16. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

7/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, destinoa esleitzen diena abenduaren 28ko JUS/1326/2022 Aginduaren bidez deitutako hautaprobak gainditu zituzten auzitegi-medikuen kidegoko funtzionarioei.

Bat etorriz Justizia Administrazioaren zerbitzuko Funtzionarioen Sarrerari, haien Lanpostuak Betetzeko Moduari eta haien Lanbide Igoerari buruzko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoarekin, Justizia Zuzendaritza Nagusiak ebatzi du 2024ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez auzitegi-medikuen kidegoko karrerako funtzionario izendatu diren pertsonei destinoa esleitzea, eranskinean ageri diren organoan, honako hau kontuan harturik:

Lehendabizikoa.–Ebazpen honen bidez destinoa eskuratzen duten auzitegi-medikuen kidegoko funtzionarioek karguaren jabetza hartu beharko dute Nafarroako Gobernuko Justizia Zuzendaritza Nagusian (Iratxeko Monasterioaren kalea 22, behea, 31011 Iruña), ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogei egun balioduneko epean, bat etorriz aipatu erregelamenduaren 29. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan ezarritakoarekin.

Bigarrena.–Probak gainditu dituzten izangaiei esleitutako lanpostuetan diharduten bitarteko funtzionarioek titularrak jabetza hartzen duen egunean bertan utziko dute lanpostua.

Hirugarrena.–Administrazio publikoaren zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko legeria betetzeko (53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa), Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileei aplikatzekoa baitzaie Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 498. artikuluaren ondorioz, lehendik karrerako funtzionarioak ziren izangaiek beren aukera adierazi beharko dute jabetza hartzeko aktan.

Laugarrena.–Ebazpen honen bidez destinoa eskuratzen duten auzitegi-medikuen kidegoko funtzionarioek, beren lehentasunekin bat etorriz kalifikazio hurrenkeraren arabera nahitaezko destinoa esleitu bazaie ere, ezin izanen dute lekualdatze-lehiaketetan parte hartu harik eta bi urte iragan arte, ebazpen honen datatik hasita. Bi urte horiek zenbatzeko, Botere Judizialari buruzko 6/1985 Lege Organikoaren 529.3 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoari jarraituko zaio.

Bosgarrena.–Auzitegi-medikuen kidegoan sartu berri diren izangaiei esleitu ez zaizkien lanpostuek betegabeak izaten segituko dute.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 9an.–Justiziako zuzendari nagusia, Maite Arenaza Sarasola.

AUZITEGI-MEDIKUEN KIDEGOKO FUNTZIONARIOEN DESTINOA

ORDENA ZK.

NANa

DEITURAK ETA IZENA

ESLEITUTAKO LANPOSTUA

1

***5610**

ARRIBAS BARRERAS, REGINA

Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutua

Auzitegi-mediku jeneralista

Iragarkiaren kodea: F2500749