16. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

550E/2024 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Aratzuri-Orkoien industria eremuaren udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa xehatua, 76. artikuluari dagokiona (Bigarren mailako industria eremuaren II. zonaren fitxa). Aldaketaren sustatzailea Volkswagen Navarra SA da.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 27ko 386E/2024 Ebazpenaren bidez izapidetzen hasi zen Aratzuri-Orkoien industria eremuaren udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa xehatuaren espedientea, 76. artikuluari dagokiona (Bigarren mailako industria eremuaren II. zonaren fitxa) eta Volkswagen Navarra SAk sustatu duena. Ebazpen hori 2024ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 22koan.

Espedientearen xedea da plan sektorial horren 76. artikulua (Bigarren mailako industria eremuaren II. zonaren fitxa) aldatzea. Plana Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 1997ko abenduaren 22an eta 1998ko maiatzaren 11n hartutako erabakien bidez (1998ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 9koa, eta 1998ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 1ekoa). Zehazki, aldaketaren xedea da aipatutako eremurako ezarritako betebehar bat, "xehetasun-azterketaren bidezko garapena", kentzea. Izan ere, garapen hori ez da beharrezkoa, eremu horretan determinazio xehatuak ezarrita baitaude. Hortaz, aipatutako 76. artikuluan, "xehetasun-azterketaren bidezko garapena" kendu eta "exekuzio-proiektuaren bidezko garapena" jartzea proposatzen da.

Jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren nahitaezko aldi bereko izapideetan, Oltza Zendeako Udalak, 2024ko azaroaren 5ean, txosten bat aurkeztu zuen, non adierazten baitu ez duela eragozpenik ikusten aldaketa-espedientea izapidetzeko, baina gogorarazten du 2. poligonoko 655. lurzatiaren hegoaldean dauden eraikinen lerrokadurak erregularizatu behar direla; izan ere, UGPSaren 76. artikuluan ezartzen da eraikinetik lurzati-mugaraino 10 metroko gutxieneko distantzia beharko dela, baina eraikin horiek distantzia hori gainditzen dute, eta artikuluaren aldaketan determinazio horri eutsi zaio.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostena, 2024ko azaroaren 22koa, eta erabiliz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea Aratzuri-Orkoien industria eremuaren udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa xehatuaren espedientea, 76. artikuluari dagokiona (Bigarren mailako industria eremuaren II. zonaren fitxa). Aldaketaren sustatzailea Volkswagen Navarra SA da.

2. Gogoraraztea enpresa sustatzaileari ezen, Oltza Zendeako Udalak aurkeztutako txostenaren arabera, 2. poligonoko 655. lurzatiaren hegoaldean dauden eraikinen lerrokadurak erregularizatu behar direla, gainditzen dutelako UGPSaren 76. artikuluaren arabera eraikinetik lurzati-mugaraino ezarrita dagoen 10 metroko gutxieneko distantzia, eta aldaketan determinazio horri eutsi zaiolako.

3. Ebazpen hau eta onetsitako araudia, eranskinean jasota dagoena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Onetsitako agiria Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean eskuratzen ahalko da.

4. Ebazpen hau igortzea Oltza Zendeako eta Orkoiengo udaletara, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Azterlan eta Proiektu Zerbitzura eta espedientea sustatu duen enpresara, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko abenduaren 30ean.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

ERANSKINA.–ONETSITAKO ARAUDIA

76. artikulua.–Bigarren mailako industria eremuaren II. zonaren fitxa.

Azalera: 431.770 m².

Sailkapena: hiri lurzorua.

Erabilera bereizgarria: Volkswagen Navarra SAren industria-erabilera, finkatua eta handitzeak.

Erabilera bateragarrien taula.

–Toleratuak:

  • Aparkalekuak.
  • Azpiegiturak.
  • Bideak.
  • Eremu libre pribatuak.
  • Biltegiratzekoa.
  • Zaindariaren etxebizitza.

–Debekatuak: gainerakoak.

Hirigintzako helburuak.

Eremua erreserbatu da Nafarroako Volkswagen etorkizunean handitzeko.

Planeamenduko determinazioak.

Gehieneko eraikigarritasuna: 2,11 m³/m².

Gehieneko okupazioa azaleran: mugatutako eremuaren %20.

Gehieneko bolumena: 908.036 m².

Exekuzio-proiektuaren bidezko garapena.

Antolamenduaren baldintzak.

Zortasun hauek errespetatuko dira:

–Errepideen Legea.

–Uren Legea.

–Trenbidearen trazatua.

–Iruñerriko C-2 kolektorearen trazatua.

Eraikinetik lurzati-mugarainoko gutxieneko distantzia: 10 m.

Eraikuntzek bete beharreko baldintzak.

Gehieneko garaiera: 10 m batez beste fatxadan; 30 m-rainokoa izaten ahalko da ekoizpen-beharrek hala justifikatzen badute.

Exekuzio-proiektuek ezartzen dituzten lerrokadura eta sestrak. Haizu da solairuarteak eraikitzea.

Iragarkiaren kodea: F2500026