157. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

144/2025 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zuzentzen duena maiatzaren 28ko 99/2025 Ebazpena, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez eskola-jantokiko zerbitzua emateko jarraibideak onetsi, jantoki baimenduen zerrenda jendaurrean jarri eta 2025-2026 ikasturterako tarifak eta kuotak onetsi baitziren.

Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak maiatzaren 28an emandako 99/2025 Ebazpenaren bidez, eskola-jantokiko zerbitzua emateko jarraibideak onetsi, jantoki baimenduen zerrenda jendaurrean jarri eta 2025-2026 ikasturterako tarifak eta kuotak onesten dira.

Ikusirik akats bat dagoela ebazpen horretan, bidezkoa da hori zuzentzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak maiatzaren 28an emandako 99/2025 Ebazpenean atzemandako akatsa zuzentzea. Ebazpen horren bidez eskola-jantokiko zerbitzua emateko jarraibideak onetsi, jantoki baimenduen zerrenda argitaratu eta 2025-2026 ikasturterako tarifak eta kuotak onetsi ziren. Hauxe da zuzenketa:

Honako hau dioen tokian:

"2.–Eskualdeko jantokiak.

Haur eta Lehen Hezkuntzako eskualde-ikastetxeek eta, horrez gain, DBH edo DBHko lehen zikloa ere ematen dutenek, edo beste ikastetxe batzuekin garraioa partekatzen dutenek edo beren antolamendua beste ikastetxe batzuen araberakoa dutenek, jantoki zerbitzua emanen dute, garraioaren antolamenduak sortzen ahal dituen premien arabera.

Irailaren 3a baino lehen, jantokia erabiltzen duten ikasleak EDUCAren jantokiko moduluan erregistratuko dira, eta bazkaltiar mota adieraziko da (laguntzarik ez duten ikasleak, garraiatuak, despopulazio arrisku handiko edo oso larriko herrietakoak edo ekonomia ahuletako ikasleak).

Ikastetxe horiek jantoki zerbitzua eskainiko dute ikasturteko eskola egun guztietan, arratsaldean jarduerarik egon edo ez. Horren barruan sartzen dira goizez bakarrik diren eskola egunak, hala nola Eguberrietako, Aste Santuko edo udako oporren bezperak".

Honela behar du:

"2.–Eskualdeko jantokiak.

Haur eta Lehen Hezkuntzako eskualde-ikastetxeek eta, horrez gain, DBH edo DBHko lehen zikloa ere ematen dutenek, edo beste ikastetxe batzuekin garraioa partekatzen dutenek edo beren antolamendua beste ikastetxe batzuen araberakoa dutenek, jantoki zerbitzua emanen dute, garraioaren antolamenduak sortzen ahal dituen premien arabera.

Abuztuaren 22a baino lehen, jantokia erabiltzen duten ikasleak EDUCAren jantokiko moduluan erregistratuko dira, eta bazkaltiar mota adieraziko da (laguntzarik ez duten ikasleak, garraiatuak, despopulazio arrisku handiko edo oso larriko herrietakoak edo ekonomia ahuletako ikasleak).

Ikastetxe horiek jantoki zerbitzua eskainiko dute ikasturteko eskola egun guztietan, arratsaldean jarduerarik egon edo ez. Horren barruan sartzen dira goizez bakarrik diren eskola egunak, hala nola eguberrietako, Aste Santuko edo udako oporren bezperak".

2. Adieraztea ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau ikastetxe interesdunei eta Zerbitzu Osagarrien Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko uztailaren 4an.–Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

Iragarkiaren kodea: F2509642