16. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

461E/2024 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, "Industriako ETEetan berrikuntza-proiektuak egiteko laguntzak. 2025eko deialdia" izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBNeko identifikazioa: 805627.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak, 24. artikuluan, hau ezartzen du: "I+G+b-ren balio-katea segurtatzeko, Nafarroako Foru Komunitatean I+G+b arloan eskuduna den departamentuak I+G+b arloan dagoen aurrekontua banatuko du, oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua, garapena eta berrikuntza sustatzeko neurrien artean, halako moduz non bakar bat ere ez den finantzaketarik gabe geldituko".

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak, enpresen I+G+b jarduerak sustatzeko dituen eskumenak baliatuz, berrikuntza babestu nahi du, ikerketaren eta garapenaren ondoriozko emaitzak produktu eta zerbitzu berri gisa merkaturatzeko edo enpresako prozesu berri bihurtzeko jarduera den aldetik.

2021-2025 Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren 6. erronkako ("Berrikuntza- eta lankidetza-jarduera areagotzea") 17. neurrian ("Berrikuntzaren hastapenerako proiektuak") sarturik daude laguntza horiek.

Bestalde, enpresen arteko lankidetza funtsezkotzat jotzen da Nafarroako berrikuntza-ekosistema handitzeko eta azkartzeko; horrenbestez, ETEek garatutako banakako proiektuak ez ezik, enpresa handiek ere parte hartzen ahalko duten lankidetza-proiektuak ere lagunduko dira diruz deialdi honetan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Industriako ETEetan berrikuntza-proiektuetarako laguntzen 2025eko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 2.140.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretan 2024ko 820005-82600-7701-467311 ("Berrikuntza-proiektuetarako dirulaguntzak") partidaren baliokidea den partidan, kreditu aski egotearen baldintzapean.

4. 300.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarri bat finkatzea. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

Lotutako partida hauetatik etortzen ahalko da aurrekontu-zuzkidura: 820005-82600-4701-467302 ("Oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak ezartzeko dirulaguntza") eta 820005-82600-4701-467300 ("Ezagutza-zerbitzu intentsiboetarako bonu teknologikoak").

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko abenduaren 26an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako industriako enpresetan inbertsioak egin daitezen sustatzea, enpresa horien hazkunde jasangarria eta lehiakortasuna sendotzeko eta haietan kalitatezko enplegua sortzeko.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Honako hauek eska ditzakete laguntzak:

a) ETEek.

b) Enpresa handiek, baina 3. oinarrian araututako lankidetza-proiektuetarako bakarrik.

Enpresen tamaina zehazteko, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako ETEen definizioa hartuko da kontuan. Erregelamendu horren bidez (aurrerakoan, KSEO –Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorra–), barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait laguntza-kategoria, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

2. Eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:

a) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskatu izana, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Nafarroan lantoki bat izatea, eta horretan atxikita egotea diruz laguntzekoa den proiektuan parte hartuko duten langileak. Beste langile batzuek parte hartzen badute, behar bezala justifikatu beharko da. Betiere, proiektuari egotzitako langile-kostu gehiena Nafarroako lantoki bati atxikitako langileei egokitu behar zaie.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku kasuetan ez egotea.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, eskatzaileak baimena ematen dio departamentu honi egoera hori egiaztatzen duten datuak kontsultatzeko, hala dagokionean. Eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen hori emateari, betebehar horietan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

3. Eskatutako baldintzak laguntza osorik ordaindu arte bete beharko dira, eta eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hala dela.

4. Ez dira 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen onuradun izaten ahalko zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa epeak:

a) Kontabilitate araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak. Egoera hori egiaztatzeko, hurrengo apartatuan adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahal dute.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1.–Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (% 90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila % 90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).

Nahi izanez gero, 4. apartatuko dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, deialdia ebazten duen egintza Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan (hemendik aurrera, laguntzen fitxa) argitaratu ondotik. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehenago, epearen barruan eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, hura lortu ondotik, laguntzen fitxan argitaratu eta hiru hilabeteko epean aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

5. Honako hauek ere ez dira onuradun izaten ahalko:

a) Bete gabe dagoen berreskuratze agindu baten mende dauden entitateak, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondotik; ez eta krisian dagoen enpresaren kalifikazioa dutenak ere, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 18. atalean definitzen den gisan.

b) Krisian dauden enpresak, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 18. ataleko definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

c) Administrazio-zehapen irmo edo kondena epai irmoren bat betetzen ari diren entitateak, sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak.

6. Enpresa onuradunean egiturazko aldaketarik gertatzen bada (eraldatzea, bat-egitea, zatiketa edo aktibo eta pasiboen lagapen globala), ondorengoak oinarriotan ezarritako baldintzak bete beharko ditu onuradun-izaerari eusteko, eta hori behar bezala frogatu beharko du.

S4 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, subrogazioa baimenduko du, hala badagokio, eta 8. oinarriaren arabera kalkulatuko du berriz laguntzaren intentsitatea, baina ez da izaten ahalko hasierakoa baino handiagoa.

3. oinarria. Proiektuen modalitateak.

Mota hauetakoak izaten ahalko dira berrikuntza-proiektu diruz lagungarriak:

–ETE batek bakarka eginen duen banakako proiektu bat.

–Enpresen arteko lankidetza-proiektu bat, baldintza hauek betetzen dituena:

a) Proiektuak gutxienez bi enpresa independenteren arteko "lankidetza eraginkorra" behar du, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 90. definizioaren arabera.

b) Enpresetako batek, gutxienez, ETEa izan behar du.

c) Enpresetako bakar batek ere ez du bere gain hartu behar proiektuko kostu diruz lagungarrien % 70 baino gehiago.

d) ETEek, guztira, kostu diruz lagungarri guztien % 30 hartu behar dute beren gain, gutxienez.

e) Parte-hartzaile guztiek bete beharko dituzte laguntzak jasotzeko oinarri arautzaile hauetan galdegiten diren baldintzak eta betebeharrak.

4. oinarria. Berrikuntza-proiektuek bete beharrekoak.

1. Berrikuntza-proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte diruz lagungarri izateko:

a) "Antolaketaren arloko berrikuntza-proiektua" edo "prozesuen arloko berrikuntza-proiektua" izatea, KASEOren 2. artikuluko 96. eta 97. apartatuetan, hurrenez hurren, definitzen denari jarraikiz.

b) Berrikuntza-mota hauetako batean aritzea:

–Produktu edo ekoizpen-prozesurako eta hornigairako berrikuntza teknologikoa. Produktu eta/edo ekoizpen-prozesu edo hornigai berriak edo nabarmen hobetuak sortzen laguntzen duten soluzio teknologiko bat edo batzuk integratu eta erabiltzeko proiektuak.

–Negozio-prozesuen arloko metodologiak berritzea. Produktu eta/edo ekoizpen-prozesu edo hornigai berriak edo nabarmen hobetuak ezartzea dakarten metodo berriak edo lehenagotik dauden metodoen konbinazioak integratu eta erabiltzeko proiektuak.

–Negozio ereduetako berrikuntza. Merkaturatze-ereduak sortzeko edo hobetzeko eta hala enpresaren xede eta helburu estrategikoak lortzeko aukera ematen duten negozio-eredu berriak diseinatu eta abiaraztera bideratutako proiektuak.

c) Teknologia-heldutasun maila altua (TRL) izatea (7-8koa) ekoizpen-prozesuetarako, produktu eta zerbitzuetarako eta proiektuetarako, honako hauek barne hartzen dituztelarik: hala frogatze-jarduerak, prototipoak egitea, pilotuak eta produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo nabarmen hobetuak probatu eta baliozkotzea benetako funtzionamendu-baldintzak irudikatzen dituzten inguruneetan (TRL7) nola sistema oso eta ziurtatuaren probak eta erakustaldiak ingurune errealean egitea (TRL8).

d) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S4) gaiekin bat etortzea.

e) 40.000 euroko gutxieneko aurrekontua izatea (BEZik gabe).

f) Ez eragitea kalte nabarmenik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduko 17. artikuluan aipatutako ingurumen arloko objektuei (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da).

2. Baldintza horiek betetzen jarraitu beharko da proiektuaren azken justifikazioa egin arte (2026ko otsailaren 6a).

5. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direnak, laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz.

2. Honako partida hauetan bilduko dira proiektuko gastu diruz lagungarriak:

a) Pertsonal-gastuak, proiektuan zuzenean aritzen diren heinean eta denbora horretan. Gastu horiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Orduko kostu diruz lagungarria kalkulatzeko, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboa hartuko da oinarri, itundutako balizko hobekuntzak barne, eta 14.2.d) oinarrian adierazitakoari jarraikiz justifikatuko da.

–Gehienez ere, ordu bakoitzeko 45 euroko gastua izanen da diruz lagungarria.

–Autonomoen kasuan, eta aukera-kostua kontuan hartzeko (proiektuari eskainitako denboran ez fakturatzea), honako soldata-gastu hauek ezartzen dira, lanbide-kualifikazioaren arabera:

LANBIDE-KUALIFIKAZIOA

EUROAK ORDUKO

Doktoregoa

45

Masterra

40

Unibertsitateko titulua / Gradua

35

Lanbide Heziketa (LH) edo Batxilergoa

25

Kualifikaziorik gabea

20

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: tresnak, lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek proiektutik kanpoko beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko erosten badira, banaketarako erabilitako irizpidea justifikatu beharko da.

c) Ekipoak amortizatzeko gastuak, asmakuntza-patenteenak, baliagarritasun-modeloenak eta sendagaiak eta produktu fitosanitarioak babesteko ziurtagiri osagarrienak, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta denboran.

Gastu horiei dagokienez, honako hau hartu beharko da aintzat:

–Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

–Proiektua gauzatzeko behar den ekipamenduaren amortizazioa diruz lagunduko da, salbu eta erabilera orokorreko gailu informatikoena (ordenagailuak, inprimagailuak, etab.). Ekipamendu hori errentamendu finantzario, operatibo edo gisako batean erabiltzen bada, ez da diruz lagunduko interesei dagokien kuota-zatia.

–Ez dira diruz lagunduko beste edozein laguntza publiko jaso duten amortizazio-gastuak.

d) Proiektuan berrikuntza-lanak egiten dituzten eta ezagutza teknikoak ematen dituzten erakundeen kanpoko lankidetza-gastuak, dirulaguntzaren xede den gastuaren % 50 gehienez ere. Kontzeptu honetan sartuko dira bai kontratazioak bai 13 oinarrian aipatzen diren azpikontratazioak.

e) Proiektuarekin zuzenean lotutako beste gastu batzuk, baldin banan-banan hari eslei badakizkioke, adibidez:

–Laguntza-eskaera prestatu eta aurkeztearekin lotutako aholkularitza-gastua; gehienez ere 1.500 euroko dirulaguntza ematen ahalko da banakako proiektu bakoitzeko, eta 3.500 euro elkarlaneko proiektu bakoitzeko.

–Zabalkunde-gastuak; gehienez 2.000 euro proiektuko. Apartatu honetan sartzen ahalko dira, halaber, hedapen- eta komunikazio-ekitaldiak antolatzeko gastuak. Laguntza hori proiektua zabaltzeko ardura duenak bakarrik eskatzen ahalko du.

3. Ekipamenduko ondasunengatik edo aholkularitza- edo laguntza-enpresek zerbitzuak emateagatik diruz lagundu daitekeen gastuetakoren bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak "Hornitzailea hautatzeko justifikazioa" izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, hori justifikatu egin beharko da aipatutako inprimakian.

4. Onuradunak bere merkataritza-jardueraren ondoriozko gastu diruz lagungarriak egin baditu, gastu horiek ordainduta egon beharko dute aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-aldietan, edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epealdietan.

5. Proiektuaren gastu diruz lagungarrietatik kenduko dira lortutako azpiproduktuen, hondakinen eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik onuradunak lortutako diru-sarrerak.

6. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Langileen prestakuntza.

b) Proiektuaren finantza- eta administrazio-kudeaketa, bai eta kudeaketa horri lotutako aholkularitza eta ziurtapena ere.

c) Bulegoko material eta gastuak.

d) Bidaia-gastuak, dietak, kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.

e) Merkatu-azterlanak, sustapen-gastuak eta azoketan parte hartzekoak.

f) Proiektua dela-eta prototipoak fabrikatzeko erabilitako materialak, gero merkaturatzen badira edo entitatearen ekoizpen-jardueran erabiltzen badira, haien birjarpen-baliora mugatuta.

g) CE marka lortzea.

h) Zeharkako kostuak.

6. oinarria. Laguntzen eragin pizgarria.

Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza hauek ondorio pizgarria izan behar dute; hortaz, dirulaguntzaren eskaera aurkeztu baino lehen abiatzen diren proiektuak ez dira diruz lagunduko.

Ondorio horietarako, laguntza-eskaera aurkezteko egiten diren lanak ez dira "lanen hasieratzat" hartuko, KSEOren 2. artikuluko 23. definizioaren arabera. Era berean, aurretiazko bideragarritasun-azterketak egiten ahalko dira, horiek ez dutelako dirulaguntzarik jasotzen.

7. oinarria. Proiektua gauzatzeko epea.

Laguntza eskatzen den egunetik 2025eko urriaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira proiektuak.

Ondorio horietarako, proiektua aldi horretan gauzatutzat joko da honako baldintza hauek betetzen direnean:

a) Proiektuak helburuak lortu izana eta memorian aurreikusitako jarduerak egin izana.

b) Gastu diruz lagungarriak fakturatuta egotea.

8. oinarria. Laguntzen intentsitatea eta haien gehieneko zenbatekoa.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz lagungarritzat jotako gastuei aplikatuko zaien laguntzaren intentsitatea honako hau izanen da enpresaren tamainaren arabera, hurrengo apartatuetan ezarritako mugekin:

TAMAINA

INTENTSITATEA

Handia

% 15

Ertaina

% 40

Txikia

% 50

2. Hau izanen da laguntzaren gehieneko zenbatekoa:

a) 200.000 euro, banakako proiektuen kasuan.

b) 350.000 euro lankidetza-proiektuen kasuan, baina enpresa parte-hartzaileetako ezeinek ez du erdiesten ahalko 200.000 euro baino gehiago laguntzatan.

3. Eskaera guztiei erantzun ondotik aurrekontu aski badago, laguntzaren gehieneko zenbatekoa handitzen ahalko da: 250.000 euroraino, banakako proiektuetarako, eta 450.000 euroraino, lankidetza-proiektuetarako (gehienez 250.000 euro parte-hartzaile bakoitzeko). Horretarako, 10. oinarriko lehentasun-ordenari jarraikiko zaio.

4. Enpresek 3. oinarriko modalitate bakoitzeko proiektu baterako bakarrik jasotzen ahalko dituzte laguntzak. Horrenbestez, modalitate bateko proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero, 11. oinarriaren arabera ongien baloratutakoa baino ez da diruz lagunduko.

Eta soilik aurreko apartatuan adierazitakoa aplikatu ondotik kreditu aski badago emanen zaie dirulaguntza bigarren proiektuei, lehentasun-hurrenkerari jarraikiz.

9. oinarria. Eskaera aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (laguntzen fitxa).

3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa, betiere:

a) Eskabide telematikoa, 2.3 oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Eskatzailearen eta proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia, gastuaren aurrekontua barne.

c) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa eta ekonomikoa (lankidetza-proiektuetan, koordinatzaileak memoria bakarra aurkeztuko du).

d) Laguntzaren xede den proiektuari eta eskatzaileak gauzatzen dituen I+G+b arloko beste proiektu batzuei atxikitako langileen dedikazioa adierazten duen inprimakia.

e) Tamaina egiaztatzeko, aukera hauek izanen dituzte ETEek: Nafarroako Merkataritza Ganberaren ziurtagiri bat aurkeztea, itxitako azken hiru ekitaldietako urteko kontuak aurkeztea, edo adieraztea zer administrazio-espedientetan eta Nafarroako Gobernuko zein departamentutan aurkeztu dituzten.

Aurkeztu beharreko kontuak itxita, sinatuta eta Merkataritza Erregistroan edo Kooperatiben Erregistroan gordailututa egonen dira, eta, haiekin batera, memoriak eta Erregistroak egindako txostenak (digitalki autentifikatuta edo zigilatuta, eta ikuskatuta, nahitaezkoa denean), bai eskatzailearenak, bai haren enpresa elkartu eta lotutakoenak. Erregistro horretan kontuak aurkeztera behartuta ez dauden ETEek eta langile autonomoek PFEZaren aitorpena aurkeztuko dute.

ETEak direla egiaztatu ezean, 8. oinarrian enpresa handientzat adierazitakoa izanen da emanen zaien laguntzaren intentsitatea.

Enpresa handiek ez dute beren tamaina egiaztatu beharrik izanen.

f) Lankidetza-proiektuetan, 16.1.c) oinarrian eskatzen den alderdiek sinatutako lankidetza-hitzarmena aurkeztuko du koordinatzaileak, sinatua bada.

g) Behar denean, 16. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako, jasotako beste laguntza batzuen egiaztagiriak.

h) Proiektua 11. oinarriko irizpideen arabera baloratzeko behar den dokumentazioa.

4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, laguntzak kudeatzen dituen organoak eskatzaileari errekerimendua eginen dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Ez da zuzentzen ahalko 3. apartatuko b), c) eta h) letretan adierazitako dokumentazioa falta izatea.

5. Dokumentuak artxibo digitalak izanen dira, eta zein bere aldetik aurkeztuko dira, beren izenarekin behar bezala identifikatuta.

10. oinarria. Laguntza emateko prozedura.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten proiektuei 8. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontua aski ez izateagatik ezin bete diren eskaerak ezetsi eginen dira.

2. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondotik deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubideren bat galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, aski kreditu askatzen bada, diru hori behar adina baliabide ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerak osatzeko erabiliko da, eta, ondotik, 8. oinarriko 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitakoa beteko da.

Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

11. oinarria. Balorazio-irizpideak.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak irizpide hauen arabera baloratuko ditu proiektuak:

BALORAZIO-IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO
PUNTUAZIOA

a) Berrikuntza-maila

20

10

b) Metodologia, baliabideak egokiak izatea, koherentzia eta aurrekontuaren banakatzea

20

10

c) Proiektuaren emaitzak eta espero den eragina

20

8

d) S4arekin bat etortzea

10

5

e) Ekonomia zirkularra sustatzea

10

-

f) Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako I+G proiektuetatik dator berrikuntza

4

-

g) ETEek bakarrik parte hartzen duten proiektua

4

-

h) Nafarroako I+G+b Sistemako egikaritze-eragileekiko, bitarteko erakundeekiko, klusterrekiko edo enpresa-elkarteekiko kanpo-lankidetza

2

-

i) Genero Berdintasuna

5

-

j) Despopulazioa

5

-

a) Berrikuntza-maila (20 puntu gehienez): baloratuko da zer berritasun-maila dakarkion proiektuak enpresari. Baloratuko da proiektua enpresarentzako aukera den edo estali gabeko behar bati erantzun nahi dion edo merkatuan eskuragarri ez dagoen aukera bat den, bai eta zenbaterainoko berritasuna diren proiektuaren emaitzak enpresarentzat eta merkatuarentzat eta zenbaterainoko potentziala duen arrakastaz ezartzeko ere.

b) Metodologia, baliabideak egokiak izatea, koherentzia eta aurrekontuaren banakatzea (20 puntu, gehienez): baloratuko da proposatutako plangintza zenbateraino den egokia helburuak erdiesteko eta proiektuak ematea espero diren emaitzak lortzeko: atazak (azpikontratatuko direnak edo beste erakunde batekin lankidetzan eginen direnak barne), haien iraupena, entregatzekoak, parte-hartzaileak, kronograma eta egikaritze-adierazleak, bai eta izan daitezkeen arriskuen analisia eta haiek konpontzeko proposamena ere. Halaber, baloratuko dira taldearen osaera eta proiektua behar bezala gauzatzeko duen gaitasuna. Aurreikusitako aurrekontuak proiektuan aurreikusitako berrikuntza-helburu eta -jarduerekin duen koherentzia, eta gastu-beharraren justifikazio egokia.

c) Proiektuaren emaitzak eta espero den eragina (20 puntu gehienez): proiektuaren emaitzen balorazio kualitatibo eta kuantitatiboaren eta inpaktu-adierazleen ikuspegitik ebaluatuko da proposamena. Halaber, frogatua den berrikuntza bat merkatuan inplementatzeko aukera baloratuko da, aurretik aplikatu ez bada.

d) S4arekin bat etortzea (gehienez 10 puntu): kontuan hartuko da proiektuaren helburua zenbateraino etortzen den bat Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) lehentasun tematikoetan eta trantsizioetan identifikatutako fokuekin, lan-ildoekin, joerekin, nazioarteko lerrokatzearekin eta gaitasun teknologikoekin.

e) Ekonomia zirkularra sustatzea (10 puntu gehienez): baloratuko da ekonomia zirkularrerako trantsizioan eragin positibo eta nabarmena duten neurri espezifikoak aplikatzea:

–Balio-katean lehengai primarioen kontsumoa murrizten duten neurriak (adibidez, lehengaiak ekiditea edo murriztea, bigarren mailako lehengaien edo azpiproduktuen erabilera hobetzea, energiaren erabilera hobetzea…) edo birziklagarritasuna handitzen delako edo berriztagarriak ez diren materialak berriztagarriekin ordezten direlako produktuaren bizi-zikloa hobetzen dela erakusten duten neurriak.

–Baliabide materialak balio-katean aktibo mantentzen diren denbora handitzeko neurriak (adibidez, produktuaren iraunkortasuna hobetzea, konponketa, berrerabilera, birmanufaktura).

–Produktuak saltzeko ereduak zerbitzu-eskaintza bihurtzea dakarten eta ekonomia zirkularrean eragin positiboa duten serbitizazio-neurriak.

–Balio-katean hondakinen kudeaketa eta murrizketa era kuantifikagarrian hobetzen laguntzen duten neurriak.

f) Nafarroako Gobernuak finantzatutako I+G proiektuetatik dator berrikuntza (gehienez 4 puntu): baloratuko da berrikuntza Nafarroako Gobernuak 2020tik aitzina diruz lagundutako I+G proiektuetan lortutako emaitzetatik zuzenean etortzea. Deialdia, proiektua eta lortutako emaitzak adierazi beharko dira, eta deskribatu behar da garatu beharreko berrikuntza nola datorren emaitza horietatik.

g) Proiektuan ETEek bakarrik parte hartzea (4 puntu).

h) Nafarroako I+G+b Sistemako egikaritze-eragileekiko (Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikulua), bitarteko erakundeekiko, klusterrekiko edo enpresa-elkarteekiko kanpo-lankidetza (2 puntu).

i) Genero-berdintasuna (5 puntu gehienez):

i.1. Emakumeen ordu-dedikazioa proiektuan: 3 punturekin baloratuko da emakumeen dedikazioa proiektuko ordu guztien % 50 edo hortik gorakoa izatea.

i.2. Proiektuaren koordinatzailea: 2 punturekin baloratuko da proiektuaren koordinatzailea emakumea izatea.

j) Despopulazioa (5 puntu gehienez): proiektua egiten den lantokia despopulazio-arriskuan dagoen udalerri batean dagoen enpresak baloratuko dira, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduari jarraikiz (2023ko martxoaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 49. zk.).

j.1. Despopulazio-arrisku larrian edo bizian dagoen udalerria (5 puntu).

j.2. Despopulazio-arrisku handian dagoen udalerria (4 puntu).

j.3. Despopulazioaren gainbehera bizia izan duen udalerria (3 puntu).

Despopulazio-arriskuan dauden eremuen eta udalerrien Nafarroako mapan (Lurralde Kohesiorako Departamentuak egina) jasota dago udalerrien kategorizazioa.

2. a), b), c) edo d) letretako irizpideetan gutxieneko puntuazioa lortzen ez duen proiektu bat ez da baloratuko gainerako irizpideen arabera, eta ez da diruz lagunduko.

3. Puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da kontuan hartuta a) irizpidearen eta hurrengoen balorazioa, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

12. oinarria. Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen-proposamenean hauek jasoko dira gutxienez:

a) Modalitate bakoitzeko proiektuen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, proiektuaren izenburua eta finantzaketa lortu duten ala ez adierazita.

b) Onuradunen zerrenda eta onetsitako laguntzaren zenbatekoa.

c) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik ezetsi direnak ere jasoko dira.

2. Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da deialdia ebazteko organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko du, eta egintza hori laguntzen fitxan argitaratuko da, 16.1 oinarriaren a), b) eta c) letretan ezarritakoaren ondorioetarako. Eskatzaile bakoitzari telematika bidez jakinaraziko zaio, bere GHEb-an, laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena.

Epealdi horretan berariazko ebazpena ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio-prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

13. oinarria. Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Onuradunek diruz lagundutako kostuaren % 50eraino azpikontratatzen ahalko dute. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako dirulaguntzaren % 20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

Proiektuko bazkideek ez dute, inola ere, beren artean azpikontratatzen ahalko proiektuko jarduketarik.

2. Onuradunek haiekin lotutako pertsona edo enpresei azpikontratatzen ahalko diete diruz lagundutako jarduketaren gauzatze partziala, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Gastu diruz lagungarriak izatea, 5. oinarrian zehazten den bezala.

b) Laguntza-eskaeran jasotzea, eta baimentzea, gastu hori diruz lagungarritzat hartuz laguntzak emateko ebazpenean.

c) Gastua justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei dagozkien frogagiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, pertsonal-gastuak justifikatzen dituzten nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).

d) Ez da onartuko gastuak garestitzea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

2. atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ulertuko da pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela baldin eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako egoeraren bat gertatzen bada.

14. oinarria. Proiektua justifikatzeko epeak eta modua.

Onuradunek jarraian azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dute proiektua gauzatu izana. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, laguntzen fitxaren bitartez eta eskura dauden ereduei jarraikiz:

1. 2025eko azaroaren 5era arte (egun hori barne):

Proiektuaren dokumentazio teknikoa eta 2025eko urriaren 31ra arte egindako gastuaren adierazpena. Ondorio horietarako, egindako gastutzat joko da kontabilitateko agiria (faktura edo nomina) sortu duena, nahiz eta oraindik ordaindu gabe egon.

2. 2026ko otsailaren 6ra arte (egun hori barne):

a) Onuradunak proiektuaren hasieratik 2025eko urtarrilaren 31ra arte egindako eta 2026ko urtarrilaren 31ra arte ordaindutako jardueraren eta gastuaren agiri tekniko eta ekonomikoak.

b) Kontabilitate-sistema bereiziaren zati gisa proiektuaren gastuei esleitutako kontabilitate-kontua edo -kodea.

c) a) letran aipatutako gastua justifikatzeko agiriak (fakturak eta ordainketak).

d) Hitzarmen kolektibo aplikagarria, hitzartutako hobekuntzak barne, langileen orduko kostua kalkulatzeko. Hitzarmenekoa baino orduko kostu handiagoa duten langileen kasuan, kontratua edo justifikatzeko agiriak erantsiko dira, pertsona bakoitzeko orduko kostu horren kalkuluarekin batera.

e) Berrikuntza-proiektuaren emaitzak hedatzeari buruz 17. oinarrian adierazitako agiriak.

f) Estatistika edo kontrol helburuetarako laguntzen fitxan proiektuari buruz ezartzen den beste edozein informazio.

15. oinarria. Laguntzaren ordainketa.

Honela ordainduko da laguntza:

a) Konturako ordainketa: 14.1 oinarria justifikatzeko agiriak aurkeztu ondotik, 2025eko urriaren 31ra arte egindako gastuari dagokion laguntza ordainduko da. Gauzatu gabeko proiektu zatiari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Likidazioa: 14.2 oinarriko justifikazio-agiriak aztertuta, proiektu osoari dagokion laguntza likidatuko da, eta dagokion laguntza ordaindu edo itzuliko da.

16. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdia ebazten duen egintza laguntzen fitxan argitaratzen denetik hasita hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun-betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) nahiz ez izan (kasu horretan, egoera hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ez da ordaintzen ahalko onartutako dirulaguntza, eta, kasua bada, aurrerakina itzuli beharko da.

b) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradun diren enpresek abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute (2.4 oinarrian adierazitakoa) deialdia ebazten duen egintza laguntzen fitxan argitaratzen denetik hasita hilabeteko epean, laguntzak eskatzean aurkeztu ez badute.

c) Lankidetza-proiektuen koordinatzaileak alderdiek sinatutako lankidetza-hitzarmena aurkeztu beharko du hilabeteko epean, deialdia ebazten duen egintza laguntzen fitxan argitaratzen denetik zenbatzen hasita, salbu eta laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu bada.

d) Gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) izatea, laguntza hauekin lotutako jakinarazpen elektronikoak jaso ahal izateko, 16. oinarrian adierazitako moduan, eta gutxienez 4 urtez edukitzea azken ordainketa egiten denetik.

e) Laguntza emateko ebazpenean aurreikusi bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektuak, eta proiektu horiek 14. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea.

f) Proiektuan adierazi ziren eta dirulaguntza onestea ekarri zuten helburuak betetzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du ea betebehar hori bete den, proiektua bukatutakoan.

g) Kontabilitate-sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate-kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

h) Dirulaguntzaren xedeko berrikuntza-proiektuaren emaitzak zabaltzea 17. oinarrian adierazitako moduan.

i) Proiektua gauzatzearekin lotutako prototipoak eskuratu, eraiki edo hobetzen badira, eta prototipo horiek ez badira merkaturatzen edo ez badira produkzio-jardueran erabiltzen, prototipo horiei eutsi beharko zaie, gutxienez bi urtez, dirulaguntzaren azken ordainketaren datatik aurrera.

j) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta. Enpresa deslokalizatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

k) Finantzatutako jardueraren agiriak lau urtez zaindu eta gordetzea, laguntzaren azken ordainketa egiten den urteko abenduaren 31tik aitzina.

l) S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuari aditzera ematea proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu direla, laguntzen eskabidean berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 14. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

m) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuari.

n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Dirulaguntzen oinarri arautzaileetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta aldez aurretik kobratutakoa itzuli beharko da foru-lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz. Laburbilduz, betebehar hauek:

a) Proiektuaren aurrekontutik gauzatzen dena laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren % 65 baino gutxiago bada, zehapen hauek aplikatuko zaizkie proiektuan parte hartzen duten guztiei, eta horrek berekin ekar dezake ordaindu gabe dagoen laguntza kobratzeko eskubidea galtzea edo, hala badagokio, jasotakoa itzultzea:

–% 40 eta % 65 bitarte gauzatu bada: laguntza taula honetan adierazten den ehunekoan murriztearekin zigortuko da, gauzatzearen ehunekoaren arabera:

EGIKARITZE-EHUNEKOEN TARTEA

LAGUNTZAREN MURRIZKETAREN EHUNEKOA

0-40

100

40-45

60

45-50

40

50-55

30

55-60

20

60-65

10

–% 40 baino gutxiago gauzatzen bada: proiektua ez da diruz lagunduko, eta galdutzat joko da laguntza, edo haren zenbateko osoa itzultzeko eskatuko da.

b) Proiektua bukatzean, 11.1 oinarriko g) letratik j) letrara bitarteko irizpideen arabera baloratu ziren konpromisoak bete diren egiaztatuko da. Ikusten bada irizpide horietan emandako punturen bat ez datorrela bat egindakoarekin, laguntza % 2 murriztuko da puntu bakoitzeko.

17. oinarria. Berrikuntza-proiektuaren emaitzak zabaltzea.

1. Laguntzen onuradunek honako jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako proiektuaren emaitzak zabaltzeko:

a) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzia aurkeztea.

b) Proiektuaren emaitzen inkesta betetzea, laguntzen fitxan prest egonen dena. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.

c) Genero-alderdiaren inkesta betetzea, laguntzen fitxan prest egonen dena. Inkesta horretan jasotako informazioa laguntza kudeatzeko eta datuen azterketa anonimoa egiteko erabiliko da, etorkizuneko deialdiak hobetzeko.

d) Berrikuntza-proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabaltzea. Horretarako, honako esaldi hau jarri beharko da enpresaren webgunean eta proiektuari buruzko idatzizko edo ikus-entzunezko komunikazio guztian, ikusteko moduko toki batean: "(Proiektuaren izena) inbertsio proiektuak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du, industriako ETEen inbertsioetarako laguntzen 2025eko dirulaguntza-deialdiaren bitartez". Nafarroako Gobernuaren logoa ere jarri beharko da (laguntzen fitxan dago eskuragarri).

e) Proiektu bakoitzeko proiektuari buruzko prentsa ohar bat bidaltzea ohiko hedabideetara edo argitara ematea hedabide digitaletan, Nafarroako Gobernutik jasotako laguntzak aipatuta.

2. Aurreko apartatuan adierazitako dokumentazioa 14.2 oinarrian adierazitako justifikazio-agiriekin batera aurkeztu beharko da.

3. Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus) a) letran aipaturiko agiria.

4. Proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik azalduko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren ondorioz prestatzen den dokumentazio guztian.

18. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko da, laguntzen fitxaren bitartez.

2. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEb) bidalita. Salbuespen bakarra deialdia ebazten duen egintza izanen da, laguntzen fitxan argitaratuko baita hura.

19. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Oinarri hauetan arautzen diren laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Horrenbestez, KSEOren 8. artikuluan ezarritako metatze-arauak izanen dira aplikatzekoak: laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera aplikatzen ahal den laguntza kopururik handiena.

2. Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko egin beharreko jardueraren kostua.

20. oinarria. Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108. artikuluaren 3. apartatuan ezarria), betetzen baititu Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 29. artikuluan ("Laguntzak prozesu eta antolaketa arloko berrikuntzarako") ezarritako baldintzak, zeinak barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

21. oinarria. Berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatiko kenkaria.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61.6 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdia ebazten duen egintzan adieraziko zaie berrikuntza teknologikotzat hartu diren proiektuak aurkeztu dituzten eskatzaileei ea berrikuntzako jarduerek betetzen dituzten artikulu horretako kenkaria aplikatzeko betebeharrak eta baldintzak.

Halaber, laguntzak ordaintzeko ebazpenetan adieraziko da zer gastu kalifikatu diren berrikuntza teknologikoko gastu gisa.

22. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak, esleitutako zenbatekoa eta dirulaguntzen helburua.

23. oinarria. Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzen emakida, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

24. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2419065