Iragarkia
16. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
29E/2024 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat, toki erakundeei, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, ongizate emozionala sustatzeko programa komunitarioak egiteko 2024ko abenduaren 1etik 2025eko azaroaren 30era arte. DDBN identifikazioa: 796448.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Aipatu Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza deialdi honen xedea da toki erakundeek, fundazioek, gizarte ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek, herritarren parte-hartzearekin, ekintza espezifikoak egitea, ongizate emozionala sustatzeko programa komunitarioak garatzeko, bat etorriz Osasun Departamentuak osasun politikaren esparru orokorrean sustatzen dituen irizpideekin, bereziki, ekintza horien xedea bada Osasun Plan indardunean, 2022-2025 Nafarroako Osasun Publikoaren Planean, Espainiako Osasun Sistemako osasun-sustapeneko eta prebentzioko estrategian eta Osasun Ministerioaren 2022ko Osasun Publikoko Estrategian aipatzen diren helburuak betetzea, eta bat badatoz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (aurrerantzean, NOPLOI) bizimoduei buruz ematen dituen gomendioekin.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 10. g) artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea deialdi bat, toki erakundeei, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, ongizate emozionala sustatzeko programa komunitarioak egiteko 2024ko abenduaren 1etik 2025eko azaroaren 30era arte, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan azaldutakoarekin bat.
2. Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 200.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastu-aurrekontuko "Ongizate emozionala sustatzeko programa komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4819-313908 partidaren baliokidea izateko 2025eko aurrekontuetan gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura, kreditu egokia baldin badago.
Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehikuntza eginez gero, dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurretik baimendu eta jakitera eman beharko da, eta ez du ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta laguntzak emateko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea berriz zenbatzen hastea ere.
3. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
5. Ebazpen hau igortzea NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Osasun Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasun Departamentuan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 12an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, María Ángeles Nuin Villanueva.
1. ERANSKINA.–TOKI ERAKUNDEEI, FUNDAZIOEI, GIZARTE EKIMENEKO KOOPERATIBEI ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ELKARTEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, ONGIZATE EMOZIONALA SUSTATZEKO PROGRAMA KOMUNITARIOAK EGITEKO 2024KO ABENDUAREN 1ETIK 2025EKO AZAROAREN 30ERA ARTE. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Dirulaguntzaren xedea.
Deialdi honen xedea da toki erakundeei, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntza batzuk emateko araubidea ezartzea. Dirulaguntza horiek osasuna sustatzen duten programa komunitarioak garatzeko izanen dira, programa horien bidez ongizate emozionala hobetzen laguntze aldera, taldekako ekintza eta ekintza komunitarioen bidez, pertsonak eta komunitateak arlo horretan gaitzeko. Halaber, zerbitzuak ere hobetu nahi dira, lurraldeko baliabideak eta osasun aktiboak oinarri harturik.
Ongizate emozionala sustatzeko programa komunitarioak dira jomuga dutenak taldeen eta komunitateen gaitasun emozionalei bidea ematea eta haiek hobetzea (gaitasun horiek ezagupen, gaitasun eta jarreren multzo bat dira, beharrezkoak direnak osasun emozionala modu eraginkorrean ulertu, aditzera eman eta erregulatzeko, eta tresnak eta baliabideak ematen dituzte norbera eta inguru sozioemozionala zaintzeko pertsonak garatzen garen hainbat testuingurutan), eta lurraldean dauden baliabideak eta sareak sendotzea; izan ere, horretarako oinarri hartzen dituzte taldeetan dagoeneko dauden dinamikak (talde informalak, elkarteak, baliabideak eta zerbitzuak, administrazio publikoak eta abar). Era berean, talde eta komunitate horien ahalmenak garatzeko helburua dute, eta ongizatera eta bizi-kalitatera bideratutako ekintza- eta jarduera-aukerak sortzen laguntzen dute, betiere argi izanik funtsezkoa dela xede-komunitateak parte hartzea prozesuetan eta gizarteko sektoreen arteko lan partekatua, hau da, sareko lana.
Hala, ekintzon eta programon helburua hauxe izanen da:
–Maila pertsonalean:
Pertsonen osasun eta ongizate emozionala hobetzea, osasun emozionala zaintzeko tresnak emanez, hala nola estresa kudeatzeko, norberaren emozioak ezagutu eta kudeatzeko, erresilientzia sustatzeko eta abar.
–Toki mailan:
Toki erakundeek eta entitate sozialek biztanleen ongizate emozionala sustatzeko duten gaitasuna indartzea. Horretarako, beharrezko izanen da parte hartzeko testuinguruak sortzea (lan esparruan, hezkuntzan, udalerrian, osasun eta gizarte arloan), zeinek bizilagunen gaitasun emozionalak sustatu eta garatuko baitituzte.
–Maila komunitarioan:
Komunitate batean inplikaturik dauden askotariko eragileak integratuko dituzten proiektuak sendotzea eta bultzatzea. Beharrezkoa izanen da testuinguru soziokomunitarioan jardutea; izan ere, inguruko premia errealen gainean lan eginez trebatuko dira parte hartuko duten eragileak, testuinguru hori hobetzeko eta biztanleen ongizate emozionala sendotzeko xedez.
Ez dira dirulaguntza honen xede izanen banakako esku-hartzeak, ezta helburu asistentzial edo terapeutikoa dutenak ere.
Taldekako esku-hartzeak titulazio egiaztatua duten arlo soziosanitarioko profesionalek eginen dituzte.
2. Dirulaguntzaren finantzaketa.
Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 200.000 euroko gastua eginen da 2024ko gastuen aurrekontuko "Ongizate emozionala sustatzeko programa komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4819-313908 partidaren baliokidea izateko 2025eko aurrekontuetan gaitzen den partidaren kargura, kreditu egokia baldin badago.
Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehikuntza eginez gero, dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurretik baimendu eta jakitera eman beharko da, eta ez du ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta laguntzak emateko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea berriz zenbatzen hastea ere.
Dirulaguntza hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren dirulaguntzen lerroen barruan.
3. Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen bidez ezartzen diren dirulaguntzen onuradunak toki erakundeak eta kasuan kasuko erregistroan inskribatutako fundazioak, gizarte ekimeneko kooperatibak eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak izaten ahalko dira, baldin eta deialdiaren epean ongizate emozionala sustatzeko ekintzak edo programak gauzatzen badituzte Nafarroako Foru Komunitatean, Osasun Departamentuak zehazturiko lehentasunekin bat etorriz.
Entitate eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei itzuli beharreko zorrei dagozkien betebeharrak ere, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egiten den egunean.
Erakunde eskatzaileak ezin dira egon dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten gainerako egoeretan, zeinak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarrita baitaude.
Eskatzaileak entitate pribatuak badira, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honen 9. oinarriaren arabera.
Baldintza horiek guztiak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira. Erakunde onuradunaren erantzukizuna da, aldaketarik bada, horien berri ematea.
4. Gastu diruz lagungarriak, diruz lagungarriak ez direnak, eta laguntzen zenbatekoak.
1. Gastu diruz lagungarriak.
a) Programako jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak, hala nola honako hauek:
a.1) Higiezinen alokairuak eta horiek erabiltzearen ondoriozko gastu arruntak, diruz lagundutako jarduerak erakundearen jarduketa guztiei eragiten dien zati proportzionalean.
a.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.
a.3) Pertsonal gastuak, haien barnean egonda soldatak, erakundearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo erakunde onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Erakundeko langileek egindako jardueren kasuan, baldin eta beste eginkizun eta lan batzuk egiten badituzte diruz lagundutako jardueraren ondoriozkoez gainera, dagozkien lan guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Pertsonal gastuetarako dirulaguntza gehienez izanen da Foru Komunitateko Administrazioan lan egiten duten profesionalentzat edo kasuan kasuko lan hitzarmen kolektiboan ezarritakoa.
a.4) Bidaiak eta dietak. Jarduerak egitearekin lotura zuzena duten langileen mugigarritasunari lotutako gastuak dira, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez jarraibide batzuk onetsi ziren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuen arlokoak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).
a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Erakundeaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko.
a.6) Gastu diruz lagungarritzat joko dira finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako programa egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, baita banku-bermerako gastuak ere, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko. Ez dira inolaz ere gastu diruz lagungarriak izanen bankuko kontuen interes zordunak, ez eta interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak ere.
b) Zeharkako gastuak, emandako dirulaguntzaren %15 edo gutxiago direnean. Proiektuaren zeharkako gastutzat hartuko dira, ondorio horietarako, entitate onuradunaren funtzionamendu orokorreko gastuak (langileriaren beste gastu batzuk, lokalenak, bulego materialak eta beste gastu arrunt batzuk). Zeharkako gastu horien %85, gutxienez, Nafarroan egina izan beharko da.
2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:
Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik izanen:
a) Gastu inbentariagarriak. Gastu inbentariagarriak dira erabileragatik azkar hondatu ezin direnak eta erosteko prezioa 600 eurokoa edo hortik gorakoa dutenak.
b) Zerbitzu publikoek egiten dituzten jarduerak, toki erakundeek egindakoak salbu.
c) Inbertsioak.
d) Entitatearen beraren publizitateari edo sustapenari loturiko gastuak.
e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.
f) Instrukzio organoaren ustez, programan sartutako jardueren garapenari loturik ez dagoen prestakuntza.
g) Deialdiaren 2. eranskinean ezarritako moduluak gainditzen dituzten kopuru unitarioak. Eranskin horretan jaso gabeko kasuetan, ez da dirulaguntzarik emanen Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifetatik gorako jardueren kostuetarako.
h) Material inprimatua edo digitala: materialerako dirulaguntza emanen da, bakar-bakarrik eta salbuespenez, instrukzio organoaren iritziz ezinbestekoa bada programaren helburua lortzeko.
i) Jardunaldi, kongresu eta kanpamentuetara joate hutsa, monitoreak eta boluntarioak izan ezik.
j) Ikasleekin ikasgeletan egiten diren jarduerak.
k) Jolas jarduerak, ongizate emozionalarekin esplizituki lotuta ez badaude.
3. Laguntzen zenbatekoa.
Eskatzaile bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, gastu gisa onartutako zenbatekoari portzentaje bat aplikatuko zaio, balorazioaren ondoren lortutako puntuak adinakoa, ezarritako gutxienekoa gainditzen bada, eta dagoen aurrekontu-zuzkiduraren proportzioan.
Zenbatekoen baturak kreditu erabilgarria gainditzen badu, eman beharreko zenbatekoak hainbanatu eginen dira balorazio-irizpideak aplikatzearen ondoriozko zenbatekoen gainean.
5. Eskaerak.
1. Noiz eta non aurkeztu.
a) Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxatik (hemendik aurrera "laguntzen fitxa"), "Tramitatu" atalean (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve.
Dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.
Eskaeretan gaitutako helbide elektroniko bakarra adieraziko da, eta hura baliatuko da komunikazio eta jakinarazpenetarako bide gisa NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalaren eta erakunde eskatzaileen artean.
c) Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
d) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Inprimakiak laguntzen fitxan egonen dira eskuragarri.
Entitate sozialek gehienez hiru programa aurkezten ahalko dituzte urte berean NOPLOIren dirulaguntzen deialdietan, eta programa bakarra dirulaguntza lerro bakoitzeko.
Toki erakundeek programa bakarra aurkezten ahalko dute dirulaguntza lerro honetan, arlo edo departamentu bakoitzeko, haien egituraren arabera.
a) Eskabide ofiziala.
b) Dirulaguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen dokumentazioa.
c) Adieraztea Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen, fundazioen edo kooperatiben erregistroetatik zeinetan dagoen inskribatua entitate eskatzailea, hala badagokio; sozietate egoitza edo egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo duten entitateen kasuan, haien estatutuen kopia eta dagokion erregistroan inskribatu izanaren adierazpena.
d) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen ordezkariak egina, adierazten duena erakundea eta haren administratzailea eta/edo ordezkaria dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretatik bakar batean ere ez daudela. Egoera horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.
f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webguneko inprimakien atalean egonen da eskuragarri:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
g) Dirulaguntzaren aurrerakina eskatuz gero, deialdiaren 11. oinarriko 1. puntuan xedaturikoarekin bat, entitate eskatzaileak, oinarri horretan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo jaso duen adierazten duena.
i) Toki erakundeak ordezkatzen dituzten gizarte ekimeneko kooperatibek hori egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.ean xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta f) letretan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira, betiere datu horiek ageri diren espedientea edo deialdia adierazten bada eta ez bada gertatu aldaketarik aurkeztu zirenez geroztik.
Eskaera aurkezteak berekin dakar entitateak NOPLOIri baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaerak ez baditu betetzen adierazi diren baldintzak, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio zuzen dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 19. artikuluan xedatu bezala.
6. Prozedura instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.
1. NOPLOIk izapidetuko ditu eskaerak, eta Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atala izanen da instrukzio organoa, zeinak dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatuko baitu eta eskaerak ofizioz baloratuko baititu, deialdi honen arabera.
Instrukzio organoak programak ebaluatzeko eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu.
2. NOPLOIko zuzendari kudeatzailea da dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpen hori 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.
7. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.
1. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2. Eskaerak banan-banan baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera, deialdiko 3. eranskinean adierazitako irizpideak kontuan hartuta.
Ikusten bada programak edo jarduerak 4. oinarriaren 2. puntuaren arabera dirulaguntza jaso ezin dezaketen gastuak dituela, edo deialdi honen eremuari ez dagozkion jarduerak dituela, horiexek kendu eta berriz eginen da eskaeraren ebaluazio ekonomikoa, hura baloratu baino lehen.
3. Programa bat diruz lagungarritzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietatik 15 gutxienez 2. atalean lortu beharko dira (programaren kalitatea).
8. Erakunde onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntza hartzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza jasotzen duten jarduerak eskaeretan eta dirulaguntza ematen duen ebazpenean adierazitako baldintzetan gauzatzea, bai eta hala egin izana frogatzea ere. Diruz laguntzen diren jarduerak 2024ko abenduaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitarte eginen dira, Nafarroako Foru Komunitatean.
b) Beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo dirulaguntza guztien berri ematea NOPLOIri, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera. Eskaera egiteko inprimaki ofiziala eskuratzeko bide berberak erabiliz lor daiteke erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.
c) Deialdi honen kargura egiten diren ekintza guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agerrarazi beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horren berri aurretiaz eman behar zaio instrukzio organoari.
Gauzatu beharreko ekintzaren ezaugarriak direla-eta hori egiterik ez badago, NOPLOIri baimena eskatu beharko zaio hura ez erabiltzeko, eta emandako dirulaguntzen publizitaterako ordezko modua adierazi beharko da.
Web-helbide honetan deskarga daitezke logoen zenbait bertsio:
https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala
d) Jarduerak egin bitartean gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea instrukzio organoari, baldin eta dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzei eragiten badiete.
e) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, bermatuko da hizkuntza inklusiboa erabiltzen dela programa erredaktatzeko eta proposamenak aurkezteko sortzen diren dokumentu eta material guztietan, baita programa hedatu eta gauzatzeko sortzen direnetan ere, eta bermatuko da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun balioak, estereotipatu gabeko genero-rolak eta zainketen erantzunkidetasuna erakusten dituzten irudiak erabiltzen direla.
f) Ariketa fisikoko talde jarduerak proposatzen dituzten eskaeretan, horiek zuzentzen dituzten teknikariek Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte.
g) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
h) Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.
9. Gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzen onuradunek arau horietan ezartzen den dokumentazioa aurkeztu behar dute.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen kontura dirulaguntzak lortzen dituzten entitate pribatuek, baldin eta 20.000 eurotik gorakoa bada dirulaguntza horien urtebeteko zenbateko osoa (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa interpretatuta), edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko diru-sarrera guztien gutxienez %20 badira (eta 5.000 eurora iristen badira), informazioa eman beharko dute gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-organoen osaerari, karguen zerrendari eta dedikazio-araubideari buruz, bai eta entitateak kargu bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinei eta gainerako konpentsazio ekonomikoei buruz ere, kontzeptuen arabera banakatuta. Orobat, urteko kontuak ere jakinaraziko dituzte, argitara eman ahal izateko.
Informazio hori dirulaguntzen fitxan ezarritako tramitearen bidez aurkeztuko da. Informazioa osatzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.
Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu egin beharko ditu informazioa aurkeztu zueneko espedientea eta dirulaguntza deialdia.
Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
10. Aldaketak.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, haren berri eman beharko zaio instrukzio organoari, eta emandako laguntza aldatzeko eskatu beharko da.
Gertatzen diren gorabeherak behar adina arrazoituko dira aldaketa eskaeretan. Eskaera horiek gorabeherak gertatu bezain laster egin beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xedeko jarduera gauzatzeko epea bukatu baino lehen; aurkezten direnetik beranduenez hilabeteko epean ebatzi beharko dira, eta ekar dezakete, bidezkoa bada, emandako laguntza aldatzea eta, zein den kasua, dagokion diru kopurua itzuli beharra.
Programa gauzatzeko diruz lagundutako gastu-moten artean gehienez ere %5eko desbideratze ekonomikoa onartuko da, haren osotasunari eragiten diola ulertu gabe.
Entitatearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik entitateak ezin badu diruz lagundutako programetako bat garatu, instrukzio organoari jakinaraziko dio. Ordainketa aurreraturik jaso ez badu, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko du. Ordainketa aurreratua jaso bada, zenbatekoa itzuli eginen da, eta, horrekin batera, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabaki arteko berandutze-interesak eskatuko dira.
Proiektuari esleitutako langileen artean gertatutako aldaketa guztien berri emanen zaio instrukzio organoari, bereziki laneko bajak. Pertsonal gastuak justifikatzeko, erakundeak benetan egindako gastua onartuko da, eta, gehienez ere, aurkeztutako proiektuan sartutako pertsonal gastua osatu arte.
11. Dirulaguntzaren ordainketa.
1. Ordainketa aurreratua.
Erakunde onuradunek hala eskatzen dutenean, eta frogatzen dutenean funts likidoz hornitu beharra dutela diruz lagundutako jardueraren xedeak betetzeko, aldez aurretik ordaintzen ahalko da dirulaguntza, laguntzak emateko ebazpenarekin batera.
Horretarako, erakundeak, dirulaguntzaren eskaerarekin batera, kontuen egoera orria aurkeztu beharko du, aurreko urteko bukaerari dagokiona, bai eta 2025eko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela frogatzeko.
Toki erakundeen kasuan, beharrezkotzat jotzen bada, idazkaritzak luzatutako ziurtagiri bat aurkeztuko da, aurreko paragrafoan aipatutako alderdiak adierazten dituena, hots: diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena, eta programa gauzatzeko aldez aurretiko funts-horniduraren beharra.
Ordainketa aurreratua jaso duten erakundeen kasuan, 2025eko abenduaren 18an amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.
2. Ordainketa jarduera osorik justifikatu ondoren.
Entitateak ordainketa aurreratua eskatzen ez badu, jardueraren justifikazio teknikoa eta ekonomikoa egin ondoren ordainduko da dirulaguntza, 12. oinarrian xedatutakoaren arabera.
Ordainketa aurreraturik jaso ez duten entitateen kasuan, 2025eko azaroaren 30ean amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.
12. Dirulaguntzaren justifikazioa.
1. Justifikazioa memoria tekniko bat eta memoria ekonomiko bat izanen da, eta bertan adieraziko da dirulaguntzaren xedea bete dela, bai eta 2024ko abenduaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitartean egindako jarduera eta gastuak ere.
2. Entitateak bitarteko telematikoen bidez aurkeztu beharko du justifikazioa, eredu ofizialean (laguntzen fitxan dago eskuragarri) eta NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari zuzenduta.
3. Diruz lagundutako programa edo jardueraren memoria ekonomikoari fakturen eta ordainagirien kopiak erantsiko zaizkio. Fakturekin batera, haien zerrenda zenbakitua eta kontzeptuka zehaztua aurkeztuko da, euskarri informatikoan (kalkulu-orri elektronikoa). Fakturak bat etorri behar dira Fakturazio-betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.
Memoria ekonomikoan dirulaguntza jaso duen programari dagokion gastua azaldu behar da. Langileak kontratatuz gero, onartzen ahalko da Gizarte Segurantzaren eta PFEZaren gastuak 2026ko otsailaren 5era arte aurkeztea.
4. Toki erakundeek agiri hauek aurkeztuta justifikatzen ahalko dute jasotako dirulaguntzaren erabilera: memoria teknikoa, gastuak diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaizkiola adierazten duen ziurtagiria (udaleko idazkariak sinatua eta, kontu-hartzailea duten toki erakundeetan, kontu-hartzaileak ikus-onetsia) eta programarekin loturiko fakturen zerrenda.
5. Memoriak aurkezteko epea bukaturik, eta horiek diruz lagundutako jarduerarekin bat datozela egiaztatu ondoren, instrukzio organoak espedientea itxiko du, aldez aurretik fiskalizazioa eginda.
13. Azpikontratazioa.
Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera batzuk hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu, baina diruz lagundutako zenbatekoaren %50era bitarte gehienez, baldin eta behar bezala justifikatuta badago.
Azpikontratazioa egiteko asmoa nahitaez adierazi beharko da aurkezten diren eskaeretan, xehetasunez.
Azpikontratatutako gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu duela enpresa hornitzailea, hiru hornitzaileren aurrekontu bana aurkeztuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat.
Beste entitate batzuekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa. Azpikontratazioetan, orobat, nahitaez betetzekoak izanen dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan jasotako gainerako betebeharrak.
Entitate kontratatuek erakunde onuradunaren aurrean erantzun beharko dute bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.
Kontzeptu horretatik kanpo geldituko da erakunde onuradunak diruz laguntzen den jarduera bere kasa aurrera eramateko egin behar dituen gastuak kontratatzea –hala nola monitoreei edo profesionalei ordaintzea zerbitzu bat eman dezaten–, betiere erakunde onuradunak egiten badu programaren plangintza eta jarraipena.
14. Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, salbu xede bererako erabiltzen ahal diren Osasun Departamentuaren dirulaguntzekin.
Nolanahi ere, programa baterako jasotako bi dirulaguntzaren edo gehiagoren guztirako zenbatekoa (administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu eta norbanako guztiek, nazionalek nahiz nazioartekoek, emandakoak) inolaz ere ezin da izan haren kostu osoa baino handiagoa.
15. Itzulketa eta ez-betetzeak.
1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
4. Behar den dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, baina bai ondoko 5 egunen barruan, hauxe izanen da atzerapenagatiko penalizazioa: %5 murriztuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Atzerapeneko seigarren egunetik aurrera, penalizazioa %1 handituko da igarotzen den egun bakoitzeko, 15 egunera arte gehienez ere.
16. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren erakundeak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
17. Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
18. Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.
Deialdiaren aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 2. artikuluarekin lotuta.
19. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, NOPLOIk jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean, honako hauek adierazirik: deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
20. Datuen babesa.
Eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, NOPLOIren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web-helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa.
2. ERANSKINA.–DIRUZ LAGUNTZEN AHAL DIREN GEHIENEKO MODULUAK
a) Langileria, kilometro eta irakaskuntza kontzeptuetako gastuei dagokienez, ordaintzen ahal diren gehieneko zenbatekoak Foru Komunitateko Administrazioan indarrean daudenak izanen dira (https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoak), edo kasuan kasuko hitzarmen kolektiboan ezarritakoak.
Proiektuari egotzitako langileen orduak zehaztu beharko dira, baita haien lanbide-kategoria eta hitzarmena ere.
b) Jardunaldietan, irakaskuntza eta prestakuntza saioetan, jardueretan eta antzekoetan, hauexek izanen dira gehieneko tarifa diruz lagungarriak:
–Hitzaldia, tailerreko irakaskuntza edo hezkuntza-jarduera: irakaskuntzako gehienekoa Foru Komunitateko Administrazioarentzat indarrean dagoena izanen da orduko, 16 ordu tailer edo hezkuntza-jarduera bakoitzeko, eta 72 ordu gehienez programa bakoitzeko.
Irakaskuntza-jarduera bat prestatzeko orduei dagokienez, 4 ordu izanen dira jarduera berriak egiteko/gauzatzeko ordu bakoitzeko, eta 2 ordu dagoeneko sortutako jardueretarako.
–Hitzaldiak, jardunaldiak, mahai-inguruak, antzerkiak, zineforumak: gehienez 155 euro saioko, 55 euro mahai-inguruan parte hartzeagatik eta 500 euro programa bakoitzeko. Salbuespena: eskualde bat baino gehiago hartzen dituzten proiektuak (behar bezala frogatu behar da).
–Boluntarioen eta monitoreen prestakuntza eta eguneratzea: 500 euro gehienez ere programa bakoitzeko.
–Jardueren zabalkunde gastuak: gehienez 250 euro programa bakoitzeko.
–Jardueretarako paper-gauzen gastuak: gehienez 350 euro programa bakoitzeko. Behar bezala justifikatutako eta zehaztutako beste material batzuk, gehienez ere 2.000 euro programa bakoitzeko.
Eranskin honetan ezartzen direnak baino tarifa handiagoak aurkezten badira, beharrezkoak direla justifikatu beharko da, eta instrukzio organoak jarduerak egin baino lehen onartu beharko ditu. Bestela, eranskin honetan aurreikusitakoak ordainduko dira, edozein dela ere haien egiazko kostua.
3. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK
1. Programaren bat-etortze maila eta/edo osagarritasuna: 25 puntu gehienez.
1.1. Nafarroako edo Estatuko plan eta estrategia indardunekin bat etortzea: 15 puntu gehienez.
Hauexek dira kontuan hartuko diren plan eta estrategiak:
–Osasun Sistema Nazionalean osasuna eta prebentzioa sustatzeko estrategia.
–Osasun Ministerioaren Osasun Publikoaren Estrategia (2022).
–Nafarroako Osasun Plan indarduna, Osasun Departamentuarena.
–Osasun Publikoaren Plan indarduna, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarena.
Programen eta ekintzen lan mailak: 15 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira:
–Proiektua maila pertsonalera iristea, talde-formatuko tailerren bidez.
–Proiektua tokiko mailara iristea, toki erakundeek ongizate emozionala sustatzeko hainbat eremutan bultzatutako ekintzen bidez.
–Proiektua maila komunitariora iristea, inplikatutako eragileak (toki erakundeak, gizarte entitateak, etab.) integratzen dituzten programen bidez.
Proiektua maila komunitario batera iristen bada, azpiatal honetan aurreikusitako gehieneko puntuazioa lortzen ahalko da. Proiektua tokiko mailara edo maila pertsonalera bakarrik iristen bada, gehieneko puntuazioa 10 puntukoa izanen da.
1.2. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eta Osasun Departamentuaren lehentasunezko osasun helburuak: haurtzaroan, nerabezaroan edo gaztaroan lan eginez gero: 5 puntu gehienez.
1.3. Ekitatearen ikuspegia edo lehentasuna duten beste ikuspegi batzuk sartzea (populazio kaltebera, generoa, beste kultura batzuk, euskara): 5 puntu gehienez.
–Ikuspegirik lantzen ez bada: 0 puntu.
–Ikuspegi bat lantzen bada: 1 puntu.
–Bi ikuspegi lantzen badira: 3 puntu.
–Hiru ikuspegi edo gehiago lantzen badira: 5 puntu.
2. Aurkeztutako programaren kalitatea: 40 puntu gehienez.
2.1. Abiapuntuko egoeraren azalpena, beharraren justifikazioa eta helburuak: 13 puntu gehienez.
–Egoeraren azalpena eta beharraren justifikazioa: 7 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira:
- Abiapuntuko egoeraren azalpena.
- Lantzen diren osasun premien justifikazioa.
- Programaren beharraren justifikazioa.
–Helburuen formulazioa: 3 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira:
- Helburu orokor garrantzitsuak, zehatzak eta argiak formulatzea.
- Helburu espezifiko osoak, zehatzak eta neurgarriak formulatzea.
–Helburuak beharretara egokitzea: 3 puntu gehienez.
2.2. Populazioa eta espero den eragina: 13 puntu gehienez.
–Erakartzeko eta motibatzeko estrategiak eta/edo jarduerak: 3 puntu gehienez.
–Populazio onuraduna: 5 puntu gehienez.
- Onuradunak 20 lagun edo gehiago badira: 5 puntu.
- Onuradunak 20 lagun baino gutxiago badira: 3 puntu.
–Iraupena: 5 puntu gehienez.
- 10 ordutik gorako iraupena badu: 5 puntu.
- 8 eta 10 ordu bitarteko iraupena badu: 3 puntu.
- 8 ordutik beherako iraupena badu: 1 puntu.
2.3. Metodologia eta ebaluazioa: 14 puntu gehienez.
–Osasuna sustatzeko erabilitako estrategiak (biztanleriari buruzko informazioa, taldekako osasunerako hezkuntza, esku-hartze komunitarioak, inguruneko neurriak): 5 puntu gehienez.
- Estrategiarik erabiltzen ez bada: 0 puntu.
- Estrategia bat erabiltzen bada: 1 puntu.
- 2 estrategia erabiltzen badira: 2 puntu.
- 2 estrategia baino gehiago erabiltzen badira: 5 puntu.
–Jardueren deskripzioa: 3 puntu gehienez. Honako hauek azaltzea baloratuko da:
- Jardueran zer eginen den.
- Jarduera nola eginen den.
- Jarduera noiz eginen den.
- Jardueraren iraupena.
–Egokitasuna: 3 puntu gehienez. Jarduerak honako hauei egokitzea baloratuko da:
- Helburuak.
- Populazio onuraduna.
- Estrategiak.
–Ebaluazioa: 3 puntu gehienez. Ebaluazioan honako hauek azaltzen diren baloratuko da:
- Zer ebaluatu behar den.
- Ebaluazioa nola eginen den.
- Ebaluazioa nork eginen duen.
- Ebaluazioa noiz eginen den.
3. Erakundeak programa aurrera eramateko duen egokitasun maila: 35 puntu gehienez.
3.1. Osagarritasuna eta integrazioa beste programa eta entitate batzuekin: 9 puntu gehienez.
–Erakunde eskatzaileaz gain beste 3 entitatek/zerbitzuk/baliabidek edo gehiagok parte hartuz gero: 9 puntu.
–2 entitatek/zerbitzuk/baliabidek parte hartuz gero: 6 puntu.
–Entitate/zerbitzu/baliabide batek parte hartuz gero: 3 puntu.
3.2. Komunitatearen eta xede-populazioaren parte-hartzea sustatzea, esku hartzeko eremuak askotarikoak izatea eta autolaguntza sustatzea: 9 puntu gehienez.
–Integrazioa eremu komunitarioko jarduera normalizatuetan: 3 puntu gehienez.
–Xede-populazioak diseinuan eta plangintzan parte hartzea: 4 puntu gehienez.
–Autolaguntza-taldeak erraztea: 2 puntu gehienez.
3.3. Entitate eskatzailearen kofinantzaketa: 5 puntu gehienez.
–Kofinantzaketa %50ekoa edo handiagoa izanez gero: 5 puntu.
–Kofinantzaketa %50 baino txikiagoa izanez gero: 2 puntu.
–Ez badago kofinantzaketarik: 0 puntu.
3.4. Proiektua gauzatzeko gaitasun teknikoa: 6 puntu gehienez.
–Erakundearen ibilbide historikoa programekin bat badator: 2 puntu gehienez.
–Entitatearen baliabideak programarako egokiak izatea: 2 puntu gehienez.
–Lanbide profila. Programaren zuzendaria lanbidez psikologoa bada: 2 puntu gehienez.
3.5. Langile boluntarioak: 3 puntu gehienez.
–Halakorik badago: 1 puntu.
–Programan zerbait egiten badute: 2 puntu.
3.6. Lokal publikoak erabiltzea edo/eta baliabideak eta lokalak beste entitate batzuekin partekatzea: 3 puntu.
Iragarkiaren kodea: F2416672
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
