Iragarkia
16. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
NAFARROAKO HIRI HONDAKINEN TRATAMENDURAKO PARTZUERGOA
Hiri hondakinak lekuz aldatu, sailkatu, tratatu, balioztatu eta, behar izanez gero, ezabatzeko zerbitzuaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena
Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoko Zuzendaritza-Batzordeak, 2024ko urriaren 29an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: ordenantza fiskala, arautzen duena hiri hondakinak lekuz aldatu, sailkatu, tratatu, balioztatu eta, behar izanez gero, ezabatzeko zerbitzuaren tasa.
Iragarkia 2024ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 8an, eta jendaurreko epean inork ez duenez erreklamaziorik aurkeztu, behin betiko onetsitzat jotzen da, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, egoitza Iruñean baitu, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46. artikuluekin bat.
Aditzera ematen da, orok jakin dezan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 26an.–Partzuergoko burua, Oscar Chivite Cornago.
ORDENANTZA FISKALA, UDAL JATORRIKO HIRI HONDAKINAK LEKUZ ALDATU, SAILKATU, TRATATU, BALIOZTATU ETA, BEHAR IZANEZ GERO, EZABATZEKO ZERBITZUAREN TASA ARAUTZEN DUENA
I.–Lege oinarria, izaera eta xedea
1. artikulua.
1. Ordenantza hau hurrengo artikuluetan ezarritako eskudantzien babesean ezarri da: Konstituzioaren 133.2 eta 142. artikuluak, Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/98 Legearen 4.3 eta 20.4 artikuluak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 47.1.4 artikulua eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 12. artikulua eta hurrengoak; orobat, Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoaren Estatutuen 5-b), 27-b) eta 31. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
2. Ezarri diren ordainarazpenen izaera fiskala, hortaz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan aipatzen diren zerbitzu edo jardueren tasak izatea da.
3. Udal jatorriko hiri hondakinak lekuz aldatu, sailkatu, tratatu, balioztatu eta, behar izanez gero, ezabatzeko zerbitzuaren tasak ezartzea du helburu ordenantzak.
II.–Zergapeko egintzaren definizioak
2. artikulua.
Ordenantza honetan aurreikusitako ondorioetarako, hona zer diren:
–Hondakinak: hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearen eranskinean aipatzen diren kategorietako bateko edozein gai edo gauza, jabeak bota egiten badu edo botatzeko asmoa edo betebeharra badu. Betiere, hondakintzat hartuko dira Hondakinen Europako Zerrendan ageri direnak, baita haien aldaketetan sartutakoak ere (zerrenda hori onetsi zen Ingurumen Ministerioaren otsailaren 8ko 304/2002 Aginduaren bidez).
–Hiri- edo udal-hondakinak: sortzen direnak norberaren etxean, saltokietan, bulegoetan eta zerbitzuetan, baita arriskutsutzat jo gabe ere haien izaera edo konposizioagatik hartzen direnak aurreko toki edo jardueretan sortutakoen parekotzat.
Honako hauek ere hiri-hondakintzat joko dira:
a) Eremu publikoak, berdeguneak eta aisialdiko eremuak garbitzetik sortutako hondakinak.
b) Etxeko animaliak, baita abandonatutako gauza, altzari eta ibilgailuak ere.
c) Eraikuntzako obra txikietan eta etxeko konpontze lanetan sortutako zabor eta hondakinak.
d) Oro har, Udalak tratatu, bildu eta kudeatzen dituen hondakin eta hondar guztiak, indarra duen legeriaren arabera.
–Etxebizitza: ondasun higiezina, familiendako etxe partikular bat edo gehiago dituena, jendearen bizitoki dena, inor bizi edo ez.
–Bulegoak: titulartasun publikoko edo pribatuko ondasun higiezina, bulego lanetan erabiltzen dena, barnean direla bankuak, kutxak eta kredituko gainerako erakundeak.
–Saltokia: titulartasun pribatuko ondasun higiezina, prestatutako produktuak saltzeko edo banatzeko erabiltzen dena, nahiz zerbitzuak emateko dirua ordainduta, hala nola kafetegi, taberna, jatetxe, pub, diskoteka, dantzaleku, bingo, biltegi, supermerkatu, ekonomatu, kooperatiba, arrandegi, fruta-denda, harategi, okindegi eta antzeko, tailer, gasolindegi, zinema, antzoki, jarduera artistiko, gimnasio, aisialdiko kirolgune, igerileku, ile-apaindegi, ikastegi, ikastetxe, hotel, motel, hostal, pentsio eta ospitaleak; halaber, edozein ostatu, klinika, kontsultategi eta tanatorio edo antzeko ezaugarriak dituen beste edozein enpresa jarduera, izaera sozial hutsekoak barne, dirua ordaindu gabe egiten dena eta Poliziaren eta Ikuskizun Publikoen Erregelamendu Orokorrean bildutako guztiak.
–Zentro ofizialak: titulartasun publikoko ondasun higiezinak, hau da, Estatuko Administrazio Orokorrarenak, autonomia erkidegoenak, toki administrazioarenak eta nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko gainerako erakundeenak, aipatutakoei lotuak edo haien mendekoak, egiten dituztenak jarduera kulturalak, erlijiozkoak, kirolekoak, sozialak, osasunekoak, ongintzakoak, herritarren segurtasunekoak, babes zibilekoak edo ingurumenekoak, ospitaleak, klinikak, anbulatorioak, hilerriak, kuartelak, espetxeak, ikastetxeak, unibertsitateak, garraio publikoko geltokiak, jendea hartzeko bulegoak eta, oro har, jarduera administratiboari dagozkion guztiak, baldin entitateek haietan betetzen badituzte legez dagozkien eskumenak.
–Industria: titulartasun publiko edo pribatuko ondasun higiezina, erabiltzen dena lehengaiak produktu elaboratu bihurtzeko, elaboratzeko eta fabrikatzeko, gero merkaturatzeko, hala nola ateratzea harriak, mineralak, ura, eta abar; ekoiztea energia, metalak, beira, ehunak, janariak, edariak, tabakoa, ongarriak, landareak, larrua, oinetakoak, papera, kautxua, plastikoak, ibilgailuak, garraioko materiala, makineria etab. nahiz antzeko produktu manufakturatuak; orobat, tona handiko gaiak biltegietan pilatzea eta handizka banatzea.
–Hondakinen kudeaketa: hiri-hondakinak jaso, biltegian pilatu, garraiatu, balioztatu eta ezabatzea transferentziaguneetan, sailkapen plantetan eta probintziako hondakinen tratamendu zentroetan, orokorrean edo banan-banan, instalazio horietako baten edo gehiagoren bidez.
–Hiri-hondakinen kudeaketa integrala: hondakina kudeatzea, biltzen denetik ezabatzeko entregatzen den arte, behin hautatu, sailkatu eta birziklatu ondoren.
III.–Zergapeko egintza
3. artikulua.
1. Hein batean edo erabat kudeatuz, udal jatorriko hiri hondakinak lekuz aldatu, sailkatu, tratatu, balioztatu eta, behar izanez gero, ezabatzeko zerbitzu publikoa egitea da tasa honen zergapeko egintza. Zerbitzu hori ez da borondatez eskatu edo hartzen dena, eta hondakinak etxe, ostatu, industria, lokal edo establezimenduetan sortutakoak dira.
Zerbitzuak emantzat joko dira:
–Jendea bizi den etxebizitzetan edo bizitzeko moduan direnetan.
–Lokal edo establezimenduetan, baldin haietan egiten badira jarduera industrialak, merkataritzakoak, profesionalak, artistikoak edo zerbitzu alorrekoak.
–Bi kasuetan, baldin etxebizitzak, ostatuak edo zerbitzuak ematen dituzten lokalak inskribatuta badaude lurraren kontribuzioan edo horretarako baldintzak betetzen badituzte, alde batera utzita, etxebizitzen kasuan, lehenbizikoz edo bigarrenez okupatzeko lizentzia duten, eta alde batera utzita, lokal eta establezimenduen kasuan, irekitzeko edo jarduera hasteko baimena duten, edo, betiere, fisikoki egiaztatzen bada jarduera ekonomikoa egiten dela edo higiezina etxebizitza gisa erabiltzen dela.
2. Hiri- edo Udal hondakintzat jo gabeko hondakinak kudeatzeko zerbitzuak ez dira tasa honen zergapeko egintza. Bereziki, honako hauek:
a) Ibilgailuak, makineria eta industriako ekipoak, haien baliagarritasuna bukatutakoan, abandonatutako ibilgailuak kenduta.
b) Industriako hondakinak, ohikoak: industriaren jarduerak sortutakoak, etxekoetakoen parekotzat jo ezin eta berezitzat hartu ezin direnak haien bolumen, izaera edo jatorriagatik, haien ezaugarriak direla eta kaltegarriak izanik pertsona, animalia eta landareen bizitzarako.
Oro har, kategoria honetan sartzen dira ingurumena andeatzeko arriskua duten guztiak, nahiz ez diren arriskutsutzat hartuak Estatuko eta Europako araudian.
c) Lohi eta lokatza, Partzuergoak baimendu gabea, nekazaritzako hondakinak; nekazaritzan erabilitako bilgarriak; giza hondarrak edo detritua; material kutsatuak, korrosiboak, arriskutsuak edo neurri bereziak eskatzen dituena haiek bildu edo botatzeko higiene, profilaxi edo segurtasun aldetik, apirilaren 21eko 10/1998 Legeak eta azaroaren 21eko 283/1995 Dekretuak ezarri moduan; eta, bereziki, azken xedapen horren 25. artikuluan aipatzen direnak.
d) Hondakin bereziak, hala nola elikagai eta produktu iraungiak, altzari eta gauza zaharrak, bilgarriak, landare olioak, animalia hilak edo haien puskak, obra zibileko eta eraikuntzako lur eta hondakinak, edo bertze edozein, Partzuergoaren zerbitzu teknikoek, haien ezaugarriak ikusita, berezitzat jotakoa, nahiz artikulu honetako ataletan ez jaso.
e) Hondakin arriskutsuak, oro har: hondakin arriskutsuen zerrendan daudenak, Europako Zerrendan direnak, baita haien ontzi eta bilgarriak ere. Etorkizunean Europako araudiak arriskutsutzat jotzen dituenak eta Gobernuak onesten dituenak Europako araudian edo nazioarteko itunetan –Espainia ere parte dela– ezarritakoari jarraituz. Bereziki, etxeko hondakin arriskutsuak.
Kategoria honetan sartzen dira, etxeetan sortutakoak izanik, Europako Zerrendan arriskutsutzat jotakoak, hala nola:
1.−Lekeda, itsasgarri, pintura, berniz eta disolbatzaileak eta haien bilgarriak.
2.−Olio mineralak, gehigarriak, automozioko jariakinak eta haien bilgarriak.
3.−Botikak, terapian erabiltzen diren produktuak eta haien bilgarriak.
4.−Hondakin elektriko eta elektronikoak, hala nola ordenagailuak eta etxetresna elektrikoak, RAEE 2002/96 CE zuzentarauan erregulatuak.
5.−Pilak eta metagailuak.
6.−Hodi fluoreszenteak.
7.−Erradiografiak.
f) Osasun hondakinak: errate baterako, zenbait eritasun kutsatzeko gai diren hondakin infekziosoak, hondakin anatomikoak, odola eta haren eratorri likidoak, orratzak eta material zorrotz edo ebakitzaileak, moteldutako birus bizien txertoak, etab.
Oro har eta mugarik gabe, Europako Hondakinen Zerrendako 18.01.01; 18.01.02; 18.01.03; 18.02.01; 18.02.02, 18.02.03 eta 18.01.05 multzoetan sailkatutako hondakinak, baita kutsatzeko arriskua dutenak osasun etxeetan, haietan jarduera edo zerbitzu hauek egiten direlako:
–Eriendako osasun laguntza.
–Analisia, ikerketa edo irakaskuntza.
–Produktu biologikoak eskuratu edo manipulatzea.
–Medikuntza prebentiboa.
–Albaitaritzako laguntza.
–Hileta eta auzitegiko zerbitzuak.
g) Hiltegietako hondakinak.
Aurreko apartatuetan aipatu hondakinak sortu edo gordetzen dituztenek Administrazioaren esku utzi beharko dituzte, nahiz haiek kudeatzeko jarduerez arduratzen den entitatearen edo kudeatzaile baimenduaren esku, hondakin bakoitzerako legez aurreikusitako moduan.
3. Hondakinak hobeki kudeatzeko, Partzuergoak edozein unetan katalogatzen ahal ditu berriro bere jarduketa eremuan ezarritako jarduerek sortutako hondakinak, Europako Hondakinen Zerrendari jarraituz.
IV.–Tributudunak, subjektu pasiboak eta erantzuleak
4. artikulua.
1. Zergapekoak dira zerga-betebeharrak dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, jarraikiz zerga arloko araudiari.
2. Zergadunak, zergadunaren ordezkoak, atxikitzaileak eta konturako diru-sarrera egitera behartuak eta Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 21. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoak tributuduntzat hartzen dira; orobat, jaraunspen jasogabeak, ondasun komunitateak eta bertze entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizi zergapegarria osatzen badute.
5. artikulua. Subjektu pasiboak.
1. Zergadun gisa, tasa honen zergapeko egintzaren zerbitzuen onura edo eragina jasotzen duten pertsona fisiko eta juridikoak dira subjektu pasiboak, baita entitateak ere, Partzuergoan sartutako toki entitateen udalerrietan diren toki, plaza, kale edo eremu publikoko etxebizitza, lokal edo establezimenduak okupatu edo erabiltzen badituzte.
Subjektu pasiboak nor diren zehaztearren, Partzuergoak emandako zerbitzuaren onuraduntzat joko dira Partzuergoko entitateren batek hala hartzen dituenak bere jarduketa eremuaren barrenean hondakinak biltzeko tasa ordainarazten duenean. Tasa honen tarifa aplikatuko zaie, hondakinak sortzen dituen jarduera edo erabilera etxekoa den edo ez kontuan hartuta.
2. Subjektu pasibotzat hartuko dira, zergadunaren ordezko diren aldetik, etxebizitzen, lokalen edo establezimenduen jabeak; jabe horiek zilegi dute kuotak zerbitzuaren erabiltzaileei egoztea, zerbitzuaren onuradun direnez gero.
6. artikulua. Erantzule solidario eta subsidiarioak.
Zerga-zorren erantzukizun solidario eta subsidiarioa izanen dute Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 29 eta 30. artikuluetan aipatzen diren pertsona edo entitateek.
V.–Salbuespen, murriztapen eta hobariak
7. artikulua. Ez da inolako salbuespen, murriztapen edo hobaririk ezarri tasa honen subjektu pasiboentzat, non ez diren propio jasota egun aplikatzen den araudian.
VI.–Zergaldia eta sortzapena
8. artikulua.
1. Zerbitzua udal, barruti, alde, sektore, kale edo plazetan ematen hasten den unean sortzen da tasa eta hura ordaindu beharra sortzen da tasaren subjektu pasiboentzat, etxebizitza, ostatu, merkataritzako eta industriako lokal eta establezimenduak edo bizitzeko, okupatzeko edo jarduera ekonomikoak egiteko gai diren tokiak erabiltzen dituztenean.
2. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 107. artikuluan ezarritako moduan sorrarazten da tasa.
VII.–Zerga-oinarria, likidazio-oinarria,
tarifa eta tributu kuota
9. artikulua.
Zerga-oinarria:
1. Tasaren zerga-oinarria subjektu pasibo bakoitzarendako zehazteko, kontuan hartuko da zenbat unitate dauden hondakinak sortzeko gai direnak etxebizitza okupatzeko edo edozein jarduera ekonomiko ustiatzeko eskubideetan, Partzuergoko kide den entitateak bere araudian ezarritako determinazioen arabera.
Likidazio-oinarria:
2. Likidazio-oinarria eta zerga-oinarria bat dira, murriztapenik ez denez.
Tarifa:
3. Tasaren tributu-kuotak zehazten dituzten zerga-oinarriei aplikatzekoak zaizkien tasak eta tarifak izanen dira Partzuergoko organo eskudunak aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako ezartzen dituenak, kontuan hartuz aurreztu dena, bai sorkuntza ratio txikiagoen ondoriozko kostuetan bai materia organikoaren gaikako bilketaren sistemak ezartzean eta, baita ere, kasua bada, ordenantza honetako 6. artikuluko 1. zenbakian aipatutako udalerriaren eremuan egindako hobekuntzekin; hori guztia, ordenantzaren eranskinean ezarritakoari jarraituz.
Zerga-kuota:
4. Tributu-kuota urtekoa izanen da, eta indarrean dauden tarifak kargaren oinarriei aplikatzetik aterako da, kide berrien kasuan izan ezik; horiei hainbanaketa aplikatuko zaie, eman zaien zerbitzuaren araberako irizpideei jarraituz.
VIII.–Kudeaketa arauak
10. artikulua. Sartzeko deklarazioa.
1. Partzuergoaren tasari dagokion errolda fiskaletik kudeatzen da tasa. Hura, hiri hondakin solidoak biltzeko zerbitzua ematen dela eta, Partzuergoko entitateek prestatu eta urtero onetsitako erroldak elkartuta osatzen da.
2. Ondorio horiekin, Partzuergoak une oro bere eskura izanen du entitate kidetuek kudeatutako errolda fiskalen informazio eguneratua.
11. artikulua. Alta, baja eta aldaketen deklarazioak.
Tasa hau ordainarazteko arrazoi den hondakinen tratamendurako zerbitzuko alta, baja eta aldaketen deklarazioak Partzuergoko kide diren entitateetan izapidetu beharko dira, non dagoen zerbitzua hartzera behartzen duen higiezina, eta ordenantza honetako aurreikuspenen araberako ondorioak izanen ditu.
12. artikulua. Ordainarazpena eta diru-bilketa.
1. Partzuergoko entitateak arduratuko dira, zergaldi bakoitzeko ezarritako tarifen arabera, ordenantza honetan araututako tasa biltzen, hondakinak jasotzen emandako zerbitzuaren tasa ordainaraztean.
2. Partzuergoko entitateek, tratamenduaren tasa biltzearren, ordainagirian zehaztuko dute zein den kontzeptua eta zein subjektu pasiboari aplikatzen zaion tarifa.
3. Aitorpen eta likidazioak Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak prestatutako inprimakietan aurkeztuko dira, zergaldi bakoitzeko diru-bilketaren ondoko hilabetean.
13. artikulua. Premiamendu prozedura.
Likidatutako kuotak, kobrantzaren borondatezko epean ordaintzen ez badira, administrazioaren premiamendu bidez eskatuko dira, Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren arauei jarraituz.
IX.–Arau-hausteak eta zehapenak
14. artikulua.
1. Tributuaren aurkako arau-hausteen kalifikazioari dagokionez, baita haien zehapenen gainean ere, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen I. tituluko IV. kapituluko 6. atalean xedatutakoari jarraituko zaio.
2. Zehapenak ezartzeak ez du inoiz ekarriko bertan behera gelditzea sortutako kuoten likidazioa eta kobrantza.
15. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzeak eta tributuen aurkako arau-hausteen ondoriozko zehapenak ordaintzeak ez du berekin ekarriko libratzea egungo araudia urratzeagatik ezarritako zehapenak edo isunak ordaintzetik, eta bereziki zerbitzua arautzen duen ordenantza ez betetzeagatik ezarritakoak ordaintzetik.
X.–Arau osagarriak
16. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten ez duen hartan, eta baldin badagokio tasa hau aplikatu, kudeatu, likidatu, ikuskatu eta biltzeari, jarraituko zaio uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta 2/1995 Foru Legeari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), baita abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrari eta hura garatzeko emandako gainerako xedapenei ere (Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra).
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ordenantza honek, behin betiko onetsi ondoan, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan, 2025eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta berariaz aldatu edo ezeztatu arte jarraituko du indarrean.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratuko da Hiri hondakinak lekuz aldatu, sailkatu, tratatu, balioztatu eta, behar izanez gero, ezabatzeko zerbitzuaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala, 2024ko otsailaren 27ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua.
TARIFEN ERANSKINA
1. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, tarifen zenbatekoak zehaztuko dira ondoko taulan ezarritako kopuru eta irizpideen arabera, kontuan izanik zein den jarduera eta zerbitzuaren prestazioa gertatzen den establezimendua. Etxeko tarifari dagokionez (T) 84,45 eurokoa izanen da.
TALDEA/ TARIFAK | JARDUERAK TOKI ZEHATZETAN | PISUA, |
1. TALDEA: etxekoa | ||
1. TARIFA | Etxeak | T |
2. TALDEA: etxeko tarifaren parekoak | ||
2. TARIFA | Bulegoak, langelak, jarduera profesionalak egiten diren lokalak, eta, oro har, zerbitzuen sektorearekin lotutakoak. Bulego eta instalazio publikoak barnean hartzen ditu, baldin ez badute jantoki zerbitzurik. Merkataritzako establezimenduak, elikagaiak salbu, haien azalera osoa 150 m²-tik beherakoa bada. Elkarte gastronomiko guztiak sartzen dira. | 1,25 x T |
3. TARIFA | Merkataritzako establezimenduak, elikagaienak salbu, haien azalera osoa 150 m²-tik gorakoa bada. Ostalaritza eta aisialdiko establezimenduak, jantoki zerbitzurik gabe, haien azalera osoa 150 m²-tik beherakoa bada. Elikagaien establezimenduak, haien azalera osoa 150 m²-tik beherakoa bada. Barnean sartzen dira azalera hori duten okindegiak eta/edo gozotegiak. | 2 x T |
4. TARIFA | Ostalaritza eta aisialdiko establezimenduak, jantoki zerbitzurik gabe, haien azalera osoa 150 m²-koa edo hortik gorakoa bada. Ostalaritza eta aisialdiko establezimenduak, jantoki zerbitzua dutenak, haien azalera 150 m²-tik beherakoa bada. | 3 x T |
5. TARIFA | Industriako establezimenduak, handizkako banaketarako establezimenduak eta lantegiak, betiere ez badaukate jantoki zerbitzurik eta ez badute elikagairik maneiatzen, biltegiratzen edo eraldatzen. | 3 x T |
3. TALDEA: bereziak | ||
6. TARIFA | Elikagaien merkataritzako establezimenduak, haien azalera osoa 150 m²-tik gorakoa eta 500 m²-koa edo txikiagoa bada. Ostalaritzako establezimenduak sartzen dira, publikoak edo pribatuak izan, jantoki zerbitzua izan eta azalera hori dutenak. | 5 x T |
7. TARIFA | Industriako establezimenduak, jantoki zerbitzua badute edo haien jardunean elikagaiak maneiatzen edo eraldatzen badituzte. | 6 x T |
8. TARIFA | Elikagaien merkataritzako establezimenduak, haien azalera osoa 500 m²-tik 1.000 m²-ra artekoa bada. Ostalaritzako establezimenduak, publikoak edo pribatuak, jantoki zerbitzua izan eta azalera hori dutenak, baldin eta haien plaza kopurua 100etik beherakoa bada. Hemen sartzen dira kanpin guztiak, haien plaza kopurua edozein delarik ere. | 7 x T |
4. TALDEA: hondakin sortzaile handiak | ||
9. TARIFA | Elikagaien merkataritzako establezimenduak, haien azalera osoa 1000 m²-koa edo hortik gorakoa bada. Ostalaritzako establezimenduak, publikoak edo pribatuak, jantoki zerbitzua izan eta azalera hori dutenak, baldin eta haien plaza kopurua 100 edo hortik gorakoa bada. | 20 x T |
2. Tributu-kuota zehazteko, honako formula hau aplikatuko da:
A)
Bukaerako tarifa = Oinarrizko tarifa x (1- F1 (errefusaren sorkuntza) - F2 (organikoaren ezarpena))
Etxeetako subjektu pasiboendako.
B)
Bukaerako tarifa = Oinarrizko tarifa x (1- F2 (organikoaren ezarpena))
Etxekoak ez diren subjektu pasiboendako.
Honako hau izanik:
F1 (errefusaren sorkuntza): errefusaren sailean tona gutxiago sortzea, subjektu pasibo baliokide batek sortzen duen batezbertzekoa baino (bildutako euroak guztira/etxeko tasa), kontuan hartuz udalerria zein mankomunitatetan, eskualdetan edo tokiko elkartetan dagoen. Aipatu neurriaren azpitik dagoen ehuneko puntu bakoitzeko, zerga-oinarriari ehuneko puntu bat kenduko zaio, kontzeptu honengatik %5 murrizteraino gehienez ere.
F2 (organikoaren ezarpena):
–Etxeko eta komunitateko konpostatze sistemak ezartzeagatik: %20ko murriztapena etxeko konpostatze programako parte-hartzaile bakoitzarendako eta bertze %20 konpostatze komunitarioko programako parte-hartzaile bakoitzarendako.
–Materia organikoaren gaikako bilketa ezartzeagatik, honela murriztuko dira tasak:
F2 = %15, baldin eta ezegokiak < %5.
F2 = %10, baldin eta %5 < ezegokiak < %20.
F2 = %5, baldin eta %20 < ezegokiak < %25.
F2 = %0, baldin eta ezegokiak > %25.
Murritapena lortzen ahalko da etxeko eta komunitateko konpostatze sistemak ezartzeagatik, edo, bertzela, materia organikoaren gaikako bilketa ezartzeagatik; ezin izanen dira aipatu kasuak metatu.
Murriztapen horiek subjektu pasibo hauei aplikatuko zaizkie:
a) Bilketa, bereizi gabeko edukiontzia erabiliz: sistema horretan izena eman duten guztiei. Sistema horri atxikitzeko erregistrorik ez badago, murriztapena aplikatuko da ezarpen eremu osoan (edukiontzia duten udalerriak).
b) Bilketa, bereizitako edukiontzia erabiliz: sistema horretan izena eman duten guztiei.
c) Bilketa, banakako edukiontzia erabiliz: ezarpen eremuko subjektu pasibo guztiei (atez ateko bilketa sistema duten udalerriak).
Iragarkiaren kodea: L2418997
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
