoaren 25ekoa, 2002ko martxoaren 26an indarrean jarria eta 2002ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin) emandako idazkera:
a) Osatzen dutena legez banandurik ez dauden ezkontideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek (salbu gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
b) Osatzen dutena berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek (salbu gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
c) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin nahiz bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko apartatuetan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
B.–Lurzati bat erosi izana, eroslearen ohiko bizileku iraunkorra eraikitzeko erabiltzen ahal den lurzoru motakoa, baldin eta lurzati hori Udalak S1_ U3.U4 unitatetik besterendutako lurzatietako bat bada, edo Irurtzunen beste unitate batzuk garatzearen ondoriozko beste lurzati batzuk, baldin eta Udalak ordenantza honen 9. artikuluaren arabera zehaztutako udalerriko esparru edo unitateren batean badago eta lurzati horren kostua Irurtzungo Udalak finkatutako lizitaziorako oinarrizko prezioa baino handiagoa bada, ordenantza honetako 8. artikuluan xedatutakoarekin bat.
C.–Lurzoru hori aurreko B apartatuan aipatutako eraikuntzarako egokia izatea, Irurtzungo hirigintzako plangintzaren eta aplikatu beharreko legediaren arabera.
D.–Etxebizitzarik ez izatea jabetzan edo etxebizitza libre edo babestu desegoki baten titularra izan eta hura okupatzea.
Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, etxebizitza ez da egokia izanen okupatzaileentzat baldin eta inguruabar hauetakoren batean badaude:
1.–Prezio libreko etxebizitza baten edo haren zati alikuotaren jabe edo usufruktudun izatea, baldin eta etxebizitza horren azalera erabilgarria honakoa baldin bada, metro karratutan adierazita: 30 m² kide bateko edo biko familia unitatearentzat, 50 m² hiru pertsonarentzat, 65 m² laurentzat, 80 m² bost edo seirentzat; 90 m² zazpirentzat, eta 10 metro koadro gehiago 7tik gorako pertsona bakoitzeko; betiere, horiek beste etxebizitza egoki baten titular izan gabe.
2.–Prezio libreko etxebizitza baten edo haren zati alikuotaren jabe edo usufruktudun izatea, baldin eta etxebizitza desgaitasuna duen eskatzailearen edo familia-unitateko kide desgaitu baten beharretara egokituta ez badago, kasu hauetakoren bat gertatzen denean:
- i) Etxebizitzara iristeko 12 zentimetrotik gorako altuera duten zenbait eskailera maila igo behar izatea eta eskatzaileak edo haren familia unitateko kideren batek hanken mugimendua eragozten dion desgaitasuna izatea, gutxienez %40koa.
- ii) Eskatzaileak edo haren familia-unitateko kideren batek gutxienez %65eko desgaitasuna izan, eta etxebizitza haren beharretara moldatzea teknika edo ekonomia aldetik bideraezina denean.
3.–Etxebizitza baten edo haren zati alikuotaren jabe edo usufruktudun izatea, baldin eta etxebizitza hori aurri-egoeran dagoela deklaratu bada edo etxebizitza horri bizigarritasun-zedula ukatu bazaio, betiere hura lortu ezin bada.
4.–Etxebizitza baten edo haren zati alikuotaren jabe edo usufruktudun izatea, baldin eta etxebizitza hori desjabetze espediente batek ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda batean badago.
5.–Etxebizitza baten edo horren zati alikuotaren jabe edo usufruktudun izatea, baldin eta hirigintza-plangintzak etxebizitza hori antolamenduz kanpokotzat jotzen badu, baldin eta etxebizitza hori uzteagatik eskatzaileari kalte-ordainerako eskubideak onartzen dizkion hirigintza kudeaketako tresna behin betiko onetsita badago; eta etxebizitza utzi beharra dagoenean, dela hirigintzako plangintza egikaritzeko, dela Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 20.3 f) artikuluan aipatutako hitzarmenen bidez zaharberritze lanak edo hiri berrikuntzak egiteko.
6.–Etxebizitza baten edo haren zati alikuotaren jabe edo usufruktudun izatea, etxebizitza hori bi urte baino gehiagoz erabiltzerik ez dagoenean banantze edo dibortzioko epai judizial baten ondorioz edo bikote egonkorrean izandako seme-alaba komunen neurriak adosten dituen epai baten ondorioz.
E.–Ez dute dirulaguntzarik eskatzen ahalko, baldin eta haiek edo beren izatezko bikotekideak edo familia-unitateko kideak etxebizitza edo lurzati bat badute hiri lurzoru eraikigarrian eta/edo lurzoru urbanizagarri antolatuan, etxebizitza gisa erabiltzeko.
F.–Onuradunak ez du etxebizitza saltzen edo lagatzen ahalko 20 urteko epean, adjudikazioa egiten denetik hasita, eta bertan bizi beharko du gutxienez ere beste horrenbeste denboraz. 20 urte baino lehenago salduz gero, itzuli eginen da dirulaguntza, KPIaren arabera eguneratuta (erosten den egunetik eskrituran saltzen den arte).
G.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako debekuetako bat ere ez izatea.
2. Eraikitzeko lizentzia lurzatiaren salmentaren eskriturak egin eta hurrengo urtean eskatu eta lortu behar da.
3. Etxebizitzak bukatuta egon behar du eta eskatua izan behar du lehen erabilerako lizentzia, obra lizentzia eman eta ondoko bi urteetan.
4. Dirulaguntza ez da ordainduko udal agirietan jasota badago onuradunak ez dituela ordaindu zergak, tasak eta Udalarekiko gainerako zerga betebeharrak.
5. Lurzoru erosketa batek behin bakarrik jasotzen ahal du dirulaguntza. Beraz, eskuratutako lurzati eta titular bakoitzeko dirulaguntza bakarra eskatzen ahalko da. Titular batek zenbait lurzati eskuratzen baditu edo familia-unitateko kide ezberdinek zenbait lurzati eskuratzen badituzte, ez zaie dirulaguntzarik emanen.
6. Dirulaguntzaren bi eskatzaile banan-banan eta bereizita badira, eskatutako dirulaguntza horiek eskuratu eta, ondoren, ezkondu egiten badira edo izatezko bikote egonkorra eta formalki eratua eratzen badute, bi dirulaguntzetako bat itzuli egin beharko dute, bi hilabeteko epean, ezkontzatik edo izatezko bikotea eratzen denetik aurrera. (KPIa adina igoko da).
Epe hori igaro bada dirulaguntza itzuli gabe, Udalak bi dirulaguntzak itzultzeko eskatzen ahalko du, aipatutako epea akitzen den egunetik aurrerako legezko interesekin (edo KPIarekin). Itzulketa egiteko hilabeteko ohiko epea irekiko da. Aipatu hilabeteko epea igaro ondoren, Udalak bi dirulaguntzak erreklamatzen ahalko ditu premiamendu-prozeduraren bitartez, aplikagarria den araudiaren arabera eta zenbatekoaren %20ko gainkarguarekin.
8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak dira, eta, bereziki, honako hauek:
1. Jasotzen den zenbatekoa ohiko bizilekua izateko etxebizitza bat eraikitzeko erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako moduan.
2. Irurtzungo Udalaren aitzinean, baldintzak betetzen direla justifikatzea.
3. Irurtzungo Udalak bere kabuz edo entitate laguntzaileen bidez egiten ahal dituen egiaztapenak onartzea.
4. Irurtzungo Udalari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik jaso duen diruz lagundutako jarduera finantzatzeko edo/eta etxebizitza eraikitzeko, batez ere informazioa emateko (estatistikak). Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.
5. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpena egin baino lehen, frogatzea eguneratuak dituela Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zerga betebeharrak.
6. Jasotako dirua itzultzea legedia aplikagarrian eta ordenantza honetan aurreikusitako kasuetan.
IV. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZAREN ZENBATEKOA
9. artikulua. Diruz laguntzen ahal den prezioa.
Udalak, osoko bilkuran hartu beharreko erabakien bidez, udalerrian etxebizitzak eraikitzeko erabiltzen ahal diren lurzatien dirulaguntzetarako gehieneko prezioa finkatuko du urtero, ordenantza honen ondorioetarako bakar-bakarrik.
Erabaki horretan udalerriko sektore edo unitateak mugatzen ahalko dira gehieneko prezio horiek finkatzeko.
Ordenantza honen arabera diruz laguntzen ahal den prezioa honako hau da: udal erabakiak finkatutako lizitaziorako oinarrizko prezioaren eta dagokion lurzatiaren erosleak benetan ordaindutakoaren arteko aldea, baina ez du gainditzen ahalko lizitaziorako oinarrizko prezio horren bikoitza.
10. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Ordenantza honen arabera Irurtzungo Udalak lurzorua eskuratzeko onartzen ahal dituen laguntzak ordenantza honen 9. artikuluan ezarritako diruz laguntzen ahal den prezioaren %100era iristen ahal dira.
2. Dirulaguntzaren kuantifikazio zehatza egiteko, irizpide hauek aplikatuko dira:
2.1. Oinarrizko prezioaren eta eskuratzaileak benetan ordaindutakoaren arteko aldearen %50 gehienez, baldin eta eskuratzaileak frogatzen badu Irurtzunen erroldaturik dagoela 2 urte baino gehiagoz, lurzatia erosten denetik.
2.2. %40 gehiago, baldin eta, aurrekoaz gain, eskuratzailea 35 urtetik beherakoa bada.
2.3. %10, eskuratzailea familia ugaria bada.
V. KAPITULUA.–PROZEDURA
11. artikulua. Eskaerak eta dokumentazioa.
1. Eskaerak idatziz eginen dira, eta honako hauek jasoko dira idazkian: eskatzailearen izen-deiturak, dirulaguntzaren xede den eta eskuratu den lurzatiaren identifikazioa, ordaindutako prezioa, lurzatia noiz eta nola erosi den, eskatzailearen jakinarazpenetarako helbidea, lekua, data eta sinadura.
2. Eskaera-idazkiari dokumentazio hau erantsi beharko zaio:
A.–Eskritura publikoaren kopia, jabariaren eta kargen erregistroko ziurtagiria edo, hala badagokio, lurzatia eskuratu izanaren agiri pribatua, edo lurzatia eskualdatzeko erabakia, dirulaguntzaren xede den lurzatiaren eskualdatzailea administrazio publikoa bada.
B.–Diruz lagundu nahi den erosketaren xede den lurzatian eraikitzeko Irurtzungo Udalari obra-lizentzia eskatu izanaren sarrera-erregistroaren zenbakia edo eskaera hori dirulaguntza ematen denetik gehienez ere urtebete igaro baino lehen eginen delako erantzukizunpeko adierazpena. Bigarren kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egin baino lehen, 15 eguneko epean aitorpeneko datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak aurkeztea eskatzen ahalko du Udalak.
C.–Bikote ezkonduen edo izatezko bikote formalki eratuen kasuan, ezkondu direla edo izatezko bikoteen erregistroan inskribatu direla frogatzen duen agiriaren kopia.
3. Udalak eskatzaileei behar beste argibide eta agiri eskatzen ahal dizkie, eskatutako dirulaguntza lortzeko behar diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ahal izateko.
12. artikulua. Instrukzioa.
1. Espedienteak instruitzea alkateari dagokio, edo alkateak ebazpen bidez horretarako eskuordetzen duen zinegotziari.
2. Instrukzio-organoak ofizioz eginen ditu beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak, azken ebazpeneko datu erabakigarriak zehaztu, jakin eta egiaztatzeko.
Ildo horretan, udal zerbitzuei egokitzat jotzen dituen txosten juridiko eta teknikoak eskatuko dizkie ordenantza honetako baldintzak betetzeari buruz.
3. Instrukzio-organoak eskaerak ebaluatuko ditu eta horretarako espresuki sortutako kide anitzeko organo bati aurkeztuko dizkio. Organo hori bi zinegotzik, idazkari batek eta kontu-hartzaile batek osatuko dute. Organo horrek iritzia eman eta, hala badagokio, egindako ebaluazioaren emaitza txosten idatzi batean zehaztuko du.
4. Instrukzio-organoak, kide anitzeko organoaren txostena ikusita, behin-behineko ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoituta, eta interesdunei jakinaraziko die. Jakinarazpen horrek berak hamar egun balioduneko epea irekiko du alegazioak aurkezteko.
5. Interesdunek aurkezten dituzten alegazioak azterturik, instrukzio-organoak behin betiko ebazpen proposamena aurkeztuko du. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko ebazpen proposamena behin betiko ebazpen proposamentzat hartuko da.
13. artikulua. Ebazpena.
1. Irurtzungo Udalaren osoko bilkura da ebazteko organo eskuduna.
2. Udalaren ebazpena arrazoitua izanen da beti, eskaerak baloratzeko deialdian eta ordenantza honetan ezarritako irizpideei jarraikiz, baita instrukzio-organoak egindako behin betiko ebazpen proposamenari ere.
3. Prozedura ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, dirulaguntza eskatzen den egunetik hasita.
14. artikulua. Ustezko egintza.
Udalak eskaera espres ebatzi gabe, prozedura ebazteko gehieneko epea iraganik, interesdunak ezetsitzat ematen ahal du bere eskaera.
15. artikulua. Jakinarazpena eta argitalpena.
1. Ebazpen proposamenak administrazio-prozedurari buruzko legedia orokorrean ezarritako moduan jakinaraziko zaizkie eskatzaileei. Behin betiko ebazpen proposamena jasota, onuradunek berariaz jakinarazi beharko dute onartzen dutela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita 10 egun naturaleko epean.
2. Gainera, aurrekontu ekitaldi berean emandako dirulaguntzaren edo dirulaguntza guztien emakida udaletxeko iragarki oholean eta udalaren web orrian argitaratu beharko da hilabetez, eta emandako zenbatekoak edo, hala badagokio, ukatutakoak adieraziko dira.
16. artikulua. Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza honela ordainduko da: %50 etxebizitza eraikitzeko obren lizentziarekin eta gainerakoa lehen erabilerarako lizentziarekin.
1. Dirulaguntza eman ondoren, 7.2 edo 7.3 artikuluetan adierazitako eperen bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza itzuli eginen zaio Udalari, bai eta dagokion KPIa eta dirulaguntza ordaindu zen egunetik aurrerako legezko interesak ere. Udalak premiamendu bidera jotzen ahalko du, baldin eta adjudikaziodunak ez badu itzultzeko eskatzen horretarako ezarritako borondatezko epean.
2. Nolanahi ere, dirulaguntza ez da ordainduko udal agirietan adierazten bada onuradunak ez dituela egunean zergak, tasak eta Irurtzungo Udalarekiko gainerako zerga betebeharrak.
3. Egokiak iruditzen zaizkion bermeak jartzeko eskatzen ahal dio Udalak interesdunari, ordenantza honetako baldintzak betetzen ez badira, onartu zaion laguntza itzuliko duela segurtatzeko.
17. artikulua. Dirulaguntzak kontrolatzea.
1. Udalak kontrolatuko du bete ote diren emandako dirulaguntzen xedea, baldintzak eta helburua.
2. Behin dirulaguntzen xedea, baldintzak eta helburua bete ez direla egiaztatuta, Udalak berariazko prozedura hasiko du dirulaguntza osoa edo zati bat itzultzeko, ordurako ordainduta badago. Betiere, bermatuta daude defendatzeko legezko baliabideak eta interesdunari ematen zaion entzunaldia.
3. Itzultzeko prozeduran ez da baztertzen zehapen-espedientea instruitzeko aukera, arau-hauste administratiboa diren egintzek bultzatu dutenean.
18. artikulua. Bateragarritasuna.
Ordenantza honen babesean ematen ahal diren laguntzak bateragarriak dira beste administrazio, erakunde edo entitate publiko batzuek ematen dituztenekin, betiere haien guztien artean dirulaguntzaren xedearen kostua gainditzen ez badute. Kostu hori gaindituz gero, laguntza hau lehentasunez itzultzekoa izanen da gainerakoen aldean.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ordenantza honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENA
1.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bidez, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan hartuko du indarra.
2.–Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluak aipatzen duen hamabost eguneko epea iraganik argitaratuko da ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Iragarkiaren kodea: L2509666
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
